Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez
Hunkituta atera nintzen atzo arratsaldean Malalai Joyak Donostiako Udaletxean eskaini zuen hitzaldiaren ondoren. Lehen miresten banuen andre hau, orain gehiago. 31 urte dituen emakume afganiarra da. 2005ean aukeratu zuten parlamentari, baina 2007an bota egin zuten Parlamentutik (pisuzko arrazoirik gabe).Geroztik, lau aldiz saiatu dira bera hiltzen eta guztietan onik atera da. Birkarzainen laguntzaz, burkaren babespean (emakumeek pairatzen duten indarkeria-ikurra, paradoxikoki), gauero etxez aldatzen da bizirik jarraitu ahal izateko.
Malalai Joya asko mugitzen da nazioarte mailan eta egun hauetan gure artean daukagu (Donostian, atzo; Iruñean gaur). Goizean elkarrizketa mordoa eskaini ondoren (adibidez, Irutxuloko Hitzari eskainitakoa hemen), berrehun bat lagunen aurrean hitz egin zuen atzo iluntzean Donostiako Pleno Aretoan. Egoera penagarria dela ezagutzera emateko, datu mordoa eman zituen jario handiko andre adoretsu honek.
Publiko artetik, pertsona batek galdetu zion ea zer pentsatzen zuen Obamaren Bake Nobel Sariari buruz:
"Bakeari irain egitea da Obamari Bake Nobel Saria ematea. Gerraren presidenteari eman diote. Zer egin du bederatzi hilabete hauetan Obamak Bakearen alde Afganistanen, Pakistanen, Palestinan...?"
Bi etsai mota dituztela ere gaineratu zuen: barrukoak eta kanpokoak. Azken hauei dagokienez, okupazio indarrek Afganistandik alde egin behar zutela aldarrikatu zuen eta, horretarako, gure laguntza eskatu. Nahi izanez gero, Malai Joyaren aldeko taldearen webgunearen bidez badago berarekin harremanetan jartzeko aukera.
Martin Luther King-en esaldi batekin amaitu zuen ekitaldia, heriotzaren beldur ez dela dioen Malalaik. Izan ere, inoiz itxaropena galtzen ez duen horietakoa baita hezur-haragizko gure heroi berria.
Mikel Iturria. Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez. Sustatu. 2009ko urriak 16.
Bezperan nik hemen bertan ikusgai jarritako bideoa ere ageri da Sustatun. Ander Izagirre ere ekitaldian egon zen eta kronika ederra eta zabala moldatu du. No tengo miedo a la muerte, pero sí al silencio.
Malalai Joya: es un insulto a la paz la concesión del Nobel a Obama, este apunte en castellano.
Kronika baino gehiago, laburpena besterik ez. Eskerrik asko, Iturri, hitzaldira joateko dei horrengatik.