Burutapenak Gizartea III
Lana
* Gogokoa da lana alienatzailea ez denean, norbere burua aurkitzeko abagune bilakatzen denean alegia.
* Ez dagoela lana bezalakorik desilusioa gainditzeko. Agian. Baina lana zer den argitu beharko genuke lehenago.
* Lana morrontza da eta ugazabaren gustukoa izan behar du lanak. Hala izan da, eta da. Lanak esklabo egiten gaitu. Ugazaben eta bizitzaren esklabo.
* Gizarte honen esklabutzaren ezaugarria da hainbeste lan egin eta egoera berdinean jarraitzen duela ia gizaki orok.
* Ez dago ezer izerdirik ez duenik, India eta Txinako hain merke edo merkeago datozen gauzak hemengoen adina izerdi dute, edo gehiago. Fabrika bateko makina automatikoan eginiko gauzek izerdia du, izerdi mina gainera. Esku lanez eginiko harri aroko gauzen antzerakoa.
* Zabaldua da lana ez dela izan behar beharra. Lana beti da beharra, filosofoek besterik erakutsi nahi badigute ere. Eibarren lanari biharra deitzen zaio. Agian “lana” hitza kutsatuta dago. Beste hitz bat asmatu beharko da gustura egiten dugun zeregin horrentzat.
* Agian egia da lana dela desilusioak gainditzeko bide eraginkorrena, baina lana zer den argitu beharko genuke lehenago.
* Berak eginikoa erosi behar du beti langileak, berari egiteagatik ordaindutakoa baino askoz garestiago noski. Langile ororen patua, edozein dela lurraldea, edozein sistema politiko zein ekonomikoa.
* “... en la miseria todos los detalles son un lujo” Padurak. Lan krisi garaietan lanik miserableena bera ere salbabidea da.
* “Kalez kaleko saltzaile txinatar batek bere salgai merkeak eskaintzen zizkion bizkarra ematen zion zentinela bati”, Malreaux. 36rako hemen zebiltzan txinatarrak bere salmenta merkeekin.
* Bada nonbait jendea barrezka lotzen zaiona lanari, bere ukanak galtzeko beldurrik ez edukitzeko bezain pobre direlako, baina, mendebalean, pobreak izanik herri gehienak, aberats sentipena txertatu digute, eta dugun apurra galtzeko beldur gara.
* Lan kolektiboa lan indibidual bihurtu dute makinek.
* Tresneriak lana arintzen digu, lana kentzen ere, baina tresneria hori ordaintzeko lan gehiago egin behar dugu.
Zuzenbidea
* Ezer erlatiborik bada, hori da justizia, justiziarik bada.
* Ez da justiziarik. Legez mozorrotutako unean uneko exekutiboen nahia, interesa eta erabakia besterik ez da justizia deitzen diotena.
* Gizarteari sakon eragiten dioten erabaki nagusietan, exekutiboa beti dago politikaren menpe. Justizia da, eta uste dut beti izan dela, politikoen esklabo. Eta ez denean, exekutiboak legeak aldatzen ditu bere komenentziara.
* “Ez dakit Justizia eta errukirik denentz”. Ez da ez justiziarik ez errukirik, bestela ez litzake hainbeste desberdintasun eta inposaketarik herri orotan.
* Legea beti da partziala eta interesatua, uneko politikaren araberakoa, azken gizaldiko esperientzian behintzat. Badira lege itxuraz zuzenak, gizakia berdintzen edo homogeneizatzen dutenak, baina lege horien aplikazioak herriak eta gizakiak erabat ezberdintzen, banatzen eta zatitzen ditu.
* Legearen aplikazioa justizia legetik kanpo dago, dibortzio nabarmena dago legea eta justiziaren artean. aplikatu edo ez
* Legez egiten dira ia beti boterearen gehiegikeria guztiak, injustizia denak, legea beti boterearen interesen neurrira egiten baitira, eta komeni denean aurrekoa aldatu.
* Legea ez da inola ere egiaren ahotsa, argiaren agindua, ongia gaizkitik bereizten duena. Ahaldunen ahala gorde, ziurtatu eta iraunarazteko kate ia hautsezina da legea, ahaldunen eta beraien sistemaren gehiegikerien aurkako jarrerei mugak eta oztopoak jartzen dietena da legea. Boterearen sistemari eusteko zer egin behar den erakusten du beti legeak, ongia botereari dagokiona dena dela, gaizkia, aldiz, kaltegarria zaiona. Legeari buruzko beste dena zurikeria eta erretolika besterik ez da.
* Erratzeko eskubidea da eskubiderik oinarrizkoena, errua bada ere gizarte honek gutxien barkatzen duena. Berriro erratzeko aukera izatea bizitzako ardatz eta oinarria da.
* Justizia eta epaileak dira bi milagarren lehen zatian erabat desprestigiatu den estamentua, herriaren justiziak epaitu dituena. Sistemaren morroi bihurtu da eta beraren hutsegite denak justifikatu eta neutralizatzen ditu.
Gatazkak
Bakea
* Hil dena betirako hil da, eternitatea du aurrean, baina bakea bizion utopia da.
* Usainik hoberena usainik batere ez izatea omen. Bakealdirik bareena, berriz, zutaz inor arduratzen ez den une hori da, zeure kasa zabiltzanekoa.
Gerra
* Gerra ez da soilik joko bitxi bat, baita gizarte ororen funtsa ere, nonbaiten norbaitentza uneoro abian den jokoa.
* Gerra, militarren jolasa.
* Politikoen negozioa eta pobreen sufrimendua besterik ez da gerra. Eta medioen gai irrikatua. Baina herriak ez du hitzik horretaz ez ezertaz. Herria, kopuruz nagusi, baztertua izan da beti, gutxiengo horren interesetan.
* Gerrak dakar zaborra, ala zaborrak gerra?. Gerra bera da zaborra. Nola nahi, gaur egun, medioen jabeek eurek sortzen eta zabaltzen dute notizien zaborreria oro, gerrakoa edo gerra dakarrena.
* Gerra guztiak dira tokian tokiko eta unean uneko ahaldunen aldekoak, sekula ere askatasunaren aldekoak, aberriaren, herriaren, are gutxiago herritarren aldekoak. Boterea eskuratu asmoz herria erabili ahal izateko iruzurra besterik ez da horien aberria. Herriak ez du sekula santan gerra bat irabazi; ahaldunak, botere faktikoak, politiko zenbaitzuk dira beti irabazleak. Herria beti izan da galtzaile gerra guztietan. Leporen bat moztu izanaren atsegina geratzen zaio, momentuko amorrua atera izanaren poza. Besterik ez.
* Gerrak ez dira absurdoak, gerrak zer logikoenak dira, kalkulu hotzen ondorio interesatua, itsutasun emozionalez baliatzen badira ere.
* Pertsonak ez direlako helburu sortzen dira gerrak, gizakiak ez bestelako helburuak soilik daudelako da hain ankerra eta burugabekeria gerra.
* “gezurrak esaka saltzen dira gudak, automobilak saltzen diren bezala”. Hildakoak dira gerretako egi bakarrak, gehienetan isilduak edo ezkutatuak, gutxietsiak ere. Gutxi batzuen interesa edo irabazia dira gerren arrazoi eragilea, hitz ederretan biltzen baditugu ere.
* Beti da negu munduan, beti delako gerraren bat nonbaiten, su artifizialekin argitu eta koloreztatu nahi badugu ere.
Arerioa
* Etsaiei lotuta gaudela, ezin diegula ihes egin, ezin digutela ihes egin, egia arren, horrek fatalismo kutsua du. Etsaien etsai, besterik ezin denean. Soilik. Lagunartea, solidaritatea eta elkartasuna, hori dira bakean utzi gaitzaken destino bakarra.
* Sekula ez gutxietsi, are gutxiago politikan, aurkaria, irrigarri eta ahulena iruditu arren. Ez da etsai ahulik.
* Besteak ihes egiten jakin edo asmatzeko ahalmenik ez duenean, ahula bihurtzen da indartsua bera ere.
Garaipena
* “Irauteko borrokan gizonak jakin behar du ingurua manipulatzen bere interesen alde, ze koño” dio pertsonaia batek. Filosofia horrekin zuritzen dira astakeria handienak. Baina zer da irautea, noiz da zilegiago irautea bitarteko eta baliabideak baino, nork erabakitzen du iraupenaren ezinbestekoa?.
* Garaiz atzera egitean datza sarri garaipenaren gakoa.
* “Kanposantuetan eta presondegietan garaituak eta garaileak ezin deutsie alkarri ihes egin”. Edozein dela liskarra, ez da irabazlerik inoiz. Ba al da atxilotu zaituen polizia baino galtzaile nabarmenagorik, esplotatzen zaituen nagusia baino pobreagorik, … Bizitzak bestelakoa dioskula dirudi, baina hori bizitzako baloreak alderantzikatuaren ondorioa da.
* Ez dago irabazlerik galtzailerik gabe. Sekula ez dira egia “denok irabazle” edo “denok galtzaile” esaerak, nahiz denek zerbait irabazi edo galdu. Beti dago irabazle edo galtzaile nabarmen bat. Baina ez dago bukatzen ez den ezer, eta bukaera orok berena du galtzaile bat. Hori da bizitzaren tragedietako bat.
* Ahalegindu zintzo jokatzen, argi eta leial jokatzen denekin, kideak alde egitea nahi ez baduzu.
* Ondo pentsatua edo instintuz argi usaindua izan behar du ihesak, alde egitea lortu nahi bada. Ihesa ere zientzia bat da.
Osagaiak
* Metodoa eta diziplina funtsezkoak izanik emaitzak lortzeko, intuizioa da sarri gizakiaren seigarren zentzua, beste bostak bezain fidagarria.
* Ahalak ez du ezer lortzen borondaterik ez badago.
* Kirolean ez ezik, bizitzako edozein arlotan beharrezkoa da erabakitasuna, denbora eskaintzea, diziplina. Guzti hori gabe ez dugu biderik eginen, zahartuta ere, leku berean jarraituko dugu.
* Printzipioak daude beti egitura ororen oinarrian. Ez dago egiturarik printzipiorik gabe, printzipio hausnartu gabeak diren arren sarri. Printzipioak dira beti ekintza kontzienteen motor eragilea, baina egituratzen ez den printzipioa antzu geratuko da berehala, eta ekimen bihurtzen ez den egitura ezerezaren ongarri ustelduko da.
* “Heroisa, arriskua ikusiz, beldur izan, eta hala ere aurre egiten diona da. ... gizakiarengan gauza ederra dela beldurra, eta beldurrik sentitzen ez duena besteengandik at gelditzen dela, zapuzturik” I. Dinesen. Gure beldur oro aitortzeko gai bagina, gizarte sinesgarriago eta eramankorragoa genuke.
* Organizatzea eta diziplina, funtsezko baldintzak taldean edo bakarka eragile izateko.
Historia
* “Historialarion betiko arazoa, iturri ez oso fidagarrietatik edan behar izatea”. Historia da fidagarritasunetik gutxien daukan zientzia, erabat baldintzatuta dagoelako, iturrien fidagarritasunagatik eta idazlearen partzialkeriagatik.
* Historia da fidagarritasunetik gutxien daukan zientzia, ez dagoelako iturri fidagarririk, iturri oro dago baldintzatuta.
* Dena da erlatiboa. Kontalari, ikusle edo bizipen adina historia dago. Bakoitzak du berea, bestearena bezain ziurra. Historia erabat erlatiboa da, ez da egia osoa den historiarik. Sarri da gezurra ere historia. Aurreiritziei jarraituzko kontakizuna gehienetan.
* Denokin gertatzen da joan ginenon lorratz oro galtzen dela, itzal hutsak edo fantasmak izan bagina bezala. Joango gara sekula etorri ez bagina bezala. Bakar batzuk soilik aldatu dute zerbaitetan geroa. Eta horiek ere ikasi gutxiren batzuen jakindurian edo paperetan diraute. Anonimo ahaztuen historia da gizartearena. Baina anonimo ahaztu bakoitzak eta guztiok aldatzen goaz gizartea eta mundua.
* Giza esperientzia orok, merezi ez duen eta zentzugabeena denak ere, merezi du azterketa bat. Eta izan ere denek dute argibide bat. Gutxitan, ia inoiz ere ez, aitortzen da norberaren egia zentzugabekeria denean; besteena bai salatzen da; horrela, zeharka bada ere, paraleloki, bakoitzak besteena, egia osoa azaltzen da azkenik, norberak isildu duena ere.
* Krisi aldietan, garai onak ohi dira iraganekoak, zaharrek mesfidantzaz begiratzen die gazteei,
* Aldatuz doa gizartea gizaldiz gizaldi, aldiz aldi, pausoka.. Bizikidetza, bizi-baldintzak, ohiturak, jokamoldeak. Ez onerako ez txarrerako. Aldatu egiten dira, eta kitto. Hori da errealitatea, lege unibertsal bat besterik ez da.
* Mundua ez da sekula gelditu, bizitza aurrera doa, beti dago etorkizun bat. Ze etorkizun, edo desio dugun etorkizun hori datorren arteko tartea zer edo zein izanen den da arazoa.
* Geografia omen historian irauten duen gauza bakarra. Baina Geografia bera ere aldatu egin dugunez, historia erabat faltsua edo ezberdina utziko diegu ondorengoei.
* Egia da historia idazteko perspektiba behar dela, baina historia egiteko gaurkoa mamitu behar da.
Kultura
* Programetan soilik da heldutasuna hezkuntzako helburu nagusia. Datu asko memorizatu eta mekanizatzean datza hezkuntzako lorpen nagusia. Gaur egungo hezkuntza sisteman.
* Nahiko onartuta dago liburua, badu ospea ere jendearengan liburu-idazleak, baina denbora galtzea deritzo gehiengoak irakurtzeari.
* Atzerritarrak gure herrian eta gu atzerrian misterio kutsuko zerbaiten arkanoren gordailu gara. Hala gertatzen da bidaiatzearen erraztasunaz, hedabideez eta internetez mundu osoa auzo gertatu zaigun honetan ere, mundu osoa pantaila batera zedarritzen dugunean ere. Halako jakin-min eta ikusmin berezia sortarazten digu atzerritar traketsenak ere. Atzerritar oro da kultura ezberdin baten gordailu. Bizimolde ezberdinen misterio edo arkanoa.
* Desegitea sortzea baino errazagoa da. Jaiotzea hiltzea baino gogorragoa delako zaigu hain zaila, agian, sorkuntza, edozein arlotan. Erraztasun horregatik desegiten ditu hainbatek artelanak, gizakiaren zein naturaren edertasunak, alegia, eta hain gauza eder gutxi sortzen.
* Lasai, pozik ere, bizi dela dirudi herri ezikasia, edo kultura modernoak irentsi ez duena: baina problema latzak ditu berak ere, kultuon kanpotikako behatokitik ikusita behintzat.
* Hitz jario antzua besterik ez da harreman intelektuala gehienetan, sobera erraza askorentzat. Hitz eta kontzeptu potoloko norgehiagoka azalekoa.
* Elkar ezagutu, harremanak hazi, ezagunak elkar ikusi, eta helbideak trukatzeko izan ohi dira kongresu eta antzerakoak. Aurrez jakina izan ohi da esaten dena, ez dago ezer berririk ponentzietan, eztabaidak betikoak eta ezagunak dira, eta elkarrenganako losintxa interesatuak eman ohi dira. Edo curriculumerako paper bat gehiago lortzea da kideen helburua.
* Artea bada gizakiok uzten dugun aztarnarik iraunkorrena, zer utziko dio geroari, artista bakanen artelanez harago, artearenganako, edertasunarenganako, hain sentiberatasun motela duen gizarte honek.
Familia
* Jatordu eta lo-orduz kanpo, lagunengana, tabernara, plazara, zinera, … jotzen du jende gehienak. Eraikin hutsak dira etxe gehienak, altzairuz beteak, pasoko tokiak.
* Gizartea artikulatzeko asmatu zen lehen urrats eraginkorra izan zen matrimonioa.
* Bikotea, ezkondua edo ez, natura baliatuzko gizartearen tranpa bat da, eta bakardadea du ondorioa, pazientziaz beti, eta gustuz sarri, hartzen dena.
* Pisu bat erostean ametsa egi bihurtu du bikoteak, aldi berri bati hasera ematen dio; elkartasuna da orain errotu behar dutena, etxeak haina iraun dezan.
Medioak
* Gehienetan dago mutu telebista, publizitatea ez beste edozer emititzen dagoenean ere, ez baitu ezer ganorazkorik emititzen. Programa mutuak, idazle baten esanean. Programa mutuak entzuten duelako da gero eta mutuago entzuleria bera ere.
* Kantuetan eta solasaldietan goraipatzen ziren pertsonak, baina hauek egiazko bizitzen ordez, kantuak eta istorioak baino ez zituzten uzten. Gaur egun medioak dira pertsonak goraipatzeko bide ia esklusiboa. Baina bizkor doaz aipamenok ere, atzetik beste aipamen batzuei lekua uzteko, oihartzunik ere utzi gabe gehienetan, hemeroteka eta disko gogor batetan geratuko dira onenean eta norbaitek egun batetan eginen du poema edo kanturen bat, edo tesiaren bat, ondare guzti horretako zerbaitez.
* Informazio saturazioa da, sarri, desinformatzeko teknika bat; jendea asperrarazi eta informatzeko egarria ito, hori da lortzen dutena. Zenbaitek, nolanahi, ez du nahi informaziorik, baina informazioa nahi ez izatea, edo informazioa falta, okerragoa da informazio saturazioa baino.
* Garai batetan pobreziaren eta inertziaren kanaletatik pasarazten bazituzten kontinenteek bere aberastasuna eta industria, kirolaren kanaletik gain, telebistaren kanaletik pasarazten dizkigute gaur egun kontinenteak botere ekonomiko ezberdinek.