Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak1-II

Liburuak1-II

Jon Etxabe 2016/10/07 11:26
Liburuak 1 – II Izenburua B-C-D letrez hasita duten zenbait liburuei buruzko iruzkinak

Liburuak 1 – II

Bada hiri gorri bat. Asier Serrano. Poem-liburua

Badena dena da. Patxi Zabaleta

Baleen berbaroa. Edorta Jimenez

Berriro igo nauzu. Xabier Mendiguren

Bihotz bi. Gerrako kronikak. Ramon Saizarbitoria.

Bizi puskak. Juanjo Olasagarre. Poema-liburua.

Consumatum est. Juan Mari Irigoien

Demokratak eta biolentoak. Joxe Azurmendi. Saiakera-liburua.

Dena dela. Joserra Garcia. Poema-liburua

Denboraldi bat infernuan. Arthur Rinbaud. Mikel Lasa.

Denok bat.  Orixe.

E k o r e k a. Patxi Zabaleta

Emon Bihar Yako. Iñigo Aranbarri

Ene Jesus. Ramon Saizarbitoria

Erdaldunon Aberia. Paco Aristi

Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Josu Chueca. Luis Fernandez

Euskal ipuinen antologia bat. Iñaki Aldekoa

Euskara Batuaren ajeak. Ibon Sarasola

Ez duk erraza, konpa!.  Koldo Izagirre.

Ezer baino lehen. Arantxa Iturbe

 

Bada hiri gorri bat. Asier Serrano. Poema-liburua

Lehenengo poeman oso polita da zaharren zatia: sikira norbaitek poetikoki gaindituz gure ajeak loratzen dituenean!.

Oso tristea da, pesimista, ezkorra, iluna, etsia, hitsa, norberegan biltzekoa, garratza, ... baina gustura irakurtzen da, agian bizitza bera ere antzekoa delako, zati batetan bizitza bera ere halakoa baita.

Kritikoa ere bai, indarrezko mintzoa, pentsaera finkoa eta erabakia erakutsizkoa.

Egi borobil sarriak datoz poemotan, nire gustuz hain borobil emanak ez badaude ere, irudikopean ezkutatuegiak.

Anbibalentea askotan?.

Gazte egonezin baten jolas literario bihurria iruditzen zait askotan.

Uholdeka datoz irudiak zein iritziak: azkenez halako zer den ere ez dakizun sentipen opakoa geratzen zaizu.

Noizbehinka iruditzen zait eten egiten duela ideien erritmoa, gaiez aldatzen duela: oso nahastua uzten nau askotan. Haserako erritmoa eten egiten du eta ezustean harrapatzen nau  irakurtzeko orekarik gabe, poema bera ere kili-kolo bezala utziz. Agian nik hartzen ez diodan beste erritmo bat du.

Trinkoegia agian, ulertzaila, hausnartu egin behar duzu diona ulertzeko: baina nire ustez poesiak ulertu ondoren edo irakurri ulertu ahala hausnarrarazi behar du, ez ulertu ahal izateko hausnarrarazi.

Aro berriari buruzko gauza batzuk argiak dira, esaldiak bakarka hartuz, baina zer dio orokorrean poemak?.

Hitz-joko eta esaldiak gustura irakurtzen ditut, baina ez ditut ulertzen,

Askotan puzzle zailegia da niretzat.

Literalki ulertzen dut diona, baina poema bera ez dut ia ulertzen.

Agian neuk deritzodana ulertu behar dut besterik gabe.

Halako nirea ez den logika ezberdina du.

Askotan iruditzen zait pilatu egiten dituela esaldiak eta lotura irakurleak jarri behar dietela.

Adarjotze bromatsua ere badirudi hainbat poemak.

Freskoa, gaztea, zuzena: hitz lauez ari dela dirudi!, baina konposaketa, irudi, erritmo eta errepikamenez poesia giroa sortzen du.

Irudietan aberatsa, irudiz idazten du, ulertzen ez badut ere askotan esanahia.

Hainbat esaldi gezia bezalakoak dira, biziak, sarkorrak, tenk eginarazten dutenak, min ere bai askotan, muelle edo malgukia bezala jauzi egitera arazten dizutenak.

Izugarria da erakusten duen irudimena, irudien aberastasuna.

Irudiz blai, irudizko hizkera besterik ez du hitz lauzkoan ere, indartsua.

Hitz-joko politak dira poemok beti ere.

Konposizio batzuetan orijinala da: hark, zuk, nik, berak, zeruak, ...

Harrituta uzten naute bukagabeak edo indio-eran idatzitako hainbat esanaldik, baita ia poema osoek ere.

Modan dagoen idazkera da nonbait: ez puntu, ez komarik, jarraikian idatzia, irakurleak jarri behar die  hasera, bukaera eta tartekoak esaldiei; modakoa da esaldiak ikurrez ez mugatzea.

 

Badena dena da. Patxi Zabaleta

Nobela mardula, hau ere, kontatuagatik eta kontaeragatik, kontakizun sendoa.

Esan eta idatzi beharra dago, gogarazi beharra gerra zibila zer izan zen Euskal Herrian, ahaztura interesatu gehiegi baitago.

Istorio gordina da kontatzen diguna, baina historia da, gauregun ere eragina duena.

Espresatze arazo asko oso jator gainditzen ditu, ekarpen aberatsa du euskararekiko, esaldi bereziak jasotzen ditu, baita hiztegirako ere herri hizkerako hainbat hitz ere.

Nire iritziz baditu akatsak:

-Ideia eta pasarte batzuk ez daude ondo josita, errepikatuta baizik. Aurrera eta atzera jauzi nahasleak, nahasgarriak daude. Gertakizunak gehiegi edo zergatia askorik gabe errepikatzen ditu.

-Presaka edo patxadarik gabe idatzitako liburua deritzot, agian tarteka, Patxiren buruan mila detaileren osotasuna galduz. Agian horregatik dira errepikapenak.

-Fitxekin edo zatika idatzitako historia, gero elkartzen joan dena, puzzlea bezala.

- Azken ukitu, azken errepaso, behar du, azken orrazte edo jorraketa. Ze bakandu asko geratzen zaio.

-Erdal esamolde euskaratuei grazia eta ukitua falta zaie. literalki ondo egon arren. Gaztelerazko esaldiak dirudite batzuetan. Zuzenegi itzulita, hiztegia erabiliz soilik bezala, erdal pentsaera edo moldez. Euskal giroa falta zaie.

Azken guzti honengatik ez da nobela zeharo borobila, bai azkenaldiko onenetarikoa.

 

Baleen berbaroa.  Edorta Jimenez

Kontakizun edo istorio xaloa, gehiegi korapilatu gabekoa, pertsonaien sakonean gehiegi  sartu gabe.

Eleberria bakuna da, bai kontaera bai kontaketa bai kontakizuna.

Baina balearen arrantzari buruz, Euskal Herriko historiari buruz, hainbat istorio eta datu dakartza: aberasgarria.

Euskal Herriaren antzinako historia, gure herriaren zati bat.

Arrantzale bizitzari buruzko  hainbat  ekarpen interesgarri.

Gaur eguneko ikuspuntua, pentsaera eta arestiko historiaren ezagupena nabari zaio pertsonaiaren kontaketari nahiz antzina kokatu nahi kontakizuna, nahiz antzinakoa izan pertsonaia nagusia; gaurko mentalitate eta jakituriaz hitz egiten du, duela mende askotako mozorroaz jantzi.

Osaba pertsonaia perfektuegia da, gehienak;  zuriegiak edo beltzegiak.

Ez da larregiko bihurrikerietan sartzen idazkera bidea aukeratzerakoan: kontaketa motz eta zuzena eta kitto.

Bizkaierako hitzek esanahi zehatzagoa ematen dio kontakizunari, esanahia zehasten du alegia.

Hainbat esaldi herrikoi, jator, niri txikitakoak gogarazten dizkidatenak.

Maisuki gainditzen ditu arazo linguistikoak zenbait kontakizunetan edo esan beharrezkoetan.

Esamolde herritar kutsukoetan ekarpen aberatsa dakar.

Irtenbide eroso eta burutsuak aurkitzen ditu ideiak azaltzeko.

 

Berriro igo nauzu. Xabier Mendiguren

Gaurko gaiak, eztabaida sortu behar dutenak.

Eztabaidarako liburua.

Kartzelako sentipen eta egoera, barne egoera, finki deskribatzen du. Azkeneraino ez badoa ere.

Elkar ulertu ezinaren islapena: bakoitza berean setatzearena, ezin ulertuak, elkar ulertzearen zailtasunak.

Arrazonamendu paraleloak, elkartzen ez diren bi bizitza paralelo.

Azken kapituluko Txindokira bidean elkarrizketa du mami eta interesgune handiena: borroka armatuari buruzkoa delako agian: arazo larriak planteatzen ditu.

Amnistiaren Aldeko Gestoren jokabidea eta ingurua: oso era ezkorrean. Gestorek badute hainbat meritu eta alderdi on hemen isiltzen direnak. Baina gestoreri buruz dioenetik asko  egia da, beste batzuk ez: ez da egia, ni ibili naizen inguruan behintzat, pertsonak erabili egiten dituenik; pena da kritika negatiboa soilik  egitea.

Ez dut uste istorioaren ardatzak errealitatearekin zerikusirik duenik.

Kazetariak, ertzainak, politikoak, kartzelak, ... Euskal Herriko faunako hainbat  segmentu kitzen du, nahiko zentzuz eta orekaz.

Nahiko ondo islatzen du Euskal Herriko zenbait jokabide eta egoera: presoen etxeratzea, presoen egoera, ertzainak, politikariak, gazteen arazoak, hainbat jokabide, ...

Gai labaina aukeratu du, baita oreka gordetzea lortu ere: lorpen handia gaur egunerako.

Pertsona mota batzuk oso ondo islatuta daude, beste batzuei buruzko flashak oso egokiak dira.

Zergatik baina azken aldion ETA eta presoak dira gai ia bakarrak eta nagusiak: beste gaiak zeharka ukitu beharra dagoelako ukitzen dira, beste batzuk ukitu ere ez mamitsuak izan arren: iturgin jeltzaleak, galgoak, alderdi politikoen diru-iturriak, tortura, politikoen lanaren urria eta kobrantza oparoa, alderdi politikoa,... bada mila gai tentagarri eta mamitsu hainbat nobelarako baina inork ez du gaitzat hartzen bere ukitu beharra dagoenean, saihestu ezinak direlako, ukitzen dira, kritikatu ere bai, lotsagarriegi ez gelditzeko.

Izan behar ere ez  eta idazleak ez dira gaur egun inpartzialak; errukirik gabe poterearen aldeko apustua egiten dute edo hainbat gai isildu egiten dira.

Oso kontaketa nekosoa, estilo geldoa, hotzegia, bortxatuegia.

Hasieran ez nau bereganatu ez kontaerak ez kontakizunak, azkenerako ohitu egiten zara idazkerara, interesgunea sortzen du eta gustura bukatzen da.

Zurrunegia, pentsatuegia, kostata eta ahaleginez idatzita bezala.

Irudi asko darabil ideiak esplikatzeko, maiz eta jator erabili ere.

Nekazari giroa dario kontaketari: errota, lurruna, ...

Giro erlijiosoa nabaria da.

Ondo idatzia, estilo xumean; ez du orijinaltasunik, idazkeragatik ez du erakargarritasunik, ez du irakurlea liluratzen bere estiloak, ez da bitxia, ez da borobila.

Baina oso segurua da, badu ekarpen baikorrik. Segurtasuna ematen du. Jator lotzen ditu esaldiak. Garantiakoa, bermekoa; ez du bide berri askorik jorratuko baina bide zuzena darama, bide segurua, eskertzekoa gaur egun hainbat abentura ero dabilenean literaturgintzan, zer nola den ere kolokan jarriz askotan irakurlea.

Badira irtenbide jatorra ematen dien gaztelaniatik sartu zaizkigun esamolde eta hitz-jokoak, euskaraz esatea errazak ez direnak.

Herritar esamoldeetan aberatsa da. baita bestelako esamoldeetan ere. Euskal esaldi sorta aberatsa jasotzen du.

Agian saihestu egin du esaldi borobil, deigarri eta koloretsuak egitea, nahiago izan du xalotasuna bere historia kontatzeko. Demostratua baitu badakiela dotore jolasten hitzekin.

Ez da historiara pasako, baina merezi duen nobela da.

 

Bihotz bi. Gerrako kronikak. Ramon Saizarbitoria

Hilketa baten barne kronika zehatza.

Gerrako kronika ez ezik bi bihotzen kronika.

Mila gauzari buruzko gogoeta labur baina interesgarriak.

Arian-arian eta pixkanaka giza barne sentimenduez hausnarketa egiten du.

Giza barneko murgilketa, araketa, ikerketa, azalpena, hausnarketa, ezkorki(?) sakona.

Normalean aitortzen ez ditugun isileko sentipen, bizipen, burutazio eta pentsamendu ezkutu eta sekretuak.              

Giza portaeren mila xehetasun bitxiak, ia ikusezinak, oso pertsonalak, azaleratzen ez direnak.

Harremanen trikimailu, joera, portaera, ohitura eta sekretuen azalpena.

Giza barnearen erakusleiho eta erakustokia, Ramonek liokeenez erakustegia.

Bakoitzaren eta erlazioen kontraesanak, sentimendu kontrajarriak azaltzen ditu.

Gizakien elkarren arteko harremanen erdibiketa, hausnarketa, azterketa eta kronika.

Eguneroko txikikerien astuna, azkenean eraman ezineko zama bihurtuta.

Gai batzuk, berdinki ez bada ere, errepikatu egiten dira.

Gerrako kontakizun, xehetasun, apalak, xumeak, egunerokoak, historia liburuetan agertzen ez direnak,                             historia ezaguna egiten ez dutenak baina historia ezaguna ahalbideratzen dutenak, kontatzen ez dena baina gerrako historia dena,

Krudela ere bada istorioa, zinikoak ere badira kontalariaren hainbat sentipen.

Ezer gertatzen ez, baina zer gertatuko ote irakurtzen den liburua.

Ez da filosofietan galtzen; haria zuzen darama eta kitto.

Historia eta iritziak ehuntzeko kontakizun bitxi eta berezia.

Buelta eta buelta itxuraz kontakizun berean baina bakoitzean istorioa areago zehaztuz.

Nola hari hauskor meheak soka lodi etenezina egiten duen, horrela.

Kontakizunaren mataza izugarri korapilatzen da, baina haria ez eten ez galdu gabe.

Asko luzatzen zaio historia, detaile, zehaztasun eta errepikapenetan kiribilduz.

Ñabarduraz kontatzen du historia, protagonistari entzutea gustatzen zaion bezala.

Ironia puntua du, irriño etengabea.

Floraren hilketaren berri oso tarteka eta gutxika dosifikatu eta neurtzen du.

Gerta beharraren usaia soilik hartzen zaio lehen zatian.

Pertsonaiak ere poliki, pixkanaka, tarteka azalarazi  eta definitzen ditu.

Gerrako gertakizunak ere astiro, tantaka, dosifikatuta daude.

"Ehun metro"ren kutsua du kontaeran, pentsamenduak, barne bizipenak mailakatuta kanporatuz.

Euskara zuzena, ortodoxoa, argia eta garbia.

Bitxikeriarik gabe jatorra.

Bitxikeriarik gabeko kontaketa, bere berea, serioa eta sendoa.

Esaldi laburrez zehaztasun asko ematen ditu.

Patxaran irakurtzeko liburua, presarik gabe irakurtzekoa.

 

Bizi puskak. Juanjo Olasagarre. Poema liburua.

Lehen poema behintzat atsegin dut: deskripzioa da eta aitatu ez arren hor atzean, elurraren bristada ostean,  lanbrotuta ikusten da pertsonaia.

Gauza politak esaten ditu, eder esan ere: sena du, baita sentiberatasuna ere.

Biguna eta maitagarria azaltzen da Juanjo bera ere.

Xabier Bixirena gogorra da, askorentzat egia bada ere.

Josemielena oso gordina sakonean; bukaera latza; baina sinboloa ez ezik erreala.

Garratza da askotan, baina samurra hurrengoan.

Bizitzaren ikuspen triste eta ezkorra.

Oso etsikor, ez herriaren egoerari buruz soilik, bizitzari berari buruz ere bai.

Bizitza beste zerbait ere bada.

Hitsak dira pertsonaiak, hitsak bizitzari buruzko kontzeptuak.

Esperantzarik gabeko poesia: oso tristea, hitsa.

Filosofia Historiaren eskema eta laburpena polita da.

Gaurko irudiak.

Askotan pertsonaiaren pintzelada bat besterik ez da poema, baina sugeritzen duenagatik egoera baten azalpen   sakona.

Badira poema ulergaitz batzuk.

Sakanakoan, itsasontzi irudia arraroa egin zait.

Erritmoa du: hitzetan, kontatuarekin lotuz hitzak, sigi-saga, ...

Hitz-jokoak egiten dakiela ere erakusten du

 

Consumatum est. Juan Mari Irigoien.

"Babilonia" zen bere aurreko liburua, liburu sainduen eragina du nonbait.

Bizitzari buruz filosofatzen ari zaigu egilea. 

Konraden pasarteak, teoria ezberdinak kontrajarriaz ikasgelako filosofia gaiak dirudite. Pentsarazi egiten  dute eta interesgarriak dira.

Elizari ere, ofizialari behintzat, esten goria sartzen dio, nahiz azaletik.

Gaztelako herri giroa poliki azaltzen du lehen zatian.

Barne sentimenduen deskribapena, estiloari lotuta, patxaran dastatzekoa da.

Poesia giroa du eta horrek laguntzen dio sentimenduetan aztertzeari.

Barrokoa askotan, hitz pilaketa handiz sortua.

Ironia eta humore barretxoa edozein txokotan aurki daitezke.

Poesia giroa lortzen du une askotan. Kutsu poetikoa du irudi eta formetan.

Pasarte batzuetan ideiak erretorikoegiak dira, hotzak, zuzenkiegi azalduak, bere portaeren bidez irakurlegoan itsasten diren horietakoak izan gabe pertsonaien jokabidean ezkutatu gabeak.

Maisua da sintetikoaren erabilpenean, aparta aberatsa.

Hitz, aditz, adjektiboak binaka botatzen ditu zentzu bereko edo antzerakoak izanda ere askotan. Binakako erritmoa jartzen du, bi historien erritmoa adierazi nahiz edo.

Erritmoa monotonoa gertatu zait azkenerako. Istorio luzeegia, buelta eta bihurgune asko dituzte pertsonaien bizitza-ibaiek, azkenerako indarra areagotu ordez galduz. Ez naiz identifikatu pertsonaiekin. Bi historiak noiz elkartuko zain, luze egin zait. Ez du aparteko jakin-minik sortzen, ez du intrigatzen, bukaera nolakoa den egarria sortzen.

Patxaran, hausnartuz, estiloaz disfrutatuz irakurtzeko eleberria.

Merezi du irakurketak.

 

Demokratak eta biolentoak. Joxe Azurmendi. Saiakera-liburua.

Duela 8 urte idatziak gaurkoa dirudi. Gaiak gaur-gaurkoan dirau.

Mirande irakurtzeko grina sortzen du.

Idazkera argia, bere pentsaera garbi azaltzen du.

Interesgunea sortzen du, irakurketa interesatua bilakatzen.

Ideietan dago trama, harrapatzen zaituen sarea,

Ekintza bortitzen ondoren  eta ondorengo politiko eta kazetarien erretolikaren ostean pentsa ohi dudana bera esaten du Joxek argi, zehatz eta euskara dotorean.

"Biolentziari buruz kasik predikatu bakarrik egiten da ez arrazonatu": 31 orrialdean.

Noiz bai eta noiz ez da gaiztoa biolentoa?.

Baditu zati aspertuzkoak, baina oso interesgarria.

Bazen ordua berriz ere gaiok kaleratzeko, baina ez dut liburu honen kritika, bere inguruko eztabaida ariketa edo dibulgaziorik ikusi. Ez du sortu eztabaidarik, inork ez du nonbait eztabaidatu  nahi gai hori, estatua eta politikoak bere horretan utzi nahi dira, kontraesanak agirikoak badira ere.

Zaila da skotan bere estiloa, korapilatsua, komek edo makoek ere beste neurketa bat ematen diote.

 

Dena dela. Joserra Garcia. Poema-liburua.

Joserrak iritzi xume politak botatzen ditu hitz-joko txukunetan bildurik.

Giro atsegina eta erakargarria sortzen du poematxo askotan.

Ez dut iritzirik poesiari buruz, ez dakit zer esan, ez dut irizpiderik poesia bezala juzgatzeko.         

Gustatzen zait edo ez, hori da dena, sentitzen dudana adierazten dut.

Joserraren poesiok gustatzen zaizkit, badute esanahirik, askotan sakona eta gogorra sinpleki esanda.

Sakondu gabe, azaletik esandako iritziak eta egi borobilak.

Erritmo eta neurriari buruz ia ez dakit zer esan, hor daude saio ezberdinak.

Poesia batzuetan garbi dago, lerro banaketak ematen diola indarra hitzari eta azpimarratzen esanahia.

Poesigintza hau hitzen jolasa iruditzen zait, dibertimendu bat,       baina badakit poesia ez dela hori bakarrik, eta liburuxka hau ez dela dibertimendu soila, baduela mamirik.

Baina  bere mezua ez zait sakon ainguratzen.

Gehiago izan zait dibertimendu.

 

Denboraldi bat infernuan. Arthur Rinbaud (Mikel Lasa). Poema-liburua.

Beste mundu bat da Rinbauden poemagintza hau.

Gizakiaren sakoneko egi, sentipen eta ideiez ari da, kristau estaldura astindu nahiz bezala.

Bizitza ote infernua?.

Bizitzaren ikuspegi latza, gordina.

Gauzak esateko beste era bat.

Maila ezberdineko idazlea: esaldi bakoitza zartada bat da.

Harrigarria da duen tonu berezia, argitasuna du dioenak,

Giro berezia sortzen du.

Garratza, lotsagabea, desesperatua, etsia, konbentzionalismorik gabea.

Gordina fede arazoetan, baina errespetuz ari da, nahiz koplarik gabe.

Gezur latza, garratza eta gordina da liburuko dena, baina bizitza garbiro argituzkoa.

Erreboltaria, hezikaitza, ohizko pentsaeratik at dabilena.

Tragikoa, ezkorra, tremendista, mingotsa.

Eliztar sinesgabe baten tonua du.

Erlijiozkotasuna oso sakonean itsatsia du, maiz azaleratzen baitzaio.

Maiz aipatzen ditu jainkoa eta erlijioa.

Arcoko Joana ere desmitifikatzen du.

Ez da bertsotan,  errimatuz, idatzi beharrik poesia idazteko.

Barne erritmo ezberdina du. bestelakoa, ezohikoa.

Mundua ikusteko molde ezberdina bai iritzietan bai irudietan, bai idazkeran, bai giroan.

Poemetako kontrasteak izugarriak dira: armiarmak / bioletak, ...

Trazu batzuk besterik ez dira hitzak askotan, baina erabat sakontzen du gaia eta sentimendua.

Irudimena du, hainbat ideia eta irudi, egoera eta iritzi bururatzen baitzaizkio.

Esaldi labur, zehatz, landuen bidez egiten du lan.

Esaldi laburrak, pintzelkadak.

Latza izanik ere, fintasuna du ideia eta sentipenok agertzeko.

Itzulpen bikaina Mikel Lasarena, batzuetan ados ez banago ere.

Zaila izan behar du itzulpenak.

Latza poesia bera da.

Frantsesa ere ikasi dut: zenbait zehetasun eta ikutu xarmant.

 

Denok bat. Orixe.

Liburua hau iruzurra da, Euskaldunak  poema liburuko atal bat besterik ez baita.

Bertso konplikatuak, bortxatuak, gogoeta behar dute ulertzeko. Ulergaitzak.

Ideiak hitzen preso, gatibu, daude, kamustuta.

Hitz berriak eta hitz formak ateratzen ditu imajinazioz.

Oso librea ari da idazten, loturarik gabe, ez du kortserik idazteko.

Askatasun hori sorpresa, ezustea da, idazle batentzako aitzindari jokaera. Gaurko idazleak ikasi beharko luketena.

 

Emon behar yako. Iñigo Aranbarri. .

Oso arraro eta ulergaitza.

Erren gelditzen diren aditz gabeko esaldi asko du.

Traketsa: euskara dominatzen ez duen euskaldun berri ausarta dirudi.

"Pinu gandorrak", "laino tarratak", "begi pisuak ematen zioten", "Abiadura makaldu"...

Ferrokarrileko azpi-gona falta zaio.

Ez dut ia ezer ulertzen.  Esaldi batzuetan  piperrik ere ez. Estralurtar reste batek euskaraz idatzitako zerbait iruditzen zait.

Esperimentu berriren bat ote?. Poesia teknikaren ba?.

Esaldi gehienak konplikatuak dira, bihurriak, ia ulertezinak.

Esaldi arraroak, dudazkoak, nire gusturako traketsak, nire ustez okerrak ....

Ala adarjotzea da?. Serio idatzitako adarjotzea agian?.

Ez naiz 3. kapitulutik aurrera egiteko gai izan.

Tartekako zatiak irakurri ditut, berdin jarraitzen duela jabetu naiz. Bertan behera utzi dut. Niretzat gehiegi da.

Gauza bitxi politik ere badago, baina gehiegi irentsi behar da hauek aurkitzeko.

Dena da arraroa.

Hizkuntz logika guztiak apurtzen ditu. Ez da espero dena. Arau guztien gainetik eta kanpotik idazten du.

Agian hizkuntzaren logikatik kanpo egotean datza liburuaren berrikuntza.

1.300 pzta ordaindu ditut esperimentu baten berri izateko. Agian noizbait argituko zait misterioa eta bueltatuko naiz bertara.

- Ikus “artelan/ liburuak/liburuak 2 karpetan. Berriro irakurri nuen,  iritzi erabat bestelakoa, ia kontrajarria, atera nuen.

 

Ene Jesus.  Ramon Saizarbitoria.

Barne pentsamendu, barne egoera, bizipenen  azaleratzea da liburuaren mamia.

Kartzelako ziegetan zigorraldietako bakardade luzeetan agertu ohi dira antzerako burutazioak, egunero orma berdinetan begiak bueltaka.  Hainbat " sentsazio ezberdin orduko gauzarik banalenaren aurrean", Saizarrek dion bezala. Xumeak, baina barne barnekoak,  batek bizirik dirauen seinale.

"Ez da erraz hemen beste era bateko historiarik imajinatzea". 57

Orduen martxa geldoa; eguzkirik ere gabe, nolabait eguna neurtzeko; argirik ere gabe, eguerdiko gailurrari antzemateko.

Gela bateko egoera luze aspertuaren deskribapen eta azalpen bitxi, bizi, zoragarria."Esperoa espero hutsez betetzeko kapaz", hori da hurrengo pauso beldurgarria.

Barne sentipen kontrajarriak. 60

Aspertuaren burutazioak ematen dute askotan, zentzu gabekoak, inertziaz eginak, bertan behera etorri eta doazenak, askotan denoi etortzen zaizkigun burutazio leloak.

Egoeraren errepikapena adierazten du: beti berdina esaten bezala.

Idazleen arazoak idazterakoan, historiak eta historien giroa sortzerakoan.

Ezer esaten ez duten betiko elkarrizketetako betiko esaldiak. 91-92

Hitz-joko bitxiak, 84, hitz-jokoa besterik ez ote den ere askotan liburuaren helburua!.

Esaldi borobilki osatu eta josiak besterik ez dira orrialde asko.

Jolas literarioa, zeina idazten Ramonek asko disfrutatzen duen, bere jostailu bat, gure jostailu bihur daitekeena eta bihurtzen dena.

"100 metro" gogarazten dit: barne sentimendu bizitza mugimenduen konparaketa. Hura idatzi zueneko esperientziaz baliatu da eta ildo beretik jarraitu.

Mugimenduen deskribapena, 84-86, adarjotzea ere badirudi askotan.

Eta dale potearekin!. Irakurleari adarra jotzen ari dela dirudi honetan ere.

Irakurleari adarra jotzea ez ote da egilearen helburu nagusienetariko bat?.

Irakurriz, norberak izaten dituen mugimenduak esperimentatzera bultzatzen du, jolas horretan sartzera.

Edo asko erreparatzen dio bizitzari edo imajinazio izugarria du Saizarrek, edo gauza biak gertatzen zaizkio.

Teoria edo ideia kate luzea ematen ez badu ere, takian-potian ideia politak botatzen ditu, Ramon filosofoa ere badela frogatuz.

Mila imajina, mila deskribapen, mila zehaztasun ... aberatsa.

Nahasia orokorrean, ziegakoaren egoera mentala nahasia den bezala.

Idazkeraz disfrutatzea, lasai, poliki, nahi haina denbora hartuz irakurtzea  du liburuak atsegin bakarra.

Irudi berdina etengabeki errepikatuz, burdina-sarea-potoa, sortzen du nobelak behar duen giroa.

Denborari neurria emateko modua: zazpinaka kontatu, errezatu ...

Esaldi laburrek indarra ematen diote dionari.

Hitz-jokoak: zazpiarenak ... maisuki darabiltza.

43. Burt Lankasteren pelikula, errepikatua eta mila itzulinguruz emana, humore tantoz politez bustita, gaiarekin bikain josita dago,  esanahia  azpimarratzen du.

Espazioak, lerroarteko tarteak, idazteko teknika dira. Hutsuneok esanahiz beteta daude: "gerora", "horregatik", "urtebetera" ... hainbat esanahi dute, testuinguruaren eta tarteak duen zabaleraren arabera.

Haserako esaldi baten esanahia geroago ikusten da. Lehendabizi despitatu, desorekatu egiten du, esaldia gaizki balego bezala: "mingain beltza".

Potoaren sinbologia.

Gelakoaren egoera, baliabide sinpleez baliatuz emana.

Laugarren kapitulurako bere kontaketa dotoreaz harrapatu egin nau kontakizunak.

Hitz-joko politak: ihestu-irensten, hotsen aldetik. 53

Kontraste bortitzeko adjektiboak: "zuritasun gordina"

Egun luzeetan derrigorrezko entzierro denbora emanezko zenbait burutazio xumeak.

55-56. Atakearen deskribapena izugarri bortitza da lau hitz eta esaldi sinpleetan emana badago ere.

Ispiluaren erabilpenak indarra ematen dio narrazioari, sinbolo ere bilakatuz.

4. kapitulua esaldi landu perfektuz borobildua, bortizki gogorra da, beldurgarria.

Deskribapenean elkarrizketako esaldiak makoz berezitu eta adierazteak, giroa sortzen du. 81

Pintura puntillistaren antza du.  Itxuraz elkarrekiko lotura handirik gabeko datu pilo bat, puntutxo bat, jartzen joan, orokortasun zentzuzkoa osatuz, azkenean idatzitakoaren, koadroaren, esanahi osoa uler ahal delarik. 84 Oheko mugimenduak.

Hiztegi berezirik ez darabil.  Eguneroko hitzak darabiltza liburu osoan.

160       Esaldi txundigarri berezirik ez du botatzen,  baina esaldi luze zailak,  berriak, naturaltasunez korapilatzen ditu, erraz irakurtzen direnak.

Paragrafo luzez, menpeko askoko esaldiz barra-barra idatzi daiteke euskaraz ere.

Esaldi motxak sartzen ditu askotan, baita hitz bakarrak ere, hitza esaldi bihurtuz, honek bizitasuna ematen dio kontakizunari. Deskripzioari lotura, jarraipena eta logika ematen dizkio.

122. Hitz ia bakarrez eta puntuz eginiko deskripzio azkarra, bizkorra, arina, liburu denaren erresumen bezala.

Puntillista batzuetan, inpresionista bestetan, 102, esaldiz esaldi, ia loturarik gabeko brotxakadaz koadro argia pintatuz.

Ispiluaren errepikapena, burdinazko barroteena, orma akoltxatuarena, potoarena, gelako monotonia asperraren  ezaugarri latza, bizia.

Errepikapenaren gailurra, 109-110, liburuaren erresumen bezala, hitzen esaldien bidez, liburu osoa orri batetan bilduz.

Seguru aski asko eta luze kostatu zaio liburua idaztea Saizarbitoriari, baina askotan badirudi gozatu egin duela idazterakoan, barrez ari dela mugimendu kontu horiek eta deskribatzerakoan.

Idazkera, esaldi eta horrelako bitxikeri eta txukunkeriekin disfrutatzen duenak irakurriko du liburu hau. Eleberri arruntak, funtzionalak, irakurtzen dituenak,  bukatu aurretik utziko du.

Deskantsurik ez du liburuak: kontakizuna lotzeak arreta eskatzen duelako edo esaldiak, irudiak, joskerak, esaldi luzeen sareak amaierarik, etenik, ez duelako. Ez dago lasai gunerik,  ziegan dagoenak ez duen antzera.

Lasai, poliki, denbora hartuz, idazkeraz disfrutatzea, da liburuaren atsegin bakarra.

Liburua orokorrean nahasia da, ziegakoaren egoera mentala nahasia den bezala.

 

Espainiako Gerra  Zibila Euskal Herrian. Josu Chueca & Luis Fernandez           

Gauza ezagunak nagusiontzat, baina datu franko zehaztasun berri edo lekukotasunez indartuak.

Genekizkien gauzak berritzea, historia ahaztu ez dezagun, gaurkorako baliagarri dezagun.

Idazkera aldetik ez dit berrikeria ez berrikuntzarik eskaini. Estilo xumean idatzia erraz irakurtzeko.

Ekarpen handirik ez duen aren beti dator esaldi edo hitz interesgarriren bat.

Estilo sotilean idatzi daitekeela eta merezi duela horrela idaztea gainera frogatzen duen liburua.

 

Euskal ipuinen antologia bat. Iñaki Aldekoa

Sarrera interesgarria bilketari egiten diona ipuinen mundua kokatzeko: genero garrantzitsua da literatura barruan, gaitzetsita eduki badugu ere.

25or. Mirande: istorio originala eta ezustez betea, humore beltza, garratza.Hor dabil oraindik amona: sinbolikoa. Gizarte gotor honen adierazle, gizartearekiko ikuspen ezkorra du.

Hizkuntz aldetik zehatza.

31or. Atxaga: irakurterraza, baina egitura konplikatuzkoa etenaldi eta tarteko askorekin.

Herri hizkuntzaren usaia, taxua, ironia.

45or. Atxaga: Alfabetoa jarraituz, originala.

Edorta Jimenezen Manhattan liburuko istorio baten ideia berdina du. Ez dakit norena den aurrenekoa. Atxagarena agian, Edortarena oraingo liburua baita.

55or. Sarrionaindia: Harrigarriak dira deskribapenak, bere detailez, hiztegiz, irudiz, ikusi egin daiteke eskema.

73or. Saizarbitoria: Tristea, baina zehatza, irudiak garbiak ia ikusaraziz.

Arazo literarioak ausardiaz konpontzen ditu esaldi gordinak eginez.

79or. Koldo Izagirre: bitxia.

83or. Andu: irudi asko, aberatsa, horregatik batzuetan astunegia, estilo bortxatuegia, naturaltasuna falta zaio, gehiegi landu edo korapilatutako esaldi eta irudiak. Deskribapen askoz zehazten du ingura.

113or. Juan Garcia Garmendia: esaldi batzuk nik egingo ez nukeen bezala moldatuak. Esaldi batzuk osagarri askorekin luzeegiak, astunak.

155or. Iraola: narratze bakun linealean du grazia,  argumentu, sintaxia eta hiztegi konplikaziorik gabe, azken ezuste eta guzti. Eskertzen da sinplekerian erortzen ez den sinpletasuna.

171or. Andu: Ez du deskantsurik. Esaldi konplikatuak, hiztegi hautatu zehatza, irudizko komunikazioa irakurlearekin. Deskribapen polit zehatzak. Asko pentsatu eta zailduz lortutako esaldiak dirudite, bortxatu zamarrak.  "bildu" hitza  Otto Pette baino askoz aurretik bereganatua du. Izenlagun asko izen bakarrari buruzko iritzia emateko. Lexiko aberatsa hitz arruntak erabiliz.

 

Euskaldunon aber(r)ia. Paco Aristi

Eguneroko gaiak darabiltza. Gogorra, mingotsa, latza.

Zuzenean, garbi eta arin tratatzen ditu gaiak.

Ez du gehiegirik sakontzen, baina matazaren hari-punta eskura uzten du.

Filosofia txikiak dira bereak.Sarritan eurak sakonenak.

Bi hitzez barreneraino doa, bizitzaren putzu sakonean sakonduz.

Oso moralista deritzot. Sermolari.

Gai aldetik da interesgarria liburua.

Idazkera eta literatura aldetik ez du ezer berri askorik ekartzen.

Nolanahi, politokeriarik gabe ere,  dotore idazten du. Garbi idazten du, garbikeriarik gabe.

Zuzena da ideien agerpenetan. Idorra. Irudiz ezer jantzi gabe. Agian gaiak eskatzen diolako.

Askotan badirudi arrapataka, hurrengo egunean argitaratzeko ia landugabekoak direla orriok.

Ofizioa duenez gero txukun ateratzen zaizkio.

Bat-bateko freskotasuna du, bat-batekoa, eguneroko hizkerarekin lotua.

Igerileku bazterrean, tzangatik tzangara bitartean, gustura irakurtzen da.

 

Euskara Batuaren ajeak.  Ibon Sarasola

Niri erabat interesatzen zait dioen denak.

Arrazoi osoa du dioen gehienean edo askotan behintzat.

Egia da gaztelerak kutsatu gaituela hezurretaraino, hizkuntzaren erroetaraino.

Gazteleraren eragina erabatekoa da Hegoaldeko Euskaran, Espainolez pentsatzen dugu euskaraz egitean, eta euskara espainol mozorrotua bihurtzen ari da gero eta gehiago. Ez dugu euskaraz pentsatzen euskaraz egitean, are gutxiago pentsatzen dugu euskaraz gazteleraz egitean.  

Askotan dio Gaztelerak edo Espainolak soilik erabiltzen duela halako edo holako aldagai edo orokorretik kanpoko hitz, izen edo zerbait adierazteko bai izen edo esamoldea bat, eta esan gaitzetsiz bezala esaten du; nik uste dut hizkuntza  baten aberastasuna dela, jeinu edo jitea, Hegoaldeko Euskarari arazoak sortzen badizkio ere; gaztelerak hizkuntza nagusiek hartzen duten moldeetatik ezberdin jotzen badu hori ez dela arbuiagarria edo mespretxagarria. Beste zera da Euskara nori eta zeri atxiki behar zaion, zer erabili eta nola moldatu.

Egia da mailegu gehiegi hartu ditugula gazteleratik, Euskararen baliabide bere-bereen eta Iparraldeko Euskalkiaren kaltetan; baina badirudi Sarasolarentzat Espainoletik maileguak hartzea madarikazioa dela, eta hori ere ez; betor mailegua edonondik taxuz eta osasungarri badator.

Tarteka Espainolarekiko arbuiatzen duena bera egiten du frantsesarekiko: fanfare, txarol, ...

Sarasolak tradizio idatzira soilik mugatzen da hitzak hautatu erabili eta sortzeko: ez dakit horrela den edo behar duen, ez dut bestelako iritzirik dagoen honetaz, ez naiz mundu honetan behin ere murgildu eta. Baina egon bada nonbait, polemika baten kutsua du dion ia denak.

Hitz berririk sortzerik ez al dago?.Nola aberastu hizkuntza?. Dugun hiztegia tradizioari soilik mugatu behar al zaio?. Ez dakit.

Sarasolak Euskara oso hizkuntza mugatua uzten duen kezka dut.

Idatzi beharko du Ibonek beste liburu bat  Euskara Batuak zertan jokatu duen zuzen azalduz, Batuaren ekarpen onerakoez. Ez zen ba dena okerra izango!.

Liburuaren hondoan eztabaida, polemika, hika-mika, elkar ezinikusi garratzen arrasto eta hondarrak nabari dira. Euskararen munduan ere gatazka eta liskarrak!.

Ez da gozoa izanen Ibon eztabaidetan. Ernegatuaren mingostasuna nabari zaio, patxadarik eza. Ez da politika gainditu duen hizkuntzalaria. Oso partziala da, alde bietako abertzaleak astintzen baditu ere noizbehinka.

Min emango dio bati baina gehiagori, dionagatik eta esateko eragatik.

Oso ondo idazten du: irakurketa soilik ere aberasgarria da.

Ezer idazteko kezka eta zalantza sartzen eta harrotzen du liburuak; idaztea jakintsuen zeregina eta pribilegio dela idaztea. Besteok hobe bolaluma gorde. Eskerrak jendeak konplexurik gabe idatzi egiten duen. 

Hiztegiekiko zalantza sortzen du: hiztegia besterik ez darabilgunoi bakoitzak bere iritziaren arabera aukerak eginez,  hiztegiok fidagarriak ez diren duda sortzen du.

Baina dioena esan egin behar da, eta harrotutako hautsok aro egokiagoa ekarriko dute Euskara lantzeko.

 

Ez duk erraza, konpa!. Koldo Izagirre

Kubari buruzko liburua.

Kubari buruzko deskripzio maitagarria.

Desmitifikatu egiten du bere lekura ekarriz bai esan ohi diren zer baikor zein ezkorrak.

Ez da betikokerietan erortzen, Kubarekiko betiko gauzak badaude ere istorioan.

Intsinuatu egiten du batez ere errealitate politiko eta ekonomikoa.

Deskripzio gogorra da, egoera gordina kontatzen du, baina baikorra ere bai era berean: inon ez bezalako alderdi eta lorpenak agertzen ditu.

Kubari buruzko errespetua eta maitasuna dario, giro samurra lortuz.

Gizatasunez eta zentzuz idazten du.

*Herri eta gizarte bati buruz idazteko teknika bikaina.

Zeharkako estilo ezberdina du kontaeran.

Literaturan oso guti erabiltzen den emakumezkoen nokakoa ere eskertzekoa da.

Nork esan du hau nobela dela?. Baina nobela bat bezala irakurtzen da, gustura.

Euskara freskoa, praktikoa, erraza baina baita zehatza eta landua ere era berean.

Xumean aberatsa bai idietan, sentimenduetan, baita hiztegian ere, esaldi eta esaeretan batez ere.

Poeta ukitua nabari zaio.

 

Ezer baino lehen.  Arantxa Irturbe

Ipuinak dira.

Bai gaiak bai kontaketa irrigarriak dira, zirridunak, zorrotzak.

Bakoitzaren barne ezkutuko pentsamenduak, inori normalean esaten ez dizkiogunak.

Gaiaren ikerkuntza sakonik gabe, iritzia eman, hazia erein besterik ez du egiten. Eta hori aski da.

Humorezko neska izan behar du Arantxa horrek, barnea irriz. Hori bera sortarazten du irakurlearengan.

Patxadazko neska izan behar du, patxada ere sortarazten duelako.

Ipuinak baino gehiago apunteak dira, ereiten diren ideia zabalak, orokorrak.

Bizitza zatiak, imajinazioz eta eztenez kontatuak.

Gai sinple, irudimentsuak, pizgarriak.

"Asmatutako ezer ez da berria" ipuinak, ipuina zenbateraino den asmakizuna, artifiziala jabetzeko aukerakoa.

Estilo argia, zuzena, konplikaziorik gabekoa estilo motxean, hiztegia ere eguneroko konplikaziorik gabekoa.

Elkarrizketak hika idatzi ditu. Aditz aberastasuna suposatzen du eta naturaltasuna ematen dio ipuinari.

Ipuin oso motxak, denbora galduetan eta tartetxoetan  erraz irakurtzeko bezalakoak.

Ipuinek ia ez dute argumenturik, baina, agian horregatik, irakurtzen dira gustura.

Beti dute sorpresa edo ezustekoa, hasieratik irakurlea asmatzera tentatuz.

Ezohizko estruktura ipuina muntatzerakoan. Ezberdinak dira.

"besoa igo agurtuz" edo "lehen bistan mantendu", ... baditu esaldi arraroak, dudazkoak, kolpatzen nautenak.

etiketak: Liburuak1-II
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.