Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Errukia

Mikel Iturria 2020/04/05 20:35
Gure baserria (Lekunberri) zenaren ondoan bazegoen «Ezurriki» izeneko beste bat. Nik ezagutu nuen garaian jada ez zen inor bizi bertan. Bizilagun bati entzun nion izena nondik zetorren. Etxetzarra zen eta norbaitek esan omen zion «urrikituko» zela hura eginez gero. Berak ezetz eta erantzun gisa etxearen izena. Halere hitz horren beste esanahi bat ekarri nahi dut gogora gaur.

Egun hauetan COVID-19aren bueltan ari gara denok. Nahita nahiez. Baserri eta baratzeko kontuak aipatu zituen aurrekoan Jakoba Errekondok: Jende zakurra, baratzera joatea galarazi diguna.

Bigarren paragrafoa eta hirugarrenaren zati bat ekarriko ditut hona:

«“Gure amaren etxea” esaera baliatzen dut nik, eta noski, etxea ez da ateak biltzen duena. Etxea gure eta guretarren bizitzari eusteko denboran zehar osatu den kontzeptua da. Gure etxea gara, gu geroni, erleak, abereak, mendietako eskubideak, larreak, soroak, baratzea, fruitu arboladiak, lanerako tresnak eta abar. Hori dena, behintzat, bada etxea.»

«Etxea eraikuntza soil bat dela pentsatzen duenari motxetik ibiltzea gustatuko zaio... Nik ezagutu dudan emakumerik jakintsuenetako batek, bere etxera noiznahi joateko esan eta aurrez jakinarazi beharrik ez zela adierazteko hala esaten zidan: “Katuaren mugarrien barruan hemen izango gara”.»

Jakoba bere ere bada gizon jakintsua. Horren zati bat partekatzen du larunbatero entzuleekin Euskadi Irratian. Tarte bera okupatzen du beste batek igandetan, Felix Zubia medikuak. Ze patxada biek ala biek eta zein beharrezkoak bokazio publikoa duten pertsona eta programa hauek. Haiekin aritzen den Arantxa Arzak izango du merituren bat horretan.

Urriki. Errukia. Batzuetan idazten hasi aurretik garbi dut izenburua. Beste batzuetan ez. Gaur oso garbi nuen. Errukia, otoi!

Euskaltzaindiaren hiztegitik lehen adiera: «Norbait besteren gaitzak, nahigabeak edo zoritxarrak deitoratzera eta haietan parte hartzera bultzatzen duen sentimena».

Haurrak aipatu dira, baratzera doazenak ere bai... Nik buruko gaitza duen jendeaz akordatu naiz aste honetan.

Pare bat bideo dabiltza inguruko WhatsApp taldeetan. Bata emakume ezaguna da hirian eta neurri gabe omen dabil azken boladan. Bestea gure hiriko kaleetan barrena biluzik ageri den gizonezko bat da.

Hiru aste pasa ditugu jada etxean sartuta, batzuk besteok baino erosoago. Ez nuke nahiko buruko gaitza duen edonoren lepoan egon horrelako egoera batean.

Erruki zaitezte, arren, eta ez partekatu bideo malapartatu horiek zuen telefonotan, are gutxiago sare publikoetan.

Aste honetan hil den Rafa Berriori egin kasu: kendu eskua gainetik!

Compasión, este apunte en castellano.

Rafa(el) Berrio (1963-2020): in memoriam

Mikel Iturria 2020/03/31 23:25
Hitzik gabe geratu naiz gaur iluntzean jakin dudanean Berrio hil dela.

Oso presente dut lehen aldiz entzun nuenetik Lieder proiekturako egileak berak egindako «In memoriam» kanta sinple bezain terriblea. Thomas Canet argazkilariarenak dira irudiak. Egitasmo horretan hiru kanta egin zituen Berriok eta hirurak daude beheko aldean.

Azkar pasatzen da denbora, baina pare bat bideotan «Lento» txakurra ageri da. Urte askotan abeslariaren lagun fidela izandakoa eta jada ez dakit duela zenbat urte hil zena.

Elkarrizketa egin behar genion Rafa Berrio nor zen jakin gabe joan nitzen zitara duela 6 bat urte... pic.twitter.com/if6ENU9yaA

— Gari Garaialde (@GariGaraialde) March 31, 2020

Gari Garaialde argazkilariaren txio hau ikusi dut. Oker zebilen: 2011ko azaroan egin zion erretratua (duela zortzi urte pasatxo, beraz). Gorka Erostarbek izandako solasaldiaren ondoren argitaratutako elkarrizketa ilustratzeko erabili baitzuen Berriak.

Eduardo Ranedok ere bidali du zerbait Rock De Lux aldizkarira. Gemaren hitzak jaso ditu oharrean: «Rafa es underground hasta para morir. Ha salido del confinamiento».

Goian aipatutako lehen kantaren letra kopiatu dut. Tamalez, Rafa(el) Berrioren izena ere gehitu behar zerrendan.

Bebe in memoriam

Gasco in memoriam

Blanco in memoriam

In memoriam

Pepe in memoriam

Domi in memoriam

Seve in memoriam

In memoriam

Neira in memoriam

Chinto in memoriam

Piti in memoriam

In memoriam

Ane in memoriam

Aran in memoriam

Karen in memoriam

In memoriam

Santi in memoriam

Ataitz in memoriam

Mene in memoriam

In memoriam

Derek in memoriam

Turmix in memoriam

Poch in memoriam

In memoriam

In memoriam

In memoriam

Apirilaren 1eko eguneratzea: Juan González Andrés-ek beste montaje bat egin du «In memoriam» kantarekin. Azkena da.

Interneten letuz ilustratzen gera

Mikel Iturria 2020/03/29 12:30
Edo halako zerbait: Ramon Saizarbitoria, Maria Cristina Hotela, Enric Juliana, Ane Irazabal, Bruselako korrespontsalak, Xabier Lete.

Gaur goizean Alberto Moyanok Ramon Saizarbitoriari eginiko elkarrizketarekin hasi naiz eta, egia esatea nahi baduzue, barre pizarra egin dut aho bilorik gabe hitz egiten duen gizon erretxindu bezain samur honekin.

Bi gauzekin akordatu naiz:

1.- Ramonek Irutxulori (Hitza izan aurretik) aspaldi emaniko elkarrizketa bat. Donostian zer dago soberan galderari, erantzuna (buruz emango dut): Donostian soberan dagoena da Diario Vascok egiten dituen inkesta txatxu horiek, ea kaleko bankuak urdinez edo gorriz margotu behar ote diren. Denbora pasa da eta jada ez ditu soilik DVk egiten horrelakoak: garai hauetan Interneten askok egiten dute gauza bera eta galdetzen dizute ea zenbat denbora iraungo duen entzierroak edo zer iruditzen zaigun COVID-19aren krisiak, guk horrelako gaiei buruz zerbait jakingo bagenu bezala.

2.- Ramonek berak kontatutako anekdota bat. 1980ko hamarkada hasieran, Saizarbitoriak Ongizate saileko ardura izan zuen zinegotzi gisa. Orduan udalaren baliabideak urriak ziren. Halako batean, eskale bat joan omen zen Udaletxera laguntza eske. Berarengana bidali omen zuten eta berak Maria Cristina Hotelera bideratu. Erabaki horren ondoren, ez zioten beste eskalerik bidali bulegora.

Bigarren honekin gogoratu naiz atzo irakurri bainuen Donostiako Udalak Maria Cristina Hotela jarriko duela Osakidetzaren esku. Harrigarria egin zitzaidan horretarako egotea bost izarretako hotela, baina beste hiri batean ere antzeko bidetik jo dutela entzun nuen. Horra hor aukera makabroa bost izarretako hotel batean bolada bat pasatzeko. Nik ez nuke nahiko.

🏥@DonostiakoUdala|k @osakidetzaEJGV|ren esku jarri du @hotelmariacris, #COVID19 duten gaixo arinak sendatzeko. @FomentoSS, hotelaren zuzendaritzaren eta @MarriottIntl|en kudeaketari esker, euskal osasun sistemaren esku jarri dira bertako 120 oheak. pic.twitter.com/Otb9j4b6mC

— Eneko Goia (@EnekoGoia) March 28, 2020

Denok dakigun bezala, Espainiako gobernuburu Sánchez atera zen atzo arratsaldean datozen hamabost egunetan neurriak zorrozteko erabakia gaur ofizial egingo dutela esanez. Enric Juliana kazetari katalanari irakurri diot gobernu barruko eztabaidak ez direla soilik alderdien artekoak (hots, PSOE eta UP), baizik eta transbertsalak direla. Hazienda (Montero) eta Ekonomia (Calviño) ministroak omen dira neurri horiek hartzeko traba gehien jarri dituztenak.

EAJkoak, Urkullu buru, ez daude ados neurriekin. Lehendakariak gutuna helarazi dio Sánchezi. Torrak beste tonu bat erakutsi du.

▶️ Vull agrair al president del govern espanyol que hagi escoltat finalment les demandes de Catalunya. Ara cal intensificar el suport al sistema de salut i als serveis d’emergències i de protecció civil per guanyar aquesta lluita compartida per l’esperança i la vida #Covid19 pic.twitter.com/cszggZsDFn

— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) March 28, 2020

Ez nuke nahiko horietako inoren lepoan egon bizi dugun egoera zail honetan.

Twitter-en ikusitako beste bi kontu:

Esto es insuperable pic.twitter.com/qNR4UI78KA

— Ane Irazabal (@AneIrazabal) March 26, 2020

EL CORRESPONSAL EN BRUSELAS

1) Los periodistas q hay que leer más son los corresponsales en Bruselas. El suyo es un oficio complicado: tienen q moverse en la anomia política y descifrar acuerdos-decisiones fraguados en el caos -aparentemente ordenado- dl funcionalismo monnetiano

— Giaime Pala (@GiaimePala) March 28, 2020

Propina, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak.

Ilustrándonos en (por) lo digital, este apunte en castellano.

Jone Alastuei itzultzen Robert Forster entzuten nuen bitartean

Mikel Iturria 2020/03/22 19:50
Berezko izenburua: «Goiza Jone Alastuei-ri eginiko elkarrizketa bat itzultzen pasa dut, Robert Forster-en disko bat entzuten nuen bitartean». Baina luzeegia zen eta murriztu egin dut. Alastueiri eginiko elkarrizketaren egilea Reyes Ilintxeta da.

Elkarrizketa ez da gaur-gaurkoa, baina ez da oso zaharra ere: 2019ko abenduaren lehen hamabostaldian argitaratu zuen Argia aldizkariak: «Soilik turismoa bultzatzea, menpekotasuna sustatzea da».

Irakurri nuenean gustatu zitzaidan eta bere horretan geratu zen, konfinamenduak hura berreskuratzeko aukera eman didan arte.

Besteren bat ere badaukat gordea, tonu berean egindakoa, baina ez dut aurreratuko zer den.

Jone Alastuei. Argazkilaria: Dani Blanco (Argiarentzat).

Alastuei Uztarrozeko alkatea da. Gaztea (1991koa), Iruñean jaio zen eta aitaren herrira jotzea erabaki zuen duela hainbat urte. Erronkaribarreko Batzordeko burua ere bada eta hezkuntza du ogibide.

Zentzuzko gauzak esaten ditu bertan Alastueik: zer den herri txiki batean bizitzea (lan kontuak, etxebizitzak topatzeko zailtasunak); jardun politikoa; turismoaren alde onak eta txarrak; lehen sektorea galbidean dagoela (abeltzaintza nabarmen); eskia ondo dabilela, baina aldaketa klimatikoaren gillotina duela; hartza eramateak ze nolako ondorioak izan dituen eskualdean; Iparraldearekin dituzten harremanak; ehiza eta gizonen mundu hori; emakumezkoen sareak eta elkarteak...

Zeregin hauetan nenbilela, argia behar nuen eta egun hauetan Robert Forster (The Go-Betweens ohia) australiarra ari naiz entzuten. Kasu honetan, 2015ean kaleratutako Songs to Play diskoa. Hemen behean itsatsita uzten dudan I'm so Happy for You kanta argitsuak bezalakoak ditu albumak.

Besterik ez. Nahi baduzue, irakurri Reyes Ilintxetak Jone Alastueiri eginiko elkarrizketa euskaraz (nik egindako gaztelaniazko itzulpena hemen dago) eta entzun Forster jaunaren musika.

Animo!

Jitsi, etxetik talde-bilerak bideo-konferentzia bidez egiteko aukera erraza

Mikel Iturria 2020/03/16 19:00
Gaur goizean sei lagunen arteko lan bilera antolatu behar genuen. Astelehenetan denak elkarrekin egoten gara normalean, baina, egoerak hala aginduta, bakoitza geure etxean geunden (gure burua izan ezik: bera bulegoan zegoen). Nola antolatu? Bideo-konferentzia bidez. Jitsik lanerako balio du, baina baita lagunekin, familiarekin eta abarrekin egoteko ere.

Gorka Julio Teketen (Talaios Kooperatiba) lagunak eman dit oso tresna erabilgarri baten berri: Jitsi.

Jitsi plataformak aukera ematen du norbera bere etxetik edo dagoen tokitik sartzeko bideokonferentzia-areto batean.

Pausoz pauso.

1.- Sartu Jitsin.

2.- Start a call izeneko botoia sakatu.

3.- Start a new meeting horretan jarri izen bat. Adibidez, Kalimero.

4.- Hartu Kalimero esteka eta bidali konbokatu nahi duzun jendeari e-mail bidez edo beste mezu sistema baten bidez (WhatsApp, Telegram, Signal edo dena delakoa erabiliz).

5.- Badago aukera beheko eskuin aldean dagoen i ikonoarekin pasahitza jartzeko. Adibidez, erabilgarria helbide finkoa, ohikoa eta edonor sartzeko erraza bada.

6.- Bilera jarrai dezakezu ordenagailu batekin edo mugikorrarekin:

a) Mahaiko edo ordenagailu eramangarria: kamera eta mikrofonoa behar dira.

b) Telefono mugikorraren bidez, lagunek bidalitako helbidera joz gero (demagun Kalimero dela), mezu bat agertuko zaizue, Jitsi aplikazioa instalatu dezazuen (aurretik instalatuta ez baduzue). Jarraitu instalazio prozesuak berak emandako urratsak.

Jendea konektatzen joan ahala hainbat pantaila agertuko dira. Hau gutxi gorabehera.



Irudia: Estitxu Izagirreren blogetik hartua.

Kontuz beheko aldean, erdialdean, agertzen diren botoiekin!

1.- Ezkerreko mikrofonoa hitz egiteko da, logikoa denez.

2.- Erdiko telefono gorria zapalduz gero, gelatik aterako zara.

3.- Eskuineko kamera gainerakoek zu ikusteko da.

Mikrofono eta kamera gainean jarrita, itzali eta piztu daitezke. Hau da, mikrofonoa itzalita badago, besteak entzuten ditugu, baina beraiek ezin gaituzte gu entzun. Kamerarekin ere berdin.

Telefonoaren aurikularraren irudia nahi gabe zapaldu eta ateratzen bazara, sartu dakizun edo eman dizuten helbidera berriro.

Goian Argiako kazetari den Estitxu Eizagirreren bloga aipatu dut. Bilera eraginkorrak egiteko zortzi gako aipatzen ditu bertan. Gomendio horien jatorria Manahmana enpresa omen da.

Eutsi goiari eta ez galdu itxaropena. Ahalik eta gutxien atera etxetik eta egin bideo-konferentziak lagunekin, familiarekin eta abarrekin.

Jitsi, una buena opción para hacer video-conferencias grupales, este apunte en castellano.

Zumiriki eguna

Mikel Iturria 2020/03/09 21:55
Oskar Alegriak egin duen bigarren film luzea da «Zumiriki». Punto de Vista (Ikuspuntu) jaialdian proiektatu zuten pasa den astelehenean eta zinemaldiaren azken egunean, martxoaren 7an, bigarren proiekzioa egon zen «Zumiriki egunaren» baitan.

Duela hainbat aste gonbidatu ninduen Oskarrek eta, mezu trukaketa errepasatzerakoan, konturatu nintzen 11 mezu zeudela postontzian. Bost batenak, sei bestearenak.

Oskarren hitzetan, 150 naufrago elkartu ginen bazkalorduan Iruñeko Geltokin (deskubrimendu bat niretzat). Erdiarekin beste hainbeste mezu trukatu bazituen, zer esanik ez gonbidatu eta joan ez zirenak aintzat hartuz, gustatuko litzaidake jakitea zenbat mezu pilatu diren Alegriaren postontzian.

Ziklismoaren lengoaia erabiliz, kontrol-itxiera 14:00etan genuen, baina beste ordu erdi bat behar izan genuen bazkaltzen hasteko.

16:15ean abiatu zen Baluarten Amagoia Gurrutxaga eta zinemagilearen arteko proiekzioaren aurreko solasa. Ikus uztail amaieran Berria agerkarian kaleratutako bien arteko elkarrizketa hau: «Arbolak imitatzea da gure erronka». Solasaldia proiekzioaren aurretik jartzearen arrazoia seguruenik izan zen iluntzean bertan Alegriak Siberia aldera bidaiatu behar zuela, 2019ko irailean Veneziako zinemaldian abiatutako bideari jarraipena emateko.

Zumiriki (ibaiaren erdian dagoen irla Jesus Alegria aitaren hiztegiari kasu eginez gero) urpean dago gaur egun, baina zazpi makal (zuhaitzak) azaleratzen dira oraindik. Nagusi, Adarra, Txima Luze, Galtzerdi, Lehorra, Seigarrena eta Eskeintza arbolei begira eraiki zuen 2018ko hasieran oraindik zutik mantentzen den etxola, baina egunen batean urak irentsiko duena.

2018ko udaberrian eta udan grabatu zuen materiala

Oskarren txikitako zorioneko paisaia hartan murgildu da; zorionekoa haur garaiko udako oporrekin lotuta baitago.

Lau hilabeteko egonaldian ahotsa galdu zuen (erabiltzen ez diren ahalmenak galdu egiten baitira). Giltzarik gabe, dirurik gabe, nortasunik gabe. Bi oilo eta baratza. Baita zibilizaziotik eramandako txokolatea eta 70en bat liburu ere.

Behi bat eta hainbat animalia basati ikusiko ditugu filmean zehar.

Pertsonak ere ageri dira: ibaiaren beste aldeko errepidetik pasatzen diren txirrindulariak, neskatoren bat, kanoa baten gainean ibaitik barrena paseoan etorritako gizonezkoa.

Filmaren hasieran txertatu ditu Pirinioetako artzain zahar batzuk, laurogei urteko langa pasatuta mendiko etxolan azken gaua Oskarrekin eta bere kamerarekin igaro zutenak.

Eta 1956ko André Madré jeneralak kolorez egindako Gure sor lekua dokumentaleko irudiren bat ere azaltzen da. Euskarazko lehen film luzea, guregana audiorik gabe iritsi dena. Bitxia Oskarrek lau naufrago edadeturi pelikula horretako paisaia bati soinua jartzeko orduan eginiko eskaera eta horren emaitza.

Euskara. Ume garaian egunero Artazu inguruko bi gizonezkoren arteko solas haiek. Francisco Albistur eta Vicente Barberia.

Horiek buruan iltzatuta geratu zaizkidan film honetako hainbat irudi. Baina askok egin zidaten ihes eta berriro ikusi nahiko nuke, zinema areto batean ahal dela; etxean bestela, Filmin edo antzeko plataforma batean filma ikusgai paratzen dutenean.

Sartu bainaiz jada gauzak behin baino gehiagotan ikusi edo irakurtzen den edade horretan eta Oskarrek filmatzea bitan bizitzea dela esan zuen Iruñeko aurkezpenean.

Gogoratzea recordar da gaztelaniaz eta latinez recordis bihotzetik berriro pasatzea da. Tira, hori lortu du Oskarrek: gure bihotzean geratzeko egina baitago pelikula hau.

El día «Zumiriki», este apunte en castellano.

Galdetu Bezos jaunari ea WhatsApp fidagarria ote den

Mikel Iturria 2020/03/01 11:25
Osoitzen toot bat irakurri nuen Mastodon-en eta hortik sortu da gaurko apuntea.

Preguntadle a Bezos qué tal con WhatsApp, este apunte en castellano.

Ikusten duzuenez, Osoitzek bertan aipatzen du Politicoren albiste bat. Kanpoko komunikazioei dagokienez, Europar Batasuneko Komisioak Signal mezularitza programa erabiltzea jakinarazi diela bere langileei.

Hainbat gorabehera izan ondoren hartu du Komisioak (Europar Batasuneko gobernua finean) erabakia eta laster zehaztuko omen du zibersegurtasun estrategia berria.

Beste albiste baten lotura ere nabarmentzen du Osoitzek. Duela aste batzuetakoa da eta bertan Nazio Batuen Erakundeak WhatsApp ez duela erabiltzen dio.

Erabaki hori hartzeko tenorean Bezos (Amazon) eta MBS (Saudi Arabiako printze ahalguztiduna) afera dago oinarrian. Munduko bi boteretsuen arteko auzia da eta agian ez zaigu gehiegi interesatzen, baina kontatu dutena egia bada, interesgarria da oso.

Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printzeari 2018an AEBetako botere-guneetan zeharreko bira antolatu zioten irudia garbitzeko (Yemengo gudan egindako txikizioak zikintzen zuten gizona). Bertan ezagutu zuten elkar Bezosek eta MBSk.

Amazoneko zuzendari exekutiboa da Jeff Bezos eta duela hainbat urte The Washington Post egunkaria erosi zuen. Munduko gizonik aberatsena, Forbes-en arabera.

Printzearen etsaietako bat Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarra zen. Zergatik zen arriskutsua MBSren begietara? Hiru arrazoi: disidentea zen, ondo ezagutzen zuen Saudi Arabiako errege-gortea (bertan lanean ibili zelako, besteak beste) eta Washington Post egunkarian idazten zuen. Erditik kentzeko erabakia hartua ei zuen MBSk.

Elkar ezagutu ondoren, telefono zenbakiak trukatu zituzten eta 2018ko maiatzean WhatsApp mezua bidali zion Bezos ahalguztidunari printzeak. Honek klik egin zuenean, tranpan erori eta Saudi Arabiak hartu zuen telefonoaren kontrola.

Handik gutxira, Khaxoggi-ren lagun baten telefonoa ere hackeatu zutela dio The Guardian-ek. Omar Abdulaziz zuen izena eta hurrengo asteetan zehar Saudi Arabiak bien arteko mezu asko atzeman ei zituen.

Gogoratu 2018ko urriaren 2an sartu zela Khaxoggi kazetaria Istanbulgo kontsuletxean paperak berritzera eta bertan erail zutela printzearekin lotura zuzena zuten hainbat lagunek.

Jarraitu dezagun Bezosekin. 2019ko urtarrilaren 10ean The National Enriquer izeneko tabloideak argitaratu zuen txutxu-mutxua; hots, kazetari batekin zuela ezkutuko harremana. Dirudienez, emaztea une horretan bertan enteratu zen aferaz.

The New York Times-en arabera, 2017ko irailean izan zuten bilera bat Saudi Arabian MBS eta David Pecker jaunak, AMI korporazioko buruak. Korporazio hau da The National Enquirer komunikabidearen jabea. Pecker Trump-en gertukoa omen da (Trump-ekin orainaldia ez da inoiz finkoa, askotan haserretzen baita gertuko jendearekin).

Diotenez, MBSren zirkuluak Bezos-en telefonoa atzemandakoan izan zuten Lauren Sanchezekin zuen harremanaren berri eta beraiek filtratu zioten The National Enquirer-i.

Tira.

David Fernàndezek hilero La Directan plazaratzen duen zutabea ere irakurri dut astean zehar. Bartzelonan bertan behera geratu den Mobile World Congress du aipagai Davidek. Zutabearen gainean Marta Peiranoren esaldi bat dago itsatsia: «El preu de qualsevol cosa és la quantitat de vida que ofereixes a canvi» (Edozein gauzaren prezioa eskaintzen duzun bizitza-kopurua da).

Marta Peiranoren liburu bat bukatu dut aste honetan. «El enemigo conoce el sistema» (Etsaiak ezagutzen du sistema). Liburuaren aurkezpen biran El Saltok eginiko elkarrizketa honen lerroburuak laburbiltzen ditu gauza asko: «Internet no es el problema, la extracción de datos es el problema» (Internet ez da arazoa; arazoa datuen erauzketa da).

Gogoratu WhatsApp (eta Instagram) Facebook-enak direla. Gogoratu.

Amaitu dezagun kanta batekin. René-k (Calle 13) bere depresioari buruz idatzitako abestia igo zuen ostiralean bertan sarera. 22 milioi ikustaldi ditu une honetan bideoak.

P.S.: 2013ko otsailaren 28an hil zen aita. Martxoaren 1ean, handik ordu batzuetara, Fleya de Ugalde. Biei eskaintzen dizkiet lerro hauek.

Altzako kiroldegiko lanetan ere langileak pagaburu

Mikel Iturria 2020/02/22 11:30
Altzako Kiroldegiko obran gertatutakoaz irakurri dut prentsan. Behin eta berriro errepikatzen den egoera da. Enpresa handiek prezioak bota, azpikontratengana jo, soldatak jaitsi, zorrak pilatu langile, ostatu zein inguruko tabernekin, eta abar.

Ostiral goiza. Etxeko atarian dut astero bezala Irutxuloko Hitza, baita Gipuzkoako Hitza ere. Irutxulok azalean dakarrenari erreparatzen diot: «Iruzurra Altzako kiroldegiko lanetan».

Azpian: «Altzako kiroldegiaren eraikuntza lanetan irrregulartasun larriak salatu ditu ELAk. Azpikontrataturiko 'enpresa pirata' batek soldatak zor dizkie horko hamarnaka langileri».

Azken egunetan Twitter-en irakurri ditut gai honi buruzko hainbat txio, baina ez dut orain arte lasai gaiari buruz pulamentuzko ezer irakurtzeko aukerarik izan. Hau da, ez dudala klik egin inongo tokitan albiste eta datu gehiago irakurtzeko.

Altzako kiroldegia obretan. Argazkia: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza)

Argazkia: Joseba Parron San Sebastian (Irutxuloko Hitza).

Iñaki Agirrek sinatzen du albistea. Ea lerro batzuetan laburbiltzeko gai naizen.

Kiroldegia berritzeko lanak «udalak gehieneko aurrekontuak ezartzen zuena baino ia lau milioi euro gutxiagogatik esleitu zien obra Acciona eta Altuna y Uria enpresei: 12.441.731,70 eurotan».

ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak, Igor San Josek, zera dio: «Accionak eta Altuna y Uriak oso proposamen merkea aurkeztu zuten, eta puntuaziorik onena jaso zuten horregatik».

Beraz, «Kiroldegia prezio horretan eta Gipuzkoako hitzarmena betetzen eraikitzea ezinezkoa dela jakinik, Aldi Baterako Elkarteak (ABEEak) azpikontratengana jo zuen».

Paragrafo hauek:

«Altzako kiroldegiaren obran bi azpikontrata sartu ziren, eta horietako batek, Colaper enpresa galiziarrak, iruzur sistema eraginkor bat muntatu zuen hor. Langileak estatuko beste zonalde batzuetan bilatzen zituen, Ponferradan eta Madrilen batik bat, eta hauei baldintza jakin batzuk eskainiz (1.800 euroko soldata, hamalau paga, etxebizitza, otorduak…), Donostiara etortzeko konbentzitzen zituen. Askok, soilik telefonoz izan zuten harremana haien nagusiarekin, bere aurpegia sekula ikustera iritsi gabe».

«Lanean hasi eta zenbait astera, ordea, langileek argi ikusten zuten jasotako baldintzek ez zutela zerikusirik haiei aurretik promestu zietenarekin, eta gatazka pizten zen. Haien nagusia, baina, ez zen inondik ageri, eta ez zituen euren eskaerak erantzuten. Egoera horretan, eta etxetik urrun, langileek obra utzi eta haien herrietara bueltatzea erabakitzen zuten, zor dieten dirua inoiz berreskuratuko ez dutela asumituta».

«Abuztuaz geroztik, Colaperrek hamar bat langileko lau kuadrilla ekarri ditu obrara, bata bestearen atzetik».

Zera gaineratzen du San Josek: «Obra hasi zutenetik, soilik soldaten zati txiki bat ordaindu diete langileei. Zentzu horretan, orain arte egin den lan guztia ia dohainik atera zaie».

Irutxuloko Hitzak horietako baten testigantza jaso du: Fuenlabradatik urtarrilean etorritako Felix Llorente garabilaria.

Zorrak ez dituzte soilik langileekin pilatu, baita inguruko taberna eta ostatu batzuekin ere. Oraindik ez dago sarean, baina paperean Carrasco Tabernako Pili Veigarekin ere hitz egin zuen Iñaki Agirrek.

«Urtarrilean amaierako 3.671 euro zor zizkidaten, eta otsailagatik, berriz, 2.500 euro baino gehiago. Gaia atera zenean, ABEEkoek (Acciona eta Altuna y Uria) urtarrileko zorra ordaindu zidaten, baina lotsagarria iruditzen zait nola hainbat hedabidetan esan duten jada zor guztiak ordaindu dituztela».

Veigak zehazten du «ez ditut janik gabe utziko, inolaz ere ez, hori gizagabea izango litzatekeelako. (...) Auzoko jendea oso nazkatuta dago kontu honekin. (...) Jendeak ikusten du langileen joan-etorri handia dagoela, eta gainera obrak ez du aurrera egiten. Azken urteetan inguruko saltoki piloa itxi dituzte. Auzoa hiltzen ari dira. Horregatik, kiroldegiaren proiektuak Altza animatzeko nolabaiteko itxaropena eman zigun».

Parentesia zabaldu. Fidel Vicente lankidea (ez zen plantillakoa, baina etxekotzat genuen) hil zenean, hileta Tomasene eta Casares kultur etxeen alboan dagoen Altzako elizan egin zuten, kiroldegitik gertu dagoena. Ez nintzen sartu elizara, baina kanpoan eremua hesituta zegoen, amiantoa aurkitu zutelako bertan. Ongi etorri mezua helarazi zien elizan sartu zien kanpotarrei Javier Hernaez apaizak eta egoera hori gogorarazi. Parentesia itxi.

Ostiralean bertan Noticias de Gipuzkoan irakurri dut enegarrenez atzeratutako Donostiako AHTaren geltokiaren obraren lehiaketa nork irabazi duen. Eskaintzarik onena Moyua, Comsa eta Cycasak egin dutela dio albisteak. Hori bai, «el montante final ascenderá a unos 80 millones de euros, con una rebaja del 17% respecto al precio de licitación, fijado en 97 millones, IVA incluido». 

Altzako eta beste hainbat obretan bezala (Anoeta Estadioan ere makina bat komeria izan ziren) oraingoan ere bertan lanean arituko diren langileek eta beren familiek pagatuko dute obraren zati bat lan baldintza kaskarrekin?

De cómo los obreros pagan las obras del polideportivo de Altza, este apunte en castellano.


Egoera urduriak

Mikel Iturria 2020/02/16 09:50
Urtarrilean irakurritako liburu bati dagokio izenburua. Aste honetan Zaldibar inguruan gertatutakoak hizpide.

William Davies irakasleak idatzitako Estados nerviosos (Egoera urduriak) liburua irakurri nuen urtarrilean. El Salto Diarion Pablo Elorduy kazetariak eginiko elkarrizketa batengatik iritsi nintzen bertara.

Davies-en tesia liburuaren azpitituluan jasota dago: Cómo las emociones se han adueñado de la sociedad (Emozioak nola jabetu diren gizarteaz).

Davies-ek dio Ilustrazioaren ondoren mendebaldeko gizartearen zutabe izandakoak kolokan daudela egun. Gobernuek erabakiak hartzeko orduan estatistika eta, batez ere, adituen autoritatea gainbehera daudela. Gaur egun ez du inporta zer gertatu den benetan, baizik eta jendearen pertzepzioa, gizarteak sentitzen duena. Eta egoera horri etekina ateratzen populismoak dira abilenak.

Emozioen kudeaketa hori, sare sozialen garai histeriko honetan, oso garrantzitsua bihurtu da.

Argazkia: Aritz Loiola (Foku) Berriarentzat.

Liburuko hainbat kontu izan dut buruan duela hamar bat egun Zaldibarko zabortegiko lurrek autobidea blokatu eta bi pertsona irentsi zituztenetik.

Handik hiru bat egunera, suhiltzaile bati irakurri nion Twitter-en hauxe izango zela gure Prestige. Hasiera batean gehiegizkoa iruditu zitzaidan konparazioa, baina ikusirik agintariek zer gaizki egin dioten aurre krisiari, jada ez dakit zer esan.

Ez dut gertu-gertutik jarraitu egun hauetan gertatutakoa, baina harrigarria egiten zait Erkoreka bezalako hain eskarmentu handiko politikari batek Anbotoko puntan ateratako argazkia igotzea larunbatean sareetara (ostegun arratsaldean izan zen Zaldibarkoa). Edo Urkullu lehendakariaren haserre aurpegia kazetari baten galderari erantzuteko orduan astelehen arratsaldean. Segundo asko behar izan zituen bere tonua errekuperatzeko.

Que dice Urkullu que no va a ir a Zaldibar porque se lo digan en twitter...
No merecemos este lehendakari.
Él periodista de @garanet @gara_iiriondo primero en preguntar por el tema de interés. pic.twitter.com/t89CxCntB2

— Igor Meltxor (@IgorMeltxor) February 10, 2020

 

Astelehen horretan, Urkulluk hauteskundeak aurreratu zituen apirilaren 5erako eta hau kanpainaren zentralitatean egon daiteke. Aspaldian ez nituen ikusten jeltzaleak hain gainezka, datorrena aurreratu beharrean besteek markatutako erritmoan dantzan arituz.

EITB Focus delakoaren emaitzak plazaratu ziren ostiralean. Luizia gertatu aurretik egindakoa da, baina kosta egiten da pentsatzea EAJk gora egingo duenik gauzak dauden bezala. Nahikoa lan emaitzak mantentzearekin.

EiTB Focus (13F): el PNV 🍇 ganaría las elecciones en Euskadi con gran ventaja.

--

EITB Focus (13F): EAJk 🍇 abantaila handiarekin irabaziko lituzke hauteskundeak Euskadinhttps://t.co/EqNRLwPZK9 pic.twitter.com/ZnVTzb93X3

— electomania (@electo_mania) February 13, 2020

Askoz ere posibleago iruditzen zait Juanjo Domínguez politologoak plazaratutako estimazioa.

Primera estimación electoral para las elecciones autonómicas en #Euskadi c/ @eajpnv, @ehbildu, @PSOE, @populares, @PODEMOS y @VOX_Congreso #demosgerman pic.twitter.com/nbRHTr0iLD

— Juan José Domínguez (@juanjodom) February 14, 2020

Hor PSOE da egoera honetan hoberen ateratzen dena, nahiz eta jeltzaleekin batera hainbat erakundetan lanean ari aspaldian.

EAJri ez zaio inoiz interesatu koalizioan gobernatu behar zuela iragartzea eta PSEk ere ez du ahalegin handirik egin koalizio horren parte dela aldarrikatzeko. Beraz, hipotesi hau ez da baztergarria batere. 👇🏼 https://t.co/Jmx1DlVaE4

— Katixa Agirre (@katixagirre) February 15, 2020

Egia da oraindik asko gelditzen dela apirilaren 5era iristeko. Baina lan handia egin beharko du EAJk egoera honi buelta emateko, zeren ostiral arratsaldean kaleratutako haizearen kalitateari buruzko emaitzek ekarri dute, besteak beste, igande arratsaldean Ipuruan jokatu beharreko Eibar eta Realaren arteko partida atzeratzea. Eta hor jada gaiak Euskal Herria eta Espainia gainditu eta nazioartera egin du salto.

Egoera baretzeko Jaurlaritzako goi kargu honen moduko adierazpenek ez dute batere laguntzen.

Dieron la rueda de prensa "para transmitir prudencia y tranquilidad" por la contaminación del vertedero derrumbado. Pues solo les faltó gritar: "¡Vamos a morir todos!". pic.twitter.com/RyLt5Tf569

— Ander Izagirre (@anderiza) February 15, 2020

Ezta zabortegia ondo ezagutzen zuen garraiolari honen adierazpenek ere.

Eta txio hau ere...

EAJ-PNVk salatzen du ETAko buru izandako Aitor Elizaranek (@ElizaranAitor) gure batzokiak erasotzeko eta gure alderdikideak jasartzeko kanpaina sortu eta abian jarri duela, bere gizarte sareetan jasota dagoen legez. pic.twitter.com/mIwicOry0F

— EAJ-PNV (@eajpnv) February 12, 2020

Estados nerviosos, este apunte en castellano.

Hegal egiten (IX)

Mikel Iturria 2020/02/09 10:40
Azkar joan da astea eta gauza batzuk utzi nahi nituen idatziz blogean. Politika, kultura, lan mundua, kirola.

Aste honetan albiste izan da Nazio Batuen Erakundeko haur pobreziaren errelatoreak Madrilen aurkeztu dituela Espainian zehar egindako bisitaren ondorioak. Bi aste hauetan ikusitako gabezia batzuk eman zituen ezagutzera.

Egun batzuk lehenago Sanchez Espainiako presidenteak Ernesto Gasco izendatu zuen Haur Pobreziaren kontrako goi mandatari. Uste zabaldua zen Gasco Madrilera joango zela sozialistek gobernua berritu ondoren, baina ni harritu egin ninduen izendapena eremu horretakoa izateak.

Pobrezia dela eta ez dela, atzo txiokatutako egoera bitxi bat.

Etxegabetu batek egunero egiten du lo auzoko kutxazain batean. Diru bila joan naiz gaur eta periodiko piloa zituen lurrean botata. Bera ez zegoen. Lerroburu batek deitu dit atentzioa. pic.twitter.com/5YLeGdDoZ4

— Mikel Iturria (@iturri) February 8, 2020

Astean zehar ere egon da beste ezusteko bat Donostiako sozialisten artean: Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren delegatu berria EAEn. Zergatik? Besteak beste, albisteak berak dioenarengatik. Orain arte askotan kargu hori erretiro moduko bat izan delako eta ez dut uste Denis politikako irteera bidean dagoenik, baina zoaz jakitera, duela aste batzuk Borja Semperrek egindakoa ikusi ondoren.

Ostegun arratsaldean luizia gertatu zen Zaldibarren. Zabortegi batean lanean ari ziren bi langile irentsi zituen lur mugimenduak eta geroztik desagertuta daude. Datua konfirmatzen bada, uste dut jada 11 langile hil direla urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian. Marka (beltza) da gero.

Orduak pasa ahala, ernegagarria izan da irakurtzea txapuza bat bestearen gainean. Adibidez, amiantoa zegoela ez zen berehala jakin, baina horren berri izan ondoren, berehala gelditu ziren erreskate lanak, langileek babes neurriak har zitzaten.

Bikaintasuna dugula helmuga diote agintariek, baina hura gu baino askoz ere azkarragoa da.

Galdera nagusia une honetan da ea autobidea kaltetu izan ez balu segimendu bera izango ote zuen albisteak.

Urkulluk hauteskundeak aurreratuko omen ditu: udazkenean tokatzen ziren, baina badirudi apirilaren hasieran egingo direla. Pasa dadila kaliza ahalik eta azkarren.

Futbola ere topera Euskal Herrian, batez ere Athletic eta Realeko zaleen artean. Asteazkenean txuri-urdinen nesken taldea sailkatu zen Superkopako finala jokatzeko eta gaur, igandea, eguerdiko 12:00etan arituko dira Salamancan Bartzelonaren aurka.

Ostegunean Madril eta Bartzelona kanporatu zituzten gizonezkoen bi taldeek eta gaur igandean dute Anoetan beraien arteko derbia. Datorren astean, gainera, joaneko kopa kanporaketak finala apirilaren 18an Sevillan jokatzeko.

Sevillako aukerak aztertzen egon nintzen ostiral arratsaldean. Bi baldintza jarri nituen hotelak erreserbatzeko aplikazio ezagun batean: aldez aurretik ezer ez pagatu behar izatea eta baliogabetzea debaldekoa izatea. Atera zitzaidan aukerarik merkeena bi gau 800 euro (bi lagunentzat).

Gauzak horrela etxetik jarraitu beharko dugu finala. Baina aldez aurretik Mirandes kanporatu behar da eta hori ez da erraza izango.

Musikarekin amaitu nahi dut. Don Inorrez (Imanol Ubeda) egongo da gaur Victoria Eugenia Club aretoan. Bertara joanez gero, hantxe ikusiko dugu elkar.

Love of 74 lagunak astean zehar berpiztu du bloga. Verde Prato Dabadaban ikusi ondoren hartu zuen erabakia. Espero dezagun jarraitzea idazten, noizbehinka bada ere.

Verde Pratoren (Ana Arsuaga) berri duela aste batzuk izan nuen eta apuntatua nuen haren izena. Lovitoren hitzek areagotu egin dute interesa.

Bixi bizi!

Volando voy (IX), este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Hara! Asteburuan entzun ditut lehenengo bi saioak ... Gari Araolaza, 2025/06/04 08:21
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Stat counter