Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Zuzenbidea edo gurutzebidea

Mikel Iturria 2007/05/05 06:00

Blogaren aurkezpenean kontatu nuen bezala, Zuzenbidea ikasitakoa naiz. Hamabost urte pasa dira karrera amaitu nuenetik (bide batez, animoak ikasturte honen amaieran azterketen gurutzebidean laster sartuko diren ikasleei). Bizimodua beste zenbait gauza eginez atera dut aurrera eta, beraz, Zuzenbidearekin nuen harreman urria galdu dut jada.

Dena den, ez da asko jakin behar "kutsatuta" egoteak ziurtasun juridikoaren printzipioarekin zer ikusi gutxi duela jakiteko. Kutsadura hitza beste eremu batekoa da. Adibidez, egokiagoa erraustegiari aplikatzeko.

Baina, izar bilakatu nahi duten epaile andana dago gaur egun suelto. Azkena, gauez Pantojaren bila polizia bidali zuena. Eta Sustatuk kontatu bezala, honetan ere euskaldunok badugu zer ikusia.

El País egunkariak argitaratu zuen pasa den asteazkenean Quimi Portet eta Ruper Ordorika musikarien arteko solasaldia. Portet kataluniarrak zera esan omen zuen: "Pantojari ez diote galdetzen zergatik abesten duen gaztelaniaz". Noski. Bera diruduna da eta berari galdetzen diote nondik ateratzen duen dirua, zergak pagatzen ote dituen, etab.

Gauzak dauden bezala, ez nau penatu Zuzenbidearen estratatik barrena ez ibiltzea. Zorionekoa ni.

En castellano

Kaliforniatik bihotzez

Mikel Iturria 2007/05/02 07:00

Joan den astean jaso nuen etxean Postmodernitateari buruzko jardunaldien berri emateko Koldo Mitxelena Kulturuneak bidalitako txarteltxoa. Atentzioa deitu zidan Joseba Gabilondo irakaslearen izenak.

Michigango unibertsitatean ari da lanean Joseba. Izena ezaguna egiten zitzaidan, baina ez nuen zergatia gogoratzen. Curriculuma begiratzerakoan, berriz, honekin akordatu naiz:

Liburua ez dut irakurri, baina mamia Diario Vasco egunkariaren garai bateko Zabalik gehigarrian idatzitako artikuluek osatzen dute. Gustura leitu nuen 80. hamarkadaren bukaeran edota 90. hamarkadaren hasieran argitaratutako Kaliforniatik bihotzez gutun sorta. Hasierako esaldia kenduta ez dut beste ezer gogoratzen: oker ez banago, Dear Marijo ziren beti lehenengo berbak. Estimu handitan nituen artikuluak, niretzat urrunekoak ziren kontuak azaltzen baitziren bertan.

Liburua aurkitu eta irakurri beharko dut. Bitartean, maiatzaren 3an eta 4an izango da Gabilondo zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera Donostiako KMKn. Ea ostegunean joaterik dudan, ostiralean Elgetako Espaloiara igotzeko asmoa baitaukat.

En castellano

Sarrirekin harremanetan jartzeko

Mikel Iturria 2007/04/30 06:00

Larunbat arratsaldean ari naiz lerro hauek idazten, nahiz eta apunteak astelehen goizeko data daraman. Eguerdian irakurri dut Gara egunkariaren Mugalari gehigarrian Aritz Galarragak sinatutako bi orrialdeko erreportajea. Gaia: euskaratik itzultzen diren literatur lanek ea inguruan pizten ote duten interesik. Iban Zaldua, Jorge Giménez, Bego Montorio, Gerardo Markuleta idazle, itzultzaile eta editoreak azaltzen ziren kontsultatutakoen artean. Baten bat ahaztu egin zait, baina periodikoa taberna batean leitu dut eta, zoritxarrez, gehigarria ez dago sarean.

Atentzioa deitu dit Hasier Etxeberriak zioena. 2002an argitaratu zuen Alberdaniak bost idazleri eginiko elkarrizketa liburua. Gehienok gogoratuko duzue boskotea: Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria eta Sarrionandia. Liburu hori gazteleraz ere argitaratu zuten.

Honek ez omen zuen oihartzun askorik izan eta euskarazko edizioak baino salmenta urriagoak erdietsi zituen (3-1 Hasierrek dioenez). Etxeberriak ez du ulertzen liburuak Espainiako intelektualen artean edo unibertsitatean (giro akademikoan, laburbilduz) hain interes eskasa piztea.

Egunkariko lerroak irakurtzen nituen bitartean, liburu horren ale bat saltzen saiatu nintzela oroitu naiz. Bi urte atzera egin beharko genuke. Oker ez banago, 2004ko martxoan Espainiako hauteskundeen kanpainan edo kanpainaren atarian.

Madrilen argitaratzen den egunkari bateko kazetari baten deia jaso nuen. Irakurrita zuela nik Sarriri buruz idatzitako hau eta idazlearekin jarri nahi zuela harremanetan.

Agian Sarriren editoreek maiz jasoko dituzte horrelako eskariak, baina niri inork ez zidan inoiz deitu Sarrirekin harremanetan jartzeko ea zer egin behar zuen galdezka.

Sarean Sarriri buruz gauza gutxi zegoela ikusirik, 2001aren bukaeran idazleak 1998ko tregua garaian idatzitako pare bat artikulu jarri nituen gazteleraz, baita iurretarrari buruz Harkaitz Canoren beste artikulu bat ere. Ulertuko duzue, beraz, nire ezustea.

Harridura bentzutu ondoren, Sarrionandiarekin inoiz harremanik eduki gabea nintzela argitu nion. Are gehiago, ez nekiela non zegoen. Editoreengana bidali nuen, baina kazetariak kontaktua zertarako nahi zuen esandakoan, halako batean, Hasierren liburuarekin gogoratu nintzen. Liburu horrekin nahikoa izango zuela esanaz despeditu nuen periodista.

Erosiko ote zuen liburua? Idatziko ote zuen artikulua? Auskalo. Egunkariaren webgunean arakatu dut, baina ez dut ezer aurkitu.

Maiatzaren 1eko eguneratzea. 21:15etan: Norbaitek taperware kolektiboan kopiatu du Mugalarin agertutako "5 escritores en busca de lector" liburuari buruzko erreferentzia.

En castellano

Pulitzer Saria: minbiziaz hil zen 10 urteko haurraren argazki sorta

Mikel Iturria 2007/04/28 10:09

En castellano

Zuotako askok plan ederra izango duzue aste bukaerari begira (nik ere bai). Baina hemen agertzen den 10 urteko haur honi egindako erreportajeak gorputzaldia aldatu egin dit. Minbiziaz hildako ume estatubatuarraren eta amaren argazkiek irabazi dute 2007ko Pulitzer sari bat. Zera dio oinak:

“Awarded to Renée C. Byer of The Sacramento Bee for her intimate portrayal of a single mother and her young son as he loses his battle with cancer”.

Pasa den larunbatean nire amaren lehengusu bat eraman du minbiziak. 71 urte zituen. Mari, emazteari, eskainitako apuntea da hau, inoiz irakurri ez duela jakinda ere.

Julen Iturbek Mikel Agirregabiriarenean ikusitakoa aipatu duelako enteratu naiz.

Eguneratzea: 21:00etan: Pertsona batek utzi du Iturberenean saritutako erreportajeen lotura zuzena.

Subir y bajar laburmetraia

Mikel Iturria 2007/04/27 11:00

Emakumeen aurkako indarkeria salatzen duen lau minutuko laburmetraia. Aktoresa bikaina (Irene Anula) agertzen da bakar-bakarrik.

Zuzendaria: David Planell

Creative Commons lizentziapean

Vagabundeando, urtebete mundua korritzen

Mikel Iturria 2007/04/25 07:00

En castellano

Hannoten webgunean irakurri dut Ernes izeneko bere lagun batek urte sabatikoa hartu duela munduan zehar ibiltzeko.

Sarean dabilen XXI. mendeko pertsona denez, oso webgune majoa muntatu du haren urratsak jarraitu nahi dituen jendeak jakin dezan tipoa non dagoen.

Bio

Ibilbidea

Youtube

RSS harpidetza

Bidaia Costa Rican abiatu du. Zorte on.

Egile eskubideak: Ernes

Bost minutu hemezortzi segundu

Mikel Iturria 2007/04/23 01:00

Moscas en la sopa blogean ikusia.

Ezer gutxi esan daiteke Oklahomako tiraleku honi buruzko bideoa ikusi ondoren. Zirrara sortzen du play tekla sakatu ondoren metrailadoreari itsatsita agertzen den neskatoaren naturaltasuna. Eta jendea iufaka ra-ta-ta-ta-ta egin ondoren. Lasaitu ederra hartuko zuten beraiek. Nik ez ordea.

Nacho Escolar Donostian maiatzaren 15ean

Mikel Iturria 2007/04/22 07:00

En castellano

Ostegunean jakin genuen Nacho Escolar izango dela La Sexta telebistako zenbait akzionistek martxan jarri behar duten periodikoaren zuzendaria. Loretxoak dio proiektu horren emaitza urrian egongo dela kalean.

Ez da hori abian den proiektu bakarra, Juan Varela eta Iñigo Sáenz de Ugarte beste periodiko bat (digitala kasu honetan) ari baitira prestatzen.

Escolarrek zuzenduko duen periodikoari dagokionez, Zapateroren egunkaria izango dela esan dit pertsona ezagun batek. Ez dakit horrela izango den, baina arriskua hartu dute 31 urteko profesionala buruan jarriz. Itxuraz, adin beretsua zuen Pedro Jotak Diario 16 egunkariaren zuzendari izendatu zutenean.

Dena dela, nik kontatu nahi nuena zen Donostian egongo dela Ignacio Escolar maiatzaren 15ean. Aurten hirugarren edizioa beteko du Literaktum jaialdi txikiak, hiriko zenbait kultur etxek eta Liburutegi Zentralak antolatzen duguna. Literatura du ardatz jaialdiak, baina beste zenbait diziplina eta lengoaia ere sartzen ahalegintzen gara.

Ni oso pozik nago Escolar kultur etxean egongo delako. Baina konturatu naiz saretik kanpo inork ez duela ezagutzen. Eta sarean hasi beharko dut/dugu zabaltzen maiatzaren 15ean Joseba Iriondo eta Ignacio Escolar kazetarien arteko solasaldia gidatuko duela Alberto Moyanok. Gonbidatuta zaudete.

Te damos la chapa-Ziutateaz

Mikel Iturria 2007/04/21 08:00

En castellano

Atzo inauguratu genuen erakusketa berri bat. Aurten ere Ceinpro ikastetxeko irakasle eta ikasleek egindako lanak merezi du bisita bat.

Materiala ikusgai egongo da Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 26a arte: astelehenetik ostiralera (16:00etatik 20:30etara) eta larunbatetan (16:30etatik 20:30etara).

Eta hau da prentsa-oharretik hartutakoa:

Ceinpro zentroko ikasleek diseinatutako erakusketa da "Te damos la chapa-Ziutateaz", parte hartu duten gazteek, zein ikusleek, dibertitzeko, ikasteko eta, batez ere, hausnartzeko asmoz muntatu dena: argazki sorta bat, 120 txapa eta diaporama bat.

Donostiako Udalak 2007ko martxoan Kursaalean antolatutako Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen 8. Topaketan parte hartzera gonbidatu zuen ikastetxea. Topaketek elkarbizitza, ingurugiroaren iraupena eta pertsonen arteko berdintasunari buruzko kezka zuten ardatz; hau da, hiri eroso eta abegitsuaren aldeko aldarria.

Ikasleek diseinatutako txapak kongresuan parte hartu zutenei oparitu zieten antolatzaileek. Era berean, hiriari buruzko ikuspegia landu zuten irudi eta mezu ezberdinak nahasten dituen filmean: alde batetik, pobrezia, gerratea edo kutsadura bezalako gai gordinak; bestetik, ziutate hobeago baten aldeko itxaropen deia: paisaia ederrak, bidegorrien sarea, euria, ura edo hirian barrena eginiko ibilaldiak.

Diseinua eta sorkuntza prozesua nolakoa izan den laburbiltzen duen liburu formatuko dokumentu grafikoa osatu dute ere.

Hauek dira artistak:

María Adamut, Irene Ascunce, Aaron Bachiller, Iñaki Castillo, Pol Echeverria, Igor García, Manuela García, Jon Jiménez, Patricia Larrea, Alba Lorenzo, Izaskun Martín, Ekain Mateos, Ruth Portela, Jon Ruesgas, Aitor Salgado, Joana Sánchez, Katerín Sánchez, José Sanz, Ainhoa Telletxea, Ion Urrestarazu eta Julen Zuaznabar.

Irakasleak:

Juan García, Ana Gómez, Eleder Lacuesta, Iban Lafont, Susana López-Garín, Mamen Marí, Luis Pozo eta Adela Rojo.

Maria eta cannabisa

Mikel Iturria 2007/04/19 07:00

En castellano

Berria irakurriz enteratu nintzen atzo eguerdian María San Gilek minbizia duela eta, horregatik, politika utzi behar duela bolada batez.

Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen: "ea sendatzen den!". Bigarrena, berriz, ea trantze honek zer pentsatua ematen dion eta ikuspegia moderatzeko aukera duen (gure hobe beharrez).

Lerro hauek idatzi aurretik, espero nuen bezala, ikusi dut Joxek ere animoak bidaltzen dizkiola San Gili.

Arratsaldean, etxerako bidean, Mezularia entzun nuen hamar minutuz. Martin Barriusok gonbidatu zuen Maria Panag elkartera (hemen Martini duela hilabete batzuk eginiko elkarrizketa bat). Elkarteak cannabisaren legeztatzea aldarrikatzen du eta aipatu sustantziaren erabilera terapeutikoa gomendatu zion Barriusok, goragalearen kontra.

Badakit ez dela txisteak egiteko unea, baina beste elkarte hau egokiagoa dela uste dut.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter