Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak

Liburuak

Jon Etxabe 2016/10/24 09:12
Liburuak 2 – II. Zenbait libururi buruzko iruzkinak

Liburuak 2 – II

Gauak eta hiriak. Ur Apalategi Idirin

Groelandiako lezioa.  Bernardo Atxaga

Harrien lauhazka. Iñigo Aranbarri. Poema-liburua

Haur besoetakoa.  Jon Mirande

Herioaren itzalpeetan.  Andolin Eguzkitza

Henry Bengoa inventarium. Bernardo Atxaga

Kartografia. Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Poema-liburua

Keuner Jaunaren Kondairak. Berltot Brecht

Koaderno gorria.  Arantxa Urretabizkaia

Lisboako Setioaren Historia.  Jose Saramago   (Jon Alonso)

Marinel zaharraren balada. Sarrionandia Joseba - S. T. Coleridge. Poema-liburua

Nongo nor. Jon Aiastui. Poema-liburua

Olerkiak. Loramendi. Poema-liburua

Oroituz.  Jon Arretxe

Pasaia Blues.    Harkaitz Cano

Poemak  1950-1966.  Jon Mirande . Poem-liburua

Samurai berria. Josemari Velez de Mendizabal

Txirringaren aienean. Amaia Elosegi - Esther Mugertza

Ur-Tximeletak. Pili Kaltzada. Poema-liburua

 

Gauak eta hiriak.  Ur Apalategi Idirin

Gai interesgarria, gazteen mundua, eta hiria.

Gazteen harremanak lirateke gaia, pertsonaiengan gehiegirik sakondu gabe.

Gaia bera litzake ekarpen nagusia, gazteen eta hiriko gaia.

Tipologia bitxia eta erreala.

Ondo-biziei buruz ari da batez ere, ez gazte gehiengoari buruz.

Ez dit gauza handirik esaten

2. kapituluaren zergatia ez dut ikusten: sobera dago.

Zintzo kontatzen du istorioa, zuzen.

Trebetasuna erakusten du, ausardia ere bai.

Egitura zuzenak, bidezkoak.

Idazkera xumea.

Gaia hiritarra izanik nekazari irudiak ere badarabiltza.

Elkarrizketa zenbait sobera daude.

Ezertara ez datorren mila kontakizunetan galtzen da, interesgunea desbideratuz.

Kaskar bukatzen du, ez du borobiltzen istorioa bukaera sendo batekin.

Adjektibo zenbaiten erabilpena okerra deritzot, hori ez baita herriak eman izan dion zentzua edo esanahia: “Edalontzi mardula”, “ile zuzena”, …

Ez du ekarpen berezirik literatura aldetik.

Heldu gabekoa deritzot, kontaera, kontaketa eta kontakizuna.

Ezagun da gaztea dela egilea. Sendotasuna falta zaio.

Ezkorregia bada nire iritzia ere, horrelako idazle eta liburu pila behar ditu literaturak mardulduko bada.

Bejondaiola Ur-i.

 

Groelandiako lezioa.  Bernardo Atxaga

Saiakera bitxiak bitxiki bitxituak.

Saio liburua: kapitulu edo atal bakoitza gai ezberdin bat delarik.

Mila ideia, burutapen eta hausnarketa bizitzari buruz, mila filosofia txiki jarraian.

Aberatsa ideietan, irudietan, esaldietan.

Hiztegia edo lezioak aitzaki, mila burutapen ezberdin botatzen ditu bata bestearekin korapilatuz.

Kontaketaren harira bestelako burutapen paralelo interesgarriak nahasten ditu.

Ezker Abertzalearen zein ETAren aurkako iritzi franko, beste partidu eta jokabideei buruz berriz bat bera ere ez.

Sendotasun sentipena sortarazten du: ez da arinki idatzitako liburua ez idazkeraz ez mamiz.

Bada alfabetoaren erabilera bitxia, istorio bakoitzarekin ezberdin jokatuz.

Zenbateraino ematen duen alfabetoak irudipena izanez gero!.

Azkarra, argia, da, baina grazia falta zaio.       

Badirudi oso bakun idazte duela baina izugarrizko abilezia behar da horretarako: hainbat idazle erabat nahastu eta zailtzen dira xume jitea eman nahi ahaleginean.

Idazte-dotoretasunaz gain orijinaltasuna ezingo dio inork uka Atxagari.

Irudi eta esaldi bitxiak, agian herrikoak agian asmatuak, baina bikainak.

“irudipena daukat”: modu ezberdinak gauza bera esateko.

Abila benetan idazten, idazki txikiak eta xumeak direnean ere.

Orijinala, bitxia, kontatzen dituen gauzetan.

Umore ukituak zipriztintzen du dena.

Segurtasuna dario idazkerari, fidagarria bilakatzen zaizu egilea nor den ez badakizu ere: idazle askori falta saion dohaina, idazkeraren fidagarritasuna sortaraztea.

Nagusitasunez idazten du; nagusitasuna ez dionarengatik soilik, idazkeran baizik.

Batzuetan nahi duen bezain ondo idazten (ez) duen konplexua, hutsaren hurrengoa dela idatzitakoa (?)

Zenbait erdal esaldi zuzenean itzultzen ditu, berdin zenbait esanahi zehatzeko gaztelerazko hitz bere horretan idazten ditu euskaraz ere.

Bururatzen ez zaizkizun hitz-joko eta esaldiak, esateko erak darabiltza.

Letra-molde eta tinta belzduna ezberdin darabiltza gai eta testu ezberdinak bereizteko.

Maisuki darabiltza irudiak, bere inguruan iritzi eta burutapenak korapilatu eta argitzeko, Groelandiako ipuinean.

Esaldi luzeak egiten ditu, borobilak baina borobilduagatik, jarrai-zailak erme.

Baditu zenbait esaldi behartuak, berezkorik gabeak, finkotasuna falta zaienak, pentsatuegiak diruditenak, landuegiak bezala.

Hotzegia, berezkotasunik gabe, naturaltasuna falta zaio.

Agian errepikatuegia bilakatzen da alfabetoaren baliabidea eta erabilera.

“Mendiak gora”, irudiak: orijinaltasun osoa!.

Mamuena: apaindura gutiko idazkeran.

 

Harrien lauhazka. Iñigo Aranbarri. Poema-liburua.

Ausarta denik ezin uka, bide berrien bila dabilenik ere ez.

Ideia, iritzi eta irudi pila bata bestearen ondoren, ia loturarik gabe, edo sakoneko ideia baten inguruan, edo norberak jarri edo igarri behar duena da lotura.

Asko iradokitzen du, aditzera eman, irakurlearen ustez, baina auskalo zen zegoen Iñigoren asmoetan edo kontakizunen helburuan.

Bizitzaren hainbat barne zokotan sartzen da.

Zenbat ideia txiki eta xume, irudi diren ideiak edo ideiak diren irudiak,  ideia edo irudi beraren inguruan.

Ezkorra askotan, gai latzak darabiltza erabili ere: tristea, esperantzarik gabea: errealitatea ote horrelakoa?.

Poesiaren xarma du, tximeleten ukitua, giroz jauzia ematera bultzatzen du.

Konzisoegia, trinkoegia, laburbilduegia, zizelatuegia.

Hitz edo irudi batetan gauza asko esan nahi ditu, edo gauza bakar bat baina irudi edo hitz bakarrean osoki ideia osoa.

Sentipen eta iritzi pila esnarazten ditu.

Tarteka ez dakit zein den gai, sentipen edo iritzi konkretua; agian ideia orokor bat da soilik esan nahi duena. Agian nik jasotzen ez dudan edo asmatu behar dudan  zer konkreturen bat dago azpian.

Kosta egiten zait hainbat poematan esan nahi duenaz jabetzea.

Aztarren bila sailean sinbologiaren bila, zaila egiten zait  ulertzea: behartuegia, ez naiz eroso, gustura sentitzen, aparte geratu naiz, kanpoan, urrun.

Poesiak goxo, erraz eta berez barneraino sartzen den literatura behar du izan.

Sentipenak astintzea ote soilik poesia?.

Kontakizuna zuzenean egitea, errealitatea, sentipenak edo iritziak zuzenean ematea ere poesia da erritmo eta giro egokia ezarri ezkero.

Ze nolako irudimena duen mutikoak!!!.

Irudiak erruz ateratzen zaizkio, edo bilatzen ditu, botatzen ditu behintzat.         

Tarteka iluna eta korapilatsua, zila ere, egiten zait.

Behartuegia, ideia orori jarri behar balitzaio bezala irudia.

Arratseko galderak: zirraragarria gaiez, agian erritmoa falta zaio tarteka.

Port Sarajevo, port Euskadi. 

Hizkera arazoak, idazle ororen ajeak.

           

Haur besoetakoa.  Jon Mirande

Gai gordinak: bere garaian gordinago behar zukeenak.

Gizakume heldu baten neskatila ia ume batenganako grina edo amodioa.

Maitasunik gabeko ezkontaurreko harreman eta sentipenak.

Izugarri latzak dira Isabelekiko arrangura, ezinikusi eta harreman eramanezinak.

Gizakiaren sentipenak deskribatzen ditu zehatz.

Pentsaera liberal eta agnostikoa du, pertsonaia nagusiak behintzat.

Jainkoa eta gerokoari buruzko kezkak azken atalean, kritikak aurrekoetan.

Pertsonaiak bere burua tronpatzen du azken une larrian, sinestea komeni zaionean, azken orduan.

Irudimen handikoa.

Irudiez baliatuz idazten du tarteka, irudiez azalduz esanahia.

Deskribapenetan luzatzen da, pertsonaiak zein egoerak deskribatuz.

Gaur egun aurkitzen zailak diren, ermiak ez diren, esamoldeak: “inguratu zituen begiak leihotik suaren aldera”.

Idazkera aldetik asko landutako eleberria dirudi.

Ez darabil erdal hitzik, euskal hitzez soilik baliatzen da, atzizki eta antzerako jokamoldez baliatuz esanahi ezberdinetarako

Oso aberatsa esaldi ezberdinetan.

Zabala da irudi eta ideietan baina sintetikoa esaldietan, hitz gutiz azaltzen ditu iritziak.

Ez da oso landua idazkeran, bai tarteka irudi eta esaeretan.

Aditz-flexio politak eta ugariak: asko darabiltza guti erabili ohi diren moldeak.

Erme darabil subjuntiboa.

Hitz konposatu asko asmatzen ditu.

Ermea da hitz bati atzizkia ezarriz hitz berria sortzen, jatorrizko hitzari esanahi berria gehituz.

Hitz eta esamolde hainbat usu hala erabiltzen zituelako ote ala beharrak eragin eta asmatuak ote?.

Euskalki, idazkera edo idazle ezberdinen aberastasuna eskaintzen du liburuak.

Asko irakurri, errepika, ikasi, kopiatu edo erabili behar genituzke esamolde aberasgarriok.

 

Herioaren itzalpeetan.  Andolin Eguzkitza

Gerra garaiko kontuak, nagusiontzat ezagunak.

Agian gai interesgarria litzake gazteentzat, gerra ondorengoentzat.

Oso guti kontatzen du nolanahi gerraz

Gehien bat Ozkoidi, nafar pertsonai abertzalearen biografia da baita, Nafarroako PNVren historia ere

Errepikatu egiten ditu hainbat gai eta egoera, baina ez ezer berririk edo ezberdinik eskaintzeko.

Azken zatia sermoi bat da.

Kontakizunak ez du tentsiorik edo interesgunerik.

Aditz sintetikoak darabiltza erruz, baita ezohizko aditz eta formak, guti erabiliak

Aditz-aldi guti erabiliak darabiltza, potentziala ere bai.

Iparrera eta Nafarrera forma erabiltzea interesgarria eta aberasgarria da.

“pentsamenduari langa ireki”: esaldi politak darabiltza iritzia azaltzeko.

lantsua, begirategi (balkona), ... eta hainbat hitz niretzat dudakoak direnak, nahiz uste dudan sartu behar direla ohizko egin arte hizkuntzak behar dituelako idazterakoan.

Zalantza asko ditut zenbait esalditan, jatorrak ote diren.

 

Henry Bengoa inventarium.  Bernardo Atxaga

Gustura irakurtzen den jostailu motxa.

Jeinua Bernardo.

Itxuraz hain kontaketa bakuna baina ze giro bitxia lortzen duen.

Bere suspense eta irri ukituarekin.

Xalotasunaren miraria.

Izugarri bitxia gertatzen da baliabide arruntak erabiliz.

Lau esalditan ikusi sentitu entzun arazten digu osotasunean kontatua, errealitatea, jendea,giroa, ingurua, sentipenak, ...

Itxura batetan ezereztxo bat, baina ze polita

“Kargamentu pisuekin”: arraroa egiten zait pisua adjektibo lez erabiltzea, guk beti astuna erabiltzen dugu.

Liburuaren bigarren zatia ez da lehenengoaren gaztelerara itzulpena, bilduman ohi den lez, gaztelerazko Bernardo beraren lan berri bat baizik. Ez dakit hala behar duen ala argitalpen interesen ondorio edo akatsa.

 

Kartografia. Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Poema-liburua.

Bizitzako uneak, egoerak, harrapatu, heldu eta letra, hizki, bihurtzen ditu.

Irakurri irakurtzen dut baina ez dut piperrik ulertzen.

Inolako sentipen, iritzirik ez burutapenik gabe zeharkatzen dituzte hitz idatziak nire begiek.

Irudi pila ditu baina ez dakit zeren inguruan edo zer esateko elkar josiak.

Irudietan galdu gabeko kontaketa zuzena dirudi hurrengoan.

Baina ez dakit zer esan nahi edo iradoki nahi duen.

Ez da izan hitz-joste hutsa.

Ez nau betetzen, ez dakit zergatik.

Are gutxiago nau barrutik astintzen edo kilikatzen.

Ez dit sentipenik ukitzen, gauzen ikuskera bat erakusten dit soilik.

Ez dut tximeletarik aurkitzen, badirudi berak ere ez duela atxiki.

Ezkorregia, negatiboegia, ez dute poztasunik poemok, agian bizitzak ere ez gehiegi.

Tristea, goibela, etsipena darie poemoi.

Urrun utzi nau, desgoga, irakurri dudan aldioro.

Nahiago nuke sinpleki, xume eta goxo kontatuko balitu bizipenak, irudi bila galdu gabe, irudietan erabat nahastu gabe.

Badira salbuespenak:

Musika ezberdinei buruzkoak oso ederrak dira.

Neguko sentipenak, eta bestelakoak, ....gustukoa dut

 

Keuner jaunaren Kondairak.  Bartolt Brecht

Tarteka gogoeta edo meditaziorako vademekuma dirudi.

Bizitzarako aholkuak, interesgarriak asko.

Bizitzako filosofiak, edo hausnarketak.

Munduko gai guztiak ukitzen ditu.

Egunero meditazio tartetxoa egiteko modukoak.

Errezeta moralak, kode morala dirudi.

Edozein pertsona eta edozer egoeratako dira baliagarriak kondairok Marx edo Biblia bezala.

Ez diet  grazia askorik hartu hainbat kondairari: agian alemanezko idazkeran eta alemaniarren bururako du muina eta erakargarritasuna.

Batzuk zailak dira ulertzen.

 

Koaderno gorria.  Arantxa Urretabizkaia

Ama baten seme-alabarekiko sentipen eta egoera.

Pertsonak eta beraien ingurua deskribatzen ditu.

Pertsonen barrura sartzen da batez ere, nahiz azaletik.

Barnekoia.

Xumea edukietan eta idazkeran.

Garai bateko egoera ere xume eta azaletik intsinuatzen du.      

Caracas nolabait ezagutarazten du, azaletik eta puntutxo batzuetan, bi trazu azalekoz.

Kontakizun zuzena eta egunkariko irakurketa kiribiltzen ditu bi ekintza paralelo eramanaz, nahiz biak elkar lotuta egon.

Tentsio puntua du, suspense ukitua.

Zehatza eta fina deskribapenetan.

Zehaztasun handiz idazten du edo kontakizuna kontatu eta egoerak deskribatzen.

Estilo eta lexiko xumea. Ez da nahasten  ez korapilatzen esaldi zailetan edo bihurrietan, ezta hitz arraro edo ezohizkoetan ere.

Ez du bitxikeria edo zehaztasunik bilatzen hitzen bidez.

Hitzen ordenua dela-eta hainbat esalditan ez dago behar haina azpimarratuta esanahi nagusia.

Airearen pisua ala astuna?.

Bere estilo propioa du

 

Lisboako Setioaren Historia.  Jose Saramago  (Jon Alonso)

Ezustea gertatu zait liburua, beste zerbait espero nuen zer ez banekien ere. Espero nuen ezberdin-ezberdina da.

Patxaran, umorez, lasaitasunean eta filosofiaz irakurtzekoa.

Ezkerreko pentsaera, gizon zintzoaren iritziak. Egiatia.

Sarrera bitxia du: zenbait filosofiatxo polit, interesgarri, bizitzari buruzko burutapen, hizkera eta forma ezberdinez esanda.

Mila filosofia ezberdin, gai ezberdinei buruz.

Zenbait iritzi, zenbat burutapen, ... eten gabe botatzen ditu, galdu bezala egiten da idatz jarioan.

Lisboako deskribapena ere bada, agirikoa da maite duela Lisboa.

Turista eta bisitariok ez ditugun begi eta arretaz begiratzen dio Lisboari.

Guk ez genuen maitasun eta ezagupenarekin deskribatzen du Lisboa, historiari lotuz.

Argitaletxe baten egitura eta jarduera agerian jartzen du neurri batetan.

Mila pertsonon xehetasun eta jokabide sekretu azaleratzen ditu.

Arreta handiz begiratzen die pertsonei eta barne zein kanpo inguruari.

Giza barnea sakon arakatzen, miatzen du.

Gauzen zergatia, ondorioak, ... egia historikoa non dago?.

Maitasun istorioa ere bada, maitasunari buruzko hausnarketa kontakizunaren zehar.

Istorioen eta historiaren erlatibotasuna agerian jartzen du: gertatua eta kontatua ez datoz bat.

Zalantzan jartzen du historia heldu zaigun bezala, gertatutakoa non?, istorioen erlatibotasuna nabarmentzen da eten gabe.

Hitz bakar batek, “ez” hitz soilak, aldatu dezake historia idatzia.

Historiak ia ez du haririk, hitz eta gogoeten jario agorrezina besterik ez da.

Haria badu, baina gauza gutxia da azkenerako hainbat iistorio kontatzen digun arren.

Haria kontakizunerako aitzakia besterik ez da, hari mehearen inguruan korapilatzen da, haria iritzi ezberdinez lodituz bukatzeko.

Hitzen, eritzien eta irudien uholde bukaezina, agortezina.

Erabat korapilatzen da, pentsamoldeetan eta esaldietan.

Kultura zabala du, edo fitxategi oparoa eta fitxategia erabiltzeko trebezia.

Xehetasun asko ematen ditu deskribapen eta egoeren zein pertsonen azterketetan.

Esaldi luzeak egiten ditu, esanahi eta esaldi ezberdinak korapilatuz.

Punturik gabeko orrialde osoak, maisuki eta berezi-berezi emanaz esanahia.

Maiuskula darabil elkarrizketa eta gai ezberdinak bereizteko, punturik gabeko idatzaldietan.

Tarteka ez dakit ze funtzio betetzen duen maiuskulak idatzi-sail barruan, funtzio zehatzik badu.

Memoria eta irudimena jarri eta erabili behar dira sarri barruko esaldi eta esanahi ezberdinei lotura jartzeko.

Betiko idazte mekanikak huts egiten du hemen, beste idazkera ezberdin bat da.

Lehena eta oraina nahastuaz doa.

Abila da esaldi bitxiak eta esaldi jokoak egiten, hitzekin jolasten.

Umore puntua ere dario.

Tarteka ulerzaila da: jatorriz ala itzulpenaren ondorioa ere ote?.

Orokorrean baina inolako arazorik gabe irakurtzen da, euskara petoan idatzia izan balitz bezala, idazkeraren zailtasunak ditu soilik.

Euskarazko esaldi petoak sartzen ditu, ez dakit zein jatorrizko esaldien itzulpen gisa, ez dira hitzez-hitzezko itzulpenak.

Artista baten itzulpen lana da, forma berriak erabiltzen ditu esanahia azaltzeko.

Aberatsa euskara aldetik ere: formak, aditza, hiztegia, esaldiak, ...

 

Marinel zaharraren poema.  J.Sarrionandia - S.T. Coleridge. Poema-liburua

Poesia:kontaketa beste maila batetan jartzea, pertsonen naturaren, gertakizunen arimari heltzea, krisalidatik tximeleta sortaraztea.

Marinel baten istorioa kontatzen du poemak.

Misterio kutsua sortzen du, giro iluna, ... mito kutsua du.

Zehatza da deskribapenetan.

Itsasoko giro geldoa maisuki azaldua dago.

Aldi berean jakin-mina sortzen du, eleberri edo istorio baten suspensea.

Harrapatu egiten zaitu, interesgunea zure barne gordeenean ainguratzen du.

Eta ez zaitu utziko azkeneraino, zuk ere ez duzu azkenean marinel zaharra utziko.

Marinel zaharrez bilduta geratuko zara, bere ontzian marinel zu ere.

Jatorrizko poemaren giroa eta esanahia egoki eta txukun jasotzen du.

Ingelesez duen xarma galtzen du ordea hainbat esaldi eta pasartetan.

Euskaraz soilik irakurrita akatsik gabeko gustagarria litzake.

Ingelesarekin alderatuz eta biak elkarrekin, batera, irakurriz, galdu egiten du xarma euskaraz.

Idazkera xumeagoa duela uste dut ingelesez, itzulpena gehiago korapilatzen da.

Trinkoagoa da agian ingelesez, bi hitz eta giroa pil-pilean jartzen du.

Baina Josebak lortzen du tximeleta askatzea, esanahia gordez. Jator gainera.

Tximeleta du poema jatorrizkoak bai poema itzuliak.

Bihotza kizkurtzerainoko xarma dario poemari.

Poemaren giroa jasotzea uste dut dela itzulpenaren ekarpen nagusia.

Edozein itzulpen zaila bada, areago behar du izan poesiarena, hitzak, zentzua eta esanahia ezik giroa ere itzuli behar baita.

Tximeleta nola askatu esanahia gordez, hor dago koska.

Hitzik ez duen baina hitzek biltzen duten tximeleta ere askatu egin behar du itzulpenak.

Itzulpen honetan dager arazoa hori, baita korapiloa askatzeko gaitasuna eta abilezia ere.

Poesia itzulpenari buruzko ikerketa gauzatzeko aukera aproposa eskaintzen du balada bikoitz honek.

Lerroz aldatu hitzak, esanahia laburbildu, itxuraz hitzak jan, trinkotu, ...

Kontaketa xumea, lau lerrotakoa, baina berez osatzen dena.

Hizkuntza aldetik ez du bestela erakargarritasun handirik.

Nahiago ditut Sarrio beraren lanak.

Marrazkiak ere gozabideak dira, beraiek ere irakurgaiak, arreta eta soa merezi dutenak.

Marrazkiek laguntzen dute poemaren giro berezia gauzatzen.

 

Nongo nor. Jon Aiastui. Poema-liburua

Ez nau bere baitan harrapatu. Ez nau betetzen. Kili-kolo uzten nau.

Ez dut tximeletik harrapatzen. Ez naute barnetik kilikatzen.

Bukatugabeak iruditzen zaizkit. Hotzegiak agian.

Trinkoegiak, lotzen ez  interpretatzen ditudanak.

Beraiekin etxea eraikitzerik lortzen ez ditudan harriak.

Tximeleta bihurtzen ez den har polit bat da

“Gutxienarekin gehien sugeritu” agian egiten du baina ez zaio tximeleta agertu.

Irudimena eta pentsatu-beharra zirikatzea gauza bat da, erdi-loka, orekagabe, zintzilikako bizipenez uztea beste bat.

Esperientzia polit bat da agian.

Belarri garbiketan: oroimena eta maitasuna sarri dira halakoak, xume agertzen dira.

Heldu bako poemak iruditzen zaizkit, loka baileude.

Zintzilik bezala geratzen zaizkit, bukatu gabe bezala.

 

Olerkiak. Loramendi. Poema-liburua

Elizako edo erlijio gaiak dira gehienak.

Erlijiosoak ez direnak ere jaiko kutsua dute amaieran edo sakonean.

Ez da giza arazorik agertzen, arrantzaleenak ezik eta hauek ere oso orokorrean.

Giza barnera jotzen du, baina fede mundu inguruan soilik.

Ez da bestelako sentimendurik ia agertzen.

Natura darabil erruz, ia beti, kontagai, betegarri, lagungarri, eusgarri edo oingarri.

Natura idilikoa agertzen du, natura ez erreala darabil.

Idilikoa da bere Euskalerria.

Idilikoa da usoa bera ere poemetan, usoa kakati eta sorri kabi hutsa bada ere.

Natura eta erlijioa nahastua dabiltza bere poemetan.

Gizatiartu egiten du natura, giza portaera eta jokabidea ezartzen dio naturari sarri.

Ez du ia ezer zuzen esaten, giroa sortu egiten du batez ere.

Sugea izaki arbuiagarria, gaitzetsia, satanizatua da Loramendirentzat ere.

Irudipena, sentikortasuna eta naturarekiko hurbiltasuna agerian geratzen zaizkio.

Lur-barrukoa izanda itsasoa du irudigai nagusi.

Komentuan ia preso dagoen fraidearengan zaila behar du izan naturarekiko harremana irudimenez eta irakurketaz ez bada, umetako oroitzak lagundu arren ere.

Nondik ezagutzen zuen arrantzale mundua, baserritarra izanik, Hondarribian fraide egon bazen ere?. Agian horregatik.

Epikoa da tarteka, batez ere arrantzale gaietan.

Jira eta bira dabil irudi edo gai baten inguruan ezer berririk gehitu gabe.

Erritmoa du, hitzak ondorengo hitza berez eskatuko bailio.

Askotan behartuta itxuraz doa errima, hitza edo poema bera, berezkotasunik gabe.

Lasai sortzen du hitz berri bat bi hitz jakinekin.

Komeni zaizkion aldaketa, konponketa eta elkarketak egiten ditu hitzekin.

Hitz berriak asmatzen ditu, hitz batuketak egiten ditu, laburdurak sortzen ditu, ... errukirik gabe, lasai.

Beharren arabera aldatzen ditu hitzak.

Aditz trinkoa darabil erruz, errimaren neurriak, erritmoak eta giroak eskatuta, agian modan zegoelako, dotoretzat jotzen zelako edo hala teorizatuta zegoelako garai hartan.

 

Oroituz.  Jon Arretxe

Bidaia liburua, herriak eta gizakiak etxetik edo herritik mugitu gabe ezagutzeko era.

Sortaldeko herrietara mugatua.

Azkenean tragedia!!!.

Zergatik behar dute mesfidatiak baserritar edo nekazariak?. Kaletarrak, zer?.

Ez dut atsegin liburuaren estrukturaketa: Uribekoa dena sobera zait.

Gero ikusi diot zerikusia eta eragina Uribekoari, ez gehiegi baina.

Inozoa da pertsonaia, bere iritzietan, zalantzetan, jokabidean, ez da pertsonaia sendoa.

Xume baina jator idatzia.

Idazkera erraza, xaloegia askotan.

Gaztelera kutsua du, ez hitzetan, esaldietan eta estrukturan baizik.

Errazegi idatzitako liburuaren antza hartu diot, presaka bezala idatzia.

Hitz askoren hautaketa edo sorketa eztabaidagarria deritzot.

Ausarta da egilea, ez bidaiatzeko soilik, baita idazteko ere: idatzi eta kitto!.

 

Pasia Blues. Harkaitz Cano

Intriga istorioa borroka armatuaren, polizien eta liberatuen inguruan.

Literaturan ukitzen ez den gaia, berria, ezberdina, nobelagintzan: klandestinitateko bizitza, borroka armatua egiten dutenen beren arteko bizitza, liberatuen egunerokoa, entxupanamenduko egunak eta orduak, beraien arteko harremanak.

Bada pauso bat.

Ez du askorik sakontzen baina pintzelada batzuk ematen ditu eta hausnarketarako bideak jartzen

Sikiera oraingoan ez du poliziak irabazten.

Ez da ageri bizitza hori sustatzen duen teoria politikorik.

Agian ahul gelditzen da horregatik, herren eta maingu, osotasunik gabe.

Polizia-satorraren gaia.

Polizien ankerkeriak.

Gogorra izanik, ez du indar handirik kartzelakoak, laburregia, zuzenegia, motzegia, argiegia.

Zertara dator kartzelako galdeketa kontakizun osoaren barruan?. Ez du loturarik gainerakoarekin.

Pasaiako portuaren bizitza, historia edo kontakizunak ere badaude.

Hainbat gai ukitzen ditu pasadan: boxeoa, argazkilaritza, liburu irakurketa, poliziei buruzko zertzeladak, nola gauden denok harrapatuta, komisariak, kartzela, ...

Pentsakizunak, ideia ezberdinak, teoriak, ... tarteka

Baina pentsakizunok ez ditu kontakizunaren barruan sartzen, pertsonaien edo kontakizunaren barruan sartuz, tarte bat egiten die beraietaz aritzeko.

Irudimena du.

Irudimenezko burutapenak, sarri ulergaitzak.

Sinboloak, irudiak, ... ugari darabiltza kontakizunetik kanpo bere burutapenetan.

Irudi ugari, urbanoak eta gaurkoak gehien bat, ez du nekazari garaiko oihartzunik.

Idazkera zurrunegia du sarri, freskura falta zaio.

Argizaritan harrapatuta dago erlea!, geroxeago berriz lokatzatan.

Erdal esaldi petoak dira batzuk, erdaraz pentsatuko balu bezala, edo erdal giroan bizi balitz bezala, itzulpenaren kutsua.

“Astinduta geratu”, “pausoa ainguratu”, “begirada beheratu”, ... eta hainbat: erdaraz pentsatzen duenarenak dirudit, behartuak, hotzak, naturaltasunik gabekoak, ikusten da hainbat erdal esaldiri edo pentsamolderi irtenbide literarioa eman behar diela, asmatu egin behar du hori euskaraz esateko ... “Eskailera beherakorra”: “eskala descendente” edo antzerako zerbait esan nahi du,

“Zuhur demonioa”, polita da, “demonio” esaera bi aldiz ia segidan dakar.

Ez da nobela borobila, ez iritzietan ez kontakizunean, bai txukuna eta positiboa.

Bada ekarpen onuragarria nobelagintzan.

 

Poemak 1950-1966.  Jon Mirande.  Poema-liburua

Zaila egiten zait, euskara aldetik bai egitura aldetik.

Tristea da

Gogorra

Baina xamurtasun puntua dario beti

Ez naiz jabetzen erritmo eta egitura ezberdina denentz  edo zertan den ezberdintasuna edo aldaketa edo ekarpena aurreko poesiagintzari buruz edukitik at, sarreran berak aitatzen dituen berrikuntzak, ingelesen eragin hori adibidez.

Gaiez erabat ezberdina da aurrekoetaz, edukiz erabat ezberdina.

Gordina ere bada, erreparorik gabe bereganatzen ditu gaiak.

 

Samurai berria. Josemari Velez de Mendizabal

Historia politikoko hainbat gertakizun eta jokabide ezezagun edo ahaztuak.

Ideiatxo pila barreiatu ditu han-hemenka.

Diganteak buztinezko oinak dituela ikus daiteke.

Zenbait hitz eta esaldi gazteleraz dakizkienak soilik uler ditzake.

Baditu jakin-mina akuilatzen duten uneak.

Bukaeran edo azken txanpan ezabatu egiten zaio interesgunea.

Irakurriz denbora galdu dudan sentipena geratu zait.

 

Txirringaren aienean.  Amaia Elosegi - Esher Mugertza

Gaia izan zait interesgarria: zeharkatutako herrien berri jakitea iritzi zuzenez.

Herrion berriak interesgarriak dira, hainbat alde ezezagun eta ustekabe.

Asia edo Sortaldeko herriei begirada orokor bat.

Emakumeen arazoa beti dago bertan, emakumeak izanik idazleak ez zaie ahaztu bere problematika.

Tarteka bada bestelako hausnarketarik ere, xumeak.

Txukun idatzita.

Deskribatzaile finak dira idazleok.

Badu ere bere suspensea.

Oharrik idazteko ere astirik gabe irakurri dut.

Eleberri bat bailitz irakurtzen da, gustura.

Hizkuntza eta idazkera aldetik xumea da, ez dira idazkera zailetan edo landuetan korapilatu edo nahastu.

Baditu herri esaldi politak.

Irudizko esamolde erakargarriak ez zaizkio falta.

Abentura eta misterioaren ukitua du.

Suspensea ere dario tarteka, nola den posible horrela bidaiatzea, nola bukatuko ote.

 

Ur-tximeletak.  Pili Kaltzada.  Poema-liurua

Ezkor, dudakor, zalantzatia.

Bizitzaren alde ilun eta ezkorrak ukitzen ditu batez ere.

Egia da bizitza ere halakoa dugula,  gogorra.

“Itzuliko zara” baikorra da dionagatik, baina erremina dario.

Bere bizipen eta etsipenen kontakizuna dirudi.

Bere bizipen konkretuen ondorena dirudi diona, horregatik ez nau biltzen, arrazionalegia deritzot, urrun geratzen naiz.

Badirudi tximeletekin hitz eginez husten duela barrua.

Gaua, usaina, amodio galdua, bart, atzo, ... iragana da beti bere gaia.

Sexu giroa da gai erabiliena, maitasuna ardatz jarrita bezala.               

Idazkera zuzena.

Erritmoz, bizitasunez, solturaz, idazten du: gustukoa dut.

Pako Aristik ere tximeletaren irudia darabil poesiari buruz hitz egiten duenean.

etiketak: Liburuak2-II
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.