Burutapenak GogoetakIII
Gogoetak III
Ekimenak
* Ez da ahalegin erabat antzurik, ez da etekinik gabeko saiorik. Porrot orok du zer ikasi.
* Pixontzian ikusi arte jabetzen ez garen bezala isurkiaren koloreaz, jokabideak erakusten du izaeraren egia.
* Ezer ez denak ere erabaki dezake zer nahi duen izan, zer nahi duen egin. Ez dugu ezer, egiten ez badugu. Geuk egin ere, inoren eskuetan utzi gabe.
* Zerbait onartu eta ekiten dudanean, posible egiten ditut gauzak, izaera ematen diet. Sortzaile bihurtzen naiz. Zerbait egiterakoan, sortu berri zer horiez gain, gu geu ere nolabait aldatzen gara, sortu zer berriak eta sortze lanak gu geu ere eraldatzen gaitu. Ekinaz moldeatzen da gizakia.
* Gero osoa hondatu izan da une bateko grinaren eraginagatik.
* Orain artekoari jarraipena ematea da hazia ereitea, aurrekoa bukatu dela edo bukatzear dagoela onartzea ere, geroagan segurtasuna erakusten du. Aurrekoaren porrota edo hondamena beste gabe aitortzea, orainartekoari amore ematea da. Haziaren kalitatean dago geroaren gakoa.
* Ekintza doilorrek zigorra jasotzen dute agerira ekarrita.
* “If I`m free it`s because I`m always running”. Ez dakit libreago egiten nauen, baina beti zerbaiten arduran eta ekinean jarduteak bizirik gordetzen nau.
* Onginahiak berez ez ditu asetzen gure beharrak?. Antzu geratzen da borondate ona ekimenetan gauzatzen ez denean.
* Egiten den orok - zer da txar zer on?- beti du justifikapena egilearen aldetik.
* Behin erabaki ezkero, txikia zein handia izan afera, erabakia sendoa bada, berez bezala dator ondorengo dena, nahiz neketsu, luze eta zail.
* Helburu garbia, borondatea, gutxienezko indarra eta pazientzia, edozein asmo gauzatzeko pilare eta baldintzak dira
* Irauten laguntzen du inertziak, baina inertziak ez dakar berrikuntzarik, ez aldaketarik, hondamena sarri.
* Helmugan baino bidea nolakoan galtzen gara gehienok.
Umorea
* Egia da umorea larritasun asko baretzen laguntzen digun sendagarria dela. Baina umoreak barne giro lasaia behar du; umore gutxi ohi da izan estualdi batean, nahiz egia den une tenkatu batean umore on zantzu batek eten dezakeela larritasuna.
* Umorea bizitzaren ikuskizunari talaia urrun batetik begiratzen dionaren adierazpidea dela dio Joxean Agirrek. Bizitzaren ikuspegi zabala eskatzen du, bai, umoreak
* Berezkoa behar du umoreak, behartua denean tresna bihurtzen da, eta eragin kontrakoa izan dezake. Ahuleziaren ondorioa izan daiteke umorea, edo erasorako arma.
* Tristura eta melankolia, psikologia eztabaidetarako iturburu emankorra.
Errealitatea
Erlatibotasuna
* “Erromantizismoa, izatekotan, gure baitan dagoen zerbait da”. Dena dago gure barnean, gure barnea da kanpoko dena edo kanpoan dagoen dena, bakoitzak egiten du errealitate kanpokoa, aurkitu ez den izar hori baino ezezagunagoa zaigu kanpo errealitatea omen hori.
* Guk geuk egiten dugu erreala geure baitan, zer den, dagoen ere, ez dakigun kanpoko hori, barne irudiz edo kanporatutako hitzez erreal itxuraz janzten badugu ere.
* Jende askok ez du ikusten aurrean duen errealitatea, baina ikusten duguna bera, errealitatea ote?.
* Urruti dagoena geure barnera erakartzea da begiratzea, kanpokoa nolabait norberegan erreal bihurtzea. Norberarengan dagoena da agian errealena; bai ote?, kanpokoa bezala, dena ez ote sentsazio hutsa, karta-gaztelua besterik ez. Begiratzea gure baitatik urrutira jauzia egitea da. Baina kanpoko errealitate hori, errealitatea da?. Orduan, nora jauzia da begiratzea, ziurgabetasunera?.
* Errealitatea ez da or dagoen zerbait egonkorra, errealitatea agian ez da existitzen ere, erabat iheskorra eta aldakorra delako; uneoro aldatzen doan zerbait da, mugimendua, aldaketa etengabea, talka etengabea, ordezkatze tai gabea. Egia ere aldakorra den zerbait dela dakigu soilik, besterik ez. Hori dena azaleratzea da dilaketika, ez dagoenari itxura ematea.
* Sarri etortzen zait burura edozeri begira “bestaldean zer dago” galdera. Errealitatearen oskola besterik ez dugu nabaritzen.
* Ikusten dugun dena da erlatiboa, sentitzen duguna ere. Ez dakigu zer den errealitatea. Errealitate oro da subjektiboa. Ba ote ezer errealik. Zer dago gugatik kanpoan, Gu geu ere ba ote gara?. Pentsamendutik kanpo zer dago errealik?.
* Munchen Oihua koadro famatuko baranda ez omen zubi batekoa, psikiatrikoko segurtasun-hesia baizik: errealitate ustelean eta usteletik bizi gara, errealitate ustela gauzatzen.
* Ikusle adina errealitate dago, gizaki bakoitzaren dena da erlatiboa, hori barneratuz, errazagoa litzake elkarbizitza.
* Zer da erreala hor kanpoan, nitaz kanpo uste dudana nire oroimenak sortua baita.
* Kanpora adierazten duguna sentitzen dugunaren itzal desitxuratu opako bat besterik ez da, idazle edo hizlari trebeenen ahaleginak ahalegin.
* Ikuslearen barne paisaiak itxuratzen eta koloreztatzen du begiek dakusatena.
* Bakoitza inguruak moldeatzen duen buztina garenez, ez da inor inpartzialik. Entelekia besterik ez da objetibotasuna, jardueren teorizatze intelektuala. Entelekia besterik ez da objetibotasuna, jardueren teorizatze intelektuala. Bakoitzaren baldintzek kutsatua edo baldintzatua.
* Ba ote asmakizunik: errealitate mozorrotua litzake, izatekotan. Zer da errealitatea deritzoguna, errealitaterik bada.
* Ardoan soilik fidatzen zela zioen pertsonai batek. Ardo ona bada!, baina nork daki gaur egun zein den ardo ona, asko ordaintzea ez baita inolako garantia, eta zaporea bera ere artifiziala baita sarri.
Araberakoa
* Harritzeko aldaketak eragiten dizkio denborak oroimenean errealitateari, -errealitate bakarra eta bera ote denontzat?-. Bakoitzak era ezberdinean gorde eta mamitu ditu gertaera berdinak. Halakoak bereak bezala kontatzen ditu zenbait gertakizun, honakoak, aldiz, bereak balira bezala gogoratzen ditu. Zintzoki, zinez eta minez. Oroimen lausoan bakoitzak bere argi propioz gauzatzen ditu gertakizunak, “omen” guztiak baztertuz.
* Gure begiradaren araberakoa da kanpokoa, ikusten duguna hori da kanpoa, eta ikusten gaituen begien araberakoa gara kanpokoentzat.
* Itxurez harago, aldarteak sortutako barne begiradan dago errealitatea, norberaren magian. Nahi duguna ikustean dago edertasuna.
* Garrantzia eraginkorra du sinbologiak, adierazten duenak du garrantzia, edo adierazteko moldeak..
* Nor nori nork, konbinaketa oro jalgi daiteke batez ere kinka ezohikoan.
Nork berea
* Dena dago hila, norbaitek edo zerbaitek erreparatzen ez badu. Begirada batek birjaiotzea ematen die gauzei.
* Barne sentipenek begiek ikusitakoek haina oinaze edo gehiago sortu dezake. Baina egia da sentipen bihurtzen dela beti ikusitakoa, ez da sentipen bihurtzen ez den ikusitakorik. Baina asmatutakoa ere ikusitakoaren eraldatze bat da, eta ikusitakoak adina astintzen gaitu sarri.
* “... zeure baitan zaintzen asmatu zuen gar txiki eta ausart hori baizik””. Norbere barna dagoen suak soilik piztu, berotu eta argitu dezake soilik kanpoko giroa. Norberak zehazten du kanpoko errealitatea deitutako hori.
* “Nekaturik denarentzat edozein harri da burko samur”, esakunea dirudien esaldia. Nekeaz harago, komeni zaiguna erraz justifikatzen eta egokitzat ematen dugula ere adierazi dezake.
* “Garbi esanda, Anbotok ondo nagoenean bakarrik laguntzen dit benetan”. Norberaren barne egoerak ematen dio neurria kanpoko balizko errealitate horri. Atzo ederra zen pertsona, bihar ez digu begia betetzen, atzoko tontor erakargarriak gaur ez gaitu kilikatzen. Ariketa lasaigarriak ere lasai gaudenean egiten ditugu gehienetan.
Tematia
* Adaptazioa ez da dena itsu-itsuan onartzea. Zenbait adaptaziok desagertzea ekarri du. Baina errealitateari egokitzen ez denak ibilbide laburreko etorkizuna du.
* Desirekin mugitzen gara sarriegi, hortik datoz porrotak, errealitatean oinarritzen ez garelako, eta desiren ondoren errealitate krudela geratzen zaigu.
* “… orduko ia ehun kilometroko abiadurak ematen dion indar sentsazioaz mundua popatik hartzera bidaliz”. Zenbat aldiz izan dugun darabilgunari -autoa, parranda, zeregin bat- abiadura handia eragin eta sentsazio berezi horrekin, gurpilen baten abiaduraren mende, iskin egiten diogula inguruari, erantzukizunari. Baina errealitateak, erantzukizunak, … azkenez bizitzak berak, moteltzen dizu abiadura egunerokora murgilduz.
* Ez dira beti gozoak lotako ametsak, esnako ametsak dira gozoenak, baina bietan errealitatera erortzen zara trapeziotik bezala, sare babesle gabe gainera.
* Errealitatea zuritzen saiatzen dena, errealitate horrek irentsiko du, heldulekurik eskaini gabe utziz.
Modernitatea
* Gaur egun ere aldaketa etengabean murgilduta gaude, gizakia beti dago bilakaera ezinbestekoan, eguneroko premiak eraginda, dela bizimodua erraztu nahian, dela aberastu nahian, dela boterea lortu nahian, … Hutsa urteetan aldaketa handiak izan dira, begi bistakoa da, baina jabetzen ez garen aldaketa sakona ari da gertatzen. Gerora ikuspegi zabalago batekin neurtuko duten aldaketa gerokoek.
* Eztabaida luze eta bizirako gaia: lehengo bizimodua eta gaurkoa, lehengo lanek gordetzen zuten amodioa eta sentimendua, gaurko kontsumismoa, … Idealizatu egiten du askok lehengo bizimodua, mito bihurtzen. Badirudi harpetako gizakiaren bizimodua zela onena. Ondorengo hobekuntza edo erosotasunerako pausoek, gauzekiko sentimendua eta gauzen amodioa galtzen joan direla. Esan nekazariei baserriko lan nekoso hura gaurko erosotasuna baino hobea zela, lepaka hura maitagarriagoa zela gaurko traktorea baino, … Ezagutu nuen labe garaietako lan ikaragarri gogor hura, sentimenduzko balio handiagoa zuen gaurko altzairu-fabrika automatikoek baino, … Nahiago dut gaur dudan sukaldea txikitako harraska eta ekonomika hura baino. Bada hor marra bat, dago nonbaiten, modernitatea, erosotasuna eta gizakiaren onbidearen artean. Ez dakit non dagoen, baina antzinakotasunaren nostalgiko askok ez digute argi erakusten marra hori, zantzu batzuk ematen badizkigute ere, batetik bestera mugaren alde bietan dabil nostalgiko horietako asko.
Distantzia
* Urrun nondik, edo urrun norentzat. Dena da erlatiboa, faktore askoren gorabeheran dago urruntasuna eta hurbiltasuna. “Han urruti ta hain hurbil” zioen gaztetako kantuak.
* “Urruntasunari distantzia gehitzen ari dena, ez da nahitaez horren jakitun”. Distantziak ez dira beti metroka neurtzen, denbora ere ez erlojuz. Gauzei bere distantzia eta denbora hartzen dakiena da jakituna, distantzia eta denboraren orekan dago jakituria.
* Komunikazioa da gizarteko ardatza, hitza da gizakiaren komunikazio ardatza, eztia dagiten erleak ezten mingarriak bilakatzen bazaizkigu ere. Ederragoak eta kilikagarriagoak dirudite zenbait gauza eta egoerek begirada orokor eta urrutikotik, distantzia hartuz begiratzen diegunean, distantziak leundu egiten du errealitate mingotsena ere biltzen dituzten hitzak, une hartako berdinak arren.
* Urrutira, intxaurrak beti hamalau.
* Distantzia moralak ez dira metroka neurtzen, horregatik desorekatzen gaituzte.
* Heldu ezin garen puntu hori da infinitua, metroek ez dute balio.
* Metroek ez dute ibiliaren distantzia neurtzen, ibiltariaren aldarteak baizik, norberak ematen dien pisua daukate pausoek, edo egin beharreko bide berriek.
* Zenbait koadro ikusteko urrutiago jarri behar den bezala, denbora jarri behar zaio tartean edozeri oreka batez juzgatzeko. Baina baita ere arretaz eta ahalik hurren, lupaz, begiratu, zehaztasunez jabetzeko.
*La Orotava, behetik gauez argi izar sarea eta egunez etxe zuri sare ikusgarria dena, bertatik, koadro bat lupaz begiratuz bezala, bista ederrak dituen etxe eta kale bakan lasaiak besterik ez da. Perspektibaren orokortasunean difuminatuta gauzak ederragoak dirudite. Pertsonei gertatzen zaiguna gertatzen zaie. Urrutitik hobeak, hurbiletik baino.
* Axola diguten gertakizunen zirkuluaren diametroa ez da metroka neurtzen.
* Elkarren ondoan, baina auskalo non galdua: distantziak ez dira gizartean metroz neurtzen.