Burutapenak Gizartea IV
Boterea
Dirua
* Edonon eta beti, diruak badaki hitz egiten.
* Sosek mugitzen dituzte hari guztiak, inork ez du ezer ematen ezeren truke, hori da gizarte honen lege gogorra eta nagusia. Hala da mila amarruz zuritzen badugu ere. Maitasuna, fedea, filantropia, … geruza estalgarriak besterik ez dira.
* “Auzoa hiletan eta gu opiletan” errefraua: ondo-bizien jarreraren ezaugarri.
* Honenbeste kosta, horrenbeste balio” dio esaldiak. Diruak markatzen du, gaur egun, balioa.
* Diruak eragiten ditu modak, irabaziak azkenean.
* Gizakiok abereek antzera ohitura zale garela baliatuz, negozio bihurtu dute gaurko gizartean gizakion ohitura zaletasuna, moda ezarriz.
* Sakonean, aberriaren liluren atzean edo sakonean edo oinarrian, gutxi batzuen interes ekonomikoak egon dira, interes politikoz mozorrotuta herria engainatuz.
* Egia da diruak malkarrak zelaitzen dituela, baina denok gara diruaren esklabo, dirurik ez daukan bera ere.
* Prezioak altu egoteak batzuk diru asko dutela esan nahi du, baina baita beste batzuk, sarritan askok, estura larria jasan behar dutela.
* Zatitxo batekin konformatu behar izaten dugu, pastel zati handia dugula uste dugunean ere, zatitxoaren zatia besterik ez baita tokatzen zaiguna, beste norbait miseria gorrian utzi duen zatitxoa gainera, pobrearen zati handiena bera pastelaren apurra besterik ez baita.
* Saltoki erraldoiak indartuz auzo eta kaleko merkatu-dendak irentsi: gaur egungo megadenda eta denda txikien arteko lehia zitala.
Aberatsak
* Gizarte honetan, gehienetan, besteak zapalduz edo besteei gailenduz, beraz duintasuna eta zintzotasuna zapalduz, beste norbaitzuen kaltetan, ateratzen dira gorantz ahaldun eta dirudunak. Eguneroko esperientziak esaten digu galtzaileen artean irabazleen artean baino duintasun eta zintzotasun gehiago sumatzen dela askotan.
* Diru-jabeek hiltzen dute jendea, gerrak beraiek sortaraziak dira, izurriteak, goseteak eta pobreziak beraien harrapakeriak eraginak edo ondorioak dira ia beti.
* Ez direla dauden guztiak eta ez daudela diren guztiak, eroetxeei buruzko esaldia kartzelari aplika dakiokeela, lapurrei alegia, dio Proustek. Lapur handi nagusiei, batez ere, gehituko nuke nik.
* Bada gaizki, oso gaizki kobratutako zorrik. Edo ordaindu gabekorik
* Gehien dutenak, gizartean ondasunak edo politikan boterea, medioetan gehien ageri direnak hain zuzen, horiek dira ezkutatzeko gehien dutenak, isilpean kontu gehien gorde behar dutenak, diru kontuak eta bestelakoak, gerretan, bakean, bolada onuragarrietan zein krisialdi larrietan, edo egunerokoan.
* Harrapatu ezean ez omen lapurrik, horregatik dago hain gutxi aberats lapur kartzelan, beraiek baitira lege eta epaile.
* Handikiek eta aberatsek ere kaka egiten dute, usain txarragokoa gainera agian, jaki finagoagatik. Kaka egiten dutela sarriago pentsatuko balute umilagoak eta gizatiarragoak lirateke.,
Jabegoa
* Lurra bertan bizitzen eta lantzen duenarena da, egia, baina ez litzake erabat jabetza pribatua izan behar. Jabetza pribatua, gerren ongarria da
Zapalketa
Zapalketa
* Gauzen ordena normalaren baitan dago pribilegiatuek pribilegiorik gabeak zapaltzea. Gizarte orotan eta gizarteko maila guztietan daude pribilegiatuak, maila zapalduenetan ere. Goikoek zapaldu egiten dute beheragokoa, edozein dela giza maila.
* “Ez dugu harritu behar. Beti izan dira indartsuak eta ahulak, Hondoratuak eta zapalduak”: H. Cano. “egalitè” ideia filosofikoa besterik ez da, gizakia gizakiaren aurkari egin duen asmakizuna, utopia, desberdintasuna areagotzeko asmoz, azken finean. Muskerren artean ere.
* “Daukanari eman egingo diote; ez daukanari, kendu egingo diote”` lege basa, noizean behin baino sarriago aplikatzen da, horrelakoa da gizarte hau, baita herri eta nazio artean ere.
* 2011. urtea bukatzear: frankismoa franko urrun dago desagertzetik, antzaldatu dira, jantzi berrietan berragertu dira, ez hain ezaguterraz, itxura errespetagarriagoz, mundu berriagora egokituago, baina frankismoko jokabide faxista berak dirau, paralelismoa ezin garbiagoan.
* Gizakia funtsean ez da aldatu “sapiens” bilakatu omen zenetik hona. Azalekoak dira aldaketak, formalitateak. Indartsuena gailentzen da, indarkeria, norberekoikeria,
* Ordena, gauzei, eginkizunei, kontzeptuei eurei, leku zehatza jartzea, beharrezko da, baina agindu bilakatzean da kaltegarria, hesi batek bezala lotzen, banatzen eta behartzen gaitu.
* Pentsatzeak ez dakar oinazea gure gizartean, kontzientzia astintzea bai, oinazerik lazgarriena. Horregatik herriak pentsatzea da estatuarentzat arriskurik nagusiena ere. Horregatik murgiltzen gara pentsarazten uzten ez diguten jolasetan, horregatik botereak entretenitzen gaitu bestelako jolas edo arduretan.
* Ideiak libre izanen dira, ehizaezinak, arkanoak, baina ideiok dituzten pertsonak ez dira libre. Beteta daude kartzelak botereak ez bezalako ideiak edukitzeagatik. Ehizatu egiten dira ideiak, ideiok dituztenak ehizatuz.
* “Irabazlearen zortea ere ez duk oso desberdina izanen”. Galtzaile dira soldadu irabazleak ere gerretan, gerra-eragile galtzaileak, aldiz, beti irabazle.
* Sentimenduek arrazoia gainditzean datza astakeria gehienen iturria. Sentimendurik gabeko arrazoitik datoz ere zapalkuntza denak.
* Bere buruari munduaren jabe deritzo eskumen minimo bat duen orok, inguru edo ardurapeko munduaren jabe, behintzat, nahiz jabe txikia; duen eskumena ez zaio zerbitzu ardura bat iruditzen, botere edo jabetza bat baizik.
* Natura krudela eta itsua dela esan ohi du gizakiak, batez ere agintari zapaltzaileak, bere gehiegikeri eta basakeriak zuritzeko.
Zapalduak
* Esker oneko esklaboen “gora”k egiten ditugu gaur egungo jendeek ere, botereak baitaki esklaboak esker oneko bihurtzen, gaurkoan eta aro guztietan.
* Maila eta lanbide guztietan boterearen esklabo gara.
* Beti gaude zerbaiti lotuta, beti zerbaiti zor. Ahulak sentitzen garelako, askeak ez garelako. Botereak, sistemak, zordun, premiadun egiten du herria, ahaldunenganako menpekotasun lotura sortarazteko.
.* Mehatxaturik, zelataturik sentitzen da gizakia gaurko gizartean, uneoro defentsa keinu batean uzkurtzeko zorian bizi da. Horrelakoa da, izan da beti, gizakiaren eta gizarteko, giroa: beldurra, defentsa jarrera.
* Pobre oro bizi da dantzan, hanka puntetan, artzari musika entzutean hankak jasotzera behartzeko oin azpiko xafla berotzen diotenean bezala.
* Ekonomiarentzat denok gara tratu-gai, -enpresako zuzendaria bera ere-, gizaki oro sal-erosten da, pobreok xemaikoen truke.
.* “zapaltzen duenak ez du zapaldua ulertzen, ezta ulertuko ere”, Txillardegik. Zapalduak ere ezinen du ulertu zapaltzailea, horrek aurrez aurre jartzera eramango du zapalduta bizi nahi ez badu. Gizakia baina, zapalketaren arriskua ikustean, kikildu eta meneko jartzen da sarri.
* Mugimendu askatasuna ematen digu autoak, baina sekula izan garen presoen egin gaitu, auto barruan ez ezik, gizartearen eta norberaren barnean, preso, autoari erabat lotuta.
* Igotzen den orok jaitsi beharra omen dauka; begirada motzean hala dirudi, baina ez da horrela: jaisteen denaren ordez berri batek igotzen du, baina betiko pariak behean gelditzen dira beti, uneko goikoari eutsiz.
* Gaur egun eta gurean ere, oraindik atzerritar oro etsai dela uste du jende askok, nahiz kontrakoa esan. Baita herri bezala ere, nazioen jokabideak erakusten duenez.
Zapaltzaileak
* Munduaren jabe da gizaki zuria, gehiengoa ez bada ere.
* Ahaltsuek, nahi duten bezalakoak egiten gaituzte gehienetan, buruzagi politikoek barne; mila amarru eta baliabide baitituzte horretarako.
* Ez dago irabazlerik galtzaile bat denean. Ekonomian antzo, aberasten edo irabazten den oro norbaiten bizkar da, eta horrek zapaltzaile egiten gaitu, beraz galtzaile. Teoria garratza, baina erreala.
* Edozein gaietan, desberdintasunik bada, norbaiten bizkar du gehiago duen hori. Dirua dela, zoriona dela, edozer dela: desberdintasunak beti besteari kenketa baten ondorioa da. Eta ez da beti etika arazoa.
* Kontuz moralistekin. Debekuen kudeatzaileak izan ohi dira.
* Gure izatearen proportzio bat geure hurkoen arimengan datzalako, horratx zergatik diren gizagabeak torturatzaileak eta tortura babesten duten guztiak, hotz, gizona gizonarentzat gauza egin dutenak, direla politiko, epaile eta enparauak, tortura ekiditeko bitartekorik jartzen ez dutenak, baita frogak behar direla aitzakian babesten direnak ere.
* Bada munstrorik gaur egun, baina zinez arriskutsuagoak dira gutxi batzuen esanetara jartzen diren kartzelari, polizia, bigarren mailako politikari trepa edo jantxakurrak, funtzionarioak, ... baina baita ere garunei eragin gabe esaneko jartzen diren adin guztietako herritarrak
* “Giza fenomeno triste eta aipagarriak dira prominente juduak. Haiengan bat egiten dute oraingo, iraganeko nahiz antzinako sufrimenduek, eta arrotzarenganako etsaitasun tradizio eta heziketak, hartara laguntasun eta sentiberatasunik ezaren munstro bihurtu direlarik”, Primo Levik. Gaur egungo Israel da munstro horietako bat.
* Uniformea, kargua, legea edo zigorra behar ditu erabili berezko nortasunik edo arrazoirik ez duenak menekoak esanera jartzeko. Uniformea, legea, zigorra, kargua bera, ahultasunaren ezaugarri dira. Nortasunak eta ahalmenak uniformea eta indarra ez diren ezaugarriak ditu.
* Hartzeak emailearengandik hurrago uzten gaitu, bestearengana hurbiltzen gaitu, baina mendekotasun eta dependentzia nolabaitekoa ere ezartzen digu.
* Handi eta eskuzabala sentitzen den gizonari, zerumuga zabaldu eta bideak irekitzen omen zaizkio, agian horregatik esplotatu ere egiten dute.
* Atzera eta albora begiratzen ez duen irabazlea, zapaltzaile genozida izanen da beti; gerretan hondakin eta gorpuen gainean eraikitako lorpena izanen da beti berea. Edozein lehiaketan ez da irabazle izaterik beste norbait gainditu gabe, gainditze orotan dago zapaldu bat.
* “... damua karakter ahul eta ezbaitien jokaera sentimentala baino ez da, irrazionala”, Deskartesek. Damua exijitzeak berak ahultasun eta intelektual maila baxuena erakusten du, moral maila gaixotua, damua irrazionala delako, eskalearen ahulezia, mendeku gosea ez denean.
* Tamalgarria da diziplinarik eza, baina okerragoa oraindik diziplina ezarrarazteko inor gaitasundunik ez egotea. Nortasunean eta mendekoaren konfiantza bereganatzean dago sekretua. Indarrez ezartzen dena hutsala baita, luzeran kontrako fruitua emango duena gainera. Ni neu ez naiz gai diziplina ezartzeko, horregatik ez naiz ezeren buruzagi. Ditugun kideak galduz talde elitistek agindu edo talde apalago baina herrikoiagoez baliatu, hori da dilema.
Zapaltresnak
* Ametsak saltzen dizkigute bizimolde latza ezartzen diguten ber-berek. Ametsak eramangarriagoa egin dezan zapalketaren zama.
* Herri giroa nork nola sortu, behin maila batetik gora medioek sortarazte dute giroa, medioen gehiengo eragileen jabetza boterearena da, beraz giro nagusia botereak ezarritakoa da.
* Asko dira uste dutenak gizakiaren patua atsekabeen, heriotzaren eta desagertzearen kontra borroka egitea dela eta borroka horretan gizonak tinko aritu behar duela, esperantzagabea izan arren, eta, etsituta, patuaren iritsi horrekin lanari buru-belarri emanda bizi. Uste ustel eta sentipen etsigarri horietaz baliatzen dira ahaldunek besteen laztasunaz zoriontsu edo ondasuntsu bizitzeko.
* Amets baten ikur bilakatu da plasma telebista. Bizitzako eta bizitzeko erdigune edo euskarri. Gizakiaren inozokeria eta kapitalaren lilura faltsuak sartzeko gaitasunaren ezaugarri.
* Burua janda bizi gara denok gaurko gizartean, beraz ez ginateke izan behar ekintzen erantzule, baina mila eratara zigortzen gaituzte, burua jan digutenek hain zuzen.
* Aro eta gobernu mota guztietako filosofia da, beraiena dela ordenu beharrezkoen eta egokiena, guztien eta guztiaren gainetik eta aurka defendatu behar dela, “ordenua” beraien boterea baita, edo boterean iraun ahal izatea.
* Kolektibizatu egiten du botereak errua, herri osoa zigortzeko; beraren erruak ere kolektibizatu egiten ditu agintarien erru pertsonalak ekiditeko.
* “Nik egunkariei jaukitzen diedana, ordea, zera da, egunero gauza hutsaletara desbideratzen digutela arreta, eta, bitartean, benetako gauza mamitsuez mintzo diren liburuak hiruzpalau aldiz bakarrik irakurtzen ditugula gure bizitzan barrena”. Ez da duela bi gizaldiko afera soilik medioek egiten duten arreta-desbideratze hori. Malezia osoz egiten dute, bestelako interesek eraginda. Herriak oso gutxi irakurri eta eztabaidatzen duela, eta herri xehea sinesbera dela baliatuz,
* Damua uneko sentipena da, mingarria, baina inolako eraginik gabekoa. Urkatu eginen duzu damua lehenengo aukeran. Damua da elizak erabili duen baliabidea, eta damua da politikoek darabilten arma euskal disidentziaren aurka.
* “Hitz haiek guztiak haizea bezala igaro ziren haien ondotik, guztiz arrotz eta ulertezin”. Politiko eta apaizek hitzetan jarria dute eraginkortasunaren ustea, efikaziaren ardatza, eta zenbait une eta alditan fruitua dakarkie. Herriak, baina, ekintzetan soilik sinesten du, ikusten eta bizi duenarengan. Horregatik bai politikoek bai elizak, indarra eta beldurra erabiltzen ditu herria mende edukitzeko, azkenik beraiek ere indarrez bildu gabeko hitzen eraginean ez baitute sinesten, hitzak apaindurarako edergarri edo baliabide estaltzaileak dira.
* Sortzen dira mirespen, gorroto eta bekaizkeria giro edo zirkulu bat, desira aitorrezin eta itxaropen bihurriz bildutako hutsarteak, zerbait sakon iraunkorra mamitzen hasten denean. Gehienetan interesatuak ohi dira hutsarte horiek, probokatuak, kanpotik landuak; bestetan, herri xeheari dagokionez, inkontzienteak, egonezinak eraginak.
* Polizia mota guztiez harago, internet eta telefono mugikorrek areagotu egin dute Orwellek iragarritakoa. Denok eta bakoitza gaude etengabeko zaintzapean, nornahi garela edo zernahi egiten dugula.
Bortxa
Errepresioa
* “Errepresioa eta axolagabekeria dira jendarte antolaketa honetan gehien erabiltzen den txanponaren bi aldeak. Erreboltariari egurra ematen zaio axolagabeen taldera gehitu dadin” Mikel Antzak. Ez du glosarik behar.
* Erasotzailearen ezina edo beldurra erakusten du errepresioak. Boteretsu izutua da areriorik hiltzaileena.
* Bortxa adierazpenek dionaren ahulezia adierazten dute, eta bere horretan tinkotuago uzten du bortxatua.
* Gehiegikeriak eta desberdintasun justifikaezinak zuritzeko erabili ohi da gehienetan bakoitzak merezi duena daukala printzipioa; ondasun kontuetan daukanak ez daukanaren aurrean bere oparotasuna mozorrotzeko izan ohi da.
* “Bortxazko bitartekoz beti bortxazko mundu zaharrean geratuko gara” J Azurmendik. Bortxaz ez dela benetako aldaketarik, gurasoengandik bizi behar den ziurtasun ezinbestekoa.
* Militarrak izan dira edo dira, edo beraiez baliatu dira, historia aldatzen saiatu diren gehienak. Benetan mundua aldatu dutenak zibilak, herri xehea, izan dira, eta eurek ere indarra erabili dute.
* Indarrez erantsita ezerk ez du erro sakonik luzatzen, are gutxiago maitasun eta zorionik.
* “Beldurra izan zen hemen, munduan, bizi izan zuen lehen sentipena”. Beldurra da botereak darabilen lehen baliabide eraginkorrena menpekoekin. Debeku eta errietekin, beldurra da ere umeei sarriegi ezartzen diegun lehen sentipena.
* Mediku naziek ere bata zuria janzten zuten, hainbestek janzten du bata zuria gaur egun!.
* Tortura beti geratzen da zigorgabe, beti, zigortzen denean ere, merke ateratzen zaiolako torturatzaileari.
* Ez dago duda izpirik biktimatzat agertzen diren asko politikaren agente kualifikatuak direla.-
Polizia
* Polizia litzake ofizioa eta ofizio okagarriena. Gizakia erasotzeko jarriak daudelako. Eta uneko boterea gordetzeko. Polizia izena higuingarria zaizkie beraiei ere. Eufemismoz deitze dira gehienetan. Polizi eta kartzela-zain taldeek izena ez ezik jantzia ere aldatzen dute tarteka-marteka, izana aldatuko zaielakoan. Nolanahi herriak jartzen dizkie izenik egokienak, aldi berean gorrotagarriak zaizkienak. Ez dira gaitzizenak, izen ezaugarrienak baizik. Horregatik gorrotatzen dituzte izenok, egiatik hurbilen daudelako, eta beraien lanaz lotsaz daudelako.
* Soldaduentzako ez dagoela legerik dio nobelako pertsonai batek, horiek euren arauak dituztela. XXI. gizaldian polizia eta guardia zibilek bezalatsu, inpunitate eta bere jabeen babes osoa dute gainera.
* Herriak epaitu behar ditu guardia zibilak, ez politiko eta epaileek, hauen morroiak baitira, bere zaintzarako soldatapekoak. Nolanahi aspaldietatik epaitu ditu herriak guardia zibilak.
* Politikaren engranajeko hagin bat besterik ez da polizia. Etengailuari emanez, berenez jartzen da martxan, sentimenduek eta arrazoiak ez du lekurik, ordena hartuz gero, berenez jartzen da martxan polizia; sentimenduek eta arrazoiak ez du lekurik beraiengan.Automatak dira. Aginduak jakinaz gain betetzea jardueraren plus bat besterik ez da. Gorrotoaz harago, sentimendu ezberdinak egon daitezke jokabide horren sakonean: psikiatrek landu beharreko buru-orekarik eza bat.
Iraultza
* “Ez duzu irratia aldatuko, zeu aldatuko zara” esan diote irratiko zuzendari izendatu berriari. Irentsi egiten zaitu sistemak sistema barruan sartzen zarenean. Ez dago iraultzarik sistema barrutik. Politika eta politikari ezkertiar eta iraultzaileak lekuko. Sistema kanpotik soilik apurtu ahal da. Barnetik itxuraldatu egin ahal da soilik.
* Lepoa garaiz luzatzea, periskopioa garaiz goratzea alegia, borrokalari orok ezinbestekoa duen zuhurtasuna.
* Elkarrekin asko egotea du ezinbesteko iraultzak. Baina batez ere elkarbizitza, errespetuzko gogoetatsu kritiko minimoki barea.
* “Dena berdin-berdin zaigu” egoera, hori da edozein gizataldeak aurrera egiteko duen abagune arriskutsuena, edo sorbaldak jaso eta “hor konpon besteak” esatea, .
* Egia ezkutatzen duen gizartea bilakatu gaituzte, iraultzailea baita egia azaleratzea.
* Ez-normala normala denean, zer egin?, hori da normalizazioak planteatzen duen galdera. Dagoena bada normala, kito mundua, kito gizartea. Anormaltzean datza etorkizuna. Nola eragin aldaketa hori, hor datza gakoa.
* Posible da indarkeriarik gabeko matxinada?. Nik ezetz uste, ez dagoen bezala aberastuarena ez den beste norbaiten izerdiaz egin ez den aberastasunik, ondasunik ere. Azpijokorik gabeko politikarik ez dagoen bezala.
* Bakarka eta norberarentzako borrokatzea da gaurko gizartearen errua eta gaitza. Taldea eta taldean borrokatzea da borroka askatzailea.
* Ondo-biziak dira sozialista deitu gehienak, sozialista kontzeptua bera kutsatu dugu. Jada sozialismoa eta iraultza kontzeptu kontrajarriak dira.
* Ohitura du lege meneko izatea gizarteko gehiengoak. Gutxi dira arau hausleak.
* Esperientziak dio intelektualek ezkerretik eskuinerako bidea egiten dutela, pobreek, askok behintzat, alderantzizko ibilbidea egiten dute, eskuinak ezarritako bizitzako esturengatik.
* Luze joan ohi da aldaketa sakonerako bilakaera pentsaera mailan, baina, azken batean, denbora laburrean gauzatzen dira hainbeste denbora behar izan duen pentsaerako aldaketok.
* Egia da bere buruaz seguru dagoena lorpen txikiekin konformatu ohi dela. Eta bere buruaz seguru edo ez, gauza txikiek eragiten diote gizarteari, besterik badirudi ere.
* “Urte asko falta ziren manifestu komunista sortzeko. Edo beharbada hainbeste urte igaro ziren idatzi zenetik, inork ez zuela jada gogoan” H. Cano: Izanen al du bigarren manifestu bat gizarteak, beste astinaldi bat, kateak hausteko bidean.
* Erokeria utopiarekin bildu beharra du sarri zapalduak arrazoiz etsaiaren aurka egiteko. Erokeria asko egin behar du sarri zapalduak eta esplotatuak arrazoizkoa den eskubidea lortzeko.
* Denok dakigu iraultza egin behar dela, errotik moztu behar dela giza-zapalketa, herrien eta gizakien ezberdintasuna irauli behar dela, baina beldur gara bakoitza bere ondo-bizitza ez-solidarioa galtzeko.
* Zerbait egin nahi duenak egin nahi ez dutenak ahaztu behar ditu eta albora utzi, norbere eta kideengan indarrak bilatu eta bildu, inguruko besteak epaitu besterik egiten ez dutenen esamesa zurrunbilo ezkor antzuari gor.
* Ezindu egiten gaitu beldurrak, edozein arlotan. Galdua du partida beldurra nagusitzen zaionak. Beldurra da politikoen arma nagusia edozein ataka larrian. Gogoan hartu behar dugu axioma hori, etsaia kezkatzen dugun heinean emanen ditugu aurrerapausoak, errepresioa areagotuko bazaigu ere. Gurpil horrek ez du aterabiderik.
Zertzeladak
* Gaixoekin baino gaixotasunekin erosoago sentitzea da zenbait osagile eta erizainen gaitz edo arriskurik nagusienetarikoa, zerentzat pilularik ez dagoen.
* Aparkaleku propioa etxea bezain beharrezko dute pertsona errespetagarriek. Hau gizarte aldrebesa egin duguna
* Geografia ez dela sekula egitasmo inozente izan, objektiboa dirudien arren espazio fisikoaren deskribapen soila. Helburu politikoa beti, militarra gehienetan, ekonomikoa nola ez, hori dena dute turismo egiten gabiltzaneko mapa itxuraz inozo horiek.
* Hutsala saldu ohi diogu gehienetan, turistei eta bisitariei ez ezik, auzo orori ere.
* Dotore jantzita ikusten dituzu, eta herritar ezdeusenak ote diren galdetzen duzu: moda, itxurakeria, nolabait ezina gailendu nahia, ….
* Ahaztu nahi direnak dira ahaztu itxuran isiltzen ditugunak. Erraz ahazten ditugu esan nahi ez ditugunak.
* Jendeari gustatzen zaio garbitasuna, baina beste baten ardura bada, batez ere. Bazterrak garbiak daude garbitzen dituztelako, ez jendea zabarra ez delako, batez ere leku publikoetan.
* Zorrak ezin omen dira gaizki ordaindu, ez dauka zentzurik, baina bada gaizki, oso gaizki kobratutako zorrik. Edo ordaindu gabekorik
* “Biribilguneak maitagarriak dira”. Biribilgune batzuk praktikoak dira, eraginkorrak, beste batzuk ostera ernegagarriak, tarteka alferrikakoak, moda hutsa.
* Ez da lasaitasuna emango dizun herri txikirik.
* Ahozabal geratu ohi gara entzuten edo begira eskaintzen diguten edozer, ulertzen ez badugu ere, apaingarriz bilduta eskaintzen badigute. Kontsumo gizarte honetan. Eta politikan: politika bera ere kontsumoa baita. Zenbat gezur irensten dugun, nahiz gezurra dela sumatu.