Donostiako Udalak Josetxo Mayorri eginiko omenalditxoa
Donostiako Udalak omenaldi txiki bat egin dio gaur arratsaldean Josetxo Mayorri, 25 urtez Ulia mendia garbitzen eta txukuntzen ari den gizonari. Alkateak, udalbatzarra bertan zela, erloju bat eman dio Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan. Juan Karlos Izagirrek une hori aprobetxatu du hiriko hainbat txoko eta elkarteetan bere kabuz, bolondres gisa, lanean ari diren hainbat pertsonari bere esker ona agertzeko. Josetxok eskerrak itzuli dizkio udalbatzarrari, baita naturzale guztiekin partekatu ere.
78 urterekin, Josetxo egunero doa Uliara, lanera. Gaur goizean, adibidez, Kutrailako iturritik behera XIX. mendeko bidexkara doan zonaldea garbitu du (Uliako ohikoek "Josetxo hiribidea" gisa bataiatutakoa, plaka eta guzti). Bihar hantxe bertan ikusiko duzue, buru-belarri. Ekitaldian egon diren errainak eta bilobak esandakoaren arabera, noizbait saiatu omen dira Josetxo Intxaurrondotik Uliara egunero egiten duen ibilaldian laguntzen, baina ezinezkoa omen da gizona jarraitzea ("aitona oinez baino korrika baitoa").
Ekitaldi xumea bukatu bezain pronto, 25 urte barru, urrezko ezteiak betetzerako planei buruz galdetzerakoan, Josetxok ez du zalantza izpirik azaldu:
-Hementxe bertan bazegoen ontzi-horniketan espezializatutako denda bat. Soka-biribilki itzelak saltzen zituzten eta nik horietako hiru erosi nituen.
Hau da, adorea ez zaiola falta gure Josetxori. Bejondeiola!
Homenaje a Josetxo, este apunte en castellano en el blog de Ander Izagirre. Argazkiak ere handik hartuak dira.
Eskerrak zuri, Ander. Gizon honen istorioa zuk jarri zenigun ikusgarri: erreportaje hura, liburua...
Bertatik bertara, gainera, Josetxok ez dit huts egin. Oso jatorra.