Begoña Ujía, Eusebiren bidetik
Begoña Ujía artista donostiar bat da. Marrazkiak, diseinuak eta kamisetak egiten ditu. Begoñaren lanak ikusgai egongo dira Loiola Kultur Etxean abenduaren 20tik aurrera.
Artista honen informazio bila nenbilela (argazkiak, webguneak, bideoak...) duela hilabete batzuk 943 aldizkarian agerturiko erreportaje batekin egin dut topo: Begoña pinta con rotus de colores. Apunte goxo horren osagarri Sirimiri, La noche llora estrellas bideo are samurragoa.
Sirimiri, La noche llora estrellas from Bideartean Studio on Vimeo.
Begoña gaixo dago (eskizofrenikoa da), baina bere sormena marrazkiak eta kamisetak eginez adierazten du. Kamiseta horiek Prudey Clothing markarekin batera merkaturatzen ditu.
Bideoa ikusterakoan Iban del Camporen Un tal Eusebi filmarekin gogoratu naiz. Hau da, Bartzelonako Gracia auzoan marrazkiak saltzen dituen kontulari jubilatua, l´artista pentsionista.
Dena esanda dago. Ikusi eta ikasi biekin.
Mr. Eusebi from iban del campo on Vimeo.
Begoña Ujía, por la senda de Eusebi, este apunte en castellano
Hari ikusezinak
Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak irakurtzen ari naiz. Hitz bat azaltzen da behin baino gehiagotan testuan zehar eta ez dut esanahi zehatza ezagutzen.
Gelan nago. Ordenagailua itzalita dagoenez, Elhuyar Entziklopedia zabaldu dut. Sorpresa! Anjel Lertxundi eta Benito Lertxundi zeintzuk diren agertzen duen orrialdea agertu zait kasualitatez. Hurrengo orrialdean Xabier Lete dago.
Mirabe hitzaren esanahiaren bila joan naiz ondoren. Zerbitzaria, menpekoa da lehenetsitakoa.
Hiztegiak mirabe papera bete du eta hari ikusezinek egin dute gainerakoa.
Donostian, 2010eko azaroaren 21ean. Arratsaldeko 16:25ean.
Sakramenturik eta bedeinkapenik jaso gabe
Dear JOR.
Gaur goizean aitarekin egon naiz Oiartzungo Ergoien auzoan. Autoa Olaizola tabernako aparkalekuan utzi dugu eta buelta bat ematera joan gara. Gero, pintxo bana jan ditugu aipatu jatetxean.
Josemarirekin gogoratu naiz. Izan ere, hura despeditu genuenean Aritxulegiko gain hartan, Oiartzungo taberna horretan bertan bazkaldu genuen. Berandu, oso berandu.
Josemarirekin gogoratzean, gainera, konturatu naiz garai honetan hil zela. Zure webgunean begiratu dut eta atzoko egunez zendu zela egiaztatu dut: hain zuzen ere, 2007ko azaroaren 19an hil zen Josemari.
Gaurko egunez, zuk nik baino hobeto dakizu, jende ezagun asko hil egin zen (edo akabatu egin zituzten). Oraindik ere bada Franco eta Jose Antonio gogoratzen duen jendea. Baita Santi Brouard edo Josu Muguruza.
Inork gutxik izan du, hala ere, zure anaiak izan zuen hil berria. Hasiera harrekin: "Josemari Ortiz Estévez murió ayer en Donostia, a los 70 años, sin haber recibido ni sacramentos ni bendiciones apostólicas".
Besarkada bat.
Sin haber recibido ni sacramentos ni bendiciones apostólicas, este apunte en castellano.
Nork ordaintzen dio Brian Currini?
Argazkia: Argia.
"Batetik, nire lana da. Batzuk iturginak dira, beste batzuk kazetariak eta beste batzuk sendagileak. Ni abokatua naiz, baina lan hau egiten dut. Duela sei urte eskatu zidaten Euskal Herriko auzian parte hartzeko, presoen arloan nuen esperientziagatik. Izan ere, Ipar Irlandan preso politikoen auziari buruzko batzordeburu nintzen. Geroztik, nire esku-hartzea handituz joan da. Alderdietako batek, ezker abertzaleak, uste izan zuen nik lagundu nezakeela (...) Argitu behar dut ez didala ezker abertzaleak ordaintzen. Inoiz ez dit ordaindu ezker abertzaleak. Aspaldi honetan Joseph Rowntree Charitable Trustek ordaindu dit. Kit Kat eta beste txokolate batzuk ekoizten dituen konpainiako buruak sortua da. Sortzailea, Joseph Rowntree, kuakeroa zen, oso gizon eskuzabala. Gatazka politikoen konponbidean laguntzea da fundazioaren egitekoa eta, hain zuzen, Hego Afrikan eta Ipar Irlandan lagundu zuen, dirua emanez eta denbora eskainiz. Nire lana diruz lagundu zuen Ipar Irlandan, eta hemen egiten ari naizen lana ere laguntzen du".
Brian Currinek Imanol Murua Uriaren galderei emandako bi erantzun bildu ditut goiko zati honetan. Behin baino gehiagotan agertu da kontu hau. Ea nork pagatzen dion Hegoafrikako abokatuari eta ondo da haren bertsioa ezagutzea.
Bertsio horren ifrentzua, berriz, besteen artean, ETBko Politika buruak mantentzen du. Juan Carlos Viloriaren ustez ezker abertzaleak ordaintzen dio. Ez du garbi esaten. Balizkotzat jotzen du.
Nik ez dakit nork ordaintzen dion, baina Viloriak dioen bezala Currinek dirua gustuko badu, nola demontre izan daiteke ezker abertzalea faktura horien pagatzailea?
¿Quién le paga a Brian Currin?, este apunte en castellano.
Joan Melék bankari etikoa dirudi
Javier Ortizen Economía con trampa apuntean Miren izeneko pertsona batek bi bideo utzi ditu. Lehenengoak Europar Batasuneko politiken trikimailuak kontatzen ditu hiru minututan.
Goikoa interesgarria da, baina igande goiz honetan ordenagailura itsatsita utzi nauena beste bat da: Dinero y conciencia. Bertan, 2010eko maiatzean Joan Melé izeneko bankari batek emandako hitzaldi luze bat da. Gizon hau ez da bankari arrunta: Triodos Bankuko zuzendariordea da, Banku Etikoa kategorian sartzen dena.
Arazoa da baina, luzea dela goiko bideo hau: ordu t´erdikoa. Denbora hori ez baduzue, ikusi beste hau. Asamblea de Majaras blogean topatu dut. ATTAC TVk eginiko hamaika minutu pasatxoko elkarrizketa bat da.
Buruari eragiteko igandeko goiz zein arratsalderako ariketa aproposak.
Banca Ética - Entrevista a Joan Melé from ATTAC.TV on Vimeo.
Joan Melé parece un banquero ético, este apunte en castellano.
Gose taldea, berriro ere autoekoizpena
Esan bezala, Gose taldeak laugarren diskoa kaleratu berri du: Gose, folk bertsioan dio atzoko Berrian Jon Eskisabelek sinaturiko titularrak. Diskoan euskal eszenako hainbat musikari gonbidatu agertzen dira: Gari, Fermin Muguruza, Kutxi Romero (Marea), Naroa Gaintza, Miren Gaztañaga, Ander Lipus, Pirritx eta Porrotx, Josu Zabala, Oskorriko kide batzuk, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Petti, Makala...
Baina nik beste gauza bati erreparatu diot. Laugarren disko hau, hirugarrena bezala, autoekoizpenaren bidetik etorri da, derrigorrean. Zergatik?
-Ines Osinaga: "Printzipioen deklarazio moduko bat da: industria negarrez dagoen artean, sortzaileok ez gaude geldi, eta ezin gara geldi egon. Euskal diskogintzan poltsikoak hustu egin dira agian, baina musikagintza ezin da horregatik gelditu".
-Iñaki Bengoa: "Autoekoizpena marroi bat da. Gu ez gaude militantziagatik autoekoizpenean; bizirik irauteko da".
-Ines Osinalde: "Duintasun kontua da".
-Bikoteak: "Ez dugu banatuko, ez duelako merezi. Gure aurreko disko guztiak agortu egin dira urtebetean; gurekin zenbakiak ateratzen dira, baina guk ez dugu hortik ezer jaso. Horregatik, ereiteko apustua egin dugu disko honekin".
Diskoan parte hartu duten musikari ezberdinekin moldatutako bi bideo itsatsi ditut hemen behean.
Felipe González eta Sahara
Ederki zabaldu da komunikabideetan eta sarean zehar El País egunkariak publikatutako Felipe González-en hitzak. Zer esana eman dute Juan José Millási esandakoak.
Atzo gauean, berriz, sarean nenbilela, Felipe González Márquez jaunak, orduan PSOEko idazkari soila, Saharan bertan sahararren kausaren alde esandako beste hitz hauek topatu ditut. Ikusi bideoa.
Felipe González y el Sahara, este apunte en castellano.
Irungo Alatrista, tinko
2006ko irailaren hasieran idatzi nuen blog honetan Alatrista baserriari buruz. Orduan, Arturo Pérez-Revertek bere liburuetan sortutako Alatriste kapitainari buruzko filma egin berria zuen Agustín Díaz Yanes zinema-zuzendariak, Viggo Mortensen protagonista zela.
Alberto Moyanok José Carlos Iribarren aholkulariari eginiko elkarrizketa medio, jakin nuen Alatrista baserria zela Alatriste abizenaren jatorria, Pérez-Reverteren mexikar editorearena hain zuzen ere. Ohikoa omen da abizen hori Amerikan eta, hemen ez, baina gaztelaniazko blogean oraindik ere baditut sarrerak Alatriste deitura duen jendearenak.
Duela gutxi hasi dituzte inguru horretan etxebizitzak egiteko lanak (Santano eta Arriolak jarri zuten lehen harria hilabete pasa). Eta inguru horri buruzko webgunea dago sarean, Oinaurre, Irungo etxebizitza-albisteak ematen dituena.
Larunbatean bertatik pasa nintzela aprobetxatuz, autoa aparkatu eta argazki batzuk atera nizkion inguruari. Bideo eskas bat ere grabatu nuen telefonoarekin. Hiri-baratze piloa egon da bertan urteetan eta makinek hankaz gora jarri dute guztia.
Bitxia bada ere zutik geratu den etxe bakarra Alatrista da. Horregatik ekarri dut hona.
Resiste Alatrista, la casa solar de Alatrista. Este apunte en castellano
Jose Luis Rebordinos eta Lucia Olacireguiren omenezko bideoa
Donostia Kulturan 21 bete ondoren (bueno, Donostiako Udaleko Kultura sailak izan dituen figura juridiko eta izen ezberdinetan), Jose Luis Rebordinosek bere etxea izan den erakundea utzi eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera Zinemaldia zuzenduko du. 21 urte hauetan zehar, makina bat gauza egin ditu Errenteriakoak. Gaur baina, bakarra aipatuko dut: ostiralean itxiera-ekitaldia bizi zuen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea urtero zuzendu.
Gertuko kolaboratzaile, lankide, lagun eta zaleek Rebor (eta berarekin batera Zinemaldira doan Lucia Olacireguiren) omenez film laburra "egin" dute. Lana Aritz Morenok eta Telmo Esnalek zuzendu dute
Rebordinosek ba du ordezkoa Donostia Kulturan: Josemi Beltran. Zorte onena lan zail honetan, Josemi. Beharko duzu-eta. Arconadaren tokia betetzea bezain zaila baita erronka.
Hona hemen bideoa.
¿Por qué te vas? Cortometraje en homenaje a José Luis Rebordinos y Lucía Olaciregui, este apunte en castellano.
¿Por qué te vas? from Moreno on Vimeo.
Panpina
Ostegun gauean Lugaritz Kultur Etxean Centro-matic taldeak Civil Love bakarlariarekin batera emandako kontzertuan egon nintzen. Kontzertuaz ezin izan nuen gehiegi gozatu, lan komeria batzuk tarteko, baina bitxikeria bat kontatu nahi dizuet.
Erakusketa aretoan Xabier XTRM artistak Emaiok! izeneko mostra zabaldu behar zuen hurrengo egunean, ostiralean. Itxuraz, baina, erakusketa prest zegoen. Aretoko argiak itzalita bazeuden ere, barrura sartzerakoan, automatikoak salto egin eta piztu ziren. Ezkerreko horman Teniente Bluxberri zegoen.
Argazkia Love of 74 lagunak atera zuen Tenienteak pasa den asteburuan Bukowskin emandako kontzertuan. Lugaritzen ez zegoen jarrera horrekin, noski. Patxadatsu zegoen. Buelta hartu eta eskubira jiratu nintzenean, berriz, ondorengo irudiarekin egin nuen topo.
Pare bat segundo behar izan nituen konturatzeko han ez zegoela pertsona bat, panpina baizik. Ederra sustoa!
Gero, kultur etxearen kanpoaldean, horrelako beste bi figura itsatsita zeuden, fatxada nagusian.