Basmatti da Sanjuan gauerako plana
-Kaixo tripontxi.
-Zer moduz?
-Aspaldiko… Zertan habil?
-Hementxe. Autobusaren zain.
-Joño! Ni ere bai. Astelehen itzela, ezta?
-Bai. Asteburu txarra pasa diat. Neskarekin haserretu ninduan.
-Ederra putadi! Datorren astebururako zer asmo?
-Ez zekiat. Foballa ikusiko diagu. Saudi Arabia-Feroe uharteak. Izugarrizko partida.
-Eta zergatik ez gaituk geratzen?
-Etor hadi etxera!
-Ostia… Plana egina zeukeat eta. Hau burua!
-Nora hoa ba?
-Ondarra tabernara. Jaia zegok…
-Zein arituko duk disko jartzaile lanetan?
-Soul Obsession, soul eta funk onena jartzen, motel. Ah! Eta aurretik Bassmatti.
-Bertsioak?
-Ez, ez, ez. Berak egiten dituen emanaldi bakarretako bat. Azarora arte ez omen dik gehiago egingo.
-Emanaldi bakarra? Hori duk fantasma!
-Lasai. Ez gaizki ulertu. Emanaldi horretarako propio egindako abestiak dituk. Gerora inon errepikatuko ez dituenak.
-Zer?
-Bai. Euskaraz prestatzen dizkik kantuak. EGA ateratzekotan zebilek-eta. Prestatu, jo eta ahaztu. Dena bat.
-Ez dauka itxura txarrik.
-Ez horixe! Portzierto, hire parada pasa berri duk…
-Mekaguen Bassmatti eta bere kontzertu bakarrak!!!
Giorgio Bassmatti "For her, with love"
Soul Obsession DJ
Elektro Radio Gramma festa
Ondarra (Donostia)
Ekainak 23
Eskerrak Lo, Post-tremolina eta Wikigida
Emetik bertso-kabareta eta Arrotz begi bertso-trama
Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, egingo diren bi bertso ikuskizunen berri eman nahi dizue. Lehena, "Emetik" bertso-kabareta, ekainaren 20an izango da eta, bigarrena, "Arrotz begi" bertso-trama, ekainaren 22an. Ekitaldi biak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango dute.
Hiru emakume bertsolariren saio esperimentala da Emetik bertso-kabareta. Askotariko emanaldia, koloretsua, gordina, umoretsua eta pikantea. Taberna giroan, kabareten izpiritua bere eginez, entzuleei une entretenigarria eskaini eta emakumeen ahotsak eta bizipenak bertsotan ematea du helburu. Emanaldia girotzeko, eszenografia, musika, olerkiak, antzerki elementuak eta bestelakoak baliatuko dituzte. Partaideak Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea dira.
Arrotz begi, Donostian estreinatuko den bertso-trama, honela hasten da:
"Egia osoa esan behar dizuet. Ni ez naute zuen artera erakarri goseak edo jazarpen politikoak, horiek biak eguneroko ogia badira ere nire aberrian. Ezta gure erlijio nagusiaren agindu zorrotzak ere. Are gutxiago inolako gerra santurik zuen aurka pizteko asmo ezkutua. Egia esango dizuet: neure mendialdeko herrixkan ezagutu nuen euskaldun baten begi ederrek gidatu naute zeuen arteraino..."
Karlos del Olmo idazle eta itzultzailearen gidoi batetik abiatuta, narratzaile, musikari eta bat-batean arituko diren bi bertsolarik emango diote bizitza Marokotik abiatu eta hona datorren lagun bati.
Bi bertso-emanaldi hauek amaiera emango diote denboraldi honi, baina urrian asmo berdintsuarekin bueltatuko gara. Erakusleihoa 2004ko urtarrilean abiatu zen programa bat da, esperimentazio esparrutik gertu dauden formatu txikiko ikuskizunak aurkezteko asmoz. Ekaineko birekin batera, guztira 19 emanaldi izan dira bi urte eta erdi hauetan.
Rafa Rueda Elgetan
Azken orduan animatu ginen Donostiatik Elgetara joaten eta merezi izan zuela idatz dezaket. Eguraldi txarra egiten zuen ostiraleko iluntzean errepidean jartzerakoan, baina ondo iritsi ginen Rafa Ruedaren kontzertura:
Pilt taldeko garaiak albo batera utzita (behin ikusi nuen taldea, Ondarruko jaietan), Rafa Rueda Kea lehen diskoaren aurkezpen biran ikusteko aukera izan nuen, 2003ko udazkenean Altzan eman zuen kontzertuan. Disko hori etxean dut eta gustura entzun izan dut urte hauetan zehar.
Geroztik, Antzoki Zaharrean, Lauaxetari eginiko omenaldian master of ceremonies paperean, bandaren gidatzaile lanetan, ikusi nuen Broken Bihotz taldeko kide ohia (bai, ni ere herenegun enteratu nintzen talde horretan aritua zela Rafa).
Espaloian, berriz, pare bat aldiz egona nintzen (inoiz ez kontzertu batean). 2004ko uztailean Eibar.org-eko blog komunitate sortu berriaren ikastarotxo bat jaso ondoren, bertan bazkaldu genuen, Iban Mayok orduko Frantziako Tourrean zeozer egiteko aukera guztiak alferrik galdu zituen egunean. 2005eko apirilaren 17an, berriz, hauteskunde autonomikoak izan zirenean, lehenengo BST, Blogs and Beers, egin zen Elgetan eta orduan ere hurbildu ginen.
Ostiralean, bertan afaldu genuen Lok eta nik. Ibanen eskaintzari ezin muzin egin. Beraz, Rafa Ruedaren bandarekin, Xarra Gaztelupeko barne, eseri ginen mahaian. Eta plazera izan zen.
Gero, kafe antzokiko mahai bat aukeratu eta hantxe eseri ginen, diseinuzko aulki horietako batean. Loren hitzak neureganatuz, "salon pop" uneaz gozatzeko. Rueda atera zen gure tokitik metro erdi gorago zegoen eszenatokira. Hiru lagun atzean: Mikel Azpiroz teklatu jotzailea, David González baxu jotzailea eta Nacho Beltrán (Atom Rhumba) bateria jotzailea (ohiko Rufo Urbinaren lekua betetzen; asko gustatu zitzaigun Nachoren lana, bide batez). Mandoetan Jonan Ordorika.
Zaila du Rafak publikoaren oniritzia biltzea, baina luzerako karrera egiteko moduan ikusten dut nik eta karrera (luze) horren ondoren, ziur naiz jasoko dituela fruituak. Pop kantak egiteko orduan abilezia aparta erakutsi du eta hiruzpalau kanta on borobiltzen ditu disko bakoitzeko. Saredun eskua diskoan, adibidez, "Umetan" edo single izateko baldintza guztiak betetzen dituen "Inoiz ez da bihar" abestietan. Aurreko lanean "Zuzen", bat esateagatik.
Lorekin eztabaidatzen egon nintzen. Kontzertuaz gozatzen ere bai, baina bere ustez musikari batek norberaren kantak, letrak, musikatu behar ditu. Ez omen dio ezer aportatzen beste letrista edo poetaren hitzak musikatzea. Ni ez nago ados baieztapen horrekin, baina aitortu behar diot Lori Rafaren kasuan ruedago ikusten dudala bere kantak musikatzerakoan, Gotzon Barandiaran, Edorta Jimenez, Unai Iturriaga edo Kirmen Uriberenak hartzen dituenean baino. Dena den, Iturriaga bertsolariarena ederto bereganatu duela iruditzen zait. Hori bai, eztabaida amaigabea izan daiteke hau eta ni ez naiz polemista jaio.
Elgeta ingurukoek aukera aparta dute Espaloian musika onarekin gozatzeko (eta gainerako kultur eskaintzarekin). Salon pop bihurtuta ikusi nuen atzo aretoa. Eta horren meritua Rafa Ruedak izan zuen, baita antolatzaileek ere. Xarma du tokiak. Estreinakoz egon nintzen bertan kontzertu bat ikus-entzuten, baina beste batean ere hurbilduko gara. Au revoir!
Soma 107 itxiko dute
Ekainak 19, eguneratzea: Gaztelerazko blogean Lok utzitako komentarioari kasu eginez, obra egin eta ateak zabalduko dituzte. Beraz, Soma 107k izango du jarraipena.
Gaurko nire lehen asmoa etxean lasai egotea zen. Bigarrena Rafa Ruedak atzo Elgetan eman zuen kontzertuaren kronika moldatzeko gai ote nintzen ikustea. Baina Argentinako aurrelariak area ingurura hurbiltzerakoan, Serbia (eta Montenegro) selekzioko atezainari jartzen zitzaion kezka aurpegia jarri zait bi tokitan irakurri dudanean gaur, larunbata, egingo dutela Soma 107 aretoaren despedida-jaialdia. 9Cdr-en lehendabizi, Wikigidan ondoren.
Pasa den maiatzean, Ajo y Mastretta, poeta eta musikaria hurrenez hurren, bikotearen "Striptease cardiovascular" emanaldia antolatu genuen bertan eta oso gustura egon ginen kobazuloan.
Tristezia eta pena sentitu ditut horrelako toki xarmanduna itxi behar dutela jakin dudanean.
Animo eta ea beste nonbait elkar ikusterik dugun. Eskerrik asko pasarazi gaituzuen une on horiengatik.
Ez zara inoren panpina
Gaur ere etxean izango dugun erakusketa baten propaganda egitera nator. Goizean izan da prentsaurrekoa eta arratsaldean inaugurazioa. Propaganda egitera nator, gainera, AEG eta Ceinpro ikastetxeetako irakasle eta ikasleek egindako lanak merezi duelako. Hona hemen pdf formatuan erakusketaren berri hedatzeko egin den postala. Hemen behean dagoen irudia erabili da:
Esan bezala nahi duenak erakusketa interesgarri hau osatzen duten 48 kamisetak ikusteko aukera izango du Ernest Lluch Kultur Etxean uztailaren 21a arte: astelehenetik ostiralera (16:00etatik 20:30etara) eta larunbatetan (16:30etatik 20:30etara).
Ekainaren 28an hitzaldi bat emango du emakumearen aurkako biolentziaren gaia jorratzeko Paz de Corral irakasle eta adituak.
Jarraian prentsa-oharretik hartutakoa. Ez zara inoren panpina / No eres la muñeca de nadie: erakusketa
"Ez nazazu jo, ez iezadazu garrasirik egin, ez nazazu mindu, ez iezadazu errespetua galdu, ez ezazu nire janzkera epaitu, ez itzazu nire esanak zuzendu, eta ez itzazu nire iritziak besteren aurrean justifikatu, ez itzazu nire mugikorreko mezuak irakurri, ez zaitez nire objektu pertsonaletan lardaskan ibili, ez nazazu zigortu, ez iezadazu esan norekin irten behar dudan, ez zaitez kalean niri segika ibili, ez nazazu beldurtu, ez iezazkidazu sentimenduak ezereztu… mesedez, ez iezadazu tratu txarrik eman. Ez naiz inoren panpina".
Erakusketa honek 2005eko azaroaren 24an izandako hitzaldi bat du abiapuntu. Donostiako AEG eta Ceinpro ikastetxeek, Emakumearen Kontrako Biolentzia Salatzeko Nazioarteko Eguna zela-eta, Paz de Corral Psikologia doktorearen eta EHUko irakaslearen hitzaldia antolatu zuten. Gure gizartean gertatzen diren mota honetako krimen kopurua eta horien kausak aztertu zituen Pazek.
Zentro bietako ikasleei arazo honi buruzko informazioa emateko eta sentsibilizatzeko asmoz, hitzaldia proiektu handiago baten barruan txertatu zuten: beraien ezagupen teknikoak, sormena eta sentsibilitatea erabiliz, Ceinproko Diseinu Grafikoa eta Publizitateko ikasleak zein AEGko Jantzigintza eta Patroigintzako ikasleak elkarrekin jarri zituzten arazo sozial honi buruzko kamisetak diseinatzen eta egiten.
Eta orain iritsi da proiektuaren azken unea, kamiseta diseinu horiek erakusgai jartzeko unea. 48 kamiseta egongo dira ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean. Kamiseta bakoitzak hiruzpalau lerroko esplikazioa du, euskaraz eta gazteleraz. Hauek bezalako esaldiak:
"Arrazoiari ihes egiten dioten gertakari hauek jorratzen saiatzeko era bakarra, behar bada, zenbatzen hastea da. 9 segundoro emakume bat hiltzen da munduan tratu txarren eraginez".
"Hezkuntzaren bidez gizon eta emakumeen arteko harremanetan aldaketak sortuko diren itxaropenez, eta jokabide erasotzaileak zein desberdintasunak desagertuko direla pentsatuz. Itxaropena sentitu nahi al duzu? Eskatu laguntza, hartu indarra, segurtasuna eta egin borroka zure askatasunaren alde".
"Oharra: Etxeko hilketak ez dira jada familian gelditzen, zigortu egiten dira legalki".
"Sufrimendua: Sufriaraztea ez da maskulinotasunaren sinonimo, eta beldurra eragitea ez da errespetatua izatearen sinonimo".
Gabiria eta Urikeriak
Julen Gabiriari bidali nion aurrekoan e-maila. Berrian irakurri nuenez, "Urikeriak" emanaldiaren gidaria zen bera. Bi galdera egin nizkion: ea zer zen eta ea zer moduzko boloa atera zitzaien Bilborock-en. Erantzuna gustatu zaidanez eta ez blogaria dela kontutan hartuz, beti ere bere oniritziarekin, hona ekartzea erabaki dut. Haren erantzunaren aurretik irakurri nuen Patxi Lurra aita barriaren mezua. Norbait ausartuko al da Donostiakeriak egitera?
Milar esker, Julen. Zer da Urikeriak
Narratzaile-aktore bat; bi bertsolari; hiru musikari; eszenografia: banku bat, tabernako barra bat, farola bat, pertxero bat arropekin (fular bat, gabardina bat, sonbreiru bat, betaurreko lodi batzuk -bertsolariek nahi bezala erabiltzeko edo ez erabiltzeko-); argazkiak atzeko pantaila batean proiektatuta (bertsolariak kantuan ari direnean ez).
Gai nagusia: Bilbo Zaharra eta San Frantzisko ingurua (hau da, baztertuen auzoa: kolore guztietako etorkinak, ijitoak, droga, prostituzioa, miseria... baina garai batean, hor egiten zuen bor-bor hiriak).
Nire rola: Ni eskale bat naiz (tabernaria beste batzuetan), Bilbo Zaharraren historia osoa ezagutzen duen eskale bat. Ez ikasketak ditudalako, baizik eta beti bizi izan naizelako bertan. Horrela bada, ezagutu izan dut Bilboko lehen auzoa izandako arrantzaleen asentamendua, geroagoko meatzeak (horrekin batera sortu zen langile-klasea eta langile-mugimendua, eta horrekin batera prostituzioa), sozialismoaren eta abertzaletasunaren sorrera, XX. mende hasierako urte zoro eta alaiak, frankismoa, trantsizioa eta gaur eguneko egoera, besteak beste.
Planteamendua: Publikoa, turista ingeles talde bat, auzoz nahastu da: Guggenheimera joan nahi zuten eta San Frantziskon agertu dira. Emanaldia hasi bezain pronto, joateko gonbita egiten diet, baina ez doaz (noski), eta emanaldia hasten da.
Eskaleak, 8 bat testuren bitartez, auzoaren historiaren berri ematen die, baina ez modu historizista batean, baizik eta modu pertsonalagoan. Hau da, sozialismoaren sorrera testuinguru bat izan daiteke, baina ez da sozialismoaren gaia aztertuko datuak eta izenak emanez, ezpada anekdota soil batetik abiatuta: giroa iradokiz, nolabait. Horrela, 8 gairekin, San Frantziskoko historia errepasatuz.
Testuak literarioak dira. Nik ez diet bertsolariei esaten "zu, Maialen, tabernaria zara; zu, Unai, etorkin beltza zara". Ez: nik testu bat irakurtzen dut, eta testu horretan egon daitezke 1, 2, 3, 4 edo x pertsonaia, eta bertsolariek harrapatu beharko dute gehien interesatzen zaien ikuspuntua.
Nire testuaren eta bertsolarien artean, musikariek 30-45 segundoko piezatxo bat jotzen dute, eta, bien bitartean, argazkiak proiektatzen dira.
Bertsolarien saioa guztiz librea da: beharbada, orain egingo dituzte hiruna bertso, eta gero seina, ezin da jakin. Saio osoa da inprobisazio hutsa.
Saioan zehar, musikariek ere izango dute protagonismoa, pare bat kantu luze ere joko baitituzte. Era berean, nahi izanez gero (horrela gertatu zen), musikariak sar daitezke bertsolarien musikaren barruan, eta bertsolariak kantuan ari diren bitartean musikariek ere doinu horiek jo ditzakete.
Beste detaile bat: bertsolariek eta narratzaileak haririk gabeko mikrofonoak daramatzate (aurpegian jartzen diren txiki horietakoak, tipo Madonna). Ze garrantzi dauka detaile horrek? Handia: bertsolariek ez dute ohiko mikrofonoaren babesik (Unai Iturriagak esana: "ez sinistekoa da hain gauza meheak zelako babesa ematen digun, zelan ezkutatzen garen haren atzean"), eta, era berean, orain eszenatoki osotik atzera eta aurrera ibiltzeko aukera dute.
Zer moduz joan zen ekitaldia
Beharbada ez nuke nik esan beharko, eta Patxi Lurrak egin du lan erdia: akojonantea izan zen. Zaila da kontatzen zer bizi izan nuen eszenatokitik, ikuspegia guztiz desberdina eta berria izan zelako niretzat. Gauza bitxi bat sentitu nuen: jendea ez zen ikusten (ilun zegoen), baina sumatu nuen dena ederto zihoala: jendearen barreak entzuten nituen, txalo-zaparradak, parte-hartzea ere bai batzuetan (nik galderaren bat airera bota eta norbaitek erantzutean)... Niretzat, hori izan zen eszenatokitik sentitu eta bizi izan nuen esperientziarik zirraragarriena: dena ondo egiten ari ginela sentitzea, eta konturatzea jendea (nik ikusi ez arren) ederto jasotzen ari zela guk botatakoa. Eta amaieran txaloak: sinistuko duzu, esaten badizut nire lana amaituta, 2 minututik gorako zaparrada jaso nuela? Izugarria.
Txita eta kaikuak
Atzo zortzi estreinatu zuen bere zerbitzua Txita enpresak. Zer den Txita? Donostian bisitariak hirian barrena paseatuko dituen txirringa txoferdun eta kapotaduna. Astean zehar irakurritako erreportajean, txita izena txirringa eta taxi hitzen laburdura dela jakin dut.
Atzoko eguna etxean pasa behar izan nuen derrigorrez (katarro puta batengatik), baina aurreko domekan bai ikusi nituela bizikleta hauek hirian barrena. Ondo. Dena den, Kaikuren publizitateak haserretu ninduen: dena gazteleraz zegoelako. Zergatik Donostiako herritarrek ikusi behar ditugu bizikleta horietan (ustez) euskal enpresa petoenetarikoak jarritako publizitatea erdara hutsean?
Eta Donostiako Udalak noiz hasi behar du zenbait hizkuntza irizpide jartzen horrelako kontratazioak egiterakoan? Beste aldera zergatik begiratzen duten galdetu beharko zaie politikariei.
Txita taxiak martxan jarri duen enpresaren aurka ez dut ezer. Bi gazte donostiar eta kataluniar bat dira bultzatzaileak eta munduko zortzerik onena opa (attá, inbiu txabolá) diet.
Bai irakurri dudala Eguzki taldearen salaketa, bidegorriaren zenbait toki estutan bizikletak desbideratzea ekartzen dutela txitek. Hori dela-eta, Udalari eskatu diote zenbait tramotan ez baimentzea haien pasoa. Ez dakit, gogorregia iruditzen zait, baina horrelako toki esturen batean beraiekin topo eginez gero, esango dizuet zer pentsatzen dudan.
Kaikuri, berriz, adierazi nahi diot horrelako publizitatea nire herrian egiten duen bitartean ez dudala beraien produkturik erosiko. Eta esan nahi diot ere, orain arte behintzat, asko gastatzen dudala astero haien produktuetan.
Oharra: Enteratu naizenez, publizitatea hilabetero berrituko da bizikleta hauetan.
Fermin Muguruzari eginiko hiru elkarrizketa
Jakina da aita hil zaiola Fermini duela egun batzuk. Izorratuta egonda ere, hortxe dago berriro errepidean. Hiru elkarrizketa aipatu nahi ditut apunte honetan. Portzierto, gero eta gehiago gustatzen zait azken lana.
Patxi Gaztelumendik Irratia.com-en
Herenegun entzun nuen Patxi Gaztelumendik duela egun batzuk Irratia.com-en eginiko elkarrizketa ederra. Mezu honetan sakatu eta entzuteko aukera duzue.
Gorka Erostarbek Entzun-en
Atzo jaso nuen etxean Entzun aldizkariaren azken zenbakiari dagokion ale bat. Creative Commons by-nc lizentziapean argitaratua estrainekoz. Eta hona ekarriko dut zati interesgarri bat.
Musikaria baldin banaiz, musika asko entzun dudalako da
"Hausnarketa handia egin behar dugu diskogintzaren inguruan. Hausnarketa, eta batez ere, joko garbia. Bada garaia kartak mahai gainean jarri eta iruditzen zaiguna esateko. Asko aipatzen da internet, pirateria… eta hori izan liteke diskogintzaren krisiaren faktoreetako bat, baina antzeko faktoreak betidanik izan ditugu. Ni musikaria baldin banaiz, hain zuzen ere, musika asko entzun dudalako da. Musikak egin nau ni musikari eta musika hori izan da bai erosi dudana, baina baita irratietatik dohainik jaso dudana, internetetik egun jasotzen den bezala, eta baita kopietatik jaso dudana. Musika kopiatu dut eta musika kopiatu didate. Musikariok hori esan egin behar dugu. Denok. Norbaitek esaten badit hori ez dela horrela, eztabaidatuko dugu, baina ea norbait ausartzen den. Metak ixtea golpe handia da bai, baina, lehenago beste batzuk ere itxi izan dira, eta horrelako krisialdiak izan dira lehen ere, eta hori da, neurri handi batean, gurean independentziaren alorrean mugitzen garelako. Egon zen Soinua, egon da Basati, egon da Suicidas… eta ez daude. Diskoak ez direla saltzen diote, baina norbaitek azaldu behar dit zergatik zabaldu berri duten musika denda handi bat Donostian, beste bat zabalduko duten Bilbon, zergatik Virgin iritsi den Baionara. Ez badira diskoak saltzen zergatik horrelako mugimenduak? Diskoak saltzen dira. Metak erreferentzia zen eta gogorra da desagertzea, baina, badaude beste erreferentzia batzuk: Gaztelupeko Hotsak, Elkar multzo erraldoia guztia, Gor ... eta autoekoizpena noski, zeina beti egon den. Azterketa zehatz bat egiteko garaia da, eta musikaren munduan autokritika egiteko garaia".
Radio Vallekaseko "La región perdida" saioan
Bukatzeko, bitxikeria: irratian egin eta ikusgai dago hemen Madrilgo Radio Vallekas-en eginikoa. Dirudienez, Radio Euskadiren bideari jarraikiz, irrati ikusgarria egitea erabaki du irrati libre madrildarrak.
Toni Strubell eta Josep Cruanyes Donostian
Datorren ostegunean, hilaren 15ean, Comissió de la Dignitat taldeko bi kide ezagunenak egongo dira Donostian: Josep Cruanyes eta Toni Strubell. Bigarrena Errenterian bizi da eta behin baino gehiagotan idatzi dut hemen berari buruz. Lehena Kataluniatik etorriko da.
Komunikabideei bidalitako oharretik hartuta:
"Hilaren 15eko ekitaldiaren aitzakia "Els papers de Salamanca. L'espoliació del patrimoni documental de Catalunya (1938-1939)" (Ediciones 62)liburuaren aurkezpena bada ere, aukera ezin hobea da 1938an eta 1939an Kataluniatik frankismoak konfiskatutako agirien bueltatzearen aldeko kanpaina bultzatu zuten bi arduradun nagusienak, Josep Cruanyes eta Toni Strubell, elkarrekin ikusteko; Kataluniak Generalitat-aren artxiboak jaso dituenean eta izaera pribatuko agiriak (alderdienak, sindikatuenak, elkarteenak, norbanakoenak…) itzultzeko zain gaudenean (urte bukaeran gertatuko dela aurreikusten da). Paul Prestonen hitzetan ikuspegi bakarra eta argigarria duen liburua da eta bertan ageri da nola, zergatik eta noiz gertatu ziren Gestapoko ofizialek pentsatu eta DERD erakundeak (Delegación del Estado por la Recuperación de los Documentos) planifikatutako harrapaketak".
Ekitaldi interesgarria izango delakoan amaitzen da oharra. Ez dut joaterik izango, lan arrazoiengatik, baina saiatuko naiz bukaerara iristen. Dena dela, bat nator antolatzaileekin eta ekitaldiak merezi duela uste dut.
Esan bezala, ekainaren 15ean izango da aurkezpena, arratsaldeko 19:30etan Donostiako Espai Catalunya Topalekuan
Hona hemen kokapena, Tagzaniaren laguntzaz
Loretopetik (I) Pako eta Santi, hiriko istorioak
Irutxuloko Hitza egunkaritik hotsegin didate, hilean behin tarte bat eskainiz. Gaur argitaratu da lehenengo artikulua Loretopetik atalean. Loretopea (gazteleraz Pico del Loro itzulpen txar bati esker) Kontxako Badia bi hondartzatan banatzen duen lur zatia da, Antiguako tunelaren parean. Hona hemen idatzitakoa.
Pako eta Santi, hiriko istorioak
Hilean behin tarte honetan kolaborazio bat egitea eskatu didate. Eta baietz esan dut. Gustura, gainera. Libre naizela gaia aukeratzeko, baina Donostiari buruz aritzea eskertuko luketela.
Lerro hauek idazterakoan ilun dago hiria. Telebistari begira egon beharrean, ordenagailua piztea erabaki dut. JC Perezen Hiriko istorioak disko erosi berria jarri dut CD irakurgailuan. Arratsaldean bi tabernarirekin izandako telefono solasaldietaz gogoratu naiz.
Lehenengoa Bartzelonakoa da eta rock & roll musikan espezializatutako taberna du auzo batean. Ziurrenik, azken urtea izango du barraren atzealdean. Kristoren ilusioa jartzen du, baina astean hirutan soilik irekitzen ditu establezimenduaren ateak, ostegunetik larunbatera. Gainerako egunetan ez omen du merezi. Diru sarrerak baino gastuak gailentzen omen dira. Pakok nahiago du beste egunak ikasten eta bere gauzetan pasa. Beno, ez bakarrik bere gauzetan, nahikoa gustura baitago etxebizitza duinaren alde Bartzelonan antolatu dituzten zenbait mobidarekin. "Zeta taldeko periodikuan agertu da gaur nire erretratua" esan dit.
Bigarren tabernaria Amara Berrikoa da. Laneko kontu batengatik hots egin diot patrikako telefonora. Hunkituta zegoen Santi eibartarra. "Mikel, ez dakik nor agurtu berri dudan!" Gauzak horrela esanda, ezezkoa erantzun behar. "Tipo batekin egon naiz tabernan berbetan. Agur esateko garaia iritsi denean, nire izena bota diot eta hark erantzun dit Ruper zela berea. Ruper? Ez haiz bada Ruper Ordorika izango? Eta berak baietz. Barratik atera eta besarkada handi bat eman diot". Euskal Herrian egongo al da musikazaleren bat Ruper Ordorika ezagutzeko gauza ez dena? Bai, Santi Atabal.
Duela urtebete, Santi anfitrioi aparta zela idatzi nuen blogean. Taberna zulo bat da, eskailera estuak jaitsi behar dira, baina tokiaren gabezi guztiak estaltzen ditu jabearen ontasunak. Lanerako ez du trabarik jartzen eta errespetuz tratatzen du jende oro.
Hiriko istorioak aipatu ditut hasieran. Kulturarekiko errespetu izugarria duen jendea badago tabernetako barraren beste aldean. Isilean ari den jendea, paperetan agertzen ez dena. Pako Bartzelonan eta Santi Donostian, adibidez. Ah! Biek badute Ruperrekin istorio bana.
Eguneratzea goizeko 10:30etan: Atzo egon omen zen Ruper Tolosan Lou Reed handiarekin bazkaltzen. Zorionak Tolosaldeko Hitzakoei. Notizia honetaz Berrian gaur, kontrazalean, baina ez dut loturarik aurkitu hauen webgunean.
Eguneratzea eguerdiko 12:30etan: Atzo jarri nuen lotura ezkutuan geratzeko arriskua dagoenez, azpimarratu nahi dut Ruper Ordorikak Larrabetzun emandako kontzertu akustikoari buruz Julen Gabiria ez-blogariak idatzitako kronika Larrabetzu.org-en. Ez blogariarena broma pertsonala da ;-)
Eguneratzea arratsaldeko 17:30etan: Berriako orrialdea pdf formatuan