Burutapenak GogoetakI
Gogoetak I
Denbora
Zer den
* Ez dago istant bat neurtzerik. Halaz ere bizi dugun errealitatea da, denbora osatzen duena. Sentipen bat, besterik ez. Sentipen eta bizipenen oroitzapena da iragana, pasa den zerbait da denbora, uneko aldartearen arabera koloretu eta itxuratua, handiagoa edo meharragoa, gozoagoa edo mingotsagoa, orainaren behatokiak ematen dion itxurakoa.
* Denborarik ez duen istant soilean gertatzen dira gertakizun denak, guk denboran kokatzen baditugu ere. Denbora, denborarik ez duten istant jarraiki neurtua besterik ez da, denborarik ez duen denbora. Baina denborarik ez horretan denbora gauzatzen da, eta denboran gauzak gertatzen dira. Aska ezineko korapilo teorikoa.
* Denbora distantzia dela dio Jokinek, distantzietan handiena. Distantzia berdinari iraupen ezberdina ematen diona.
Oraina
* Birjaiotze bat bezala da esperientzia. Bizitako une oro da hurrengo pausorako bultzada, izanak egiten gaitu garena, orainak oratzen du geroa, Kontrajarriak diruditen egoera, sentipen eta ekimenek osatzen dute bakoitzaren uneko bizitza.
* Etorkizuna lotzerik ez dagoelako lotu behar gatzaio orainari, gutxienez baldintzatu eta aldatu daitekeelako, urari bidea ezarri ahal zaion bezala.
* Geroari begira balioztatzen dugu gehienetan oraina, uneko plazera batzuetan gehituz, bestetan murriztuz, beti baldintzatuz. Inguruak baldintzatzen eta koloreztatzen baitu ekimen oro.
Iragana
* Ez nuke nik iraganeko ezer aldatuko, ezta kopia nahiko zikina bihurtzen denean ere. Joana joan da, eta datorrena etorriko da, uneoro dator, tokatzen zaion erara.
* Badira “begirada bezain lasterra, hasperena bezain arina edo erlojuaren esferan seinalaturik ez dagoen ordu geldi bat” bezalako uneak bizitzan, gozamenezkoak batzuk, zorigaitza besteak, baina badira izan, bizitzaren joana markatzen dutenak, betirako gelditzen direnak.
Geroa
* Nahitaez, ezinbestean, egiten dugu etorkizuna, halabeharrez, berez, oraina baita geroa; nolako geroa egiten dugun, hor dago koska, hori dago nolabait gure esku. Oraina geroa bihurrarazten duen tiranoa da denbora.
* Une bakoitza da etorkizuna, geroaren hazia da oraina, uneka-uneka oraina gauzatzean eraikitzen baita geroa.
* Egia da denbora joana ez dela itzultzen, baina beti dugu denbora berri bat aurrean, nahi duguna amesteko.
* Geroa jakin nahi genuke, baina bageneki, egonezina besterik ez litzaiguke bihurtuko bizitza.
* Geroak, etorkizunak, ez du aurretikako arau finkorik, are gutxiago arau ezarririk.
Neurria
* Denbora ez du ordulariak edo egunkariak neurtzen. Pertsona bakoitzak, une bakoitzak ere, du dimentsio ezberdin bat, ondorioz denboraren neurri ezberdin propio bat.
* Ze luzeak zenbait istant, ze motzak hainbat tarte luzeak.
* Ze neurri ezberdinak dituen denborak. Eternitatea bihur daiteke une bat, eta zein laburra diren, aldiz, hainbat ordu, batez ere ederrak direnean.
* Oraina beti da istant neurtezina, istant hori ez delako denbora. Erlojuek ez dute istantik neurtzen, denbora soilik, Denborarik gabeko istant horiek egiten dute baina erlojuak neurtzen duen denbora. Enigma.
* Badaude uneak, zeinetan, lilurak hartuta, denbora gelditu egin zaigula dirudien
* Bakoitzaren barnean dago denboraren neurria, ordulariarena edo eguzkiarena, oso erlatiboa da, “... hilabeteko tartea infinituraino zatika daitekeelako”. Segundo bat eternitatea izan daiteke eta bizitza osoa une bat bilakatu. Betirako markatzen gaituzte infinituak diren une horiek.
* Neurri ezberdinak ditu denborak. Badira orduak dirauten minutuak eta minutuak zaizkigun orduak.
* Erlojuak ez du denborarik ematen, neurtu ere ez, denbora neurtu ordez, lapurtu egiten du denbora erlojuak. Beste osagai batzuk demaigute denboraren neurria.
* Denbora objektiboak eta subjektiboak neurri ezberdina dute. Dena da erlatiboa mundu honetan.
* Geldiezin basatia zaio denbora batez ere adinean aurrera doanari, galbaherik jarri ezin dion harea, edo iraztontziak eutsi ezin dion ura.
* Ze denbora ezberdinak dituen denborak, bizipenen araberako denbora ez da erlojuarena, erlojuaren diktadura gainditzen eta menderatzen du bizitzaren erritmoak.
* Ez dago ezer betirakorik, ezer absoluturik, ezta gure sentipen eta uste finkoenetan ere.
* Izana ez da betidanikoa, bai betirakoa, gerorako eternoa; balizkoak dira galtzen direnak, kaskezurrean eta betirako galdu ere.
* Nekearen ajeak dira presaren kontuak, presiopekoak, edo desesperazioarenak. Bizitzari berrekiteko ilusioz ekin behar diogu unean uneko zereginari; geroa beti dator.
* Denbora kudeatzea: jakituriaren oinarria, bizitzaren funtsa. Denbora irabaztea, aldiz, bizitza laburtzea izan daiteke.
Aurkariez
Dialektika
* Dialektika bat da bizitza, arazo bati irtenbide aurkitu eta beste arazo bat dakar edo datorkio ondoren, … bide bat aurkitu eta beste bide bat irekitzen zaizu. Dialektika horrek egiten du zaila bizitza, ondorioz bizitzan dena da zaila.
* “Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen bezala”. Ex contrariis veritas, esaldia jaso genuen ikasketetan, aurkakoen talkatik datorrela egia, alegia. Horrela funtzionatzen du munduak eta gizarteak. Kontraesanak gaindituz aurreratzen dugula, alegia. Eztabaidatuz eta batak bestearengatik ikasiz. Diskordantziak argitasuna dakarkio kontrako bakoitzari, baita borondate onik ez dagoenean ere.
* Egia orok du beraren kontrakoa. Biak egiak. Dialektika. Erlatibismoak hautsi zuen eskolastikaren egiaren logika. Bazen esaldi bat “kontraria kontrariis …“ baina ez dut gogoan. Eskolastikaren egia bakarraren teoria zelakoan nago. Baina ez dut gogoan.
* Ukoa: berezko jarrera, edo ukoaren ukoa: dialektika hori da arriskua eta arazoa. Sortzailea behar du izan dialektikak, falangisten “pistolen dialektika” ondorioztatu nahi ez bada, oraingo gobernuen indarkeriaren dialektika bera.
* “Ukoa dute eragile. ... Ukoak ukoa sortzen ahal du, ukoaren ukoa, dialektika” Koldoren hitz joko sakon eragilea.. Ukoa berezko jarrera izan daiteke, dotrina edo arau bihurtu dena, bezala, ukoaren ukoa, hori omen dialektika: Sortzailea da, falangisten “pistolen dialektika”, edo oraingo gobernuen indarkeriaren dialektika bera ondorioztatzeko arrisku guztiekin.
* “Batzuetan busti, besteetan lehortu, egin eta desegin, dialektika, arraioa, dialektika” dialektikaren Feliperen definizioa. Dialektika, kontrarioen lehian errealitatea mamitzea; ai hausnarketarako bezain argi, erraz eta jolasgarria balitz
* Galdetzeko ausardiarik ezak egiten gaitu sarri ezjakin. Galdera-erantzunen dialektika da heziketaren oinarria.
* Galdera on batek erantzun on batek adina balio du. Zenbait galderak erantzuna darama berarekin. Zenbait erantzunek ez dute behar galderarik. Galderarik ez duena inozoa, da. Galderei esker osatzen da gizakia. Erantzunik gabeko galderak antzu geratzen dira. Erantzunak ematen dio garrantzia galderari. Galderak galdegilearen nortasuna erakusten du. … “Et ita porro”. Distantzia
* Ez dakit dialektikak oinez dakien, baina dialektika oinez ibiltzea da.
* Ama ahobeteko hitza omen, aita, berriz, hagin artetik esatekoa. Ama esateko ezpaina, aita esateko mingaina, esanen nuke; dena dela, burutapen askorako zirrikitua.
Izan eta ukan
* Zenbat aldiz!. Gauza bat da sakontasuna, beste bat konplexutasuna. Oso azalean arrantzatzen duen datu-sare trinkoa, edo hitz-zurrunbiloa, besterik ez da sarri konplexua dirudiena. Sakonak eta zorrotzak diruditen pertsonek informazio gehiago besterik ez dute askotan.
* Kontradikzioa, besterik ez da gizakia: izan dena eta izan nahi lukeena, nahia eta ezina, gauza kontrajarriak desiratzea, aldarte ona eta umore txarra, eguna eta gaua, loa eta esna, … infinituraino. Edozer dela, dena dago aurkakoari lotuta, edo aurkakoak ematen dio zentzua den orori. Existitzen dena da kontradikzioz oratutako izakia.
* Egiten dugun dena da zerbaiten esperoan, ekintza altruistena ere.
* Burdina brontzea baino gogorragoa omen, denborarekin denboraren aurrean burua makurtu eta ugertu eta gogortasuna galtzen duela jakina da, brontze ahula, aldiz, ez. Egia da askotan indartsuena ez dela gehien irauten duena, azkeneraino dirauenak irabazten duela, baina herri edo gizarte bizitzako zenbait unetan gogor izatea da balio eta merezi duena, nahiz ondorioz herdoildu edo ezereztu.
* Onuragarriagoa lotsatia izatea?. Lotsatia atzeregi geratu daiteke, baita ausarta aurreregi joan ere; batek akuilua behar du, besteak balazta. In medio virtus
* “... izua gainetik kentzeko berari aurre egin behar zaiola sinesten dudanez, ...”. Iheslea beti da galtzaile, ihesa beti da galbide. Erretirada bai izan daiteke zuhurraren erabakia, baina ez da erraza ihesa eta erretiradaren arteko marra non den antzematea.. Beti sinetsi izan dut zailtasunari aurre egitea dela irtenbiderik eraginkorrera. Izuarentzat antidotoa, aurre egitea, nahiz galdu.
* Askok egiten dute eroarena erosoagoa delakoan, zaila da ordea eroarena egitea, batez ere baztertu egingo zaituztelako edo pailazotzat hartu. Mundu hau, gizarte hau, erabat erotuta dago egon, dena aldrebes baitago, gizakiak dena oker egiten baitu, baina eboluzioaren azken kate garela uste dugu, mailagorena, zibilizatuena. Kontraesan horrek katramilatzen du gizakia eta gizartea.
* Lotsatiarena egitea estrategia bat izan daiteke, arazoei aurre ez egiteko jarrera. Une bakoitzak erakutsiko du estrategia zuzena den ala ez.
Hitzak eta ekintzak
* Doinuak ematen omen kantagarritasuna, ez hitzak. Ingeles ez dakiten gazteak ikusten ditut, ingeles letrako kantuak abesten, buruz dakite ulertzen ez duten abestiaren letra.
* Hitzak ez dira belarrira datozen hots soilak, hitzek mezu bat dakarte, eta mezua ez da belarrira heltzen den soinu soila, hitzez edo beste edozelako medioz barruko ez dakit non kiribiltzen zaigun ikusezin kilikagarri hori baizik. Askatzen ez dakigun kiribil horietako bat da hitzen - hotsen eta mezuen lotura.
* Egia da, erabileraren erabilez, esanahi zehatzik gabeko hitz bihurtu dugula “jatorra” hitza, faltsua dirudiela gehienetan. Baina kutsatu dugun hitza da “faltsua” bera ere. Mila aldiz darabilgu esanahi zehatzik gabe, karta jokoko komodina bezalakoa da.
* Gertaerak, arazoak, egoerak, ... azaldu, adierazi eta sailkatzeko beharrezkoak dira hitz jokoak. Biolentzia bera sailkatzen dute ikuskorra, ikusezina, kulturala, estrukturala, … bezala. Baina halaz ere, hitzok erabat ezkutatzen dute, edo ez dute adierazten bere gordinean errealitate latza. Batzuetan, gainera, maltzurki, kriminalki ere, desitxuratzen dute. Aho bikoitzeko arma da hitza.
* Hitzen eta ekintzen artekoak dira gizarteko dibortzio tamalgarrienak. Dibortziatu bat da gizakia, eta dibortziatuen multzo gehienetan organizatua, gizartea: eten gabe talka egiten dutenen bizitza paraleloen galazia. Eztanda horien ezaugarri dira gerra handiak eta bakoitzaren eguneroko liskarrak.
Ahalak eta ezinak
* Egoera arrunt batek aldarazi dezake gure portaera, ustekabe batek eten dezake gure ohiko jarduera. Horrelako stop bat behar dugu sarri geurean temati garenean. Agertzen zaizkigu stop iragarpenok, horregatik egin ahal dugu aurrera, bai bizitzan bai harremanetan. Aldarte zailetan, stop noiz agertuko adi, ihesari eman gabe.
* Aberastasuna eta jakinduria kontraesanean bezala egon izan dira gure gizartean. Jakinduria norberaren lorpena zelako, aberastasuna, aldiz, heredatua. Aberastasuna lorpena da askorentzat gaur egun, bana inoren izerdiaz lortua; jakinduria, berriz, norberaren ahalegin soilak dakar, jakinduria norberaren zerbait baitakoa baita; aberastasuna, aldiz, ezarria; mamia da jakinduria, azala aberastasuna.
* Besteekiko kolisioak erakusten edo nabarmentzen du norberaren nitasuna.
* Dagoenean bonbon, ez dagoenean, dagoenarekin konpon.
Kontrajarriak
* “Gogoa erne izatea da funtsezkoena”. Gogoa erne izatea funtsezkoa da, baita gogoaz kontra egin beharraren gogoa ere.
* Errazegi usten ditugu ezohikoak ulertezintzat. Errazkeriaz. Ezohikotik etorri ohi da aldaketa eta aurrerapausoa. Ezohikoa pentsamenduaren aberastasun bihurtzen ez dakiena immobilismoan jarraituko du.
* Ezagutzak askatzen digun korapilo bakoitzari galdera berri bat dario. Ez dago erabateko eta betirako askapenik, ez pertsona mailan ez gizarte mailan. Kontraesanak gaindituz egiten delako bidea.
* Lorpen bakoitza ukazio kontaezinen habia eta hilobia da.
* Abiapuntuaren eta helmugaren artean dagoen distantzia atzetik aurrera berregite edo neurtzeko burutapenen urratsak burua jantzi samarra dutenen ariketa izan ohi da. Bestelako da xumeen arteko solasa. Bada solasaldi arin ostetako jolas bat: erabilitako gaiak zenbatu eta aztertu. Ikusiko dugu taldeko burutapen edo gai baten kateari luze jarraitu gabe, nola ikusitako edo entzundako zerbaitek, ideia edo esaldi batek, eragiten digun jauzia irudi, ideia edo esaldi berri batetara. Hainbat aldiz gertatzen zaigu egunero: pentsamenduaren engranaje bitxia da. Lagunarteko solasaldietan gai batetan atera den zerbaitek, gaiarekin zerikusi zuzenik ez duen huskeria batek, sarri, eramaten gaitu gaiez erabat aldatzera.
* Behin eta berriz errepikatzen den kasualitatea ez da kasualitatea. Behin baino gehiagotan azaltzen den kasualitateak badu bere kausalitate garbia, agerikoa ez bada ere.
* Kasualitatea noiz den kasualitate igartzen bageneki, ez ligukete hainbeste ziri sartuko.
* Ba ote lagun txarra ohitura?; iraupena besterik ez da sarri ohitura.
* Nekeak dena kamusten du, ekintzarako tranpolina den harrimena bera. Loa eta atseden lasaigarria ere berarekin dakartza nekeak. Sormenerako abagunea eskainiz ondoren.
* Opari bat hartzen dugun bakoitzean ahazten zaigu ezer ez dela doan egi unibertsala.
* Erabat doan ematen ez den dena, lukurreria da.
* Itsutasuna, gidari txarra dela, egia biribila.
* Indarraren askapena lortzekotan, desorekak gehiagotze eta handiagotzeko bidetik jokatu behar da.