Eleuterio
Frankismo garaiko mitoa izan zen El Lute eta horren kontra egin du Eleuterio Sánchez-ek. Hori kontatzen du ordubeteko dokumentalean.
Mertxeroa, nomada, pobrea, 19 urterekin kartzelara bidali zutena sei oilo lapurtzeagatik. Bi urte luze pasa zituen, besteak beste, Langraizeko presondegian.
1965ean, 23 urterekin bitxi-denda baten aurka egindako lapurretan hartu zuen parte. Zaintzailea hil zuten eta horrek eraman zuen berriro kartzelara. Hasierako heriotza zigorra bizi guztirako kondenagatik aldatu zioten.
Madrilen zuen beste epaiketa batera zeraman trenetik ihes egin zuen eta ia bi aste egin zituen aske. Berriro lortu zuen alde egitea, kasu honetan Puerto de Santamariako presondegitik. 1970eko urtezaharretan irten eta eta bi urte luze kosta zitzaien harrapatzea. Berriro barrura 1984ko ekainean legalki irten arte.
Dokumentalean bere bertsioa kontatzen du, batez ere, Sánchez-ek. Halere, badaude beste testigantza batzuk ere: El Caso egunkariko sortzaile eta zuzendari izandako Eugenio Suárez (torturaren apologia egin eta heriotza zigorraren alde agertzen dena), gaztetxo garaian Las Hurdes-eko herrixka batean bi urtez hartu zuen familiako partaide bat, berarekin batera Puertotik ihes egiten ahalegin zuen CNTko presoa, bi seme (nagusia eta gazteena), emazteetako bat (bigarrenarekin oso gaizki bukatu zuen)...
Apirilaren 15ean 78 urte beteko dituen Eleuteriorengatik gehien harritzen nauena da duen berezko inteligentzia eta hain baldintza kaskarretan hazitako pertsona batek gaur egun duen diskurtsoa (presondegian ikasi zuen irakurtzen eta idazten), zein seduktore ageri den kamera aurrean ahantzi gabe.
Gaur goizean berriro egin dut topo berarekin sarean. Kasu honetan, Twitter-en ikusi dut La Directa-k zabaldutako elkarrizketa hau: «La meva pàtria és la llibertat» (Nire aberria askatasuna da).
Argazkiaren egilea: Christian González.
Gogoratu naiz El Lute: camina o revienta (El Lute: habil edo lehertu) filma egin zuela Vicente Arandak 1980ko hamarkadaren bigarren zatian. Imanol Arias eta Victoria Abril aktoreek jokatu zituzten rol nagusiak.
Arratsaldean Pablo Iglesiasek 2016ko maiatzean eginiko elkarrizketa hau azaldu zait.
Eleuterio, este apunte en castellano.