Donostia eta Zinemaldia
"Jon Sarasuak, bere azken liburuan, galde egiten du zer galduko lukeen Donostiak Zinemaldia kenduko balitzaio. Bere ustean, ez asko: sektore batzuek bai, baina hiriak hiri bezala ez. Alabaina, Juan Karlos Izagirrek azken Musika Hamabostaldia aurkeztu zuenean, zera esan zuen: “Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia dira Donostiako kulturaren oinarriak”. Beraz, [barre egin du] monarkikoa izaten jarraitzen du Donostiak, Bildurekin ere".
Gorka Bereziartuak Koldo Izagirreri eginiko elkarrizketatik. Donostiak ez daki zein diren bere problemak.
Aste honetan behin baino gehiagotan irakurri dudan paragrafoa, bai.
Benetan hori da Sarasuak eta Izagirrek pentsatzen dutena? Nik ez dut ezer ulertzen.
Iruzurra al da spotify?
Le Parody, 2013ko datuak
Sole Parody -Le Parody- Granadako musikari bat da. 28 urte ditu eta urriaren 15ean blogean (Números) kontatu du zenbat diru irabazi duen azken urtean musika munduan. Eldiario.es egunkarian egin dioten elkarrizketan lerroburu hau aukeratu dute: Le Parody: Spotify es un timo.
Elektronika, punk-a eta flamenkoa nahasten ditu Le Parody-ren musikak eta urtebete inguruan diru hau bildu ei du:
Bandcamp: 523 euro 34.309 erreprodukzio eta 1.429 deskarga (prezio askea). %15a plataformarentzat eta %7a PayPal. Azkenean, 407,97 euro garbi.
Spotify: Love me kantaren 3.607 erreprodukzio, 26,49 dólar. 11 euro pagatu behar izan dizkio Record Union agregatzaile digitalari kantak Spotify-ra igotzeko. Azkenean, 15 bat euro artistarentzat. Adi: agregatzaileak eta Spotify-k zenbaki ezberdinak ematen dizkiote erreprodukzioei buruz.
Diskoa: 300 ale atera ditu eta bakoitza 7 eurotan salduta, 700 bat euro lortu omen ditu otsailetik urrira bitartean. Erdiak promozioa egiteko erabili ditu eta urriaren 15ean 50 ale zituen etxean.
Kontzertuak: 25 zuzeneko eman ditu eta 5.500 bat euro jaso ditu bide horretatik. Sarrerak 5-10 euro bitartekoak.
Meteosat, 2002ko datuak
Beherago azaltzen diren Sole Le Parody-k ateratako ondorioak irakurriz, gogoratu nintzen “Mesedez, pirateatu nire kantak” ( Por favor, pirateen mis canciones artikuluarekin). Ignacio Escolar, Eldiario.es-eko zuzendaria, musikaria ere izana da eta 2002an Meteosat taldean ari zen garaian publiko egindako hainbat datu dira:
Meteosat: lehen diskoaren 10.000 ale saldu zituzten.
Lehen diskoa hiru urteko lana izan zen eta 3000 eurotik gora irabazi zuen Escolarrek diskoak saltzeagatik eta egile eskubideetatik. Hau da, 90 euro eskas hilean.
Lokala, hilean 35 bat euro pagatzen zituen.
Teklatu berri bat erosi zuen 2001eko gabonetan: 1500 bat euro.
Kontzertu bakoitzagatik, 90-360 euro garbi irabazten zituen.
Beraz, Escolarren ondorioa zen: “errentagarriagoa da kontzertuetara datozen 100.000 zale pirata 10.000 originalak baino”.
Le Parody-ren ondorioak
Artistari gehiago gustatzen zaio Bandcamp: ez du publizitaterik eta zure lanei buruzko estatistika gehiago ematen dizkizute. Le Parody-rentzat, diskoetxe batean egotea bezalakoa da, baina berak nahiago du bertan egon, diskoetxe batekin baino. Orain Management agentzia batekin hasiko ei da lanean.
Bandcamp-ekin jarraituz, positiboa dela uste du bertan dauden kanta gehienak musikari independenteenak direlako, ez dago publizitaterik eta zure lanari buruzko estatistika gehiago eskaintzen dizkizute.
Prezio askearen aldekoa da Le Parody: “Ez da errentagarria, baina zure musika hedatzea lortzen duzu. Pirateriaren aldekoa naiz, uste baitut horren ondorioz kontzertu asko atera zaizkidala niri”. Prezio askeak ekartzen du, bere ustez, gehiago entzutea eta deskargatzea diskoa.
“Ezagutzera emateko orduan formatu digitala ondo dago, baina lortzen den etekina sinbolikoa da. Agian galdetu beharko litzateke noraino duen errentagarritasunak zentzua. Nik kontzertuak egiten ditut eta bertan saltzen ditut diskoak. Polita da eta, gainera, hori da beti egin dena”.
“Spotify-a iruzurra da, nik banekien, baina bertan egon beharra duzu, ikusgai egon behar zarelako. Jende askok galdegiten dit ea Spotify-n nagoen nire musika entzuteko”.
Gardentasun gutxiko zerbitzua dela irizten dio: ez dago modurik jakiteko ea benetakoak diren zure kantek ustez dituzten erreprodukzioak eta ez dakizu zenbat diru eramaten duten beraiek.
“Spotify erreferentziazko plataforma bat da”. Lapurtzen diotela uste du, baina bertan egon beharra dagoela, hedapena beharrezkoa baita.
Emozioaren diktadura arrazoiaren gainetik
Buruan bueltaka dauzkat Estrasburgoko epaiaren ondoren irakurritako astakeria batzuk eta min eman dit ikusteak ustez zentzuzkoa dirudien jendeak nola begiratzen dien giza eskubideei unibertsalak izango ez balira bezala.
Baina bada ere lezioak ematen ari den jendea eta arnasgune dira bizi ditugun une ilunetan.
Manchesterretik bueltan entzun nituen Oier Araolazak ETBko Airean saioan esandakoak (15 min. 40 segundutik aurrera). Parot Doktrinari buruz ari ziren hizketan saioan eta Jaime Otamendi aurkezleak PPko Arantza Quirogak eta Sortuko Hasier Arraizek hitzak neurtu zituztela bota zuenean zera esan zuen Oierrek:
“Bazen ordua! Bazen ordua bi aldeetatik. Aipatzen da keinuak egin behar direla, keinuak egin behar direla eta ez dugu apenas keinurik ikusi. Alderdi Popularraren aipu horiek nahiko hautatuak dira, zeren eta era bateko mordoska bat ere aurki zitezkeen, baina lehen ez zegoen hautatzeko aukerarik ere ez. Bazen ordua eta pozteko kontua da.”
“Gure familian behintzat gaur oso egun berezia da. Dolu-eguna da. Gaur 33 urte, 1980ko urriaren 23an, Jaime Arrese Arizmendiarreta akabatu zuten tiroz. Eta benetan inoiz uzten ez zaituen zerbait da, baina horrelako egunetan, hain zuzen ere urteurrena denean, eta gai hauek pil-pilean daudenean, are gehiago”.
“Giza eskubideei buruz hitz egiten da, justiziaz hitz egiten da eta nik oso garbi daukat gure osabaren hiltzailea Parot doktrinaren ondorioz egon baldin bada behar baino gehiago kartzelan hori erabat injustua izan dela eta ez zegokiola. Eta hori oso garbi daukat.”
“Baina oso garbi daukat baita ere bera, eta bera moduan, beste inor hiltzeagatik zigortuta daudenak ez direla ez heroiak ez txalotzeko gudariak ez ongi etorria eskaintzeko inor. Gaizkileak dira, hiltzaileak. Gordina bada ere edo gogorra bada ere hau esatea, hala da. Eta horren neurriko harrera egin behar zaiela uste dut.”
“Oso ongi ulertzen dut familiak eta lagunek luzaroan ikusi ez duten edo besarkatu ezin izan duten senide eta laguna ongi hartzea, baina hortik aurrera luzaroan orain arte egin diren bezala omenaldi publikoak eta ongi etorri zabalak antolatzea uste dut giza eskubideen kontrako izugarrizko ankerkeria direla eta ezin dugula ibili salatzen presoen giza eskubideak errespetatu behar direla eta aldi berean preso horiek eragindako mina, aintzat hartu gabe, beraiek egindako giza eskubideen urraketa horiei inolako halako halo batean sartu eta gainera goraipatzea.”
Jaime Otamendik izebak ea zer pentsatzen duen galdetu zion Oierri eta isilik segundo batzuk eman ondoren, hauxe erantzun zuen: “Nik pentsatzen dut senide gehienontzat mingarria dela zure senidea erail duen pertsona kalean ikustea. Hori garbi dago: hori mingarria da. Baina horrek ez du zerikusia justiziarekin.”
Ederra errematea. Imanol Muruak laburbildu ditu adierazpen hauek gaurko Berrian argitaratu duten Piztiaren itzala zutabean eta gero hauxe gehitu du: “Mereziko luke orain arte baino arreta handiagoa jartzea halako ahotsei gure hedabideetan, ikuspegi hau jasotzea ere pedagogia baita”.
Ez da lehenengo aldia Oierrek bere osabari buruz zerbait esaten duela jendaurrean. Bloga erabili zuen, adibidez, 25. urteurrena bete zenean: Osaba Jaime hil zutela 25 urte.
Muruak dioen bezala, Arraizek esan du Sortuk ez dituela omenaldiak antolatutako. Barruan daudenen baldintzak ez zailtzeko estrategia izan daiteke.
ETAko biktimen erabilerari buruz asko idatzi zuen Javier Ortiz zenak eta haren hitzek gaurkotasuna mantentzen dute. Hona hemen hiru apunte haren irakurleek aste honetan sare sozialetan mugitu dituztenak:
Las víctimas y la razón: 2000ko urriaren 21ekoa.
De lo de Parot o de cómo esto va de mal en peor: 2006ko otsailaren 21ekoa.
Las víctimas: 2007ko martxoaren 5ekoa.
Azken honetatik esaldi bat euskaratu dut:
“Biktimaren figurak betetzen duen funtzioa oinarri-oinarrizkoa da gaur egungo ordenaren beste oinarri bati eusteko: arrazoiaren gainetik emozioaren diktadurarena, hain zuzen”.
La dictadura de la emoción sobre la razón, este apunte en castellano.
Vía Paul Rios youtuben jarritako zatia lortu dut.
Manchesterreko bi une
Gaur goizean Jurdan Arretxek Noticias de Gipuzkoan argitaratu duen Los dos minutos de Old Trafford ederra irakurri dut eta nik hartutako oharrak irakurtzen hasi behar nuen unean ikusi dut ni ere goizeko 1:00ak aldera hasi nintzela Manchesterreko aireportuan egunak eman zuena idazten. Gasteizera eramango gintuen abioian eserita. Goizeko 7:30ak aldera iritsi nintzen etxera. Merezi izan zuen.
6.000 realzale joan omen ginen Old Trafford zelaira Realaren Champions Leagueko hirugarren partida ikustera. Hirugarren porrota suertatu zena. Ondo baino hobeto dut gogoan nola haserretu nintzen Iñigo Martínezek gure atean sartutako gola ikusi nuenean. Ezin nuen sinetsi. United gu baino gehiago izan zen, baina Realak ere izan zuen markagailua berdintzeko aukera bat baino gehiago. Dena den, nik hemen beste gauza batzuk kontatu nahi nituen.
Asteazkenean goizeko 4:40ean jo zuten bi iratzargailuek etxean. Gosaldu, dutxatu eta balkoira atera nintzen ea taxia bertan ote zegoen. 5:15era etorri zen. Bertan zegoen Marijo. Anoeta Estadiora eraman gintuen taxi gidariak. 6:00etan autobusean sartu Edurnerekin batera eta Miarritzeko Aireportura. Bertatik 9:00ak aldera atera zen 1h 40 min iraun zuen hegaldiak.
Euripean hartu gintuen Manchesterrek. Autobusean hurbildu gintuzten Old Trafford estadiora. Argazki batzuk atera, partidaren berri ematen zuen tapaukia erosi eta United-en denda ofiziala bisitatu ondoren erdialdera abiatu ginen Marijo, Edurne, Itziar eta Maria.
Oinez abiatu ginen ustez hiriaren erdialdera, baina Ketarirekin gurutzatu eta hark esan zigun hobe genuela tranbia hartzea. Bost bat kilometrora baitago Piccadilly.
Txuri-urdin gehienak bizpahiru tabernatan zeuden kontzentratuta eta horietako batean hartu genuen pinta bat. Ketariz gain, ezagun batzuk ikusi nituen: Ana, Ainara, Arantza, Mikel, Juan, Jurdan, Txomin...
Café Rouge-n egin genuen eguerdiko otordua. Erdialdean ibili ginen ondoren, barruak berotzeko beste kafe bat hartu eta, kalejira antolatuta bazegoen ere, tranbian bueltatu ginen estadiora.
Zelai inguruan agurtu nuen Lander Garro, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera egin beharreko telebista saiorako irudiak grabatzen. Realaren autobusa zelaira iristen ikusi bai, baina ez genituen jokalariak ikusi, autobusaren beste aldetik atera zirelako. Minutu batzuk lehenago Alex Ferguson sartu zen toki beretik.
Azkenean, gure tokira joan ginen. E32tik sartu eta Bravok lehen zatian defendatu zuen atearen goiko aldean kokatu gintuzten. Hantxe geunden realzale gehienak.
Ondo merezita du Ametsen Antzokia izena. Bi bideo grabatu nituen, Manchesterreko bi une. Lehenengoan, taldea beroketa-ariketak egitera irteten den unea agertzen da; bigarrenean, bi taldeak zelaira salto egiten dutenean.
Bigarren honetan entzungo duzue nola kantatzen duten lagunek Champions-eko ereserkia.
Dos momentos de Manchester, este apunte en castellano
"Zuek gerritxik bera eztai bañe gerritxik gora bardiñak zaze"
2011n zendutako Aitzol Aramaio zinemagilearen omenez antolatu zuten pasa den aste bukaeran haren jaioterrian Marabilli jaialdiaren bigarren edizioa. Hona hemen Anartz Bilbaok Garan egindako balantze moduko bat.
Gerritxik gora forman
Ostiral gauean joan nintzen ni eta, Ima Ubedak esan bezala, gutxitan arituko ziren Fernando León de Aranoa eta Asier Altuna bikotea musika talde baten telonero lanetan eta hori Ondarrun gertatu zen ostiralean. Zinemaz aritu ziren biak solasean Bide Onera zinean. Hori izan da aurtengo berrikuntzetako bat: Ondarroako Kafe Antzokia itxita dago pasa den ekainetik eta zine aretoa izan zen jaialdiaren egoitza nagusiena.
Ordubeteko saioa eskaini zuen Bide Ertzean Tolosako hirukoteak. Zuzenekoaren zatirik nagusiena berriki argitaratu duten 77 lana aurkezteko aprobetxatu zuten, baina egin zuten ere sartu-irtenen bat aurreko diskoetan barrena.
Sendo agertu ziren, power trio totala, soinu ederrarekin. Pasa den udan (2012an) grabatu zuten diskoa eta urtebete honetan poliki prestatu dute itzulera. Lokalean sartutako orduak probetxuzkoak izan dira.
Gu ez guz, zu zeatxik zuz?
Duela urte batzuk, Imak kontatu zuenez, anai biak Ondarruko taberna batera sartu ziren eta biei begira etxekoandreak bota zien: "Zuek gerritxik bera eztai bañe gerritxik gora bardiñak zaze". Ondarrutar bik esan zidaten halako esaldia Alaiko Sagrariok esateko modukoa zela.
Beste behin, bikiak hurbildu ziren Ondarrura eta bertan manifa. Ez zekiten zein zen bilkuraren zergatia eta ez zuten ulertzen leloa (soldaduskaren aurkakoa). Norbaitek argitu zien haren esanahia (euskara batuan) eta hori kantatu zien publikoak bisa eskatzeko: "Gu ez guz, zu zeatxik zuz?"
De ninja a mujer
Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak azken urteetan egindako hainbat lan erakutsi zituen larunbat eguerdian, baita alderik bizarroena ere. Hona hemen: De ninja a mujer.
Angel Aldarondo izan zuen alboan, gidari komantxe moduan.
Calla y toca
Larunbat gauean, Victoria Eugenia Clubean aurkeztu zuen Lou Topet laukoteak Esnatu dira. Eneko MobyDick izan zuten anfitrioi (edo anfetamin bere esanetan). Lehen aldiz ikusi nuen zuzenean getxotarra eta ondo baino hobeto ulertu nituen harengatik entzun ditudan laudorioak. Taula gainetik jaisterakoan ez dakit nolakoa den, baina plazagizon erabatekoa da. Ahots urratua, orro batean jartzen duena askotan, begirada beste mundu batean galtzen duen bitartean.
Lou Topetek apustua egin zuen tokiarekin eta asmatu egin zuten, bete egin baitzen aretoa. Zarauzko americana musika elegantea da oso. Jarraitu beharreko taldea, sin dudarik gabe.
Oier abeslaria hamargarren aldiz eskerrak ematen ari zela, eta jendeari isil-isilik zegoela leporatzen zioen bitartean, Eneko MobyDick-en ahotsa entzun zen albo batetik: "Calla y toca". Eliades Ochoa kubatarrak sinatu zezakeen esaldia: "Nosotros nada más que buenas noches y a tocar".
Nosotros nada más que buenas noches y a tocar, este apunte en castellano
Sare sozialen erabilerari buruzko erretratu bat
1001 Medios komunikazioari buruzko laborategi txiki bat da eta eremu horretako hainbat profesional eta kazetari biltzen ditu.
Horietako bat da Antxon Benito. Famili bazkari bat aprobetxatu du sare sozialen erabilerari buruzko datu batzuk jaso eta hainbat ondorio ateratzeko. Yo soy de Twitter y tú de quién eres apuntean kontatu du.
Berak dioen moduan ez dira ondorio kategorikoak, baina bai balio dutela sare horiei buruzko hausnarketa egiteko.
Ez du esaten zenbat jende dagoen tartean, baina badirudi 15 bat lagunez ari dela. Sareei dagokienez, hauxe da argazkia:
-
Tuenti: 7
-
Twitter: 6
-
Facebook: 7 (baina 2 kontu ia baztertuta daude)
-
Whatsapp: 14
Eta hauexek dira Antxonek atera dituen ondorioak:
-
Mugikorrak mahai-gaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarriak irensten ari dira. Eta hemen ari da gertatzen benetako iraultza.
-
Ez da bere neurrian baloratu nola sartu den Whatsapp gure bizitzetan. Antxonek dio berak ez duela asko erabiltzen, baina Facebook edo Twitter erabili nahi ez duen jendeak ere bereganatu duela erreminta hau.
-
Gaztetxoek twitter-en abiadura nahiago dute eta ia chat baten moduan erabiltzen dute. Arazo nagusiena da ez daudela oraindik mugikorretarako interface-ak oso prestatuak. Eremu hau asko hobetu behar du(te) eta hor hartzen die oraindik ere Tuentik aldea. Antxonek dio bere inguruan Tuenti argazkiak konpartitzeko erabiltzen dutela eta Twitter jendaurreko harremanetarako.
-
Facebook-ek arazo batzuk ditu. Berau probatu duten helduentzako berritasunaren eta lagunak berreskuratzeko hasiera bateko inpaktua galdu du eta une honetan traba edo oztopo bihurtzen ari da. Bestalde, gazteek ez dute erabat ulertzen. Bitxia da hori Antxonentzat, gauza bera askotan entzun baitu azken hilabeteetan.
-
Frustrazio puntu bat aitortzen du jakinda dauden sare sozial mordoaren aurrean, 4 edo 5 tokitan kontzentratzen dela esfortzuaren % 99a.
-
Mahaian zeudenen artean, pertsona bakarrak, zaharrenak, ez du inolako sare sozialik erabiltzen.
-
Amaitzeko, ezin ahaztu lehia honetako beste garaile nagusia: YouTube. Denok erabiltzen dugu mundua begiratzeko ikus-entzunezko leiho handia. Gazteenak, 10 urte ez dituenak, familiaren telebista pantaila aurrean Youtubeko bideo gehiago ikusten ditu telebista konbentzionala gisa ezagutzen ditugun programak baino eta hau izan daiteke datozen urteetan areagotu daitekeen joera bat.
Crowdfunding: hutsuneak bete
Laugarren edizioa bete du aurten Kortxoenea Gaztetxeko Zinemaldi Alternatiboak. Zinemaldi handiarekin bat egiten du denboran eta, batzuetan, handitik pasatzen den jendea ere hurbiltzen da txikira.
Irailaren 26an "Auto-ekoizpena musika munduan" jorratzeko mahai-ingurua antolatu zuten. Aldez aurretik, Fundación Robo kolektiboaren Populismo musical dokumentala bota zuten eta ondoren Beñat Sarasola aritu zen jokoa banatzen: Anari, Leire Lopez Ziluaga (Kafea eta galletak, besteak beste), Jokin Azpiazu (Okerreko) eta Giorgio Bassmatti.
Bi ordu luze aritu ziren/ginen han solasean eta ezin hemen laburbildu bertan esandakoak. Gorka Bereziartuak Dock of The Bay jaialdiaren crowdfunding kanpainaren harira Leire Lopezek egun hartan esandako ideia bat jaso du: "Lopezek seinalatu zuen ez dela hitz egiten mota honetako ekimenen atzean dagoen dramaz: desinbertsio publikoa eta kultur arloan lan egiten duen jende askoren prekarietatea”.
Hor dago gakoa. Politika publikoak eta prekarietatea. Murrizketa garai hauetan, guraizeak dantzan.
Aste honetako Argian Miel Anjel Elustondok Amaia Rodriguez elkarrizketatu du. Gaur egun Remelluri bodega famatua kudeatzen du Amaiak, baina XX. mendearen amaieran lau urtez goi mailako ardurak izan zituen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean. Ez dut ezagutzen, baina emakume azkarra ematen du. Argigarria oso pasarte hau:
"Mari Karmen Garmendia zen sailburu garai hartan. Niri Txato Agirrerekin lan egitea gertatu zitzaidan, lan polita egin genuela uste dut, baina nire bizitzan oso lan txikia izan da. Politikan ari nintzen, kudeaketan, ez nintzen artista ez sortzaile, haiei laguntzea zen nire lana. Diru-sail handiena konprometituta zegoen –agian, gure gustukoak ez ziren proiektuetan–, eta gainerako diru apurra sortzaileen artean banatzen ibiltzea izugarrizko frustrazioa zitzaigun. Ahal genuena egin genuen. Sentsazio mikatza! Herri honetan hainbeste sortzaile lanean ari zela ikusi, eta politikariak hain galduta ibiltzea, erabaki okerrak hartzen askotan… Izugarria!"
Aurrerago zehazten du zein zen diru iturrien jario nagusia: Guggenheim Museoa.
Museotzarra baino txikiagoak dira egungo proiektu handiak, diru gutxi dagoelako. Dagoen urri hori ere konprometituta. Baina XXI. mendeko erronkei aurre egin eta asmatu beharra dago. Ez da erraza izango.
El papel del crowdfunding, este apunte en castellano.
Lau urte pasatxo
Dear JOR
Ez naiz goiz jaiki. Igandea da. Telefonoa piztu, sukaldera joan, pertsiana jaso eta irratia piztu. Telefonoko mezu batek abisatu dit urriaren 1era arte zegoela programatua "Desde Jamaica".
Gosaldu ondoren, ordenagailua piztu eta korreoa jaso dut.
Errutinazko gauza horiek guztiak amaitu ondoren, gordeta nituen azken bi Zooilógicoen bila jo dut. Lehenak Suarezek, Gonzalezek eta Aznarrek 1996ko apirilean Moncloan izandako (ustezko) bazkari baten berri ematen du, Aznarrek hauteskundeak irabazi berri zituela. Bigarrena Zooilógicoen agurra suposatu zuen eta kazetariei buruzkoa da. Perro de Prensa.
Testu biak webgunean jarri eta beste hainbeste txio programatu ondoren, egutegitik ezabatu dut Desde Jamaica noiz arte nuen eguneratua abisatzen zidan mezua. Gero lerro hauek idazten hasi naiz. Ohituraren kontra, lehen gaztelaniaz.
Lau urte luze pasa dira hil zinenetik (2009ko apirilaren 28a). Egunero egon da nobedaderen bat webgunean, baina jada amaitu zaigu materiala. Ez dakit zer gertatuko den urriaren 3tik aurrera, baina bai dakidala webgunea ez dela egunero berrituko. Hor jarraituko dute lagunek Voces Amigas atalean idazten eta apunteak, analisiak, artikuluak, ideiak... argitaratzen.
Seguru nago webgunean beren tokia merezi duten zure testuak agertuko direla oraindik. Hori gertatuz gero, jarriko ditugu bertan. Zalantzarik gabe.
Besarkada bat, Javi.
Iturri
Cuatro años y pico después, este apunte en castellano.
Buenos Airesko autobus guztiak hartu zituen gizona
Página 12 egunkarian irakurri nuen No pretendo haberles sacado la ficha izeneko elkarrizketa. Buenos Airesen nengoen, oporretan, eta bitxia iruditu zitzaidan egitasmoa.
Aktorea, itzultzailea, idazlea... da Daniel Tunnard eta, liburua plazaratu aurretik, blog batean plazaratu zituen istorio hauek (Colectivaizeishon).
Guztira 340 bidai egin omen zituen Buenos Aires hiriko 140 lineen barna (gehi Retirotik La Platara doan lineako beste batean ere).
Ideia A. J. Jacobs-en The Know-It-All (Orojakilea) liburutik hartu ei zuen. Jacobs-ek urtebete eman zuen Entziklopedia Britainiarra irakurtzen eta esperientzia horri buruzko liburua idatzi zuen ondoren.
Tunnard-ek dioenez, orain esku artean duen proiektuetako bat Argentinako tren guztiak hartzea da.
Artikulua irakurri ondoren, pentsatu nuen gauza bera egin zezakeela Gipuzkoan Alberto Moyanok. Gipuzkoa hiria (y no volvería) apunte hura gogoan.
El tipo que se subió a todos los autobuses de Buenos Aires, este apunte en castellano.
Senegalera eraman dute Babou Diouf-en gorpua
Uztailaren 28an kontatu nuen diru bila ari zirela familia eta lagunak Babou Diouf gazte senegaldarraren gorpua jaioterrira eramateko. Atzo iluntzean jakin nuen gaur, abuztuak 9, hegazkinez eramango zutela gaztea.
Familiak eta lagunek testu hau egin dute jasotako laguntza guztia eskertzeko.
Guztion Elkartearen esker gutuna
Babou Diouf-en familiak eta Hondarribiko Senegaldarren Komunitateak, lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dituzte gorpua aberriratzeko jasotako laguntza guztiagatik. Babou joan den uztailaren 19an, 28 urte zituela, hil egin zen.
Gorpua Senegalerantz ostiralean, hilaren 9an, eramango da.
Repatriado el cadáver del senegalés Babou Diouf, este apunte en castellano.