Durangoko Azokari begirako musika uztaren zenbait ale
Lehenengoa, irailaren 14an hain zuzen ere, Berri Txarrak taldea izan zen. Payola diskoarekin beste koska bat gorago egiteko prest daudela dirudi: Roadrunner diskoetxearekin kaleratutako lana, Steve Albiniren produkzioa, Espainiako zerrendetan (AFYVE) 7. diskorik salduena pasa den astean, kritika on batzuk jaso dituzte jada...
Irailaren 30ean, berriz, Bide Ertzean taldeak aurkeztu zuen urte hasieran Tolosan grabatutako emanaldi elegante eta hunkigarri hura. Leidor Sessions CD-DVD formatuan atera du Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Kontzertu batzuk ematekoak dira azaroan eta apuntatu dut agendan azaroaren 6an Andoaingo Basteron emango dutena.
Jabier Muguruzak hamargarren diskoa publikatu berri du. Elkar utzi du berriro eta Madrilgo Resistencia diskoetxearekin ikusi du argia Taxirik ez lanak. Urriaren 30ean Donostiako Lugaritzen ikusteko asmoa daukat. Azken bi diskoetan hirukote formatuan aritu da zuzenean, baina bateria eta baxua berreskuratu ditu irundarrak eta ikusiko dugu ea zer formatuarekin aritzen den taula gainean.
Anarik, aurrekoan bezala, Bidehuts mekanismoarekin Irla izan lana publikatuko du. Eta azaroaren 5ean egongo da Donostiako Gazteszenan (Egia Kultur Etxean). Maite Goñik bota zuen pasa den astean asko gustatu zitzaiola Anarik primizian erakutsitako lana. Eta guk sinisten diogu. Amen.
Ruper Ordorikak ere kontatu zuen bere gunean ekainean Brooklyn-en egon zela grabatzen disko berria, azaroan kalera irtengo dena. Donostiako Antzoki Zaharrean arituko da abenduaren 17an, 90eko ostegunetako emanaldi haiek gogoan, asko maite dudan gunea. Oñatiarrak Elkar diskoetxearen aterpea izango du.
Bost euskal abeslari edo talde, bost bide. Krisiak krisi.
Parte de la cosecha musical para Durango, este apunte en castellano.
ez dakit gustatzen zaizun, Mikel...baina Mikel Urdangarinek diska berria atera du ere, "Zubia". Betiko ondan. Nik gogoko dut.