Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Oporretara joan aurretik

Mikel Iturria 2006/04/05 22:50

Lau gauza:

Baga

Ea igandean Italian coglioni asko agertzen den.

Biga

9a soinean daraman jokalari hau Irakera noiz doan jakiteko irrikitan nago.

Higa

Oporrak Britaina Handian pasatzeko asmoa izan ezkero, kontuz ibili hegazkinean abesten duzuenarekin. Ahal bada, baztertu London Calling kantaren melodia.

Laga

Zaindu, txintxoak izan eta bueltak amari.

Sánchez Almeida abokatuaren ziber-agurra

Mikel Iturria 2006/04/03 02:00

Sortu berria den Zabaldu zerbitzuaren bidez, eta Aitzolek eginiko gomendioari esker, jakin dugu Carlos Sánchez Almeida abokatuak agur esan diola internet bidezko borrokari.

Abokatu espainiar ziber-borrokalariaren berri banuen blogosferari esker, baina 2005eko ekainean egon zen Donostian Kopyleft jardunaldietan. Han ikusi nuen aurrez aurre lehenengo aldiz eta hemen laburbildu nituen Carlosen hitzak.

Espainiako Diputatuen Kongresuak Jabetza Intelektualari buruzko lege berria gehiengo zabalaz onesteak, eraman du gure gizona egoera honetara. Dirudienez, bakarrik bufetean eta epaitegietan ikusteko aukera izango dugu hemendik aurrera.

Agur esateko testutik hartu eta hiruzpalau pasarte euskaratzera ausartu naiz.

Diputatuen Kongresua

"Diputatuen Kongresuak lege bat 300 boto baino gehiagorekin onartzen duenean, indar parlamentario guztien oniritziarekin, garbi dagoen gauza bakarra da lege horren aurkariak parlamentutik kanpo dagoen talde bat bihurtu direla".

"Nahitaez, demokrazian arrazoiak, indarra den heinean, du gehiengoa. Eta Diputatuen Kongresuko gehiengo absolutua baino zabalagoa den gehiengoak, ezeztaezinak, argi berdea eman dio blogosferako komentarista gehienek okertzat jo duten lege bati".

"Bi aldeetatik bat errealitatetik at dago. Diot".

Gizakia

"Garrantzitsua ez da kultura, pertsonak baizik. Pertsonak askeak direnean, haien kultura askea da. Gizakiak otzanduak, lokartuak, kontsumo produktuen merkatuko helburu soilak direnean, haien kultura otzanduta dago”.

Internet

"Internet-ek ahotsa izango du kontzientzia, zentzu historikoa, hartzen duen egunean bakarrik. Eta horretarako lehenik eta behin, denbora luzez, egoak utzi beharko ditugu alde batera eta talentua urria dela jabetu: gizateriaren balentria handiak beti kolektiboak izan direla".

Enpresa txikiak

"Jabetza Intelektualari buruzko lege berria dela-eta, benetako arazoa ez dute etxeko kontsumitzaileek izango (…) Ez. Benetako arazoa jada auzi-eskeak jasotzen ari diren informatika alorreko ehundaka enpresa txikiek dute gaur egun. Demanda horietan atzeratutako kanona eskatzen zaie CD, DVD, grabailu eta mp3 erreproduktoreengatik; zenbait kasutan 1999tik hona".

Beste ni

Mikel Iturria 2006/03/30 09:01

Baga

Euskal blogosferak notizia txar bi jaso ditu azken egun hauetan: Julen Gabiria eta Patxi Trapero blogariek agur esan dute. Ez dakigu noiz arte egongo diren isil-hizketa lantzen, baina bueltatuko direla uste dut. Gari bueltatu den bezala. Animo, mutilak.

Biga

Sarean erdi ezkutuan zeuden artikulu edo elkarrizketa batzuen itzulpenak igo nituen gaztelerazko blogera pasa den asteburuan. Hemen bildu ditut guztiak.

Higa

Astelehen iluntzean Kaukasiar Kreazko Borobila antzezlanaren errepresentazioan egon nintzen Egiako Kultur Etxean. Donostia Antzerki Saria eskuratu du Théâtre des Chimères eta Pok Produkzioak taldeen arteko elkarlan honek. Ia bi orduko lana ikusi genuen eta erdi zorabiatuta atera nintzen handik. Berezia da oso eta ikusteko aukera izan ezkero, ez alferrik galdu.

Laga

Asteartean, berriz, El filo de la hierba liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Anjel Lertxundik aurkeztu zuen 2005eko Euskadi Literatur Saria lortutako Harkaitz Canoren nobela laburra. Nahi duenak hemen du Lertxundik bertan irakurritakoa.

Boga

Canorekin jarraitzeko, ostiralean Paul Auster-i buruz hitz egingo du Ernest Lluch kultur etxean. Berarekin batera arituko da Juan Bonilla idazle espainiarra eta Alberto Moyano izango dute biek moderatzaile-dinamizatzaile. Ekitaldia 19:30etan izango da.

Sega

Ostiralean da, gainera, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketen klausura. Reala baino biziago iritsiko al gara astearen amaierara? Beste ni bat beharko dut?

Beste euskal arazoa

Mikel Iturria 2006/03/27 02:00

Vaya Semanita telebista saiokoei kasu egin ezkero, denok dakigu zein den euskal arazo benetakoa: gutxi jotzen dela gurean, txortan gutxi aritzen garela. Hona hemen adibide bat.

Ostiral arratsaldean irakurri nuen martxoaren 31n mega-orgia deialdia egina dagoela internet bidez. Ez dakit deialdia benetakoa den edo norbait ari ote den txantxetan (bigarrenetik gehiago izango du). Kontua da horren berri hemen agertzen dela. Sopelako hondartza da aukeratutako tokia. Notizia horrek 176 erantzun zituen ostiral arratsaldean. Lerro hauek idazten ditudanean, igande iluntzean, 255 dira jada lotura horrek dituen erantzunak.

Toki publikoetan egiteko beste bi deialdi daudela aipatzen du 20 minutos komunikabideak. Bata Vigon eta bestea Malagan.

Vigokoaren berri ematen zuen mezuak, 3 erantzun zituen joan den ostiralean. Igande arratsaldean, 10.

Malagakoak 26 erantzun zituen ostiralean. 45, igande arratsaldean.

Beraz, arrazoi dute Vaya Semanitakoek: behar handia dago gurean.

Ea su-etenak lasaitzen gaituen eta indarrak sexu kontuetan xahutzen ditugun.

Amen.

Bigarren eskuko euskalduna

Mikel Iturria 2006/03/24 01:05

Duela hiruzpalau hilabete jarri nintzen harremanetan Giorgio Bassmattirekin. Erakusleihoa programaren berri eman nion eta bertan parte hartzera gonbidatu. Baietz erantzun zidan berak, egingo zuela zerbait. Eta gaur izan da eguna: "Eta bapatean" emanaldi bakarra (aldatzekotan egon da: ETA bapatean).

Amodioa gaitzat hartuz, izaki imaginario baten ibilbide kronologikoa musikatu du gure artistak. 8 kanta. Abesti bakoitza hamarkada bati zegokion. Eszenatokian aulki (ahulki) batean eserita. Gitarra lagun. Mikroa. Paperak. Ura ere behar izan du.

8 kanta sortu ditu tipoak hain denbora laburrean. Kontutan hartuz bulegoko lana, bulegotik kanpokoa, euskaltegia eta nik ezagutzen ez ditudan beste zenbait konpromiso, ez da makala izan erronka.

Are gehiago: lehenengo aldiz aritu da euskaraz. Gitarra lagun. Ahotsa ere bai. Beldurra etsai. Pop ukituak, folk apunteak, ahoskera nerbiosoa, eztula, aldez aurretik grabaturiko pasarteak, gurasoak, euskaltegiko ikaskideak, Anoeta Estadioaren beldur eszenikoa.

Aurpegi galanta zuela esan diot bukaeran. Eta ez zaio gustatu. Egia da: aurpegi galanta duela idatziko dut hemen, jendaurrean, sarean gera dadin. Ez du konnotazio negatiborik nik adierazitakoak. Ez, artista errespetatzen baitut eta ez delako erraza izan proiektua. Emaitzaren muestra bat hemen.

Apunte honen izenburuan azaltzen den esaldia bota du bere burua definitzeko: euskaldun berria ez, zaharra ere ez. Bigarren eskuko euskalduna.

Pentsatzeko moduko esaldia. Biba zu!

ETA dela eta

Mikel Iturria 2006/03/23 02:00

Goiza onenak emanda zegoen. Jefearekin telefonoz ari nintzen hizketan, ordenagailuaren pantailak abisatu didanean mezu berri bat nuela korreoan. Udaleko LABeko atal sindikalarena zen. The organization-ek su-eten iraunkorra eman duela iragartzen zuen.

Pozik hartu dut notizia eta azkar kendu dut gainetik jefea. Sartu egin naiz interneten. Kontsultatu ditut zenbait iturri. Lagun batzuekin hitz egin dut. Dena duela zazpi urte t´erdi baino lasaiago.

Lagun bati irakurri diot, gazteleraz, komunikatua. Irakurri ondoren galdetu diot ea zerbaitetaz enteratu den, bera kanpoan zegoelako, telefono mugikorrari itsatsita. Berak baietz, baina niri ez zait argia iruditu mezua. Zenbat lagunen artean adostu dute?

Bazkaltzera joan naiz gero. Eguneko periodiko inoiz baino zaharkituagoaren ale bat irakurri dut.

Patxadaz bazkaldu ondoren, autoaren bila nindoala, udal suhiltzaileak ikusi ditut Anoeta inguruan mangerak, kamioiak eta eskailerekin jolasean. Ertzaintzaren bi kotxe ikusi ditut ondoren. Hiruzpalau ertzainek afrikar gazte talde bat zuten paretaren kontra jarrita.

Autoa hartu eta Altzara igo naiz. Euskadi Irratiaren sintonia eraman dut. Mikel Irizarren komentarioa entzun dut Zapaterok Kongresuan komunikabideen aurrean eginiko agerpenaren ondoren. Hizlari kaskarra dela esan du Irizarrek.

Segidan Gasteizera jo dute eta Ibarretxe lehendakaria hasi da gobernuaren komunikatua irakurtzen. Irakurle kaskarra iruditu zait Ibarretxe, euskaraz behintzat.

Autoa aparkatu, irratia itzali eta lagun batengana joan naiz. Haren ordenagailuan ikus-entzun dugu bideoa, euskaraz eta gazteleraz. Harritu gara emakume ahots indartsu horrekin. Aginteduna dirudi. Nor ote?

Lau zerbeza erori dira gaur. Etxeratu naiz. Realak galdu egin du gaurko partida ere (eskerrik asko, Osasuna).

Ah! Lehenxeago irakurri dut Salvatore Tuttiren akzioa zertan gauzatuko den zioen baten mezua. Ez dakit, baina jende asko bezala Tutti-Intxausti seguru poztuko dela gaurko albistearekin.

Amak deitu egin dit gauean. Ez dudala etxera deitu azken egunetan. Maizago deitu beharko dut.

Amen.

Erain ikastola?

Mikel Iturria 2006/03/22 01:05

Atzoko Noticias de Gipuzkoan, Josean Larrea txirrindulari irundarrari eginiko elkarrizketa. Zergatik? 23 urteko txirrindulari amateur hau aita izan berri delako.

Atentzioa deitu dit lasterketan nola hasi zen galderari horrela erantzutea:

"Estudiaba en la ikastola Erain, en el alto de Gaintxurizketa..."

Beno, bai, esan daiteke ikastola bat dela, baina Escrivá de Balagueren oinordekoak haserretu gabe?

Eta bapatean, musika-emanaldi bakarra

Mikel Iturria 2006/03/21 08:30

Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, Ez ezetz & The UK ezin taldeak martxoaren 23an eskainiko duen "Eta bapatean" musika emanaldiaren berri eman nahi dizue. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Garaikur teknologikoen bila ero moduan gabiltzan honetan, Giorgio Bassmatti musikologoak amodioaren oda bat egitea erabaki du. Bai, amodioa, hain xinplea eta garbia den sentimendu hori, ikusezin diren kutxetan bidaiatzen duena eta masailean emandako musu batekin eros daitekeena.

Amodioak inguratuta gauzka. Autobus geltoki batean, goizeko lehen trenean irri egiten diguten begietan, norbaitekin hartutako kafe kikara batean, laguntza eske kalean gerarazi eta emozioz betetako esaldia botatzen dizuen emakume batengan: "Zuen amodioa betirako izan dadin".

Bai, amodioa zaharren kontu bat bihurtu da, baina Bassmattik horren aurka egin nahi du, hankak lurrean eta era erdi ezkutuan. Horregatik, taldearen izena, Ez Ezetz & The UK Ezin: handikeriarik gabe, estimua horrelakoa delako; konposizio xinple eta biluziak, pasioa tarteko; akatsak barne, bizitzaren edertasuna bertan dagoelako; pop ikuspegia beti presente, detaile elektronikoei muzin egin gabe (sexu eta arraza garbien aldekoa al da ba amodioa?)

Bere bizipenetatik abiatuta, eta etorkizuneko istorioak imajinatuz, Bassmattik irudikatutako izaki baten ibilbide musikal eta kronologikoa aurkeztuko digu, jaiotzatik heriotzaraino. Dena biguntasunarekin harilkatua. Pertsonaia horrek, bizitzaren hamarkada bakoitzean, maite-jolasak, pasioak, pultsioak, eroaldiak eta amodioaren gabeziak kontatuko dizkigu.

Ez pentsa kontzertua kontzeptuala izango denik, ez erabat behintzat. Euskaraz eginiko narrazio laburretan jasoko dira bizitza baten xehetasunak, fikziozko protagonistaren bizitza, pasioa eta bere gabezien bide nahasietan barrena.

Hipobotiloiak

Mikel Iturria 2006/03/19 11:38

Hau da, hipokrisiaren botiloiak.

Atzo, Reala-Barça partida aurretik talde txuri-urdinaren administrazio kontseiluak bi karpa jarri zituen estadioaren kanpoaldean. Dirudienez, antzera egingo omen du liga amaitu bitarteko partida-egunetan.

Hernanin Sagarrondotik jaialdia izan da asteburu honetan ere.

Zer esan sagardotegi garaietan egiten ditugun kupeloietaz?

Eta kotiloiak?

Baina kontua da ezin direla honelakoak edo horrelakoak antolatu. Hau da, Terricabras-ek katalanez macrofarra deitzen dituen horiek.

Hobeagoak al dira ba alkoholik gabeko festa hauek?

Borisek Belgrad-en, Slobodan Milosevicen garaietan, izandako festa bat eta gaur egungo Bartzelonan gertatukoak konparatu ditu mezu honetan.

Lertxundiri lapurtu behar diot bukaera: hor kopon!

Gauza aspergarrien lehiaketa

Mikel Iturria 2006/03/16 08:00

Gauza aspergarrien lehiaketa antolatu nahi dut. Saririk gabekoa.

Adibidez: meza bat.

Bat, bi, Irun,
nahi duenak erantzun.

Honek badu nahikoa eskarmentu gai hauetan.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter