Rafael eta Javier elkarrekin Jamaikan
Hogeita lau ordu eskas daramatzat Chirbesen heriotza digeritu nahian. Hartu ez baino handik minutu gutxira erantzuten duzun telefono deia. Ezin irudikatu zioa. Etxe bat baino handiagoa den zaplastekoa zerbezak hartzeko geratu den arratsalde batean.
Chirbes hil egin da. Berak 2010eko apirilean Koldo Mitxelenan Javier Ortizen omenaldian esan zigun bezala, Javierrek ez gintuen utzi: Javier hil egin zen. Gauza bera gertatzen da orain Rafarekin: Chirbesek ez gaitu utzi, Chirbes hil egin da.
Javierrengatik eta Charorengatik ezagutu nuen eta azkenean lortu genuen 2007eko abenduan Ernest Lluch Kultur Etxera ekartzea "Crematorio" nobela aurkeztera (Chirbes en Anoeta). 2009ko apirilean hil zen Ortiz eta A Javier Ortiz irakurri zuen Rafak Radio Euskadin Javier Vizcaínok egindako omenaldian.
Gero bitan etorri zen: Ortizen omenaldira eta "En la orilla", aurkeztera Ernest Lluch Kultur Etxean (jada Iñaki Gabarainen garaian). Harkaitz Canorekin aritu zen bertan solasean eta, behintzat, audioa geratzen zaigu.
Kaka zaharra da Rafa bezalako jendea hiltzea, pertsona maitagarria, ahoa ireki bezain pronto harrapatzen zintuen horietakoa. Eta idazle aparta, gainera.
Normalean nik deitzen nion, baina oso ondo gogoratzen dut nola deitu ninduen suminduta "Ocho apellidos vascos" ikusi ondoren. Ez zuen ikusi nahi, baina telebista kanal batean topatu eta azkenean ikusi. Oso pelikula atzerakoia zela esan zidan, pasa den mendeko landismoa ona egiten zuena.
Bitan bisitatu nuen. Lehenengoan bere bizitokiko inguruak eman zizkigun ezagutzera, Alfonso Armadak No hay riqueza inocente elkarrizketan aipatzen duen jatetxea barne (Un cuiner a l'escoleta de Sagra). Bigarrenean Denian geratu ginen, hondartzan. Gero, Beniarbeig-eko taberna batean, gizon bat hurbildu zitzaion Rafak utzitako 50 euroak itzultzera.
Pena handia daukat Wert eta erregearen aurrean ez entzuteagatik jada prest zituen "esker oneko" bi orrialdeak irakurtzen, gobernuari Chirbesen obra posible egin zuen giza eta kultur arloetan eginiko birrinketa "lana" eskertuz ("El mismo Gobierno que crea el malestar a mis personajes es el que ahora me premia"). Izan ere, sariari zegokion ordain ekonomikoa jaso bazuen ere, oraindik ez zioten saria bera entregatu.
Solasaldi batean animatu nuen testua publiko egitera. Halako batean esan zidan seguruenik Wert-ek dimisioa eman ondoren ezagutzera emango zuela (garai hartan jada ministerioa utzi behar zuela zabaldu zen). Ez zuen egin eta ez dakit zergatia. Bertan aipatzen ei zuen zertara bideratu zituen Narratiba sariko 20.000 euroak. Rafaren etikak sariari uko egitea galarazten baitzion. Ez dakit zertara bideratu zuen, baina badakit ez zela diruarekin geratu eta gizarte zein kultur helburuetara bideratu nahi zuela (Eguneratzea: Javier Rodríguez Marcos kazetariak ere gauza bera dio).
Orain bere obra geratuko zaigu bakarrik (ez da gutxi!) eta oso gustuko ez zituen elkarrizketak, nahiz eta oso atseginak izan irakurleentzat.
Jamaikarako bidean egongo da beste maisu batekin topo egiteko. Beste telefono bat gutxiago ontzia nora bideratu ez dakizunean.
Javier eta Rafa, Ortiz eta Chirbes: bete ezin den hutsunea uzten duzue.
Abuztuaren 18ko eguneratzea. 19:40. 2010eko apirilean Javier Ortizen omenaldian Chirbesek izandako partehartzearen bideoa). Bideoa bukaeran jarrita dago.
P.S.: euskarazko hainbat elkarrizketa ondoren.
2008an Aritz Galarragak eginiko elkarrizketa (Argia)
2010ean Jon Benitok eginiko elkarrizketa (Berria)
2013an Juan Luis Zabalak eginiko elkarrizketa (Berria)
2013an Hasier Etxeberriak eginiko elkarrizketa (Sautrela, ETB). 2007aren bukaeran ere egin zion Hasierrek, baina ez dut Nahieran topatu.
Eta hau, 2013ko azaroko audioa. Ordubete kontu-kontari.
Rafael y Javier juntos en Jamaica, este texto en castellano