Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Pertsonak eta erakundeak

Pertsonak eta erakundeak

Mikel Iturria 2017/03/25 15:25
Aste mugitua izan dut, kanpotik eta barrutik. Gertuko sentitzen nuen pertsona bat hil egin da (Tiburtzio "Diurtxio" Aranburu); enpresan agur esan diogu pertsona bati, jubilatu egin delako (Maria Antonia Plaza); asanblada orokor bat izan dugu, aspaldiko partez.

Tiburtzio Diurtxio Aranburu

Asteazken goizean deitu zidan amak esateko bezperan hil egin zela Diurtxio. 91 urte zituen eta gure mundutik at pasa zituen azken bospasei urteak #galtzeimerra -ren ondorioz.

Tiburtzio Diurtxio Aranburu

Ane Lardik eta Maitane Toledok Oiartzungo Gurutze auzoko koadrilatxoa elkarrizketatu zuten 2008an, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko Ahotsak izeneko proiektu txalogarriaren barruan. Tiburtzioren argazkia "Oiartzuarren baitan" gunetik jaso dut. Laukote hartatik bakarra bizi da: Santos Xantua Mitxelena. Pasarte osoak hemen daude ikusi nahi izanez gero: OIA-060 eta OIA-061.

Oiartzungo elizan izan zen hileta ostegunean eta horrek ere ukitu ninduen. Herrietan hildako zaharrak, behintzat, agurtzeko erritu hauek benetakoak direlako. Gorpuaren atzetik familia sartu aurretik, ni nintzen bertaratutako 200 lagunen artean gazteenetakoa eta, perpendikularrean nituen zaharrei begira, buruari bueltaka egon nintzen elizkizunak iraun zuen bitartean, XX. mendeari bisita egin izan banio bezala.

Amarekin autoan, baita Donostiarako joan-etorrian, Leonard Cohen-en "Songs from the Road" diskoa eraman nuen eta hauxe jarri behin baino gehiagotan: Hallellujah.

Maria Antonia Plaza

Aurreko batean kontatu nuen Victoria Eugeniako txartel-saltzaile honek erretiroa hartu zuela otsailaren erdialdean. Ostiral gauean hainbat lankide elkartu ginen mahai baten bueltan Parte Zaharreko soziedade batean (eskerrik asko Jontxuri eta sukalde lanetan ibili zirenei).

Erruben Egaña eta Maria Antonia Plaza

Ez nuen argazkiak argitaratzeko asmorik, baina tira. Uste dut ulertuko nautela. Goiko irudian ageri dira ezker-eskubi Erruben Egaña eta Maria Antonia Plaza. Ezkerrekoa oso ezaguna Egia Kultur Etxean lanean aritu izanagatik. Eskuinekoa, berriz, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugeniako leihatiletan 25 urte baino gehiago beharrean aritu izanagatik.

Afarian publikoki hitz egiteko asmorik ez nuen, baina ikusirik jendea horrelakoetan mutu gelditzen dela (eta alkoholaren laguntzaz) gauza bat edo beste esan nahi izan nuen, modu atropellatuan. Gauza bera gertatu zitzaidan asteazkenean izan genuen langileen asanblada batean.

Maria Antonia edo Erruben bezalako langileei eskerrak eman nahi izan nizkien urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Hori zen nagusiki adierazi nahi nuena atzo. Beraiek gabe jai duelako erakundeak.

Ez dakit oso ondo zer gertatzen zaidan/zaigun, baina ikusten dut Donostia Kultura oso une kritikoan dagoela. Enpresa nazkagarri bat izango balitz, saiatuko nintzateke paso egiten. Baina herritarren zergekin (hobeto esanda: zergak pagatzen dituzten herritarrekin) finantzatzen da gehien bat. 200dik gora langile gaude eta 26 milioi euroko aurrekontua izango du (memoriaz ari naiz). Eta lana gustagarria da: nork ez du kultur munduan lan egin nahi, a priori?

Egoera honetan zuzendaritza taldeak du ardura nagusia (ez ditut fin ikusten eta askotan beren gurdiari aidaka soilik), baina dena ez da "goikoen ardura" bakarrik: onak eta gaiztoak manikeo hori ez dut gustuko. Zuzendaritzako kideek beren ardura dute, baina langileok ere badugu gure zatia. Zer egiten ibili gara hainbat urteetan? Zuzen jokatu dugu? Sentitzen gara osotasun baten parte edo gurean ere banaketak nagusi? Hausnartu beharra dugula uste dut.

Bero dago jendea, berriki lanpostuen balorazioa deritzon prozesua egin delako. Administrazioaren eremuan horrek esan nahi du bakoitzaren lanpostuaren funtzioak eta ordain ekonomikoak berrikusi egin direla. Pandora kutxa zabaltzea bezala izaten da eta urak nahasita ibiliko dira bolada batez.

Urak lausotu egingo dira, kalmatu, eta gero zer? Espero dezagun denok, ardura gehiena dutenek batez ere, buru-argitasun nahikoa izatea datozen hilabete hauetan erabaki zuzenak hartu ahal izateko.

Argazki pare bat gehiago: lehenengoan Kultura Patronatua zaharrean instituzio bat izandako Nekane Amiano. Egun 78 urte ditu eta jarraitzen du beti bezala inoren aurrean isildu gabe, gehiegi inporta gabe parean duen horren kargua zein den. Berarekin batera Maixabel Azpitarte.

Bigarrenean Maria Antonia Plazarekin batera urte hauetan lanean ibilitako batzuk. Gehienak txartel-saltzaileak dira edo izan dira.

Personas e instituciones, este apunte en castellano

Maixabel Azpitarte eta Nekane

Donostia Kulturako hainbat langile

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter