Isaki Lacuesta: La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait
"La pelota vasca huts egindako filma iruditzen zait. Medemek erabiltzen dituen formak ez datoz bat berak zituen asmoekin. Adibidez, beti kontatzen zuen bere helburua zela pertsonaia guztien arteko elkarrizketa sortzea, kalean hitz egitera inoiz eseriko ez liratekeen pertsonak filmaren bidez elkarrekin solasteko aukera izatea. Baina pelikulak duen muntaia sinkonpatuak ez du lortzen pertsonaiek beraien artean hitz egitea; are gehiago, ikusleak ere ezin du ahots bakar bat oso-osorik entzun. Badira uneak non amaitu aurretik moztu egiten baitituen esaldiak. Asko miresten nuen zinemagilea zen, batez ere Vacas-Behiak eta La Ardilla Roja filmengatik, izugarri gustatu zitzaizkidanak. Hala ere, film honek desengainatu ninduen. Uste dut hobe zela ez saiatu izana halako mosaikoa egiten. Zentzu handiagoa du Interneten jarri zuena pelikula berak baino. Ezin zen laburbildu ordu eta erdian berrogeita hamar pertsonaiek ziotena".
Paragrafo hau Tarik Gómez-Kemp kazetariak Isaki Lacuestari eginiko elkarrizketatik atera dut. Isaki Los condenados filmeko zuzendaria da, Donostiako Zinemaldiaren atal ofizialean proiektatua.
Hau izan omen da filma garatzeko hasierako hausnarketa: "Harritzen nau ikusteak nola intelektualak pasa diren hiru hamarkadetan borroka armatuaren alde egotetik aukera zilegizko gisa baztertzera".
Dirudienez filma udazken honetan estreinatu daiteke. Hona hemen trailerra.
Pelikulak oso itxura ona du, ea ikusteko aukera dudan...