Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Topaketak-Encuentros (VII), Tabacalera

Topaketak-Encuentros (VII), Tabacalera

Mikel Iturria 2006/05/19 08:00

Goizeko 11:40 ziren, kafea hartu ondoren, Aurkene Alzuak sarreratxoa egin duenean. Bost minutu pasa dira Josean Muñozek atrila hartu duenerako. Patxadaz, lasai, hitz neurtuak, tonua aldatu gabe, ederto. Berak hitz egin ondoren eztabaidarako tartea zabaldu da. Mahainguruan, Joseanekin batera, Kepa Kortak (Donostiako Plan Estrategikoa), Mikel Lejarzak (Grupo Árbol, besteak beste) eta Lourdes Fernándezek (Manifesta 5 eta ARCO-ko egungo zuzendariak) egin zuten berba.

Josean Muñoz, Tabacalera

Lehenengo hitzak euskaraz egin ditu Joseanek. Gaurkoa gazteleraz esango duela. Izan ere, gaztelera-ingelesa eta ingelesa-gaztelera ziren itzultze aukerak. Dena den, euskara proiektuaren funtsa dela esan du.

XX. mende hasieran zabaldutako fabrikan egingo dela zentroa aipatu du, langile auzo batean.

Noiz: Proiektua XXI. mendean sortzen da, internet gure bizitzan sartu ondoren. Eta hori datu aipagarria da: muga guztiak pikutara joan dira. Une honetan, autore izateko aukera dugu.

Non: Donostia-Gipuzkoa-Euskal Herria. Ez da terreno baldioa. Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia Kulturaren Zine Unitatea, Liburutegiak (nire oharra: kultur etxeak aipatzea ahaztu zaio), Arteleku, Oteiza museoa, Chillida-Leku…

Ez gara museo izango: ez dugu gauzak gordetzeko asmoa. Partekatzea, hedatzea, partehartzea.

Eraikina: bi irteera dituen edifizioa da, bata langileentzat, bestea kargarako, tren geltokira ematen duena. Eraikina ez da Donostiako argazkian azaldu.

Gaur egun, parke publikoa (Cristina-Enea) du aldamenean eta Tabacalera ere publiko da egun. Eta datu hau garrantzitsua da: lehen dena zen pribatu, itxia.

CICC hiru erakundeek osatzen dute (Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza). Hirurek hiria aipatzen dute: Donostia, Gipuzkoa Hiria, Euskal Hiria. Azken hau, gainera, ez dago batere garbi, eztabaidagarria da (hiru lurraldeak, zazpi probintziak).

Eremu hauek aipatu ditu: produkzioa, erreflexioa, erakustaldia, prestakuntza eta artxiboa-hedapena (webgunea).

Hiriaren definizioa eztabaidagarria da: hirien hiri, pasoko hiri, mugako hiri. Euskaldunak kanpora joan gara. Batez ere, bi bide jorratu ditugu: Latinoamerika eta Iparraldea, itsasgizonak eta arrantzaleak.

Hiri transfronterizoa. Bi hizkuntza ditugu, abiapuntu gisa, migrazioa bertan dugu-eta, ingelesa ahaztu gabe. Joseanek esan du hizkuntza ez dela ahuldadearen sinonimo: justu kontrakoa, nahiz euskara hizkuntza minoritario izan, abantaila da, ez handicap.

Anjel Lertxundi aipatu du: elebitasuna bizikidetza eskola dela, “escuela de convivencia”. Neurri horretan gertuago dugu Reykavik eta Girona, Madrid eta Paris baino. Iparrak erreferente behar du izan. Gaztelerak ematen du aukerarik Latinoamerikara joateko. Eta bi norabide horietan aritu ahal izatea abantaila handia da.

Joseanek adierazi du gai potolo hauek maneiatzen dituztela lan hipotesi gisa: hiria, hizkuntza eta gorputza (pertsona, norbanakoa, intimitatearen merkantilizazioa).

Era berean, une honetan teilatua baino lurra dela garrantzitsuagoa: plaza, gune publikoa. Bizitzaren gunea izan behar du eta denok egon gaitezke bertan, ez bakarrik kultura munduko jendea.

Eremu guzti hauek berrikuntza hitzak ukitu behar ditu.

Etxe baten moduko irudia jarri du eta ondorengo hauek aipatu ditu:

Irudia eta teknologia berriak; Industria eta teknologia berriak; Arte garaikidea eta argazkigintza (COFF); Zinea-bideoa-musika-telebista (Euskadiko Filmategia); Kultur Informazio Gunea: Kulturen arteko topalekua; Liburutegia; Zerbitzuak/aisialdia.

Industriak ezin du kulturatik at egon. Erakundeek eta enpresek parte hartu behar dute. Azken hauek dirua jarri beharko dute, baina horretarako proiektuaren barruan egon behar dute derrigorrez. Ezin da dena egin ondoren, eskean joan. Gipuzkoako I+G-aren garrantzia azpimarratu du Muñozek eta eremu horrek eraikinaren oinarrian egon behar duela.

Erramintak partekatzeko fabrika. Bizirik mantendu beharrezko gunea izan behar du. Jarraitu behar dugu erreflexionatzen, pentsatzen, eztabaidatzen.

Une honetan eremuz eremu ari gara eta dagoena optimizatu nahi dugu. Bitartean, plaza kontzeptuarekin geratu behar dugu. Uda gertu dagoenez, gonbidatu du jendea bertara joatera, espazioa bereganatzeko. Okupatzeko, azken finean.

Kepa Korta, Donostiako Plan Estrategikoa

Kepak Donostiari buruzko zenbait datu aipagarri bota ditu (zertarako ari garen lanean, gutxi gora behera).

Europan ba omen dago 200.000 biztanle baino gehiago dituzten 180 hiri. Hiri horien sailkapena 17 irizpideren arabera egiten da.

Gipuzkoa kontutan hartuz, kultur espezializazioa handia dela esan du. Garapena azkar doa: etorkinak behar ditugu eta etorriko dira.

Formakuntza: gero eta unibertsitari gehiago dago. Europan bataz bestekoa % 20aren bueltan bada, hirian % 36koa da portzentaia hori 35-39 urte bitartekoen artean.

Inbestigazio-gune asko daude: hiru probintzietan 56 daude, 30 Gipuzkoan, 19 Donostialdean.

Irudiaren hiria egitea da proiektua eta hor paper garrantzitsua joka dezake Tabacalerak.

Nola sortu zen proiektua? Bi gune erakargarri ditugu: Kontxako Badia eta Guggenheim. 2001ean hiru erakundeek sinaturiko akordioa gogoratu du. 2002ko maiatzean Manifesta 5 antolatzea erabaki zen. 2003-2005ean Tabacalerako eredua lantzen da, 2006an zuzendaria eta lan-taldea aukeratu dira.

Imaginarioa (helburu eta irizpide garrantzitsuak), Bartomeu Marík eginiko lana eta etorkizunari begira ondorengo hauek aipatu ditu: akordioa; azpiegiturak eta pertsonak; proiektuaren gizarteratzea; nazioarte mailako sarea; jarduerak; proiektu urbanistikoa eta arkitektonikoa.

Mikel Lejarza, Grupo Árbol

Bertaratutakoak euskaraz agurtu ondoren, Lejarzak esan du oso gustura datorrela, nahiz ez jakin zergatik gonbidatu duten bera Tabacaleraren proiektura. Hasieran, gainera, anekdota bat kontatu du.

Hau da, bera telebistaren mundukoa da, hedabide friboloa, denostatua. Telebista txarra da eta liburua guztiz kontrakoa. Aurten, urrian, 50 urte beteko ditu telebistak Espainian. XXI. mendeko medioa baino XX. mendekoa da.

Hori bai, % 88,6ak egunero pizten du telebista gutxienez minutu batez. Prentsa, berriz, % 44ak irakurtzen du eta interneten % 31a ari da. Beraz, kontsumo izugarria du hedabide honek.

Telebista sortu zenean, aisialdiaren demokratizazioa ekarri zuen. Funtsezkoa izan zen gai izatea berezko hizkuntza sortzeko.

Komunikazioaren edo digitalizazioaren gizartea hemen dago jada. Erronka du epe motzera: lengoaia propioa sortu beharra. Telebistak palanka egingo du.

Tabacalera proiektu izugarria da, baina, bere ustez, agente aktiboa behar du izan lengoaia propio hori sortzerako orduan.

Exhibizioa ondo dago gure inguruan, baina produkzioak eta sorkuntzak jarri behar dira erdian, epizentroan.

Bukatzeko, bi datu: Eliza alde batera utzita, telebista da irudi txarrena duena jendearen artean (eta barre egin du San Telmoko elizan bota duenean konturatzerakoan); Billy Wilder gogoan: egin dezagun nahi duguna, baina ezin dugu jendea aspertu.

Lourdes Fernández, ARCO

Manifesta 5 antolatu zuen Lourdes Fernándezek. Eta gaur egun ARCO feriako zuzendari izendatu berria da. Apenas hitz egin duen. Manifesta 5 defendatu du eta ARCO feriaren zenbait lan ildo aipatu ditu, ustez Tabacalerak kontutan hartu beharrekoak. Denbora gutxi dagoela eta onena eztabaida-tartea zabaltzea izango dela.

Eztabaida

Ángel Álvarezek (Convention Bureau-n ibilitakoa) eztabaida ireki nahi izan du. Ez da oso gustura geratu Josep Ramonedak esan duelako berak ez duela turistentzat lanik egiten. Ángelen ustez turistak erakartzeko gune izan behar du zentroak. Ez dugu dirurik barrura begira lan egiteko.

Mikel Lejarzak esan du Tabacalerak talentua(k) erakarri behar d(it)uela. Turistak, noski baietz, baina talentua batez ere. Eta adibidetzat jarri du atzo puntako sukaldari euskaldun baten jatetxean egon zela eta sukaldean zenbat ikasle kanpotar zegoen.

Urkok galdetu dio Josean Muñozi finantzabideak loturik ote dauden. Muñozek gai horiek lotu gabe daudela esan du. Ezin dugu lurrean ibili, oraindik, beste maila batean ari gara. Kontutan hartzekoa izan daiteke ZKM zentroa. Hori bai, jakinik Karslruhe ingurua industria konpainia handiez osatua dagoela eta hemengoa enpresa txiki eta ertainez josia dagoela. Gizarte guztiak konpartitu behar du proiektua, industriaren beharrak aintzat hartu behar dira, finantzabideak ezin dutelako publikoak izan soilik.

Mikel Lejarzak argi esan du diru asko behar dela, baina garrantzitsuena gizartean ilusioa piztea dela. Herritarrek zer nahi dute proiektu hau edo Corte Inglés? Beraiek erabaki beharko dute. Hori bai, kontutan hartu proiektu hau, komertzialki, oso interesgarria dela, kultura garaikidea duelako oinarrian. Adibide gisa FNACera joaten dela bera igande arratsaldetan eta tokia lepo egoten dela.

Chillida-Leku museoaren izenean hitz egin du emakume batek. Garrantzitsuena kalitatea da. Gure museora, dio, turista eta bisitari asko datoz.

Guggenheim museoaren izenean beste emakume batek hartu du hitza. Donostiarra da. Ez zaizkio gustatu Donostia-Bilboren baitan ulertu dituen gaurko zenbait aipamen (adibidez, Kepa Kortak aparatu deitu dio Gehry-renari; Kortak gero argitu du hori ez duela tonu iraingarrian bota). Ordezkari honek esan du beti publikoari begira egiten direla programazioak (zenbat eta bertako jende gehiago, orduan eta kanpotar gehiago ere). Kontuan hartu beharreko kontzeptua ez omen da bertakoak-kanpokoak: gaur egun ez dago distantziarik eta asteburuko publikoa dago.

Gainera, aipatu du, Guggenheim museoak bisioa, misioa eta balio argiak dituela (nahiz eta bere garaian oso eztabaidatuak izan). Guzti hori argi dute eta ez dira horietatik aparte joaten.

Guggenheim museoaren kudeaketaz ere egin du berba. Gaur egun, zuzendaria munduan zehar dabilela horri buruzko hitzaldiak ematen.

Aipatu du ere, bere garaian, inguruko gizarteak ez zuela ilusio handirik proiektu horrekiko. Gaur egun, berriz, ilusioa handia da. Erronka ederra da, Joseanek adierazi dituen printzipioekiko leialtasuna mantenduz gero.

Josep Ramonedak argitu nahi izan du ez duela ezer turismoaren aurka. Jendea erakartzeko gai diren gauzak egin behar baititu. Etxea betetzen denean pozik dagoen horietako dela bera. Kontutan hartu, hori bai, La Pedrera eraiki zenean ez zela turistentzako egin, baina gaur egun bisitari asko dituela. Bukatzeko, neurriak, tamainak ekarri ditu gogora. CCCBk 12000 metro koadro ditu, datorren urtean 15000 metro koadro izango ditu obrak bukatzerakoan. Urtean 10 milioi euroko aurrekontua maneiatzen du.

Mikel Lejarzak esan du ez duela Bilbo-Donostia borrokarik nahi. Eta haren ustez Guggenheim museoak hasieratik piztu zuen bilbotar guztien ilusioa. Proiektu horrek lidergo garbia izan zuen.

Herritar batek agintarien artean dagoen dibortzioa, berriz ere, agerian geratu dela esan du. Politikari jaun-andreak, arren, ados jarri. Nola beteko dugu amets hau?

Eta honela amaitu zen eztabaida. 13:30etan Fuensanta Nietok, Nieto y Sobejano arkitekto estudiokoak, San Telmoko proiektu arkitektonikoaren berri eman zuen. Alde egin nuen.

Orokorra

etiketak:
patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/05/15 20:48

Ene, Iturri! Txapela kentzeko moduko lana egin dozu. Ahoa bete hortz laga nauzu.

Ez dakit zeintzuk, baina euskarazko blogen marka dexente apurtu dituzu egunotan.

Bejondeizula!

Beñat
Beñat dio:
2006/05/19 14:48

Benetan ona eskeini diguzun informazioa. Oso gai interesgarria da, eta Topaketetan izan banintz bezala irakurri ditut zure kronikak.

Eskerrik asko

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter