Amaya Zabarte justizia eske
Aste honetan Amaya Zabarteren bikotekidea, Joseba Novoa, Gasteizko Parlamentuan agertu da emaztea zauritu zuen erruduna identifika dezaten eskatuz. Urte eta erdi luzeko borroka darama bikoteak gurutzebide bihurtu den prozesuan argitasun bila.
Justicia para Amaya Zabarte, este apunte en castellano
Laburbilduz, 2024ko martxoaren 5ean Realak Champions Leagueko partida zuen Anoetan PSG taldearen aurka (Mbappé paristarren elastikoarekin egon zen Donostiako zelaian lehen aldiz egun hartan). Istiluak ekidin nahian operatibo handia osatu zuen Ertzaintzak.
Ondo baino hobeto gogoratzen dut lagun batekin sartu nintzela zelaira eta ze itxura zuen inguruak: gaua, polizia (beltzak), topoaren obrak.... bataila baten ondorengo paisaia. Egia esateko etxera joateko gogoa ematen zuen, baina arazo handirik gabe sartu ginen.
Amayak eta Josebak kontatu dutenez, semearekin batera joan ziren egun hartan. Hirurak hurbildu ziren zegokien atera, baina Amayak ezin izan zuen sartu, telefonoaren estaldurak ez ziolako ahalbidetu bazkide txartela erakustea. Aita-semeak barrura egiten zuten bitartean, metro batzuk urrutiratu zen andrea, kobertura bila.
Horretan ari zela, telefonoari begira, ertzain batek jaurtitako foam pilota batek eman egin zion buruko atzealdean; 20-30 metrotik, dirudienez. Zerbait sentitu zuen, lurrera erori eta, altxatzeko ahaleginetan ari zela, ertzain taldea pasa zen ondotik, formazioan, inork behar den bezala esplikatu ez duen zeri edo nori aurre egitera. Formazioko batek ostikada eman zion paretik pasatzerakoan.
Altxatu, senarrari kontatu zer gertatu zitzaion eta, kommozionatuta, estadiora sartu zen semea lasaitu nahian. Handik gutxira, egoera ezinezkoa zela ikusita, hirurek alde egin zuten. Bidasoa Ospitalera jo, eskanerra egin eta Donostia Ospitalera bideratu zuten. Bertan, ZIUn sartu zuten.
Hemeretzi hilabete pasa badira ere, Zabarte ez da erabat errekuperatu.
Garai hartan Erkoreka zen Segurtasun sailburu. Tamalez ohi samarra den jokaera errepikatuz, bertsio ofizialak ez zuen bat egiten denok sarean ikusi genituen irudiek adierazten zutenarekin.
Joan zen Urkullu eta berarekin Erkoreka. Pradalesek Zupiria izendatu zuen. Gauzek berdintsu jarraitu dute eta familiaren gurutzebidea samurtasunetik urrunegi dago oraindik ere.
Ez da soilik Ertzaintzarena izan jokabide eskasa: Justizia Administrazioan instrukzioa egiten ari den epaileak ere trabak baino ez ditu jarri.
Aurreko apuntea GALek duela 40 urte Baionako Monbar Hotelean hildako lau pertsonen senideek jasotako tratuaz idatzi nuen. Zorionez, Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak barkamena eskatu zien irailaren amaieran pairatutako tratua dela eta.
Askotan, estatu-indarkeria tartean dagoenean, Justizia Administrazioak ez du bere lana egiten.
Hori da Amaya Zabarteri gertatuko zaiona?
1985eko Hotel Monbarreko atentatua
Irailaren 25ean Iñaki Guridik gidatutako Euskadi Irratiko Faktoria saioa entzun nuen, goizez. Zuzenean ari zen Guridi, Baionatik. Eta hainbat kide zituen inguruan: Txetx Etxeberri, Itxaro Borda, besteak beste. Telefonoz sartu zen Fermin Muguruza. Saiatu naiz saioa Guau-n bilatzen, baina jada ez dago eskuragai.
Gero ekitaldia egon zen Baionan bertan. Jendetsua. Argia aldizkarian duzue kontakizuna: GALek Monbar hotelean hildakoek aitortza zabala jaso dute Baionan.
Askotan badirudi ez dela ezer gertatzen, baina azpitik gauzak beste modu batez gertatzen dira eta, bat-batean, azaleratu egiten dira.
Abuztutik nekien Gogora Institutuak erakusketa bat antolatu behar zuela Monbar hoteleko atentatuari buruz Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Urriaren 11n bisitatu ahal izan nuen. Ikusgai dago urriaren 20ra arte. Gunearen goiko solairuan dago, kultur etxeko liburutegirako sarreran. Txikia da, xumea, baina hamahiru panelek laburbiltzen dute atentatu hura eta GALen historia.
Garrantzitsuena orain dator. Ezin izan nuen joan irailaren 29ko inauguraziora, baina bertan María Jesús San José sailburuak barkamena eskatu zien Monbarreko biktimen senideei. Erakunde eta alderdi politikotako ordezkari ugari bildu zen bertan, baita GALen eta ETAren biktima batzuk ere.
Hona hemen nola jaso zuen El Diario Vasco egunkariak: El PSE pide perdón a las familias de los asesinados por los GAL: «Nunca debió ocurrir». Antzera ere Berria egunkaria: San Josek barkamena eskatu die Monbarreko biktimen senideei: «Lau hamarkadako absentzia instituzionalagatik».
Bigarren ekitaldi bat egon zen urriaren 7an. Antolatzaileen arabera, pedagogia egitea zuen helburu mahai-inguruak. Hiru kide eseri ziren jendaurrean: Ainara Esteran (Egiari Zor), estatu indarkeria pairatu duten hainbat biktimen elkartea; Jon Mirena Landa, Zuzenbide Penaleko katedraduna (EHU), Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren zuzendaria (EHU) eta Jaurlaritzako Giza Eskubideen ataleko zuzendari ohia; azkenik, Jerónimo Ríos, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea Zientzia Politiko eta Soziologiako Fakultatean eta, Egoitz Gagorekin batera, GALen biktimen testigantzak jasotzen dituen El terrorismo de estado ante sus víctimas. Conversaciones a propósito de Los GAL liburuaren egilea.
Mahai-inguruaren kronika duzue irekian Garan: Monbar, culmen de los GAL y prueba de su impunidad y del maltrato a las víctima.
Hiruko mahaia bereziki interesatzen zitzaidan eta horregatik entzun dut sarean. Behean duzue bideoa.
Ez hori bakarrik, NotebookLMren laguntzaz, bertan esandako guztia jaso dut gaztelaniazko blogean: 40 aniversario del atentado del Hotel Monbar. Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariaren sarreratxoa eta Maitane Salinas gidatzailearen hasierako hitzak kendu ditut.
Behean ere erakusketako irudi batzuk jarri ditut. Telefonoarekin egin nituen.
Enric González
Abuztuan hamar urte bete ziren Rafael Chirbes idazlea hil zela. Patrikako telefonoan nuen audioen artean, berea zen bat nuen, entzun gabea. Madrilgo March Fundazioan 2009ko otsailean irakurritako 40 minutu inguruko interbentzioa zen. Transkribatu nituen Chirbesen hamabost minutu inguru eta gaztelaniazko blogean argitaratu nuen testua: Chirbes y la estrategia del boomerang.
Horri esker, jakin nuen March Fundazioak azken 50 urteetan beren eremutik pasa diren artista, idazle eta intelektualen audioak eta bideoak dituela sarean (Canal March). Beraiei kasu eginez gero, «espainolezko kulturaren ikus-entzunezko ataririk handienetakoa». Hasiera-hasieratik grabatu baitute dena eta gaur egun Internetek ematen dituen abantailak aprobetxatuz, material hori eskuragarri baitago.
Duela pare bat aste, foro horretan Andreu Manresa kazetariak Enric Gonzálezi eginiko elkarrizketa entzun nuen. Bien arteko topaketa 2025eko maiatzekoa da.

Ordu eta laurden irauten duen solasaldia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Eta azken egunetan, tarte sueltoak erabiliz, joan naiz material hori transkribatzen. Badakit baudela audioak transkribatzen dituzten programak, baina ez dut topatu ezer erabilerraza. Norbait zerbait gomendatzeko gauza bada, eskertuko nioke.
Enric González kazetari espainiarra da, ibilbide luzea egin duena korrespontsal gisa El País egunkariarentzat: Paris, Erroma, Londres, Jerusalen, New York, Washington eta Buenos Aires.
Irakurri nahi baduzue zer dioen, hona hemen lotura: Enric González en la Fundación March.
Arnasestuka
Pasa den igandean gimnasiora hurbildu nintzen astean zehar oinez egiten dudan ariketa fisikoa osatze aldera. Laupabost makina eta lurreko ariketa batzuk.
Podcast-en bat entzuten nuen bitartean, halako batean konturatu nintzen pertsona batek oso portaera arraroa zuela. Gimnasioetara joaten ez zaretenak usteko duzue orain kontatuko dudana ohikoa dela, baina ez, arau baino, tipo honena salbuespena zen.
Oinez edo korrika egiteko makinetan ari zen serie batzuk egiten. Gero pasatzen zen lurreko ariketa batzuk egitera. Denetan arnasari buelta eman ezinik zebilen, arnasa ozenki hartzen, modu oso nabarmenean.
Halako batean, albotik agurtzera pasa zen ezagun bati kontatu zion 50 minutuko entrenamendua egiten ari zela. Kilometroa 4 minutuko erritmoan, 10 segundu gelditu eta lurreko ariketak egiten jarraitu. Horrela etengabe, 50 minutuz.
Ez zituen 50 urte izango, baina ez zebilen adin horretatik oso urrun. Ikusi duzue nola bukatu dituzten gaur Kontxako estropadak arraunlariek? Horrelako zerbait.
Amaitu zuenean lagunari esan zion bezperan iluntzean jandako bokadiloaren estra kendu zuela.
Mutiko, horrela jarraituz gero, halako batean bertan geratuko zara, pentsatu nuen.
Zaharrak handitzen doaz
Esan bezala, amarekin medikuarengana hurbildu nintzen abuztuaren 1ean. Mediku aldaketa genuela konturatu nintzen, azken urteetako medikua jada ez zegoela ikusi bainuen webgunean hitzordua hartzeko unean. Galdetu eta esan zidaten beste anbulategi batera joan dela.
Las personas mayores van para arriba, este apunte en castellano
Berriro ere Irungo erdialdeko osasun etxearen atzealdean dagoen barrakoi prefabrikatu batean genuen hitzordua. Eta horrela pasa dira, gutxienez, laupabost urte. Prentsan irakurri nuen Jaurlaritza eta Udala adostasun batera iristekoak zirela Oñaurren beste zentro bat eraikitzeko; Irungo hirugarrena litzateke, gaur egungo eraikin zaharra eta Dunboa auzoan duela urte batzuk egindakoa kontuan hartuz.
Udan ez da arazo handirik egoten, baina imaginatu ordu laurden pasa behar baduzu zain pertsona gaixo batekin, zaharra bada okerrago, zonalde ospel batean. Gogoan dut iazko udazkenean txertoa jartzera joan ginenean zegoen giro kaskarra, hotza eta euria.
Ahaztu gabe medikuek eta erizainek bere lanjardun osoa pasa behar dutela horrelako toki txiki eta desegokian.
Eta esango nuke kexatu bai, baina ez dugula protestarik egiten. Eta agintariek badakite ez gaudela antolatuta. Nabarmen gainera.
Uztailaren 31n, berriz, ama baino pixka bat zaharragoa den ezagun bati egin genion bisita. Hamar egun ospitalean egon ondoren, astebete eskas zeraman etxean. 95 urte ditu MJk. Bere bizilagun Ck, berriz, 89 zituela esan zigun. Hiruretatik gazteena gure ama, 88 urte irailean.
Bere gauzetaz ari ziren patxadaz eta ni isil samar, bazter batean, adi. Halako batean, etxeko andreak esan zuen triste zegoela 30 urteko bi bilobak gutxi joaten direlako bisitan.
Irundik gertu dagoen herri batean bizi badira ere, ospitalean agertu zirela. Amonak ea ospitalea etxea baino gertuago ote zegoen galdetu ei zien. Eta ez, etxebizitza eta ospitalea bi kilometroren bueltan daude.
15 hilabete pasa omen zuten biek 95 urteko amona bisitatu gabe. Hori da amonaren bertsioa. Hala ote den? Nik ez dakit, gure amarekin ere askotan gertatzen baitzaigu bere ustez bakarrik dagoela, baina egunero du norbait gertu.
Hori bai, amonaren bertsioa benetazkoa bada, bilobek ez dute lotsik.
Zaharrak handitzen doaz, baita gu ere. Xuan Bello hil zen uztailaren 29an. 60 urte zituen. Astindua jaso nuen heriotzaren berri izan nuenean. Liburu bakarra irakurri banion ere (Hestoria Universal de Paniceiros), estimu handitan nuen idazle asturiarra. Susaren literatur emailuen bidez jakin dut batez ere poeta gisa utzi duela obra. Gugan bego, Xuan Bello.
Haurrak haunditzen doaz kantatu zuen Jabier Muguruzak eta hortik abiatuta gaurko izenburua.
Uda hasiera Baltikoan
Ekainak 27, Donostiatik Bilbora autobusez. Bilbotik Parisera, abioiez. Eta handik Estoniako hiriburura, Tallinn. Abioiez hau ere.
Inicio de verano por el Báltico, este apunte en castellano.
Ekainaren 28an hiriko Parte Zaharretik barrena ibili ginen eta Vabamu museoa (Okupazioen eta Askatasunaren museoa) bisitatu genuen. Okupazioena diote XX. mendean Sobiet Batasuna eta Alemaniak okupatu baitzituzten.
Ekainaren 29an aireportura joan ginen lehendik alokatutako autoa jasotzera. Toyota Yaris automatikoa eman ziguten. Haren gainean ia 2.000 kilometro korritu ditugu hiru herrialdeetan zehar. Lasnamae Parkera joan ginen autoa probatzera eta Kadriorg Parkea bisitatu genuen. Võsu izeneko herrian bazkaldu genuen.
Kadriorg Parkea, Estonia.
Ekainaren 30ean alde egin genuen Tallinnetik. Estoniako bigarren herritik pasa ginen: Tartu. 2016an Donostia izan bazen Europako Kultur Hiriburu, 2024an hiri honi egokitu zitzaion izendapena. Bertan bazkaldu eta muga pasa genuen: Letoniako Cēsis udalerrian pasa genuen gaua.
Uztailaren 1ean Siguldas herrira joan ginen, inguruan dagoen Turaida Gaztelua ikusteko plana baikenuen. Bitxia bertan zegoen Daina Hill izeneko eskultura sorta, Letoniako folk kantuen omenez egindako hogeitaka eskultura jasotzen dituen parkea.
Daina Hill, Turaida, Letonia
Uztailaren 2an Cēsis utzi eta hiriburura joan ginen: Riga. Lehen aldiz galtza motzak jazteko aukera izan nuen, aurreko egunetan fresko egiten baitzuen.
Uztailaren 3an egun sargoria izan genuen Rigan. Bertan dagoen aire libreko museo etnografikoa ezagutzera joan ginen. Bazkaria eta arratsalde pasa Jūrmalan.
Uztailaren 4an Bauska bisitatu genuen: Rundāle jauregia eta Bauska gaztelua.
Uztailaren 5ean agur esan genion Rigari eta Lituaniako muga pasa genuen. Gurutzeen Muinoan geratu ginen iparraldean. Labur esateko, toki bitxia. Irakurri dudanez, mundu mailan ezaguna egin zen Juan Pablo II.ak egindako bisitagatik. Katolikoen eremu da eta aita santu poloniarrak pisua du herrialdean, behin baino gehiagotan topatu baikara haren esaldi eta irudiekin.
Gurutzeen Muinoa, Lituania
Ostatu Klaipeda hirian hartu genuen. Hauxe da Lituaniko hirugarren hiria eta herrialdeko portu nagusia.
Uztailaren 6an eguraldi ona egiten zuen eta bostehun metroko bidaia egiteko ferrya hartu behar izan genuen Kurlandiako istmora iristeko genuen ur oztopoa gainditu ahal izateko. Autoarekin 23 euro joan-etorria. Beste 50 euro pagatu genituen parkean sartzeko. Oporretako eremua ematen zuen eta gero dunen eremu kuriosoa zeukan. Jende oso gutxi zegoen bertan gu hurbildu ginenean (dunetan).
Kurlandiako istmoaren zati bat Errusiarena da, baina ez ginen sartu, bisatua behar delako.
Uztailaren 7an goibeldu zen eguraldia eta euripean ibili ginen. Ez gehiegi, dena esan behar bada. Goizean arropak garbitzeko aprobetxatu genuen. Palanga herrira joan ginen bazkaltzera.
Arratsaldean, Klaipedan, Rory Gallagher musikariaren omenezko Rory pubean hartu genuen zerbeza bat.
Uztailaren 8an agur esan genion Klaipedari eta Kaunasera jo genuen. Kaunas ezaguna da saskibaloi munduan Zalgiris taldea duelako. Lituaniako bigarren hiria ere bada. Etxe polit batean egon ginen pare bat egunez.
Jesukristoren Pizkundearen Elizako terrazara igo ginen hiriko bista aereo izateko. Haserre zegoen atariko emakumea. Zergatik? Auskalo! Berandu samar iritsi ginelako egongo ote zen haserre? Dena den berak esandako orduan geunden elizatik kanpo.
Uztailaren 9an Kaunaseko IX. Gotorlekura joan ginen. Bi aste hauetan gehien inpresionatu nauen tokia. 50.000 lagun baino gehiago hil zituzten bertan, gehienak judutarrak. Nazien esku egon baitzen eremua pare bat urtez. Gero ere Stalinek Siberiara bidali aurreko gune gisa erabili zuen.
1944ko maiatzean Frantziatik bidalitako 73. konboiaren istorio iluna ere bertan aipatzen da. 878 lagunetik soilik 22 salbatu ziren. Gizonezko judutarrak ziren, heldu, zahar eta gazte.
Kaunaseko IX. Gotorlekua
Arratsaldean hirian Ciurlionis artistari eskainitako museoa ikustera hurbildu ginen.
Uztailaren 10ean agur esan Kaunasi eta Vilnius hiriburuan geratu ginen. Autoa aireportuan utzi eta autobusez joan ginen hotelera.
Uztailaren 11n Vilnius ikusteko aprobetxatu genuen.
Hilaren 12an eguraldi zoragarria egin zuen. Ostegunean gurea asmoa zen autoz Trakai gaztelura hurbiltzeko, baina ezinezkoa izan zen, euripean eta laino artean ez baitzen ingurua behar bezala ikusten.
12a larunbata zen eta jende mordoa zebilen lakuko uretan txalupetan paseatzen. Bertan kayak lehiaketak ere baziren, Lituania mailakoak, oker ez banago.
Trakaiko gaztelua, Lituania
Arratsaldean trenez bueltatu ginen Vilniusera. 35 bat minutura dago.
Eta hilaren 13an autobusa hartuta joan ginen aireportura. Vilnius - Munich - Bilbo. Autobus pare bat hartu behar etxera iristeko.
Inpresioak
Alde batetik, herrialde lauak dira oso, apenas dute mendirik. Oker ez banago alturarik handiena 300 metrora ez da iristen. Ematen du bizikletan egiteko prestatuak daudela, baina hau nire irudipena da.
Bestalde, herrialde ordenatuak dira, isilak ere bai. Ez dakit zein den kontrol maila, baina apenas dagoen zaratarik. Bai ematen duela atentzioa Lituaniako hiri handietan auto tuneatu burrunbatsuak ikus eta entzutea. Horrek harritu nau. Nolatan ez dituzten isilarazten.
Errusia dute albo batera eta bestera itsasoa. Eta ez dira Errusiarekin ondo moldatzen. Herrialde txikiak dira eta beti egongo dira arriskuan: 1,3 milioi biztanle ditu Estoniak, ez da 2 milioira iristen Letonia eta 3 eskas ditu Lituaniak.
Liburua: Ryszard Kapuściński kazetariaren El Imperio irakurri dut bidaian zehar, batez ere Lituanian. A ze astakeriak kontatzen dituen poloniarrak. Bat aipatzearren: Kristo Salbatzailearen Katedralarena ez nuen ezagutzen. Hots, Napoleon bota zutenean 1812an, tsarrak hura gogoratzeko tenplua egitea erabaki zuen. 1883an zabaldu zuten... 1931n Stalinek hura botatzeko agindua eman arte. XIX. mendean hura egiten gastatutako dirutza, alferrik. Kazetari poloniarrak ez zuen aipatzen, baina 1990eko hamarkadan hasi ziren berreraikitzen.
Oso gustura ibili naiz eta gomendatzen dut bidaia.
Hona hemen argazki sorta bat. Nahi baduzu, klikatu argazkian eta 100 bat irudi ikusteko aukera izango duzu.
P.S. Apuntea idatzi ondoren gogoratu naiz udaberri hasieran kaleratutako Berrioren kantu zaharren bilduman badagoela Héroes del Báltico izeneko kantua. Aproposa apuntea irakurtzeko soinu banda gisa.
Isildutako istorioak
Hirugarren denboraldia du De eso no se habla podkastak. Oraingoan 1960ko ekainaren 27an Amarako geltokian lehertutako bonba batek hildako Begoña Urroz Ibarrola umea da protagonista nagusia. Hilaren 28an hil zen eta handik bi urtera jaiotako izen bereko ahizpari eskaintzen dio seriea. Oraingoz bi kapitulu daude entzungai eta asteburuan kaleratuko dituzte hirugarrena eta laugarrena.
Historias silenciadas, versión en castellano
Hasiera batean, DRILek hartu bazuen atentatua bere gain, ahizpak esaten du urte luzez familiak uste izan zuela ETA zela egilea.
Podkastaren abiapuntuan Ixabelen sukaldea dokumentalak rol garrantzitsua du.
Xuban Intxaustik egindako film dokumental honetan Lasarte-Oriako hainbat herritarren testigantzak jasotzen dira, alde bateko zein besteko indarkeria pairatutako herritarrak.
Ixabelen sukaldean elkartzen ziren bizilagun horiek, Ixabel zubigilea zelako. Horretaz gain, Urroz Ibarrola familiaren aldameneko etxebizitzan bizi zen Ixabel.
Xubanek deitu egin zion Isabel Cadenasi Urroz Ibarrolaren sendiaren berri emateko.
Lehen bi kapitulutan Begoña Urroz, haren senar Juan Luis, Xavier Montanyà, Txema Urkijo, Ernest Lluch, Rosa Lluch... entzuteko aukera dago.
Isabel Cadenas berak gidatzen du kapitulu bakoitza. Lehendik ezagutzen nuen eta orain ere bikain kontatzen du basauritarrak. Lehen kapituluaren bukaeran, bigarren pertsonara pasatzen da eta bizirik dagoen Begoña Urrozi zuzentzen zaio. Eta hortik aurrera hala arituko dela abisatzen digu.
Rol garrantzitsua du Ernest Lluchek. ETAk Lluch erail baino hilabete batzuk lehenago, politikari eta irakasle katalanak artikulua argitaratu baitzuen La Vanguardian eta Vocenton kontatuz bere ustez ETAk hil zuela ume hura. Urroz sendia oso eskertuta dago isilpeko istorioa azaltzeko balio izan zuelako.
Hanka sartu zuen Lluchek eta, dirudienez, Jose Antonio Pagola bikarioaren testu batetik hartu zuen datua. Honek familiaren gertuko katekista bati entzun omen zion.
Gehiago kontatu nezake, baina hementxe egingo dut planto. Hobe duzue bi kapituluak entzutea, serieak merezi du eta.
Ekainaren 5eko eguneratzea: bere garaian pare bat apunte idatzi nituen gai honi buruz. Ez nituen berrirakurri goiko lerro hauek idazteko.
Malalai Joya Berrian
Atzo, maiatzak 21, Berriak Malalai Joyari eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen. Esan bezala, Julen Otaegi Leonetek elkarrizketatu zuen ekintzaile afganiarra.
Nor da Malalai Joya? Espainiako Estatuan Javier Ortiz izan zen lehena emakume honi buruz idazten: Malalai Joya. 2007ko ekainekoa da zutabea, baina oraindik bizirik dirau. Bere ingurukoek hainbat hizkuntzatan dagoen webgunea dute martxan.
Apirilean, Centre Delàs elkarte bakezaleak Malalai Joyaren hautagaitza aurkeztu zuten ICIP erakundeak (Institut Català Internacional per la Pau) deitutako Construcció de la Pau sarirako. ICIP 2007an Kataluniako Parlamentuak sortutako erakunde independentea da. Hautagaitzak dozenaka pertsona ezagunen babesa du eta datozen egunetan jakingo dugu nori ematen dioten saria. Gurutzatu ditzagun behatzak.
Malalairekin martxo amaieran egon nintzen Bartzelonan, Ortizen irakurle talde batek eginiko topaketan.
Besterik gabe, irakurri elkarrizketa: «Afganistango ahotsik gabeen ahotsa da nirea, traizioa baita mutu geratzea».
Gaztelaniazko blogean argitaratu dut itzulpen bat: Entrevista a Malalai Joya.
Etxebizitza arazo
Javier Burón Nasuvinsako gerentea da 2023ko urritik. Hots, Nafarroako etxebizitza eta zoru industriala kudeatzeko enpresa publikoa. Ibarretxeren gobernuan, oker ez banago 2001eko maiatzeko hauteskundeen ondoren, Etxebizitza kontseilariorde izan zen Madrazoren agindupean. 2015etik 2023ra Bartzelonako udaleko etxebizitza gerente ere izana da.
El problema de la vivienda según Javier Burón, este apunte en castellano
Duela aste batzuk bidali zidaten hiru orduko solasaldi hau:
Bideoa 2023ko irailean argitaratu zuten, eta bertan Álvaro Palau Arvizurekin ari da gure gizona solasean. Arpa argitaletxeko burua da Palau eta argitaletxe horrek kaleratu du 2025eko apirilean El problema de la vivienda liburua.
Bideoa (podcast formatuan ere entzun daiteke, eta nik hala entzun dut) oso aproposa da arazoa ulertzeko, nondik gatozen, zer gertatu den Estatuan azken hamarkadetan, ze irtenbide dauden Europa mailan, belaunaldi arteko talka nola gauzatzen ari den eta beste hainbat kontu.
Birritan entzun dut solasaldia: paseoren bat ematen nuen bitartean, autoan gidatzen nuen bitartean, etxean... Eta liburua ere irakurrita daukat apunte labur hau idazteko. Bide batez, arkatza gertu duzula leitu beharreko liburua da.
Gauza mordoa ikasteko balio izan dit, baina aldrebes samarra iruditu zait liburuaren antolaketa: ideia batzuk modu errepikakorrean agertzen direlako.
Liburuaren fitxan (prentsa atalean) hainbat elkarrizketa eta erreportaje ageri dira. Horri esker ikusi dut El Paisen agertutakoa. Bartzelonarekin loturiko beste bi adituen liburuak aipatzen ditu egunkariak: bertako alkate izandako Joan Closen La vivienda Social y asequible, bata; Maizterren sindikatuko bozeramale eta IDRAko ikertzaile den Jaime Palomeraren El secuestro de la vivienda, bestea.
Europari begira koadroa marraztu aurretik
Etxebizitzaren arazoa oso konplexua da: alde ekonomikoak, politikoak, sozialak, kulturalak, demografikoak eta historikoak ditu.
Gainera, globala da: gero eta boteretsuagoak diren aberaskumeentzat etxebizitza balio ziurra eta errentagarria baita. Hori bai, ez pentsa kanpoko aberatsak direla arazoren muina. Oraingoz behintzat ez.
Europak ez du etxebizitza politikarik: estatuen esku dago.
Zeintzuk izan daitezke Europako ereduak? Burónek dio begiratu beharra dagoela Viena, Amsterdam eta Berlin bezalako hirietara, baita Frantzia, Erresuma Batua eta Eskandinabia aldera ere.
Bi kontzeptu: etxebizitza sozialak (merkatuko preziotik behera dauden alokairuak) eta eskuragarriak (ez dago erabateko adostasunik, baina nazioarteko erakunde gehienentzat hilero ez luke gastu guztien %30a gainditu beharko).
Europan, Herbereetan etxebizitza sozialen kopurua %30etik gora dago. Austrian eta Eskozian, %20tik gora. % 10aren bueltan dabiltza Frantzian eta Alemanian.
Espainiako Estatua: 1957-2024
1957an sortu zen Espainian Etxebizitza Ministerioa. Eta lehen ministroa José Luis Arrese izan zen, Bilbon jaioa 1905ean, Corellan hila 1986an. Bere esaldi famatua da politikaren funtsa: jabeak nahi zituen, ez proletarioak (propietario / proletario hitz jokoa gaztelaniaz). Burónen ustez, etxebizitza kontuetan, Espainian eragin handiena izan duen pertsona XX. mendean.
Felipe Gonzálezen garaiak albo batera utziko ditut nik, baina gogoratu Boyer eta Solchaga bezalako ministroak egon zirela.
Errepara diezaiogun 1998-2008 hamarkadari: Aznarren gobernuak sortutako burbuila ez zen ausartu zulatzera Zapateroren gobernua. Eta eztanda etorri zen.
1998ko Zoruaren Legea onartu zen eta horrek ekarri zuen hamar urtetan sei milioi etxebizitza egitea: zoruaren prezioa 4 aldiz biderkatu zen eta etxebizitzena, 2,5. Hortik tiraka dio Burónek eraikitzeak ez duela derrigorrean etxebizitzen prezioa merketuko.
Hamarkada horri dagozkion bi datu: a) Alemania, Frantzia eta Italia batuta baino gehiago eraiki zen garai hartan Espainian; b) Txinaren atzetik, mundu mailan garabi gehien zituen herrialdea izan zen.
Gero etxegabetzeen leherketa etorri zen: ia 600.000 egon ziren 2008-2018 hamarkadan.
2015etik hona: espekulazioa jada ez da hipotekarioa, gehienbat alokairuari lotutakoa baizik.
Legez kanpoko okupazioa ez da, orokorrean, arazo handia, dio Burónek. Mafiek egindako delituaz ari da: ekonomikoa (bizitzeko okupatu behar duten pertsonena) eta politikoa (aldarrikatzailea) ez ditu kaxoi berean sartzen.
Espainiako Estatuan ia 26 milioi etxebizitza egon daitezkeela kontuan hartuz, badirudi ez dela 300.000 etxebizitzara iristen babes ofizialeko etxeen kopurua.
Frankismoan babes ofizialeko 6 milioi etxebizitza egin ziren (baina deskalifikatzeko bermearekin erosi zituen jendeak)
2008ko burbuilaren eztandaren ondoren bankuak erreskatatu zituen estatuak, trukean etxebizitzak eskatu gabe. Eta hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: 73.000 milioi direlako (beste kalkulu batzuen arabera erreskatea 100.000 milioitik gora dago).
Nola dago banatuta populazioa adinaren arabera? Boomer-ak (1946-1964 urteen artean jaiotakoak) 12 milioi pertsona dira; X belaunaldia (1965-1981 urteen artekoak), 9 milioi; milennial eta Z belaunaldiak, 14 milioi, zazpina belaunaldi bakoitza.
Langilegoaren gutxieneko soldata hobetzen ari da, baina askorentzat horrek ez du ezer konpontzen, alokairuen prezioak berehala jaten dituelako hobekuntza horiek.
Etxebizitza politika Espainian
Alejandro Iñurrietaren hitzak bere eginez, Buronek dio Espainiako estatuak ez duela etxebizitza politikarik, higiezinen politika baino.
Gertuko estatuei begira, hainbat eredu jarrai daitezke, baina bi mutur daude Europan: merkatu desauratua, Britainia Handiakoa; Vienak mende bat darama etxebizitza politika publikoarekin eta gaur egun Udala da etxebizitza erdien jabea. Ondo dago Vienara begiratzea, baina errealistak izanda Burónek uste du hobe dugula Alemaniara begira jartzea. Jakinda han ere txakurrak ortozik doazela.
Badaude aldagai batzuk kontra daudenak: ez dago etxebizitza daturik apenas. Zapaterok berak esana da, 2004ko udaberrian Moncloan sartu zela galdezka zenbat etxebizita zeuden alokairuan eta 2011ko neguan, bertatik aldegin zuenean, datu fidagarririk gabe egin zuela hanka.
Burónek Etxebizitzaren Euskal Behatokia eta Bartzelonakoak nabarmentzen ditu. Hori bai, zehazten du normalean politikariek ez dituztela horrelako guneak nahi: gauzak dauden bezala, soilik datu negatiboak ematen dituztelako eta hori ez delako politikari askoren gustukoa.
Administrazio guztiek dituzte eskumenak, baina inork ez du lidergoa hartzen.
Goi mailako funtzionariak (batez ere, ministeriokoei begira idatzita dago) kontserbadoreak dira eta horietako asko errentadunak. Hots, interes berezia dute gauzak gehiegi ez aldatzeko.
Espekulazioa gelditzeko zerga politikarik ez dago.
Badago jende asko inguruan babestutako etxebizitzarik nahi ez duena.
Etxebizitza politika publikoak diru asko eskatzen du eta denboran zehar mantendu beharrekoa da. Europar Batasuneko estatuek gastatzen dutenaren laurdena gastatzen du Espainiak alor honetan. Gutxienez BPGaren %1a behar du etxebizitza politika sendo batek. 2024ko datuen arabera, 14.000 milioi euro beharko lirateke urtero, baina une honetan, eta Next Generation funtsei esker, 3.800 milioi euro gastatzen ditu Estatuko Administrazio Orokorrak.
Froga zientifikorik ez badu ere, zalantzarik gabe dio turismoak, higizienek eta ebentoek Barne Produktu Gordinean (BPG) eta sistema politikoan pisu handia duten ekonomietan etxebizitzaren eskuragarritasuna zail dagoela. Eta industriaren pisua handiagoa den herrialde eta eskualdeetan, orokorrean, hobeto ibiltzen direla. "Ez diot ondo. Ezta ezin hobe. Diot hobeto".
Zer egin beharko litzateke?
Burón ez da batere baikorra, baina gauzak hain gaizki daudenez, batzuetan horrek baikortasun puntua ematen dio: ez da gauza bakar bat egin behar, asko baizik. Eta ez hau edo hori, bi, hiru.... denak.
- Lehen tresna: ez litzateke bizitegi-lurzoru publiko metro koadro bakar bat ere saldu behar. Euskal Herrian eta Katalunian arau hau betetzen dela dio Buronek, legeak hala aginduta.
- Bigarren tresna: ez da babestutako etxebizitza gehiago deskalifikatu behar. Edozein hirigintza planeamendutan babestutako etxebizitzaren gutxieneko erreserba % 40koa da, baina Estatuak jarritako gutxieneko hori igo dezakete Komunitate Autonomoek.
- Etxebizitzen betirako babesa 2003an onartu zen EAEn, baina kontuan izan oraindik ere, aurretik babestutako etxebizitza batzuk deskalifikatzen ari direla (normalean 30 urte pasata ematen zelako kalifikazio aldaketa). Beraz, gurean deskalifikazioak egon daitezke 2033ra arte.
- Espainiako Estatuan, berriz, 2023ko Etxebizitza eskubidea arautzen duen Legeak hemendik aurrera egiten direnei jarri die muga berbera. Kalkulatu, beraz, 2060aren bueltan deskalifikatuko direla azken etxebizitzak.
 
Babestutako etxebizitzak ez dira beti etxebizitza publikoak. Hots, gehienetan etxebizitza publikoak babestuta egoten dira, baina zoru publikoetan eraiki daiteke azalera-eskubidea erabiliz.
Babestutako Etxebizitza Berria (NVP gaztelaniazko inizialak) izenekoa aipatzen du Burón-ek; izan ere, bere ustez, gauzak aldatzeko etxebizitzaren herenak egon beharko luke merkatuko arauetatik kanpo. Deskalifikaezinak izan beharko lirateke, eta gehienak alokairu sozial eta eskuragarrian alokatzeko moduan.
Etxebizitza pribatu hutsak alokairu publikoan jartzea: Administrazioak laguntzak eman beharko lizkieke jabe pribatuei etxebizitza hutsak prezio moderatuetan aloka ditzaten. Babestutako etxebizitza bat, zorua albo batera utzita, 175.000 - 225.000 euroren bueltan ibil daiteke. Aldiz, jabego pribatua duen etxebizitza bat alokairu publikora bideratzea 3.500 euroko kostua izan dezake urtean.
Etxebizitza pribatuak erosteko programa publikoak: Pariseko eta Bartzelonako adibideak aipatzen ditu liburuan.
Laguntza publikoak alokairua pagatzeko: Bizilagun (Euskadin) eta Emanzipa (Nafarroan).
Alokairuen kontrola merkatu-eremu tentsionatuetan. Hau oso ohikoa da Europan eta adibideak jartzen ditu: Herbehereak, Frantzia, Alemania, Suedia... Toki gehienetan, Italia eta Ingalaterra kenduta. Hots, ez da ezkerreko politika, eskuinak ere egiten duelako.
Alokairu turistikoak: bere ustez, alokairu turistikoen gaia heldutasun puntu batera iristen ari da. Adibide moduan dio Bartzelonan Xavi Triasek (CIU) jarri zituela lizentzi turistikoak, Ada Colau iritsi aurretik. Madril oihana da, baina ez du uste horrek asko iraungo duenik.
Sasoiko alokairuak: hemen dago zulo beltza handia. Normalean alokairu turistikoak baino luzeagoak dira eta urtebete baino laburragoak. Hiri Errentamenduen Legearen bost edo zazpi urteko kontratuen ordez, askotan 11 hilabeteko alokairuak egiten dira. Eta merkatu-eremu tensionatuen mugak ez dira kasu honetan aplikatzen. Legez konpondu beharko da hemen ematen ari den iruzurra.
Merkatu-eremu tentsionatuetan etxebizitzak erosteko mugak. Sumar-ek "Comprar para vivir" leloa erabili zuen, baina honek pegak ditu Zuzenbide Zibilaren ikuspuntutik, bere ustez. Findu beharko litzateke.
Birgaitze politikak: Next Generation funtsak sartu dituzte, 10.820 milioi, baina ikusteke dago zer gertatuko den funts horiek amaitzen direnean.
Eta hauxe nik azpimarratu dudana.
Gerra Zibileko ikus-entzunezko materiala sarean
NewsReel gunean ageri denez, 1981ean, Hearts Korporazioak albistegi bilduma Kaliforniako Unibertsitateari eman zion. UCLA Film & Television Artxiboa eta Packard Humanities Institutua proiektu bat ari dira garatzen material hori denon eskura jartzeko.
1929 eta 1967 urteen artean egindako materiala dago. Pieza laburrak dira, minutu eta hogei segundukoak nik ikusi ditudan luzeenak. Diotenez, zinemetan filmen aurretik proiektatzen zituzten albistegi laburrak dira, baina badaude ere bota ez zituztenak, deskartatuak.
Material audiovisual sobre la Guerra Civil española, este apunte en castellano
Esan bezala, aipatutako elkarrizketan Silvia Ribelles historialariak dio bera Espainiako Gerra Zibilean grabatutako materialarekin ari dela lanean. Asmoa omen da gatazka horrekin lotutako materiala webgune berezituan jartzea.
Bigarrenean ere jai giroan murgiltzeko aukera dago.
Hirugarrena, 1936ko udakoa da, eta jada hor ageri da jendea Hendaiako muga zeharkatzen.
Irun frankisten esku erori dela dioen materiala.
Gudaz kanpo, 1964ko bideo bat hau, adibidez, Paseo Berriko olatuei buruzkoa.
Irungo bideo gehiago dago bertan. Bilbao ere ageri da. Seguru gehiago dagoela. Hortik aurrera zuen esku.

 
     
    





