Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Bost urte, Javier

Mikel Iturria 2014/04/28 22:30
Bost urte bete dira gaur, apirilak 28, Javier Ortiz kazetaria hil zela.

Dear JOR,

Bost urte pasa dira eta batzuetan ematen du berrogeita hamar bete direla Jamaikarako bidea hartu zenuenetik.

Bost urte krisi hitza ahotik kendu gabe. Ekonomikoa, politikoa, sistemikoa. Komunikabideetan ere bai, nola ez! Portzierto, Jean Valjeanek ederto kontatzen zuen bezala: zure jefe ohia El Mundoko zuzendaritza kargutik kendu dute. Bera baino botere gehiago zuen batek lepoa moztu dio.

Europako hauteskundeak dira maiatzaren 25ean. Borboiaren eremuan, sei milioi boto beharko omen ditu irabazleak. Boto kopuru horrekin irabazi zituen hauteskundeak Adolfo Suárezek 1977an eta bere kabuz saiatu zenean, Borboiak eta botere faktikoek txikitu egin zuten. Orain hil da Suárez eta ohore handiz agurtu dute. Badakizu...

Sei milioi boto aipatu ditut eta sei milioi pertsona daude langabezian chez Borbón (que nos quiere un montón). Ezinezkoa izango da, baina sei milioi boto horiek batuz gero, zer? Zoritxarrez, ez dirudi oraingoz horrelakorik ikusiko dugunik. Bide batez, gustatuko litzaidake jakitea zer idatziko zenukeen Podemosi buruz.

Bost urte. Sei milioi langabetu. Eta jarraitzen dugu Afrikako gosea eta egarria Melillan edo Ceutan ito nahian. Ez litzateke azkarragoa, inteligenteagoa, zubi bat eraikitzea ihesi joan ahal izateko? Ez beraiek; guk geuk baizik.

Banderak eta ikurrinak. Espainiako Errepublikaren bandera jarri zuen norbaitek Donostiako Udaletxeko balkoian apirilaren 13an (azken hiru urte hauetan bezalaxe). Erraldoiagoa jarri dute ikurrina Gipuzkoa plazan. Ez dut ulertu zergatia. Eta altxatzeko garaian, mareatu egin zen Garitano. Hasiera batean uste zutena baino txikiagoa izan da sustoa. Zorionez.

Tortura. José K, torturadorekin gogoratu naiz gaur eguerdian Ciutat Morta dokumentalari buruzko elkarrizketa hau irakurri dudanean: Este documental no debería haber ganado ningún premio. Ematen du inpunitatea jaun eta jabe dela oraindik eremu horietan. Bere garaian, besteak beste, Gregorio Moránek kontatu zuen La Vanguardian.

Hau ikusi ondoren, zer gehiago idatz dezaket. Ezer gutxi.

Distantzia ahanztura dela esaten dute, baina nik gertu sentitzen zaitut.

Besarkada bat.

Cinco años, Javier. Este apunte en castellano.

Garapen teknologikoak desagertaraziko dituen lanpostuak

Mikel Iturria 2014/04/21 22:00
Atzo, igandea, Euskadi Irratiko Amarauna saioko blogarien tartean software automatizatuak oinarrizko hainbat lan egingo dituela izan genuen aipagai.

Martxoaren erdialdean Bill Gatesek emandako hitzaldi baten haritik tiraka, La Vanguardia egunkariak bi orrialde eskaini zizkion gaiari: ¿Trabajo sin trabajadores? (paperean ikusi nuen nik eta sarean harpidedunentzat da soilik).

Ordubete pasatxoko solasaldia izan zuen Bill Gates-ek AEI institutuan eta bertan esan zuen 20 urte barru software automatizatuak oinarrizko hainbat lan egingo dituela eta gaur egungo lanpostu asko desagertu egingo direla.

Hilabete batzuk lehenago, urte hasieran, The Economistek erreportaje luzea eskaini zion gaiari: The Future of Jobs: The Onrushing Wave.

Desagertzeko zorian dauden lanbideak

Pasa den mendeko 70. hamarkadatik, kutxazain automatikoek bankuetako hainbat langileren lanak egiten dituzte, testu prozesatzaileek mekanografoak baztertu dituzte, ahots-teknologiak telefonistak ordezkatu dituzte, logistika eta kontabilitate software-ak kontableak baztertu ditu eta edizio elektronikoak tipografoak.

Zeintzuk dira desagertzeko aukera gehien duten lanbideak? Kualifikaziorik eskasena dutenak eta makinek hobeto eta merkeago egingo dituztenak, noski: teleoperadoreak, estolden mantenimendu lanak, aseguru enpresetako langileak, erlojugileak eta erloju-konpontzaileak, merkantzien karga eta deskarga lanak egiten dituzten langileak, aholkulari fiskalak, liburutegietako teknikariak, datu prozesatzaileak, saltzaileak, kutxazainak, pakete-egileak, mekanikariak, kreditu-analistak, harreragileak, zerbitzariak (kamareroak), gidariak (Google car delakoak Kalifornian), zaintzaileak, tren-gidariak, etxe-saltzaileak, idazle teknikoak...

1eko eskalan, 0,2tik behera aipatzen diren lanpostuak ondorengo hauek dira. Hau da, lanpostu hauek ez leudeke desagertzeko zorian: Suhiltzaileak, 0,17; editoreak, 0,006; elizjendea, 0,008; kirol entrenatzaileak, 0,007; dentistak, 0,004; aisialdirako terapeutak, 0,003.

Oxford unibertsitateko James Martinek dio hogei urte barru Erresuma Batuko lanik erdienak desagertu egingo direla eta ordenagailu eta roboten esku geratuko direla. Carl Benedikt Frey eta Michael A. Osborne bikoteak AEBetako 702 lanpostu aztertu dituzte eta beraiek diote horietako %47 desagertzeko bidean daudela (The Future of Employment... pdf formatuan; laburpen oso grafikoa hemen, Profesionales que serán sustituidos por máquinas).

Erik Brynjolfsson eta Andrew McAfee irakasleek The Second Machine Age argitaratu zuten urte hasieran (bitxikeria bat: Amazon-en ikusi dut merkeagoa dela papereko liburua, e-booka baino; 17 dolar lehenak, ia 22 dolar bigarrenak).

Liburuan irakasle hauek aipatzen ei dituzte makinen bigarren aro honek dituen arriskuak, baina baita aukerak ere. Beraiek defendatutako tesia da iraultza digitala areagotzen ari dela eta gizarte desorekatuagoa sortzen ari dela, batez ere klase ertainei eragiten diolako.

Ludismoa eta selfactina

La Vanguardiako erreportajeak, ludismoa eta selfactina aipatzen ditu (Eric J. Hobsbawmn historiagileak “errebelde primitibo” deitutakoak).

Ned Ludd 1799an hainbat ehungailu txikitu zituen ehule bat izan zen. Sinbolo bihurtu zen eta haren ekintzak ludismoa sortu zuen.

Selfactinen gatazka izena hartu zuen Katalunian: self-acting makinen kontrako protestak, milaka iruleren lanpostuekin bukatu baitzuen ehungailuak. 1854ko uztailaren 14an istilu galantak egon ziren (hainbat fabrika txikitu eta su eman zieten). Azkenik, negoziazio kolektiboa egon zen nagusien eta langileen artean.

Uber: autoa konpartitzeko aukera Bartzelonan

Irratsaioan ez genuen hau aipatu, baina Motorpasion.com webgunean irakurri dut autoa konpartitzeko Uber zerbitzua jarri dutela martxan Bartzelonan. Lehen zerbitzua apirilaren 11n egin zuten eta debalde atera zitzaien (promozioan daude, lehen 15 euroak debalde).

UberPOP zerbitzua da Bartzelonan abiatu dutena: profesionalak ez diren txoferrekin. Dirudienez, AEBetako enpresa honek eskaintzen du beste hiri batzuetan zerbitzua gidari profesionalekin.

Zeintzuk dira txoferra izateko baldintzak? 23 urte izatea, gida-baimena izatea, autoaren aseguru pertsonala eta lau ateko modeloa.

Ez da dirurik eramaten soinean eta aplikazio baten bidez kontratatzen da.

Ez dago batere garbi legala ote den jarduera hau Espainiako Estatuan. Gozoak daudenak taxistak dira eta Bartzelonakoak hasi dira protestak egiten. Frantziako Estatuan, berriz, istiluak ere egon izan dira Uber dela eta ez dela.

Las profesiones que se llevará por delante el desarrollo tecnológico, este apunte en castellano.

Josetxo Mayorren omenez

Mikel Iturria 2014/04/13 21:50
Larunbat goizean jakin nuen Ander Izagirreren bidez igande eguerdi honetan erakusketa bat zabalduko zutela Josetxo Mayorren omenez Uliako Interpretazio Zentroan.

Homenaje a Josetxo Mayor, este apunte en castellano.

27 urte baino gehiago pasa ditu Josetxok Uliako bideak garbitzen eta konpontzen. Hasiera batean aste bukaeratan, baina erretiroa hartu zuenetik egunero joaten zen bertara goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin egiten zuen kale: pentsioa kobratzeko egunean.

Josetxo Mayor nor zen Ander Izagirrek kontatu zuen Cuidadores de mundos liburuan. Ulian 25 urte bete zituenean, erlojua oparitu zion Donostiako Udalak (lehendik emana zion herritarrei ematen zaien merezimenduzko domina).

Total: gaur goizean abiatu garela Uliara ekitaldia ikustera. Bizikletan lehenengo partea, oinez bigarrena. Ander Izagirrerekin joan gara lagun batzuk eta berak bertan esplikatu dizkigu Josetxoren hainbat istorio. Eta han bueltaka genbiltzala hara zein agertu den.

Ez esan ez dela polita protagonista eta kronista biak batera horrela ikustea! Iloba batek oparitutako Realaren intsignia zuen jertsean eta Donostiako Udalak emandako erlojua eskumuturrean ("el reloj de Bildu" esaten dio berak).

Eta hona hemen Avenida Josetxo famosoa (argazkia David González Ketarirena da, ekitaldian egon zen beste bat). Atzo jakin genuen badagoela Josetxo Bidea esaten dion jendea (avenida ez zaielako gustatzen).

Gero Ulia Interpretazio Zentrora hurbildu gara eta hantxe egon gara ordubetez Josetxoren istorioak entzuten. Bost bat minutuko bideoa bota dute hasieran eta gero jendearen galderak erantzun ditu omenduak. Anekdota mordoa kontatu du eta solasaldi polita egin dugu lagunartean.

Hilabete batzuk daramatza Josetxok Uliako bazterrak garbitu eta konpondu gabe. Aldakan egin ziotela ebakuntza ulertu diot, baina ari da bizkortzen gizona.

Erakusketa ekaina arte egongo da Uliako Interpretazio Zentroan. Argazki batzuk eta bideoak osatzen dute. Xumea bezain zintzoa, omendu nahi duen protagonista bezalakoa.

Oharra: bihar egongo omen da sarean bideoa. Horrela bada, nik hementxe jarriko dut.

Oyarzundik Oiartzunera

Mikel Iturria 2014/04/09 23:10
Giza Eskubideen Zinemaldian bota zuten astearte iluntzean Ander Iriarte zinemagile oiartzuarraren “Echevarriatik Etxeberriara” filma. Ezker abertzalea nagusi den herri baten kronika (1975-2014).

ETAk agur esan zuenean aipatu nuen AmaiETA apuntean the organizationen inguruko nire lehen oroimena 1975eko azaroaren 24an Antonio Echevarria (Etxeberria) alkatearen hilketa izan zela. Ume moko bat nintzen eta ez nekien horrek burrunba sortu zuela Oiartzunen. Hainbesterakoa izan zen burrunba Ander Iriartek une jakin hori baliatzen duela filmari izena emateko. Baina gero alkate ohia ez da apenas ateratzen Echevarriatik Etxeberriara filmean.

Zergatik? Oiartzungo ezkertiarrak eta abertzaleak direlako dokumentalean agertzen direnak. Tartean bigarren Etxeberria bat, Rufi, ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Baina jende ezezagunak kontatzen duena egiten zait interesgarriagoa niri.

Ixiar Galardik 19 urte zituela eraman zuten kartzelara 1982an eta 20 urte pasa ondoren askatu zuten 2002an (Pareak bai honetan ageri da laburrean haren historia; zeharka 1998ko tregua garaian Las razones de Itziar honetan ere). Dokumentalaren hasieran tinko agertzen da, gogor, baina kamera aurrean pasatako denboraren eraginez edo, eragindako minaz hitz egiten du, baita berak eta ingurukoek pairatutakoaz ere. Zerbaiterako balio ote zuen min horrek guztiak? Zergatik onartzen da orain Espainiako legeria? Zergatik ez ziren urrats horiek askoz ere lehenago eman?

Ixiarrek kontatzen du Joseba Errekalde txikitako lagunarekin harremanak eten zituela hau Aralarko zinegotzi aukeratu zutenean (ezker abertzale tradizionala legez kanpo zegoela uste dut).

EAko zinegotzi izandako Mitxelenari katu beltza jarri zioten etxeko atarian. Ez omen du ezagutzen inor herrian horrelako abisua izanda bizirik dagoena (Echeverria alkateari ere jarri omen zioten hil aurretik, baita hil zuten beste zinegotzi bati ere). Prest dago gizona garai haiek aparkatzeko (ez ahazteko) eta aurrera egiteko.

Parentesia ireki. Ez da filmean agertzen, baina Xanet Arozenaren izena etorri zait gogora. 90. hamarkadan Egan taldeko musikari izateaz gain, EAko zinegotzia. Udaletxea utzi behar izan zuen 1996an taldearen kontrako boikota zela eta. Itxi parentesia.

Bikilaren semea da Ander eta agertzen da Bikila filmean. Makina bat gauza izango zituen kontatzeko ba zaharrak, baina ez zituen kontatu nahi edo semeak ez zuen ateratzen asmatu.

Martiarenaren alaba izandakoa da Lide urte luzez. Preso baten bikote beste hainbat urtez. Bera izaten saiatu da beti Lide Martiarena. Prentsaurrekoan eta jendaurrean agertu da oraingoan, nahiz eta berak ez zuen agertu nahi. Baina beharrezkoa da enpatizatzeko gaitasuna duen jendeak hitz egitea eta jendaurrean azaltzea.

Gazte jenderik ez da agertzen dokumentalean. Aurpegia ez dute ematen behintzat, baina bai jartzen duela ahotsa gazte batek izandako torturak kontatzerako orduan.

Bi teoriko ere azaltzen dira: Joseba Zulaika (bideo-konferentziaz) eta Ludger Mees.

Chema Herzog zegoen jende artean. Esango nuke semearekin joan zela filma ikustera. Meritua badu tipoak ezker abertzaleari buruzko film bat ikusteko interesa izateagatik. Anderrek gogoratu zuen proiekzioaren ondorengo solasaldian ondo ikusten dugula horrelako pertsonen ahotsak PPn, baina toki guztietan behar-beharrezkoak direla ahots diferente horiek.

Periodiko batzuetan agertu da Anderrek berak gaur egungo Oiartzungo alkateari botatako galdera. Ea Antonio Echeverriaren aldeko oroigarririk ikusteko aukera izango ote dugun egunen batean herrian. Baietz Aiora Perez de San Romanek, beharrezkoa dela min guztiak aitortzea.

Irakurri ditut hortik zehar hainbat komentario filma oso alde batekoa dela eta ezker abertzale anitza agertzen duela. Nire ustez horiek biak dira ba interesgarri egiten dutenak dokumentala. Luzeegia dela? Tira. Inperfektua? Bai, lehen lana du Anderrek eta.

Lagun batek, Joserra Senperenak, esan zidan pelikulak Asier ETA biok filmaren freskotasuna zuela. Agian zuzendariak kanpoan pasatako urteen eraginez.

Espero dezagun Oiartzun bezalako herri batean pelikula honek mingainak eta gerriak askatzeko balio izatea.

De Oyarzun a Oiartzun, este apunte en castellano.

Aldaketak Internet bidezko sarrera salmentan Gipuzkoan

Mikel Iturria 2014/04/01 19:45
Atzo idatzi nuen apuntetxo bat Elkano Browning Creami buruz eta bada beste detaile bat oharkabean pasatzea nahi ez dudana: sarreren salmentarena.

Dirudienez, Kutxabank-ek erabaki du albo batera uztea Internet bidezko sarreren salmenataren negozioa eta, Gipuzkoan behintzat, aste edo hilabete batzuk barru Kutxasarrerak-ek ez du zerbitzurik emango. Orain arte erakunde horrekin kontratua zutenek, hornitzailearekin konpondu beharko dira, hala nahi izanez gero. Ez dakit zein den arrazoia, baina nik behintzat ez dut ulertzen.

 

Gauzak horrela, Diario Vascok egin du mugimendu bat. Vocentok egin duela esango nuke: oker ez banago, entradas.com webgunea taldekoa baita (oharra: ba ez dirudi Vocentorena denik, albiste honen arabera CTS Eventim talde alemaniarrak erosi berri du).


Ikus dezagun Elkano Browning Cream-en kasua:

 

1.- Elkarrizketa bat eman dio taldeak El Diario Vascori eta bideo bat ere badago. Alde horretatik ez dago berrikuntzarik.

 

2.- Baina erreparatzen badiozue, badago lotura berri bat albistean: sarrera salmenta. Orain, Le Bukowski-ko emanaldirako sarrerak entradas.diariovasco.com-en eros daitezke (baita hemendik kanpoko beste emanaldi batzuenak ere).


Sarrera salmentaren lotura hori egunkariaren  webgunearen azaleko menuan dago ere.

 

Urrats estrategiko bat da. Ona, gainera.

 

Nire zalantza: beste norbait espabilatuko al da?


Cambios en la venta de entradas online en Gipuzkoa, este apunte en castellano.

Elkano Browning Cream eta kale musikaria

Mikel Iturria 2014/03/31 22:55
"Uh Eh" diskoaren aurkezpen biran murgildurik, Mikel Azpirozi entzundako istoriotxo bat.

Mikel Azpirozek Gaua diskoa aurkeztu zuen larunbatean Victoria Eugenia Cluben. Ez nintzen joan beste plan bat suertatu zitzaidalako. Asteazkenean, apirilaren 2an, Donostiako Le Bukowski-n egongo da Elkano Browning Cream hirukoaren lan berriena aurkezten eta hurrengo egunean, apirilaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian.

Iluntzean, elkarrizketa egin dio Arratsaldea saioan Arantxa Iturbek. Ez dut ondo entzun, baina atentzioa deitu dit Azpirozek kontatutako anekdota batek.

Madrilgo Fuencarral kalean ikusi omen zuen behin kale musikari bat. Asko gustatu zitzaion (ahotsa, oker ez banago) eta harremanetan egoteko datuak (zaharrek señak esango lukete) trukatu omen zituen Mikelek ezezagun harekin.

Elkano Browning Cream-en lan berrirako berarekin akordatu zen Azpiroz eta parte hartu du grabazioan. Normala den bezala, kale musikariak harrituta jaso zuen deia.

Hirukotearen bira Madrilera iritsiko da laster (apirilaren 5ean Clamores aretoan) eta bertan pare bat egunez geratuko omen da Azpiroz kale musikariaren kanta batzuk grabatzeko. Grabazio hori CD bihurtu eta kalean saltzeko aukera izan dezan lagun ezezagunak.

Bideo labur honetan Mikelek dio musika esperientzia antropologiko gisa bizi nahi duela. Uste dut horrelako esperientziak dituela buruan esaldi zehatz hori erabiltzen duenean.

P.S.: musikariaren izena Sunny Abbey da.

Elkano Browning Cream y el músico callejero, este apunte en castellano.

Hildakoen beatifikazioak

Mikel Iturria 2014/03/25 22:10
Gauza bat da hil berri direnengatik gutxieneko errespetua izatea. Bestea, beatifikazio okagarriak jasan behar izatea.

Iban del Camporen Un tal Eusebi dokumentalean badago gaur hona ekarri nahi dudan une gogoangarri bat. Bartzelonako kaleetan barrena bizilagunei eta turistei marrazkiak egiten dizkien jubilatu bat da Eusebi. Dokumentala duela hamar bat urte grabatutakoa da, baina uste dut oraindik ere bizi dela gure gizona. Dokumentalean agertzen da artistaren marrazkiak (700 edo 800) gordetzen dituen arrain saltzaile bat eta, gutxi gorabehera, horrelako solasaldia dago bien artean.

"-¿Cuándo se valora la obra de un artista? (Noiz baloratzen da artista baten lana?)"

"-Cuando se muere... (Hiltzen denean...)" erantzuten dio Eusebik.

"-Pues a ver si te mueres esta tarde... (Bada ea gaur arratsaldean bertan hiltzen zaren...)" zirikatzen dio arte bildumazaleak.

Bideo honetan 18. minututik aurrera.

Ez dakit beste herrietan berdin jokatzen den hil berri den jendearekin, baina Espainiako Estatuan CT delako kulturaren (Trantsizio garaiko Kultura) garai hauetan okagarria da figura politiko hil berriengatik medio ofizialek esaten dituztenak (Internetek, zer esanik ez Twitter-ek, kontrapisua egiten badu ere).

Azkuna Bilboko alkatea eta Suárez presidente espainiar ohia hil dira bata bestearen atzetik egun hauetan. Ez nituen gehiegi maite, baina prest nengoen errespetu minimoa gordetzeko. Adibidez, ezin beste alde batera begiratu biek ala biek pasatako kalbarioa gogoratzerakoan (Azkunak berak esana omen da ez ziola etsaiei ere desio berak sufritutakoa).

Ez dut ulertu nolatan jarraitu duen Azkunak azken momentura arte alkate postuan. Mito bat sortzeko? Nork bultzatu du hori? Suarezi dagokionez, 1981ean bera bakar-bakarrik utzi zuten askok gaur hitz hanpatuak dituzte haren alde eta badirudi Barajas aireportuak haren izena eramango duela. Alzheimerrak garaitu duenez, askoz ere zentzu gehiago duen jendeak dio hobe dela Alzheimer-aren aldeko Estatu politika sendoa egitea haren figura ondratu nahi bada.

Amaitu baino lehen, behin baino gehiagotan hona ekarri dudan pertsona baten testu berri bat. Pepe Rodriguezek txiokatutako Javier Ortizen hau: "Los muertos" (Hildakoak). Bi esaldi azpimarratuko nituzke:

"Deberíamos llegar a un gran acuerdo colectivo sobre el uso de los muertos." (Akordio kolektibo handia lortu beharko genuke hildakoen erabilerari buruz).

"A mí me importa un bledo hablar mal de los muertos, incluso cuando todavía están calentitos. Hace años, inicié una columna diciendo: «Ha muerto el tenista Vitas Gerulaitis. Era un imbécil". (Niri bost axola zait hildakoei buruz gaizki esaka ibiltzea, baita hil berri direla ere. Duela urte batzuk, zera esanaz hasi nuen zutabe bat: «Vitas Gerulaitis tenisa hil da. Ergel hutsa zen»).

Las beatificaciones de los muertos, este apunte en castellano.

Harri eta zur

Mikel Iturria 2014/03/03 22:25
Espero dezagun negu gogor honen ondoren, udaberria etortzea.

Heriotzak

Otsailaren 28an bete zen urtebete aita hil zela. Hurrengo egunean, martxoaren 1ean, Fleya Ugaldek utzi gintuen. Bi heriotzak lotuta geratu dira niretzat.

Ziurtasunak

Laster bost urte Javier Ortiz hil zela eta haren apunteak, besteak beste, asko botatzen ditut faltan inguruan gertatzen ari dena ulertzeko. Harri eta zur begiratzen baitiot inguruari (gero eta gutxiago ulertzen dut). Txunditzen nau (ustez) inolako zalantza izpirik gabe honetaz eta hartaz iritzia ematen duen jendea. Eta niri, aldiz, gero eta gehiago kostatzen zait idaztea. Baina ez naiz ari apunte bat idazteaz (hori jada lan monumentala iruditzen zait), txio txoro bat botatzeaz baizik.

Troika Go Home!

Duela hogei bat urte edo, Espainiako erregea etorri zen Donostiara. Uste dut uda garaia zela. Inguruko agintariak eta gizarte zibileko ordezkariak deituak izan ziren Miramar Jauregian egin zen harrera ekitaldira. Javier Ortiz El Mundo del País Vascoko ordezkari gisa joan zen.

Halako batean, kanpora atera zen zigarro bat erretzera. Kanpoan beste tipo batekin egin zuen topo. Biak badiara begira zeuden eta bertatik ikusi edo entzun egiten ziren Borboiaren kontra deitutako mobilizazioen ondoren sortutako istiluak. Javierrek besteari: “Eta hau zertara etorri da hona? Ez du ikusten zer nolako harrera egiten dion jendeak?” (edo antzeko zerbait). Besteak ez zuen ezer esan. Ortiz barrura sartu zen eta bertan batek: “Zertaz ari zinen Sabino Fernández Camporekin?”

Inpresio bera izan dut gaur goizean ikusi ditudanean Borboia, Nazioarteko Moneta Funtsa eta gainerako troikakideak Bilbon. Zoazte etorritako bidetik!

Botín

Ez nuen saioa ikusi, baina twitter bidez jakin nuen atzo Jordi Évolek galdetu ziola Pedro Jotari Botíni buruzko zutabe bati buruz (bost minutuko lehen bideoaren amaieran). Ortizek kontatu zuen gertatutakoa Historia de una columna apuntean.

Bertsolariak, bizilagunak, poetak

Ez dugu inon ikusi bertsolarien bertsioa (martxoaren 6ko oharra: Arzallusek eta Maiak idatzia bidali dute El Paísera), baina atzo El Paísek argitaratu zuen boikota egin ziotela Iñaki Recarteri. Recarte Irungoa da eta gaur egun Donezteben bizi da, hogei bat urte kartzelan pasatuta. Arazoa zein da? Nanclares bidea jarraitu zuela? Badakit kostatuko dela aurrera egitea, baina egin beharra dago.

Sánchez-Ostizen bidez iritsi naiz La Chula Potrarengana. Duela egun batzuk idatzi zuen gertaera horri buruz. Poeta gisa Arzallusengandik gertu, baina ama eta tabernari gisa Recarterengandik gertuago:

“Conecto mucho con esa familia porque ellos también se pegan horas y horas encerrados en su bar dando servicio, porque su hija también se está criando con los clientes, como la mía. Intentando llevar adelante una vida que para todo el mundo y en cualquier parte, es una lucha”.

...

“Pero es que yo soy poeta, y me siento parte de una tribu interior con Amets. Siempre reivindico la función social del poeta como aquel que puede hablar más, porque utiliza el lenguaje del corazón, que es más amplio que el que ofrece la cabeza. Los poetas estamos para mostrar las cosas desde otro punto, no porque nuestro punto de vista sea mejor, sino porque es diferente, y por serlo, amplia la visión, y eso siempre es positivo”.

Bapo.

Bonus track

Martxoaren 3a da gaur. 1976ko martxoaren 3a gogoan. Salvador Puig Antich gogoan.

Estupefacto (como estado natural), este apunte en castellano.

Maite Larburu

Mikel Iturria 2014/02/25 23:40
Apuntatu artista honen izena.

Duela astebete pasatxo ikusi nuen 2013ko Kimuak uzta. Tartean zegoen Asier Altunak zuzendutako Zela Trovke. Protagonista Amsterdamen bizi den Maite Larburu musikaria da.

Oso ondo dago kokatua film laburra Kimuak katalogoan: amaieran botatzen dute eta Larbururen argitasunak (nola betetzen duen pantaila!) bukaera ezin hobea ematen dio 2013ko uztari.

Oker ez banago, Hernanikoa da Larburu, baina urteak daramatza etxetik kanpo antzinako musika jotzen Europan barrena. Azken urteetan Amsterdam du bizitoki. Duela urte batzuk Orain-en agertu zen.

Ikusi dezakezuenez ez du bakarrik musika jotzen. Eta ez du bakarrik antzinako musika jotzen. 2013ko Durangoko Azokan Josh Cheatam-ekin batera sortutako Neighbor proiektuaren Ura patrikan izeneko diskoa aurkeztu zuen, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin ateratakoa. Berriki Asier Altunak Ezin bideo-klipa egin die.

Bonus track

Maite Larbururi buruzko informazio bila, 2013ko irailean Amsterdam-en Harkaitz Canorekin batera izandako solasaldi publiko bateko hogei minutu eskas irauten duen bideo honekin egin dut topo.

Maite Larburu, este apunte en castellano.

High-Energy da Goiener

Mikel Iturria 2014/02/16 21:05
Ez naiz musikaz ari. Energiaz baizik.

Atarikoa

Arazo larria dugu Euskal Herrian: dependentzia energetikoa izugarria (%90etik gorakoa). Are gehiago EAEko hiru lurraldetan (ia %95ekoa). Irakurri La grave dependencia energética de Euskal Herria (pdf). Espainian %75aren bueltan ei dago (Energía en España).

Korapiloa

2013ko maiatzean, Olatu Talka jaialdiaren barruan antolatu zen Eraldalaben bigarren edizioan izan nuen Goieneren berri. Kontutan hartzekoa iruditu zitzaidan, baina ez nuen inolako urratsik eman.

Urte amaieran, konpainia handien jukutriekin nazkatuta, aldatzeko garaia iritsi zela erabaki nuen. Are gehiago, egun batean etxera Iberdrolaren izenean omen zetorren tipo baten bisita izan nuenean. Faktura eskatu zidan eta esan nion ez kontatzeko ezer gehiago: Iberdrola utzi eta Goiener-eko kide egingo nintzela.

Urte honen hasieran, urtarrilean, Goiener-eko kide bat egon zen Pintxos & Blogs batean energia elektrikoaren merkatuaren jardunaldi batean.

Handik egun batzuetara irakurri nuen Daniel Pérez-en artikulu hau: Empezar el año con buena energía. Bertan, Pérezek merkatu elektrikoaren lau atalak deskribatzen ditu: produkzioa, garraioa, banaketa eta merkaturatzea. Espainiako Estatuan, energiaren garraioa (goi-tentsioa) Red Eléctrica de España enpresaren eskuduntza da. Energia elektrikoaren banaketari dagokionez (behe-tentsioa eta tentsio ertaina) zonaldeka dago zatituta eta enpresa handi batzuei dagokie.

Merkatuaren bi ataletan dugu herritarrek parte hartzeko aukera: alde batetik, produkzioan; bestetik, merkaturatzean. Lehengoa konplexua bada ere, bigarrena oso erraza da. Hainbat eskaintza daude jada merkatuan, 2009an merkaturatzea liberalizatu zenetik. Daniel Pérezek hainbaten berri ematen du artikuluan: Som Energia, Holaluz.com, Goiener, Gesternova

Otsaila hasieran, Goienerreko bazkide egin nintzen. Hori baita lehenengo urratsa. Kooperatiba bat da eta, gutxienez, 100 euroko partaidetza behar da. Di-da egiten da. Hurrengo urratsa kontratua beraiekin egitea da: ez da zaila, baina paper batzuk bete behar dira, e-mail edo posta tradizionalez bidali eta hortik aurrera beraiek egiten dute aldaketa.

Zergatik Goiener? Santiago Otxoa de Eribek elkarrizketa honetan esplikatzen duen bezala, "Energia berriztagarriak bultzatu nahi ditugu". Horregatik eta baita gertuen daukadana delako. Izan Hori da duten konpromisoa: beraien bidez jasotzen duzun energia %100ean dela berriztagarria. Otxoa de Eribek dioen bezala, kooperatibak pauso gehiago eman nahi ditu produkzioaren alorrean.

Pintxos and Blogs-en egon zen Olatz Azurzak aipatu zuen Espainiar Estatuko etxe guztiak energia berriztagarrien bidez hornitzeko energia nahikoa zegoela merkatuan.

Txorakeria

Amaitzeko, Goiener eta High-Energy arteko hitz joko horrekin nenbilela, deskubritu dut High-Energy musika mota bat dela, 80. hamarkadan indarrean egon zena. Abiapuntua Donna Summers-en I Feel Love izan zen, 1977koa. Seguru ezaguna egiten zaizula erritmoa. Espero dezagun hemendik aurrera ere Goiener eta antzeko iniziatibak ezagunak egitea. Amen.

Goiener es High-Energy, este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter