Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoa

Mikel Iturria 2020/02/02 21:45
Badira liburuak azpimarratzen dituzunak lasai irakurtzen dituzun bitartean. Eta badira liburuak presaka irakurri beharrekoak. Hauetako bat izan da «Bilbao en Mauthausen», Etxahun Galparsorok Marcelino Bilbao osabari buruz idatzitakoa.

Agian ez da liburuaren arabera izaten. Agian norbera da irakurketa mota bat edo bestea behar dituena. Batek daki. Dena den, seguru nago hurrengo batean boligrafoa eskuan bueltatuko naizela.

Marcelino Bilbao, el preso 4628 de Mauthausen, este apunte en castellano.

«Bilbao en Mauthausen» liburuaren berri Alberto Moyanok Etxahun Galparsoro egileari eginiko elkarrizketa baten bidez izan nuen. Iban Zalduak ere txiokatu zuen aldeko beste mezu bat. Bietaz fidatu egiten naiz normalean eta horregatik erosi eta irakurri dut azkar samar.

Lanak, zorionez, izan du oihartzuna komunikabideetan eta amaieran jarriko ditut lotura gehiago. Hona hemen Urtzi Urkizuk Ahoz aho telebista saioan Galparsorori eginiko elkarrizketa.

Abandonatutako haurra izan zen Marcelino Bilbao, baina Alonsotegiko erreka batean topatu zuen familiarekin koskortu zen (20 seme-alaba izan zituen bera aurkitu zuen andreak). 1920an jaioa, 16 urte zituen Guda Zibila piztu zenean eta bertan borrokan aritu zen, CNTko anarkistekin. Katalunian bukatu zen bere gerra 1939ko otsailean eta Frantzia aldera egin zuen eskapo (Bartzelona erori ondoren, garai hartan 500.000 lagunek egin bezala). Hainbat kontzentrazio esparrutan egon ondoren, behartu egin zuten Frantziaren alde borrokatzeko II. Mundu Gerran Maginot lerroan, baina 1940ko ekainean atxilotu zuten alemaniarrek.

Estrasburgon bolada bat pasa ondoren, trenez eraman zuten 1940ko abenduan Mauthausen-era, 800dik gora presorekin batera. 1944an mugitu zuten 100 kilometro inguru dagoen Ebensee herrian zegoen kontzentrazio esparru satelitera. 1945eko maiatzean askatu zuten eremua estatu batuarrek eta onik atera zen bertatik. Onik ateratzea bada 45 kilo eskasekin aske geratzea.

Etxahun Galparsorok dioenaren arabera, 200.000 lagun pasa ziren Mauthausen-etik eta erdia, 100.000, hil egin zituzten. Ebensee askatu zutenean, bertan 18.000 preso zeuden (beraz, satelitea bai, baina txikia ez).

14 urte zituela hasi omen zen Galparsoro osabaren kontuak entzuten. 18rekin hartu zuen grabagailua eta, Moyanok dioenaren arabera, hamabost urtez ibili da artxiboetatik barrena paperak arakatuz lan eder hau burutzeko.

Marcelino berak 1960ko hamarkadan idatzitakoak oinarri hartuta izango duzu nazien esku pasatakoaren berri, Galparsoro historialariak emandako esplikazioak eta testuingurua bidelagun. Bi hari horiek ondo baino hobeto uztartzen dira kontakizunak aurrera egin ahal izateko.

Apenas omen dago ezer idatzia Euskal Herrian honi buruz, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Gustatuko litzaidake lan hau euskaraz ikusi ahal izatea. Bitartean gaztelaniaz irakurri beharko duzue.

Barkatuko didazue atrebentzia, baina ia abentura liburu baten moduan irakurri dut Bilbaoren testigantza. Izan ere, zenbat gauza gainditu behar izan zituen gizon honek kartzelaldi hartan. Berak eta, noski, inguruan zituenak ere.

Amaia Ereñagak egindako elkarrizketa honetan, Etxahun Galparsorok dio hiru osaba pasa direla kontzentrazio eremuetatik barrena. Bakoitzak jarrera diferentea izan zuen egonaldi hari aurre egiteko garaian.

Jean Rochers-ek ez zuen ezer kontatu handik irten ondoren.

Markinan jaio eta Irunen koskortutako Jose Maria Agirre Salaberria ere isilik egon zen urte luzez, baina bizitzaren bukaera aldera ohartu ei zen hura kontatu beharra zegoela. Marcelinorekin batera Mauthausen-en (4553 presoa) egondakoa, lagun handiak izan ziren, baita koinatu ere, Bilbao Mercedes Agirrerekin ezkondu baitzen.

Amaitzeko, Marcelino Bilbaok hasieratik izan omen zuen argi Mauthausen eta Ebenseeko heriotza eremuetan bizitutako esperientzia behin eta berriro kontatzea. Beharra ere bazuela dio Galparsorok.

2014an zendu zen gure protagonista, 94 urteak harrapatu ondoren.

Marcelino Bilbao en la cantera de Mauthausen, explicando cómo se suicidaban los judíos para no seguir sufriendo (trabajo realizado por @Baleuko) @Ed_Critica @FAnselmoLorenzo @CNTsindikatua @CNTsindicato @deportado4443 #Mauthausen #Ebensee #Bilbao #Alonsotegi #Rotspanier pic.twitter.com/4PDP61y7Ht

— Etxahun Galparsoro (@Etxahun_) January 20, 2020

Gauza bakarra gehituko dut: liburuan inor gutxi salbatzen da. Are gutxiago erakundeak, Eusko Jaurlaritza barne, garai hartakoa eta gaur egungoa.

Elkarrizketa gehiago: Uxue Gutierrezekin Berrian, Manu Etxezorturekin Faktorian, Eldiario.es-en Juan Miguel Baquerorekin, Roge Blancorekin Radio Euskadin...

Greba

Mikel Iturria 2020/01/29 22:00
Greba orokorraren deialdia urtarrilaren 30ean Euskal Herrian. Aspalditik aurreikusitako bidaia bat medio, kanpoan harrapatuko nau.

Urrutitik ari nintzen jarraitzen grebarena, deitzaileek (Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldeko hainbat kolektiboren izenean ELA eta LABeko idazkari nagusiek) eginiko bilera eskaerari Urkulluk uko egin ziola irakurri nuen arte.

Euskaraz eta gaztelaniaz bidalitako gutunari, gaztelaniaz erantzuna Urkulluk. Hori behintzat ikusi nuen nik lehendakariaren Twitter profilean asteburuan. Nafarroako presidenteak, aldiz, Chivite andereak, baiezkoa erantzun, nahiz gero greba eguna ondoren atzeratu bilera.

Garbi dago biek indar politiko diferenteak dituztela atzean eta horrek eragina duela bakoitzaren jarreran.

Urkulluren gutuna irakurrita, esango nuke aldez aurretik hartu zuela erabakia eta gero zehaztu egin dituela arrazoiak.

Deialdia baino sei egun lehenago, berriz, Urkullu eta EAEko hiru ahaldun nagusiak Donostian Adegik martxan jarri nahi duen Kultura Berriaren Fabrika izeneko eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldian egon ziren. Kontzeptu berriak eta etereoak irakurri ditut. Utz iezadazue eszeptiko izaten. Ez dut proiektua ezagutzen eta hori bakarrik esango dut gaur.

Beraz, Urkullu popa galduz doa enpresarien atzetik, baina prest du bere erantzunik burokratikoena sindikatuen aurrean.

Ez da greba orokorra izango, zioen Hordago-El Salto urtarrileko editorialak (No va a ser una huelga general). Eta hainbat argudio bota bertan tesi hori defendatzeko. Hala eta guztiz ere, beste aukera okerragoa dela adieraziz, deialdia babestu behar zela amaitu.

Greba orokorrak ez dira garai batekoak eta, pena bada ere, asanbladak ez dira jada soberanoak toki askotan. Hots, langile bakoitzari dagokio gero greba egitea edo ez egitea. Emakumezko futbol jokalarien greban hori aurpegiratu nahi izan nion greba egin ez zuen jokalari bakarrari, geure taldekoa gainera. Baina isildu egin nintzen. Hau da, aldagela (asanblada) zela bere postura agertzeko tokia.

Baina gure enpresan ere bakoitzak nahi duena egingo du eta hori ere bada gure puntu ahulenetako bat.

Feministak eta pentsiodunak ari dira ahalduntzen eta besteok ere egin beharko dugu zerbait.

Gako nagusia baita boteredunak antolatuta daudela eta guri kosta egiten zaigula gutxieneko puntu batzuetara iristea.

Amaitzeko, nire soldataren egun bat Gipuzkoako zahar-etxeen gatazkan greban dauden langileei emango diet.

Maiatzaren 1eko oharra: azkenean, lehen aukera hori ez zen gauzatu eta BiziHotsa izeneko egitasmoari egin diot ekarpena.

Huelga, este apunte en castellano.

Óscar Villafañe Merino, birritan ETAren biktima

Mikel Iturria 2020/01/18 10:00
Aste honetan irakurri dudan elkarrizketa esanguratsu bati buruz.

Atzo ostiralean irakurri nuen Ana Iribar, Gregorio Ordóñezen alargunari, eginiko elkarrizketa bat DVn. Datorren astean, urtarrilaren 23an, beteko dira 25 urte haren hilketa gertatu zenetik.

Baina aste honetan bertan atentzio berezia sortu dit Aiurri aldizkariak kaleratutako beste elkarrizketa batek. Xabier Lasa eta Joni Ubeda kazetariek Oscar Villafañe Merinori eginikoa da.

Andoainen jaiotako 41 urteko gizon hau ETAren biktima da birritan. Alde batetik, 1978ko uztailaren 5ean aita hil zioten Zarautzen: Domingo Merino Arévalo zuen izena. Handik bi hilabetera jaio zen bera.

Bestetik, 1996ko irailaren 26an, biktima aitona izan zen, aitaren rola zuena berarentzat: Juvenal Villafañe García. 77 urtekoa, bonba bat lehertu zitzaion autoa martxan jarri zuenean.

Oscar Villafañe Merino. Kreditua: Aiurri.Argazkiaren kreditua: Aiurri.

Bi kontu garrantzitsu elkartzen dira.

Alde batetik, Villafañe ez da komunikabideetan asko atera orain arte. 2017ko urrian elkarrizketa eman zion Diario de León egunkariari: «Es duro, pero se aprende a ser duro» (Gogorra da, baina ikasi egiten da). Duela gutxi beste bat, laburra, eskaini zion COPE irrati kateari. Oraingo hau da luzeena.

Bestetik, bertako euskal prentsa hautatu du hitz egiteko. Hilabeteak eman omen dituzte kazetariek beren atzetik, patxadaz landu dute gaia eta emaitza ona lortu dutela esango nuke. Joni Ubedak kontatzen duenaren arabera, lehen saiakera familiarekin 2017ko azaroan izan zen.

Oscarrek kontatzen dituen gauza batzuk oso bitxiak dira, gehienak oso gogorrak. Ez omen du komunikabideetan agertzeko batere asmorik, nahiz eta aukerak izan dituen horretarako.

Kasu egidazue eta irakurri elkarrizketa.

Itzuli egin dut gaztelaniara eta Pedradas blogean jarri dut: Óscar Villafañe Merino, doble víctima de ETA.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Oscarri hau guztiau kontatu duen bezala eta kontatu duen tokian kontatzeagatik.

Gure (in)dependentziak

Mikel Iturria 2020/01/12 20:50
Larunbat goizeko kontuak.

Eguneko bigarren kafea hartzera joan naiz betiko tabernara. Bertan ohikoa den batekin egin dut topo. Txakolina hartzen ari da, tabernako periodiko bat irakurtzen duen bitartean. Nik beste bat hartu dut, libratu den lehena. Hainbat albiste komentatu ditugu interes berezirik gabe.

Aste honetan bertan ezaguna dudan pertsona bat ikusi dut makina txanponjaleari itsatsita toki horretan bertan. Atentzioa deitu zidan lehen aldiz ikusi nuenean; bigarrenean, aldiz, kezkatu egin nintzen. Nola esan ezagutzen duzun pertsona bati aita halako makina baten aurrean ikusi dudala birritan jada oso denbora gutxian. Jakinaren gainean egongo dira?

Pertsona bat makina txanponjale baten aurrean. Argazkia: UztarriaTaberna horretako beste parrokiano batek inguruko herri bateko apustu etxe batean egiten du lan. Behin, txantxetan, bisita egingo niola esan nion. Hark ezetz, oso toki eskasa dela, jokoarekiko dependentzia duen hainbat lagun dabilela, askotan sesioan beraien artean.

Nire ezagunak duela gutxi gure gertuko baten semea, 18 bat urtekoa, identifikatu zuen lantokian. Handik egun batzuetara mutilaren amari esan zion. «Nire semea antzeko toki batean ikusiko balute eskertuko nuke norbaitek niri horren berri ematea». Eskertu egin zion amak. Zorionez, ez zirudien larritzeko modukoa mutilaren egoera.

Lanegunetan, goizeko bigarren kafea beti kafetxe berean hartzen dut. Bidean badago beste taberna bat, gurearen aldamenean. Noizean behin tipo bat ikusten dut, zurito bat edaten duen bitartean, makinan dirua gastatzen. Bueltan, 20-25 minutu pasa ondoren, bertan jarraitzen du, toki eta postura berean. Auskalo zenbat denbora pasatzen duen egunero horrelakoetan.

Gero eta kontzientzia gehiago ari gara hartzen, gizarte moduan, kontu honekin, baina gaia potoloa da.

Gure (in)dependentziak sakonak dira eta.

Oharra: argazkia Uztarriarena da eta erreportaje honetatik atera dut: Apustu etxeen kontrako dinamikak eraginda, makina txanponjalea kendu dute Azpeitiko taberna batetik.

Nuestras (in)dependencias, este apunte en castellano.

Indarrak hartzen 2020ari begira

Mikel Iturria 2020/01/06 21:35
2020a bihurgunez beteriko gure errepide horietako baten moduan ikusten dut. Baina 2020ari begiratu aurretik, bistadizo bat bota nahi diot 2019ari.

Javier Ortiz maisu eta lagunaren obra haren artikuluen antologia bat jasotzen duen liburu baten bidez ezagutzera emateko urtea izan da, heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen zela gogoratzeko.

1- Maiatzeko kontuak.

2.- Donostiako aurkezpena eta beste zenbait kontu.

3.- Ekaineko aurkezpenak.

4.- Galiziakoak.

Oso ondo pasa nuen, besteak beste, lagun zaharrak agurtzeko aukera izan nuelako, baita berriak egiteko ere.

Lagun, ezagun eta senide batzuk hil egin dira, horietako batzuk gazterik:

1.- Tia Sabina.

2.- Mariano Ferrer.

3.- Iñigo Muguruza: 1 eta 2.

4.- Joserra.

Denok gogoratuko ditut Sabino Ormazabalek Marianoren agurrean esandako hitz hauekin:

«Aquí NO nos gustaría hablar de su muerte, sino de su vida. No ha muerto Mariano Ferrer, baizik eta Ha vivido Mariano Ferrer. Así lo expresa una forma de agradecimiento latina. Celebramos lo vivido con esa persona, no el adiós. ¡Qué suerte haberle conocido! Ha vivido Mariano Ferrer. Ha vivido Mariano Ferrer. Y lo ha hecho con todas y cada una de las personas que estamos aquí. Bakoitzak bere erara. Denok ditugu istorioak berarekin. Mikrofonoa irekia utzi ezkero, gaupasa egingo genuela seguru gaude; guztiok daukagu zerbait kontatzeko, anekdotak edo bizipen mota asko.»

Baina dena ez dut gertukoen heriotzekin lotu nahi. Adibidez, 2019an 15 urte bete zituen eibar.org blog komunitateak, tartean blog honek, eta agur esan nion Facebook-i.

2020ak zer ekarriko digun ez dakit. Hasi ez da oso ondo hasi Trump-ek erabakitako Soulemani-ren hilketarekin eta badirudi ondorio latzak izan ditzakeela.

Bihar bazkalaurretik ikusiko dugu (nik ez dut sorpresarik espero) Sánchez hautatuko dutela presidente. Ezin espektatiba gehiegi izan duela bi hilabete gauza bat esaten zuen eta egun kontrakoa egiten ari den agintari batengandik, baina batek daki. Dagoen panorama honetan, ona izan daiteke eta.

Gauza batek bai deitzen duela atentzioa: Kataluniarekiko Espainiako Justiziako goi instantzietako jujeek hartutako erabakiek ez dutela Europako kotoiaren testa pasatzen eta ez dutela atzera egiten. Hots, itxuraz berdin jarraitzen dutela.

Hegoaldean hauteskundeak izango ditugu Urkulluk nahi duenean, baina aldez aurretik iparraldean izango dira, martxoan.

Politika kontuetatik aparte samar ibili naiz azken bolada honetan, demaseko espektakularizazio bat dagoelako, baina igual kasu gehiago egin beharko diot benetako politikari.

Bitartean, Ondarroan urtarrilaren 1ean ateratako argazki honetan ageri den graffittiak dioen bezala, Gora Euskal Zirkua!

Lotu ondo gerrikoak!

Cogiendo fuerzas para el 2020, este apunte en castellano

Gora Euskal Zirkua

(Ia) alfabeto bat Iñigo Muguruzari eskainia

Mikel Iturria 2019/12/18 19:45
Irailaren 5ean zendu zen Iñigo eta 55 urte beteko lituzkeen egunean, abenduaren 17an, omenaldia antolatu zuten familiak eta lagunek Bilboko Kafe Antzokian.

Autobusa

Arratsaldeko 17:30ean genuen hitzordua Irungo bixeran 60 bat lagunek. Batzuk besteak baino gehiago ezagutzen nituen noski, baina denok genuen harremana Iñigorekin.

Aspaldiko lagun batekin hurbildu nintzen, Iñakirekin.

Autobusean joango ginela jakin nuenean Bertso-Hop garaian 90eko hamarkadan urrutiko kontzertu handietara joateko antolatutako autobusak etorri zitzaizkidan burura. Bi gogoratzen ditut bereziki: Henry Rollins Band ikusteko Bordelera eginiko txangoa eta Red Hot Chilli Peppers Madrilen ikusteko bidaia.

Bilbo

Ferminek esan zuen Kafe Antzokiko taula gainean ezinezkoa izan zela omenaldia Irunen egitea. Amodio-gorroto harreman hori zure jaioterriarekin.

Baina Bilborekin Muguruzatarrek izan duten amodiozko harremana kontuan hartuz, eta ez hori soilik, oso egokia izan zen omenaldia Kafe Antzokian egin ahal izatea. Pena toki gutxi izan zela bertara joan nahi zuen jendetzarentzat, baina nik eskertu egin nuen, kontzentrazio erraldoiak gero eta gutxiago maite ditudalako, batez ere musika tartean dagoenean.

Catalunya

Joni D Hace Color-ek irakurri zuen testu bat Iñigo gogoratzeko. Ez nuen adi entzuteko parada izan, tabernan harrapatu ninduelako, baina ager dadila hemen Kataluniako muguruzatarren managerra ere izan zela atzoko gauean Bilboko omenaldian presente.

Delirium Tremens

Kortatu utzi zuenean, Iñigok denboraldi bat pasa zuen Nikaraguan. Handik bueltatu eta jada martxan zegoen Mutrikuko Delirium Tremens taldean hasi zen.

28 urte pasa dira DT taldea desagertu zenetik eta berriro elkartu ziren Iñigoren omenez lau kanta jotzeko. Andoni Basterretxeari eginiko elkarrizketa agertu zen asteleheneko Gara egunkarian (lotura ordainpekoa da). Interesgarria ikusteko nola ulertzen duen musika eta bizitza mutrikuarrak.

28 urte horiek ez dira alferrik pasa, baina ni Andoniren gitarrarekin eta abesteko modu horrekin geratzen naiz. Itsasora eramaten naute normalean.

Ezekiel

Iñigori ez zitzaion soilik musika interesatzen. Horren adibide Ezekiel muntaia. Oker ez banago, Sagarroi garaikoa. Hor hor zeuden Miren Gaztañaga, Ander Lipus eta Asier Ituarte garai haiek gogoratzeko obraren zati batekin.

Ez naiz gogoratzen oso ondo, baina buruak dio Irungo Amaia Antzokian ikusi nituela.

Martxel Mariskalen «Me llamo Ezequiel y así será siempre» eleberriaren egokitzapena taularatu zuten garai hartan, musika eta antzerkia nahasiz, eta horren zati bat eskaini ziguten Bilboko gauean.

Fermin

Fermin eta Iñigo. Iñigo eta Fermin.

Garai batean hainbat proiektutan elkarrekin ibilitakoak: Kortatu eta Negu Gorriak nabarmenenak.

Ez zion anaiari ohiko agurra egin nahi eta duela hiru urte, 2016ko abenduaren 17an, Iñigok izandako ideia batetik tiratu zuen Ferminek. Orduan berarekin batera musika taldetan ibilitako lagunak juntatu zituen Irungo pizzeria txiki batean, urtebetetzea ospatzeko.

Atzo horietako asko Bilboko Kafe Antzokiko taula gainean igo ziren agur esateko lagunari, talde kideari, irakasleari...

Eta horren bultzatzailea Fermin izan zen.

Gaztañaga, Miren

Ze erraztasuna duen emakume honek gauza zailenak erraz egiteko oholtza gainean. Bera izan zen emanaldia gidatu zuena eta horretaz gain Ezekiel-en hartu zuen parte eta Sagarroirekin batera bueltatu zen hainbat kanta abestera.

Ez dakit banda bat behar duen, baina antzerki munduan dabilenez, agian Asier Etxeandiak egiten duena egin dezake eta antzerkia zein musika nahastu ikuskizun batean.

Askok gozatuko genukeela esatera ausartuko naiz.

Hombre blandengue

Pablo Cabezak eginiko elkarrizketa batean esan zuen Iñigok El Fari gizon bigunen kontrakoa zela. Muguruza txikiak enbidoa hartu eta erantzun zion bera zela horietako gizon bigunetako bat.

Karmele Jaiok azken liburua Iñigori eta gizon berriei eskaini omen die.

Iñigo(rekin)

Taula gainean izan nuen harreman handiena Iñigorekin. Hau da, bera taula gainean eta ni beheko aldean hari begira. Baina Irunen toki berdintsuetatik ibiltzen ginenez, izan genuen bestelako harremanik ere. Behin baino gehiagotan joan ginen elkarrekin Donostiara zinera edo kontzertu bat ikustera.

Gogoan daukat 90eko hamarkadaren erdialdean edo behin kontzertu bat ikusteko geratu ginela Zurt tabernan. Nire buruak dio Christina Rosenvigerena zela, Antzoki Zaharreko ostegun iluntze batean. Baina beste zerbait izan zitekeen.

Abiatu ginen Irundik eta kilometro eskasa egina genuela kontrako bidetik auto bat zetorrela konturatu ginen. Iñigok argiak piztu eta klaxona jo zion, baina tipoa ez zen desbideratu. Aurrez aurre talka egin behar genuela uste genuenean, zorionez beste autoko gidariak frenoa zapaldu eta metro gutxi batzuetara baino ez ginen geratu.

Autotik atera nintzen pentsatuz gaizki zegoela beste gidaria, baina bera ere atera zen bere kotxetik eta gure kontra hasi zen, mekauenka, ni jo nahian. Gizajoak buruko gaixotasun bat zuela nabaria zen eta hala baieztatu genuen hurrengo egunean. Irun txikia baita.

Bidaia isil-isilik egin genuen hortik aurrera, ohi baino zurbilago. Ez naiz kontzertuaz gogoratzen.

Batzuetan bizitzan txiripaz egiten duzu aurrera.

Jabier

Anai nagusia. Txikienarekin hainbat proiektutan ibilitakoa, baina batez ere Joxe Ripiaun.

Taula gainean agertu zenean eskuetan orri batekin, berehala konturatu ginen Jabier ez zegoela broma askotarako.

Norbaitek «fiestón» hitza aipatu omen zion sarreran eta berak erantzun bera dolu garaian zela.

Jabierrek gogoratu zuen Karmele Jaioren dedikatoria, Irungo pizzeria txiki hura eta Iñigoren elefante baten tamainako bihotza.

Oharra: Berriak igo du Jabierren testua. «Elefante bihotza zeukan».

Kortatu

A priori, uste nuen Negu Gorriak izango zela gaua itxiko zuena. Ba ez. Ferminek Des-kontrol taldekoak gonbidatu zituen eta Pikete Lerroa ezizenarekin Kortaturen hainbat kantu jo zituzten elkarrekin gauari itxiera emateko.

Kortatu niretzat institutu garaia eta unibertsitateko lehen urteak dira. 16 urte nituen hasi nintzenean hirukotea jarraitzen eta nostalgia ondo dago, baina soilik bertatik sartu-irten azkarrak egiten badituzu.

Lurra / (Hiru) Leike

Xumeagoak izan ziren Iñigoren azken proiektuak eta azken aurrekoari Lurra izena jarri zion. Atzo Ane Garcia abeslariak gidatu zuen. Gaztetxoa zen talde hartan abeslari ibili zenean Ane eta orain hogeitaka urte ditu. Nabaritzen da, onerako.

Hiru Leike izan zen Iñigok sortu zuen azken taldea eta haurdunaldia nabarmen zuela abestu zuen Ane Odriozola kantariak Indidxabak taldeko lagunekin oraingoan.

Muguruza

Eta gaur hemen eta orain hiru anaien familiak aipatu nahi ditut.

Lehenik eta behin bikotekideak. Muxu bana Maite, Jone eta Estitxu.

Eta ekitaldian egon ziren Beñat, Unai, Irune eta Iñigoren bi alabak. Denei besarkada estu bana.

Negu Gorriak

Oraindik dardarka gogoratzen dut 1991ko irailaren hasieran Ezpeletan emandako kontzertu hura eta gorputzeko ile apurrak tente jartzen zaizkit.

Ez zuten bigarren gitarrista bat gonbidatu Iñigoren hutsunea presenteago izateko. Haiei eta denei begira egon baitzen Iñigoren erretratu bat ekitaldiak iraun zuen bitartean.

NG Brigada Peligrox gisa bataiatu zuten laukotea. Urteak pasatzen dira, baina tinko irauten du oraindik haien errepertorioak.

Publikoa

Lehendik esan dut jendez gainezka zegoela Kafe Antzokia eta hori ere pozgarria izan zen.

Ez bakarrik musikariak, publikoa ere adinean aurrera goaz eta batzuei besteei baino gehiago nabaritzen zaigu zahartu garela.

Baina ez ginen soilik zaharruno kuadrilla bat bildu. Gazteak ere izan zuten presentzia.

(Joxe) Ripiau

Maite zuen Iñigok zarata eta rocka. R-arekin jarraitzeko, Rory Gallagher adibidez. Baina maite zuen ere Karibea, Kuba eta Jamaika.

Doinu haiek euskaratzea eta festa giroa izan ziren Joxe Ripiauren ezaugarri nagusia. Makina bat festatan jo zuten, baina atzo ez zeuden festa askotarako.

Mina nagusi eta kanta bakarra. Ahotsik gabe, gainera. Hutsunea nabarmenago eginez.

Sagarroi

Rock doinuetara itzuli zen Joxe Ripiauren ondoren eta zoragarria izan zen Sagarroi taula gainean ikustea lehen aipatutako Miren Gaztañaga buru zutela.

Gozada biderkatua Asier Ituarteren tronboia hain ondo entzutea, forman.

Tenk

Aspalditik ezagutzen zuten elkar Martxel Mariskalek eta Iñigok. Oker ulertu ez banuen, Hondarribiko institutu garaitik. Elkarrekin aritu ziren Desband taldean Xabi Lopez-ekin batera.

Martxel Mariskalen spoken word proiektu berria da Tenk eta harekin batera azaldu ziren Karlos Txap Osinaga (Lisabö), goian aipatutako Xabi Lopez (Beti Mugan) eta Santi Noain.

Beste egoera batean ikusi nahiko nituzke, pozgarria baita Mariskal zertan dabilen jakitea.

Underground

Berriro demostratu zen gure eszenak zenbat zor dien gaztetxeei eta mugimendu alternatiboei.

(Bingen) Zupiria

Egun gogorra atzo EAJrentzat De Miguel auziko epaia kaleratu zelako. Baina hori beste kontu bat da. Gaur ez da tokatzen, Jordi Pujolek esango lukeen bezala.

Bingen Zupiria Kultura sailburua zegoen publiko artean. Nik sarreran ikusi nuen soilik, bigarren pisuan egon bainintzen hiru orduko ekitaldia bertatik jarraitzen.

Gogoan dut Zupiria, Deiako zuzendari garaian, Ferminen kontzertu bat ikusten Ondarroako Kafe Antzokian.

Underground bai, instituzioak ere bai. Instituzioen lana eta dirua nahitaezkoak baitira gure kultura pikutara joan ez dadin.

P.S.: Petti ere igo zen abestera, baina jada ez dut norekin aritu zen gogoratzen (eskerrik asko Ana Galarragari: Lurra taldearekin jo zuen kanta batean).

Bi kronika irakurri ditut: Garan Izkander Fernandez eta Berrian Inigo Astiz (argazki ederrak, bide batez). Zer esanik ez Gaizka Peñafiel-en hauek.

(Casi) un alfabeto para Iñigo Muguruza, este apunte en castellano.

ESKERRIK ASKO!
Gora Iñigo!
2019-XII-17
(argazkia: @gaizkapenafiel ) pic.twitter.com/2bkbz1UJn7

— Fermin Muguruza (@muguruzafm) December 18, 2019

Hamaika Telebistarentzat Koldo Otamendi, Maddi Mochales eta Jabi Juberak egindako pieza hau mimoz eta gustu handiz egina dago.

Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren erretratu bat

Mikel Iturria 2019/12/15 21:10
Gladys del Estal ekologistaren hilketa aitzakiatzat hartuta, «Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa» dokumentala zuzendu du Bertha Gaztelumendik mugimendu antinuklearraren erretratua egiteko. Gidoia eta ideia originala Sabino Ormazabalenak dira.

Ez, eskerrik asko.

Pasa den ostegunean, abenduak 12, estreinaldian egoteko aukera izan nuen Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurreko asteetan banatu ziren gonbidapen guztiak eta, batzuk ez etorri arren, aretoak itxura ederra zuen.

Esan bezala, mugimendu antinuklearraren erretratua egin dute dokumentalean. Beharrezkoa 70eko eta 80ko hamarkadetan Euskal Herrian hainbat zentral nuklearren kontra sortutako mugimendu soziala ez ahazteko.

Mugimendu anitza, baina ez bakarra, ezta homogeneoa ere. Indarkeriaren kontrakoak asko, baina ez da ahaztu behar dozenaka eraso egon zirela Iberdueroren kontra (Lemoizko zentral nuklearraren proiektua berea baitzen), ETAren zein estatuaren indarkeriak ahaztu gabe.

Indarkeriaren erabileraren kontradikzio horiek azaldu egiten dira pelikulan. Erabilera horren kontrakoak, gehienak, baina baita indarkeria nahitaezkoa izan zela Lemoizko proiektua geratzeko dioen jendearenak ere.

Harritu ninduen Alberto Muñagorri azaltzea filmean eta, gainera, zapore gazi-gozoa utzi zidaten haren hitzek. Hau da, bere egoeraren errudun nagusia bonba jarri zuena izan zela bazioen ere, mugimendu antinuklearra eta herria egiten zituen arduradun. Edo nik behintzat hori ulertu nuen.

Ez nuen gogoratzen Iberdueroren kontrako bonba batek izorratu ziola bizitza Albertori eta Javier Ortizen webgunean egin dut bilaketa bat. Javierrek berak El Mundo del País Vascon 1991n idatzitako erreportaje honekin egin dut topo: Lemóniz: un monumento al absurdo.

Indarkeria zela eta ez zela, paragrafo hau:

«Cinco cayeron del lado de Iberduero; siete del de ETA. También hubo de morir Gladys del Estal, militante ecologista. Y un niño, Alberto Muñagorri, se quedó tuerto y cojo por no saber lo peligroso que es dar patadas a los paquetes abandonados junto a oficinas de Iberduero».

Gaur egun, Muñagorrik dio berak ez ziola inolako ostikorik eman pakete hari, nahiz eta bere garaian hori zabaldu eta gure imaginarioan ideia hori horrela geratu den iltzatuta.

Arzalluzen hitz hauek ere jaso zituen Ortizek:

«La central nuclear de Lemóniz es necesaria para el País Vasco, y el tiempo se encargará de demostrarlo», afirmó en su día el factótum pensante del PNV, Xabier Arzalluz».

Eta diru kontuak ere aipagai:

«Dos mil millones de pesetas se invierten cada año en mantener vivo este disparate. (...) El problema es que esos dos mil millones anuales no los pone Iberduero, empresa constructora de la central, ni ningún mecenas al que le fascinen los happenings políticos: los pagamos usted y yo todos los meses en el recibo de la luz».

Pezetak ezagutu ez zenituenok jakin ezazue hori 12 milioi euro zirela urtero. Wikipediak dio zentralaren eraikitze lanen kostua 200 milioi eurokoa izan zela (antzeko zifra eman zuten dokumentalean).

Laugarren paragrafo bat amaitzeko:

«El proyecto de Lemóniz no fue muy astuto, todo sea dicho. Cada cual es libre de pensar lo que quiera de las centrales nucleares en general, pero instalar una a escasa distancia del Gran Bilbao, área densamente poblada que no podría ser desalojada en caso de accidente, supera los límites de lo que el sentido común aconseja, sobre todo después de conocer, las no muy alentadoras experiencias de Harrisburg y Chernóbil».

«Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa» filmaren webgunean datozen egunetan lau proiekzio gehiago ageri dira: Deban eta Ean, abenduaren 20an (Lemoizkoaz gain, bi herri horietan aurreikusi zuten beste bi zentral eraikitzea), Gasteizen urtarrilaren 10ean eta berriro Donostian urtarrilaren 14an (kasu honetan, Okendo Kultur Etxean).

Un retrato del movimiento antinuclear vasco, este apunte en castellano.

Bakoitza bere putzuan plisti-plasta

Mikel Iturria 2019/12/01 20:16
Goizean Hegoaldeko igelak Igara inguruan duen putzura egin dut joan-etorria eta bidean aste honetako hainbat konturi eman diot buelta bat.... Baina hori baino hobe «Azken aurreko manifestua» aipatzea.

Azaroaren 30ean, 19:30etan, Harkaitz Canoren "Azken aurreko manifestua" aurkeztuko dugu Donostiako San Jeronimoko sotoan. Iraia Eliasek irakurketa gauzatuko du; Hatxek bere musika joko du ekitaldian zehar; Anjel Lertxundik galderak egingo dizkio Harkaitzi. pic.twitter.com/A52BNq3ZiD

— Booktegi (@Booktegi_eus) November 20, 2019

Duela urtebete inguru Uxue Alberdik Harkaitz Cano gonbidatu zuen Euskara ala ezkara ziklora eta Elgoibarren «Azken aurreko manifestua» irakurri zuen idazleak.

Sarean ipini zuten goiko bideo hori 2018ko abenduaren 4an, baina nik bezperan entzun nuen Cano bera manifestu hura irakurtzen Kaxilda liburu-dendan, iazko Euskaraldian.

Urtebete pasa ondoren, Booktegi plataformak (Aritz Branton) errezitala antolatu zuen Donostiako Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan atzo, azaroak 30. Emanaldiak bi plano nagusi izan zituen:

Alde batetik, irakurraldia bera, hiru mugimendutan zatitu zutena Iraia Elias eta Hatxek.

Bestetik, Harkaitz Canok Anjel Lertxundirekin izandako solasaldia.

Bi planoak nahastuz joan ziren. Hau da, irakurraldiaren lehen zatia amaitutakoan, hasi zen bi idazleen arteko elkarrizketa. Gero bi artistak berriro jarraitzeko interpretazioarekin.

Ez baitzen irakurraldi arrunta izan: musikaren laguntzaz aritu baitziren jolasean.

Zaila egiten zait ordubete baino gehiago adi egotea (adinaren eta garaiaren ajeak), baina atzo behintzat oso gustura entzun nituen denek esateko zituztenak (ordu eta erdi luzatu zen jarduna). Mamia zegoelako, baina mamiaz gain asko gustatu zitzaidan tonua, umorea eta ironia nahasian.

Laster izango duzue sarean (Booktegi-n) ekitaldia osorik ikusteko aukera, baina nik aipamen bakarra egin nahi dut oraintxe bertan. Lertxundik gogoratu zion Canori honek idatzitako «Txalorik ez, arren» entsegu laburra eta beste bat egiteko enkargua luzatu zion: «Malkorik ez» izenekoa.

Ez dakit Canok hartuko duen Lertxundik botatako enbidoa, besteak beste Harkaitzek urte sabatikoa hartzeko asmoa baitu 2020an.

Messi

Hasi naiz igela aipatzen, denok putzu batean bizi garela gogoratzeko. Ostiralean San Pedron egon nintzen, Muguruza tabernan (Falcon Crest). Lagunen zain nengoela Messi izeneko txakur bati begira egon nintzen.

Baloia botatzea eskatzen zuen behin eta berriro, zaunka. Baloia bota eta Messik ekarri egiten zuen. Kosta egiten zaiola nekatzea, baina batzuetan nekatu egiten omen da eta horren aurrean bi irtenbide topatu ei ditu: bata, baloia uretara jaurti, baina gero berak joan behar bila; beraz, bigarrena ere ez du baztertzen: hartu baloia eta zulatu.

Uretara edo zulatu. Zuek aukeratu!

Musika Hatxek jarriko du gaur.

Propina: Beldurra ari du, Anjel Lertxundiren gaurko artikulua Berrian.

Txispun.

Cada cual en su charca, este apunte en castellano.

Nor utziko dugu hiltzen? Osasun sistema publikoaren aldeko aldarri politikoa

Mikel Iturria 2019/11/24 09:10
Javier Padilla familia-medikuak idatzi du osasungintza publikoari buruzko liburu argigarria.

Astean zehar Luis de la Cruz adiskidearen elkarrizketa bat irakurri nuen: «La crisis es una característica de nuestro sistema de salud más que una coyuntura» (Krisia gure osasun sistemaren ezaugarri bat da, koiuntura baino gehiago). Elkarrizketatua Javier Padilla (Colectivo Silesia) da eta solasaldiaren arrazoi nagusia medikuak berriki kaleratu duen ¿A quién vamos a dejar morir? (Nor utziko dugu hiltzen?) liburua.

Ostiral goizean erosi nuen Hontzan eta larunbat arratsalderako irakurrita nuen. Horretarako hainbat faktore elkartu dira: denbora nuen, gaia interesatzen zitzaidan eta liburuak laguntzen du.

Astean zehar Luisekin izandako mezu truke batean esan zidan Capitán Swing argitaletxeak edizio lerro bat duela non liburu tematikoak ateratzeko erabakia hartu duten hainbat gairen inguruan: haurdunaldi subrogatua, amatasuna, laster etxebizitzei buruz aterako dutena...

Osasungintza publikoari buruz ez dut orain arte libururik irakurri eta hau oso aproposa  iruditu zait gaian murgiltzeko. Nondik gatozen, ze gertatzen ari den une honetan, zer gerta daitekeen epe ertainera eta zer egin beharko genuke, ezkerreko perspektiba batetik, etorkizunari begira.

Luis de la Cruz-en berbak erabiliz:

«Padillak osasunaz modu globalean hitz egiten du, hasiera batean, mediku batengandik espero ez zenukeen eran. Politikaz eta gizarteaz idazten du; horretarako Marina Garcés filosofoa edo "birbanaketa eta errekonozimendua"ren arteko eztabaida feministara jotzen du».

Egun batzuk lehenago Julen Iturberen beste artikulu esanguratsu bat irakurri nuen: El desmantelamiento del sector público (Sektore publikoaren desegitea).

Iturbek aipatzen du Estatuko Administrazioko funtzionarioen batez besteko adina zenbat igo den azken urte hauetan eta, Donostiako Udalaren adibidea jarriz, zein pisu duten kanpoko eragileek barne funtzionamenduan.

Unibertsaltasuna

Padillaren liburuaren 35. orrialdean, Martin McKee eta David Stucker-en The assault on universalism: how to destroy the welfare state (Unibertsaltasunaren aurkako erasoa: nola desegin Ongizate Estatua) artikuluaren aipamena egiten da. Lau urrats omen daude prozesu horretan:

  1. Zerbitzu publiko hori jasotzea merezi ez duten pertsonen talde identifikagarri bat sortzea.
  2. Sistema bat sortzea non aberatsek mozkin gutxi izango dituzten ordaintzen dituzten zergen truke.
  3. Sindikatuen rola murriztea.
  4. Epe laburrean ondorio oso argiak ez dituzten, baina epe luzera soilik ikusi ahal daitezkeen ondorioak dituzten erabakiak hartzea.

Adibide gisa Espainian 2012an Rajoy-ren gobernuak egindako 16/2012 Errege Dekretua. Nahiz eta paperik gabeko pertsonek osasun zerbitzurik gabe utzi zituen erabakian jarri fokua, bazen beste kontu garrantzitsu bat bertan: urtero 100.000 eurotik gorako errenta zuten pertsonak ere kanporatuak izan zirela sistematik.

Posta kodea kode genetikoa baino eraginkorragoa: berdintasun eza

93. orrialdean inequidad (berdintasun eza) kontzeptua ageri da. Lehen esaldia: «Madrilgo hiriko auzo aberatsenen eta pobreenen artean hamar urteko aldea dago bizi-itxaropenean». El Confidencial medioaren artikulu hau aipagai: Dime en qué barrio de Madrid resides y te diré si vivirás 10 años más o menos (Esaidazu Madrilgo zein auzotan bizi zaren eta esango dizut 10 urte gehiago edo gutxiago biziko zaren).

Ideia horren garapenak jarraipena du 98. orrialdean: «Glasgowen 24 urteko aldea dago elkarrengandik 12 kilometrora dauden auzoen artean. Baltimoren aldea 20,2 urtekoa da, baina distantzia soilik 5,1 kilometrokoa (...) Katalunian aberatsak pobreak baino 12 urte gehiago bizi dira».

Liburuko ez dakit zein zatitan, Rafael Cofiño medikua ere ageri da, pasa den urtean Donostian udako ikastaroetan egon zena gai honi buruzko ikastaro bat ematen: El código postal puede modificar el código genético (Posta kodeak kode genetikoa alda dezake).

Nor utziko dugu hiltzen?

Liburuak izenburua zor dio Ángel Puyolek 2015ean kaleratutako artikulu bati: ¿A quién debemos dejar morir? Sarean aipatua da, baina ez dut lotura zuzenik topatu edukia ikusi ahal izateko. Bertan jorratzen zen kasu erreal bat: Madrilgo ospitale batek pertsona bat kanporatu zuen transplante zerrendetatik kalean bizi zelako.

Padillak 123. orrialdean jorratzen du gaia eta ondo laburbiltzen du osasun sistema: «Osasun-sistema da politika miopearen adibidea: gertutik oso ondo ikusten du (diagnostiko kliniko bat egiteko orduan), baina huts egiten du urrutitik begiratu behar duenean (osasun-ohitura bat edo egoera sozioekonomiko bat eragiten duten egoeren kausei begiratu behar dienean)».

«Zaindu zure osasuna, ez erre, egin ariketa fisikoa asteko bost egunetan (...)  Bizi-ohiturak agintzen dituzten mezuak dira guztiak, eta gutxitan hartzen dituzte kontuan zer baldintzatan txertatzen diren».

«Bizi-ohiturak agindu beharrean, bizi-baldintza osasungarriak agintzen saiatuko bagina, ikusiko genuke zein barregarria den oso kontrol partziala duten erabakiak herritarren bizkar kargatzea: Lan egonkorra eta ondo ordaindua izan, Bizi berdegune zabalak dituen eremu batean, Ez izan zailtasun ekonomikorik hilabete amaierara iristeko... Posizio kolektiboago eta, batez ere, politikoago batetik jardun beharra dago».

Sistema

Badu sistema honek etorkizunik? Krisi luzean bizi da, baina ez dakigu, autorea ere ez da ausartzen enterrua ematera. Liburuaren 145. orrialdean Galeanoren esaldi bat dago: «Ezer ez da goitik eraikitzen, putzuak izan ezik (...) Osasun-sistema goitik behera pentsatu, diseinatu, finantzatu eta eraikitzen bada, hori da izan daitekeen gauza bakarra, putzu bat».

Musika gaur Robert Forster-ena da, Roberto Herreros bidez elkarrizketa honetara iritsi bainaiz.

¿A quién vamos a dejar morir? Una declaración política a favor del sistema público de salud, este apunte en castellano.

Negoziatzeko gaitasun falta

Mikel Iturria 2019/11/17 21:30
Aste honetan irakurritako hainbat artikulu lotuz: Katalunia, Euskal Herria, Espainia, mundua.

Plataforma batek manifestu bat aurkeztu du aste honetan Kataluniako eta Espainiako gobernuek negoziazio politikoa has dezaten ahalik eta azkarren. PSOE eta UPren arteko akordioaren ondoren agertu dira publikoki, baina webgunean diote urriaren amaierako dela. Kultur eta unibertsitate mundutik dator manifestua eta une honetan 1.300 izen ageri dira jada sinatzaileen artean.

Gaur bertan Montse Santolinoren Pitjor però millor zutabea irakurri dut. Kataluniako egoerari erreparatzen dio, baina munduan azken boladan gertatzen diren hainbat gatazka ere aipagai ditu: Libano, Hong Kong, Irak, Txile, Bolivia...

«És cert que tot pinta malament, però només davant l’autèntic perill mostrem la nostra autèntica veritat» dio Santolinok amaieran.

Artikulutik beste pare bat gauza ekarri nahi ditut hona.

Baga, Carne Crudak Kataluniako egoerari duela aste batzuk eskainitako saioa. Loturan duzue entzungai, baita hemen behean ere. Hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin egina dago eta ideia orokor bat egiteko balio du.

Biga, Clara Peya pianista eta konpositorearen kanta bat: «Calma».

Ez nuen Clara Peya ezagutzen eta, haren izena Spotify-n sartzerakoan, bere garaian kanta kolektibo ezagun batean hartu zuela parte ikusi dut lehen emaitzetan.

4 milioitik gora ikustaldi ditu Youtuben Valtonyc raperoaren aurkako epaiari aurre egiteko sortutako iniziatibak. Bartzelonako La Modelo kartzelan dago grabatua bideoa.

Arratsaldean patrikako telefonora iritsi zait beste bideo bat. Txilen agertzen da Manuel Castells eta duela hiru bat aste idatzitako Explosiones sociales artikuluaren ildotik egiten du berba. Hots, mundu mailako protestaldia gertatzen ari dela une honetan eta aurre egin beharreko arazo potoloa dugula muturraren aurrean, bestela jai dugula.

Orokorrean ari bada ere, esaldi hauxe azpimarratu nahi dut orain: «(...) lo más grave es, como escribía recientemente el semanario alemán Stern, la incapacidad congénita de los políticos españoles para negociar».

Hori horrela da eta kosta egiten da ulertzea, gurera etorriz, Espainiako Estatuak nola egin zion uko ETArekin biltzeari honek agur esan zuenean. Niri ezin zait buruan kabitu. Edo bai, baina ez da azkar jokatzea.

Astean zehar gertuko pertsona batek esan dit handitzen ari dela Euskal Herriko gazte batzuen haserrea eta, errematerako, zera gehitu: gure herriaren historiari errepaso eginez gero, konturatzen zara aiton-amonek bilobei pasa izan dizkietela armak. Hau da, indarkeriaren erritmoa bi belaunaldiz behingoa dela gurean. Espero ez betetzea iragarpen hori.

Slavenka Drakulić idazle kroaziarrari eginiko elkarrizketa kaleratu du aste honetan ere El Confidencialek. Lerroburu tremendista jarri diote, baina tonua ere horrelakoa da.

Duela urtebete egon zen Donostian Literaktum jaialdian eta Han ez banengo bezala liburua dauka euskaraz, Amaia Apalauzak itzulia Pasazaite argitaletxearen ekimenez.

Slavenka Drakulic

Argazkilaria: Josu De la Calle Literaktumerako (Donostia Kultura).

«Eleberria 1992. urtean girotuta dago, Bosniako gerraren aldirik latzenean, eta gerraren alderdirik izugarrienetako bat erakusten du: emakumeen aurkako bortizkeria».

Gauzak oso beltz ez bukatze aldera, amai dezadan apuntea Peyaren beste kanta batekin, «Oceanes» izenekoa.

«Oceanes és un homenatge a les dones a través de l’aigua; un crit perquè les dones s’empoderin i res ni ningú els impedeixi ser ells mateixes. L’aigua és calma i fúria, neteja, purificació, l’aigua flueix, és profunditat, immensitat, maternitat, naixement. Som aigua».

De la incapacidad para negociar, este apunte en castellano

P. S.: lerro hauek idatzi ondoren, Twitter bidez jakin dut azaroaren 15ean eta 16an Euskal Herrian egon dela Peya.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter