Burutapenak Heriotza
Heriotza
Heldutasuna da heriotza
malkoz edo irriz
berak hartzen gaitu
aurrera edo atzera
begira gaudela
altzora garamatza
nahikoa izan garela
uste duenean.
Herio
* Asko dira hilik bizi direnak.
* Heriotza bizitzaren ziklo bat bukatzea besterik ez da.
* Herio egia absolutua da, ez du hutsik egiten, baina gezur pilaz inguratuta dator beti.
* Bizitzarena ondoren, naturaren beste broma inkontziente bat da heriotza. Gizakia soilik da kontziente broma horretaz.
* Hiltzea librakuntza bat dela bizi denak bakarrik uste ahal du; hildakoa jada ez da ez libre ez gatibu, naturako osagai bizigabe bat baizik.
* Heriotza neurtu ezin daiteken, denboratik at dagoen, azken istant bat karra besterik ez da.
* Egia izanik herioren partitura geuk daramagula barnean, bizitzaren musika da batez ere barnean daramaguna, oparoagoa edo ez, istant korapilatu askoren musika.
* Egunerokoa da, pobrea nahiz aberatsa, ipuinetako zorioneko bukaerarik gabeko gizakiaren bizitzako istorioa, heriotza baita sortu den ororen bukaera. Bitarteko istorio txikiek, txikiak handi bizi ditugunean ere, bukaera ezberdinak izan ditzakete.
* Gu hil egiten gara, herioak gainditu egiten gaitu gu bakoitza, askazia ez badu gainditzen ere. Ezaren sakontasun hotz eta beltzean murgiltzen gara, orokortasunari begiratuz, askaziaren etorkizuna segurtatuz, filosofoek itxaropen mezua eman nahi badigute ere.
* Bizitzaren amaiera da soilik heriotza, besterik ez, heriotzak ez dio inolako ekarpen kontzienterik egiten bizi izan denari. Hil beharrak bai eragiten dio bizidunari.
* Amets zapuztu bat da bizitza. Baina heriotza ez da frakaso bat, bizitza ez dugulako guk asmatu eta aukeratu. Halabeharrezkoa zaigu bizitza; ondorioz, heriotza.
* Amaigabea da bizitza, orokorrean hartuta, ideia unibertsal gorputzik gabea dirudien hori. Baina bizidunek osatzen dute Bizitza hori, eta bizidun bakoitza, ernetzeaz bat, amaierara abian da.
* Hilkorrek osaturiko amaigabea, hilezkorra, da bizitza: misterioa.
* Mundua eskuetan hasten omen, eta begietan amaitzen. Egia da umeen lehen sentsazioak eskuetakoak direla, begietakoak baino aurrerakoak. Alderantzizko izan daiteke lasterrera: begietan hasiko zaio mundua haurrari, eta eskuetan amaituko.
* Nork jakin bakoitzaren biziraupenaren noizartekoa. Norberaren jarrerak eta erabakikortasunak baldintzapen erabaki zuzena du biziraupenean, nahiz ez beti erabatekoa.
* Hil-kutxarako ordua aurreratu egiten dugula da nik diodana zahagia diruditen zilbotei eta hoteleko jangelako plater tontorrei begiratuz.
* Bakan dira heriotzarantz duintasunez joan nahi dutenen isiltasuna begiratzen eta aintzat hartzen dakitenak, eta zenbat eskertzen den isiltasuna errespetatze hori, urriak baitira hori egiten dutenak.
* Ugariak dira heriotzari duintasunez begiratzen diotenak; agian halabeharraren ezinak eragindako duintasuna besterik ez da.
* Heriotza beti hurbilaren jakitun eta kontziente garela sentipenak eraginda atera nahi diogu zukua bizitzari. Aldi berean, iraupenaren desioak bultzatzen gaitu nolabaiteko arrastoa uzten ahalegintzera.
Nolakoa
* Hiltzeak ez du meriturik berez datorrelako, duin bukatzeak horrek du meritua.
* Ez da beti isila heriotza; isila datorrenean ez du arazorik, iragarriz datorrenean, aldiz, latza izan daiteke.
* Heriotza beti da zaila eta mingarria senideentzat: gaixotasuna edo agonia luzea denean dakartzan zailtasunengatik; azkarra eta ustekabekoa denean, zailago eta mingarriagoa, biziagoa delako samina.
.* Heriotza denak dira arruntak hiltzeko unean hiltzen denaren aldetik. Inguruak egiten du ezberdin heriotza.
* Hil aurreko uneak dira duinak edo nobleak, nabarmenki gainera sarri.
* Hildakoak bizidunak baino garrantzitsuagoak dira sarri, gerretan batez ere, edo iraultza bat gauzatzean. Hildakoek, nolanahi, bost axola politiko eta agintariei interesak tarteko daudenean.
Hilezkortasuna
* Gizakiak badaki hilkorra dela, baina hilezkor bezala jokatzen du.
* Herriaren bihotz oroimenean lekurik ez duena da betirako galdu dena, hilobi ederrena badu ere.
* Izen batzuk artifizialki famatzen dira zenbaitzuen interespean, beste batzuk bizirik diraute herriaren memorian daudelako
* Denok bihurtzen gara hilezkor hainbat jokabidetan; entzulea edo ikusleak gogoratzen eta dirauen bitartean memorian diraugu. Hilezkortasun mugatua. Kontraesana, baina hala da. Gogoan dirauen bitartean behintzat. Bada zerbait.
* Oso minak direnak soilik irauten dute bizion bihotzean, hil ondoren ere. Eta oso gutxi izan ohi dira, eta sarri maitasun horrek bizienak baino atsegin handiagoa damaite.
* “Txiroak eta galtzaileak, lurreko kondenatuak alegia, izan ohi dira gehienetan ere, batik bat, izen gabetan ez ezik ezerezean lausotuta geratzen diren hilak eta hiletak”, Jokinek. Nork gogoratzen du Pardines tiroketa batean hildako guardia zibila?, ze kobratzen ote du , kobratzen badu, bere alargun, ama edo senideak?. Interesen arabera gogoratzen ditugu hildakoak.
* Bigarrenez hiltzen dira hildakoak bizien oroimenean, bat batean edo agonian luzean, tarteka berpizten baditugu ere.
* “Haietaz inor gogoratzen ez denean hiltzen dira benetan hildakoak”, Xabier Motoiak. Beraietaz inor gogoratzen ez delako bizirik hilda dirauten bizidun asko bizi da gizartean.
* “Gero eta konbentzituago nago Txabi Etxebarrietaren gorpuarekin batera ehortzi zela euskaldun askoren etsipena”, Jokinek. Ezagutu nuen liberatu legal bat, zeinek erakundean sartzeko erabakia hartu zuen bere lagun Txabi hil zutenean: “betirako erabaki totala”, esaten zuen, eta hala izan zen. Txabik Jabirengan iraun zuen.
* Geu bizi garen artean soilik segituko dute gure aurrekoek, eta ondorengoengan segituko dugu guk, memorian erabat lausotzen den arte. Pozgarria eta osagarria zait aurrekoen jarraipena naizela pentsatzea, eta ondorengoengan jarraituko dudala, betirako, erabateko isiltasunean bilduta arren, nire ezer inork sekula gogoratuko ez badu ere. Atomoaren karga elektriko bat bezala da bizi den oro, ez da ezer berririk, indar elektriko edo dena delako ikusezin horien aldatzen etengabea besterik ez da mundua. Hor jarraituko dugu. Horrez gain, gure ekintza minimoenak ere eragina du etorkizunean.
* Zendua hilezkor bihurtu nahi honetan, ehorzlea bera da hilezkor bizi nahi duena, betirako iraun nahi lukeena, trikuharriak, “eternitaterako etxebizitzak”, eraikitzen zituztenengandik hasi eta hautsak itsasoan edo basoan, -eternitaterako egontokiak hauek ere- barreiatzen ditugunenganaino.
Hil ondoren
* Sufritu gabe gozatuko dugula zeruan sinestarazi nahi digu elizak. Aldiz, sufrimendua egin du bizitzako ardatz. Morrontzarako dotrina.
* Elizak eta kristauek beltz ikusten dute nonbait etorkizuna, beltzez janzten ziren apaizak hil-mezetan, (gaur egun jantzi morez), hil-kanpaiak ere hitsak ziren, eta dira. Umeen hileta-mezak, aldiz zuriz jantzita ematen dituzte apaizek, eta hil-kanpaiak biziak, arinak eta finak dira, umea zeruan dagoelako omen. Kristauak ez du nonbait esperantza handirik beste alde horretan, ilun dakusate geroa. Egia esan, gizakian eta herrian sinesten edo sinetsi nahi dugunok ere, ez dugu geroan esperantza handirik, jartzen dugun ahaleginari erreparatuz.
* Merkeak dira heriotzaren zergatiari buruzko galderei erlijioek ematen dioten erantzunak, baina milioika pertsonek onartzen dituzte erantzun kontsolagarri erraz bat behar dutelako; jainkoa, agian eliza, desafiatzeko beldur direlako.
* Heriotzak ez du barkatzen, baina ez dakar barkamenik, ez bakerik. Heriotza ondoren ez dago ez barkamenik ez bakerik. Kontzientziarik ez dagoelako. Heriotza aurrekoak dira baleko bakarrak. Bizitza borroka eta makurkeria ere den arren.
* Behin hilda, ez dago ez atsedenik ez bakerik hildakoarentzat; biziei zor zaien, baina gehienetan ukatzen zaien pribilejioa dira bi osagai horiek.
* Beldurrarena ez ezik den guztiaren akabera da heriotza hiltzen denarentzat; baina zerbaiten ongarri izanen den hautsa besteri ez da jada. Bizidunengan utzitako arrastoa soilik jarraitzen dio heriotzari, eta aldi batez hori ere deuseztatzen da. Arrastoa bera ere desagertu egiten baita.
Hilondorengoak
* Herioren bisita ondoren gizaki ia oro bilakatzen da on, hiletak bukatu arte behintzat.
* Omenaldi eta agurrak, antolatzaileentzat direla onuragarrienak uste dut, askotan ezina edo frustrazioa adierazten dute; baliabide soila dira, irtenbide erraz bat egitarau bat osatzeko. Ingurukoen eta minenen hurbiltasuna da garrantzitsua, beste dena interesa, beharra eta gehienetan parafernalia besterik ez da.
* Nola egiten da ongi dolua, noiz bukatzen da?. Barnean eramaten da dolua, eta isiltasuna da laguntasunik emankorrena.
* “ze ondo dagoen” hori izan ohi da aipamen usuena hilkutxaren aurrean tanatorioetan. Hil hurren, denak ohi dira onak, gerora datoz kritikak. Eta aurretik.
* Nork nahi ditu loreak edo laudorioak hilda gero, ez baita enteratzen. Hil aurretik behar dira onartzeak.
* Esana dut erraustu nazatela. Maite izan nauten gomutan jarraituko dut gogoratzen nauten bitartean, nahiko lore-koroa izanen da hori.
* Heriotzaz aurrez gozatzeko da zenbaitentzat hiletako parafernalia irudikatzea, izango duen hilobia edo lagunduko dion segizioa.
Buruaz beste
* Ekonomiagatik da erakargarria suizidioa, ezintasun antzuak aurrezten dituelako. Gehiago ezin denean, bukatu. Ez naiz diruaz ari.
* Suizidioa ezbehar askoren azken kate-begia da. Azken erabakia gehienetan norberaren kontua da. Herio ez da etortzen ia eskua ematen diogun ala ez, ezinak jotakoak berak bilatzen du eta eskua luzatzen, hartuko dion esperantzan.
Hilerriak
* Lur jakinik gabeko hila, hil errari bat da.
* Memoria-lekua, azken agurraren oroimena, eta gune sakratua da berenez hilobia, baina utzikeriaren tristura darie hilerri eta hilobi askori, batez ere zerien garai batean. Bestelako zerikusiek egiten dute zenbait hilobi memoriaren zutabe gaur egun.
* "hildakoak ez baitu tokirik inon". Hildakoek ba dute tokia, toki garestia gainera. Lurperatu nahiz erraustu.
* Monumentuak dira hilobiak, hilobiak dira bizi direnen omenezko monumentuak ere, hauek brontze edo harrian edo koadroan bizirik hilobiratutako pertsonak bihurtzen dira.
* "hildakoak ez baitu tokirik inon". Hildakoek ba dute tokia, toki garestia gainera. Lurperatu nahiz erraustu.
* Maite izan ditugunak guregan dute tokia.
* Burua mendebaldera eta oinak ekialdera egokitu ahal izateko, trikuharriak ere eguzkiari begira omen daude, aspalditik ikasia zuten nonbait lo ere askoz hobeto egiten dela oheburua mendebaldean eta kama-barrena ekialdean dituenak, lo txarrekoek ondo dakiten bezala.
* Ospitalearen zuritasuna hilerrien belztasunaren aurrekari begitantzen zaidan”. Hilerriak koloretsu zaindu dotoreak dira gaur egun, hilobiak txukunak, katabutak ere apainak eta argiak. Baina heriotzak beti bezain doluminezkoa dator.