Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna
Bloga alde batera utzita ibili naiz azken hilabetean. Etxeratu eta nondik nora ibili naizen kontatu nahi nuen hemen bertan, baina erritmoa hartu ezinik nabil.
Urriaren 2an hartu genuen abioia eta urriaren 31n etxeratu gara. Tartean kilometro mordoa korritu ditugu. Adibidez, 16 egun autoz Kalifornia, Nevada eta Arizonako errepideetan zehar, guztira 5.000 kilometrotik gora egiteko.
Hauxe izan da bidaia egunez egun:
Urriak 2. Donostia - Bilbo - Madril - New York eta bertan urriaren 5era arte.
Urriak 5: New York - San Frantzisko eta bertan urriaren 12ra arte.
Urriaren 12an autoa alokatu genuen eta Mariposara joan ginen bertatik Yosemite egiteko 13an eta 14an.
Hilaren 15ean Amargosa Valleyra (Nevada) jo genuen, urriaren 16an Death Valley egiteko.
Urriak 17: Las Vegasetik pasa eta Williamsera (Arizona). Bi gau 18an Grand Canyon egiteko.
19an, berriz, Williams-etik Phoenix-era, Sedonatik barna.
Urriaren 20an: Phoenix - San Diego (Kalifornia) eta hantxe geratu ginen 22ra arte.
Urriak 22: San Diego - Dana Point - Newport Beach - Arcadia. Bi gau bertan Los Angeles (Hollywood / Santa Monica) bisitatzeko.
Urriaren 24an, Malibutik pasa eta San Luis Obispon (SLO) hartu genuen ostatu.
Hilaren 25ean Salinasera joan ginen. Bi gau egin genituen bertan Monterey, Carmel-by-the-Sea eta Big Sur (Morro Bay arte) bisitatzeko.
27an, Salinas-etik San Frantziskora jo genuen eta aprobetxatu genuen azken hiri honen aldamenean dagoen Tiburon ezagutzeko. Arratsaldean autoa entregatu genuen jasotako tokian.
Beste bi egun, 28 eta 29, San Frantziskon eman ondoren, 30ean bueltako bidaia egin genuen: San Frantzisko - New York - Madril - Bilbo - Donostia. 24 orduz bata bestearen atzetik hiru hegaldi hartzeko.
Gaur hiru kontu jorratuko ditut soilik.
1.- New York-en hiru gau egin genituen San Fermin Apartments-etan. Lagun batzuk gomendatu ziguten eta oso gustura egon ginen. Harlem-en dago, 145 kalean. Bikote nafar batek darama eraikin berean bospasei apartamentu dituen negozioa: Bernardo Zozaya eta Maite Mateo.
2.- Hardly Strictly Bluegrass festibalean murgildu ginen urriaren 5etik 7ra, San Frantziskora iritsi eta berehala. Bertako Golden Gate Parkean egiten den jaialdi honek 18. edizioa bete du aurten. Warren Helmann musikazalearen proiektu hau, egun bere eta Chris emaztearen seme-alabek osatutako fundazioak kudeatzen du. Ez da ezer pagatu behar eta fundazio horrek jartzen du dirua. Ez dakit aurten zenbat jende bildu den bertan, baina irakurri nuen 500.000 ikusle elkartzen direla urtero. Urriko hiru egun horietan Mavis Staples, Jeff Tweedy, Los Lobos, JD Mcpherson, Nick Lowe & Los Straitjackets eta urtero bertan aritzen den Emmylou Harris (2018ko Hardly Strictly Bluegas jaialdiaren programa osoa).
3.- San Frantziskoko herritarrek Proposition C izenekoak aurrera egitea erabaki zuten azaroaren 6an, botoen %60arekin. Gai potoloa dago tartean: Homelessness in the San Francisco Bay Area (lotura honetan informazio asko daukazue).
Zer da proposamen hau? 50 milioitik gorako diru-sarrerak dituzten enpresek tasa bat pagatzea etxerik gabekoen arazoa bideratzeko. Enpresa handiek pagatu beharko lukete, baina Twitter-eko eta Squareko burua (Jack Dorsey) kontra azaldu da, baita Lyft ere (Uber guay-a). Laburbiltzeko, 74 miloidun dituen hiri horretan bakarra ari da horren aldeko kanpaina egiten: Salesforce enpresako burua, Marc Benioff.
San Francisco Chronicle-k editorial hau atera du kontra: Why SF should reject Prop. C, baina Heather Knight zutabegilea, berriz, alde dago eta horrelako erreportajeak egiten ari da: A word about SF Prop. C from a person who knows homelessness firsthand. Periodikoak berak SF Homeless Project gune hauxe dauka.
Arazoa latza da eta, hiria lehen aldiz bisitatu dudan honetan, ezin izan naiz ohitu kalean hainbat etxegabekoak ikustera. Diotenez, 7.000tik gora lagunek egiten dute egunero lo kalean (900.000 biztanlera iristen ez den hiri batean, %1etik gertu dago).
Tira, gaurkoz nahikoa. Argazki gutxi batzuk argitaratu ditut esteka honetan. Datozen egunetan gehiago jarriko ditut.
Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos, este apunte en castellano.
Eguneratzeak:
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (II). San Frantzisko.
Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (III): Alamoren kontra borrokan.
Teoria eta praktika
Presioz beterik bizi gara gaur egungo gizarte honetan: gehienok nahi baino askoz ere gauza gutxiago egitera iristen gara eta horrek frustrazioa sortzen du.
Ematen du dena dugula eskura eta gauza guzti horiek egin behar ditugula. Eta ez da horrela.
Lasaiago bizitzen ikasi beharko genuke. Aspaldiko lagun batek beti esaten didan bezala: teoria denok ondo baino hobeto dakigu, baina praktikan huts egiten dugu.
Pasa den astean jendearentzat ezaguna den pertsona batekin egon ginen bi lagun. Ardura handiak ditu eta fokupean bizi da.
Aurrez aurre egiten genuen lehen hitzordua zen. Hainbat konturi buruz ari ginen modu erlaxatuan solasean. Halako batean, pertsona honek esan zigun: «Nire lagun batek esaten duen bezala.... Tira... Nire terapeuta da. Hau da, psikologo batengana joaten naiz, batzuetan beharrezkoa baita horrelako profesionalen eskuetan jartzea, beste ikuspegi batzuk izateko».
Ez naiz hitzez hitz ari, baina garrantzitsua da ideia: psikologoarengana doala.
Nirekin zegoen lagunak esan zion oso ondo irizten ziola laguntza profesional hori izatea eta, are gehiago, ezagutu berri zituen bi pertsonen aurrean hain modu naturalean adieraztea hori.
Interneteko garai hauetan, noiz arte iraungo duen jakitea zaila den sare sozialen unea bizitzen ari gara bete-betean. Interneteko haurtzaroan edo nerabezaroan gaude, heldutasunera iristeko zain.
Sare sozialetan kategoriko agertzen gara, baina hori askotan gure beldurren proiekzio bat besterik ez da. Ez baikara hain erraldoiak eta denok baikara nahi baino ahulagoak, hauskorrak. Gure ahuleziak ingurukoekin partekatuko bagenitu, elkarrekin errazago dela konturatuko ginateke.
Alfonso Zapico komikigilearen hitzekin bukatu nahi dut apuntetxo hau: amankomunean ditugun gauzak bilatzen saiatzen diren lagun horiek goraipatzen zituen, ez hainbeste diferentziak azpimarratzetik bizi direnak.
Hilabetez ez dut blog hau berrituko. Atseden garaia da. Azaroan elkar ikusiko dugu.
Teoría y práctica, este apunte en castellano.
Amona Joakina
Ume moko bat nintzela hil ziren amona Ramona (aitaren ama) eta aitona Joakin (amarena). Aitaren aldeko aitona, berriz, aitak 15 egun zituela hil zen. Beraz, amona Joakina da gaztaroan ezagutu dudan bakarra.
Halere, amona Ramonaren irudi bat daukat buruan gordeta. Leihotik begira nago, sukaldeko harraskan igota eta handik kanpoan dauden gurasoak ikusten ditut. Beraiek autoan (Seat 600) sartu eta badoaz, amonak ni eusten nauen bitartean. Agur esaten diet.
Hori jada ez dut gogoratzen, baina amak beti esan izan dit txikia nintzela gauez ez nuela batere lorik egiten. Eta nik egiten ez banuen, gurasoek ere ez. Goizean goiz, amona Ramonaren ohean sartzen nindutenean berak hitz politak omen zituen niretzat: «Akabo loa! Ume puta hau!».
Gurasoak nekatuta zeudenean, oso gustura hartzen ninduten amaren baserrian. Han ni nintzen biloba bakarra. Amona Joakinaz gain, bere ahizpa bat eta bizpahiru osaba bizi baitziren bertan eta gainerakoak ere handik zehar ibiltzen ziren.
Gogoratzen dut behin kaka egin nuela baserriaren beheko aldean zegoen arropak garbitzeko harraskaren ondoan. Izeba bati esan nion baina, kaka amona Joakinarena zela.
Esan bezala, aitona hil ondoren, amona eta bere ahizpa adinduak zirenez jada, Irungo Ventas auzora jaistea erabaki zuten. Pisu bat hartu zuten bi ahizpek eta nire bi osaba zaharrenek.
Eskolaren ondoan zegoen eta askotan joaten nintzen bertara: bazkaltzera eta baita amonarekin lo egitera. Izan ere, osaba mutilzahartuek beste lehentasun batzuk zituzten garai hartan eta bi ahizpak bakarrik egoten ziren beraiek nahi baino gehiagotan.
Amona Joakina beti lanean gogoratzen dut: etxeko lanak egiten, bazkaria prestatzen, zaintza lanetan (gaixo zegoen ahizpa eta bere bi semeak).
Koskortu eta eskola utzi nuenean, Irungo Pio Baroja institutura egin nuen mudantza. Handik aurrera gutxiago ikusi nuen, nik ere beste lehentasun batzuk bainituen. Gainera, Tio Periko eta haren familiak hartu zuen amonaren zaintza (ahizpa eta seme zaharrena hil ondoren).
Unibertsitate ikasketak bukatzen ari nintzela hil zitzaidan amona, ekaineko azterketak egiten ari nintzela.
Tira, hondartzako irudi horrek apunte hau ekarri du. Amona Joakina asko maite nuelako. Eta bihar nire amak 81 urte egingo dituelako.
Edurne Portelaren hau irakurri, inspirazio-iturri ere izan baita: Desde Santurce a la URJC.
Soinu banda: Aspaldian, Ruper Ordorika.
Mi abuela Joaquina, este apunte en castellano.
Zubigileak Errenterian
Hondarribiko alardea zela eta ez zela, pasa den asteburuan zerbait idatzi nahi nuen blogean, baina erabat blokeatuta geratu nintzen, pulamentuzko zer esan jakin gabe. Izan ere, hogeitik gora urte daramatzate emakumezko (eta gizonezko) batzuk Bidasoaldean beren eskubidea garatu nahian, baina ez dago modurik. Eta herri, gizarte edo jendarte moduan, tamalgarria da horrelako arazoak konpontzeko dugun abilezia falta. Tamalgarria.
Aste honetan, berriz, Jose Miguel Cedilloren istorioaren berri izan nuen El País-i esker. Aho bete hortz geratu nintzen. Jada gehienok jakingo duzue: ETAk hil zuen Antonio Cedillo aita, polizia, 1982ko irailaren 15ean (Calvo Sotelo Espainiako presidente zela, Felipe Gonzalez-en garaipenaren atarian). Hiru polizia erail ondoren, laugarrena, Cedillo bera, zaurituta zegoelarik akabatu zuten. Bosgarren polizia bat ere hil zen handik gutxira: hil-kaperan bere buruaz beste egin baitzuen. Euskal Herritik alde egin zuen familiak, abioi batean, duela 36 urte.
Larunbatean bueltatu ziren Cedillo hil zuten tokira: Jose Miguel semea eta Dolores García alarguna. Ez ziren bakarrik etorri; beraiekin Olivaresko (Sevilla) alkate sozialista ere etorri zen, Isidoro Ramos.
Horretarako bi gauza garrantzitsu gertatu dira: alde batetik, semea Errenteriako alkatearekin jarri zen harremanetan, bere desioen berri emateko; bestetik, Julen Mendoza alkatea dago, abioi bat hartu eta Sevillara joan zena Jose Miguelekin egotera.
Alkatearen twitter profiletik hartu dut hau:
Acto de Jose Miguel y familia por Antonio Cedillo, y por la paz y la convivencia. Terminan así unos días muy intensos de acompañamiento a la familia. Eskerrik asko por todo!! pic.twitter.com/tlVXVC8OMq
— Julen Mendoza (@julenmendoza) 2018(e)ko irailaren 15(a)
Nondik dator hau guztiau? Beñat Irasuegik ondo baino hobeto esan bezala Memoria partekatu baterantz izeneko dokumentutik, herriko alderdi guztiek babestutako egitasmoa, 2015ko irailekoa. Txosten bat dago azken loturan, 1956tik 2012ra biolentzia politikoak Errenterian hildako pertsona guztien berri ematen duena.
Egitasmo horrek Javier Ortiz zenaren esaldi bat du gidari (baita Anna Eleanor Roosevelt-en beste bat ere). Javierrena hauxe da:
«Ez dute ikusten begiratzen ez dutelako. Beste alde batera begiratzen dutelako. Batzuek ez dakite ikusten ez dutelako; beste batzuek, berriz, ezjakinarena egiten dute, nahiago baitute gertatzen den ezer ikusiko ez balute bezala jokatu».
Ojos que no ven zutabetik ateratakoa da.
Txiki-txikitatik bizi izan dut Euskal Herriko gatazka, baina, zorionez, ez naiz kaltetu zuzena izan. Kosta egin zait Cedillo bezalakoen sufrimendua ikustea. Urruti geratu baitzait eta errazagoa izan baita gertuago nuen beste askoren min horri aurpegia jartzea eta ulertzea.
Asteburu honetan bertan, Andoaingo Aiurri aldizkariak ematen du duela 25 urte hildako beste biktima baten berri: Juvenal Villafañe. 77 urteko guardia zibil ohia 1993ko irailaren 16an hil zuen ETAk auto azpian bonba-lapa bat jarriz. Haren izenean klik eginez gero duzue erreportajea.
70etik gora urterekin biolentzia politikoaren eraginez hildako beste pertsona baten istorioa gogoratu didate gaur goizean. Rafael Gomez zena Guardia Zibilak hil zuen Errenterian bertan paseatzen ari zela 1977ko maiatzaren 12an.
Sufrimendua alde guztietatik. Eta ni, askotan, beste alde batera begira.
Cedilloren semeak atzo Errenterian esandako hitzekin amaituko dut apunte hau: «Kontua ez da orria pasatzea, ezinezkoa baita, baizik eta berri bat idaztea, elkarbizitza berriro eraikiz. 2011ko urritik gauzak aldatu badira, benetan alda daitezen lan egin behar dugu».
Argazkia: Maialen Andres, Foku. Jose Miguel Cedillo, bizarduna, Errenteriako alkate den Julen Mendozarekin.
Zubigileak, tendiendo puentes en Errenteria. Este apunte en castellano.
Larunbat goizeko polaroidak
Gimnasioa
Kiroldegian pisuak dauden gela. Sartu eta eskuin aldera, aulki korritu bat dago. Mutiko bat da bertan animaziozko film frantses bat ikusten. Iltzatuta dago, makina edota altzari bat izango balitz bezala.
Bolumena altu samarra da, baina gainerakoan ez du trabarik egiten. Haurrek debekatua dute eremu horretan ibiltzea, baina inork ez du ezer esan.
Aita hurbildu da aulki hobea eskaintzera.
Une jakin batean gure begiradak gurutzatu egin dira. Begi-keinu bat egin diot. Irribarre bat bueltatu dit eta jarraitu du pantailari arreta guztia eskainiz.
Banketxea
Badago banketxe ezagun bat autonomoen aldeko publizitate-kanpaina indarrean duena. Autonomoen ausardia goratzen du.
Sukurtsal bat dauka banku horrek auzoko kale nagusian. Hiru kartel daude, erakusleiho bakoitzean bana.
Gizonezko bat eskean horietako bi kartelen artean. Gertu, auzoko zakarrontzietan sarri ibiltzen den andrazko bat.
Zuek bai ausartak!, pentsatu dut.
Bizikleta tailerra
Bizikletaren aurreko gurpila zulatu zitzaidan duela hamar bat egun. Gurpil-azala bera aldatzea ere komeni zen. Bizikleta tailerrerako bidean atera dut goizeko hirugarren polaroida.
Maldan da denda. Eta pixka bat gorago dago auzoko gaztetxea.
Bi afrikar ikusi ditut maldan gora. Esango nuke, gaztetxera doazela. Itxura guztien arabera, Europako goiko herrialdeetarako bidean gurean hartu dute atseden, nahita edo nahi gabe.
Bizikleta tailerraren aurrean bizpahiru motor majo daude aparkatuta. Haietako bati begira geratu dira biak. Zerbait esan diote elkarri, frantsesez edo ingelesez, jada ez dut gogoratzen.
Terraza
Terraza batean eseri naiz eguerdian. Tortilla pintxo bat eta tragoa. Egunkari bat ere hartu dut. Zaila egin zait arreta letretan jartzea.
-Txakur gazte bat aldameneko supermerkatuan sartu den jabearen zain, etengabe zaunka.
-Gizon edadetu bat, zaintzailea, zaintzailearen umea, beste bikote bat. Helduak beraien artean ari dira hizketan. Haurrak haien arreta bereganatu nahi du pulamenturik gabeko barre zaratatsua aldian behin eginez.
-Hirukote bat, nire adinekoak, txorakeriak elkarri kontatzen. Ez zaizkit batere axola, baina ezinezkoa da ez entzunarena egitea.
Ana Malagonek dioen bezala, matraka beti besteek ematen dute.
Polaroids de un sábado por la mañana, este apunte en castellano.
#balconsito, munduko musika jaialdirik txikiena
Noticias de Gipuzkoa egunkariaren igandeko kontrazalean zetorren Fernando F. Garayoa kazetariak sinatutako albistea: El festival de música más pequeño del mundo.
Goian aipatu bezala, Mikel G. Otamendi da Balconsito jaialdiaren antolatzailea. Horrelaxe aurkeztu du egitasmoa:
«Etxean nengoen, telebista katez aldatzen, dagoen jaialdi mordoari begira: jende-pilaketak, jaialdiak kalatan, taldetzarrekin eginiko ekitaldi garestiak, hainbat egunez kanpatzen duten milaka lagun... Eta tristura moduko bat sortu zen nigan horrelakoetara ezin naizelako joan. Baina, era berean, beste ideia indartsu bat piztu zen: aukera errazagoak egon daitezkeela, pertsona guztientzat, gainera. Hortik abiatuta, hazia landatu eta tiraka hasi nintzen».
Balkoiak 1,71 metro koadro ditu eta norberak etxean eginez gero «ez da zertan zientoka kilometro korritu eta beste hainbeste diru gastatu behar».
Bi hitzordu lotu ditu:
Abuztuaren 27an, astelehena, Kutxi Romero, Pedro (La Fuga) eta Iker Piedrafita arituko dira.
Abuztuaren 28an, asteartea, Kai Etxaniz, Gussy eta Chica Sobresalto.
Egunero 10 bat lagun egongo omen dira bertan: jada gonbidatuak izan diren bi lagun, antolakuntzako beste bi, prentsarekiko harremanetaz arduratuko den beste bat, tatuatzailea...
Esan bezala, streaming bidez ikusteko aukera ere izango da. Ateak 19:00etan zabalduko dira eta 20:00etan hasiko da lehen emanaldia.
#balconsito, el festival de música más pequeño del mundo, este apunte en castellano.
Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak
Eskerrak Oyarzabalek ezezkoa eman duela
Eskerrak Oyarzabal jokalariak ezezkoa eman diola Athletici-i. Egunen batean Real Madrizzz-ek (sic) hots egiten badio, ñoñostiarrek (sic) adur madridista erortzen utziko dute. Mertzenario bat gutxiago.
Gogoratu beharra dago Anoeta bi Realen arteko partida batekin inauguratu zela, Soziedadea (sic) eta Madrila, eta hauxe diot Kanpandegi kaleko ene aitona donostiarrak ez baitzuen ezer jakin nahi Realeko zuzendaritzaren gutxiagotasun-konplexu erasokorra zela eta; hots, taldearen beraren izenagatik eta Athletic-aren kontrako militantziagatik. Eta gero, beren konplexuak zabalduz, sektore honetako batzuek dira euskal herritarren erabakitze-eskubidea defendatzen dutenak; ñoñostiarrismo basatienaren alderik makurrenarekin elkartzen dena.
Athletic-en kontrako klausula duen taldeak, begiratu beharko luke bere burua.
Beste bat gehiago.
Bueno. Pila-pila, patata-tortila.
Iñaki Anasagasti, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Menos mal que Oyarzabal dice no.
Anasagasti jaunari
Ulergarria egiten zait minduta egotea. Minduta zure harrotasun zurigorrian. Kirol mailan, zu partaide zaren taldeak, nik bezala milaka donostiar eta gipuzkoarrek maite duguna, gurearekin duen lehiak pasioz betetako derbi sutsuak izatera eramaten gaitu. Aburto alkatearekin batera hainbat bizi izan ditugu; lehia bai, baina beti aurkaria errespetatuz. Halere, zure blogean idatzitako sarrerarekin frogatu bezala, kirol mailatik harago, beste zerbait dago.
Bestela, ezin ditut ulertu klubaren izena dela eta egindako aipamenak; ez dakit horiekin 109 urteko historia edota guri leporatutako gutxiagotasun-konplexua mespretxatzen ote dituzun. Ene ustez, aipamen horiek athleticzale askok azaltzen duten fair play-tik oso urrun daude. (Aipamen horiek) eramaten naute pentsatzera, aitzitik, hitz horiek gorrotoa eta amorrua ezkutatzen dutela.
Esango nuke ezezko erantzuna jasotzeak gorputz txarra uzten duela. Euskal jokalari guztiek Bilbon jokatu nahi dutela dioen printzipioa dardarka uzteaz gain, koloreen aldeko konpromisoa, harrotasuna eta maitasuna ekarri baitute, Mikel (Oyarzabal) berak erakutsi bezala; eta ezagutzera ematen dute gaur egungo futbolean dena ez dela konpontzen milioiak mahai gainean jarriz. Mikelenak, betiko klubarekin kontratua berritzeak munta handiko eskaintza albo batera utziz, izen hauxe du: bihotz txuri-urdina. Ez besterik.
Azken azalpen bat Donostiako alkate gisa: ñoñostiarra hitza mespretxuz erabiltzen duenak dauka gutxiagotasun-konplexua, nahita nahiez. Hemen donostiarrak gara, bai jauna, letra guztiekin. Tristea da bere burua euskal herritar gisa definitzen duenak, eta beraz hiritarra, iparra eta ohorea galtzea txikikerietan. Baina ikusitakoaren arabera, uste baino gehiago erretzen du (zauriak).
Agur t'erdi.
Eneko Goia, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Gutun irekia - Carta abierta a @inasagasti.
Gomendioa Goia jaunari: mantendu beti zabalik bloga.
Anasagasti jaunari erantzunez
Anasagasti jauna,
Utz nazazu hausnarketa labur bat zuzentzen zure blogean idatzitako azken sarrera dela eta, Menos mal que Oyarzabal dice no izenekoa. Hasiera batean, harritu egiten du bat zure tonu zarpail eta erasokorrak, beharrezkoa ez dena hats luzeko ibilbide parlamentarioa izandako zu bezalako pertsona baten kasuan. Nortasuna eta kidegoarekin lotutako beste hainbat kontu bezala, egia da futbolak burua lausotu eta erraietatik erreakzionatzera eraman dezakeela pertsona. Baina xelebrea da Mikel Oyarzabal mertzenariotzat jotzea, eskaintza ekonomiko oparo eta tentagarriak albo batera utziz, betiko taldean geratzeagatik.
Realari Athletic-ekiko leporatzen diozun obsesioa talde bizkaitarrak berak duen politikan du jatorria, Gipuzkoako harrobia bere apeten erdian jartzen baitu. Esan beharra dago errespetu osoa diedala Athletic-en estrategiei, zilegiak zalantza izpirik gabe. Baina ulertuko duzunez kirolariak sortzeko eta hezitzeko -baloreetan ere bai- egiten dugun esfortzuak babes neurriak hartzera eramaten gaituela Ibaiganek bere kabuz erabakitzen duenean, talentu lokalak ezean, ona dela uzta bila Zubietako harrobira jotzea.
Erraza da ulertzen. Harrobi txuri-urdineko partaide diren jokalariak, neskak zein mutilak, begiz jotzen dituzte talde boteretsu askok, baina Athletic-en erabakiek modu berezian eragiten diote Realaren proiektuari, Athletic-ek gertuko ingurura murriztu baitu arrain-bankua. Eta Realak eskubidea izateaz gain, betebeharra ere badu eskola-kirolean hasi eta elitean amaitzen den Gipuzkoako futbolaren esfortzu kolektiboari errendimendu gorena ateratzeko. Gainera, aspaldi erabaki genuen nazioarteko merkatura jotzea -inolako konplexurik gabe, Anasagasti jauna- lehen plantilan behar zehatzak ikusten ditugunean.
Ulerterraza ez den erresumina darie zure hitzei. Ulerkaitza Reala ez baita mehatxu eta eraso egiten duena. Ingurunera egokitzeko berezko politika du Realak eta eskubide osoa du bere kirol- eta enpresa-proiektua garatzeko. Are gehiago, gizonezko eta emakumezko futbolaren trebakuntzan halako lidergoa lortu duenean.
Denis Itxaso, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: En respuesta al señor Anasagasti.
14 kilometro
Esnatu berritan, sukaldean gosaria prestatzen. Sukaldera sartu bezain pronto bi gauza egiten ditut: pertsiana altxatu (edo argia piztu, egunak oraindik argitu ez badu) eta irratiaren On botoia sakatu.
Gaur 8:00ak aldera jaiki naizenez, pertsiana altxatu eta irratia piztu dut.
Euskadi Irratian informatiboa. Europako beste herrialdetara bidean, gure lurraldean dabiltzan Afrikako migratzaileen auzia jorratu dute.
Une jakin batean, Afrika eta Europaren artean, Maroko eta Espainiaren artean, dagoen 14 kilometroko distantzia aipatu dute.
Gogoratu naiz Madrilgo San Carlos Borromeo parrokiako apaiza den Javier Baezak @14kilometros izeneko kontua duela Twitter sarean. Ez hori bakarrik: Catorce kilómetros izeneko bloga ere badu Baezak. Hauxe du jarrita aurkezpen gisa:
«14 kilómetros marcan la distancia entre la exclusión y la inclusión. Esa distancia separa la Puerta del Sol, punto neurálgico de Madrid, de la Cañada Real Galiana y del Poblado del Gallinero. 14 kilómetros separan la costa europea de un continente empobrecido. Catorce kilómetros: una distancia muy larga para quienes se ven obligados a recorrerla cada día. Con este blog pretendo visibilizar y rendir homenaje a todas esas personas que peregrinan cada día por los márgenes de la exclusión.»
Gero eta gertuago pasatzen dira Afrikatik ihesean etorkizun oparo baten bila borrokan ari diren migratzaileak.
Azken aste hauetan Euskal Herritik pasatzen ari diren pertsona horiei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Samara Velte kazetariak larunbatean Berrian argiratutako Bizitzak trantsituan erreportajea.
Amaitzeko, ostiralean ikusitako txio batek gogorarazi didan kanta bat. Hauxe da txioa:
Hendaia, hiru rwandes taxi bat eskatzeko laguntza eske, Baionara. Taxia etorri eta atzetik 10 gendarme. Taxistak deituta, noski. Ni lasai utzi naute, klaro. Vichy garaian ere berberak ziren collaboak.#taxikolabo #ongietorrierrefuxiatuak
— Ander (@andernauta) 2018(e)ko abuztuaren 9(a)
Jabier Muguruzaren lehen diskoaren izenburua Boza barruan da. Bertan Bi maleta beltz lagun izeneko kanta. Letra eta musika bereak dira:
Zure kotxean lanera zoazela
bi beltz auto-stopean ikusita
bi aukera dira zure baitan:
bertan utzi edo beraiekin segi.
Bigarrena aukeratzekotan, lasai
ez zaitez kezkatu, arrenka,
inolako paperik gabe
muga pasatzeko eskatzen badizute.
Borondate onean baina ikaratuta
ez dela posible esan baduzu
irtenbidea laster dizute bilatu
maleteroan prestu direla joango.
Zalantzak jota baina harro
azkenean amore eman duzu
¡Buenas, Bonjour! mugarena egin duzu
gordean bi maleta beltz lagun.
Agur, agur, zoazte ondo
ene zaku beltzak
agian beste batean
zuen izena jakinen dut.
Hemen duzue entzungai.
Oharra: Spotify-k dio adi egoteko, explicit dela.
14 kilómetros, este apunte en castellano.
Bertan goxo
Uztailaren 31n amarekin joan ginen Elizondo aldera. Bertara joaten naizenean, ez dut zalantzarik izaten eta normalean Eskisaroi jatetxean eskatzen dut tokia. Etxeko janari goxoa ematen baitute.
Eskisaroi. @Aireratu-ren Gorritxeneako koadernoak gogoan.
— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko uztailaren 31(a)
Etxeko janari goxoa. #elizondo pic.twitter.com/5dtH9BZSdH
Eskisaroi jatetxea nire memorian oso lotuta dago La casa del rojo liburuaren irakurketari. Miguel Sánchez-Ostiz idazle nafarra 1995-1998 bitartean egon zen Elizondo inguruan bizitzen (hasiera batean Lekarozen eta ondoren Oronoz-Mugairiko Gorritxenea izeneko etxean) eta liburua garai horren egunkaria da.
Mutiloatik eskapo atera zen Ostiz eta gorputza zein arima orekatzeko baliagarriak izan ziren Baztango inguru horietan pasatako urteak. Aterpetako bat aipatutako jatetxea zen.
Esan bezala, 1995ean, apirilean, heldu zen bertara. 45 urte betetzear zituen orduan Miguelek. Nik 50 bete ditut aurten eta zirrara eragin dit (esajeratu gabe!) konturatzeak liburu hau irakurri nuenean 35 bat urte izango nituela eta orain, aldiz, protagonista baino zaharragoa naizela.
50 urte betetzetik gertu, lagun jurista baten ideia bere eginez, Garbiñe Biurrunek zioen pertsonak adin hori harrapatzen duenean libre xedatzeko herena izeneko figura sartzen dela indarrean. Hau da, hortik aurrera nahi duguna libre dugula.
Azkarregi
'S'ha difuminat tant la línia entre la vida i el treball que sembla que tot consisteixi a viure en una espècie d'excitació permanent' https://t.co/xiwfCnO3Il
— karmen zabaleta 🍃 (@kazabaleta) 2018(e)ko uztailaren 31(a)
Ingrid Guardiolari eginiko elkarrizketa hau irakurri dut astean zehar eta ados nago bizi garen/dugun erabateko eszitazio horri egiten dion kritikarekin.
Adibidez, bost egunetan nire inguruan Jazzaldia izan da kontu bakarra. Pasa da jaialdia eta zer geratu da? Ematen du eszitazio horrek eramaten gaituela beti bizi dugun une hori aparteko gisa konpartitzera jendaurrean, baina handik gutxira, ezer gertatu ez balitz bezala geratzen gara. Zer esatea nahi duzue? Nik, behintzat, aparteko une gutxi bizi izan ditut eta jendez inguratuta, gutxiago.
Era berean, asteleheneko La Vanguardiaren kontrazalean Gilles Vernet-i eginiko elkarrizketa argitaratu zuen egunkariak. Filosofo gisa aurkeztu zuten, garai batean trader izandakoa Parisko merkatuetan. Ama gaixotu zitzaion, gelditu eta hura zaintzea erabaki omen zuen, ordura arte zeraman bizitza alde batera utziz.
Tout s'accélère filma aurkeztera etorri da Bartzelonako Zinema Frantsesaren jaialdira gaur egun lehen hezkuntzako maisu den gizaseme hau.
Ez dut batere gogoko auto-laguntza eremu labainkorrean sailkatzen diren liburu eta gainerako produktuen ekoizpena. Espero dut film hau eremu horretakoa ez izatea.
Bitxia egiten zait trader bizitza hori kaka hutsa dela konturatzeko ataka horretan (amaren gaixotasun larria) egon behar izatea.
Eliteko futbolaren printzipio nagusietako bat da puntako talde bat ate joka etorriz gero, ez dela asko pentsatu behar eta aski agudo egin behar dela maleta. Gutxitan jartzen da mahai gainean, ordea, horrelako taldeak pertsonak birrintzeko makina gupidagabeak direla.
Baina, badakizue, gaur egun txarra da konfort esparruan gelditzea.
Adin kontua izango da, izaera ere bai, baina ni ez nago filosofia horrekin ados.
Hori bai: bakoitzak egin dezala nahi (eta ahal) duena.
Conformarse, este apunte en castellano.
- Aurrerago ta goxoago, aurrerago ta goxoago.
— i.hitzek (@ihitzek) 2018(e)ko uztailaren 31(a)
- Bertan goxo! pic.twitter.com/UyWJqfW4Dz
Kaletik museora
Representa 04 graffiti jardunaldiak izan genituen Donostian 2004ko irailaren hasieran. Iñaki Bocos (Old School) eta Syr Ome izan ziren ekimenaren bultzatzaile nagusiak eta niri instituziotik laguntzea tokatu zitzaidan.
Egitasmo xumea bazen ere lelo argia zuen: Kaletik museora.
Aurretik Ghanako @theseysisters hirukotearen ahotsek irribarrez bete dute klaustroa. Patioan, berriz, Unai Muguruza disko jartzaile. Iluntze eta gaua koloretsua. pic.twitter.com/TuscFFoYm2
— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko uztailaren 21(a)
Lelo hori etorri zait akordura gaur atzokoa laburbiltzeko, baina batez ere Bad Sound System hirukoteak San Telmo Museoko klaustroan emandako kontzertua definitzeko orduan.
Ia hiru urte atzera egin du gero memoriak. Eraisteko arriskuan zegoen Kortxoenea gaztetxeko teilatuan aritu baitziren Stepi Selektah eta lagunak Fermin Muguruzaren musika-euskarri moduan. 2019an amaituko den udal legegintzaldia hasi berria zen eta bertan zeuden ekintzaileak kanporatu zituzten etxeak egiteko aitzakiarekin. Oraindik orubeak bere horretan jarraitzen du: ez etxe, ez gaztetxe.
Ondarretako hondartzara joan naiz goizean. Bertan dagoen txiringitoetako bat Dabadaba-koek hartu dute uda honetan, San Juango (Pasaia) Puntetako kantinarekin batera. Are gehiago, Dabadaba bera berritu dute. Egoera prekarioan daude bertan, edozein unetan jar baitaiteke sustatzaileren bat ados Udalarekin eta hura ere orube bihurtu, hondea-makinen laguntzaz, etxeak egiteko helburuarekin.
Gauza da 300 lagunentzako kontzertu-areto majoa dagoela orain eta, badaezpada, ez direla eskua patrikan sartuta gelditu eta beste aukera batzuk jorratu dituztela etorkizunari begira. Beraien eremu naturala kontzertuak antolatzea da eta, gero, bigarren mailan, tabernariak dira.
Le Bukowskirekin batera, eta Donostia Kulturaren sostenguarekin, Glad is the Day #4 antolatu dute abuztuaren 4 eta 5ean. Lehen egunean kontzertuak Daban eta Bukos aretoetan izango dira eta bigarren egunean, igandea, Cristina-Enea parkean (askorentzat Gladys Enea, Gladys del Estal aktibistaren omenez).
Gaiarekin zerikusia du, zeharka bada ere, astean zehar irakurri dudan Jon Pagolak Iñaki G. Gurpegui (artista eta irakaslea) eta Gregorio Cibrián (VetusArt-eko galerista) bikoteari Fan aldizkariaren 25. zenbakirako eginiko elkarrizketak. Segi Loquillo azalean duen aldizkarira eta pdf-a zabalduko zaizue. 8. eta 10. orrien artean duzue.
Ez da lehen aldia Gurpeguiri horrelakoak irakurtzen dizkiodala. Tipoak 60 urteko langa gainditu du jada eta txorakeria gutxirako dago.
Adibidez: «Vivimos en la sociedad del espectáculo que deriva en un pensamiento débil, simple. La cultura se ha reducido al entretenimiento, que es un concepto efímero y superficial. En mi generación aún existía un ejercicio de análisis, crítica y reflexión en torno a las artes plásticas».
Eta bi: «La única apuesta de San Sebastián es la de la gastronomía. Primero se dijo que era arte, luego cultura y luego cualquier cosa, lo quieren abarcar todo. Eso y la barandilla de la Concha son los auténticos fenómenos culturales de la ciudad».
Egia esatea nahi baduzue, badira egunak Gurpegui bezain gaizki ikusten dudala egoera, baina gaur bertan kopa erdi beteta ikusten dut. Agian bihar erabat hutsik.
Dena den, maisuaren etsipen lasaia kontzeptutik gertu beti.
De la calle al museo, este apunte en castellano.