Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Burutapenak Heriotza

Jon Etxabe 2016/08/29 10:24
Heriotza Harritu nau, errealitate unibertsalenetarikoa, eta hur, izanik, heriotzak ez didala burutapen gehiagorik sortarazi.

Heriotza

 

Heldutasuna da heriotza

malkoz edo irriz

berak hartzen gaitu

aurrera edo atzera

begira gaudela

altzora garamatza

nahikoa izan garela

uste duenean.

 

 

Herio

* Asko dira hilik bizi direnak.

* Heriotza bizitzaren ziklo bat bukatzea besterik ez da.

* Herio egia absolutua da, ez du hutsik egiten, baina gezur pilaz inguratuta dator beti.

* Bizitzarena ondoren, naturaren beste broma inkontziente bat da heriotza. Gizakia soilik da kontziente broma horretaz.

* Hiltzea librakuntza bat dela bizi denak bakarrik uste ahal du; hildakoa jada ez da ez libre ez gatibu, naturako osagai bizigabe bat baizik.

* Heriotza neurtu ezin daiteken, denboratik at dagoen, azken istant bat karra besterik ez da.

* Egia izanik herioren partitura geuk daramagula barnean, bizitzaren musika da batez ere barnean daramaguna, oparoagoa edo ez, istant korapilatu askoren musika.

* Egunerokoa da, pobrea nahiz aberatsa, ipuinetako zorioneko bukaerarik gabeko gizakiaren bizitzako istorioa, heriotza baita sortu den ororen bukaera. Bitarteko istorio txikiek, txikiak  handi bizi ditugunean ere, bukaera ezberdinak izan ditzakete.

* Gu hil egiten gara, herioak gainditu egiten gaitu gu bakoitza, askazia ez badu gainditzen ere. Ezaren sakontasun hotz eta beltzean murgiltzen gara, orokortasunari begiratuz, askaziaren etorkizuna segurtatuz, filosofoek itxaropen mezua eman nahi badigute ere.

* Bizitzaren amaiera da soilik heriotza, besterik ez, heriotzak ez dio inolako ekarpen kontzienterik egiten bizi izan denari. Hil beharrak bai eragiten dio bizidunari.

* Amets zapuztu bat da bizitza. Baina heriotza ez da frakaso bat, bizitza ez dugulako guk asmatu eta aukeratu. Halabeharrezkoa zaigu bizitza; ondorioz, heriotza.

* Amaigabea da bizitza, orokorrean hartuta, ideia unibertsal gorputzik gabea dirudien hori. Baina bizidunek osatzen dute Bizitza hori, eta bizidun bakoitza,  ernetzeaz bat, amaierara abian da.

* Hilkorrek osaturiko amaigabea, hilezkorra, da bizitza: misterioa.

* Mundua eskuetan hasten omen, eta begietan amaitzen. Egia da umeen lehen sentsazioak eskuetakoak direla, begietakoak baino aurrerakoak. Alderantzizko izan daiteke lasterrera: begietan hasiko zaio mundua haurrari, eta  eskuetan amaituko.

* Nork jakin bakoitzaren biziraupenaren noizartekoa.  Norberaren jarrerak eta erabakikortasunak baldintzapen erabaki zuzena du biziraupenean, nahiz ez beti erabatekoa.

* Hil-kutxarako ordua aurreratu egiten dugula da nik diodana zahagia diruditen zilbotei eta hoteleko jangelako plater tontorrei begiratuz.

* Bakan dira heriotzarantz duintasunez joan nahi dutenen isiltasuna begiratzen eta aintzat hartzen dakitenak, eta zenbat eskertzen den isiltasuna errespetatze hori, urriak baitira hori egiten dutenak.

* Ugariak dira heriotzari duintasunez begiratzen diotenak; agian halabeharraren ezinak eragindako duintasuna besterik ez da.

* Heriotza beti hurbilaren jakitun eta kontziente garela sentipenak eraginda atera nahi diogu zukua bizitzari. Aldi berean, iraupenaren desioak bultzatzen gaitu nolabaiteko arrastoa uzten ahalegintzera.

 

 

Nolakoa

* Hiltzeak ez du meriturik berez datorrelako, duin bukatzeak horrek du meritua.

* Ez da beti isila heriotza; isila datorrenean ez du arazorik, iragarriz datorrenean, aldiz, latza izan daiteke.

* Heriotza beti da zaila eta mingarria senideentzat: gaixotasuna edo agonia luzea denean dakartzan zailtasunengatik; azkarra eta ustekabekoa denean, zailago eta mingarriagoa, biziagoa delako samina.  

.* Heriotza denak dira arruntak hiltzeko unean hiltzen denaren aldetik. Inguruak egiten du ezberdin heriotza.

* Hil aurreko uneak  dira duinak edo nobleak, nabarmenki gainera sarri.

* Hildakoak bizidunak baino garrantzitsuagoak dira sarri, gerretan batez ere, edo iraultza bat gauzatzean. Hildakoek, nolanahi, bost axola politiko eta agintariei interesak tarteko daudenean.

 

Hilezkortasuna

* Gizakiak badaki hilkorra dela, baina hilezkor bezala jokatzen du.

* Herriaren bihotz oroimenean lekurik ez duena da betirako galdu dena, hilobi ederrena badu ere.

* Izen batzuk artifizialki famatzen dira zenbaitzuen interespean, beste batzuk bizirik diraute herriaren memorian daudelako

* Denok bihurtzen gara hilezkor hainbat jokabidetan; entzulea edo ikusleak gogoratzen eta dirauen bitartean memorian diraugu. Hilezkortasun mugatua. Kontraesana, baina hala da. Gogoan dirauen bitartean behintzat. Bada zerbait.

* Oso minak direnak soilik irauten dute bizion bihotzean, hil ondoren ere. Eta oso gutxi izan ohi dira, eta sarri maitasun horrek bizienak baino atsegin handiagoa damaite.

* “Txiroak eta galtzaileak, lurreko kondenatuak alegia, izan ohi dira gehienetan ere, batik bat, izen gabetan ez ezik ezerezean lausotuta geratzen diren hilak eta hiletak”, Jokinek. Nork gogoratzen du Pardines tiroketa batean hildako guardia zibila?, ze kobratzen ote du , kobratzen badu, bere alargun, ama edo senideak?. Interesen arabera gogoratzen ditugu hildakoak.

* Bigarrenez hiltzen dira hildakoak bizien oroimenean, bat batean edo agonian luzean, tarteka berpizten baditugu ere.

* “Haietaz inor gogoratzen ez denean hiltzen dira benetan hildakoak”, Xabier Motoiak. Beraietaz inor gogoratzen ez delako bizirik hilda dirauten bizidun asko bizi  da gizartean.

* “Gero eta konbentzituago nago Txabi Etxebarrietaren gorpuarekin batera ehortzi zela euskaldun askoren etsipena”, Jokinek. Ezagutu nuen liberatu legal bat, zeinek erakundean sartzeko erabakia hartu zuen bere lagun Txabi hil zutenean: “betirako erabaki totala”, esaten zuen, eta hala izan zen. Txabik Jabirengan iraun zuen.

* Geu bizi garen artean soilik segituko dute gure aurrekoek, eta ondorengoengan segituko dugu guk, memorian erabat lausotzen den arte. Pozgarria eta osagarria zait aurrekoen jarraipena naizela pentsatzea, eta ondorengoengan jarraituko dudala, betirako, erabateko isiltasunean bilduta arren, nire ezer inork sekula gogoratuko ez badu ere. Atomoaren karga elektriko bat bezala da bizi den oro, ez da ezer berririk, indar elektriko edo dena delako ikusezin horien aldatzen etengabea besterik ez da mundua. Hor jarraituko dugu. Horrez gain, gure ekintza minimoenak ere eragina du etorkizunean.

* Zendua hilezkor bihurtu nahi honetan, ehorzlea bera da hilezkor bizi nahi duena, betirako iraun nahi lukeena, trikuharriak, “eternitaterako etxebizitzak”, eraikitzen zituztenengandik hasi eta  hautsak itsasoan edo basoan, -eternitaterako egontokiak hauek ere- barreiatzen ditugunenganaino. 

 

Hil ondoren

* Sufritu gabe gozatuko dugula zeruan  sinestarazi nahi digu elizak. Aldiz, sufrimendua egin du bizitzako ardatz. Morrontzarako dotrina.

* Elizak eta  kristauek beltz ikusten dute nonbait etorkizuna, beltzez janzten ziren apaizak hil-mezetan, (gaur egun jantzi morez), hil-kanpaiak ere hitsak ziren, eta dira. Umeen hileta-mezak, aldiz zuriz jantzita ematen dituzte apaizek, eta hil-kanpaiak biziak, arinak eta finak dira, umea zeruan dagoelako omen. Kristauak ez du nonbait esperantza handirik beste alde horretan, ilun dakusate geroa. Egia esan, gizakian eta herrian sinesten edo sinetsi nahi dugunok ere, ez dugu geroan esperantza handirik, jartzen dugun ahaleginari erreparatuz.

* Merkeak dira heriotzaren zergatiari buruzko galderei erlijioek ematen dioten erantzunak, baina milioika pertsonek onartzen dituzte erantzun kontsolagarri erraz  bat behar dutelako; jainkoa, agian eliza,  desafiatzeko beldur direlako.

* Heriotzak ez du barkatzen, baina ez dakar barkamenik, ez bakerik. Heriotza ondoren ez dago ez barkamenik ez bakerik. Kontzientziarik ez dagoelako. Heriotza aurrekoak dira baleko bakarrak. Bizitza borroka eta makurkeria ere den arren.

* Behin hilda,  ez dago ez atsedenik ez bakerik hildakoarentzat; biziei zor zaien, baina gehienetan ukatzen zaien pribilejioa dira bi osagai horiek.

* Beldurrarena ez ezik den guztiaren akabera da heriotza hiltzen denarentzat; baina zerbaiten ongarri izanen den hautsa besteri ez da jada. Bizidunengan utzitako arrastoa soilik jarraitzen dio heriotzari, eta aldi batez hori ere deuseztatzen da. Arrastoa bera ere desagertu egiten baita.

 

Hilondorengoak

* Herioren bisita ondoren gizaki ia oro bilakatzen da on, hiletak bukatu arte behintzat.

* Omenaldi eta agurrak, antolatzaileentzat direla onuragarrienak uste dut, askotan ezina edo frustrazioa adierazten dute; baliabide soila dira, irtenbide erraz bat egitarau bat osatzeko. Ingurukoen eta minenen hurbiltasuna da garrantzitsua, beste dena interesa, beharra eta gehienetan parafernalia besterik ez da.

* Nola egiten da ongi dolua, noiz bukatzen da?. Barnean eramaten da dolua, eta isiltasuna da laguntasunik emankorrena.

* “ze ondo dagoen” hori izan ohi da aipamen usuena  hilkutxaren aurrean tanatorioetan. Hil hurren, denak ohi dira onak, gerora datoz kritikak. Eta aurretik.

* Nork nahi ditu loreak edo laudorioak hilda gero, ez baita enteratzen. Hil aurretik behar dira onartzeak.

* Esana dut erraustu nazatela. Maite izan nauten gomutan jarraituko dut gogoratzen nauten bitartean, nahiko lore-koroa izanen da hori.

* Heriotzaz aurrez gozatzeko da zenbaitentzat hiletako parafernalia irudikatzea, izango duen hilobia edo lagunduko dion segizioa.

 

Buruaz beste

* Ekonomiagatik da erakargarria suizidioa, ezintasun  antzuak aurrezten dituelako. Gehiago ezin denean, bukatu. Ez naiz diruaz ari.

* Suizidioa ezbehar askoren azken kate-begia da. Azken erabakia gehienetan norberaren kontua da. Herio ez da etortzen ia eskua ematen diogun ala ez, ezinak jotakoak berak bilatzen du eta eskua luzatzen, hartuko dion esperantzan.

 

Hilerriak

* Lur jakinik gabeko hila, hil errari bat da.

* Memoria-lekua, azken agurraren oroimena, eta gune sakratua da berenez hilobia, baina utzikeriaren tristura darie hilerri eta hilobi askori, batez ere zerien garai batean. Bestelako zerikusiek egiten dute zenbait hilobi memoriaren zutabe gaur egun.

* "hildakoak ez baitu tokirik inon". Hildakoek ba dute tokia, toki garestia gainera. Lurperatu nahiz erraustu.

* Monumentuak dira hilobiak, hilobiak dira bizi direnen omenezko monumentuak ere, hauek brontze edo harrian edo koadroan bizirik hilobiratutako pertsonak bihurtzen dira.

* "hildakoak ez baitu tokirik inon". Hildakoek ba dute tokia, toki garestia gainera. Lurperatu nahiz erraustu.

* Maite izan ditugunak guregan dute tokia.

* Burua mendebaldera eta oinak ekialdera egokitu ahal izateko, trikuharriak ere eguzkiari begira omen daude, aspalditik ikasia zuten nonbait lo ere askoz hobeto egiten dela oheburua mendebaldean eta kama-barrena ekialdean dituenak, lo txarrekoek ondo dakiten bezala.

* Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan”. Hilerriak koloretsu zaindu dotoreak dira gaur egun, hilobiak txukunak, katabutak ere apainak eta argiak. Baina heriotzak beti bezain doluminezkoa dator.

 

Burutapenak GogoetakIV

Jon Etxabe 2016/08/26 10:30
Gogoetak IV “Gogoetak” saileko burutapenen azken emanaldia da hau, Edertasunari buruzkoak lehenak, Hegazkin hegaldi batean egindako batzuk ere hemen sartu ditut, eta, azkenik, non sartu jakin ez, eta hemen jarri ditudanak Zertzeladak izenburupean.

Gogoetak IV

 

Ederlan

 

Artea

* Artea bizitzaren ehiztaria omen, bizitzaren erreflexua baita artea, edozein dela ere arteari damaiogun definizioa.

* Gozagarria zaidalako, batik bat, interesatzen zait artea, filosofiakeriarik gabe. Gehienez, gizartea konprenitzeko zait baliagarria, gizartera hurreratzen nauen heinean.

* Idatzitakoa borobiltzeak gozamenik ez badakar, hobe ezabatu edo bere horretan uztea.

* Artelan ikusleak osatu behar du, osatzen du, beti, artelana, bera ere nolabait artista bilakatuz. Ikusten dituenaren araberakoa da, edozein dela ere, artea eta artelan bat.

* Artista bera bere artelanaren ikuslea ere bada.

* Indar handia duen, estiloz ezberdina, gorri berde dirdaitsuz pintatua eta barneraino sartu zaidan "El hijo del hortelano" koadroari begira:  Ortuzainaren semea, ortuzain; honen semea ere, ortuzain,… Pobrea beti pobre, aberasten dena ere. Hori da pintorearen balizko mezuaz harago, koadroari dariona, edo ozenki niri esan didana. Koadro abstraktuen artean bakarra, honek zuzena bezain gordina zuen esanahia. Koadroaren alboan zintzilikatuta koadroari buruzko Albertiren poema. Aberatsa irudiz, sakona esanahiz, irudia, fintasuna, ze gaitasun ze gaitasun hitzekin jolasteko, ze imajinazio ideiok hitzetan txirikordatzeko.  Guk ikusi duguna bera ikusi zuen berak. Eta nola txundituz biluzten zaituen poemak. Alberti, bera ere artista.

 

Edertasuna

* Ikuslearen barne egoerak ematen dio edertasun gradua edozer dela ere kanpoan dagienari.

* Parametro ezberdinak ditu edertasunak, ogitartekoa izanen da ikuskizunik ederrena gose denarentzat.

 

Perfekzioa

* Tximinokeriei begira San Joan egunarekin akordatzean datza pertsona batengatik bestearenganako ezberdintasuna, hor datza perfekzioaren eta arrunkeriaren arteko tartea, maisulan eta erdizkako lan baten aldea. Edozein arlotan, dela artelana, dela idazlana, dela kirola: inguruaz gaindi jarri, abstrakzioa egin, eta helburuari lotzen zaionak soilik hartzen  du perfekziorako bidea. Jauzi hori egiten ez duenak, edozein lan burutzean, ez du bere zeregina borobilduko. “Age quod agis”.

* Idaztea denbora-pasa edo jolas denean, ez dut uste merezi duenik gauzak bikain bukatu eta borobiltzen sufritzea. Hortaz saiatuz gozatzea bai. Ezinaren sufrimendua, zailtasunaren ardura, gustuko beste zeregin edo plazer asko albo batera uztea, dedikazio ia oso-osoa baitu ia bere berea perfekzioak, berarekin nahitaez dakarrena, baita neurri batetan bide erdian gelditzen den perfekzioak ere, ahalegin serio bihurtzen denean behintzat.

 

Musika  

* Uhin ikusezinen mugimendu harmonikoa da musika.

* Musika geometria dela?, matematika hutsa dela esango nuke, edo arkitektura, edo mekanika hutsa. Haize- hots neurtua. Baina nolako sentipenak sortarazten dituen. Misterioa.

 

Argazkia   

* “Argazkiak ateratzea lapur jokoa da. Kanibalismoa”. Esan daiteke lapurreta bat dela argazkiak ateratzea, lapurreta onartua askotan, benetako lapurreta gehienetan. Isilean, ezkutuka, lapurretan bezala pertsonei ateratako argazkiak lirateke lapurreta bizia, kanibalismoa ere nolabait, Batez ere ezezagunei ateratakoak, jite bereziagatik, ezohiko egoeran, ... harrapatu nahi direnean. 

* “Argazkiak hildako loreak ere badira, harrapatu duten momentua joan da pelikulan grabatuta geratu denerako. Argazkilariak nekrofiloak gara. Hildako momentuen ehiztari” hala dio Irati Jimenezek. Baina hildako momentuok berpizteko gaitasuna ere dute argazkiek, une joanak biziberritzeko aukera eskaintzen dute. Argazkilaria biziraupen emailea ere bada.

 

Poesia

* Idatzita ez dauden poemak irakurtzen ditudala uste dut poemak irakurtzean, neuk asmatzen dietela balizko esanahiak. Neure poema-itxurako berriak sortuz. Bizkarroia naizen sentipena dut. Baina, aldi berean, hori da edozein izkribu motaren helburuetako bat, irakurleari pentsaraztea.

 

 

 Hegazkineko hausnarketak

* Ze ezberdina lurra goitik ikusita. Hain zabal, hain handi. Era berean hain txiki beheko dena. Ikuspegi zabalak txiki egiten ditu gauzak.

* Boterez eta diruz indartsu direnek,  gizartearen ikuspegi zabal bat ohi dutenez, umil eta txiki sentitu ordez, digante, harro eta zapaltzaile bihurtzen dira. Berdin gertatzen da leihatila edo uniforme atzean dagoen funtzionario, polizia, suhiltzaile... Handi bihurtzen zaie, bere botere umiletik bada ere, ukitzen duten dena. Norbere burua harrotuz.

* Badirudi botereak berez ez duela berea norbere esparrua ikuspegi zabalago batetik begiratzea. Alderantzizkora bultzatzen du nonbait: norberarena nabarmendu eta inorena ezabatu. Lege optikoak, fisikoak ez datoz bat lege psikologikoekin.

* Hegazkineko leihatilako bederatzi mila metrotako goieratik, urrutitik begiratuz, ikuspegi zabalagoz, bere neurrian  kokatuago, ikusten dira beheko lurraldea eta bertako gauzak.

* Gure egungo gertaeren historiari denboraren eta distantziaren begirada zabal, luzeagoaren eraginez ikuspegia eta edukia bera ere aldatuko zaio. Izugarrizko ekintza eta gertaeretan gabiltzalakoan, urte batzuk aurrerago, ikuspegi zabalagoz ikusiko dituztenean beste garrantzi orekatu batez ikusiko dituzte.

* Goierako ikuspegiak dena berdindu egiten ez badu ere, orekatu egiten du, gauzak bere tokira ekarri. Gure gorabeherak erlatibizatzen ikasi beharra dugu. Adinak ere ematen du ikuspegi zabalago baterako ikuspuntua.    

* Goierako begiradak, berdindu ez bada ere, dena antzeratu egiten du. Beheko dena metro handi batez txikituz.

* Hain maite ditugun autoak ikusi ere ez dira egiten hegazkinetik, errepideetan aurrean  askotan gorroto ditugun kamioi erraldoiak bakarrik ikusi ahal dira. Beherago, hegazkin bat tarteka. Bizkor doanez gu bezala, eta hurrago zegoenez, berehala desagertu zait. Txoria zirudien. Hegorik mugitzen ez zuen txoria.  Etxarriko gabiraiak hegoak mugitu gabe erdi geldirik egoten dira, hau ordea metalezko hegorik mugitu gabeko hegazkada bizkorrean zihoan.

* Han beheko lur zabaleko azken lur metroa ere ofizialki erregistratuta dago, jabea du, izugarrizko borrokak, ezinikusiak, gorrotoak, auziak sortzen ditu, gerrak ere bai.

* Goiko urdinean ez dago ezer, urdintasuna ez bada, berez ezer ez den urdintasuna, ez dakit nongo erreflexua, auskalo ze argi izpiren erreflexuz, dauden laino apurrak ere behean baitaude. Baina urdintasunetik areago ere norgehiagoka bizian lehiatzen ari daira, planeta, izar eta ilargiak, gauak baieztatzen duen bezala, hor baitabiltza gu hegazkintxo honetan bezala, biraka, elkarri tira eta errefus, elkar irentsi edo zatituz.

* Urdinetik haragoko izartegi horretara ere heldu da gizakien arteko lehia eta borroka, nor lehenago heldu eta nork bereganatu izar eta planeta osoak. Azken  auskalo zeren metroa ere erregistratu nahiak eragiten du urdin hortik areagoko lehiaketa.

* Lur horiak, lur gorriak,  gizonak mendez mende simaurtutako lur ilunak, belardi edo gari-soro berdeguneak, lur landuak, lur galduak, lur erreak, basoak, mendikatea luzeak, mendikate zabalak, malda bigunak,  mendi altzo ebakiak, oihanak, mendiarte meharrak, mendiarte zabalak,  ibaien iturri-sorburuak, ibai  hariak, hari luzeak, hari motzak, lurrean kiribildutako ibaiak, urtegi luzeak, urtegi zabalak,  mendiarte putzu bihurtuak,  urtegi erdi-hutsak, gehienek hertzeko koska argi zabalez ur urritasuna erakusten dutenak, mendi tontor bakan bakarti tontor-zorrotzak hemendik tontor luzea kamustuta ikusten bazaie ere, lurralde osoa zeharkatzen duen mendikate bukaera gabekoa eskolan izena zuena baina orain gogoratzen eta ezagutzen ez dudana, gailur  harritsu burusoilak,  tontor txapel zuridunak, tontor burusoil berdeak ...   eten gabe doaz leihatilako pantailatxoan, orduko 900 kilometroko abiaduraz ere ikuspen mantso, telebistako dokumentala  bailira.

* Lur zabalaren erdian eta mendiarteko lautadetan, herriak. Denak txikiak hauek ere,  txikiak eta txikiagoak badira ere. Lau etxeko  guneak, elkarren hurbiltasunez babesturikoak, sakabanaturik galduak, lurrak irentsiak ezabatuak lurkoloretuak, mimetismoz lurrari berdindutakoak, teilatu gorriz nabarmendutakoak, noizbehinka herri sendo bat kaleak justu antzematen direla ere nortasuna galduta. Eraikuntzak bakarrik dakusagu. Baina hor orokortasun horretan preso eta bizirik, gizakiak. Bakoitza bere arazo eta bizipen propioekin.

* Teilape horietan, gizakia:  Lurrok landu dituena, herriok eraiki dituena, bideok errotu dituena, berdeguneok  erein dituena, kamioion gidaria,  baso berdeetako aizkoraz trontzaz motozerraz aizkolari lur zabalak sortu dituena.

* Zenbat historia, sentimendu, ahalegin, negar, barre, asmo eta etsipen  teilape horietan, ikusten ez ditudan kale horien barrenean.

* Gizona ote beheko mundu zabal horretan  errege, nagusi, jaun eta jabe?. Hor beheko zatitxo puska argiena besterik ez da azkenean. Kosmos osoaren zatitxo aurreratuena. Zoliena denez, indargeena, izakietan ezberdin egiten duen adimenak egiten du malerus.

* Gizakiaren handitasuna kantatu behar nuke hemen goitik, baina bere ahultasuna azpimarratuagoa ikusten dut, mundu guzti hori, bere ustez, dominatzen duen arren.

* Dominatu, nolabait, dominatzen du mundua, baina bere nagusigo horren menpe erortzen da, bere nagusigoak irensten eta galtzen du.

* Hirigunea da kokapen batzuetan lur zabalaren erdigunea. Hiria zirkulu baten erdigunea da,  konpasarekin borobila egiten genuenean ziri zorrotzak egiten zuen zulotxoa. Zirkulu erraldoi baten erdigunea. Erdigunetik bideak ateratzen dira arku imajinatu baterantz bezala,  marratuta agertzen ez den zirkunferentzia ikusi egiten delarik, bideok zirkunferentziaren radioak baitira. Radioetara perpendikular, eta herriarekiko paralelo lur landuzko paralelogramoak, lauki luzeak, kolore ezberdinetakoak uztaren arabera. Laranja erdibitua dirudi, herria laranja pipita litzakeelarik. Harrigarria lurraren ordenamendu batzuk goitik ikusita, ikuspen zabalez.

* Badira etxe sakabanatuz eta lur sakabanatuz osatutako herriak ere. Errariak dirudite, edo askeagoak, agian garaiko ezinak eta pobreziak lur galduetan kokatzera bultzarazitakoak. Agian gaur ere ezindu eta pobreak. Bertan ere batzuk pobreago, eta norbaitzuk jauntxo.

* Ilusioz, itxaropenez, sufrimenduz, gozamenez, porrotez, lorpenez, etsipenez, iraupenez, pazientziaz, malkoz, barrez, odolez, mendez mende, leinuz leinu, jauntxoz jauntxo, landu eta ondutako lurrak.

* Berdegune zabala zen Andaluzia goitikako ikuspenetik. Gizarte eta izadi bizia da beheko errealitatetik.

* Itsasoak bere zabalera urdin monotono, berdin, mugagabeaz txikiagoa sentiarazten nau.  Bururatzen zait, ordea, handia dela gizakia, itsaso honetan ibili, itsaso hau zeharkatu, itsaso horren altzoan murgildu,  beheko itsaso zabal hori  nolabait menderatu eta gainditzeko gai baita.

* Petrolio-ontzi diganteak bakarrik ikusten ditut, eta beraiek ere ezer guti, labezomorroak dirudite beheko urdin zabal mugagabean.

* Itsas gainean, goi eta behe dena urdin, urdintasunean murgildurik, urdinak bildurik, tarte batez, itsas gaineko euria naturaren aldrebeskeria iruditu zait.

 

Zertzeladak

* “… kokoriko jartzen naiz ur azpian, eta sudurretik eta ahotik botatzen dut arnasa”. Idazle honek ez du ur azpian igeri egin, ezin baita sudurretik eta ahotik batera arnasa bota. Agian gaizki ulertu dut, ez zuen esan nahi ihesbide bietatik batera botatzen zuela arnasa, tarteka baizik. 

* “Eta ogi birrindua hobea bada ogi arrunta baino, eta  kuminoa hobe piper beltza baino eta mendaroa guztien artean ona bada, ...”. “Mendaro”  hitzak zereal, belar  edo  janari-ongarriren bat behar du izan Herta Mülleren “Hatzaren kulunka” itzultzailearen arabera, baina Mendaron ez dute argi Mendaro herri izenak zer esan nahi duen.

* “dena buru eta bizkar, bakailaoak bezala”, esaldiak zer esan nahi ote. Hezurra besterik ez duela bakailaoak?, mami trontza ederrak jan ohi ditugu ba.

* “Pitilina pasilloan ateratzeak ez du egiten zirriztada ontzira lehenago heltzerik”, egia, zeregin bakoitza bere garaian, baina busti izan ditugu prakak ontzi aurrean pitilina ateratzeko astirik eman ez digulako.

* Gauean dena doakoa omen, azkengabea, anonimoa eta isila. Misterio bat da gaua.

* Herri eta hiri orok uste du berea dela, honegatik edo hargatik, herri edo hiri onena. Arlote edo sinplekeria izanen da, baina jarrera unibertsala denez, bada arrazoi sakonen bat barnean.

* Pilota jokoa bailitzan, lege fisikoek eragindako errebote edo itzuliko soinuez harago, kanpoko hotsek barnean uzten duten errepikapen iraunkorra da oihartzuna.

* Abereak nola hil arauak asko dira.  Edozein dela metodoa, animalia bat beti dago beldurtuta hiltzera daramatenean, zerbait ezohiko, ezberdina, gertatzen dela jabetzen delako, -behien kaka zirina lekuko-, modu batetara hil edo beste batetara. Odola beldurrak kutsatuta hiltzen da animalia oro. Horregatik ez da gomendagarria haragi gorria.

* Informazioa nahi ez izatea, edo informazioa falta, okerragoa da informazio saturazioa baino. Baina egia da informazio saturazioa erabiltzen dela desinformazioa sortarazteko.

* Absolutuaren jitea du tatuaiak, baina  erdi absolutua da: ez da betidanikoa, bai betirakoa, kenezineko jantzi bat bezalakoa da.

* Behin eta berriz errepikatzen den kasualitatea ez da kasualitatea. Behin baino gehiagotan azaltzen den kasualitateak badu bere kausalitate garbia, agerikoa ez bada ere.

* Egia da ibaiek ez dutela atzera egiten, urak bere bidea duela, ez dagoela birritan ur berean bustitzerik ez itotzerik. Baina, ibaian ura egotean, ibaiak ura eramatean, hor datza gakoa. Ur bera ez bada  ere, ura bera joan edo ez, ibaia hor dago beti. Zer inporta dio ur berean ez arren ibai berean birritan bustitzea baduzu. Ito, aldiz, behin bakarrik eta ur berean ito daiteke. 

Burutapenak GogoetakIII

Jon Etxabe 2016/08/22 10:23
Gogetak III Ekimenak, Umorea, Erealitatea eta Distantzia dira gaurko burutapenen gaiak. Errepikakorrak edo antzerakoak dira hainbat burutapen, irakurketa ezberdinek sortaraziak, hor zeuden eta bere horretan utzi ditut, jorraketa, batuketa, sintesi edo laburpenetan hasi gabe. Balizko irakurleak hartuko du zeregin hori gaia interesgarria bihurtu bazaio.

Gogoetak III

 

Ekimenak

* Ez da ahalegin erabat antzurik, ez da etekinik gabeko saiorik. Porrot orok du zer ikasi.

* Pixontzian ikusi arte jabetzen ez garen bezala isurkiaren koloreaz, jokabideak erakusten du izaeraren egia.

* Ezer ez denak ere erabaki dezake zer nahi duen izan, zer nahi duen egin. Ez dugu ezer, egiten ez badugu. Geuk egin ere, inoren eskuetan utzi gabe.

* Zerbait onartu eta ekiten dudanean, posible egiten ditut gauzak, izaera ematen diet. Sortzaile bihurtzen naiz. Zerbait egiterakoan, sortu berri zer horiez gain, gu geu ere nolabait aldatzen gara, sortu zer  berriak eta sortze lanak gu geu ere eraldatzen gaitu. Ekinaz moldeatzen da gizakia.

* Gero osoa hondatu izan da une bateko grinaren eraginagatik.

* Orain artekoari jarraipena ematea da hazia ereitea, aurrekoa bukatu dela edo bukatzear dagoela onartzea ere, geroagan segurtasuna erakusten du. Aurrekoaren porrota edo hondamena beste gabe aitortzea, orainartekoari amore ematea da. Haziaren kalitatean dago geroaren gakoa.

* Ekintza doilorrek zigorra jasotzen dute agerira ekarrita.

* “If I`m free it`s because I`m always running”. Ez dakit libreago egiten nauen, baina beti zerbaiten arduran eta ekinean jarduteak bizirik gordetzen nau.

* Onginahiak berez  ez ditu asetzen gure beharrak?. Antzu geratzen da borondate ona ekimenetan gauzatzen ez denean.

* Egiten den orok - zer da txar zer on?- beti du justifikapena egilearen aldetik.

* Behin erabaki ezkero, txikia zein handia izan afera, erabakia sendoa bada, berez bezala dator ondorengo dena, nahiz neketsu, luze eta zail.

* Helburu garbia, borondatea, gutxienezko indarra eta pazientzia, edozein asmo gauzatzeko pilare eta baldintzak dira

* Irauten laguntzen du inertziak, baina inertziak ez dakar berrikuntzarik, ez aldaketarik, hondamena sarri.

* Helmugan baino bidea nolakoan galtzen gara gehienok.

 

 

Umorea

* Egia da umorea larritasun asko baretzen laguntzen digun sendagarria dela. Baina umoreak barne giro lasaia behar du; umore gutxi ohi da izan estualdi batean, nahiz egia den une tenkatu batean umore on zantzu batek eten dezakeela larritasuna.

* Umorea bizitzaren ikuskizunari talaia urrun batetik  begiratzen dionaren adierazpidea dela dio Joxean Agirrek. Bizitzaren ikuspegi zabala eskatzen du, bai, umoreak

* Berezkoa behar du umoreak, behartua denean tresna bihurtzen da, eta eragin kontrakoa izan dezake. Ahuleziaren ondorioa izan daiteke umorea, edo erasorako arma.

*  Tristura eta melankolia, psikologia eztabaidetarako iturburu emankorra.

 

Errealitatea

Erlatibotasuna

* “Erromantizismoa, izatekotan, gure baitan dagoen zerbait da”. Dena dago gure barnean, gure barnea da kanpoko dena edo kanpoan dagoen dena, bakoitzak egiten du errealitate kanpokoa, aurkitu ez den izar hori baino ezezagunagoa zaigu kanpo errealitatea omen hori.

* Guk geuk egiten dugu erreala geure baitan, zer den, dagoen ere, ez dakigun kanpoko hori, barne irudiz edo kanporatutako hitzez erreal itxuraz janzten badugu ere.

* Jende askok ez du ikusten aurrean duen errealitatea, baina ikusten duguna bera, errealitatea ote?.

* Urruti dagoena geure barnera erakartzea da begiratzea, kanpokoa nolabait norberegan erreal bihurtzea. Norberarengan dagoena da agian errealena; bai ote?, kanpokoa bezala, dena ez ote sentsazio hutsa, karta-gaztelua besterik ez. Begiratzea gure baitatik urrutira jauzia egitea da. Baina kanpoko errealitate hori, errealitatea da?. Orduan, nora jauzia da begiratzea, ziurgabetasunera?.

* Errealitatea ez da or dagoen zerbait egonkorra, errealitatea agian ez da existitzen ere,  erabat iheskorra eta aldakorra delako; uneoro aldatzen doan zerbait da, mugimendua, aldaketa etengabea, talka etengabea, ordezkatze tai gabea. Egia ere aldakorra den zerbait dela dakigu soilik, besterik ez. Hori dena azaleratzea da dilaketika, ez dagoenari itxura ematea.

* Sarri etortzen zait burura edozeri begira “bestaldean zer dago” galdera. Errealitatearen oskola besterik ez dugu nabaritzen.

* Ikusten dugun dena da erlatiboa, sentitzen duguna ere. Ez dakigu zer den errealitatea. Errealitate oro da subjektiboa.  Ba ote ezer errealik. Zer dago gugatik kanpoan, Gu geu ere ba ote gara?. Pentsamendutik kanpo zer dago errealik?.

* Munchen Oihua koadro famatuko baranda ez omen zubi batekoa, psikiatrikoko segurtasun-hesia baizik: errealitate ustelean eta usteletik bizi gara, errealitate ustela gauzatzen.

* Ikusle adina errealitate dago, gizaki bakoitzaren dena da erlatiboa, hori barneratuz, errazagoa litzake elkarbizitza.

* Zer da erreala hor kanpoan, nitaz kanpo uste dudana nire oroimenak sortua baita.

* Kanpora adierazten duguna  sentitzen dugunaren itzal desitxuratu  opako bat besterik ez da, idazle edo hizlari trebeenen ahaleginak ahalegin.

* Ikuslearen barne paisaiak itxuratzen eta koloreztatzen du begiek dakusatena.

* Bakoitza inguruak moldeatzen duen buztina garenez, ez da inor inpartzialik. Entelekia besterik ez da objetibotasuna, jardueren teorizatze intelektuala. Entelekia besterik ez da objetibotasuna, jardueren teorizatze intelektuala. Bakoitzaren baldintzek kutsatua edo baldintzatua.

* Ba ote asmakizunik: errealitate mozorrotua litzake, izatekotan. Zer da errealitatea deritzoguna, errealitaterik bada.

* Ardoan soilik fidatzen zela zioen pertsonai batek. Ardo ona bada!, baina nork daki gaur egun zein den ardo ona, asko ordaintzea ez baita inolako garantia, eta zaporea bera ere artifiziala baita sarri.

 

Araberakoa

* Harritzeko aldaketak eragiten dizkio denborak oroimenean errealitateari, -errealitate bakarra eta bera ote denontzat?-. Bakoitzak era ezberdinean gorde eta mamitu ditu gertaera berdinak.  Halakoak bereak bezala kontatzen ditu zenbait gertakizun, honakoak, aldiz, bereak balira bezala gogoratzen ditu. Zintzoki, zinez eta minez. Oroimen lausoan bakoitzak bere argi propioz gauzatzen ditu gertakizunak, “omen” guztiak baztertuz.

* Gure begiradaren araberakoa da kanpokoa, ikusten duguna hori da kanpoa, eta ikusten gaituen begien araberakoa gara kanpokoentzat.

* Itxurez harago, aldarteak sortutako barne begiradan dago errealitatea, norberaren magian. Nahi duguna ikustean dago edertasuna.

* Garrantzia eraginkorra du sinbologiak,  adierazten duenak du garrantzia, edo adierazteko moldeak..

* Nor nori nork, konbinaketa oro jalgi daiteke batez ere kinka ezohikoan.

 

Nork berea

*  Dena dago hila,  norbaitek edo zerbaitek erreparatzen ez badu. Begirada batek birjaiotzea ematen die gauzei.

* Barne sentipenek begiek ikusitakoek haina oinaze edo gehiago sortu dezake. Baina egia da sentipen bihurtzen dela beti ikusitakoa, ez da sentipen bihurtzen ez den ikusitakorik. Baina asmatutakoa ere ikusitakoaren eraldatze bat da, eta ikusitakoak adina astintzen gaitu sarri.

* “... zeure baitan zaintzen asmatu zuen gar txiki eta ausart hori baizik””. Norbere barna dagoen suak soilik piztu, berotu eta argitu dezake soilik kanpoko giroa. Norberak zehazten du kanpoko errealitatea deitutako hori. 

* “Nekaturik denarentzat edozein harri da burko samur”, esakunea dirudien esaldia. Nekeaz harago, komeni zaiguna erraz justifikatzen eta egokitzat ematen dugula ere  adierazi dezake.

* “Garbi esanda, Anbotok ondo nagoenean bakarrik laguntzen dit benetan”. Norberaren barne egoerak ematen dio neurria kanpoko balizko errealitate horri. Atzo ederra zen pertsona, bihar ez digu begia betetzen, atzoko tontor erakargarriak gaur ez gaitu kilikatzen. Ariketa lasaigarriak ere lasai gaudenean egiten ditugu gehienetan.

 

Tematia

* Adaptazioa ez da dena itsu-itsuan onartzea. Zenbait adaptaziok desagertzea ekarri du. Baina errealitateari egokitzen ez denak ibilbide laburreko etorkizuna du.

* Desirekin mugitzen gara sarriegi, hortik datoz porrotak, errealitatean oinarritzen ez garelako, eta desiren ondoren errealitate krudela geratzen zaigu.

* “… orduko ia ehun kilometroko abiadurak ematen dion indar sentsazioaz mundua popatik hartzera bidaliz”. Zenbat aldiz izan dugun darabilgunari -autoa, parranda, zeregin bat-  abiadura handia eragin eta sentsazio berezi horrekin, gurpilen baten abiaduraren mende, iskin egiten diogula inguruari, erantzukizunari. Baina errealitateak, erantzukizunak, … azkenez bizitzak berak, moteltzen dizu abiadura egunerokora murgilduz.

* Ez dira beti gozoak lotako ametsak, esnako ametsak dira gozoenak, baina bietan errealitatera erortzen zara trapeziotik bezala, sare babesle gabe gainera.

* Errealitatea zuritzen saiatzen dena, errealitate horrek irentsiko du, heldulekurik eskaini gabe utziz.

 

Modernitatea

* Gaur egun ere aldaketa etengabean murgilduta gaude, gizakia beti dago bilakaera  ezinbestekoan, eguneroko premiak eraginda, dela bizimodua erraztu nahian, dela aberastu nahian, dela boterea lortu nahian, … Hutsa urteetan aldaketa handiak izan dira, begi bistakoa da, baina jabetzen ez garen aldaketa sakona ari da gertatzen. Gerora ikuspegi zabalago batekin neurtuko duten aldaketa gerokoek.

* Eztabaida luze eta bizirako gaia: lehengo bizimodua eta gaurkoa, lehengo lanek gordetzen zuten amodioa eta sentimendua, gaurko kontsumismoa, … Idealizatu egiten du askok lehengo bizimodua, mito bihurtzen. Badirudi harpetako gizakiaren bizimodua zela onena. Ondorengo hobekuntza edo erosotasunerako pausoek, gauzekiko sentimendua  eta gauzen amodioa galtzen joan direla. Esan nekazariei baserriko lan nekoso hura gaurko erosotasuna baino hobea zela, lepaka hura maitagarriagoa zela gaurko traktorea baino, … Ezagutu nuen labe garaietako lan ikaragarri gogor hura, sentimenduzko balio handiagoa zuen gaurko altzairu-fabrika automatikoek baino, … Nahiago dut gaur dudan sukaldea txikitako harraska eta ekonomika hura baino. Bada hor marra bat, dago nonbaiten, modernitatea, erosotasuna eta gizakiaren onbidearen artean. Ez dakit non dagoen, baina antzinakotasunaren nostalgiko askok ez digute argi erakusten marra hori, zantzu batzuk ematen badizkigute ere, batetik bestera mugaren alde bietan dabil nostalgiko horietako asko.

 

Distantzia

* Urrun nondik, edo urrun norentzat. Dena da erlatiboa, faktore askoren  gorabeheran dago urruntasuna eta hurbiltasuna.  “Han urruti ta hain hurbil” zioen gaztetako kantuak.

* “Urruntasunari distantzia gehitzen ari dena, ez da nahitaez horren jakitun”. Distantziak ez dira beti metroka neurtzen, denbora ere ez erlojuz. Gauzei bere distantzia eta denbora hartzen dakiena da jakituna, distantzia eta denboraren orekan dago jakituria.

* Komunikazioa da gizarteko ardatza, hitza da gizakiaren komunikazio ardatza, eztia dagiten erleak ezten mingarriak bilakatzen bazaizkigu ere. Ederragoak eta kilikagarriagoak dirudite zenbait gauza eta egoerek begirada orokor eta urrutikotik, distantzia hartuz begiratzen diegunean, distantziak leundu egiten du errealitate mingotsena ere biltzen dituzten hitzak, une hartako berdinak arren.

* Urrutira, intxaurrak beti hamalau.

* Distantzia moralak ez dira metroka neurtzen, horregatik desorekatzen gaituzte.

* Heldu ezin garen puntu hori da infinitua, metroek ez dute balio.

* Metroek ez dute ibiliaren distantzia neurtzen, ibiltariaren aldarteak baizik, norberak ematen dien pisua daukate pausoek, edo egin beharreko bide berriek. 

* Zenbait koadro ikusteko urrutiago jarri behar den bezala, denbora jarri behar zaio tartean edozeri oreka batez juzgatzeko. Baina baita ere arretaz eta ahalik hurren, lupaz, begiratu, zehaztasunez jabetzeko.

*La Orotava, behetik gauez argi izar sarea eta egunez etxe zuri sare ikusgarria dena, bertatik, koadro bat lupaz begiratuz bezala, bista ederrak dituen etxe eta kale bakan lasaiak besterik ez da. Perspektibaren orokortasunean difuminatuta gauzak ederragoak dirudite. Pertsonei gertatzen zaiguna gertatzen zaie. Urrutitik hobeak, hurbiletik baino.

*  Axola diguten gertakizunen zirkuluaren diametroa ez da metroka neurtzen.

* Elkarren ondoan, baina auskalo non galdua:  distantziak ez dira gizartean metroz neurtzen.

Burutapenak Gogoetak II

Jon Etxabe 2016/08/19 11:35
Gogoetak II Egia, Kosmosa eta Jakituriari buruzko gogoetak

Gogoetak II

 

Egia

Zer

* Ez dago egia bakarrik, egia deitutakoaren bertsio ezberdinak baizik, denak egiak. Bakoitzaren egia beti baita egia berarentzat. Egitasuna erlatiboa da. Egiaren frogak erlatiboak direlako egion aurkezlearen araberakoak, alegia.

* Egi oro da erabat erlatiboa, agian egiarik ere ez da, ametsak ere egia diren neurrian

* Egia ez dela metafisikoa irakurri dut. Egia errealitate zehatza da, ez da metaerrealitatea.  Errealitatea zer den, hor dago gakoa. Egiarik ba ote; begiratzen dionak ematen baitio izaera errealitateari. Dena da duda, dena erlatiboa, begirik adina errealitate.

* Alegia dira egia denak, uste soilak bederen. Nola jakin egia zer den erreala zer den benetan ez dakigula. Usteak egiatzat erabiliz jokatzen dugu bizitza. Bizitza kontraesanetan oinarritzen da.

* Ez dago ez maiuskulazko  ez minuskulazko egiarik, maiuskulaz idatzi eta ahoskatzen dugunean ere. 

* Gezurrak esan egin behar dira egiarako behar diren aurreko pausoak direnean. Baina horiek ez dira gezurrak. Egiatik aldentzen duten gezurrak horiek dira gezur-gezurrak.

* Itxurakeria gezurraren aurpegietako bat da.

* Nahiago izaten da sarri egia ez jakitea, zalantza bere horretan uztea, baina egiaztatu beharra da gehienetan ekintzarako akuilurik eraginkorrena, eta aldi berean egiaztatutako egiak eman ohi du lasaitasuna, egia mingarria denean ere.

 Ez da egia osoa den ezer, egia osotzat daukagun hori ere. Sarri horrek du egiatik gutxien.

 

Non

* Non ibili, halako hauts.

* Non dago egia, dena da erlatiboa. Ikuspegiaren araberakoak dira gauzak. Sarri huskeria batek mundu guztia osatzen du, gauzarik sinpleena da ederrena, asegarriena.

* Heroi gehienak, denak, gizarteak sortarazitakoak dira. Mota askotako interesek bihurtzen dute heroiko ekintza bat, hedabideen eraginez gehienetan.

* Kontalariaren egia baizik ez den egia da kontatzen dugun dena. Ez sekula erabateko egiarik, subjektiboa delako beti egia,  kontatzailearen edo entzuten dunenaren filtroaren arabera.

* Egia eta gezurra, errealitatearen bi aurpegiak, anaia bikiak, biak mingarriak.

* Badut Gaztelan gerra zibilean fusilatutako baten heriotza agiria non dioen “fallecido a causa de una hemorragia”. Egien gezurra, edo hizkuntzaren erabilera zinikoa.

 

Nork

* Gizarteak, bizitzak berak, itxurakeria du oinarri. Egiaren laurdena bakarrik bageneki, ezinekoa litzake elkarbizitza, bai harremanetan, bai familian, bai politikan, bai ekonomian, bai merkataritzan, bai osasunean, …

* Memoria gezurretan hastea baino memoria galtzen hastea da okerragoa. Nolanahi zenbat aldiz zein ezberdin kontatzen duten gertaera bera elkarrekin bizi izan zutenek. Bakoitza bere egiarekin geratzen da.

* Eskuetakoak zein begietakoak, sentsazioak dira biak ere, biak ala biak egiaren segurtasunik gabekoak

* Zaila da zinezko eta sasiko profetak bereizten, horregatik profeta guztiak susmagarri hartzea komeni da, herri mailako egitura eta ekintzetan ere.

* Beste zentzumenak bezain gezurtia izan daiteke ukimena ere.

* Bakoitzak bere egia kontatzen du. Gezur handienak ere badu egiarekin loturaren bat, egia baten ondorio edo zati bat da. Norbaiten aurka aritzean, bada azpian gaizkiesanka hori bultzatu duen arrazoiren bat.

 

Isilpekoak

* Ez da erabat sekretu den sekreturik, beti dagoelako dakien norbait, norbera edo bestea.  Sekretuek, norberarenak, agertu ezinekoek,  min egiten dute. Min egiten dutelako gordetzen ditugu norberarenak isilpean. Luzaro gordetako sekretuak zornatu ere egiten dute barnea.

* Dena isiltzeko dela esatea amarru dialektiko emankorra da. Non zer egia?

* Egia jakinen da sarri, ez beti, eta jakiten denean beranduegi gehienetan

 

 

Kosmosa

* Pasoko lainoak dirudigu, desagertzen den kea, baina gu geu, geuretako bakoitza, gara eternitatea. Haurtzaroa, nerabezaroa, gaztetasuna,  gorputza bera suntsitu egiten da, azkenik, baina hor diraugu kosmosa osatzen. Jainko izpiak gara, jainko zatiak, jainkoa eternitatearen sinboloa den heinean.

* Hil ondoren ezer ez dagoela, ezereza besterik ez,  sentipen eta pentsaera hori akigarria da, bizitzari ikuspegi erabat motza, ibilbiderik gabekoa, ematen diona. Kosmosak jarraitu egiten du gu bakoitza hil ondoren. Eta guk kosmosean jarraitzen dugu. Osotasun baten, agian misterio baten, zati. Esperantza urria?.  Ez da oparoagoa erlijioen promesa.

* Kosmosa betierea da, iraupena. Gu geu ere betiera gara, jaio eta hil egiten bagara ere, kosmosaren osagai garen heinean. Betiera ere erlijioa bat bezala da; ez hasierarik ez amaierarik, misterio bat denez inteligentziarako ere, askatu ez den korapiloa. Baina badu osagai edo oinarri zientifiko bat.

* Artajerjes jaio zenean hor zegoen, Buda jaio zenean ere bai, baita Konfuzio jaiotzean ere, Jesukristo jaio zenean hor zegoen.  Hiru mila urteko drago zaharra Kanarietan. Zirrara eragin dit gaurkoan ere. Haziz beterik dago gainera, gorri-gorri, bolatxo gorriok zaparradan erortzen zaizkiola. Eta gu pausoak kronometroz neurtzen eguneroko gozoa dastatu nahiz. Ez izan alajaina hiru mila urtetarako.

* Zeru-lurrak gupidagabeak dirudite, baina guk geuk tratatzen ditugu gupida gabe zeru lurrak, bere lege aldaezinak bortxatuz.

* Beroa eta argia da sua, bizitzaren oinarriko osagaiak, baina baita hondamendia ere.

* “Zelako misterioa espazioan biraka dabiltzan astro horiena”. Misterio horrekin dut zita gauero, zohardi garbiotan, oherako baregarri.

* Ezinezkoa da basoan bakarrik sentitzea,  basoan ez dago bakardaderik, natura biziak biltzen zaitu. Egia da ere natura bizi hori etsai arriskutsua bilakatu daitekeela gizakia arduragabe edo oldarkor barneratzen zaionean.

* Txindurri ia mikroskopiko bat hoteleko mahaian.  Horrek ere gorputz zeharo osatua du gu bezala. Bakarka, galdu itxuran errari, diziplinatik kanpo edo, ale galdua edo gu bezala oporretan. Taldean diziplinatuki organizatua izanen da seguruenik zeregin zehatz bat betetzen.

 

 

Jakituria

* Ez goizegi ez beranduegi, zer bakoitzak du bere sasoi propioa, gizartean zein naturan, sasoi hori ezagutu eta errespetatzean datza jakinduria.

* Bizitzako ekintza guztiei azalpenak bilatzeko maniaz hezi gintuzten. Halakoa izan zen gure hezkuntza. “Nihil sine ratione suficiente”. Gauza eta jokabide guztien zergatia bilatu behar zen, hortik  zetorren jakituria, eta jakintsuak behar ginen eta nahi genuen izan. Eskolastikaren finkotasun hura zartatu du erlatibismoak, baina orduko sailkapen eta estruktura mentalak hor diraute gaurko mundua ulertzea zailduz.

* Noiz isildu noiz hitz egin, oso gutxik, inork bai?, duen jakinduria eta artea, tarteka soilik ondo jokatzen dugun zientzia.

* Ez da erraza lepoa egin ez diezaguten bizarra egiten ikastea.

* Beti egin zait harrigarria nola jendeak medikuaren hitz teknikoak eta botika izenak errepikatzen dituen, gehienetan tutik ulertu gabe.

* Haizea alde izateak erraztu egiten du joana, baina bidea egiten ez dakienari zaila izanen zaio behar duen portura garaiz eta onik heltzea, edozein dela haizearen norakoa.

* Galdera egokiak berarekin omen darama erantzunaren erdia. Baina erantzunaren erdia gutxienez   jakin behar da galdera egokia egiteko.

* Presa gabe ikasi beharrekoak dira jakituria, maitasuna eta fortunaren misterioak, erdiminez gehienetan, golpez sarri.

* Gehienetan hitz jario antzua besterik ez da harreman intelektuala. Hitz eta kontzeptu potoloko azaleko norgehiagoka. Eragilea denean da benetakoa harreman intelektuala. Agian sasi intelektualez ari naiz. Asko baitira.

* Pentsatu gabe hitz egitea, burura etorri ahala usteak jalgitzea, izan daiteke bertute bat, tolesgabearen zintzotasuna, azerikeriaren antidotoa,  baina baita erru askoren iturria ere izan daiteke.

* Azken pausoa ez ematen jakitean datza hondamendian ez erortzeko jakinduria. Baina, hondamendira bidean zein den pauso erabakigarri azken hori antz ematea da arazoaren muina, sarri ez baita azkena amildegira eramateko erabakigarriena, aurreko bidegurutze batekoa baizik.

* Edonondik, edonoiz, edonolako mintzoak datozkigu, entzuteko gai izatea da arazoa. Mintzoaren argia edo iluntasuna baino.

* Inguruari, dagoenari edo gertatzen edo gertatuko denari buruz iritzi zuzen bat izatea da inteligentzia, irtenbideak ikusi eta bilatzea ere; inteligentzia ez da gauza asko jakitea, memoria izatea, hitz erraz edo asko egitea, edo eskolan nota onak ateratzea.

* Dena da baliagarria, ez da ezer alferrikakorik, okerretik ikasten dakiena egiten da jakintsu.

* Arriskutsua da ezaguera, horregatik du oligarkiak hezkuntzaren monopolioa.

* Sinesten dutenak, sinesten ez dutenak, borrokalariak, koldarrak, .. gehienok erretzen gara ezjakintasun hutsean.

Burutapenak GogoetakI

Jon Etxabe 2016/08/15 19:13
“Gogoetak “ izenburua jarri diodan atal berri batekin jarraitzen du “burutapenak” gai nagusia. Asko samar direnez lau emanalditan banatu ditut. Denbora, Aurkariak, Egia, Kosmosa, Jakituria, Ekimenak, Umorea, Errealitatea, Distantzia, Edertasuna, Hegazkineko hausnarketa, eta non sartu ez dakizkidan Zertzeladak deiturikoak dira gai ezberdinak. Gogoetak I Denbora eta Aurkariak gai dituzten gaiei buruzkoak dira emanaldi honetako burutapenak

Gogoetak I

 

Denbora

Zer den

* Ez dago istant bat neurtzerik. Halaz ere bizi dugun errealitatea da, denbora osatzen duena. Sentipen bat, besterik ez. Sentipen eta bizipenen oroitzapena da iragana, pasa den zerbait da denbora, uneko aldartearen arabera koloretu eta itxuratua, handiagoa edo meharragoa, gozoagoa edo mingotsagoa, orainaren behatokiak ematen dion itxurakoa.

* Denborarik ez duen istant soilean gertatzen dira gertakizun denak, guk denboran kokatzen baditugu ere. Denbora, denborarik ez duten istant jarraiki neurtua besterik ez da, denborarik ez duen denbora. Baina denborarik ez horretan denbora gauzatzen da, eta denboran gauzak gertatzen dira. Aska ezineko korapilo teorikoa. 

* Denbora distantzia dela dio Jokinek, distantzietan handiena. Distantzia berdinari iraupen ezberdina ematen diona.

 

Oraina

* Birjaiotze bat bezala da esperientzia. Bizitako une oro da hurrengo pausorako bultzada, izanak egiten gaitu garena, orainak oratzen du geroa, Kontrajarriak diruditen egoera, sentipen eta ekimenek osatzen dute bakoitzaren uneko bizitza.

* Etorkizuna lotzerik ez dagoelako lotu behar gatzaio orainari, gutxienez baldintzatu eta aldatu daitekeelako, urari bidea  ezarri ahal zaion bezala.

* Geroari begira balioztatzen dugu gehienetan oraina,  uneko plazera batzuetan gehituz, bestetan murriztuz, beti baldintzatuz. Inguruak baldintzatzen eta koloreztatzen baitu ekimen oro.

 

Iragana

* Ez nuke nik iraganeko ezer aldatuko, ezta kopia nahiko zikina bihurtzen denean ere. Joana joan da, eta datorrena etorriko da, uneoro dator, tokatzen zaion erara.

* Badira “begirada bezain lasterra, hasperena bezain arina edo erlojuaren esferan seinalaturik ez dagoen ordu geldi bat” bezalako uneak bizitzan, gozamenezkoak batzuk, zorigaitza besteak, baina badira izan, bizitzaren joana markatzen dutenak, betirako gelditzen direnak.

 

Geroa

* Nahitaez, ezinbestean, egiten dugu etorkizuna, halabeharrez, berez, oraina baita geroa; nolako geroa egiten dugun, hor dago koska,  hori dago nolabait gure esku. Oraina geroa bihurrarazten duen tiranoa da denbora.

* Une bakoitza da etorkizuna, geroaren hazia da oraina, uneka-uneka oraina gauzatzean eraikitzen baita geroa.

* Egia da denbora joana ez dela itzultzen, baina beti dugu denbora berri bat  aurrean, nahi duguna amesteko.

* Geroa jakin nahi genuke, baina bageneki, egonezina besterik ez litzaiguke bihurtuko bizitza.

* Geroak, etorkizunak, ez du aurretikako arau finkorik, are gutxiago arau ezarririk.

 

Neurria

* Denbora ez du ordulariak edo egunkariak neurtzen. Pertsona bakoitzak, une bakoitzak ere, du dimentsio ezberdin bat, ondorioz denboraren neurri ezberdin propio bat.

* Ze luzeak zenbait istant, ze motzak hainbat tarte luzeak.

* Ze neurri ezberdinak dituen denborak. Eternitatea bihur daiteke une bat, eta zein laburra diren, aldiz, hainbat ordu, batez ere ederrak direnean.

* Oraina beti da istant neurtezina, istant hori ez delako denbora. Erlojuek ez dute istantik neurtzen, denbora soilik,  Denborarik gabeko istant horiek egiten dute baina erlojuak neurtzen duen  denbora. Enigma.

* Badaude uneak, zeinetan, lilurak hartuta, denbora gelditu egin zaigula dirudien

* Bakoitzaren barnean dago denboraren neurria, ordulariarena edo eguzkiarena, oso erlatiboa da, “... hilabeteko tartea infinituraino zatika daitekeelako”. Segundo bat eternitatea izan daiteke eta bizitza osoa une bat bilakatu. Betirako markatzen gaituzte infinituak diren une horiek.

* Neurri ezberdinak ditu denborak. Badira orduak dirauten minutuak eta minutuak zaizkigun orduak.

* Erlojuak ez du denborarik ematen, neurtu ere ez, denbora neurtu ordez, lapurtu egiten du denbora erlojuak. Beste osagai batzuk demaigute denboraren neurria.

* Denbora objektiboak eta subjektiboak neurri ezberdina dute. Dena da erlatiboa mundu honetan.

* Geldiezin basatia zaio denbora batez ere adinean aurrera doanari, galbaherik jarri ezin dion harea, edo iraztontziak eutsi ezin dion ura. 

* Ze denbora ezberdinak dituen denborak, bizipenen araberako denbora ez da erlojuarena, erlojuaren diktadura gainditzen eta menderatzen du bizitzaren erritmoak.

* Ez dago ezer betirakorik, ezer absoluturik,  ezta gure sentipen eta uste finkoenetan ere.

* Izana ez da betidanikoa, bai betirakoa, gerorako eternoa; balizkoak dira galtzen direnak, kaskezurrean eta betirako galdu ere.

* Nekearen ajeak dira presaren kontuak, presiopekoak, edo desesperazioarenak. Bizitzari berrekiteko ilusioz ekin behar diogu unean uneko zereginari; geroa beti dator.

* Denbora kudeatzea: jakituriaren oinarria, bizitzaren funtsa. Denbora irabaztea, aldiz, bizitza laburtzea izan daiteke.

 

 

Aurkariez

Dialektika 

* Dialektika bat da bizitza, arazo bati irtenbide aurkitu eta beste arazo bat dakar edo datorkio  ondoren, … bide bat aurkitu eta beste bide bat irekitzen zaizu. Dialektika horrek egiten du zaila bizitza, ondorioz bizitzan dena da zaila.

*  “Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen bezala”. Ex contrariis veritas, esaldia jaso genuen ikasketetan, aurkakoen talkatik datorrela egia, alegia. Horrela funtzionatzen du munduak eta gizarteak. Kontraesanak gaindituz aurreratzen dugula, alegia. Eztabaidatuz eta batak bestearengatik ikasiz. Diskordantziak argitasuna dakarkio kontrako bakoitzari, baita borondate onik ez dagoenean ere.

* Egia orok du beraren kontrakoa. Biak egiak. Dialektika. Erlatibismoak hautsi zuen eskolastikaren egiaren logika. Bazen esaldi bat “kontraria kontrariis …“ baina  ez dut gogoan. Eskolastikaren egia bakarraren teoria zelakoan nago. Baina  ez dut gogoan.

* Ukoa: berezko jarrera, edo ukoaren ukoa: dialektika hori da arriskua eta arazoa. Sortzailea behar du izan dialektikak, falangisten “pistolen dialektika” ondorioztatu nahi ez bada, oraingo gobernuen indarkeriaren dialektika bera.

* “Ukoa dute eragile. ... Ukoak ukoa sortzen ahal du, ukoaren ukoa, dialektika” Koldoren hitz joko sakon eragilea.. Ukoa berezko jarrera izan daiteke, dotrina edo arau bihurtu dena, bezala, ukoaren ukoa, hori omen dialektika: Sortzailea da, falangisten “pistolen dialektika”, edo oraingo gobernuen indarkeriaren dialektika bera ondorioztatzeko arrisku guztiekin.

*  “Batzuetan busti, besteetan lehortu, egin eta desegin, dialektika, arraioa, dialektika” dialektikaren Feliperen definizioa. Dialektika, kontrarioen lehian errealitatea mamitzea; ai hausnarketarako bezain argi, erraz eta jolasgarria balitz

* Galdetzeko ausardiarik ezak egiten gaitu sarri ezjakin. Galdera-erantzunen dialektika da heziketaren oinarria.

* Galdera on batek erantzun on batek adina  balio du. Zenbait galderak erantzuna darama berarekin. Zenbait erantzunek ez dute behar galderarik. Galderarik ez duena inozoa, da. Galderei esker osatzen da gizakia. Erantzunik gabeko galderak antzu geratzen dira. Erantzunak ematen dio garrantzia galderari. Galderak galdegilearen nortasuna erakusten du. … “Et ita porro”. Distantzia

* Ez dakit dialektikak oinez dakien, baina dialektika oinez ibiltzea da.

* Ama ahobeteko hitza omen, aita, berriz, hagin artetik esatekoa. Ama esateko ezpaina, aita esateko mingaina, esanen nuke; dena dela, burutapen askorako zirrikitua.

 

Izan eta ukan

Zenbat aldiz!. Gauza bat da sakontasuna, beste bat konplexutasuna. Oso azalean arrantzatzen duen datu-sare trinkoa, edo hitz-zurrunbiloa, besterik ez da sarri konplexua dirudiena.  Sakonak eta zorrotzak diruditen pertsonek informazio gehiago besterik ez dute askotan.

* Kontradikzioa, besterik ez da gizakia: izan dena eta izan nahi lukeena, nahia eta ezina, gauza kontrajarriak desiratzea, aldarte ona eta umore txarra, eguna eta gaua, loa eta esna, … infinituraino. Edozer dela, dena dago aurkakoari lotuta, edo aurkakoak ematen dio zentzua den orori.   Existitzen dena  da kontradikzioz oratutako izakia.

* Egiten dugun dena da zerbaiten esperoan, ekintza altruistena ere.

* Burdina brontzea baino gogorragoa omen, denborarekin denboraren aurrean burua makurtu eta ugertu eta gogortasuna galtzen duela jakina da, brontze ahula, aldiz, ez. Egia da askotan indartsuena ez dela gehien irauten duena, azkeneraino dirauenak irabazten duela, baina herri edo gizarte bizitzako zenbait unetan gogor izatea da balio eta merezi duena, nahiz ondorioz herdoildu edo ezereztu.

* Onuragarriagoa lotsatia izatea?. Lotsatia atzeregi geratu daiteke, baita ausarta aurreregi joan ere; batek akuilua behar du, besteak balazta. In medio virtus

* “... izua gainetik kentzeko berari aurre egin behar zaiola sinesten dudanez, ...”. Iheslea beti da  galtzaile, ihesa beti da galbide. Erretirada bai izan daiteke zuhurraren erabakia, baina ez da erraza ihesa eta erretiradaren arteko marra non den antzematea.. Beti sinetsi izan dut zailtasunari aurre egitea dela irtenbiderik eraginkorrera. Izuarentzat antidotoa, aurre egitea, nahiz galdu.

* Askok egiten dute eroarena erosoagoa delakoan, zaila da ordea eroarena egitea, batez ere baztertu egingo zaituztelako edo pailazotzat hartu. Mundu hau, gizarte hau, erabat erotuta dago egon, dena aldrebes baitago, gizakiak dena oker egiten baitu, baina eboluzioaren azken kate garela uste dugu, mailagorena, zibilizatuena. Kontraesan horrek katramilatzen du gizakia eta gizartea.

* Lotsatiarena egitea estrategia bat izan daiteke, arazoei aurre ez egiteko jarrera. Une bakoitzak erakutsiko du estrategia zuzena den ala ez.

 

Hitzak eta ekintzak

* Doinuak ematen omen kantagarritasuna, ez hitzak. Ingeles ez dakiten gazteak ikusten ditut, ingeles letrako kantuak abesten, buruz dakite ulertzen ez duten abestiaren letra.

* Hitzak ez dira belarrira datozen hots soilak, hitzek mezu bat dakarte, eta mezua ez da  belarrira heltzen den soinu soila, hitzez edo beste edozelako medioz barruko ez dakit non kiribiltzen zaigun ikusezin kilikagarri hori  baizik. Askatzen ez dakigun kiribil horietako bat da hitzen - hotsen eta mezuen lotura.

* Egia da, erabileraren erabilez, esanahi zehatzik gabeko hitz bihurtu dugula “jatorra” hitza, faltsua dirudiela gehienetan. Baina kutsatu dugun hitza da “faltsua” bera ere. Mila aldiz darabilgu esanahi zehatzik gabe, karta jokoko komodina bezalakoa da.

* Gertaerak, arazoak, egoerak, ... azaldu, adierazi eta sailkatzeko beharrezkoak dira  hitz jokoak. Biolentzia bera sailkatzen dute ikuskorra, ikusezina, kulturala, estrukturala, … bezala. Baina halaz ere, hitzok erabat ezkutatzen dute, edo ez dute adierazten bere gordinean errealitate latza. Batzuetan, gainera,  maltzurki, kriminalki ere, desitxuratzen dute. Aho bikoitzeko arma da hitza.

* Hitzen eta ekintzen artekoak dira gizarteko dibortzio tamalgarrienak. Dibortziatu bat da gizakia, eta dibortziatuen multzo gehienetan organizatua, gizartea: eten gabe talka egiten dutenen bizitza paraleloen galazia. Eztanda horien ezaugarri dira gerra handiak eta bakoitzaren eguneroko liskarrak.

 

Ahalak eta ezinak

* Egoera arrunt batek aldarazi dezake gure portaera, ustekabe batek eten dezake gure ohiko jarduera. Horrelako stop bat behar dugu sarri geurean temati garenean. Agertzen zaizkigu stop iragarpenok, horregatik egin ahal dugu aurrera, bai bizitzan bai harremanetan. Aldarte zailetan, stop noiz agertuko adi, ihesari eman gabe.

 * Aberastasuna eta jakinduria kontraesanean bezala egon izan dira gure gizartean. Jakinduria norberaren lorpena zelako, aberastasuna, aldiz, heredatua. Aberastasuna lorpena da askorentzat gaur egun, bana inoren izerdiaz lortua; jakinduria, berriz, norberaren ahalegin soilak dakar, jakinduria norberaren zerbait baitakoa baita; aberastasuna, aldiz, ezarria; mamia da jakinduria, azala aberastasuna.

* Besteekiko kolisioak erakusten edo nabarmentzen du norberaren nitasuna.

* Dagoenean bonbon, ez dagoenean, dagoenarekin konpon.

 

Kontrajarriak

* “Gogoa erne izatea da funtsezkoena”. Gogoa erne izatea funtsezkoa da, baita gogoaz kontra egin beharraren gogoa ere.

* Errazegi usten ditugu ezohikoak ulertezintzat. Errazkeriaz. Ezohikotik etorri ohi da aldaketa eta aurrerapausoa. Ezohikoa pentsamenduaren aberastasun bihurtzen ez dakiena immobilismoan jarraituko du.

* Ezagutzak askatzen digun korapilo bakoitzari galdera berri bat dario. Ez dago erabateko eta betirako askapenik, ez pertsona mailan ez gizarte mailan. Kontraesanak gaindituz egiten delako bidea.

* Lorpen bakoitza ukazio kontaezinen habia eta hilobia da.

* Abiapuntuaren eta helmugaren artean dagoen distantzia atzetik aurrera berregite edo neurtzeko burutapenen urratsak burua jantzi samarra dutenen ariketa izan ohi da. Bestelako da xumeen arteko solasa. Bada solasaldi arin ostetako jolas bat: erabilitako gaiak zenbatu eta aztertu. Ikusiko dugu taldeko burutapen edo gai baten kateari luze jarraitu gabe,  nola ikusitako edo entzundako zerbaitek, ideia edo esaldi batek,  eragiten digun jauzia irudi, ideia edo esaldi berri batetara. Hainbat aldiz gertatzen zaigu egunero: pentsamenduaren engranaje bitxia da. Lagunarteko solasaldietan gai batetan atera den zerbaitek, gaiarekin zerikusi zuzenik ez duen huskeria batek, sarri, eramaten gaitu gaiez erabat aldatzera.

* Behin eta berriz errepikatzen den kasualitatea ez da kasualitatea. Behin baino gehiagotan azaltzen den kasualitateak badu bere kausalitate garbia, agerikoa ez bada ere.

* Kasualitatea noiz den kasualitate igartzen bageneki, ez ligukete hainbeste ziri sartuko.

* Ba ote lagun txarra ohitura?; iraupena besterik ez da sarri ohitura.

* Nekeak dena kamusten du, ekintzarako tranpolina den harrimena bera. Loa eta atseden lasaigarria ere berarekin dakartza  nekeak. Sormenerako abagunea eskainiz ondoren.

* Opari bat hartzen dugun bakoitzean ahazten zaigu ezer ez dela doan egi unibertsala.

* Erabat doan ematen ez den dena, lukurreria da.

* Itsutasuna, gidari txarra dela, egia biribila.

* Indarraren askapena lortzekotan, desorekak gehiagotze eta handiagotzeko bidetik jokatu behar da.

Burutapenak Gizartea IV

Jon Etxabe 2016/08/12 09:40
Gizartea IV Boterea, Zapalketa, Bortxa, Iraultza gaiei buruzkoak eta azken zertzelada zenbait dira emanaldi honetako burutapenak

Boterea

 Dirua

* Edonon eta beti, diruak badaki hitz egiten.

* Sosek mugitzen dituzte hari guztiak, inork  ez du ezer ematen ezeren truke, hori da gizarte honen lege gogorra eta nagusia. Hala da mila amarruz zuritzen badugu ere. Maitasuna, fedea, filantropia, … geruza estalgarriak besterik ez dira.

* “Auzoa hiletan eta gu opiletan” errefraua: ondo-bizien jarreraren ezaugarri.

* Honenbeste kosta, horrenbeste balio” dio esaldiak. Diruak markatzen du, gaur egun, balioa.

* Diruak eragiten ditu modak, irabaziak azkenean.

* Gizakiok abereek antzera ohitura zale garela baliatuz, negozio bihurtu dute gaurko gizartean gizakion ohitura zaletasuna, moda ezarriz.

* Sakonean, aberriaren liluren atzean edo sakonean edo oinarrian, gutxi batzuen interes ekonomikoak egon dira, interes politikoz mozorrotuta herria engainatuz.

* Egia da diruak malkarrak zelaitzen dituela, baina denok gara diruaren esklabo, dirurik ez daukan bera ere.

* Prezioak altu egoteak batzuk diru asko dutela esan nahi du, baina baita beste batzuk, sarritan askok, estura larria jasan behar dutela.

* Zatitxo batekin konformatu behar izaten dugu, pastel zati handia dugula uste dugunean ere, zatitxoaren zatia besterik ez baita tokatzen zaiguna, beste norbait   miseria gorrian utzi duen zatitxoa gainera, pobrearen zati handiena bera pastelaren apurra besterik ez baita.

* Saltoki erraldoiak indartuz auzo eta kaleko merkatu-dendak irentsi: gaur egungo megadenda eta denda txikien arteko lehia zitala.

 

Aberatsak

* Gizarte honetan, gehienetan, besteak zapalduz  edo besteei gailenduz, beraz duintasuna eta zintzotasuna zapalduz, beste norbaitzuen kaltetan, ateratzen dira gorantz ahaldun eta dirudunak. Eguneroko esperientziak esaten digu galtzaileen artean irabazleen artean baino duintasun eta zintzotasun gehiago sumatzen dela askotan.

* Diru-jabeek hiltzen dute jendea,  gerrak beraiek sortaraziak dira, izurriteak, goseteak eta pobreziak beraien harrapakeriak eraginak edo ondorioak dira ia beti.

* Ez direla dauden guztiak eta ez daudela diren guztiak, eroetxeei buruzko esaldia kartzelari aplika dakiokeela, lapurrei alegia, dio Proustek. Lapur handi nagusiei, batez ere, gehituko nuke nik.

* Bada gaizki, oso gaizki kobratutako zorrik. Edo ordaindu gabekorik

* Gehien dutenak, gizartean ondasunak edo politikan boterea, medioetan gehien ageri direnak hain zuzen, horiek dira ezkutatzeko gehien dutenak, isilpean kontu gehien gorde behar dutenak, diru kontuak eta bestelakoak, gerretan, bakean, bolada onuragarrietan zein krisialdi larrietan, edo egunerokoan.

* Harrapatu ezean ez omen lapurrik, horregatik dago hain gutxi aberats lapur kartzelan, beraiek baitira lege eta epaile.

* Handikiek eta aberatsek ere kaka egiten dute, usain txarragokoa gainera agian, jaki finagoagatik. Kaka egiten dutela sarriago pentsatuko  balute umilagoak eta gizatiarragoak lirateke., 

 

Jabegoa

* Lurra bertan bizitzen eta lantzen duenarena da, egia, baina ez litzake erabat jabetza pribatua izan behar. Jabetza pribatua, gerren ongarria da

 

 

Zapalketa

 

Zapalketa

* Gauzen ordena normalaren baitan dago pribilegiatuek pribilegiorik gabeak zapaltzea. Gizarte orotan eta gizarteko maila guztietan daude pribilegiatuak, maila zapalduenetan ere. Goikoek zapaldu egiten dute beheragokoa, edozein dela giza maila.

* “Ez dugu harritu behar. Beti izan dira indartsuak eta ahulak, Hondoratuak eta zapalduak”: H. Cano. “egalitè” ideia filosofikoa besterik ez da, gizakia gizakiaren aurkari egin duen asmakizuna, utopia, desberdintasuna areagotzeko asmoz, azken finean. Muskerren artean ere.

* “Daukanari eman egingo diote; ez daukanari, kendu egingo diote”` lege basa, noizean behin baino sarriago aplikatzen da, horrelakoa da gizarte hau, baita herri eta nazio artean ere.

* 2011. urtea bukatzear: frankismoa franko urrun dago desagertzetik, antzaldatu dira, jantzi berrietan berragertu dira, ez hain ezaguterraz, itxura errespetagarriagoz, mundu berriagora egokituago, baina frankismoko jokabide faxista berak dirau, paralelismoa ezin garbiagoan.

* Gizakia funtsean ez da aldatu “sapiens” bilakatu omen zenetik hona. Azalekoak dira aldaketak, formalitateak. Indartsuena gailentzen da, indarkeria, norberekoikeria,

* Ordena, gauzei, eginkizunei, kontzeptuei eurei, leku zehatza jartzea, beharrezko da, baina agindu bilakatzean da kaltegarria, hesi batek bezala lotzen, banatzen  eta behartzen gaitu.

* Pentsatzeak ez dakar oinazea gure gizartean, kontzientzia astintzea bai, oinazerik lazgarriena. Horregatik herriak pentsatzea da estatuarentzat arriskurik nagusiena ere. Horregatik murgiltzen gara pentsarazten uzten ez diguten jolasetan,  horregatik botereak entretenitzen gaitu bestelako jolas edo arduretan.

* Ideiak libre izanen dira, ehizaezinak, arkanoak, baina ideiok dituzten pertsonak ez dira libre. Beteta daude kartzelak botereak ez bezalako ideiak edukitzeagatik. Ehizatu egiten dira ideiak, ideiok dituztenak ehizatuz.

* “Irabazlearen zortea ere ez duk oso desberdina izanen”. Galtzaile dira soldadu irabazleak ere gerretan, gerra-eragile galtzaileak, aldiz, beti irabazle.

* Sentimenduek arrazoia gainditzean datza astakeria gehienen iturria. Sentimendurik gabeko arrazoitik datoz ere zapalkuntza denak.

* Bere buruari munduaren jabe deritzo eskumen minimo bat duen orok, inguru edo ardurapeko munduaren jabe, behintzat, nahiz jabe txikia; duen eskumena ez zaio zerbitzu ardura bat iruditzen, botere edo jabetza bat baizik.

* Natura krudela eta itsua dela esan ohi du gizakiak, batez ere agintari zapaltzaileak, bere gehiegikeri eta basakeriak zuritzeko.

 

Zapalduak

* Esker oneko esklaboen “gora”k egiten ditugu gaur egungo jendeek ere, botereak baitaki esklaboak esker oneko bihurtzen, gaurkoan eta aro guztietan.

* Maila eta lanbide guztietan boterearen esklabo gara.

* Beti gaude zerbaiti lotuta, beti zerbaiti zor. Ahulak sentitzen garelako, askeak ez garelako. Botereak, sistemak, zordun, premiadun egiten du herria, ahaldunenganako menpekotasun lotura sortarazteko.

.* Mehatxaturik, zelataturik sentitzen da gizakia gaurko gizartean, uneoro defentsa keinu batean uzkurtzeko zorian bizi da. Horrelakoa da, izan da beti, gizakiaren eta gizarteko, giroa: beldurra, defentsa  jarrera.

* Pobre oro bizi da dantzan, hanka puntetan, artzari musika entzutean hankak jasotzera behartzeko oin azpiko xafla berotzen diotenean bezala.

* Ekonomiarentzat denok gara tratu-gai, -enpresako zuzendaria bera ere-, gizaki oro sal-erosten da, pobreok xemaikoen truke.

.* “zapaltzen duenak ez du zapaldua ulertzen, ezta ulertuko ere”, Txillardegik. Zapalduak ere ezinen du ulertu zapaltzailea, horrek aurrez aurre jartzera eramango du zapalduta bizi nahi ez badu. Gizakia baina, zapalketaren arriskua ikustean, kikildu eta meneko jartzen da sarri.

* Mugimendu askatasuna ematen digu autoak, baina sekula izan garen presoen egin gaitu, auto barruan ez ezik, gizartearen eta norberaren barnean, preso, autoari erabat lotuta.

* Igotzen den orok  jaitsi beharra omen dauka; begirada motzean hala dirudi, baina ez da horrela:  jaisteen denaren ordez  berri batek igotzen du, baina betiko pariak behean gelditzen dira beti, uneko goikoari eutsiz.

* Gaur egun eta gurean ere, oraindik atzerritar oro etsai dela uste du jende askok, nahiz kontrakoa esan. Baita herri bezala ere, nazioen jokabideak erakusten duenez.

 

Zapaltzaileak

* Munduaren jabe da gizaki zuria, gehiengoa ez bada ere.

* Ahaltsuek, nahi duten bezalakoak egiten gaituzte gehienetan, buruzagi politikoek barne; mila amarru eta baliabide baitituzte horretarako.

* Ez dago irabazlerik galtzaile bat denean. Ekonomian antzo, aberasten edo irabazten den oro norbaiten bizkar da, eta horrek zapaltzaile egiten gaitu, beraz galtzaile. Teoria garratza, baina erreala.

* Edozein gaietan, desberdintasunik bada, norbaiten bizkar du gehiago duen hori. Dirua dela, zoriona dela, edozer dela: desberdintasunak beti besteari kenketa baten ondorioa da. Eta ez da beti etika arazoa.

* Kontuz moralistekin. Debekuen kudeatzaileak izan ohi dira.

* Gure izatearen proportzio bat geure hurkoen arimengan datzalako, horratx zergatik diren gizagabeak torturatzaileak eta tortura babesten duten guztiak, hotz, gizona gizonarentzat gauza egin dutenak, direla politiko, epaile eta enparauak, tortura ekiditeko bitartekorik jartzen ez dutenak, baita frogak behar direla aitzakian babesten direnak ere.

*  Bada munstrorik gaur egun, baina zinez arriskutsuagoak dira gutxi batzuen esanetara jartzen diren kartzelari, polizia, bigarren mailako politikari trepa edo jantxakurrak, funtzionarioak, ... baina baita ere garunei eragin gabe esaneko jartzen diren adin guztietako herritarrak

* “Giza fenomeno triste eta aipagarriak dira prominente juduak. Haiengan bat egiten dute  oraingo, iraganeko nahiz antzinako sufrimenduek, eta arrotzarenganako etsaitasun tradizio eta heziketak, hartara laguntasun eta sentiberatasunik ezaren munstro bihurtu direlarik”, Primo Levik. Gaur egungo Israel da munstro horietako bat.

* Uniformea, kargua, legea edo zigorra behar ditu erabili berezko nortasunik edo arrazoirik ez duenak menekoak esanera jartzeko. Uniformea, legea, zigorra, kargua bera, ahultasunaren ezaugarri dira. Nortasunak eta ahalmenak uniformea eta indarra ez diren ezaugarriak ditu.

* Hartzeak emailearengandik hurrago uzten gaitu, bestearengana hurbiltzen gaitu, baina mendekotasun eta dependentzia nolabaitekoa ere ezartzen digu.

* Handi eta eskuzabala sentitzen den gizonari, zerumuga zabaldu eta bideak irekitzen omen zaizkio, agian horregatik esplotatu ere egiten dute.

* Atzera eta albora begiratzen ez duen irabazlea, zapaltzaile genozida izanen da beti; gerretan hondakin eta gorpuen gainean eraikitako lorpena izanen da beti berea. Edozein lehiaketan ez da irabazle izaterik beste norbait gainditu gabe, gainditze orotan dago zapaldu bat.

* “... damua karakter ahul eta ezbaitien jokaera sentimentala baino ez da, irrazionala”, Deskartesek. Damua exijitzeak berak ahultasun eta intelektual maila baxuena erakusten du, moral maila gaixotua, damua irrazionala delako, eskalearen ahulezia, mendeku gosea ez denean.

* Tamalgarria da diziplinarik eza, baina okerragoa oraindik diziplina  ezarrarazteko inor gaitasundunik ez egotea. Nortasunean eta mendekoaren konfiantza bereganatzean dago sekretua. Indarrez ezartzen dena hutsala baita, luzeran kontrako fruitua emango duena gainera. Ni neu ez naiz gai diziplina ezartzeko, horregatik ez naiz ezeren buruzagi.  Ditugun kideak galduz talde elitistek agindu edo talde apalago baina herrikoiagoez baliatu, hori da dilema.

 

Zapaltresnak

* Ametsak saltzen dizkigute bizimolde latza ezartzen diguten ber-berek. Ametsak eramangarriagoa egin dezan zapalketaren zama.

* Herri giroa nork nola sortu, behin maila batetik gora medioek sortarazte dute giroa, medioen gehiengo eragileen jabetza boterearena da, beraz giro nagusia botereak ezarritakoa da.

*  Asko dira uste dutenak gizakiaren patua atsekabeen, heriotzaren eta desagertzearen  kontra borroka egitea dela eta borroka horretan gizonak tinko aritu behar duela, esperantzagabea izan arren, eta, etsituta, patuaren iritsi horrekin lanari buru-belarri emanda bizi. Uste ustel eta sentipen etsigarri horietaz baliatzen dira ahaldunek besteen laztasunaz zoriontsu edo ondasuntsu bizitzeko.

* Amets baten ikur bilakatu da plasma telebista. Bizitzako eta bizitzeko erdigune edo euskarri. Gizakiaren inozokeria eta kapitalaren lilura faltsuak sartzeko gaitasunaren ezaugarri.

* Burua janda bizi gara denok gaurko gizartean, beraz ez ginateke izan behar ekintzen erantzule, baina mila eratara zigortzen gaituzte, burua jan digutenek hain zuzen.

* Aro eta gobernu mota guztietako filosofia da, beraiena dela ordenu beharrezkoen eta egokiena, guztien eta guztiaren gainetik eta aurka defendatu behar dela, “ordenua” beraien boterea baita, edo boterean iraun ahal izatea.

* Kolektibizatu egiten du botereak errua, herri osoa zigortzeko;  beraren erruak ere kolektibizatu egiten ditu agintarien erru pertsonalak ekiditeko.

* “Nik egunkariei jaukitzen diedana, ordea, zera da, egunero gauza hutsaletara desbideratzen digutela arreta, eta, bitartean, benetako gauza mamitsuez mintzo diren liburuak hiruzpalau aldiz bakarrik irakurtzen ditugula gure bizitzan barrena”. Ez da duela bi gizaldiko afera soilik  medioek egiten duten  arreta-desbideratze hori. Malezia osoz egiten dute, bestelako interesek eraginda. Herriak oso gutxi irakurri eta eztabaidatzen duela, eta herri xehea sinesbera dela baliatuz,

* Damua uneko sentipena da, mingarria, baina inolako eraginik gabekoa. Urkatu eginen duzu damua lehenengo aukeran. Damua da elizak erabili duen baliabidea, eta damua da politikoek darabilten arma euskal disidentziaren aurka.

* “Hitz haiek guztiak haizea bezala igaro ziren haien ondotik, guztiz arrotz eta ulertezin”. Politiko eta apaizek hitzetan jarria dute eraginkortasunaren ustea, efikaziaren ardatza, eta zenbait une eta alditan fruitua dakarkie. Herriak, baina, ekintzetan soilik sinesten du, ikusten eta bizi duenarengan. Horregatik bai politikoek bai elizak, indarra eta beldurra erabiltzen ditu  herria mende edukitzeko, azkenik beraiek ere indarrez bildu gabeko hitzen eraginean ez baitute  sinesten, hitzak apaindurarako edergarri edo baliabide estaltzaileak dira.

* Sortzen dira mirespen, gorroto eta bekaizkeria giro edo zirkulu bat, desira aitorrezin eta itxaropen bihurriz bildutako hutsarteak, zerbait sakon iraunkorra mamitzen hasten denean. Gehienetan interesatuak ohi dira hutsarte horiek, probokatuak, kanpotik landuak; bestetan, herri xeheari dagokionez, inkontzienteak, egonezinak eraginak.

* Polizia mota guztiez harago, internet eta telefono mugikorrek areagotu egin dute Orwellek iragarritakoa. Denok eta bakoitza gaude etengabeko zaintzapean, nornahi garela edo zernahi egiten dugula.

 

 

Bortxa

Errepresioa

* “Errepresioa eta axolagabekeria dira jendarte antolaketa honetan gehien erabiltzen den txanponaren bi aldeak. Erreboltariari egurra ematen zaio axolagabeen taldera gehitu dadin” Mikel Antzak. Ez du glosarik behar.

* Erasotzailearen ezina edo beldurra erakusten du errepresioak. Boteretsu izutua  da areriorik hiltzaileena.

* Bortxa adierazpenek dionaren ahulezia adierazten dute, eta bere horretan tinkotuago uzten du bortxatua.

* Gehiegikeriak eta desberdintasun justifikaezinak zuritzeko erabili ohi da gehienetan bakoitzak merezi duena daukala  printzipioa; ondasun kontuetan daukanak ez daukanaren aurrean bere oparotasuna mozorrotzeko izan ohi da.

* “Bortxazko bitartekoz beti bortxazko mundu zaharrean geratuko gara” J Azurmendik. Bortxaz ez dela benetako aldaketarik, gurasoengandik bizi behar den ziurtasun ezinbestekoa.

* Militarrak izan dira edo dira, edo beraiez baliatu dira,  historia aldatzen saiatu diren gehienak. Benetan mundua aldatu dutenak zibilak, herri xehea, izan dira, eta eurek ere indarra erabili dute.

* Indarrez erantsita ezerk ez du erro sakonik luzatzen, are gutxiago maitasun eta zorionik.

* “Beldurra izan zen hemen, munduan, bizi izan zuen lehen sentipena”. Beldurra da botereak darabilen lehen baliabide eraginkorrena menpekoekin. Debeku eta errietekin, beldurra da ere umeei sarriegi ezartzen diegun lehen sentipena.

* Mediku naziek ere bata zuria janzten zuten, hainbestek janzten du bata zuria gaur egun!.

* Tortura beti geratzen da zigorgabe, beti, zigortzen denean ere, merke ateratzen zaiolako  torturatzaileari.

* Ez dago duda izpirik biktimatzat agertzen diren asko politikaren agente kualifikatuak direla.-

 

Polizia

* Polizia litzake ofizioa eta ofizio okagarriena. Gizakia erasotzeko jarriak daudelako. Eta uneko boterea gordetzeko. Polizia izena higuingarria zaizkie beraiei ere. Eufemismoz deitze dira gehienetan. Polizi eta kartzela-zain taldeek izena ez ezik jantzia ere aldatzen dute tarteka-marteka,  izana aldatuko zaielakoan. Nolanahi herriak jartzen dizkie izenik egokienak, aldi berean gorrotagarriak zaizkienak. Ez dira gaitzizenak, izen ezaugarrienak baizik. Horregatik gorrotatzen dituzte izenok, egiatik hurbilen daudelako, eta beraien lanaz lotsaz daudelako.

* Soldaduentzako ez dagoela legerik dio nobelako pertsonai batek, horiek euren arauak dituztela.  XXI. gizaldian polizia eta guardia zibilek bezalatsu, inpunitate eta bere jabeen babes osoa dute gainera.

* Herriak epaitu behar ditu guardia zibilak, ez politiko eta epaileek, hauen morroiak baitira, bere zaintzarako soldatapekoak. Nolanahi aspaldietatik epaitu ditu herriak guardia zibilak.

* Politikaren engranajeko hagin bat besterik ez da polizia. Etengailuari emanez, berenez jartzen da martxan, sentimenduek eta arrazoiak ez du lekurik, ordena hartuz gero, berenez jartzen da martxan polizia; sentimenduek eta arrazoiak ez du lekurik beraiengan.Automatak dira. Aginduak jakinaz gain betetzea jardueraren plus bat besterik ez da. Gorrotoaz harago, sentimendu ezberdinak egon daitezke jokabide horren sakonean: psikiatrek landu beharreko buru-orekarik eza bat.

 

Iraultza

* “Ez duzu irratia aldatuko, zeu aldatuko zara” esan diote irratiko zuzendari izendatu berriari. Irentsi egiten zaitu sistemak sistema barruan sartzen zarenean. Ez dago iraultzarik sistema barrutik. Politika eta politikari ezkertiar eta iraultzaileak lekuko. Sistema kanpotik soilik apurtu ahal da. Barnetik itxuraldatu egin ahal da soilik.

* Lepoa garaiz luzatzea, periskopioa garaiz goratzea alegia, borrokalari orok ezinbestekoa duen zuhurtasuna.

* Elkarrekin asko egotea du ezinbesteko iraultzak. Baina batez ere elkarbizitza, errespetuzko gogoetatsu kritiko minimoki barea.

* “Dena berdin-berdin zaigu” egoera, hori da edozein gizataldeak aurrera egiteko duen abagune arriskutsuena, edo sorbaldak jaso eta “hor konpon besteak” esatea, .

* Egia ezkutatzen duen gizartea bilakatu gaituzte, iraultzailea baita egia azaleratzea.

* Ez-normala normala denean, zer egin?, hori da normalizazioak planteatzen duen galdera. Dagoena bada normala, kito mundua, kito gizartea. Anormaltzean datza etorkizuna. Nola eragin aldaketa hori, hor datza gakoa.

* Posible da indarkeriarik gabeko matxinada?. Nik ezetz uste, ez dagoen bezala aberastuarena ez den beste norbaiten izerdiaz egin ez den aberastasunik, ondasunik ere. Azpijokorik gabeko politikarik ez dagoen bezala.

* Bakarka eta norberarentzako borrokatzea da gaurko gizartearen  errua eta gaitza. Taldea eta taldean borrokatzea da borroka askatzailea.

* Ondo-biziak dira sozialista deitu gehienak,  sozialista kontzeptua bera kutsatu dugu. Jada sozialismoa eta iraultza kontzeptu kontrajarriak dira.

* Ohitura du lege meneko izatea gizarteko gehiengoak. Gutxi dira arau hausleak.

* Esperientziak dio intelektualek ezkerretik eskuinerako bidea egiten dutela, pobreek, askok behintzat, alderantzizko ibilbidea egiten dute, eskuinak ezarritako bizitzako esturengatik.

* Luze joan ohi da aldaketa sakonerako bilakaera pentsaera mailan, baina, azken batean, denbora laburrean gauzatzen dira hainbeste denbora behar izan duen pentsaerako aldaketok.

* Egia da bere buruaz seguru dagoena lorpen txikiekin konformatu ohi dela. Eta bere buruaz seguru edo ez, gauza txikiek eragiten diote gizarteari, besterik badirudi ere.

* “Urte asko falta ziren manifestu komunista sortzeko. Edo beharbada hainbeste urte igaro ziren idatzi zenetik, inork ez zuela jada gogoan” H. Cano: Izanen al du bigarren manifestu bat gizarteak, beste astinaldi bat, kateak hausteko bidean.

* Erokeria utopiarekin bildu beharra du sarri zapalduak arrazoiz etsaiaren aurka egiteko. Erokeria asko egin behar du sarri zapalduak eta esplotatuak arrazoizkoa den eskubidea lortzeko. 

* Denok dakigu iraultza egin behar dela, errotik moztu behar dela giza-zapalketa, herrien eta gizakien ezberdintasuna irauli behar dela, baina beldur gara bakoitza bere ondo-bizitza ez-solidarioa galtzeko.

* Zerbait egin nahi duenak egin nahi ez dutenak ahaztu behar ditu eta albora utzi, norbere eta kideengan indarrak bilatu eta bildu, inguruko besteak epaitu besterik egiten ez dutenen esamesa zurrunbilo ezkor antzuari gor.

* Ezindu egiten gaitu beldurrak, edozein arlotan. Galdua du partida beldurra nagusitzen zaionak. Beldurra da politikoen arma nagusia edozein ataka larrian. Gogoan hartu behar dugu axioma hori, etsaia kezkatzen dugun heinean emanen ditugu aurrerapausoak, errepresioa areagotuko bazaigu ere. Gurpil horrek ez du aterabiderik.

 

Zertzeladak

* Gaixoekin baino gaixotasunekin erosoago sentitzea da zenbait osagile eta erizainen gaitz edo arriskurik nagusienetarikoa, zerentzat pilularik ez dagoen.

* Aparkaleku propioa etxea bezain beharrezko dute pertsona errespetagarriek. Hau gizarte aldrebesa egin duguna

* Geografia ez dela sekula egitasmo inozente izan, objektiboa dirudien  arren espazio fisikoaren deskribapen soila. Helburu politikoa beti, militarra gehienetan, ekonomikoa nola ez, hori dena dute turismo egiten gabiltzaneko mapa itxuraz inozo horiek.

* Hutsala saldu ohi diogu gehienetan, turistei eta bisitariei ez ezik, auzo orori ere.

* Dotore jantzita ikusten dituzu, eta herritar ezdeusenak ote diren galdetzen duzu: moda, itxurakeria, nolabait ezina gailendu nahia, ….

* Ahaztu nahi direnak dira ahaztu itxuran isiltzen ditugunak. Erraz ahazten ditugu esan nahi ez ditugunak.

* Jendeari gustatzen zaio garbitasuna, baina beste baten ardura bada, batez ere. Bazterrak garbiak daude garbitzen dituztelako, ez jendea zabarra ez delako, batez ere leku publikoetan.

* Zorrak ezin omen dira gaizki ordaindu, ez dauka zentzurik, baina bada gaizki, oso gaizki kobratutako zorrik. Edo ordaindu gabekorik

* “Biribilguneak maitagarriak dira”.  Biribilgune batzuk praktikoak dira, eraginkorrak, beste batzuk ostera ernegagarriak, tarteka alferrikakoak, moda hutsa.

* Ez da lasaitasuna emango dizun herri txikirik.

* Ahozabal geratu ohi gara entzuten edo begira eskaintzen diguten edozer, ulertzen ez badugu ere, apaingarriz bilduta eskaintzen badigute. Kontsumo gizarte honetan. Eta politikan: politika bera ere kontsumoa baita. Zenbat gezur irensten dugun, nahiz gezurra dela sumatu.

Burutapenak Gizartea III

Jon Etxabe 2016/08/08 10:30
Gizartea III Lana / Zuzenbidea / Gatazkak / Osagaiak / Historia / Familia / Medioak gaiei buruz dira emanaldi honetan sarean jarritako burutapenak

Lana

* Gogokoa da lana  alienatzailea ez denean, norbere burua aurkitzeko abagune bilakatzen denean alegia.

* Ez dagoela lana bezalakorik desilusioa gainditzeko. Agian. Baina lana zer den argitu beharko genuke lehenago.

* Lana morrontza da eta ugazabaren gustukoa izan behar du lanak. Hala izan da, eta da. Lanak esklabo egiten gaitu. Ugazaben eta bizitzaren esklabo.

* Gizarte honen esklabutzaren ezaugarria da hainbeste lan egin eta egoera berdinean jarraitzen duela ia gizaki orok.

* Ez dago ezer izerdirik ez duenik, India eta Txinako hain merke edo merkeago datozen gauzak hemengoen adina izerdi dute, edo gehiago. Fabrika bateko makina automatikoan eginiko gauzek izerdia du, izerdi mina gainera. Esku lanez eginiko harri aroko gauzen antzerakoa.

* Zabaldua da lana ez dela izan behar beharra. Lana beti da beharra, filosofoek besterik erakutsi nahi badigute ere. Eibarren lanari biharra deitzen zaio. Agian “lana” hitza kutsatuta dago. Beste hitz bat asmatu beharko da gustura egiten dugun zeregin horrentzat.

* Agian egia da lana dela desilusioak gainditzeko bide eraginkorrena, baina lana zer den argitu beharko genuke lehenago.

* Berak eginikoa erosi behar du beti langileak, berari egiteagatik ordaindutakoa baino askoz garestiago noski. Langile ororen patua, edozein dela lurraldea, edozein sistema politiko zein ekonomikoa.

* “... en la miseria todos los detalles son un lujo” Padurak. Lan krisi garaietan lanik miserableena bera  ere salbabidea da.

* “Kalez kaleko saltzaile txinatar batek bere salgai merkeak eskaintzen zizkion  bizkarra ematen zion zentinela bati”, Malreaux. 36rako hemen zebiltzan txinatarrak bere salmenta merkeekin.

* Bada nonbait jendea barrezka lotzen zaiona lanari, bere ukanak galtzeko beldurrik ez edukitzeko bezain pobre direlako, baina, mendebalean, pobreak izanik herri gehienak, aberats sentipena txertatu digute, eta dugun apurra galtzeko beldur gara.

* Lan kolektiboa lan indibidual bihurtu dute makinek.

* Tresneriak lana arintzen digu, lana kentzen ere, baina tresneria hori ordaintzeko lan gehiago egin behar dugu.

 

 

Zuzenbidea

* Ezer erlatiborik bada, hori da justizia, justiziarik bada.

* Ez da justiziarik. Legez  mozorrotutako unean uneko exekutiboen nahia, interesa eta erabakia besterik ez da justizia deitzen diotena.

* Gizarteari sakon eragiten dioten erabaki nagusietan, exekutiboa beti dago politikaren menpe. Justizia da, eta uste dut beti izan dela, politikoen esklabo. Eta ez denean, exekutiboak legeak aldatzen ditu bere komenentziara.

* “Ez dakit Justizia eta errukirik denentz”. Ez da ez justiziarik ez errukirik, bestela ez litzake hainbeste  desberdintasun eta inposaketarik herri orotan.

* Legea beti da partziala eta interesatua, uneko politikaren araberakoa, azken gizaldiko esperientzian behintzat. Badira lege itxuraz zuzenak, gizakia berdintzen edo homogeneizatzen dutenak, baina lege horien aplikazioak herriak eta gizakiak erabat ezberdintzen, banatzen eta zatitzen ditu.

* Legearen aplikazioa justizia legetik kanpo dago, dibortzio nabarmena dago legea eta justiziaren artean.  aplikatu edo ez

* Legez egiten dira ia beti boterearen gehiegikeria guztiak, injustizia denak, legea beti boterearen interesen neurrira egiten baitira, eta komeni denean aurrekoa aldatu.

* Legea ez da inola ere egiaren ahotsa, argiaren agindua, ongia gaizkitik bereizten duena. Ahaldunen ahala gorde, ziurtatu eta iraunarazteko kate ia hautsezina da legea, ahaldunen eta beraien sistemaren gehiegikerien aurkako jarrerei mugak eta oztopoak jartzen dietena da legea. Boterearen sistemari eusteko zer egin behar den erakusten du beti legeak, ongia botereari dagokiona dena dela, gaizkia, aldiz, kaltegarria zaiona. Legeari buruzko beste dena zurikeria eta erretolika besterik ez da.

* Erratzeko eskubidea da eskubiderik oinarrizkoena, errua bada ere gizarte honek gutxien barkatzen duena.  Berriro erratzeko aukera izatea bizitzako ardatz eta oinarria da.

* Justizia eta epaileak dira bi milagarren  lehen zatian erabat desprestigiatu den estamentua, herriaren justiziak epaitu dituena. Sistemaren morroi bihurtu da eta beraren hutsegite denak justifikatu eta neutralizatzen ditu.

 

 

Gatazkak

Bakea

* Hil dena betirako hil da, eternitatea du aurrean, baina bakea bizion utopia da.

* Usainik hoberena usainik batere ez izatea omen. Bakealdirik bareena, berriz, zutaz inor arduratzen ez den une hori da, zeure kasa zabiltzanekoa.

 

Gerra

*  Gerra ez da soilik joko bitxi bat, baita gizarte ororen funtsa ere, nonbaiten norbaitentza uneoro abian den jokoa.

* Gerra, militarren jolasa.

* Politikoen negozioa eta pobreen sufrimendua besterik ez da gerra. Eta medioen gai irrikatua. Baina herriak ez du hitzik horretaz ez ezertaz. Herria, kopuruz nagusi, baztertua izan da beti, gutxiengo horren interesetan.

* Gerrak  dakar zaborra, ala zaborrak gerra?. Gerra bera da zaborra.  Nola nahi, gaur egun, medioen jabeek eurek sortzen eta zabaltzen dute notizien zaborreria oro, gerrakoa edo gerra dakarrena.

* Gerra guztiak dira tokian tokiko eta unean uneko ahaldunen aldekoak, sekula ere askatasunaren aldekoak, aberriaren, herriaren, are gutxiago herritarren aldekoak. Boterea eskuratu asmoz herria  erabili ahal izateko iruzurra besterik ez da horien aberria. Herriak ez du sekula santan gerra bat irabazi; ahaldunak, botere faktikoak, politiko zenbaitzuk dira beti irabazleak. Herria beti izan da galtzaile gerra guztietan. Leporen bat moztu izanaren atsegina geratzen zaio, momentuko amorrua atera izanaren poza. Besterik ez.

* Gerrak ez dira absurdoak, gerrak zer logikoenak dira, kalkulu hotzen ondorio interesatua,  itsutasun emozionalez baliatzen badira ere.

* Pertsonak ez direlako helburu sortzen dira gerrak, gizakiak ez bestelako helburuak soilik daudelako da hain ankerra eta burugabekeria gerra.

* “gezurrak esaka saltzen dira gudak,  automobilak saltzen diren bezala”. Hildakoak dira gerretako egi bakarrak, gehienetan isilduak edo ezkutatuak, gutxietsiak ere. Gutxi batzuen interesa edo irabazia dira gerren arrazoi eragilea, hitz ederretan biltzen baditugu ere.

* Beti da negu munduan, beti delako gerraren bat nonbaiten, su artifizialekin argitu eta koloreztatu nahi badugu ere.

 

Arerioa  

* Etsaiei lotuta gaudela, ezin diegula ihes egin, ezin digutela ihes egin, egia arren, horrek fatalismo kutsua du. Etsaien etsai, besterik ezin denean. Soilik. Lagunartea, solidaritatea eta elkartasuna, hori dira bakean utzi gaitzaken destino bakarra.

* Sekula ez gutxietsi, are gutxiago politikan,  aurkaria, irrigarri eta ahulena iruditu arren. Ez da etsai ahulik.

* Besteak ihes egiten jakin edo asmatzeko ahalmenik ez duenean, ahula bihurtzen da indartsua bera ere.

 

Garaipena

* “Irauteko borrokan gizonak jakin behar du ingurua manipulatzen bere interesen alde, ze koño” dio pertsonaia batek. Filosofia horrekin zuritzen dira astakeria handienak. Baina zer da irautea, noiz da zilegiago irautea bitarteko eta baliabideak baino, nork erabakitzen du iraupenaren ezinbestekoa?. 

* Garaiz atzera egitean  datza sarri garaipenaren gakoa.

* “Kanposantuetan eta presondegietan garaituak eta garaileak ezin deutsie alkarri ihes egin”. Edozein dela liskarra, ez da irabazlerik inoiz. Ba al da atxilotu zaituen polizia baino galtzaile nabarmenagorik, esplotatzen zaituen nagusia baino pobreagorik, … Bizitzak bestelakoa dioskula dirudi, baina hori bizitzako baloreak alderantzikatuaren ondorioa da.

* Ez dago irabazlerik galtzailerik gabe. Sekula ez dira egia “denok irabazle” edo “denok galtzaile” esaerak, nahiz  denek zerbait irabazi edo galdu. Beti dago irabazle edo galtzaile nabarmen bat. Baina ez dago bukatzen ez den ezer, eta bukaera orok berena du galtzaile bat. Hori da bizitzaren tragedietako bat.

* Ahalegindu zintzo jokatzen, argi eta leial jokatzen denekin, kideak alde egitea nahi ez baduzu.

* Ondo pentsatua edo instintuz argi usaindua izan behar du ihesak, alde egitea lortu nahi bada. Ihesa ere zientzia bat da.

 

 

Osagaiak  

*  Metodoa eta diziplina funtsezkoak izanik emaitzak lortzeko, intuizioa da sarri gizakiaren seigarren zentzua, beste bostak bezain fidagarria.

* Ahalak ez du ezer lortzen borondaterik ez badago.

* Kirolean ez ezik, bizitzako edozein arlotan beharrezkoa da erabakitasuna, denbora eskaintzea, diziplina. Guzti hori gabe ez dugu biderik eginen, zahartuta ere, leku berean jarraituko dugu.

* Printzipioak daude beti egitura ororen oinarrian. Ez dago egiturarik printzipiorik gabe, printzipio hausnartu gabeak diren arren sarri. Printzipioak dira beti ekintza kontzienteen motor eragilea, baina egituratzen ez den printzipioa antzu geratuko da berehala, eta ekimen bihurtzen ez den egitura ezerezaren ongarri ustelduko da.

* “Heroisa, arriskua ikusiz, beldur izan, eta hala ere aurre egiten diona da. ... gizakiarengan gauza ederra dela beldurra, eta beldurrik sentitzen ez duena besteengandik at gelditzen dela, zapuzturik” I. Dinesen. Gure beldur oro aitortzeko gai bagina, gizarte sinesgarriago eta eramankorragoa genuke.

* Organizatzea eta diziplina, funtsezko baldintzak taldean edo bakarka eragile izateko.

 

Historia

* “Historialarion betiko arazoa, iturri ez oso fidagarrietatik edan behar izatea”. Historia da fidagarritasunetik gutxien daukan zientzia, erabat baldintzatuta dagoelako, iturrien fidagarritasunagatik eta idazlearen partzialkeriagatik.

* Historia da fidagarritasunetik gutxien daukan zientzia, ez dagoelako iturri fidagarririk, iturri oro dago baldintzatuta.

* Dena da erlatiboa. Kontalari, ikusle edo bizipen adina historia dago. Bakoitzak du berea, bestearena bezain ziurra. Historia erabat erlatiboa da, ez da egia osoa den historiarik. Sarri da gezurra ere historia. Aurreiritziei jarraituzko kontakizuna gehienetan.

* Denokin gertatzen da joan ginenon lorratz oro galtzen dela, itzal hutsak edo fantasmak izan bagina bezala. Joango gara sekula etorri ez bagina bezala. Bakar batzuk soilik aldatu dute zerbaitetan geroa. Eta horiek ere ikasi gutxiren batzuen jakindurian edo paperetan diraute. Anonimo ahaztuen historia da gizartearena. Baina anonimo ahaztu bakoitzak eta guztiok aldatzen goaz gizartea eta mundua.

 * Giza esperientzia orok, merezi ez duen eta zentzugabeena denak ere, merezi du azterketa bat. Eta izan ere denek dute argibide bat.  Gutxitan, ia inoiz ere ez, aitortzen da norberaren egia zentzugabekeria denean; besteena bai salatzen da; horrela, zeharka bada ere, paraleloki, bakoitzak besteena, egia osoa azaltzen da azkenik, norberak isildu duena ere.

* Krisi aldietan, garai onak ohi dira iraganekoak, zaharrek mesfidantzaz begiratzen die gazteei,

* Aldatuz doa gizartea gizaldiz gizaldi, aldiz aldi, pausoka.. Bizikidetza, bizi-baldintzak, ohiturak, jokamoldeak. Ez onerako ez txarrerako. Aldatu egiten dira, eta kitto.  Hori da errealitatea, lege unibertsal bat besterik ez da.

* Mundua ez da sekula gelditu, bizitza aurrera doa, beti dago etorkizun bat. Ze etorkizun, edo desio dugun etorkizun hori datorren arteko tartea zer edo zein izanen den da arazoa.

* Geografia omen historian irauten duen gauza bakarra. Baina Geografia bera ere aldatu egin dugunez, historia erabat faltsua edo ezberdina utziko diegu ondorengoei.

* Egia da historia idazteko  perspektiba behar dela, baina historia egiteko gaurkoa mamitu behar da.

 

Kultura

* Programetan soilik da heldutasuna hezkuntzako helburu nagusia. Datu asko memorizatu eta mekanizatzean datza hezkuntzako lorpen nagusia. Gaur egungo hezkuntza sisteman.

* Nahiko onartuta dago liburua, badu ospea ere jendearengan liburu-idazleak, baina denbora galtzea deritzo gehiengoak irakurtzeari.

* Atzerritarrak gure herrian eta gu atzerrian misterio kutsuko zerbaiten arkanoren gordailu gara. Hala gertatzen da bidaiatzearen erraztasunaz, hedabideez eta internetez mundu osoa auzo gertatu zaigun honetan ere, mundu osoa pantaila batera zedarritzen dugunean ere. Halako jakin-min eta ikusmin berezia sortarazten digu atzerritar traketsenak ere. Atzerritar oro da kultura ezberdin baten gordailu. Bizimolde ezberdinen misterio edo arkanoa.

* Desegitea sortzea baino errazagoa da. Jaiotzea hiltzea baino gogorragoa delako zaigu hain zaila, agian, sorkuntza, edozein arlotan. Erraztasun horregatik  desegiten ditu hainbatek artelanak, gizakiaren zein naturaren edertasunak, alegia, eta hain gauza eder gutxi sortzen.

* Lasai, pozik ere, bizi dela dirudi herri ezikasia, edo kultura modernoak irentsi ez duena: baina problema latzak ditu berak ere, kultuon kanpotikako behatokitik  ikusita behintzat.

* Hitz jario antzua besterik ez da harreman intelektuala gehienetan, sobera erraza askorentzat. Hitz eta kontzeptu potoloko norgehiagoka azalekoa.

* Elkar ezagutu, harremanak hazi, ezagunak elkar ikusi, eta helbideak trukatzeko izan ohi dira kongresu eta antzerakoak. Aurrez jakina izan ohi da esaten dena, ez dago ezer berririk ponentzietan, eztabaidak betikoak eta ezagunak dira, eta elkarrenganako losintxa interesatuak eman ohi dira. Edo curriculumerako paper bat gehiago lortzea da kideen helburua.

* Artea bada gizakiok uzten dugun aztarnarik iraunkorrena,  zer utziko dio geroari, artista bakanen artelanez harago, artearenganako, edertasunarenganako, hain sentiberatasun motela duen gizarte honek. 

 

Familia

* Jatordu eta lo-orduz kanpo, lagunengana, tabernara, plazara, zinera, … jotzen du jende gehienak. Eraikin hutsak dira etxe gehienak, altzairuz beteak, pasoko tokiak.

* Gizartea artikulatzeko asmatu zen lehen urrats eraginkorra izan zen matrimonioa.

* Bikotea, ezkondua edo ez, natura baliatuzko gizartearen tranpa bat da, eta bakardadea du ondorioa, pazientziaz beti, eta gustuz sarri, hartzen dena.

* Pisu bat erostean ametsa egi bihurtu du bikoteak, aldi berri bati hasera ematen dio; elkartasuna da orain errotu behar dutena, etxeak haina iraun dezan.

 

Medioak

* Gehienetan dago  mutu telebista, publizitatea ez beste edozer emititzen dagoenean ere, ez baitu ezer ganorazkorik emititzen. Programa mutuak, idazle baten esanean. Programa mutuak entzuten duelako da gero eta mutuago entzuleria bera ere.

* Kantuetan eta solasaldietan goraipatzen ziren pertsonak,  baina hauek egiazko bizitzen ordez, kantuak eta istorioak baino ez zituzten uzten. Gaur egun medioak dira pertsonak goraipatzeko bide ia esklusiboa. Baina bizkor doaz aipamenok ere, atzetik beste aipamen batzuei lekua uzteko, oihartzunik ere utzi gabe gehienetan, hemeroteka eta disko gogor batetan geratuko dira onenean eta norbaitek egun batetan eginen du poema edo kanturen bat, edo tesiaren bat, ondare guzti horretako zerbaitez.

* Informazio saturazioa da, sarri, desinformatzeko teknika bat; jendea asperrarazi eta informatzeko egarria ito, hori da lortzen dutena. Zenbaitek, nolanahi, ez du nahi informaziorik, baina informazioa nahi ez izatea, edo informazioa falta, okerragoa da informazio saturazioa baino.

* Garai batetan pobreziaren eta inertziaren kanaletatik pasarazten bazituzten kontinenteek bere aberastasuna eta industria, kirolaren kanaletik gain, telebistaren kanaletik pasarazten dizkigute gaur egun kontinenteak botere  ekonomiko ezberdinek.

Burutapenak-GizarteaII

Jon Etxabe 2016/08/05 10:10
Gizastea sailean Gizartekotasunari buruzko burutapen zenbait

Gizartekotasuna

 

Adiskidetasuna

* Lagunen lagun izatea da adiskidetasuna, nahiz iritzi ezberdineko, iritzi ezberdina dutenean ere.

* Adiskidetasunak ematen dio zentzua eta merezimendua bizitzari. Konpartitzen den oro da bizitza mereziagoa eta zentzuzkoagoa.

* Interesa jokoan edo arriskuan dagoenean ezagutzen da adiskidetasuna, norberarena edo  bestearena. Egia da gizaki askok bizi osoa igarotzen dutela  adiskidetasun sentipena zer den jakin gabe.

* Zerk egiten du talde bateko partaide, zer da talde-nortasuna ematen duena, zerk sentiarazten dio gizakiari taldeko partaide dela. Hori da lehenik jakin behar duena talde baten eragile izan nahi duenak, edozein dela ere taldea.

* Gizarteko tragedia nagusia da ez dugula benetako lagunik, azaleko loturei deitzen diogula lagunartea.

* Une bateko edo harreman motzeko zer edo nor batekin egin daiteke norbait bat lagun, baina luzeko harremanen ondorioa da gehienetan adiskidetasuna. Mila osagaiek, gehienetan ustekabeko eta zailek, baldintzatua.

* Inork ezin dezake jakin zenbat iraungo duen adiskidetasunak, kontu handiz zaindu beharreko lorea da laguna.

* Mundu txikia eta itxia da bakoitzarena, zirkulu zentrokide bezala zabaltzen doa adiskideen esparrua.

* Beti dira oso gutxi benetako adiskideak, kide fidagarriak.

* Urruntasunaren, sentikortasunarena edo izaera fisikoaren arabera joanen da lausotzen adiskidetasuna.

* “Ezagun asko ditugu baina lagun gutxi” entzun genion behin nahiko ospetsua zen ezagun baten emazteari. Ezberdina da askok agurtzea eta lagunduko zaituen norbait edukitzea.

* Konfiantza dagoenean, zuzen esaten dira gauzak denborarik galdu gabe. Itzulinguruak mesfidantzaren ondorioak dira, eta denbora alferrik galtzea dakar.

 

Anaiartea

* Gozamena da jende ezezagunen uholdean murgilduta erabat anonimo paseatzea. Baina gozamena da ere gizarteko partaide kontziente eta onartua izatea ere, taldeko anaiartea.

* “Adierazpen askatasunaz eta tolerantziaz harago, elkartasuna posible egiteko, bestea ezagutu eta haren erabakia onartu behar da” Joseba Sarrionandiak: programa politiko eta alderdi arauez harago gehituko nuke nik.

* Besteen arazoei sentikorrago biziko bagina, gizarte eramangarriagoa genuke

* Zaldi eroa bezala portatzen da gizartea, ez soilik medioek eragindako aldarte burrunbatsuetan, baita herri txiki bateko egunerokotasun xumean ere.

* Egon ote da inoiz, salbuespenak salbuespen, odol-itunen sentipen betierekorik. Odol-itun deitutakoak ez ote behartzen zaituen talde arau soil bat.

* Ez da inor,  edozein gizarteko kolektibo  batekoa dela, kide pasiboa denik. Gutxienez “pasoten” kolektiboko kide izanen da, eta kolektibo hau da eragileenetarikoa.

* Bikoiztasunek, etikaren bikoizketek eta bestelakoek, blaitzen dute erabat gure jardun oro.

 

Solidaritatea

* “Bakoitzak berea hori da legea”, printzipio antisoziala da, elkartasunaren antipodetan dago. Besteekin elkarbidea behar luke edozer arazori irtenbidea.

* Beti da kexu-arrazoiren bat. Eta ze erraz gupidatzen garen besteen zoritxarrez, baina zein azkar ahazten ditugun ere, jarraian beste zoritxar batengatik negar egiten hasteko.

* Lagunen artean gertatzen da ordainik gabeko laguntza ematea. Gure gizartean, baina, bestearenganako giroa gaiztotu, ezagutzen ez dugunarenganako mesfidantza nagusitu da, lagunduko geniokeen ezezagunari ez diogu laguntzen, zer gertatuko, nola erantzungo, edo ze ondorio ekarriko beldur.

* Hitzez eta kontseiluz ito ohi dugu atsekabetuta dagoena, atsegabetuago utziz  Baretu arte bakean uztea da gehienetan jarrerarik zuzen eta ongarriena, isiltasuna izan ohi delako askotan terapiarik eraginkorrena.

* Norberarena bestearena ere denean, nolabait konpartitua, elkartzen du premiak, norberarena soilik denean, bestea erasotzera bultzatzen du.

* Solidarioari berari benetako sufrikarioa eragiten dion heinean izanen da efikaza ekintza solidarioa. Solidaritate ekintza asko laguntzailearen barne-baretze bat besterik ez dira, kontzientzia zuritzea, autoengainu mota bat, turismo mota bat ere bai askotan. Susmagarria  da sufrikarioren bat, nekea edo zerbait deserosoa ez dakarren solidaritate ekimena.

* Zure arazoa bizi ez duten albokoek esan ohi dizue besteen arazoak ikusita norberarenak indarra galtzen duela eta eramanerrazagoa bilakatzen, baina arazoa bizi duzunean ez zara horrelako pentsakizunetarako gai; bazina, arazoa erdi gaindituta zenuke.

* Erraza da besteen sufrimenduaren inguruan barre egitea. Hain da erraza besteen ezinak baliatzea norbera mardultzeko. Batez ere politikan eta ekonomian.

 

Aurkaritza

* Geure neurria dugu bakoitzak, bakoitzak berea, beste edozeinenaren ezberdina. Bakoitzak neurri ezberdineko  metroa darabilgu gauza bera neurtzeko. Hortik datoz konponezin guztiak.

* Ohikoa du jendeak gehiegi igo eta goregi hegan egin dutenen erorarazte eta umiliatzea. Badaki ere jende hori hor goian mantentzea, miretsiz eta laudatuz. Baina errukigabea ohi da jendea norbait begitan hartuz solasgai bihurtzen duenean.

* Erasoa dela esan ohi dute defentsarik onena, besteren akatsak eta arazoak azaleratzea izan ohi da norberarenak estaltzeko amarru eraginkorra. Politikan batez ere.

 

 Bizikidetza

* Edozein elkarbizitza da zaila, bikote enamoratuaren harremanek ere eramankortasun handia eskatzen dute, itogarria da berenez bikote bizitza, are gehiago arauek edo baldintzek inposatuta denean.

* “Distantzia luzeagoek talde lana eskatzen dute”. Helburu zail edo eraginkorrek ahalegin konpartitua eskatzen dute.

* Azken txikikerietaraino heltzen denean elkar ezagutza, zaila da bestea zuzen epaitzea, baita ere garbi maitatzea ere. Horregatik da zaila elkarbizitza, elkar ezagutza sakonagoa delako, horregatik elkarbizitzak zentzua, pazientzia eta eramangarritasuna eskatzen ditu, dosi handietan eskatu ere.* Bestearen ikuspuntua errespetatzea, bizikidetzarako lehen oinarria,

* Barnean ezer ez gordetzea da elkarbizitzarako lehen araua. Zein konplikatuak garen bizitzako egoera sinpleenean ere.

* Zeintzuk diren pentsatu eta esan beharko liratekezen gauzak bereiztean dago elkarbizitzaren gakoa, zeren badira pentsatu bai, baina esan behar ez diren gauzak, eta esan bai baina esan beharko ez genituzkeen gauzak. 

* Ikusi nahi ez duzun jendearekin topo egiteari uko ez egitea, hori da pluraltasuna, hori elkarbizitza, hori gizalegea.

* Pertsona begiratu bera baino, begiratzen duen pertsona, bere begirada edo aldartea da aldatzen dena. Hori ulertuko bagenu errazagoa litzake elkarbizitza.

* Denok dugu alderdi ilun bat. Gehienetan ezkutuan. Ezinezkoa litzake elkarbizitza besteen alderdi ilun ezkutuak ezagutuko bagenitu. Sakonean elkarbizitza fartsa bat da, edo komedia.

* Ezinezkoa litzake elkarbizitza, bizitza soziala, gizartean bizitzea, besteen pentsaera eta burutapen denak ezagutuko bagenitu.

* Pentsamenduak ikusezinak izateak egiten du bizitza eramangarria, infernua litzake bestela bizitza, zoriontsu izateko gai ez ginatekeen lotsatuak  ginteke.

* Gizarteak, bizitzak berak, itxurakeria du oinarri. Egiaren laurdena bakarrik bageneki, ezinekoa litzake elkarbizitza, bai harremanetan, bai familian, bai politikan, bai ekonomian, bai merkataritzan, bai osasunean, … Gezurraren aurpegietako bat da itxurakeria.

* Edozein elkarbizitzan, jende urrikoan ere, matrimonioa kasu, txikikeria xumeenak eragin dezake jarrera aztoratzaile bat.

* Eguneroko asperrari etena ekartzean datza elkarbizitzarako jakinduria. Aspergarria  bilakatzen baita egunerokoa, beti. Asper horrek ez du esplikazio bakarrik ez argirik; bikoteko edo taldeko,  kideen lana behar du izan banatu beharrik gabeko etena aurkitzea.

 

Herrikidetza

* Herritar bakoitzaren zen eta gaitzizenak,  senideak,  gorroto eta istilu zaharrak, leku-izenak, … mila ahaztutako zertzeladak ezagutzean datza bertakoen eta etorkinen arteko diferentzia.

* Gaur egun eta gurean ere, nahiz kontrakoa esan, gizabanako nahiz herri ugarik “Atzerritar oro etsai” dela pentsatzen bide dute.

* Familia handi bat dira herri txikiak, edozein familiako gorabehera eta arazoekin, ohitura eta arauetan ere. Lasaiagoak dira gizalegeak eta harremanak, tarteka zitalagoak ere. Hiri handietan talde oso murritzera mugatzen da harremana, herri txikietan ia herritar guztietara zabaltzen.

 

Harremanak

* Gauzak bere onera itzuli edo eramateko zain egoteko pazientziarik ezak oztopatu, atzeratu edo hondatzen ditu harremanak, aurrerapausoak eta zintzotasunak.

* Umilagoak izango ginateke itxuraz erreala den hori erlatibizatuko bagenu, harreman lasaiagoak ziratekeen gizartean.

* Ez dira berdinak kontuak, barrutik edo kanpotik ikusita. Hobeto lioazkigu  kontuok bestearen lekuan jarriko bagina.

* Portaera berdinean errepikapen ia beti berdinak ematen die sinesgarritasuna gizarteko harremanei, horrek egiten du logikoa eta eramanerraza gizarte-bizitza, pentsatze eta logikak baino. Errutinak indar eragingarriagoa du portaera egunerokoan ideiak baino.

* Gizaki oro, orokorki, bizi da berenari nagusiki adi, hortik harremanen zailtasuna.

* Ia sekula ez dugu inor konbentzitzen, ez arrazoiz, ez behartuz, amore ematera bultzatzen dugu gehienez, norberak konbentzitu behar du, konbentzitzen denean, konbentzitzerik balego.

* Inor gutxiren jarrera aldatzen dute ematen ditugun aholkuek, bakoitza bere barnean eta bere kabuz aldatzeak soilik aldarazten du nahitako jarrera.

* Eragina dugu guk ere besteengan. Buztina dira eta beti uzten du arrastoa harremanak edonolakoa dela ere. Besteek guregan ere, denok garelako buztin. Hor datza giza harremanen garrantzia eta erantzukizuna.

* Bestea arropak erantzi gabe biluztu: zenbat aldiz egiten dugun, diguten hori. Besteen aurrean gu geu biluzten jakingo bagenu bestelakoak liratekez giza harremanak, zintzoagoak eta errealagoak.

* Eraldatu egiten du bakoitzak sentiduek damaiotena; kanpoko hori guztia, giza harremanak, kontsentsu baten ondorio bat besterik ez da, ados jartze soil bat.

* Harremanetarako tresna bikaina izan da eta da musika. Komunikaziorako baliabide aparta. Baztertuta dute politikoek, baita elkarte gehienek ere. Negozio eta ikuskizun  bihurtu da musika, eta horrek ere komunikaziorako funtzioa eta indarra aienatu dizkio.

* Ai harremanen krisiek irtenbide logiko, erraz eta betirakoak balute!!!.

* Bakoitzak behar du izan zer eskaini zerbait, eta jakin behar du besteengandik zer ikasi. Hezkuntzak ere dakigunaren trukaketa izan behar du.

 

Ezagutza

* Garrantzia du taldean egindako gogoratzeak, baina agian bakardadeko gogoratzeak  partekatzea besterik ez da.

* Agian ez dago jakiterik ere gu geu zer garen, are gutxiago bestea zer den, hor dago gizakiaren eta gizartearen ahulezia, eta ahulezia horretatik datoz gizarteko konponezin guztiak.

* Beti da sekretu bat, edozer diotela ere, besteek gutaz eta gugan duten iritzi  eta irudia.

* Nork bere begiak, eta bakoitzak begietan bere arima. Arima ezkutatzen dute betaurreko beltzek, elkar-ulertzea oztopatuz.

*  Auzo berean elkar ikusi gabe bizitzea baino okerragoa da auzoko ezaguna izan eta elkar ez ezagutzea. Giza distantziak ez dira sistema metrikoaz neurtzen, ezta pertsonak erroldako izenez ezagutzen ere.

* Ezagun ezezagunak, edo ezezagun ezagunak: ez da hitz korapilo edo jolasa, giza harremanen nahasmena edo errealitatea baizik.

* Gehienak inkognita direnean kaosa gertatzen da. Hortik dator gizarte honetako nahasmena. Inkognita bat gara bata bestearentzat.

* Ez da zuzena izaten sarri pertsonekiko iritzia, beraienganako begirapen egokirik ez dugulako gehienetan.

 

Komunikazioa

*  Zenbat berriketaldi luze ezer esateko ez dutenen artean. Agian asperdura gainditu eta denbora ematea da helburu bakarra, komunikazio horren helburua, besterik gabe.

* Izan daiteke arrakastatsua bakoitzari zer entzun nahi duen huraxe esatea, baina  sinesgarritasuna ere ezinbestekoa da; engainua, alde biek onartua sarri, ezin izan daiteke ezer iraunkortasunaren oinarri. .

* Jardun etengabean ari gara bata besteari bare edo oihuka, baina ez gara elkar ulertzen ezta ulertuko ere. Sakonean, ez ote banitatea gure eskubideez ari garen jarduera horretan ere?. Zubiak desegiten ari gara ibaiaren alde bietakoak.

* Paraleloan bizi da jende gehiena, bata bestearen ondoan, baina elkar ukitu gabe, nahiz taldean, familian, lagunartean bizi. Erabat indibidualista da gizakia.

* Gauza arinez hitz egiten da koadrilan, lagunartean, ... Gai, bizipen edo gertaera pisutsuak norberaren golkorago gordetzen dira edo lagun min bakarrari azaltzen zaizkio. Gizakia isla bat da, misterio bat.

* Bakoitzaren esaldi inozo eta arruntena bera, iritzia ematea da, eta sarri hausnarketa sakonenek baino eragin handiagoa du inguruko gizajendean.

* Badira galdetu ezin diren gauzak, baina badira ere galdetu beharreko gauzak galdetzen ez direnak ere.

* Familia berean, bikote berean bertan ere, mundu arrunt diferenteak daude, elkar korapilatuak, elkarri eraginez bai, baina elkar ukitu gabe, atomoaren nukleoko osagaia bezala.

* Berba ez egitea eta inori aurpegira so ez egitea omen hiri handi batetan etorkinen idatzi gabeko bi arau sakratuak. Hala izanen da. Zenbateraino gaiztotu den gizalegea. Herri txikiko kale bakartian bi oinezko, ume nahi nagusi, elkarri ez so ez  agur gurutzatzeak, pertsona horiek gaixo daudela esan nahi du. Kalean pertsonak agurtu egin behar zirela zen umetan erakutsi ziguten lehen arauetariko bat, ez agurtzea bestea txakurtzat hartzea zen.

* Ezereztxo asko dira bestearen aurrean harroputz jalgitzen direnak -batez ere politikoak- umil edo ahulei zuzentzean zaizkienean; berdin medioetako esatari zein berriketariak erantzunik ez damaion mikrofono edo kameraren  aurrean.

* Ikusi ikusten gara elkar gehienetan, baina beirazko murrua dugu tartean, elkarren begiradak ikusiz, elkarren zeinuak ulertuz, elkar ukituz, elkar haztatu eta ferekatuz, … elkar biltzen eta komunikatzen uzten ez digun beirazko murrua.

* Ahaztu nahi direnak dira ahaztu itxuran isiltzen ditugunak.

 

Elkarrizketa

* Elkarrizketa-kultura da falta zaiguna: bestea konbentzitu eta konbertitzea baino, sineste ezberdinez elkarrengandik ikastea.

* Kritika positiboa bilakatzen denean gizakion jarduna, orduan onduko da gizartea. Norbera izan behar du norberaren borrero bide egokia eta zuzena aurkitu ahal izateko.

* Entzuten jakitea, gizartean inork gutxik ezagutzen duen jakituria.

* Entzuteko asmorik gabe aditzean datza elkar uler ezinaren gakoa.

* Nahi duguna esateaz nahi ez duguna entzungo beldurrak isilarazten gaitu. Ez da hori arrazoi bakarra, baina ia ezinekoa bihurtu zaigu elkar ulertzea, iritzien trukaketa, elkarrizketa. Hitzaldi bat bezalakoa bihurtu da bakoitzaren besteekin jarduna.

* Elkarrizketa luzeak egin ohi dira bakoitza bere mundutik atera gabe, inkomunikazioaren magalean zanbuluka.

* Hitza eta buruan darabilgunaren arteko deskonexioa denean, ezinezkoa da elkarrizketa zintzoa.

* Eztabaidek jarrerak eta ideiak argitzeko balio dezakete, ez inor konbentzitzeko edo jarrerak aldatzeko. Barne aldaketek beste barne bultzada bat behar dute.

* Argudiorik ez  duenak sarri erabili ohi ditu baieztapen kategorikoak, eta garrasika ari denak, arrazoirik ez du gehienetan.

* Ebidentziak ukatzen direnean, edo dudan jartzen, ezinezkoa da elkarrizketa edo ideien trukaketa, ukatzailearen jarrera zintzoa baitago kolokan.

* Galdera errazegiei hobe ez erantzun, galdera errazegiak amarruren bat dute azpian. Galdera logikoak ez dira errazegiak.

* Begietara zuzen begiratzen dugunean da posible benetako elkarrizketa.

Burutapenak Gizartea I

Jon Etxabe 2016/08/01 10:35
Gizartea I Atal berri bat Burutapenak sailaren barruan, luze samarra denez hau ere, 4 zatitan banatu dut. Nolakoa, Kontraesanak, Akatsak eta Adinekoak dira zati honetako gaiak

Nolakoa

 

Makilatua

* Mutu izateko gizataldea bihurtu da herria, edo hitz antzukoa.

* ”orain luzearen erlojua” sortzea proposatu du norbaitek, segundoa urtea balitz bezala bizitzea, alegia, eta urtea mendea balitz bezala: zibilizazio patologikoa sortu dugu.

* Ohitzea, errutina, gizakiaren arrisku eta akatsetariko bat.  Ohitu egiten gara pobre, zapaldu, menpeko izatera ere. Agian etsiarazi egin gaituzte aberats eta zapaltzaile direnek.

* Hiriak, gure hiriak behintzat, komunitate mugatuez osatuta daude, ez dago komunitateari alde egiterik, etorkina edo ezezaguna ez bazara behintzat, eta halaz ere epe laburrez zinateke anonimo.

* Beti zain dagoen gizartea gara. Goikoek emanen apurren zain. Mahaiaz jabetu eta gurea dena berreskuratzeko adorerik gabe.

* Gosez da mundu erdia, gerrek hiltzen dituzte egunero milaka pertsona, gero eta elkarren hurrago datozen krisi ekonomikoen ondorioz langabeziak kale gorrian uzten ditu langile oldeak, … gaixo baino izurriteak jota dago mundua, endemikoak -”sistemikoak” diote gar egun- bai dira goseteak, gerrak et krisi ekonomikoak. Urdaila beteta duenak, aldiz, uko egiten dio nahi adina jateari osasunari eusteagatik edo beste zenbait asmo betetzeagatik. Elikadurarena ez da eskubide nagusia beretzat, osasuntsu gordetzea baizik kontsumismoa gaindituz.

* Eskale asko dago Marokon, eskupekoaren eskalea. Mugan bertan izan dugu lehen esperientzia:  betebeharreko paperak eskainiz etorri zaigun gizajo plantako zibil bat, burua leihatilatik kotxe barruraino sartuz eta paperak betetzeko non aparkatu gomendatuz;  adeitsu jokatuz, eskupekoa zuzenean eskatu digu gero  funtzionarioak,  eta ondoren funtzionarioen morroiak.

* Esperoa gizakiaren esentzia da, gabezien ondorioa, esperoan bizitze amaigabea.

* Desbabestua sentitzen da gizartea: jendetza dagoen tokira jotzen du jendeak. Segurtasun ezak kezkatzen du nonbait.

 

Mailakatua

*  Arrautza ala oiloa aurrena, gizakiaren bihotza eta gizartea, zerk nork aldatzen du zer nor.

* Gizakia eta gizartea, zer den bakoitza, zein den zeinen gainetik edo aurretik:  askatu beharreko  korapilo askagaitza.

* Lur honetan ez omen gorrotorik gabeko ontasunik, ezta bekaizkeriarik gabeko handitasunik ere, itzalik gabeko gauzarik ez dagoen moduan. Itzalak eguzkia behar du, baina gizartean zorterik izan ez duen hainbat gizajok ere jasan behar izan du gorrotoa eta bekaizkeria, ez baitago pobreago bat izanen ez duen pobrerik, edo pobre aberatsago bat izanen ez duen pobrerik.

* Etxearen kokapenak erakusten du etxejabearen aldartea. Bakarti urruti, besteen jarraian baina ormaz isolatuta, berdegune batez inguratuta, herri txiki bateko herritar edo hiri handikoa, … osagai askok erakutsi dezake etxe jabe edo familiaren nortasuna. Bizilagunen arteko harremanen kalitatea beren etxeak banatzen dituen distantziarekiko proportzioan datzala dioenik ere bada. Pertsonak eta gizartea bera ikertzeko ikuspuntu interesgarria, ekonomiaz harago, ekonomiak baldintzatzen badu ere jende xehearen etxe-aukera.

* Aurreko tipoaren kokoteari begira egon behar duzula, zer besterik erakusten dute ikastetxeetan, zer besterik politikoek, gurasoek, … denok ilaratik atera gabe ibili behar dugula, eurek markatutako lerroetan zuzen, eta lerroa hausten duenak badaki zer daukan.

 

Txotxongiloa

* Mozorro-festa bihurtu da gizartea, inauterietarako mozorrotua litzake gizakia.

* Errealitatearen itzala besterik ez da dakusaguna. Giza jokabideez ere besteek egiten dutenari so bizi gara,  edo bizi portaerak jasotako arauen araberakoak dira, beti bizi gara ispiluren bati begira, ispilukoren baten imitatzaile besterik ez gara.

* Maskara besterik ez gara, uneko antzezlanaren araberako aktoreak; jantziak bezala, aldatzen ditugu maskarak, aurpegiko giharren tinkotasuna, alegia, “maileguan hartutako larruak baino ez ginen”, Harkaitzek.

* Kalean, saltokietan, jatetxeetan, ...  pelikula bateko figuranteak dirudigu. Figurantea izan da beti herria, altxatu denean ere, eta hala jarraitzen du izaten, dekorazioa eta janzkera aldatu da soilik.

* Dotore jantzita ikusten dituzu, eta herritar ezdeusenak ote diren galdetzen duzu: moda, itxurakeria, nolabait ezina gailendu nahia, ….

 

Ahula

* Zer den miseria?. Batzuentzat, askorentzat hainbat herritan, bizirauteko baliabideen eza. Gaur egun, baina, askorentzat, gizarteak berak artifizialki eta bakar batzuen onerako sortu dituen premiak ase ezina. Gauzez gainezka, miserian bezala bizia gara, beti zerbaiten egarri edo premian.

*  Krudela da gehienetan errealitatea hirian kanpotikoentzat. Herrietako gabeziek, eta hirietako distirek halako amets eta irudi faltsuak sortarazten ditu.

* Gezurrean bizi garen gizartea gara.

* Jendeak gezurretan bizi nahi du gaueko albistegietako balizko egiak ahazteko.

* Autodidakta behar du izan pertsona orok, ikastetxean edo unibertsitatean dabilenean ere. Norberak aukeratu, eho, landu  eta norberagotu behar ditu entzunak, ikusiak eta bizituak. Ikasi beharrekoak, alegia. Inola ere kritiko kreatzailea edo eraginkorra ez den gizartea da gurea: kritikoak, bai, bagara,  baina bide berriak asmatu eta irekitzeko ahalik ez du  kritikotasun horrek, negatiboa  da, alegia.

 

Zertzeladak

* Herri giroan murgildu behar zara herritar izateko.

* Su bat bezala da zibilizazioa, bera da errekin eta erretzaile aldi berean, sugar bizian, su motelean, beti itzaltzen, beti gartzen, aldi eta ikuspuntuaren arabera. Edonola ere, su bizi, su motel, txinparta edo ilinti, horretako txinparta bat, ilintia, hauspoa, … gara gu bakoitza, denok gara su horren zati, ez da inor eraginik ez duenik, ilintia ito nahi duen hautsa denik ere bada.

* Jende gehienak paso egiten die gai deserosoei, torturari esateko.

*  Huskeriatxoa garen kontzientzia hartuz, beste gizarte bat osatuko genuke. Huskeriatxook batuz, talde indartsua izanen ginateke.

* Kuxkuxero da, izan da nonbait beti, gizartea. Berea duela dirudi osagai hori. Diskrezioa, harribitxia  da.

* Munduak dionaren alderantzizkoa ez da nahikoa pertsona bat epaitzeko, baina bai da egia norbaiten aurka ahoz aho dabilenaren laurdenetik herena ere ez dela sinetsi behar.

* Gertakarien eta medioen eta propagandaren arabera ezagutzen ditugu herriak;  txukunak daude gaur egun Mendebaleko hiri denak, baina Toledo txukunari begiratuz herria nola bizi ote, hori da galdera.

* Askatasunaren duintasunak dakar berarekin halako segurtasun aldartea, landu nahi dugun etorkizuneko mundua herriaren jarreretan islatzen da, zizelkatuta geratzen da bere kultura eta izaeran. Baina aldi berean, asteburuko gaupasako eromenak ez ote adierazten etorkizun ilunak, agian etorkizunik ezak, sortarazitako egonezina.

* Hiritarrak  eurak ere  hiria bera bezain paisaia hutsak bihurtu daitezke turista eta bidaiaria pasokoentzat. Argazki baterako objektu baliagarria, besterik ez. Hiri bakoitzak badu bere ipuina. Ipuin hori aurkitu eta gauzatzean datza herri baten erakargarritasuna. Orduan kanpotarrek ere aurkituko dute herri bizia.

 

 

Kontraesanak 

* Gizakia, bakarka eta elkartuta, kontraesanez osatutako misterio bat da, gardenen den gizakia bera ere.

* Errealitaterik kontraesankorrena da gizartea, ez du ezer zentzuzkorik: madarikatzen duen zapaltzailea babesten du. Eta altxatzen denean beste zapaltzaile baten besoetan babestuko da.

* Goseak hartzen dio gaina gizakiari. Sarri matxino bihurtzen du, mendeko hurrengo. Injustiziak ez dira bukatzen, justizia-gosea, aldiz, gutxienez ahuldu egiten da goserik ez dugunongan.

* Hiletak bizientzat, ez hilentzat, egiten diren legez, omenaldiak ere, omendua bertan egonik ere, antolatzaileen interes edo komenentziarako egiten dira.

* Hileta ondorengo oturuntza familia elkartzeko, samina sendatu eta barne urradurak osatzeko terapia eta abagunea izanik ere, hiletetako oturuntzok sarri izan dira hildakoaren etxean diru-zuloa utzi duen ohitura ere.

* Bilera eta tabernetako kalaketan galtzen gara, hitzen zurrunbiloan, hitzak soilik ehoz. Ideiak eta egiteen kontrajarritasunaren kontraesanean bizi gara. Teoriagile gara. Eta protestari. Errazena baita.

* Logika da arrazionala den  gizakiari gutxien eragiten diona: inertzia, esperientzia, ohitura, agindua, irautea, ... eta abar luzea dira bizitzeko motor eragileak.

* Familia sistema porrot bat da, baina porrot guztien gainetik bera da gaur egungo gizartearen ardatza eta etorkizuna; kontraesan horretatik datoz gizartearen aje asko.

* “Lan egiten duena bat dator langile eta nekazarien boterearekin”. Langileek ematen diote boterea ugazabei, dela pertsona edo kapitala, baina botere horren esklabo bizi dira. Kontraesan krudela.

* Egia da baztertu edo botatzen duguna ez dela beharrezkoa, beharrezkoa ez dena ez genukeela erosi behar, baina gizarte honetan zaborrik gabe heriotza dator, zabor gainean eraiki da gizarte hau. Dena da zaborra gaur egun. Alacantera gure bidaia hau bera zaborra da, hona ekarri gaituen lasaitasun premia ere zaborra da.

* Partida denak, edozelakoak, astoenak ere, "jolastu" egiten dira gaur egun. Nahiz larri, zital, bete ezinik, infernu batean ari. Jolasaren eta zirraragarritasunaren kontzeptua ez da josten jokoarekin. Zirraragarritasunak eta gozamenak ez dute loturarik  jokoarekin. Dena da jolasa gaur egungo terminologian, sufrimenduz blai ari bazara ere, nahiz lehertuta, erneguz zital, desenkusez etsitua, ... bukatu. Joko bihurtu dugu jolasa, eta jokoari jolas deitzen diogu. Gure gizartearen sinboloa da jolastu-jokatu hitzon erabilpena. Agian kontzeptuak eurak ere. Dena da lehia, dena jokoa, baina jolasa deitzen diogu. Ia-ia ez dago lekurik jolaserako gure gizartean, denari jolas deitzen badiogu ere.

* Izen zaharrez bataiatzen ditugu eraikin eta ekimen berriak, berriok jaso edo osatzeko antzinakoak eraitsi edo baztertu ondoren, astakeria nolabait zuritzeko asmoz

* Ezinezkoa da neutraltasuna, ez da sekula gertatzen, edozein dela jarrera, norbaiti on eginen dio  eta beste bati kalte. Beti.

* Besteren desgraziak hanpatuz norberarenak arintzen ahalegintzea baino okerragoa da besteen desgraziak eragitea norberaren ezina ezkutatzeko.

 

 

Akatsak

 

Hutsak

* Hain geurekoiak ez bagina bestelako zerbait ederragoa eta bizierrazagoa litzake gizartea.

* Ez gara ezagutzen edo ez dugu ezagutu nahi gure baitakoa, hori da gizakion akats nagusia.

* Lats ordaintzen ditugu akatsak eta erruak gizarte honetan, baina ikasi beharko genuke, ordainak ordain, geure akatsak onartzen, ondorioak atera eta gerorako ikasten.

* Magia omen zuen igali bat oparitu zioten, eta pozoitu egin zen.

* Kontaezin bidegabekeria egin ditu arrazionalismoak zein errealismoak.

* Menpekotasun lotsagarriak izan ohi dira itxurakeria gehienen azpian edo ostean. Herria bera txutxu-mutxu eta oinarri  gabeko  iritzi azalekoetatik bizi da.

* “Ez dakigu, batzuek uste duten bezala pertsonen barnekoa maitatzen edo gorrotatzen”. Itxura soilik baloratzen du gaurko gizarteak, politikoek, intelektualek, ekonomia buruek, erantzukizuna dutenek, azken batean denok, hala erakutsi digutelako, dugulako, herri xeheari ere. Mozorroa daramagu sarriegi, eta ez dela erraza aurpegi egiazkoa eta itxurazkoa bereiztea, nor den nor.

* “Hirietan pertsona guztiak antzekoak dira. Berdina da mundu guztia. Mundu guzia jende guzia da”: M.Mandeira.  Zerbait antzerako gertatzen zaigu herri guztiekin.

* Jende gutxik daki nongoa den, non erroldatuta edo jaioterria dakite soilik, bizi guztian errari, zerbait hobearen amets.

* Zeregin beharrezkotzat ez ematea edo gerorako uztea, ezgaitasuna estaltzeko trikimailua izan ohi da.  Zenbat ekimen baztertzen den bileretan, eztabaida eta iritzi-emate sutsuen ondoren inork hartu nahi ez duelako gauzatzearen ardura eta lana.

 

Saski-naski

* “Eta nik pentsatu nuen, pertsona besarkatuak ikusten ez gaituenez, besarkatzea izan litekeela une horretan pentsatzen edo sentitzen ez duguna ezkutatzeko era bat” H.Cano. Besarkada asko itxurakeria besterik ez da, protokolo hutsa. Besarkatuko garenean, biziberritzeari ekiten diogu..

* “Informazioak du errealitatea sortzen, eta ez alderantziz”. Informazioak sortzen du errealitatea  gaur egun, bizi duguna eta birtuala: herriak, baina, errealitate benetako erreala bizi du, birtualak zitaldu besterik ez du egite eguneroko errealitate latz hori.

* Helbururik gabeko ekintzak ez dute atarramentu onik, onenean hutsalak dira.

 

Adinaroak   

Adinak

* Aurrerapen teknikoak abiadura bizian doazen garai hauetan, belaunaldi gazteagokoek beren aitak baino buruargiagoak direla pentsa dezakete, asmakizun berrietara errazago egokitzen direlako, lege zaharrekotzat hartu dezakete adinekoen hainbat jokamolde eta jarrera. Eta belaunaldi zaharrekoek, aldiz,  uste dute bere garaikoak argiagoak zirela, bizimolde egokiagoa zutela. Belaunaldien arteko iritzi kontrajarriak betikoak dira, aldaketa etenik gabea eta halabeharrezkoa delako, eta belaunaldi guztiek dutelako bestearena baino alde hobea, baina, aldi beran, desegokiagoa.

 

Haurtzaroa

* Bada dionik haurtzaroa dela bizitzako arorik zorionekoena, baina haurtzaroan ere asko sufritzen da, geroagoko adinetan adina, nahiz agian ez hain kontzienteki. Adin-aro orok, zorion abagune asko ditu.

* Haurtzaroko oroitzapenak, joan eta etorrri egiten dira, lainoak bezala, baina hor daude beti, eguzkiaren argitasuna edo epeltasuna dariela, gerizpean babestuz, edo ekaitz beltz artegagarri.

 

Gaztaroa

* Gaztaro zorigaiztoenak ere, nahiz lausoena bizipoza, une gozagarriak ditu, itxaropena baita bizitzaren ardatz, geroa duelako egiteko.

* “Zokoraturik igarotako nerabezaroa mingarria da oso”. Nerabe gehienak daude zokoraturik, nagusiagoek zokoraturik, etxean, zuzendaritza maila orotan, dela udaletxea, dela kultur edo kultur maila orotan, beti menpe, beti nagusiagoen esanera, iniziatiba propiorik gabe, … gizartean, ikastetxe zentroetan, … bazter daude, konpartsa bezala darabiltzagu; ondorioz bere kasa dabiltza, gizartean integratu gabe, nagusiagoarekin lotura gutxi dute gizartean;  nola ez ba ez dituzte maiteko gaupasak, boteiloiak, bere mundu propioan, nagusiagoengandik at. Gizarte elbarritua, mutilatua gara, atal bat falta zaion ortopediaz dabilen gizarte bat. Adinaro bakoitza dabil bere aldetik.

* “... doinuak ematen zuela kantagarritasuna, ez hitzak”, Koldo I. Ingeles ez dakiten gazteak ikusten ditut, ingeles letrako kantuak abesten, buruz dakite ulertzen ez duten abestiaren letra.

* Pentsaeraren desparekotasunean daude batez ere munduaren etorkizunari buruzko jarrera ezberdinak gazte eta edadekoen artean. Baina desberdintasun horrek ez du esan nahi gazteak buruarinak direnik arazoen aurrean, zahar eta helduak bezain arduratsuak dira, arazoei buruz ideia ezberdinekoak arren.

* Hogei urterekin uhal guztiak meheak omen; gazteak ez du urtaro txarrik, zer sufritu tokatzen bazaio ere.

* Lan gogorraren beldur  baino lanik ezaren beldur dira gazteek gaur gun.

 

Helduaroa

*Inguruari norbere alturatik begiratzen jakitea litzake helduaroa, edozein dela ere adina. Gora behera ibili behar da, baina, ingurua begiratzeko, altura ez ezik behatokia bera ere aldatuz, aulki-behatokiz aldatuz, mundua, gizartea, gora-behera baitabil etenik gabe, mundua, gizartea, inguru hurbila bera ere gora behera aldatuz baitabil, itsasoko marea eta olatuak bezala, baina mareek duten maiztasun jakinik gabe.

 

Zahartzaroa

* Ipuinzale dira umeak, oraindik munduaren atarian daudelako, baina helduok ere ipuinak kontatzen dizkiogu elkarri, nagusien ipuinak, umeen ipuinen antzik ez dutenak, baina ipuinak, eguneko errealitatetik atera nahi dugulako. Denok gara ume, ezinbestean batzuk gizarteko errealitate gordinean sartu beharrez, hortik atera nahian besteok. Denok nolabait ume.

* Zaharrok ihes egin ezin diogun heriotza hurbila dugu errealitatea zaharrok. Duguna onartu, bizitakoaz poztu eta duguna baldintza eta muga guztiekin gozatzea,  hori da liluraren geruzaz egun bakoitza biltzea, lilurara igarotzea. Gizakiak berak biziko ez duen geroa ere amestu behar du, adinekoak ere, eta horretarako lan egin. Lilura eta ametsa, errealitate jasangaitzari izkinatxo egiteko era, baita zahartzaroan ere..

* “... gizonezko burusoilen artean: asilo bateko hondakinak, ...” Homo faber liburuan. INSERSO, Jubilatu Elkarteen eta mus partida askoren definizio makabro samarra da, baina balekoa.

* Zaharrak eta nagusiak besterik ez dira ikusten neguan Mediterraneoko itsasertzean. Harritu ere egiten nau une batez; ondoren, neu ere zahar ikusten nautela jabetzen naiz.

Burutapenak Gizakia VII

Jon Etxabe 2016/07/29 12:28
Gizakia VII Norbera, Sentipenak, Hitza, Erantzukizuna, Kontzientzia, Grinak, eta sailkazail diren zenbait zertzelada, Gizakia saileko azkenak

Norbera nor

* “Zeuentzat zer den ona, horixe izango duzue; neuretzat zer den ona, horixe izango dut”: norberakoikeria nabarmena da filosofia hori, zabalduegia zoritzarrez,  batez ere politiko, ahaltsu eta dirudunek darabiltena.

* Denok, altruistenak ere, norbera du abiapuntu, helmuga. eta erdigunea.

* Hitz-aspertu ustel antzuak  dira hitz idatzi zein ahoskatuak, ez dakigu eragile izaten, ispiluari ari gara gehienetan.

* Duena galtzeko beldurrez bizi denez, huskeria bat ere asko da besterik ez duenarentzat, horrek egiten du gizakia hain berekoi eta ezsolidario. Edo solidario.

* Norbera da gehienentzat bere bizitzako zirkulua, zirkulu itxia, non bizi diren; nahiz lagunartean eta kalean egin ordu gehienak. Gizakiak ez daki bestearen lekuan jartzen, bestearen azalean sartzen. Entzun entzuten dio besteari, baina berearekin alderatzeko gehienetan. Besteek bera entzutea edo aintzat hartzea nahi luke, baina ez du bestearekin berak ere hori egiten.

 

 

Sentipenak  

 

Eragileak

* Gauzak gustura egiteak, ondo zein gaizki bukatu, zeure buruaren adiskide uzten zaitu, bare.

* Ahulezia-seinalea da askorentzat maitasuna agertzea; indarra erakustea da askorentzat harremanerako jarrera eragileena. Zenbat harreman eta bikote galdu den barne egiazko sentimenduak ez kanporatzeagatik.

* Bai zirrara bai mina, izatea zeharkatzen duten sentipenak arren, desagertu egiten dira, eta biluzik bezala uzten gaitu, nahiz sarri barne pleguren batean zahar baina bizi dirauten.

* Pobre izaten jarraitzen du herriak, baina aberats garela hazia erein digute; horrek zorigaizto sentimendua areagotu digu,  eta pobrezia madarikatzen badugu ere, pobreagoak mesprezatzen ditugu.

* Ezindu egiten gaitu beldurrak, edozein arlotan. Ondo daki hori, jakin behar luke, oldartuak, edozein dela ere aurkaria. Galdua du partida beldurra nagusitzen zaionak. Gizarte honetan arrazoiak baino beldurrak eragiten du gehiago, hainbesteraino degradatu da “homo sapiens” harro deritzana.

* Errudun sentipenarekin bizi gara gizakiok, beldurrez  eta kezkaz agian. Datorkigun salaketa edo aieru zantzu txikienari azalpen zuritzailez erantzuten  diogu, ”hor konpon” batez, barnea bare gordetzeko patxadarik gabe bezala. Norberarekin bakean bizi denari ezer gutxi inporta dio besteek diotenak.

 

Nolakoak

* Sentiberatasun orok du bere usaina, usaimen hori da erabat kamustu zaigun ahalmena

* Komunikatzeko dira sentimendu batzuk, komunikatu beharrekoak beste batzuk norbera beraiengan ez itotzeko, gorde beharrekoak beste zenbaitzuk beraiekin bestea ez itotzeko, eta badira ere norberaren altxor edo sekretu diren sentimenduak giltzarrapoz gordetzen ditugunak edo gorde beharrekoak.

* Zein gozoa den begiezko sentipen trukaketa, bera da sakonena, gozoena ere: hitzak soberan utziz, hitzez harago adierazten duten begirada labur horiek.

* Aldakorrak dira desioak, haizeak daraman hautsa bezalakoak. Pozgarriak agian une batez, laino beltz bestetan, desioen esparruan mugitzen gara sarriegi, hortik datoz porrotak; ez gara  errealitatean oinarritzen  eta desiren ondoren errealitate krudela geratzen zaigu. Desioak  gizartearen ardatz antzuak dira, akuilu eraginkor bihurtzen ez direnean.

* Argia ezagutu duten eta ezagutu ez dutenen itsutasuna arras ezberdina izan behar du. Sentipenek euskarri arras ezberdinak dituztelako garunetan.

* Damua uneko sentipena da, mingarria, baina inolako eraginik gabekoa. Urkatu eginen duzu damua lehenengo aukeran.

* Denboraz, arduraz, lekuz edo eragin aukerez urrun geratzen diren arazoez kezkatzeak, ezintasun eta etsipen frustrazioa dakar.

* Bihotzaren arrazoiak ez ditu sekula arrazoiak ulertzen, ulertu uste izan arren.

* Gauak ekarri ohi du aholkua, baina sarri hain garbi ikusitako iritziak, hartutako erabakiak, erabat arruntak iruditzen zaizkizu hurrengo goizean. Baina egia da halako argitasun batek biltzen zaituela biziki gaueko ordu esna horietan.

 

Gordeak

* Sentipen eta pentsamendu gehienek gordetzen ditugu azaleratu gabe. %99´99 edo gehiago. Gure barne bizitza, pentsamendu sentsazio eta sentipenenak,  altxor gordea dira. Askeago ginateke irekiagoak bagina eta sentimendu gutxi batzuk soilik gordeko bagenitu guretzat, sekretu behar dutenak soilik.

* Pozoitu egin ohi dira ezkutatutako sentimenduak. Zenbat bikote galdu dira, maiteari maite duela esan edo adierazi ezagatik.

 

Zertzeladak

* Edozer galtzen duela ere, betirako galtzen duen sentipena du gizakiak, izan ere galtzen den oro, txikikeria izanik ere, betirako galtzen baita.

* Beldurra eta lotsa giza-dohain osagarri baliagarriak direla barneratuko bagenu, lasaiago genbiltzake bizitzan.

* Inertziaz edo ez inertziaz, bortitzak edo gozagarriak, emozio pilaketak absurdoa egiten du gizakia, lehertu egiten baita azkenean bere eta ingurukoen kalterako.

* Amorruz ez ezik, pozez ere, edo oinazez, egiten da negar; sentipen ororen ezaugarria izan daiteke negarra, sentipen hori mina eta bizia denean.

 

 

Hitza  

* Hitza zen hasieran, hitza da amaieran ere sarri. Hitza, nolanahi, kanporatua edo garunetan soilik, bizitza kontzientearen adierazlea da, hitzen errotari eragiten diogun heinean bizitza ehotzen dugu.

* Guk geuk egiten dugu erreala geure baitan, zer den, dagoen ere, ez dakigun kanpoko hori. Eta hitzek egiten dute batez ere edo gehienetan,  besteentzako ezagun bakoitzaren barne errealitatea.

* Hitzak egintzak baino indartsuagoak direla esan ohi da. Alderantzizkora ekarri nau esperientziak. Egunsentiraino denekin hitz eginen zuela zion lehendakariaren indarrak  putzak baino ergelagoak izan dira. Agian distantzia motxegira begiratzen dugu; begirada luze batez, hitzak baino hitzen atzeko ideiak direla eragileenak ziurtatuko genuke. Hitzok zintzoak direnean.

* Indarra dutela hitzek, bai eta ez. Norenak diren eta noren belarrietan erortzen diren, hor daude eraginaren mugak

* Ekintzak gauzatu aurretik ikusi ahal da gehienetan hitzen ustela, hitzok tonu goxoz edo irribarrez gozatuak arren. 

* Bi mundu bezala daude: Hitz abstraktuz mintzatzen direnena, -politiko, intelektual, eta zientifikoena gehien bat, poetena sarriegi ere-, eta hitzok antzuak gerta ohi zaizkion herri xehearena. 

* Keinuen hizkuntza, hitzena bezain esanahikoa, seguruenik hitzen aurreko kodigoa, ezezaguna askotan, kontutan hartzen ez duguna da gehienetan.

* Hitza -ahoz zein idatziz- jolas duenak, hitza beste ezer gutxi gehiago behar duenak, hitza bera du baliabide eskurakorena entretenimendurako.

* "Hurrengo geltokia": "Hurrengo" ez da beti ondorengoa, tartean gelditzen ez den geltokirik bada. "el siguiente", “hurbilena”, "el más cercano", “hurren dagoena". Lelokeriak diren  hizkuntzaren barne joko politokin egin ahal da, paisaiak laguntzen ez duenean, eramankorragoa, motzagoa eta jostagarriagoa autobuseko ibilbidea. Gehienetan pentsamendu hitz bihurtu gabeok dira gizakiaren sekretu nagusia. 

 

 

Erantzukizuna

* Erabaki sendoak hartu behar ditugunean hasten zaigu benetako borroka, gure baitako hainbat jarrera, nahi, eta heldulekuri egin beharko diogulako uko.

* Edozertan zerbait izan nahi duenak erantzukizun orekatu bat du beharrezko, okerbideetan sar ez dadin.

* Haizea alde ere, bidea egiten ez dakienak zaila izanen du behar duen portura garaiz eta onik heltzea.

* Arduragabetasuna da haizea alde dagoeneko arriskua, horrek eraman dezake ontzia arrokatara.

* Obedientzia diziplinarekin nahastetik datoz menpekotasun absurdo asko, askoren duintasunik eza, edo duintasuna galtzea.

* Estrategia ona da lotsarena, arazoei eta galderei iskin egiteko.

 

 

Kontzientzia

* Ez dago bizitza kontzienterik pentsamenduz bilduta ez dagoenik. Ezta bizitza inkontzienterik ere, konorte gabe ez bagaude behintzat.

* Ez dakit zer den edo zertan datzan bizitzaren duintasuna. Besteez arduratzea, besteenganako errespetua, gizartearen zati kontziente izatea, ... hori dena izatera bultzatzen didan eta zaintzen dudan barne berezko hori dela uste dut bizitzaren duintasuna.  Injustiziaren aurrean amore eman ezina, ahulduren eta gabezien lotsa sortarazten didan joera hori.

* Norbere ongizatetik baino, okerrago dabiltzanak ikustetik ondo bizitzearen kontzientzia hartu edo areagotzea, askoren gaitza da, inozoen kontsolamendua.

* Ezin uka kontzientzia ezaugarri baliotsua dela, egia da ere norbere erantzukizunetik urruti dauden gauzengatik errudun zarela pentsarazten badizu izan daitekeela kaltegarria kontzientzia. Baina gaur egun urrutieneko arazoen erantzule gara edonon gaudela ere. Sentipen soil bihurtzen denean da ahulgarria kontzientzia.

* Kontzientzia sentipen soil bihurtzen denean da ahulgarria. Kontzientzia hurbileko arazoei lotua dagoenean eraginkorra, nahitaezkoa norbaitek arazooi buruz eragile izan nahi duenean. Denboraz, arduraz, lekuz edo eragin aukerez urrun geratzen diren arazoez kezkatzeak, ezintasun eta etsipen frustrazioa dakar.

 

 

Grinak

* Maitasunak bezala amorruak ez du gehienetan arau edo arrazoi jakinik, kausa bat jartzen badiogu ere: sartzen zaigu, eta kito. Inertzia.

* Ezina da gorrotoa, ezina inbidia ere; inbidia eta gorrotoa, nahiz ez beti, batera doaz,  baina ez dira berdinak.

* Anbizioa, bere neurrian, bertutea da. Ez da berenez gaitza.

*  Egia da pasio gorenak hiltzen dituela gerrak eta behekoak suspertu, baina zentzu zabalean hartu behar da gerra kontzeptua, eguneroko arazoek ere pasioak akuilatzen baitituzte, eta zentzua lausotzen

 

 

Zertzeladak

* Asko luzatu ezkero gauzak pentsatzen, ez da erabaki sendorik hartzen. Momentuan garbi ikusten ez dena, hausnartzeaz soilik ez dira argitzen. Datu berriak jasotzea da lagungarri bakarra.

* Hutsalaren hutsalez hartutako erabakiak dira benetan arriskutsuak,  horrela emandako aginduak dira zitalenak.

* Norbera norbere infernu ez denean dira besteak infernua

* Gauzak aldatu egiten dira, beti, -gure eraginez ez bada okerrerako gehienetan- lehengoan jarraitzen ahalegintzen garen arren.

* Gutxi aldatzen da gizakia umetatik zahartzarora, asko aldatzen denean ere.

* Besteari adi dagoena da laguna. Halako sen berezi bat dago lagunen artean, lotura ikusezin definigaitz bat bezala.

* Lagun bakar bat galtzeak  munduko sufrimendu guztia ekar dezake.

* “Zer da patua?, Adibidez pertsona bat deseatu eta lortzea; gure patua idatzita egonez gero unibertsoak berak konspiratuko du gerta dakigun , ...”. Kimika da patua, kimikaren ondorioa, besterik ez da patua, ekintza xumeenean ere, askatasunaren ukazioa. Horregatik da gezurrezko komedia gure mundu eta gizartea.

* “Gizon heldugabearen ezaugarria kausa baten alde nobleki hil nahi izatea da; gizon helduarena, aldiz, kausa baten alde umilki bizi nahi izatea”: beldurgarria da esaldia. Kausa batengatik bizia eman dutenak, kartzelan daudenak, bizitza osoa kausa noble bati eskaini diotenak, … heldugabeak ziren?. Inola ere ez. Baina neuk ere uste dut egunerokoan borroka egitea, umilki eguneroko kausa baterako bakoitzaren ahalegina, hori dela ekarpen nagusia, eta horretan huts egiten dugula.

* Gustuko du gizakiak oroitzapenaren, memoriaren eta historiaren  muga ezezagun horietan murgiltzea 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.