Bukatu da, bukatu da
Ostegunean etxeratu ginen Ibizatik eta jada hankak lurrean ditudala esan dezaket. E-mail mordoxka, apunte eta artikulu asko reader-ean, twitter, facebook... Batzuk irakurri ditut eta beste batzuk, komuna digitalaren barna joan dira. Hona hemen zenbait apunte aipagarri:
1.- Loquillo abeslaria Frankestein da urria-azaroan Donostian ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iragartzeko eginiko kartelean.
2.- Facebook erabiliz, kanpaina hasi du ganberro koadrila batek Rebeca Linares porno-star donostiarra Urrezko Danborra izan dadin 2010ean. Oker ez banago, Larratxon jaiotakoa da, baina aspaldian egin zuen hemendik hanka. Ea PP eta PNVren babesa jasotzen duten.
3.- Fermin Muguruza Palestinan egon zen Check Point Rock filma aurkezten. Gaztelumendirenean ikusi dut ETBk eginiko bideoa.
4.- Real Madridek ez omen du nahi saskibaloian aritu Gipuzkoa Basket taldearekin (orain Lagun Arok babesten duena) partida horretako dirua Zurriola Ikastolarentzat delako (aurtengo Kilometroak festaren antolatzaile). Ez omen dute nahi asmo politikoekin erabiliak izatea. Asmo politiko horietarako izango da.
5.- Ander Izagirre kazetaria Bolivian da eta zenbait kronika idatzi eta jarri ditu jada bere blogean. Jarraitu beharrekoak. ziur.
6.- Ostiral gauean Grosen ospatu zen iraileko Pintxos & Blogs bileran egon ginen. Inoizkorik jendetsua izan zen, gainera. Horrek alde onak ditu, baina baita txarrak ere (ezin denekin egon).
7.- Giorgio Bassmattik, azkenean, baietz, diskoa egingo duela. Ez al zegoen ba gainbeheran diskogintza? Ima Ubedak dioen bezala, noiz ez da izan krisian musika industria? Honek berpiztuko du aipatu industria?
8.- Zer gertatzen da kazetari saltsero bat lehoi baten kaiolan sartzen denean? Galdetu Charles Stamer Smith jaunari.
9.- Amaitzeko, proposamen bat: datorren ostiralean, irailaren 11n, Thomas Canet argazkilariak inauguratuko du Ernest Lluch Kultur Etxean "Retratos / Erretratuak" erakusketa. Ekitaldia 19:30ean izango da. Bertara joateko asmoa daukat. Mostran Espainiako eta inguruko artista ezberdinen erretratuak. Klikatu bere izenaren gainean eta nabigatu haren webgunean barna.
Politesse falta
"Abenduan lau urte beteko dira Euskal Telebista utzi nuenetik, eta ez dut uste balantzea egiteko garaia iritsi denik, baina zera esan dezaket: asko ikasi dudala Metroan egiten dudan lan honetatik. Nik aukeratutako aldaketa izan zen. Hogeita bi urte eman ditut hedabideetan, baina berez, nik marketina ikasi nuen, eta telebistatik alde egin arte ez nuen aukerarik izan ikasitakoa praktikan jartzeko. Horregatik baliatu nuen Metro Bilbaoren aukera, eta eskertzekoa da".
Kanpoan zaudenetik, nola ikusten duzu telebistaren mundua?
"Nire ikuspuntutik, telebistak asko galdu du azken lau urteotan, baina horrekin ez dut esan nahi ni joatearen ondorioa izan denik (barrez)".
Askoren ustez, Teleberriek ere behera egin dute zuk alde egin zenuenetik...
"Tira, txarto dago nik esatea, eta ezagutzen nauen jendeak badaki ez naizela batere harroputza edo handinahia, baina egia da. Esan dudan bezala, ez da nik alde egin izanaren ondorio zuzena, baina iruditzen zait Teleberriak bere profil edo nortasun guztia galdu duela. Gauzak islatzeko modua galdu egin zen, auskalo zergatik: karismarik gabeko aurkezleak jarri zituztelako, oso profesional gazteak zirelako... Nire irudipena da une horretako zuzendaritzak profil light edo gatzgabeago bat planteatu zuela, ez molestatzeko. Zaratarik ez. Aldaketa hori, gainera, oso epe laburrean gauzatu zen. Nik abenduan alde egin nuen eta ekainerako Teleberriaren nortasuna erabat ezberdina zen. Eta horrek eragina izan zuen ikusle kopuruan ere: guk lidergoa izan genuen hamar urtez jarraian; Euskal Herri mailan, albistegien erreferente nagusia ginen. Gerora, Teleberria laugarren postura jaitsi zen, Tele 5, TVE eta Antena 3 albistegien atzetik, eta arrazoia indefinizio hori izan zen. Nortasun eza. Konplexu mordoa dugu; besteek nahi duten guztia egiten dute, eta guk beti inor molestatu gabe ibili behar dugu, zaratarik atera gabe. Finean, eguneko berrien %80 berdinak dira kate batean zein bestean: atentatua Iraken, erasoak Palestinan, Lehendakaritza, AEBetako presidentea... eta kitto. Desberdintasuna kontatzeko moduan datza. Jendeari pentsatu ahal izateko aukerak eman behar dizkiozu. Hortxe dago gakoa".
Julio Ibarra. Ion Orzaizek 2009ko abuztuko Nabarra aldizkarian agertu den elkarrizketa, 101. zenbakia. Papera hartu beharko duzue gainerakoa irakurtzeko.
Marketina ikasi ei zuen, baina politesse pizarra ere ez litzaioke gaizki etorriko. Gauza bera esan daiteke egungo aurkezleak hain txarto utzi gabe. Azken finean, lankideak ditu eta egunen batean, agian, elkar ikusiko dute. Gainera, Juliok ez al du gogoratzen nola hasi zen bera telebistan? Hau da, fakultatetik atera zenean gaur egungo Ibarra zen? Baita zera ere!
Hiru zikloturisten balentria
Uztailean irakurri nuen (eta gomendagarria da) Eugenio Fuentes-en Contrarreloj nobela beltza. Liburua promozionatzeko youtuben topatutako bideo hau jarri dute bertan Garoakoek. Egin barre. Sanoa da-eta.
Tête de la course: Fredrik Kessiakoff antzuolarra, Davide Rebellin irundarra eta Telesforo Legarra etxebarritarra.
Narratzaileak: Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Marino "Liteke" Lejarreta, Txomin Perurena.
Politikarien zalaparta 2.0
Patxi López lehendakariaren 100 egunak direla eta ez direla, gaurko Berria egunkarian Urkulluren hitz hauek irakurri ondoren jatorrira jo dugu eta jeltzalearen blogean dagoen Enperadorearen 2.0 trajea izeneko apuntea leitu.
Gaizki idatzitako apuntea iruditu zait eta nire buruari galdegin diot ea zergatik idazten duten hain zabar inguruko hainbat lider politikok. Anasagasti estiloa gailendu al da ba? Burutik pasatzen den lehen gauza idatzi eta apenas irakurri gabe kargatu blogean? Patxi Lopezek, aldiz, ez du zabar idazten, baina bai dela planoa haren idazkera (zalantzak ditut ea berak idazten duen edo beste batzuk ari diren hor).
Harira. Urkullurenean atentzioa deitu dit ondorengo esaldi honek:
"Sobre su entrevista en Twitter, que fue seguida por sólo 47 personas en
este canal de comunicación y escenificada para las cadenas de TV".
47 jarraitzaile horiek (orain 43) 100dias erabiltzailearenak dira. Abuztuaren 14an korrika eta presaka sortutako erabiltzaile horren aktibitatea egun bakarrekoa izan zen, baina horrek ez du esan nahi 47 lagunek jarraitu zutela twitter-en Patxiren elkarrizketa, ez baitzen beharrezkoa erabiltzaile horren jarraitzaile egitea lehendakariaren agerpenaren berri izateko, ezta berari galderak helarazteko. Elkarrizketa ahoz eta zuzenean erantzun zuen Lópezek eta Lehendakaritzaren webgunean jarrita dago. Ezin erreparatu, beraz, datu horri ekimena baloratzeko (erreparatu gehiago #100dias hashtag-ak abuztuaren 14an izan zuen mugimendua).
Urkulluk aipatzen du ondoren José Antonio del Moral (Juan Antonio ez). Apunte gogorra idatzi zuen lehendakariaren propaganda 2.0 kritikatuz (parte hartzearen iruzurra). Eta ados nago zalaparta 2.0 izan zela soilik, besteak beste, twitter-en ez baitu mugimendu gehiegirik patxilopez erabiltzaileak (gehienetan, twitterfeed erabiliz blogean idatzitako apunteen loturak bidaltzen ditu); eta twitter beste modu batez erabili behar da twitterizketa egiteko; eta Real Player erabiltzea ez da hautu ona; eta gauzak gehiago lotu behar dira; eta abar...
Hala ere, gehien tristatu nauena da (Cybereuskadin, Urkulluren blogean edo Patxiloren webgunean) aldekoek eta kontrakoek erantzuterakoan erabiltzen duten tonu zakarrak edo goresleak. Erdi biderik egongo ez balitz bezala.
2.0 politika tokitan dago oraindik. Nik, eta beste askok, ulertzen dudan bezala, behintzat.
Kanti peaten
Gaur arratsaldean argazki makinan nituen irudiak deskargatzen ibili naiz. Ekainaren azken larunbatean Zapato Azule ospatzen da Ondarroan. Egun horretan bertan gipuzkoar koadrila batek despedida egin zien hiru laguni. Hamarren bat argazki atera nituen, baina ez ditut denak igo flickr-era, koadrila kideak nabarmen ez uztearren.
Egunen batean ni horrela ikusiz gero kalean zehar, eman toke bat. Niri edo inguruko norbaiti. Arren.
Kanti peaten esaten zaio honi Ondarrun.
Danny Hoch berriro
"Ostegun gauean joan nintzen Danny Hoch-en emanaldia ikustera Egiako kultur etxera, Gazteszenara. (...) Hoch New York-eko hip-hop theater jaiadiaren zuzendaria da. Gazteleraz hitz egiten du Puerto Ricokoa izango balitz bezala, nahiz eta familia europar jatorriko judutarrak izan. Eszenatokia minimalista: bi artxibadore, zenbait kapela, aulkiren bat, atrila. Soinu banda, noski, rap-a edo hip-hop musika, sketch ezberdinak zatitzeko, zeren eta, gainerakoan, ez du presentzia askorik musikak ikuskizunean".
"Speech politikoak botatzen ditu, bai. Irakurri egiten du sutsuki atrilaren gainean dauden orriak. Rol ezberdinak jokatzen ditu replikarik gabeko bakarrizketetan. Adibidez, ama kokainomanoa duen 19 urteko gazte atzeratuarena izan zen osteguneko onena. Edo Habanako turisten bila dabilen gazte kubatarrarena. Hasieran kosta egin zitzaion, baina gero gusturago ibili zen. Astebete pasa du Donostian. Ederki ezagutzen du jada bainuetxea".
Lerro hauek 2005eko otsailaren 27an idatzi nituen, bere emanaldi bat ikusi ondoren. Berarekin ordubete egoteko aukera izan nuen ere. Eta gogoan dut kontatu zidala New York-en kartzelen negozio pribatuak zer eragin zuen inguruan: pikutara bertako nekazaritza eta erabateko dependentzia sortzen zutela.
Gaur berarekin egin dut topo berriro chez Xabi Strubell. Bederatzi minutuko bideo honetan Habanako kale saltzaile baten paperean sartzen da Danny. Eskerrik asko, Xabi.
Blogak eta pintxoak Donostian
Oker ez banago lehenengo zita uztaileko lehen ostiralean izan zen, baina ezin izan nuen hurbildu. Atzo, ordea, bai eta iluntzeko 20:00ak baino lehen Donostiako Gandarias tabernan nengoen ea nor zetorren ikusteko irrikitan.
Bertan zeuden David Sánchez Bote, Unai García eta Txomin DD. Aitor Garay-Romero ere laster hurbildu zen. Beranduxeago Ana Malagón, Aini78 lagunarekin. Atzetik etorri ziren Goio Telletxea eta Orreaga. Lehenengo tragoa hartzen ari ginela Pintxos & Blogs ekimeneko antolatzaileak (be-ran-du): Xabier de la Maza eta Andoni Munduate. Beraiekin batera Iñaki Rodríguez eta Latitxa.
Gandariasen trago bat hartu ondoren, La Cuchara de San Telmora abiatu ginen. Han agertu zen Maite Goñi. Zer jan genuen? Haragia eta arraia. Karrillerak edo masailak eta bakailua. Beste zerbait ere erori zen, baina orain ez dut gogoratzen zer zehatz-mehatz.
Handik Arrandegi kaleko Txepetxa tabernara. Bertako espezialitatea ez genuen probatu (antxoa solomoa), baina gilda plater bat eta kroketa bana dastatzeko aukera izan genuen.
Hurrengo geltokia, Etxaniz taberna. Edariak hartu genituen soilik, ez zirelako gai izan, 14 tortilla pintxo atera beharrean, patata tortilla bat platerean zerbitzatzeko. "¿Así queremos ser capital cultural?" esaldiarekin burutzen den gertaera tipikoa. Edonork izan dezake egun txarren bat, baina ez zitzaigun gustatu zabarkeria hura.
Bokatak jateko Sarriegi plazako El Quinto Pinora hurbildu ginen eta plazako eserleku korritu batean egon ginen patxada ederrean hizketan. Bueno, Worldgate jaunak egiten zuen berba soilik eta besteok entzun egiten genuen.
Baten bat etxera joan bazen ere, gehienak Konstituzio plazako terraza batean hartu genuen azken tragoa.
Hurrengo zita abuztuaren 29an izango da Gladys Enea edo Cristina Enea parkean. Liberalak egin du deialdia bere blogean. Ezin izango naiz egun horretan hurbildu, baina ahaleginak egingo ditut hurrengoan (oker ez banago, iraileko lehen ostiralean, iluntzeko 20:00etan, Gandariasen).
Oso ondo pasa nuen.
Mikel Astarloza gogoan
Ostiral goizean Arantxa Arzak Mikel Astarloza elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko “Amarauna” saioan. Patxada handiko hogei minutuko solasaldia izan zen. Irratsaioan parte hartzeko aukera izan nuen, gainera (eskerrik asko, Arantxa).
Aurtengo Tourreko hamaseigarren etapa irabazi ondoren, horrelako zenbat dei jasoko zituen pasaitarrak. Mordoa. Herrian omenaldia egin zioten, adibidez, eta Diario Vascoren webgunean ikusgai dago egun horretako argazki sorta. Dena zen irribarre, dena zen ospakizun. San Pedroko kolore morea nagusi.
Argazkiaren iturria: diariovasco.com
Ostiral goizean gogotsu zegoen Mikel Astarloza hurrengo eguneko Donostia-Donostia klasikarako. Baina, arratsaldeko 17:30ak aldera e-mail bat sartu zen nire postontzian. Ander Izagirrek idatzitako Mikel txapeldun! apuntean pertsona batek utzitako komentario baten berri ematen zidan korreoaren ku-kuak. Eta hor irakurri nuen lehen aldiz positibo hitza.
Van Gaal gogoan, txirrindularitzan positibo hitza “sempre negatifo” da. Google-en begiratzen hasi nintzen eta berehala hiruzpalau albiste ageri ziren berri txar horrekin. Kaka zaharra! Ezin nuen sinetsi. Ekainaren 26an lehiaketaz kanpo, Espainiako txapelketaren atarian, eginiko analitikan eman omen zuen positibo.
Splitweet erabiliz, abiatu nuen astarloza markaren jarraipena twitter sarean eta izugarrizkoa izan da azken berrogeita zortzi orduetan zalaparta. Hizkuntz askotan aipatua izan da eta, gehienek, egurra emateko.
Piano-piano, gazteak. Doucement. Kontranalisia egiteko dago oraindik-eta. Gainera, Diario Vascon Benito Urraburu txirrindularitza adituak dioen bezala, arraroa da kontu hau. Nahiz eta, berak dioen bezala ere, kaltea egina dagoen jada.
Hau irakurtzerakoan zuetako askok pentsatuko duzue ilusio faltsua dela nirea. Tira, izan daiteke, baina larria iruditzen zait oraindik behin-betiko emaitzak ez daudenean nola jipoitzen ari diren txirrindularia. Pronto dago jendea sua piztu eta denen bistan erretzeko. Ondo. Segi Inkisizioaren bidetik.
Zuzenbide karrera egin nuenean, bagenuen irakasle bat, behin baino gehiagotan errepikatzen ziguna “ni garantista naiz” esaldia (hori bakarrik ulertzeko gai nintzen; profesore horren gainerako jarduna hutsala baitzen). Tokitan da garantismoa txirrindularitzan. Zantzu txikiena bada, sutara. Eta kitto. Jarrai dezala gurpil eroak. Guri bost. Nor izango da erreko den/dugun hurrena?
Oharra: Mikel, animo asko ataka hau gainditzeko. Segi fuerte. Eta tinko. Oraindik ez duk azken hitza esan-eta.
Eguneratzea. 19:55: Urraburu baino urrutirago doa EITBko Xabier Usabiaga. Mikel Astarloza errugabea da.
Eguneratzea. Abuztuak 4. 16:25: Mikel Astarlozak gaur eguerdian Donostiako Amara Plaza Hotelean emandako prentsaurrea.
Etxeko andreak
Natalia Martín Cantero kazetariaren bloga irakurriz izan nuen atzo Proyecto Geniaren berri eta bertatik ekarri ditut goiko eta beheko irudiak.
Albistea Público egunkarian azaldu zen. Hala ere, sarean ikusi dudanez, albistearen iturriak uztailaren 1era eramaten gaitu. Egun horretan eskatu baitzion Andalucía Laica taldeak Andaluziako Juntari ez emateko dirulaguntzarik bi proiektu hauei: Proyecto Genia eta Club Albihar (lotuta daude).
Andalucía Laicak kudeatzen du Laikotasunaren Behatokia izenekoa eta zenbait hiritarrak aurkeztu omen zuten bertan kexa.
Bi arrazoi aipatzen dituzte:
1.- Emakumearen diskriminazioa sustatzen du (emakumeak etxebizitzari mugatu beharko luke bere eginkizuna) eta prestakuntza matxista eskaintzen du.
2.- Opus Deiri loturiko taldea da (froga moduan esteken atala aurkeztu dute), erakunde konfesionala.
Kexek komunikabideetan izan duten oihartzuna ikusi ondoren, korrika eta presaka ari da Junta zerbait egin nahian.
Barrea eragiteko modukoa da, tristea izango ez balitz.
Eguneratzea. Uztailak 31. 10:30. Agian ez dut behar den bezala adierazi: funtsean, 9-17 urteko neskei etxeko lanak egiten ikasteko ekimena da.
Adin txikikoak direla eta ez direla
Rouco Varelak parrokia hura itxi nahi zuela jakin zuenean, El golpe 401 artikulua eskaini zien Javier Ortiz zenak. Bertako apaizetako baten blogaren jarioa jarraitzen dut azken bolada honetan: Javier Baezaren Catorce kilómetros bloga, hain zuzen ere.
Jakiteko nondik nora dabiltzan ondo da irakurtzea blogaren sarrera-testua: "14 kilómetros marcan la distancia entre la exclusión y la inclusión. Esa distancia separa la Puerta del Sol, punto neurálgico de Madrid, de la Cañada Real Galiana y del Poblado del Gallinero.14 kilómetros separan la costa europea de un continente empobrecido.Catorce kilómetros: una distancia muy larga para quienes se ven obligados a recorrerla cada día. Con este blog pretendo visibilizar y rendir homenaje a todas esas personas que peregrinan cada día por los márgenes de la exclusión".
Atzo irakurri nituen Javier Baezak eta Patuca lagunak adin txikikoei buruz erantzundako zenbait galdera. Arrazoia: Alfonso Armada kazetariak eginiko erreportajea ABC periodikoarentzat.
Hona hemen zenbait zati:
"Adin penala jaisteaz ari garenean, zera esaten ari gara, gure Zuzenbide zorrotzena, krudelena eta kaltegarriena aplikatzea gure gizartearen parte ahulenari eta hauskorrenari; hain zuzen ere, delituak egiten dituzten haurrei. Hamaika edo hamabi urteko haurrekin horrela jokatzeak, alde batera uzten du ume horiek beste baliabide batzuk erabiliz hezi, zaindu eta zuzentzeko dugun gaitasuna".
"Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko estatistikek ez dute erakusten adin txikikoek eginiko delituen hazkundea. Hala ere, 2001 urtetik zentro itxien eta erdi-irekien plazen hazkunde esponentziala eman da. Madrilen, 2000 urtean hiru erreformatorio zeuden, 45 plaza. Gaur egun, haurrentzako hamabost kartzela daude Madrilen".
"Umeak gure gizartearen boxeo-zaku dira. Beraiek dira Espainiako gizartearen arazoak gehien pairatzen dituztenak: pobreziak gora egin du bereziki 0 eta 16 urteko haurren artean, gure gizartearen biolentzia eta agresibitatea, bizitza publikoan gure neska-mutilentzako eredu izan daitezkeen erreferenteen falta, hezkuntza sistema interes politikoen menpe egotea: honek guztiak dakar gure neska-mutilek gaizki pasatzea eta gure gaiztakeriak errepikatzea. Helduen zorigaitzen erresonantzia kutxa da adin txikikoen mundua. Gizarte bat adin txikikoen "beldur" denean, larriki gaixotuta dago".
"Badago okerreko kontzientzia errotua; adin txikikoen delituak “pagatzen ez direla” eta haurren kartzelak izarretako hotelak edo udako kanpalekuak direla uste da. Erabat faltsua da hori. Orokorrean, segurtasun handiko kartzelak dira. Gizarteak benetan ezagutuko balitu, agian ez luke hainbeste arinkeriaz eskatuko haiek erabiltzea".
Ozenago esan daiteke, baina ez garbiago.
Galdera-erantzunen sorta osoa: ¿Reformar la Ley del Menor?, Catorce Kilómetros bloga. Gaztelaniaz.