Musika populista eta popularra
Gogoan izango duzue duela hainbat urte PPk hauteskunde kanpaina batean abiatutako "pop politika" izeneko etiketa (gaur egun, marka esango litzateke), ezta? Ez baduzue gogoratzen, hona hemen 2008ko urrian Victoria Eugenia Antzokian Pignoisek eszenatoki gainean egineko simulazioa (playbacka). Kontuz: bideo honek kontraindikazioak ditu eta arduraz kontsumitu beharra dago.
Bideo honekin gogoratu naiz Fundación Roboren lehen urteko ibilbidearen berri ematen duen Populismo musical izenekoa ikusi dudanean. 40 minutu pasatxo dira, Jordi Castellsek zuzenduak.
Diskoaren zain nengoen (beti dago esunrobo.bandcamp) eta dokumentalak gogo hori berpiztu egin dit.
PS: listo. Lortu dut Joseba Irazokik filman hitz egiten duen baino gehiago idaztea.
Música populista y popular, este apunte en castellano.
Zergatik amaitu da Beranduegi?
Nahikoa da bideo honen 25 segundu hauek ikustea, jakiteko zer gertatu den Argian.
Zorionak Beranduegiko talde guztiari. Zorionak ere Xabier Letonari eta zorte on Estitxu Eizagirre zuzendari berriari.
Ez baduzue ezer ulertu, bi gauza: atzo aurkeztu omen zuten Unaik eta Gorkak azken Beranduegi saioa; gaur jakinarazi du Letonak Argiako zuzendari kargua utzi eta Eizagirrek hartuko duela haren lekukoa.
Ez nuen honetaz idatzi nahi
Gaur xelebrekeria bati buruz idatzi nahi nuen. Buruan nuen Gregorio Morán-ek duela bi aste pasatxo idatzitako Nuestra muerte será un suicidio izeneko intempestiva. Nola Moránek salatzen zuen zutabea publikatzen zioen periodiko berak akats larria egin zuela Londresko soldaduaren hilketaren berri emateko azpititulu batean ("degollan”).
Handik egun gutxira, La Vanguardiako beste zutabegile batek, Màrius Serrak, Sabelotodo Morán artikulua dedikatu zion. Bertan, Moránek berriki publikatu duen La decadencia de Cataluña. Contada por un charnego artikuluen bilduman dauden hainbat akats aipatzen zituen. Katalanez egindakoak, kasu honetan. Tartean, Pasqual Maragall-en izena.
Hori eta beste txorakeria batzuk kontatzeko asmoa nuen, baina arratsaldean Ion Ansaren tuit bat irakurri dut eta loturan egin dut klik. "No sabemos nada. Se dijo que un comedor social, un banco de alimentos..." Eta tripako mina hasi zait.
Hau da, Una apuesta alimentaria diferente testuan irakurri dudanez Donostiako Alde Zaharrean hutsik dagoen Zorroaga Patronatuko lokal bat garbitzen hasi dira bertan, Gureak-ekin batera, janaria banatzen hasteko (oraindik zehazteke dagoen formula baten bidez). Udala ere tartean dago.
Bizilagun batzuk aztoratu egin dira eta tabernetan idatzi anonimo batzuk banatu dituzte, sinadura eske. Tartean, hiru perla hauek:
"¿Dónde está la posibilidad de consulta y participación?"
"Si la intención del Ayuntamiento sigue adelante nos conocerán como los vecinos del comedor de la Parte Vieja y no por los de la calle Pescadería".
"No estamos en contra de los comedores sociales -puntualiza este escrito- pero seguro que el Ayuntamiento y Zorroaga tienen otros locales mejor ubicados y apropiados que una calle estrecha y pequeña como Pescadería".
Pasa den gabonetan Madrilen ikusitako irudiak etorri zaizkit gogora. Jende mordoa eliza bateko komedorean. Zai. Gran Vía kaletik gertu, oso gertu. Gu denok kontsumismoaren itsasoan murgiltzen ginen bitartean.
Eta nik nire burua ikusi nuen ilara hartan. Horrelako egoera batetik gertu egon gaitezkeelako. Oso gertu.
Zer kalte egiten dio Donostiako Alde Zaharrari horrelako lokal batek?
Hoy no quería escribir de esto, este apunte en castellano
Manuel Castells internetfobiaren aurka
Hilean behin edo, Manuel Castells irakasleak La Vanguardian zutabea argitaratzen du. Larunbatean izaten da eta gaur ekainaren 1ekoa "fusilatuko" dut: Internetfobia. Esan bezala, bertan zazpi mito puskatzen ditu.
1.- Internetek isolatu, alienatu, deprimitu egiten du.
Justu kontrakoa: internet erabiltzeak soziabilitatea areagotzen du, bai sare barruan bai handik kanpo. Sare sozialek balio dute saretik kanpo sortutako loturak mantentzeko eta harremanetarako aukera berriak sortzen dituzte.
BCS Institutek, mundu mailako mostra baten bidez, Internet eta zoriontasunaren arteko harreman zuzena aurkitu zuen. Zergatia: soziabilitatea eta jabekuntza (empoderamiento) areagotzen ditu.
2.- Eten digitala.
Herrialde garatuetan, Interneterako sarbidea % 70-90 artekoa da eta %85 gainditzen du 60 urtetik azpiko populazio helduaren artean. Une honetan, munduan 2.800 milioi Internet erabiltzaile daude eta 6.700 milioi mugikor erabiltzaile. Beraz, jendea konektatuta dago.
Desberdintasunak, desorekak daude, baina desoreka horiek errenta edota ondarearen kasuan baino txikiagoak dira.
3.- Internetek haurrak gaizki hezitzen ditu, klasean eta etxean atentzioa galtzen dute.
Azterketen arabera, eskola ez da (nahiz irakasleak saiatu) garai digitaleko pedagogian sartzeko gai izan eta testu-liburu, negozio editoriala eta ideologia ofizialei lotuta dago oraindik.
Emaitza: Kultura digitalaren sormenean erabat murgilduta dauden gazteak asko aspertzen dira klasean. Gure kultura jasotakoaren transmisio diziplinatuan oinarrituta dagoenez, gaizki ikusita dago haurrek beren kabuz pentsatzea.
4.- Hezkuntza unibertsitario birtualak kalitate gutxiago dauka irakaslearekin harremanik ez dagoelako.
Unibertsitate tradizionaletan irakaslearekin dagoen harremana askoz ere txikiagoa da. Gainera, hezkuntza birtuala, batez ere, jende helduari begira egina dago eta hori gabe ezingo lukete ikasi ezta birziklatu ere.
5.- Internet Anai Handia da: dena jakin eta zelatatu egiten da.
Zaila dago pribatutasuna Interneten, baina badakigu abusuen salaketa, mugimendu sozialak eta diktaduren kontrako erresistentziak oinarrizko erreminta dutela Internet. Zelatariak zelatatuak izaten dira.
6.- Interneteko informazioa ez da fidagarria.
Informazio asko ez da fidagarria, baina noski dagoela fidagarria den informazioa. Gauza bera gertatzen da ohiko komunikabideekin, baina Interneten komentatu eta zuzendu daiteke hainbat informazio ekoizleren parte-hartzearekin.
7.- Internetek biolentzia, terrorismoa, pornografia, sexismoa eta beste hainbat aberrazio eragiten ditu.
Gaitz hauek gure gizartearenak dira eta, beraz, Interneten ere badaude. Biralitateak arriskuak handitzen ditu, baina Internet askatasuna da eta askatasun horren erabilera garenaren isla da. Beraz, gu geu gara aldatu behar garenak.
Castellsek honako webgune hauetan, besteak beste, arakatzeko gomendioa egiten du:
World Internet Project, Pew Internet, Oxford Internet Institute, Projecte Internet Catalunya (UOC).
Re-a-la ma-ka-la
Duela hogei bat urte, Ondarroako ilobak ume mokoak zirenean, Donostiara etortzen ziren bakoitzean ozenki abesten zuten edozeinen aurrean “Re-a-la ma-ka-la” kolore txuri-urdina zuen trapu edo dena delakoa atzemanez gero.
Aurten, ez dakit norbait ausartuko ote den horrelakorik abestera Realaren denboraldia ikusi ondoren.
Lerro hauek idazterakoan, ez dakit zer gertatu den Coruñan. Baina ez zait gehiegi inporta. Izan ere, laugarren postuan amaituz gero, abuztura arte itxoin beharko baita Reala tzanpionzan arituko ote den edo ez jakiteko.
Inor gutxik esperoko zuen 2008ko abenduan akziodunen batzarrak Jokin Aperribay presidente aukeratu zuenean Reala gaur dagoen tokian egotea. Gogoan daukat taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, garai hartako presidenteak kategoria berreskuratzeko hiru urteko proiektuaz hitz egin zuela. Haserretu zen bat baino gehiago, baina hiru urte behar izan zituen taldeak goi mailara iristeko.
Geroztik, Lasarte eta Montanier entrenatzaileak ezagutu ditugu Lehen Mailan. Zalegoak beti gogoratuko du Lasarterekin igo zela Reala eta horregatik seguruenik gauza asko barkatu genizkion bigarren denboraldian. Montanier, berriz, hasiera-hasieratik egon da askoren begi puntuaren xedean.
Une bat daukat iltzatuta: 2012ko apirilean, taldea jaitsiera postuetatik gertu, Betisen aurka 1-1 markagailuan, andaluziarrak erasoan eta zale asko frantsesaren dimisioa eskatzen.
Lasarte eta Montanier jada historia dira, baina lehenaren esaldi famatua moldatuz amaitu nahi dut: “¡No se desunan!”; bestela... “Re-a-la ma-ka-la”.
Entzuna izateko eskubidea
"Tengo derecho a ser escuchado". PSOEk entzun behar duela bere ahotsa esan zuen Alfonso Guerrak SER irratian 73 urte bete zituen egunean. Memoria liburuen tomo berria aurkeztu zuelako elkarrizketatu zuen Pepa Buenok. Ez dut liburua irakurtzeko asmorik (denborarik ere ez), baina ikusi dut gaur ere haren elkarrizketa dagoela Públicon. Garzón ez dela ezkerrekoa azpimarratu dute izenburuan. A ze deskubrimendua! Nonbaiten leitu dut Guerrak dioela entrega honetan diru beltza kobratu izan zuela Baltasarrek.
SEReko elkarrizketaren ondoren, tertuliano batek zioen 80. hamarkadan onenak zeudela politika munduan. Kar, kar eta kar. Jamaika aldean sutan edo barrez lehertzen irudikatzen dut Javier Ortiz.
Honen webgunean bilaketa azkarra egin dut eta hona hemen bi aipamen:
Diez años de soledad. "Alfonso Guerrak problema bat du demokraziarekin. Bakarra, baina garrantzitsua: ez daki zer den". 1992ko urria.
Alfonso Guerra: "Alfonso Guerra ez da garrantzi handiko politikaria, bere alderdiak gutxietsia (...) soilik adierazpen matxistak edo zentralistak egiten dituenean ospe pizarra lortzen duena". 2008ko ekaina.
Azken finean, garai bateko jendea.
Derecho a ser escuchado, este apunte en castellano.
#m30greba orokorra Euskal Herrian
Greba orokorra deitu du maiatzaren 30erako Euskal Herriko gehiengo sindikalak.
Kalean gertatzen ari dena sarean ikusteko aukera izango da M30 greba orokorra webgune kolaboratiboan. Twitter erabiltzailea @grebaorokorra da eta traola #m30greba.
Egoera den bezalakoa da eta bat egitea baino beste aukerarik ez dut ikusten.
50 emanaldi ispiluaren aurrean
Esan bezala, maiatzaren 23an eskaini zuten DOKA kafe antzokian Ispilua antzezlanaren azken emanaldia. Lagunez inguraturik esan zioten agur. Izan ere, ez da makala antzerki amateurraren munduan berrogeita hamar emanaldi eskaintzea, are gutxiago euskaraz.
Berandu iritsi nintzen eta Jon Plazaolaren bakarrizketa galdu nuen. Bikotearekin batera obraren soinu banda osatzen duten kantak jo zituzten zuzenean hainbat musikarik: Oreka TX, Demodé Quartet, Xabi Strubell eta Jurgi Willis Drummond, hain zuzen ere.
Zirrara izan zen nagusi amaieran. Xabino Artedramak zioen bezala, ez baita erraza zurekin hiru urteko ibilbidea egin duen antzezlanari adio esatea.
Ez dut Saioa ezagutzen, baina honek ondo baino hobeto definitu zuen Ion Martinez. Txikiri pasioa, gauzak egiterako orduan duen grina eskertu zion. Eta nik ere gauza bera azpimarratu nahiko nuke. Antiguako edo Donostiako hainbat jaitan ikusiko duzu lanerako beti prest. Emozioz beterik kontatuko dizu kristoren emanaldia eskaini zuela ez dakit non Euskal Herriko ez dakit zein antzokitan.
Izan ere, ohikoa bada jendea gurean kontzertuak ikustera mugitzea, baina arraroak dira Txiki bezalakoak teatroa ikustera alde batetik bestera ibiltzen direnak.
Ispiluaren bukaera iritsi da, baina seguru beste zerbait dutela esku artean Aldatzen Laguntzen taldekoek.
Espejo cincuenta veces representado, este apunte en castellano.
Francoren azken fusilamenduen kontrako protestak
Ulertzen dut futbola nazkaz begiratzen duen jendea. Niri ere ez zait kirol honen inguruan dagoen gehiena interesatzen, baina, hala ere, badauka zerbait.
Panenka aldizkarian agertutako artikulu bat euskaratu zuen duela gutxi Jon Tornerrek Argian. Alain Orsoni-ri eginiko elkarrizketa baten zatiak, hain zuzen ere. Orsoni Korsikako Ajaccio taldeko presidente izateaz gain, lider independentista ere bada. Bizitza arriskuan dauka eta horregatik izenburua: "Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik".
Ander Izagirreren osaba-aitona zenak, Juan Alcortak, ETAri 1980an idatzitakoak ekarri dizkit gogora: ETA: me encontraréis en Atocha.
Duela aste batzuk, berriz, Los cordones de luto artikulua bidali zidan Pablo lagunak. Bertan, Aitor Agirrek eta Sergio Manzanerak 1975eko irailaren 28ean Santanderko futbol zelaian Racing eta Elx taldeen artean jokatutako partidan egin zutena aipatzen du Raúl Gómez Samperio kazetariak El Diario Montañés-en duela aste batzuk sinatutako zutabean.
Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, García Sanz eta Baena fusilatzeko Francok emandako aginduaren kontra egin zuten protesta bi jokalariek. Zelaira ateratzeko pronto zeudela, aldageletako pasabidean jada, botetako lokarri bana lotu zioten elkarri bestearen beso batean.
Inori ez omen zioten ezer esan eta, lehen zatia bukatu ondoren, inor ez zela konturatu uste zuten, baina polizia (grisak, polizia armatua) bai konturatu zela. Lokarriak, xingolak, kentzeko esan zieten. Jokalariek esandakoa bete egin zuten eta horregatik atera ziren bigarren zatian zelaira.
300.000 pezetako isuna (1.800 euro) jarri zieten, baina, azkenean, 100.000 pezetakoa (600 euro) pagatu omen zuten. Heriotza mehatxuak jaso zituzten.
Sergio Manzanera, valentziarra, hegalekoa zen eta 27 urterekin utzi zuen futbola. Cayetano Ros-ek 2005eko urrian eginiko elkarrizketa batean irakurri dut Medikuntza egin zuela eta odontologoa dela gaur egun (Clínica Manzanera).
Aitor Agirre erdiko aurrelaria zen, bizkaitarra eta Athletic-en aritu zen ondoren. Eskerrak bi gol sartu zituela ditxosozko partida hartan eta Racingek 2 eta 1 irabazi ziola Elxi. Aitor Agirrek jatetxe bat du Getxon.
Protestas contra los últimos fusilamientos de Franco, este apunte en castellano.
P2P ekoizpenari buruzko hainbat testu
Igandean Amarauna irratsaioan blogarien tartean egotea tokatzen zitzaidan Maite Goñi eta Gorka Juliorekin batera. Gorkak P2Pri buruz hitz egiteko asmoa zuen (oporretako P2P sareak) eta hura irakurtzerakoan gogoratu nintzen Ricardo Amasték (Ricardo Antón) Colabora Bora webgunean apirilaren amaieran idatzitako artikuluarekin (#Euskadi p2p, munduko tokirik kopiatuena).
Azken hau irakurtzen nuen bitartean, David de Ugartek duela urtebete Eraldalab jardunaldietan esandakoa etorri zitzaidan burura.
Komentario asko daude Ricardo Amasté-ren artikuluan. Julen Iturbek idatzitakoa gero apunte bihurtu du eta Julenek defendatzen duen ideia nagusia da hainbat ildo eta ekintza daudela eremu honetan ere.
Horregatik interesgarria iruditzen zait kontutan hartzea Las Indias kolektiboaren webgunean topatutako hauek.
P2P ekoizpena: Indianopedian dagoen definizioa.
Krisiaren kontra, P2P iraultza industriala: duela urtebete Las Indias-ekoek abiatutako kanpaina (Iberiar penintsulan).
P2P ekoizpen moldea: Las Indias-ekoek argitaratutako liburua. 2013ko ekainean Bakalhau-k euskaraz argitaratzeko asmoa duena.
Eta Bakalhau aipatu dudanez, bi testu komunismo banatuari buruzkoak: duela ia urtebete plazaratutakoa (Komunismo banatua: testu ingurua) eta duela gutxi argitaratu dutena (Komunismo banatua: egitura). Ea 2014a baino lehen publikatzen duten hirugarrena.
Textos varios sobre el modo de producción P2P, este apunte en castellano.