Burutapenak Gizartea I
Nolakoa
Makilatua
* Mutu izateko gizataldea bihurtu da herria, edo hitz antzukoa.
* ”orain luzearen erlojua” sortzea proposatu du norbaitek, segundoa urtea balitz bezala bizitzea, alegia, eta urtea mendea balitz bezala: zibilizazio patologikoa sortu dugu.
* Ohitzea, errutina, gizakiaren arrisku eta akatsetariko bat. Ohitu egiten gara pobre, zapaldu, menpeko izatera ere. Agian etsiarazi egin gaituzte aberats eta zapaltzaile direnek.
* Hiriak, gure hiriak behintzat, komunitate mugatuez osatuta daude, ez dago komunitateari alde egiterik, etorkina edo ezezaguna ez bazara behintzat, eta halaz ere epe laburrez zinateke anonimo.
* Beti zain dagoen gizartea gara. Goikoek emanen apurren zain. Mahaiaz jabetu eta gurea dena berreskuratzeko adorerik gabe.
* Gosez da mundu erdia, gerrek hiltzen dituzte egunero milaka pertsona, gero eta elkarren hurrago datozen krisi ekonomikoen ondorioz langabeziak kale gorrian uzten ditu langile oldeak, … gaixo baino izurriteak jota dago mundua, endemikoak -”sistemikoak” diote gar egun- bai dira goseteak, gerrak et krisi ekonomikoak. Urdaila beteta duenak, aldiz, uko egiten dio nahi adina jateari osasunari eusteagatik edo beste zenbait asmo betetzeagatik. Elikadurarena ez da eskubide nagusia beretzat, osasuntsu gordetzea baizik kontsumismoa gaindituz.
* Eskale asko dago Marokon, eskupekoaren eskalea. Mugan bertan izan dugu lehen esperientzia: betebeharreko paperak eskainiz etorri zaigun gizajo plantako zibil bat, burua leihatilatik kotxe barruraino sartuz eta paperak betetzeko non aparkatu gomendatuz; adeitsu jokatuz, eskupekoa zuzenean eskatu digu gero funtzionarioak, eta ondoren funtzionarioen morroiak.
* Esperoa gizakiaren esentzia da, gabezien ondorioa, esperoan bizitze amaigabea.
* Desbabestua sentitzen da gizartea: jendetza dagoen tokira jotzen du jendeak. Segurtasun ezak kezkatzen du nonbait.
Mailakatua
* Arrautza ala oiloa aurrena, gizakiaren bihotza eta gizartea, zerk nork aldatzen du zer nor.
* Gizakia eta gizartea, zer den bakoitza, zein den zeinen gainetik edo aurretik: askatu beharreko korapilo askagaitza.
* Lur honetan ez omen gorrotorik gabeko ontasunik, ezta bekaizkeriarik gabeko handitasunik ere, itzalik gabeko gauzarik ez dagoen moduan. Itzalak eguzkia behar du, baina gizartean zorterik izan ez duen hainbat gizajok ere jasan behar izan du gorrotoa eta bekaizkeria, ez baitago pobreago bat izanen ez duen pobrerik, edo pobre aberatsago bat izanen ez duen pobrerik.
* Etxearen kokapenak erakusten du etxejabearen aldartea. Bakarti urruti, besteen jarraian baina ormaz isolatuta, berdegune batez inguratuta, herri txiki bateko herritar edo hiri handikoa, … osagai askok erakutsi dezake etxe jabe edo familiaren nortasuna. Bizilagunen arteko harremanen kalitatea beren etxeak banatzen dituen distantziarekiko proportzioan datzala dioenik ere bada. Pertsonak eta gizartea bera ikertzeko ikuspuntu interesgarria, ekonomiaz harago, ekonomiak baldintzatzen badu ere jende xehearen etxe-aukera.
* Aurreko tipoaren kokoteari begira egon behar duzula, zer besterik erakusten dute ikastetxeetan, zer besterik politikoek, gurasoek, … denok ilaratik atera gabe ibili behar dugula, eurek markatutako lerroetan zuzen, eta lerroa hausten duenak badaki zer daukan.
Txotxongiloa
* Mozorro-festa bihurtu da gizartea, inauterietarako mozorrotua litzake gizakia.
* Errealitatearen itzala besterik ez da dakusaguna. Giza jokabideez ere besteek egiten dutenari so bizi gara, edo bizi portaerak jasotako arauen araberakoak dira, beti bizi gara ispiluren bati begira, ispilukoren baten imitatzaile besterik ez gara.
* Maskara besterik ez gara, uneko antzezlanaren araberako aktoreak; jantziak bezala, aldatzen ditugu maskarak, aurpegiko giharren tinkotasuna, alegia, “maileguan hartutako larruak baino ez ginen”, Harkaitzek.
* Kalean, saltokietan, jatetxeetan, ... pelikula bateko figuranteak dirudigu. Figurantea izan da beti herria, altxatu denean ere, eta hala jarraitzen du izaten, dekorazioa eta janzkera aldatu da soilik.
* Dotore jantzita ikusten dituzu, eta herritar ezdeusenak ote diren galdetzen duzu: moda, itxurakeria, nolabait ezina gailendu nahia, ….
Ahula
* Zer den miseria?. Batzuentzat, askorentzat hainbat herritan, bizirauteko baliabideen eza. Gaur egun, baina, askorentzat, gizarteak berak artifizialki eta bakar batzuen onerako sortu dituen premiak ase ezina. Gauzez gainezka, miserian bezala bizia gara, beti zerbaiten egarri edo premian.
* Krudela da gehienetan errealitatea hirian kanpotikoentzat. Herrietako gabeziek, eta hirietako distirek halako amets eta irudi faltsuak sortarazten ditu.
* Gezurrean bizi garen gizartea gara.
* Jendeak gezurretan bizi nahi du gaueko albistegietako balizko egiak ahazteko.
* Autodidakta behar du izan pertsona orok, ikastetxean edo unibertsitatean dabilenean ere. Norberak aukeratu, eho, landu eta norberagotu behar ditu entzunak, ikusiak eta bizituak. Ikasi beharrekoak, alegia. Inola ere kritiko kreatzailea edo eraginkorra ez den gizartea da gurea: kritikoak, bai, bagara, baina bide berriak asmatu eta irekitzeko ahalik ez du kritikotasun horrek, negatiboa da, alegia.
Zertzeladak
* Herri giroan murgildu behar zara herritar izateko.
* Su bat bezala da zibilizazioa, bera da errekin eta erretzaile aldi berean, sugar bizian, su motelean, beti itzaltzen, beti gartzen, aldi eta ikuspuntuaren arabera. Edonola ere, su bizi, su motel, txinparta edo ilinti, horretako txinparta bat, ilintia, hauspoa, … gara gu bakoitza, denok gara su horren zati, ez da inor eraginik ez duenik, ilintia ito nahi duen hautsa denik ere bada.
* Jende gehienak paso egiten die gai deserosoei, torturari esateko.
* Huskeriatxoa garen kontzientzia hartuz, beste gizarte bat osatuko genuke. Huskeriatxook batuz, talde indartsua izanen ginateke.
* Kuxkuxero da, izan da nonbait beti, gizartea. Berea duela dirudi osagai hori. Diskrezioa, harribitxia da.
* Munduak dionaren alderantzizkoa ez da nahikoa pertsona bat epaitzeko, baina bai da egia norbaiten aurka ahoz aho dabilenaren laurdenetik herena ere ez dela sinetsi behar.
* Gertakarien eta medioen eta propagandaren arabera ezagutzen ditugu herriak; txukunak daude gaur egun Mendebaleko hiri denak, baina Toledo txukunari begiratuz herria nola bizi ote, hori da galdera.
* Askatasunaren duintasunak dakar berarekin halako segurtasun aldartea, landu nahi dugun etorkizuneko mundua herriaren jarreretan islatzen da, zizelkatuta geratzen da bere kultura eta izaeran. Baina aldi berean, asteburuko gaupasako eromenak ez ote adierazten etorkizun ilunak, agian etorkizunik ezak, sortarazitako egonezina.
* Hiritarrak eurak ere hiria bera bezain paisaia hutsak bihurtu daitezke turista eta bidaiaria pasokoentzat. Argazki baterako objektu baliagarria, besterik ez. Hiri bakoitzak badu bere ipuina. Ipuin hori aurkitu eta gauzatzean datza herri baten erakargarritasuna. Orduan kanpotarrek ere aurkituko dute herri bizia.
Kontraesanak
* Gizakia, bakarka eta elkartuta, kontraesanez osatutako misterio bat da, gardenen den gizakia bera ere.
* Errealitaterik kontraesankorrena da gizartea, ez du ezer zentzuzkorik: madarikatzen duen zapaltzailea babesten du. Eta altxatzen denean beste zapaltzaile baten besoetan babestuko da.
* Goseak hartzen dio gaina gizakiari. Sarri matxino bihurtzen du, mendeko hurrengo. Injustiziak ez dira bukatzen, justizia-gosea, aldiz, gutxienez ahuldu egiten da goserik ez dugunongan.
* Hiletak bizientzat, ez hilentzat, egiten diren legez, omenaldiak ere, omendua bertan egonik ere, antolatzaileen interes edo komenentziarako egiten dira.
* Hileta ondorengo oturuntza familia elkartzeko, samina sendatu eta barne urradurak osatzeko terapia eta abagunea izanik ere, hiletetako oturuntzok sarri izan dira hildakoaren etxean diru-zuloa utzi duen ohitura ere.
* Bilera eta tabernetako kalaketan galtzen gara, hitzen zurrunbiloan, hitzak soilik ehoz. Ideiak eta egiteen kontrajarritasunaren kontraesanean bizi gara. Teoriagile gara. Eta protestari. Errazena baita.
* Logika da arrazionala den gizakiari gutxien eragiten diona: inertzia, esperientzia, ohitura, agindua, irautea, ... eta abar luzea dira bizitzeko motor eragileak.
* Familia sistema porrot bat da, baina porrot guztien gainetik bera da gaur egungo gizartearen ardatza eta etorkizuna; kontraesan horretatik datoz gizartearen aje asko.
* “Lan egiten duena bat dator langile eta nekazarien boterearekin”. Langileek ematen diote boterea ugazabei, dela pertsona edo kapitala, baina botere horren esklabo bizi dira. Kontraesan krudela.
* Egia da baztertu edo botatzen duguna ez dela beharrezkoa, beharrezkoa ez dena ez genukeela erosi behar, baina gizarte honetan zaborrik gabe heriotza dator, zabor gainean eraiki da gizarte hau. Dena da zaborra gaur egun. Alacantera gure bidaia hau bera zaborra da, hona ekarri gaituen lasaitasun premia ere zaborra da.
* Partida denak, edozelakoak, astoenak ere, "jolastu" egiten dira gaur egun. Nahiz larri, zital, bete ezinik, infernu batean ari. Jolasaren eta zirraragarritasunaren kontzeptua ez da josten jokoarekin. Zirraragarritasunak eta gozamenak ez dute loturarik jokoarekin. Dena da jolasa gaur egungo terminologian, sufrimenduz blai ari bazara ere, nahiz lehertuta, erneguz zital, desenkusez etsitua, ... bukatu. Joko bihurtu dugu jolasa, eta jokoari jolas deitzen diogu. Gure gizartearen sinboloa da jolastu-jokatu hitzon erabilpena. Agian kontzeptuak eurak ere. Dena da lehia, dena jokoa, baina jolasa deitzen diogu. Ia-ia ez dago lekurik jolaserako gure gizartean, denari jolas deitzen badiogu ere.
* Izen zaharrez bataiatzen ditugu eraikin eta ekimen berriak, berriok jaso edo osatzeko antzinakoak eraitsi edo baztertu ondoren, astakeria nolabait zuritzeko asmoz
* Ezinezkoa da neutraltasuna, ez da sekula gertatzen, edozein dela jarrera, norbaiti on eginen dio eta beste bati kalte. Beti.
* Besteren desgraziak hanpatuz norberarenak arintzen ahalegintzea baino okerragoa da besteen desgraziak eragitea norberaren ezina ezkutatzeko.
Akatsak
Hutsak
* Hain geurekoiak ez bagina bestelako zerbait ederragoa eta bizierrazagoa litzake gizartea.
* Ez gara ezagutzen edo ez dugu ezagutu nahi gure baitakoa, hori da gizakion akats nagusia.
* Lats ordaintzen ditugu akatsak eta erruak gizarte honetan, baina ikasi beharko genuke, ordainak ordain, geure akatsak onartzen, ondorioak atera eta gerorako ikasten.
* Magia omen zuen igali bat oparitu zioten, eta pozoitu egin zen.
* Kontaezin bidegabekeria egin ditu arrazionalismoak zein errealismoak.
* Menpekotasun lotsagarriak izan ohi dira itxurakeria gehienen azpian edo ostean. Herria bera txutxu-mutxu eta oinarri gabeko iritzi azalekoetatik bizi da.
* “Ez dakigu, batzuek uste duten bezala pertsonen barnekoa maitatzen edo gorrotatzen”. Itxura soilik baloratzen du gaurko gizarteak, politikoek, intelektualek, ekonomia buruek, erantzukizuna dutenek, azken batean denok, hala erakutsi digutelako, dugulako, herri xeheari ere. Mozorroa daramagu sarriegi, eta ez dela erraza aurpegi egiazkoa eta itxurazkoa bereiztea, nor den nor.
* “Hirietan pertsona guztiak antzekoak dira. Berdina da mundu guztia. Mundu guzia jende guzia da”: M.Mandeira. Zerbait antzerako gertatzen zaigu herri guztiekin.
* Jende gutxik daki nongoa den, non erroldatuta edo jaioterria dakite soilik, bizi guztian errari, zerbait hobearen amets.
* Zeregin beharrezkotzat ez ematea edo gerorako uztea, ezgaitasuna estaltzeko trikimailua izan ohi da. Zenbat ekimen baztertzen den bileretan, eztabaida eta iritzi-emate sutsuen ondoren inork hartu nahi ez duelako gauzatzearen ardura eta lana.
Saski-naski
* “Eta nik pentsatu nuen, pertsona besarkatuak ikusten ez gaituenez, besarkatzea izan litekeela une horretan pentsatzen edo sentitzen ez duguna ezkutatzeko era bat” H.Cano. Besarkada asko itxurakeria besterik ez da, protokolo hutsa. Besarkatuko garenean, biziberritzeari ekiten diogu..
* “Informazioak du errealitatea sortzen, eta ez alderantziz”. Informazioak sortzen du errealitatea gaur egun, bizi duguna eta birtuala: herriak, baina, errealitate benetako erreala bizi du, birtualak zitaldu besterik ez du egite eguneroko errealitate latz hori.
* Helbururik gabeko ekintzak ez dute atarramentu onik, onenean hutsalak dira.
Adinaroak
Adinak
* Aurrerapen teknikoak abiadura bizian doazen garai hauetan, belaunaldi gazteagokoek beren aitak baino buruargiagoak direla pentsa dezakete, asmakizun berrietara errazago egokitzen direlako, lege zaharrekotzat hartu dezakete adinekoen hainbat jokamolde eta jarrera. Eta belaunaldi zaharrekoek, aldiz, uste dute bere garaikoak argiagoak zirela, bizimolde egokiagoa zutela. Belaunaldien arteko iritzi kontrajarriak betikoak dira, aldaketa etenik gabea eta halabeharrezkoa delako, eta belaunaldi guztiek dutelako bestearena baino alde hobea, baina, aldi beran, desegokiagoa.
Haurtzaroa
* Bada dionik haurtzaroa dela bizitzako arorik zorionekoena, baina haurtzaroan ere asko sufritzen da, geroagoko adinetan adina, nahiz agian ez hain kontzienteki. Adin-aro orok, zorion abagune asko ditu.
* Haurtzaroko oroitzapenak, joan eta etorrri egiten dira, lainoak bezala, baina hor daude beti, eguzkiaren argitasuna edo epeltasuna dariela, gerizpean babestuz, edo ekaitz beltz artegagarri.
Gaztaroa
* Gaztaro zorigaiztoenak ere, nahiz lausoena bizipoza, une gozagarriak ditu, itxaropena baita bizitzaren ardatz, geroa duelako egiteko.
* “Zokoraturik igarotako nerabezaroa mingarria da oso”. Nerabe gehienak daude zokoraturik, nagusiagoek zokoraturik, etxean, zuzendaritza maila orotan, dela udaletxea, dela kultur edo kultur maila orotan, beti menpe, beti nagusiagoen esanera, iniziatiba propiorik gabe, … gizartean, ikastetxe zentroetan, … bazter daude, konpartsa bezala darabiltzagu; ondorioz bere kasa dabiltza, gizartean integratu gabe, nagusiagoarekin lotura gutxi dute gizartean; nola ez ba ez dituzte maiteko gaupasak, boteiloiak, bere mundu propioan, nagusiagoengandik at. Gizarte elbarritua, mutilatua gara, atal bat falta zaion ortopediaz dabilen gizarte bat. Adinaro bakoitza dabil bere aldetik.
* “... doinuak ematen zuela kantagarritasuna, ez hitzak”, Koldo I. Ingeles ez dakiten gazteak ikusten ditut, ingeles letrako kantuak abesten, buruz dakite ulertzen ez duten abestiaren letra.
* Pentsaeraren desparekotasunean daude batez ere munduaren etorkizunari buruzko jarrera ezberdinak gazte eta edadekoen artean. Baina desberdintasun horrek ez du esan nahi gazteak buruarinak direnik arazoen aurrean, zahar eta helduak bezain arduratsuak dira, arazoei buruz ideia ezberdinekoak arren.
* Hogei urterekin uhal guztiak meheak omen; gazteak ez du urtaro txarrik, zer sufritu tokatzen bazaio ere.
* Lan gogorraren beldur baino lanik ezaren beldur dira gazteek gaur gun.
Helduaroa
*Inguruari norbere alturatik begiratzen jakitea litzake helduaroa, edozein dela ere adina. Gora behera ibili behar da, baina, ingurua begiratzeko, altura ez ezik behatokia bera ere aldatuz, aulki-behatokiz aldatuz, mundua, gizartea, gora-behera baitabil etenik gabe, mundua, gizartea, inguru hurbila bera ere gora behera aldatuz baitabil, itsasoko marea eta olatuak bezala, baina mareek duten maiztasun jakinik gabe.
Zahartzaroa
* Ipuinzale dira umeak, oraindik munduaren atarian daudelako, baina helduok ere ipuinak kontatzen dizkiogu elkarri, nagusien ipuinak, umeen ipuinen antzik ez dutenak, baina ipuinak, eguneko errealitatetik atera nahi dugulako. Denok gara ume, ezinbestean batzuk gizarteko errealitate gordinean sartu beharrez, hortik atera nahian besteok. Denok nolabait ume.
* Zaharrok ihes egin ezin diogun heriotza hurbila dugu errealitatea zaharrok. Duguna onartu, bizitakoaz poztu eta duguna baldintza eta muga guztiekin gozatzea, hori da liluraren geruzaz egun bakoitza biltzea, lilurara igarotzea. Gizakiak berak biziko ez duen geroa ere amestu behar du, adinekoak ere, eta horretarako lan egin. Lilura eta ametsa, errealitate jasangaitzari izkinatxo egiteko era, baita zahartzaroan ere..
* “... gizonezko burusoilen artean: asilo bateko hondakinak, ...” Homo faber liburuan. INSERSO, Jubilatu Elkarteen eta mus partida askoren definizio makabro samarra da, baina balekoa.
* Zaharrak eta nagusiak besterik ez dira ikusten neguan Mediterraneoko itsasertzean. Harritu ere egiten nau une batez; ondoren, neu ere zahar ikusten nautela jabetzen naiz.