Burutapenak Gizakia VII
Norbera nor
* “Zeuentzat zer den ona, horixe izango duzue; neuretzat zer den ona, horixe izango dut”: norberakoikeria nabarmena da filosofia hori, zabalduegia zoritzarrez, batez ere politiko, ahaltsu eta dirudunek darabiltena.
* Denok, altruistenak ere, norbera du abiapuntu, helmuga. eta erdigunea.
* Hitz-aspertu ustel antzuak dira hitz idatzi zein ahoskatuak, ez dakigu eragile izaten, ispiluari ari gara gehienetan.
* Duena galtzeko beldurrez bizi denez, huskeria bat ere asko da besterik ez duenarentzat, horrek egiten du gizakia hain berekoi eta ezsolidario. Edo solidario.
* Norbera da gehienentzat bere bizitzako zirkulua, zirkulu itxia, non bizi diren; nahiz lagunartean eta kalean egin ordu gehienak. Gizakiak ez daki bestearen lekuan jartzen, bestearen azalean sartzen. Entzun entzuten dio besteari, baina berearekin alderatzeko gehienetan. Besteek bera entzutea edo aintzat hartzea nahi luke, baina ez du bestearekin berak ere hori egiten.
Sentipenak
Eragileak
* Gauzak gustura egiteak, ondo zein gaizki bukatu, zeure buruaren adiskide uzten zaitu, bare.
* Ahulezia-seinalea da askorentzat maitasuna agertzea; indarra erakustea da askorentzat harremanerako jarrera eragileena. Zenbat harreman eta bikote galdu den barne egiazko sentimenduak ez kanporatzeagatik.
* Bai zirrara bai mina, izatea zeharkatzen duten sentipenak arren, desagertu egiten dira, eta biluzik bezala uzten gaitu, nahiz sarri barne pleguren batean zahar baina bizi dirauten.
* Pobre izaten jarraitzen du herriak, baina aberats garela hazia erein digute; horrek zorigaizto sentimendua areagotu digu, eta pobrezia madarikatzen badugu ere, pobreagoak mesprezatzen ditugu.
* Ezindu egiten gaitu beldurrak, edozein arlotan. Ondo daki hori, jakin behar luke, oldartuak, edozein dela ere aurkaria. Galdua du partida beldurra nagusitzen zaionak. Gizarte honetan arrazoiak baino beldurrak eragiten du gehiago, hainbesteraino degradatu da “homo sapiens” harro deritzana.
* Errudun sentipenarekin bizi gara gizakiok, beldurrez eta kezkaz agian. Datorkigun salaketa edo aieru zantzu txikienari azalpen zuritzailez erantzuten diogu, ”hor konpon” batez, barnea bare gordetzeko patxadarik gabe bezala. Norberarekin bakean bizi denari ezer gutxi inporta dio besteek diotenak.
Nolakoak
* Sentiberatasun orok du bere usaina, usaimen hori da erabat kamustu zaigun ahalmena
* Komunikatzeko dira sentimendu batzuk, komunikatu beharrekoak beste batzuk norbera beraiengan ez itotzeko, gorde beharrekoak beste zenbaitzuk beraiekin bestea ez itotzeko, eta badira ere norberaren altxor edo sekretu diren sentimenduak giltzarrapoz gordetzen ditugunak edo gorde beharrekoak.
* Zein gozoa den begiezko sentipen trukaketa, bera da sakonena, gozoena ere: hitzak soberan utziz, hitzez harago adierazten duten begirada labur horiek.
* Aldakorrak dira desioak, haizeak daraman hautsa bezalakoak. Pozgarriak agian une batez, laino beltz bestetan, desioen esparruan mugitzen gara sarriegi, hortik datoz porrotak; ez gara errealitatean oinarritzen eta desiren ondoren errealitate krudela geratzen zaigu. Desioak gizartearen ardatz antzuak dira, akuilu eraginkor bihurtzen ez direnean.
* Argia ezagutu duten eta ezagutu ez dutenen itsutasuna arras ezberdina izan behar du. Sentipenek euskarri arras ezberdinak dituztelako garunetan.
* Damua uneko sentipena da, mingarria, baina inolako eraginik gabekoa. Urkatu eginen duzu damua lehenengo aukeran.
* Denboraz, arduraz, lekuz edo eragin aukerez urrun geratzen diren arazoez kezkatzeak, ezintasun eta etsipen frustrazioa dakar.
* Bihotzaren arrazoiak ez ditu sekula arrazoiak ulertzen, ulertu uste izan arren.
* Gauak ekarri ohi du aholkua, baina sarri hain garbi ikusitako iritziak, hartutako erabakiak, erabat arruntak iruditzen zaizkizu hurrengo goizean. Baina egia da halako argitasun batek biltzen zaituela biziki gaueko ordu esna horietan.
Gordeak
* Sentipen eta pentsamendu gehienek gordetzen ditugu azaleratu gabe. %99´99 edo gehiago. Gure barne bizitza, pentsamendu sentsazio eta sentipenenak, altxor gordea dira. Askeago ginateke irekiagoak bagina eta sentimendu gutxi batzuk soilik gordeko bagenitu guretzat, sekretu behar dutenak soilik.
* Pozoitu egin ohi dira ezkutatutako sentimenduak. Zenbat bikote galdu dira, maiteari maite duela esan edo adierazi ezagatik.
Zertzeladak
* Edozer galtzen duela ere, betirako galtzen duen sentipena du gizakiak, izan ere galtzen den oro, txikikeria izanik ere, betirako galtzen baita.
* Beldurra eta lotsa giza-dohain osagarri baliagarriak direla barneratuko bagenu, lasaiago genbiltzake bizitzan.
* Inertziaz edo ez inertziaz, bortitzak edo gozagarriak, emozio pilaketak absurdoa egiten du gizakia, lehertu egiten baita azkenean bere eta ingurukoen kalterako.
* Amorruz ez ezik, pozez ere, edo oinazez, egiten da negar; sentipen ororen ezaugarria izan daiteke negarra, sentipen hori mina eta bizia denean.
Hitza
* Hitza zen hasieran, hitza da amaieran ere sarri. Hitza, nolanahi, kanporatua edo garunetan soilik, bizitza kontzientearen adierazlea da, hitzen errotari eragiten diogun heinean bizitza ehotzen dugu.
* Guk geuk egiten dugu erreala geure baitan, zer den, dagoen ere, ez dakigun kanpoko hori. Eta hitzek egiten dute batez ere edo gehienetan, besteentzako ezagun bakoitzaren barne errealitatea.
* Hitzak egintzak baino indartsuagoak direla esan ohi da. Alderantzizkora ekarri nau esperientziak. Egunsentiraino denekin hitz eginen zuela zion lehendakariaren indarrak putzak baino ergelagoak izan dira. Agian distantzia motxegira begiratzen dugu; begirada luze batez, hitzak baino hitzen atzeko ideiak direla eragileenak ziurtatuko genuke. Hitzok zintzoak direnean.
* Indarra dutela hitzek, bai eta ez. Norenak diren eta noren belarrietan erortzen diren, hor daude eraginaren mugak
* Ekintzak gauzatu aurretik ikusi ahal da gehienetan hitzen ustela, hitzok tonu goxoz edo irribarrez gozatuak arren.
* Bi mundu bezala daude: Hitz abstraktuz mintzatzen direnena, -politiko, intelektual, eta zientifikoena gehien bat, poetena sarriegi ere-, eta hitzok antzuak gerta ohi zaizkion herri xehearena.
* Keinuen hizkuntza, hitzena bezain esanahikoa, seguruenik hitzen aurreko kodigoa, ezezaguna askotan, kontutan hartzen ez duguna da gehienetan.
* Hitza -ahoz zein idatziz- jolas duenak, hitza beste ezer gutxi gehiago behar duenak, hitza bera du baliabide eskurakorena entretenimendurako.
* "Hurrengo geltokia": "Hurrengo" ez da beti ondorengoa, tartean gelditzen ez den geltokirik bada. "el siguiente", “hurbilena”, "el más cercano", “hurren dagoena". Lelokeriak diren hizkuntzaren barne joko politokin egin ahal da, paisaiak laguntzen ez duenean, eramankorragoa, motzagoa eta jostagarriagoa autobuseko ibilbidea. Gehienetan pentsamendu hitz bihurtu gabeok dira gizakiaren sekretu nagusia.
Erantzukizuna
* Erabaki sendoak hartu behar ditugunean hasten zaigu benetako borroka, gure baitako hainbat jarrera, nahi, eta heldulekuri egin beharko diogulako uko.
* Edozertan zerbait izan nahi duenak erantzukizun orekatu bat du beharrezko, okerbideetan sar ez dadin.
* Haizea alde ere, bidea egiten ez dakienak zaila izanen du behar duen portura garaiz eta onik heltzea.
* Arduragabetasuna da haizea alde dagoeneko arriskua, horrek eraman dezake ontzia arrokatara.
* Obedientzia diziplinarekin nahastetik datoz menpekotasun absurdo asko, askoren duintasunik eza, edo duintasuna galtzea.
* Estrategia ona da lotsarena, arazoei eta galderei iskin egiteko.
Kontzientzia
* Ez dago bizitza kontzienterik pentsamenduz bilduta ez dagoenik. Ezta bizitza inkontzienterik ere, konorte gabe ez bagaude behintzat.
* Ez dakit zer den edo zertan datzan bizitzaren duintasuna. Besteez arduratzea, besteenganako errespetua, gizartearen zati kontziente izatea, ... hori dena izatera bultzatzen didan eta zaintzen dudan barne berezko hori dela uste dut bizitzaren duintasuna. Injustiziaren aurrean amore eman ezina, ahulduren eta gabezien lotsa sortarazten didan joera hori.
* Norbere ongizatetik baino, okerrago dabiltzanak ikustetik ondo bizitzearen kontzientzia hartu edo areagotzea, askoren gaitza da, inozoen kontsolamendua.
* Ezin uka kontzientzia ezaugarri baliotsua dela, egia da ere norbere erantzukizunetik urruti dauden gauzengatik errudun zarela pentsarazten badizu izan daitekeela kaltegarria kontzientzia. Baina gaur egun urrutieneko arazoen erantzule gara edonon gaudela ere. Sentipen soil bihurtzen denean da ahulgarria kontzientzia.
* Kontzientzia sentipen soil bihurtzen denean da ahulgarria. Kontzientzia hurbileko arazoei lotua dagoenean eraginkorra, nahitaezkoa norbaitek arazooi buruz eragile izan nahi duenean. Denboraz, arduraz, lekuz edo eragin aukerez urrun geratzen diren arazoez kezkatzeak, ezintasun eta etsipen frustrazioa dakar.
Grinak
* Maitasunak bezala amorruak ez du gehienetan arau edo arrazoi jakinik, kausa bat jartzen badiogu ere: sartzen zaigu, eta kito. Inertzia.
* Ezina da gorrotoa, ezina inbidia ere; inbidia eta gorrotoa, nahiz ez beti, batera doaz, baina ez dira berdinak.
* Anbizioa, bere neurrian, bertutea da. Ez da berenez gaitza.
* Egia da pasio gorenak hiltzen dituela gerrak eta behekoak suspertu, baina zentzu zabalean hartu behar da gerra kontzeptua, eguneroko arazoek ere pasioak akuilatzen baitituzte, eta zentzua lausotzen
Zertzeladak
* Asko luzatu ezkero gauzak pentsatzen, ez da erabaki sendorik hartzen. Momentuan garbi ikusten ez dena, hausnartzeaz soilik ez dira argitzen. Datu berriak jasotzea da lagungarri bakarra.
* Hutsalaren hutsalez hartutako erabakiak dira benetan arriskutsuak, horrela emandako aginduak dira zitalenak.
* Norbera norbere infernu ez denean dira besteak infernua
* Gauzak aldatu egiten dira, beti, -gure eraginez ez bada okerrerako gehienetan- lehengoan jarraitzen ahalegintzen garen arren.
* Gutxi aldatzen da gizakia umetatik zahartzarora, asko aldatzen denean ere.
* Besteari adi dagoena da laguna. Halako sen berezi bat dago lagunen artean, lotura ikusezin definigaitz bat bezala.
* Lagun bakar bat galtzeak munduko sufrimendu guztia ekar dezake.
* “Zer da patua?, Adibidez pertsona bat deseatu eta lortzea; gure patua idatzita egonez gero unibertsoak berak konspiratuko du gerta dakigun , ...”. Kimika da patua, kimikaren ondorioa, besterik ez da patua, ekintza xumeenean ere, askatasunaren ukazioa. Horregatik da gezurrezko komedia gure mundu eta gizartea.
* “Gizon heldugabearen ezaugarria kausa baten alde nobleki hil nahi izatea da; gizon helduarena, aldiz, kausa baten alde umilki bizi nahi izatea”: beldurgarria da esaldia. Kausa batengatik bizia eman dutenak, kartzelan daudenak, bizitza osoa kausa noble bati eskaini diotenak, … heldugabeak ziren?. Inola ere ez. Baina neuk ere uste dut egunerokoan borroka egitea, umilki eguneroko kausa baterako bakoitzaren ahalegina, hori dela ekarpen nagusia, eta horretan huts egiten dugula.
* Gustuko du gizakiak oroitzapenaren, memoriaren eta historiaren muga ezezagun horietan murgiltzea