Burutapenak Gogoetak II
Gogoetak II
Egia
Zer
* Ez dago egia bakarrik, egia deitutakoaren bertsio ezberdinak baizik, denak egiak. Bakoitzaren egia beti baita egia berarentzat. Egitasuna erlatiboa da. Egiaren frogak erlatiboak direlako egion aurkezlearen araberakoak, alegia.
* Egi oro da erabat erlatiboa, agian egiarik ere ez da, ametsak ere egia diren neurrian
* Egia ez dela metafisikoa irakurri dut. Egia errealitate zehatza da, ez da metaerrealitatea. Errealitatea zer den, hor dago gakoa. Egiarik ba ote; begiratzen dionak ematen baitio izaera errealitateari. Dena da duda, dena erlatiboa, begirik adina errealitate.
* Alegia dira egia denak, uste soilak bederen. Nola jakin egia zer den erreala zer den benetan ez dakigula. Usteak egiatzat erabiliz jokatzen dugu bizitza. Bizitza kontraesanetan oinarritzen da.
* Ez dago ez maiuskulazko ez minuskulazko egiarik, maiuskulaz idatzi eta ahoskatzen dugunean ere.
* Gezurrak esan egin behar dira egiarako behar diren aurreko pausoak direnean. Baina horiek ez dira gezurrak. Egiatik aldentzen duten gezurrak horiek dira gezur-gezurrak.
* Itxurakeria gezurraren aurpegietako bat da.
* Nahiago izaten da sarri egia ez jakitea, zalantza bere horretan uztea, baina egiaztatu beharra da gehienetan ekintzarako akuilurik eraginkorrena, eta aldi berean egiaztatutako egiak eman ohi du lasaitasuna, egia mingarria denean ere.
* Ez da egia osoa den ezer, egia osotzat daukagun hori ere. Sarri horrek du egiatik gutxien.
Non
* Non ibili, halako hauts.
* Non dago egia, dena da erlatiboa. Ikuspegiaren araberakoak dira gauzak. Sarri huskeria batek mundu guztia osatzen du, gauzarik sinpleena da ederrena, asegarriena.
* Heroi gehienak, denak, gizarteak sortarazitakoak dira. Mota askotako interesek bihurtzen dute heroiko ekintza bat, hedabideen eraginez gehienetan.
* Kontalariaren egia baizik ez den egia da kontatzen dugun dena. Ez sekula erabateko egiarik, subjektiboa delako beti egia, kontatzailearen edo entzuten dunenaren filtroaren arabera.
* Egia eta gezurra, errealitatearen bi aurpegiak, anaia bikiak, biak mingarriak.
* Badut Gaztelan gerra zibilean fusilatutako baten heriotza agiria non dioen “fallecido a causa de una hemorragia”. Egien gezurra, edo hizkuntzaren erabilera zinikoa.
Nork
* Gizarteak, bizitzak berak, itxurakeria du oinarri. Egiaren laurdena bakarrik bageneki, ezinekoa litzake elkarbizitza, bai harremanetan, bai familian, bai politikan, bai ekonomian, bai merkataritzan, bai osasunean, …
* Memoria gezurretan hastea baino memoria galtzen hastea da okerragoa. Nolanahi zenbat aldiz zein ezberdin kontatzen duten gertaera bera elkarrekin bizi izan zutenek. Bakoitza bere egiarekin geratzen da.
* Eskuetakoak zein begietakoak, sentsazioak dira biak ere, biak ala biak egiaren segurtasunik gabekoak
* Zaila da zinezko eta sasiko profetak bereizten, horregatik profeta guztiak susmagarri hartzea komeni da, herri mailako egitura eta ekintzetan ere.
* Beste zentzumenak bezain gezurtia izan daiteke ukimena ere.
* Bakoitzak bere egia kontatzen du. Gezur handienak ere badu egiarekin loturaren bat, egia baten ondorio edo zati bat da. Norbaiten aurka aritzean, bada azpian gaizkiesanka hori bultzatu duen arrazoiren bat.
Isilpekoak
* Ez da erabat sekretu den sekreturik, beti dagoelako dakien norbait, norbera edo bestea. Sekretuek, norberarenak, agertu ezinekoek, min egiten dute. Min egiten dutelako gordetzen ditugu norberarenak isilpean. Luzaro gordetako sekretuak zornatu ere egiten dute barnea.
* Dena isiltzeko dela esatea amarru dialektiko emankorra da. Non zer egia?
* Egia jakinen da sarri, ez beti, eta jakiten denean beranduegi gehienetan
Kosmosa
* Pasoko lainoak dirudigu, desagertzen den kea, baina gu geu, geuretako bakoitza, gara eternitatea. Haurtzaroa, nerabezaroa, gaztetasuna, gorputza bera suntsitu egiten da, azkenik, baina hor diraugu kosmosa osatzen. Jainko izpiak gara, jainko zatiak, jainkoa eternitatearen sinboloa den heinean.
* Hil ondoren ezer ez dagoela, ezereza besterik ez, sentipen eta pentsaera hori akigarria da, bizitzari ikuspegi erabat motza, ibilbiderik gabekoa, ematen diona. Kosmosak jarraitu egiten du gu bakoitza hil ondoren. Eta guk kosmosean jarraitzen dugu. Osotasun baten, agian misterio baten, zati. Esperantza urria?. Ez da oparoagoa erlijioen promesa.
* Kosmosa betierea da, iraupena. Gu geu ere betiera gara, jaio eta hil egiten bagara ere, kosmosaren osagai garen heinean. Betiera ere erlijioa bat bezala da; ez hasierarik ez amaierarik, misterio bat denez inteligentziarako ere, askatu ez den korapiloa. Baina badu osagai edo oinarri zientifiko bat.
* Artajerjes jaio zenean hor zegoen, Buda jaio zenean ere bai, baita Konfuzio jaiotzean ere, Jesukristo jaio zenean hor zegoen. Hiru mila urteko drago zaharra Kanarietan. Zirrara eragin dit gaurkoan ere. Haziz beterik dago gainera, gorri-gorri, bolatxo gorriok zaparradan erortzen zaizkiola. Eta gu pausoak kronometroz neurtzen eguneroko gozoa dastatu nahiz. Ez izan alajaina hiru mila urtetarako.
* Zeru-lurrak gupidagabeak dirudite, baina guk geuk tratatzen ditugu gupida gabe zeru lurrak, bere lege aldaezinak bortxatuz.
* Beroa eta argia da sua, bizitzaren oinarriko osagaiak, baina baita hondamendia ere.
* “Zelako misterioa espazioan biraka dabiltzan astro horiena”. Misterio horrekin dut zita gauero, zohardi garbiotan, oherako baregarri.
* Ezinezkoa da basoan bakarrik sentitzea, basoan ez dago bakardaderik, natura biziak biltzen zaitu. Egia da ere natura bizi hori etsai arriskutsua bilakatu daitekeela gizakia arduragabe edo oldarkor barneratzen zaionean.
* Txindurri ia mikroskopiko bat hoteleko mahaian. Horrek ere gorputz zeharo osatua du gu bezala. Bakarka, galdu itxuran errari, diziplinatik kanpo edo, ale galdua edo gu bezala oporretan. Taldean diziplinatuki organizatua izanen da seguruenik zeregin zehatz bat betetzen.
Jakituria
* Ez goizegi ez beranduegi, zer bakoitzak du bere sasoi propioa, gizartean zein naturan, sasoi hori ezagutu eta errespetatzean datza jakinduria.
* Bizitzako ekintza guztiei azalpenak bilatzeko maniaz hezi gintuzten. Halakoa izan zen gure hezkuntza. “Nihil sine ratione suficiente”. Gauza eta jokabide guztien zergatia bilatu behar zen, hortik zetorren jakituria, eta jakintsuak behar ginen eta nahi genuen izan. Eskolastikaren finkotasun hura zartatu du erlatibismoak, baina orduko sailkapen eta estruktura mentalak hor diraute gaurko mundua ulertzea zailduz.
* Noiz isildu noiz hitz egin, oso gutxik, inork bai?, duen jakinduria eta artea, tarteka soilik ondo jokatzen dugun zientzia.
* Ez da erraza lepoa egin ez diezaguten bizarra egiten ikastea.
* Beti egin zait harrigarria nola jendeak medikuaren hitz teknikoak eta botika izenak errepikatzen dituen, gehienetan tutik ulertu gabe.
* Haizea alde izateak erraztu egiten du joana, baina bidea egiten ez dakienari zaila izanen zaio behar duen portura garaiz eta onik heltzea, edozein dela haizearen norakoa.
* Galdera egokiak berarekin omen darama erantzunaren erdia. Baina erantzunaren erdia gutxienez jakin behar da galdera egokia egiteko.
* Presa gabe ikasi beharrekoak dira jakituria, maitasuna eta fortunaren misterioak, erdiminez gehienetan, golpez sarri.
* Gehienetan hitz jario antzua besterik ez da harreman intelektuala. Hitz eta kontzeptu potoloko azaleko norgehiagoka. Eragilea denean da benetakoa harreman intelektuala. Agian sasi intelektualez ari naiz. Asko baitira.
* Pentsatu gabe hitz egitea, burura etorri ahala usteak jalgitzea, izan daiteke bertute bat, tolesgabearen zintzotasuna, azerikeriaren antidotoa, baina baita erru askoren iturria ere izan daiteke.
* Azken pausoa ez ematen jakitean datza hondamendian ez erortzeko jakinduria. Baina, hondamendira bidean zein den pauso erabakigarri azken hori antz ematea da arazoaren muina, sarri ez baita azkena amildegira eramateko erabakigarriena, aurreko bidegurutze batekoa baizik.
* Edonondik, edonoiz, edonolako mintzoak datozkigu, entzuteko gai izatea da arazoa. Mintzoaren argia edo iluntasuna baino.
* Inguruari, dagoenari edo gertatzen edo gertatuko denari buruz iritzi zuzen bat izatea da inteligentzia, irtenbideak ikusi eta bilatzea ere; inteligentzia ez da gauza asko jakitea, memoria izatea, hitz erraz edo asko egitea, edo eskolan nota onak ateratzea.
* Dena da baliagarria, ez da ezer alferrikakorik, okerretik ikasten dakiena egiten da jakintsu.
* Arriskutsua da ezaguera, horregatik du oligarkiak hezkuntzaren monopolioa.
* Sinesten dutenak, sinesten ez dutenak, borrokalariak, koldarrak, .. gehienok erretzen gara ezjakintasun hutsean.