Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Errukia

Errukia

Mikel Iturria 2020/04/05 20:35
Gure baserria (Lekunberri) zenaren ondoan bazegoen «Ezurriki» izeneko beste bat. Nik ezagutu nuen garaian jada ez zen inor bizi bertan. Bizilagun bati entzun nion izena nondik zetorren. Etxetzarra zen eta norbaitek esan omen zion «urrikituko» zela hura eginez gero. Berak ezetz eta erantzun gisa etxearen izena. Halere hitz horren beste esanahi bat ekarri nahi dut gogora gaur.

Egun hauetan COVID-19aren bueltan ari gara denok. Nahita nahiez. Baserri eta baratzeko kontuak aipatu zituen aurrekoan Jakoba Errekondok: Jende zakurra, baratzera joatea galarazi diguna.

Bigarren paragrafoa eta hirugarrenaren zati bat ekarriko ditut hona:

«“Gure amaren etxea” esaera baliatzen dut nik, eta noski, etxea ez da ateak biltzen duena. Etxea gure eta guretarren bizitzari eusteko denboran zehar osatu den kontzeptua da. Gure etxea gara, gu geroni, erleak, abereak, mendietako eskubideak, larreak, soroak, baratzea, fruitu arboladiak, lanerako tresnak eta abar. Hori dena, behintzat, bada etxea.»

«Etxea eraikuntza soil bat dela pentsatzen duenari motxetik ibiltzea gustatuko zaio... Nik ezagutu dudan emakumerik jakintsuenetako batek, bere etxera noiznahi joateko esan eta aurrez jakinarazi beharrik ez zela adierazteko hala esaten zidan: “Katuaren mugarrien barruan hemen izango gara”.»

Jakoba bere ere bada gizon jakintsua. Horren zati bat partekatzen du larunbatero entzuleekin Euskadi Irratian. Tarte bera okupatzen du beste batek igandetan, Felix Zubia medikuak. Ze patxada biek ala biek eta zein beharrezkoak bokazio publikoa duten pertsona eta programa hauek. Haiekin aritzen den Arantxa Arzak izango du merituren bat horretan.

Urriki. Errukia. Batzuetan idazten hasi aurretik garbi dut izenburua. Beste batzuetan ez. Gaur oso garbi nuen. Errukia, otoi!

Euskaltzaindiaren hiztegitik lehen adiera: «Norbait besteren gaitzak, nahigabeak edo zoritxarrak deitoratzera eta haietan parte hartzera bultzatzen duen sentimena».

Haurrak aipatu dira, baratzera doazenak ere bai... Nik buruko gaitza duen jendeaz akordatu naiz aste honetan.

Pare bat bideo dabiltza inguruko WhatsApp taldeetan. Bata emakume ezaguna da hirian eta neurri gabe omen dabil azken boladan. Bestea gure hiriko kaleetan barrena biluzik ageri den gizonezko bat da.

Hiru aste pasa ditugu jada etxean sartuta, batzuk besteok baino erosoago. Ez nuke nahiko buruko gaitza duen edonoren lepoan egon horrelako egoera batean.

Erruki zaitezte, arren, eta ez partekatu bideo malapartatu horiek zuen telefonotan, are gutxiago sare publikoetan.

Aste honetan hil den Rafa Berriori egin kasu: kendu eskua gainetik!

Compasión, este apunte en castellano.

Xaun
Xaun dio:
2022/09/30 07:54
Beranxko, baina info pixka batekin heldu nak / natorrek. Hik ezagututako EZURRIKI etxe edo baserri horrez gain, inguruan antzeko izeneko beste etxe eta baserri batzuk egon zittuken, hala nola Urriki* eta Urriki-Txiki**.

Ezurriki baserri gisa ageri duk Irungo Udal Artxiboaren webguneko agiri batean, A/01/133/238/V erreferentziarekin: "1905. Obras particulares: construcción de un caserío denominado Ezurriqui en el baño de Lapice por Ramón Larrañaga. 18-08-1905) punto 7". (https://www.irun.org/[…]/fondo_historico_ficha.asp?clave=199506 )

Eta A/01/190/111/R erreerentziarekin, hauxe: "1953. TUBERIAS Y SUMINISTRO DE AGUA.- Autoriza a don Juan Muguruza la derivación de la tubería para dotar de agua al caserío "Ezurriqui". C.P.: 16-09-1953 Punto 13". (https://www.irun.org/[…]/fondo_historico_ficha.asp?clave=233350 ). Gaur egun Ezurriki izeneko zilindro itxurako bulego eraikina ziok aieka horretan, Arretxe-Ugalde industrialdearen barrenean.

*Urriki etxeaz hainbat sarrera zioztek Irungo Udal Artxiboaren webgunean. Horietako bat hauxe, adibidez, A/01/155/234/V erreferentziarekin: "1924. OBRAS PARTICULARES Esteban Ormazabal solicita licencia de ocupación de la casa Urriqui (Urriki), nº 47 del Barrio de Lapice C.P.:05-11-1924 Punto 14". (https://www.irun.org/[…]/fondo_historico_ficha.asp?clave=214188 )

**Urriki-Txiki: A/01/198/123/R. "1967. Se resuelve favorablemente el recurso de reposición presentado por Juan Gracenea, solicitándo la habilitación cómo vivienda del cobertizo existente en la parte trasera del caserío Urriki-Txiqui, sito en el Barrio Ventas (Landetxa). (Comisión Permanente de 09-III-1967 punto 14)". (https://www.irun.org/[…]/fondo_historico_ficha.asp?clave=251729 )

Beste nonbait Urriki-Berri etxe edo baserria ere irakurria diet, baina beharbada Urriki-Txikiren aldaera gisa.

Beste horien inguruko deus aipagarririk baduk, Mikel?

Xaun
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2022/10/12 21:34
Aupa, Xaun.

Barka, baina kanpoan oporretan egon nauk eta pasa zitzaidan hau erantzutea.

Gracenea gure bizilaguna zen eta saiatuko naiz inguruan galdetzen.
iturri
iturri dio:
2022/10/29 19:04
Arratsalde on, Xaun.

Amarekin egon nintzen honi buruz hizketan atzo. Bera 1967an ezkondu zen Lekunberrira.

Kontatu didanaren arabera bi etxe izango ziren:

Alde batetik, Ezurriki baserria. Nik jada erabat hustuta gogoratzen dut. Beno, ez erabat, bota aurretik autopista egiteko enpresek (Ferrovial, adibidez) erabili baitzuten almazen gisa 1970eko hamarkadan.

Bestetik, Urriki-Txiki edo Berri hori. Jose Gracenea eta Melchora Aguirregomezcorta senar-emazteek lau seme izan zituzten: Jose (pintorea, Ur taldeko sortzaileetako bat) eta Miguel, Paco eta Juanito (hiru hauek igeltseroak, kontratistak).

Juanito bertan geratu zen bizitzen eta handitu egin zuen aitaren etxea: Melchora-enea jarri zion azken honi.

Bixi bizi.
Xaun
Xaun dio:
2024/10/15 16:38
Kaixo Mikel!
Ez niken hire erantzunaren jakinarazpena jaso, eta aspaldi xamarrean hire blogera bisita egin gabe nioken. Halako batean sartu -hire erantzunaren data ikusita ia bi urtera!- eta hire arrapostuarekin egin diet topo. Milesker hire ekarpenengatik, eta jakin ezak Arretxe Gain inguruko baserri gehiagoren informazioa eta argazkiak ari naizela biltzen azkenaldian, hein batean hire senide bati esker (oraindik aurrez aurre ezagutzen ez dudana baina telefonoz kontaktatu ninduena, Jon).

Baserrien liburu proiektua -liburu gehienekin bezala- gorabehera eta atzerapen franko izaten ari duk, baina ttirriki-ttarraka bada ere, aurrera joaki duk!

Ia noizpait elkarren ezagutza egiten dugun!

Xaun
Mikel Iturria
Mikel Iturria dio:
2024/11/03 16:05
Aupa, Xaun.

Nik ere ez ditut jasotzen jada komentarioak nire postontzian. Auskalo zer gertatu den.

Nire senide bat tartean?

Animo eta eutsi proiektuari!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter