Liburuak.1-IV
Liburuak. 1-IV.
Kcappo. Tempo di tremolo. Pako Aristi
Kalamidadeen liburua. Joan Mari Irigoien
Kandido. Voltaire. Itz. Ibon Sarasola
Katebegi galdua. Jon Alonso
Kilkirra eta Roulottea. Joxemari Iturralde.
Kutsidazu bidea, Ixabel. Joxean Sagastizabal
Lazkao Txiki: gertaerak eta txisteak. Auspoa
Leturiaren egunkari ezkutua. Txillardegi
Lituma en los Andes. Mario Vargas Llosa
Loitzu herrian uda-partean. Luis Mari Mujika
Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea. Luis Sepulveda. Ana santos Elorza
Mandelaren Afrika. Juanjo Olasagarre
Manhattan. Edorta Jimenez
Marinel Zaharrak. Joseba Sarrionandia. Poema liburua
9408 Narrazioak. Egunkaria
Nerea eta biok. Laura Mintegi
Ni naizen hori. Karlod Gorrindo
Otto Pette. Andu Lertxundi
Kcappo. Tempo di tremolo. Pako Aristi
Melodrama eta tragedia euskaldunak: ez da herri osoa, baina zati on bat.
Euskal herriko argazkia dirudi, ez herri-bizitza osoarena, bai zati batena.
Giro herrikoia lortzen du bere idazkeraz: herriaren koadroa biziki pintatuta.
Gordina baina ez lizuna: bizitza bera lakoa.
Humorea du, umore fina, irribarrea, gatza eta piperra, drama bada ere kondatzen duena.
Humore tragikoa da berea; Marquezen kutsua du egoera bereziak aukeratzekoan, Pakorenak ere segur aski errealitatetik ateratakoak dira, ez asmatutakoak.
Pikaroa dugu Pako hau, herrian asko ibili dena.
Darabilen euskara eta idazkera xaloa da, edo dirudi; zaila behar du izan idazkera horrek, irakurterraza bada ere.
Esaldi luzeak egiten ditu, orrialde osokoak, baina irakurterrazak, nahaspilarik gabekoak, oso jarraikiak.
Abila da idazten, idazkera trinkoa, laburbiltzekoa du, deskribapen luzeetan galdu gabe.
Kalamidadeen liburua. Joan Mari Irigoien
Euskal bizitzako eta gizarteko hainbat alderdi, egoera eta jokabide astintzen ditu irriz eta zorroztasunez.
Kritika fina eta zorrotza: irribarrez irakurtzen den liburu serioa.
Serio astintzen ditu mila gauza, bizitzari errepaso ona ematen dio.
Pentsatu nahi duenak badu ze haritik tiratu.
Gaiak zein baino zein polit eta aukerakoagoak taldean erabiltzeko, itxuraz arinak baina eguneroko bizitza mamitzen dutenak, filosofiakeria handirik gabe aitatzen baditu ere egileak.
Sinplea dirudi bere estiloak, baina sinpletasun hori lortzea zaila izan behar du.
Ez da kontaketa hain sinplea, zeren pertsonaiok imajinatu, ia ia ikusi egiten dituzu eta irakurtzerakoan.
Ez du helburutzat hartu esaldiak konplikatu borobiltzea, baina bere idazkera itxuraz xumea borobila da.
Etengabea da irribarrea irakurketan.
Deskribapen biziak, argiak, ia ikustekoak marrazkiak funtzionalki idatzitakoaren arabera darabiltzala, marrazkiok aitatzen ez dituenean ere.
Ez du hiztegi berezirik edo zailik erruz erabiltzen baina hitz ezagunen erabilpena oso zehatza da.
Hitz arrarorik gabe aberatsa, esamolde arrarorik gabe ekarpen handikoa.
Hitz-joko politak ditu, esaldiak aparteki borobilduz.
Idazkera itxuraz erraza baina zaila, zuzena eta fidagarria.
Esaldi borobil, arraro, zail, konplexu, konplikatuz idazteko etapa gainditu du.
Sinesgaitza izateaz gain gehiegi luzatzen du lehenengo Manolirena eta gero ginekoloarena; Ladis eta Gorkirekin ahaztu egiten da, oreka galtzen du kontakizunak, ardatza galtzen duelako.
Nire ustez nobela borobila, horrelakoetara ez bagaude ohituta ere.
Merezi zuen ordaindutakoa, balio zuen prezioa, patrikarentzat garestia bada ere barrenak irabazten du txanponetan emandakoa.
Kandido. Voltaire.(Itz. Ibon Sarasola)
Umore eta ironia ukitua ez ezik etengabeko kritika korrosiboa da liburu osoa.
Denak eta dena astintzen ditu.
Gai batzuk, zenbait autore eta bere garaiko idazle edo bere etsai ez zaizkigu ezagunak egiten eta galdu egiten du ikusmin bizitasuna.
Kritikez gain mila ideia eta iritzi.
Kandidoren gertaera eta abenturak baino gehiago bere zoritxar eta zorigaiztoak dira.
Esaldi bitxiak ditu, politak, ezberdinak: ez dakit zenbateraino den egilearen meritua eta zenbateraino itzultzailearena.
Ezohizko estiloa.
Bitxikeria bat bezala irakurtzen da.
Azkenerako grazia apur bat galtzen du, errepikagarria ere bilakatzen da.
Itzulpen aberatsa, bai aditz formetan, bai hiztegian, esamoldeetan, hainbat zehaztasunetan.
Iparraldeko ukitua du euskarak, agian autorea ere frantsesa zelako agian frantses hizkuntzak berak eragiten duelako.
Katebegi galdua. Jon Alonso
Bere jario aberatsean, iritzi eta filosofia interesgarriak botatzen ditu, batez ere zati bakoitzaren hasieran.
Filosofatzen galtzen du edo gutxienez saihesten kontaketaren haria, eta honek suspense eta eleberriaren jitea aldatzen.
Pertsonaiak zehatz eta dotore deskribatzen ditu.
Faltsifikazioari buruzko datu asko dakartza.
Imajinazioa eta irudi asko darabil.
Baditu esaldi behartuak, euskara berrikasi balu bezalakoarenak, agian gazteleraz pentsatzen du edo nahastuan etortzen zaizkio ideiak. Esaldi batzuk erdaraz pentsatutakoak dira, gaztelerazko esaldiak darabiltza, askotan itzulpena soilik, irudipen hori damait, baliteke euskarazko asmakizun edo zeharkako esaldi luzapenik merezi ez duelako.
Arraroak egiten zaizkit esaldi batzuk, ez baititut sekula horrela irakurri edo entzun idazle ezagunei. Nik neuk ez nituzke horrela idatziko, ondo ote dauden zalantzak ditut: nire ezjakintasunaren ondorioa besterik ez da agian.
Batzuetan iluna egiten zait diona: bada giro ulertzailezko esaldi luze zamarrik zer esan nahi duen jakiteko bizpahiru aldiz irakurri beharrekoa.
Asko konplikatzen ditu esaldiak, labirinto bihurtuz.
Kilkirra eta Roulottea. Joxemari Iturralde
Ausarta eta ezinegona, behar du izan Joxemari egileak, egonezinak eraginda idazten du nonbait. Azalekoa agian horregatik
Ez du inolako gogoetarik egiten, gauzak edo egoerak kontatu soilik, nahiz sakonean hainbat gogoeta dagoen pertsonaietan.
Erdialdean sartzen ditu Euskal Herriari buruzkoa zenbait teoria.
Nekazari giroa: "Behi akulatua".
Hilketen kontra postura hartzen du, azaletik baina.
Ez dut ulertzen Ondarroan mila manifestazioetan ibiliak lasterrera Lizarran dituen dudak.
Borrokaren folklorea bakarrik kontatzen du; arinegia.
Garai hartako borrokak izan zuen mila alderdi ezberdin sakon eta interesgarri, baina hemen ez da islatzen.
Ez du errealitatea islatzen, izan zenaren parodia edo argazki txar bat besterik ez da.
Ez du ia ezer ganorazkorik kontatzen nobelaren garaiko egoera politikoaz, Franco hil ondorengo edo Trantsizioko garaia aitzakia besterik ez da, ez baitu ia ezer kontatzeko.
Garbi dago egilea ETAren aurkakoa dela.
Ez du Euskadiko alderdi nagusirik aitatu ere egiten eta hori gabe ezin da Trantsizioz hitz egin Euskal Herrian.
LKI aitatzen du pare bat aldiz baina ganorarik gabe.
Garai hori ezagutu dugunok txakurren egurraz gain badakigu zenbait errealitate sakon, eraginkor eta erakargarri izan zela. Ezagutu ez eta gainera dokumentatu ez den gai batez ari da.
ETAren ekintzak giro txarrean nabarmendu edo kokatzen ditu beti. Garbi jartzen da trintxeraren alde batera, eta hori berez ez da txarra. Baina ez da objektiboa kontakizunean. Ezta zuzena ere. ETAko zenbait jende halakoak izanda ere ez dira halakoak denak, agian ez gehienak ere. Deban trenera sartu zirenez ari naiz. Eta bada antzerakorik ere. Donostiako tabernakoa!: berriz ere Euskadiren askatasunaren aldekoak irrigarri uzten ari da: begi gorriak ditu, baldarra, erdi mozkortuta, gaizki ahoskatzen du,, ... belarria ikusten zaik Joxemari!. Nik ez ditut ezagutzen ETAkoak. Berak?. Nik ezagutu nituen nire sasoikoak!. Desprestigiatze lan zikina darabil. EEkoa behar du izan tipo honek. HBkoak ez dira horrelakoak, bakarren bat bada ere. Marijo ekintzailea, denbora gutira sekta batetan!. Tira, gehiegi, txo, nik ere sekta batetan sartu zen neska bat ezagutzen badut ere. Neska jatorra gaur egun ere gainera.
Tafallako borroka armatuari buruzkoa arrazoiketa sinplekeria hutsa da.
Ez du hilketa beten egilerik bat bera argitzen, ia aitatu ere egiten, hilketa ororen susmagarri ETA egiten du gainera. Baina Euskal Herrian beti jakin izan dugu hilketak nork egin dituen, batekoak eta bestekoak!. ETAk gainera beti bere gain hartu ditu bereak.
Polimiliak ez ditu aitatu ere egiten!. Nahaste batetan sartzen ditu denak. Hori ez da zintzoa, agian EEko garai batetako armatuak estali edo zuritu nahi ote dituen ere.
Badirudi ETA gaizki jartzea dela helburu nagusia.
Dena da iluna eta tristea nobelan baina Euskal Herria ez da ez iluna ez tristea, bere egoera bai bada gogorra.
Nobelakoa Euskal Herriko zatitxo bat besterik ez da; benetakoa estaltzen duena.
Hau irakurtzen duten gazteek ez dute egiaren berririk jasoko, garai hartako iritzi sinesgarririk aterako nobela honetatik, eta egileak badaki hori.
Esaldi laburrez, kontaketa arina eta bizkorra.
Gauza eta istorio asko ezberdin asko korapilatzen ditu, gehiegi nire gusturako.
Hainbat kontakizun ez dira sinesgarriak, Charly eta Cubanoarenak, ... Zergatik erasotzen dute protagonista inolako konpromisorik ez badu!. Hala lan zikinaren barruko taktika da, ala argumentuaren ahulezia?.
Gustuko du gertakizun bitxiak kontatzea.
Ez du pertsonaiarik sakontzen, azalean gelditzen da.
Pertsonaia nagusia beti tabernan dabil eta dena da goxoa; gehiago dirudite tabernetako kontakizunak.
Izugarri luzatzen da kontakizunean, niri behintzat interesatzen ez zaizkidan kontakizun eta zehaztasunetan, pertsonaiei buruz ezer berririk ez sakontzerik gabekoetan, gaiari buruzko ekarpenik gabeko kontakizunetan.
Lehen zatiak erdia sobra du, ez du ekarpenik, ez esaldi, ez hiztegi, ez kontaeran, ez idazkeran ez gaiez.
Xumea da itxuraz baina aberatsa hitz eta aditz formetan.
Ez du hiztegi aldetik ekarpen berririk.
Bada esaldi herrikoi ugari, hori bai litzake ekarpen interesgarria.
Baditu irudi politak: belea eta kotxearena. "kieto pausatu".
Irtenbide errazegiak bilatzen dizkio hizkuntz arazoei: "eulitu", mosquear!.
Literatura edo idazkera aldetik errazkerietan sartzen da sarriegi.
Ez du ez hanka ez buru, agian hanka eta buru lartxo.
Azalekoa euskara aldetik, pertsonaia aldetik, kontaera aldetik, gai aldetik ere.
Askotan gaztelania iruditzen zait euskal hitzekin: "begirada eroria".
Zalantzak ditut zenbait esaldi jatorrak ote diren.
"Buru pisutsua": nor demontrek sartu zuen denek darabilten hitz hau?. Astunari pisutsua deitzen dio.
"Pisuzko": erraz darabil, orokorkiegi, gaztelerari jarraituz; euskaraz sinonimo ezberdin eta zehatzagorik erabiltzen badugu ere.
Oso arraroak egiten zaizkit esaldi batzuk.
Asko errepikatzen ditu hitz batzuk: "lo seko".
Denboraren erabilpena ez dago batere zuzen gauzatuta: egunak kontatzen dituzu istorioan baina gero zenbait hilabete dira, edo hilabete ugari.
Zenbat aldiz errepikatzen duen protagonistaren presarik eza!.
Zenbait hitz asko darabil guk ez bezala: "urruntasunean", gure "urrutira" esateko, ...
Iritzi ezkorra atera dut nobelaz, baina nik zer egingo diot ba!. Hala izan bada, ezin besterik kontatu nik ere.
Iruzurra gertatu zait liburua!. Buruhandi gelditu naiz, ezuste ezkorra bilakatu zait ilusioz erosi eta irakurtzen hasi nintzena.
Atutxaren Lehen Saria irabazi dezake nobelak.
Ipurloka protagonista, ipurloka egilea, buruarinak edo tranposoak agian biak.
Kutsidazu bidea, Ixabel. Joxean Sagastizabal.
Kalekume euskaldun berri baten baserri giroko uda-pasa euskara ikasten, umore finez kontatuta.
Bi kultura ezberdin kontrajarriak, kontaketan kateaturik, txirikordaturik biak: oesteko irudi, mediku, baserriko irudi, arlote preiritziak, ...
Baserriko gaurko giroa, bi kultura ezberdinez hezitako baserritarrak, ...
Euskaltegiko giroa, arazoak, ...
Euskal kulturak eta erdal hizkuntzak pertsona baten baitan euskararekin nahiz beste hizkuntza batekin tope egiten dueneko etapa edo gunea, barne arazo psikologikoa, ...
Bizitzako filosofia txikiak: "zer guti behar duen gizonak ..."
Barne erreakzioak.
Esaldi luzez ordez gertakizunak edo sentimenduak bi hitzez nahiz hitz bakar errepikatutakoz, zein koma baten bidez, .... intsinuatu, hitzez esan gabeak irakurlearen imajinazioari pentsarazi, ... egiten ditu.
Imajinazioa, irudiak, "alkatxofa-ostoko-kapeladuna", "sarda"=tenedore, "kanadiensea tente-la",...
Esaldi luzeak haina dioten hitz bakarrak.
Orrialde beteak haina dioten tarte hutsak.
Lexiko xumea. apartekorik asmatu gabe, erdal kulturaren interferentzia adierazteko ez bada.
Lerroak tartekatzearen estilo literario berezia, mamiak behartzen duen teknika bilakatuz.
Lerrotik lerrorako tarte zabalak literatur estiloaren beste zati bat dira, hutsunea estiloaren, idazkeraren, zati edo berezitasun propio eginaz.
Esaldi laburrez, filmetan plano laburrez antzera, kontatua.
Maiuskulen erabilera esanahia azpimarratzeko ere badarabil.
"En fin" gaztelaniako esaldi soila, errepikatuz, erritmoa emanez, esanahi sakonagoaren adierazle da.
Umore fina
Etengabeko irribarreak irauten du ezpainetan liburua hartzen den unetik uzten den arte.
Liburu atsegina, aberatsa, zerbait berria dakarrena, eleberri mardul horietarikoa ez bada ere.
Estiloa, kontaketa da ekarpenik nagusiena.
Lazkao Txiki: Gertaerak eta txisteak. Auzpoa
Denetik dago baina nahiko trakets kontatuta daude gertaerok.
Lazkao Txikik liburu hau baino zerbait biziago eta beroagoa bat merezi zuen.
Lazkao Txikiren mitoaz baliatu dira.
Liburuak ez ditu inondik ere 1600 pzta balio.
Nik ez ditut gehiegi ezagutzen kontari agertzen diren pertsonak, baina Amuriza bai. Zergatik dakartza Amurizaren kontakizunak beste molde batetan idatziak Xabierrek batuan idazten baitu beti. Ziur nago Xabierrek batuan idatzi dituela eta biltzaileak itxuraldatu duela.
Estilo errepikagarriak aspertu egiten du: zatika eta noizbehinka irakurri beharrekoa, ez irakurraldi batean.
Literatura aldetik ez du ezer interesgarririk eskaintzen.
Leturiaren egunkari ezkutua. Txillardegi
Bere garaian kokatu behar da nobela, giltzarri izan zela eta dela jabetzeko. Bai liburua baita Txillardegi bera ere: hor datza bere handitasuna eta eragina, asko hortaz jabetze ez bagara ere.
Diozan gauza eta ideiak xumeak dira, handikeriarik gabeak. Baina ideologia eta dotrina bat du.
Existenzialismo teoriak ez daude modan, baina liburuko geziek bete-betean jotzen dute hainbat aldiz.
Ibiltzea da gure bizipoza ere, hori da indarra ematen diguna. Egun ere burua badabil zerbaiten amets eta bila. Beti bideren bat zabalik utziz edo edukiz, beti bertatik ekiteko asmoz.
Azken zatian aukeratze ezinaren, aukeraketa ahalmenaren ukazioa, ez dago argiegi arrazoituta. Zer da aukeramena?, nire aukeraketak zergatik ez dira aukerak?. Egiarik ere ez dagoelako agian, ez egia absoluturik, eguneroko egia erabilkorrenik ere. Filosofiakeria ala arazo benetan latzak, bizitzan oihartzun sakona dutenak, beraiei bizkar bizi arren.
Zaila egiten zait irakurtzen, esaldi batzuk arraroak, idazkera bera nahiko zurruna. Batzuetan kosta egiten zait diona ulertzea, esamolde zailak zatzaizkit, motxak izanik ere, hitzen gaitik eta hitzen moldaketagatik ere.
Freskotasuna falta zaio.
Aurkikuntza itzelak ditu bai hitzetan bai esamoldetan.
Hitzak elkartuz edo atzizkiak erabiliz hitzak sortzeko ahalmen izugarria erakusten du, bide berria zabaltzen du, agian aurrekoei jarraituz, Lauaxeta da ezagutzen dudan aurre hurbileko ia bakarra.
Bide berriak ildotzen dizkio Euskarari, aro berri baten ateak zabaltzen.
Izugarria, harrigarria, da euskaldunberri batek, orduko baliakide urriak zituen euskara ikasle batek, horrela, maisuki idatzi ahal izana. Neurriz kanpozkoa.
Ezagun du ez dela euskaldun zaharra, hitz, hitz laguntzaile eta esaldi asko bortxatuak dirudite, belarrira arraroak: horrek ematen dio oraindik meritu handiagoa liburuari, Euskara ikasi duen batek horrelako eleberria idazteko gai izatea.
"Hildakotzat" umetatik beti "hiltzat" esan izan dugu. Antzerako esaldi asko ditu. Gramatika legez hala beharko du, baina ez ditugu horrela erabiltzen.
Gramatika aurrean dela, hotz hotzean. idatzitakoa dirudit. Oso urruti gelditzen naiz, haustura sortzen dit eleberriaren idazkerak: ez naiz historian sartu, hotzegia egin zait.
"olerkitsu", "pikoan harrapatu", eta antzerakoak oso arraroak egiten zaizkit, hala beharko badu ere.
Gramatikalki ere oso gogorrak egiten zaizkit esaldi batzuk, ez baititugu horrela erabiltzen, are gutxiago herri-hizkeran, agian erdarak kutsatuak gaudelako. Segur aski liburuak aurrerapausoa suposatu zuen idazkeran ere, baina ez naiz gai hortaz jabetzeko, aurrerakoak eta ondorengoak parekatu beharko bainituzke.
Izugarrizko aurkikuntzak egin dituenak, beste ate batzuk ertzi ote dituen ere pentsatu dut. Baina beste bide horiek zabaltzeko ahalmena dutenak hizkuntzaren beste bide ezberdinak ere urratu behar dituzte. Txillardegik berea markatu du.
Besteei ez die beraienak zabaltzea oztopatu, gai denak egiten du.
Lituma en los Andes. Mario Vargas Llosa.
Serranoen giroa, izaera, hizkera,... beste hainbat liburutik ezagunak zaizkigun arren, bikain agertzen ditu.
Peruri buruzko deskribapena, gorapena, aldiz, zuzenegia da, igarri egiten zaio nongoa den. Partzialegia. Normala da bestalde hala izatea bertakoa baita. Gehiago gustatzen zait eleberri batetan zeharka egindako gorapena, kontakizunaren bidez.
Agerian dago Peruko hainbat lurraldeko egoera latza.
Bizia da Peru eta Andeetako deskribapena
Senderokoen ekintzak deskribatu egiten ditu, luzez deskribatu ere. Gaitzesteko. Ejertzitoarenak, Poliziarenak, estatuarenak ostera intsinuatu besterik ez. Hauek egindako sarraskien deskribapenik ez dago, gauza jakina den arren; hauen jokabide basati ezaguna ere eleberrian azaldu nahi duen errealitatearen zati funtsezkoa da. Isiltze maltzur horrek egilearen jitea eta postura nabarmentzen du, sinesgarritasuna kentzen diolarik egileari eta eleberriari. Errealitate hori jende askok ezagutzen ez duenez, terrukoen indarkeriaz soilik jabetuko da irakurle asko. Hori da, segurki, Llosaren helburu nagusia, senderisten aurkako propaganda, ez errealitate azaltzea, ez egi osoa nabarmentzea. Agian horregatik eman diote Planeta saria, Espainiako borroka armatuaren aurkako tresna bilakatu asmoz. Sari literarioak politizatu baitituzte aspaldidanik.
Senderoren arrazoiak ez daude zuzenki atakatuta, baina mesprezu eta desprestigio tonu batetan emanak daude, karikaturizatuta.
Hizkuntza literario bizia du.
Lituma eta Tomasen elkarrizketan bizpahiru une ezberdin lotuaz osatuta dago. Gustatzen zait. "Dialogos en la Catedral" gogarazten dit. Bizpahiru istorio tartekatzeko teknika menperatzen duenez maisuki darabil hemen bai istorio osoa kontatzerakoan bai atal soiletan ere.
Lexiko aberatsa, Hegoamerikar hitz-esaldi asko berriak zaizkigunez, bitxikeria gozoa bilakatzen zaizkigu. Agian Hegoamerikar batentzat arruntak lirateke.
Deskribapen labur, zorrotz, biziak: Tranparena...
Frantses bikotearena, ekologistarena, merkatariarena, bera ere hor nonbait, harira ez datozen gertaera-historiak dira, Senderoren jokabidea salatzeko sartuak, kontakizun nagusiarekin lotura handirik, ia batere, gabe. Sendero desprestigiatzeko agian balioko du, baina literarioki oso pobrea da. Gainera egilearen pentsaera salatzen du. Egilea partziala izan behar du beti, bere postura hartuz eta azalduz, baina hemen balore literarioaren kontura egiten du eta honek autorearen muga teknikoa eta bere ahultasun literarioa nabarmentzen du.
Loitzu herrian uda-partean. Luis Mari Mujika
Adinekoontzat ez du gai aldetik berrikuntzarik: giro hori biziz ezagutu baikenuen. Agian gazteagoentzat ekarpen interesgarria da gai aldetik ere, gerra zibila urruti geratzen baitzaie.
Kontaera xumea eta erraza du, preziosismo eta bitxikeriarik gabekoa, egitura korapilatsuak eta zailtasunak saihestuz. Ez da batere nahaspilatsua idazten, ez ditu esaldiak korapilatzen, borobiltzen eta dotoretzen, ezta irudi, ideia eta esaldi poetikoak asmatzen dituenean ere. Ez da idazkeran nahasten: kontakizuna garbi azaltzen du, batzuetan izen-laguntzaile mordoa bata bestearen atzetik bota behar baditu ere: "kezko hodei mordo zurixka. Ez du hitzekin edo esaldiekin jolasten, bere naturaltasunean esatera mugatzen da.
Ez da ahalegindu idazkera lantzen, ortodoxoki idazten du eta kito. Horrek ez du esan nahi erdizka dagoenik: alderantziz, jator eta trebetasunez idatzitako istorioa da. Ez du horrek esan nahi lanik ez duenik naturaltasuna lantzeak, xume idaztea baita sarri zailena. Hainbat gaurkotasunez bustitako idazle zahar klasikoa iruditzen zait, klasiko baten jitea dario. Aukeratu ere nekazari ingurua aukeratu du, baserri-herri batetan kokatu du istorioa, gerra hiritarra ere izan zen arren. Tarteka esaldi trinkoak osatzen ditu, ezohizko formak erabiliz, ez betikoak. Noizbehinka poesia kutsua dario deskribapenari, batez ere natura gaietan.
Aurreko belaunaldikoen moldez idazten du, bai idazkeraz bai gaiez. Gure txikitako pentsaera eta deskribaera ageri zaio. Apaiz izaniko kutsua ere bai, erlijioso jite elizkoia, arraroa, lekuz kanpo bezala iruditzen zaidana: "Mariaren bihotzean bezala" eta antzerakoak. Baditu deskribapen aberats eta politak, biziak.
Ez da filosofia, moralismo, etika, historia, juzku edo iritzi pertsonaletara jotzen: istoriora mugatzen da, herria eta herritarren deskribapena egiten du, hortik aurrera irakurleak du hitza edo hausnarketa egiteko aukera.
Hiztegi aberatsa. Idazkera xumea baina aberatsa, bai hitzetan, bai hitz-lagunetan, esamolde zein irudietan ere. Baserri ingurukoa batez ere: deskribapenean hitz tekniko pila botatzen du, hiztegia balitza. Aroztegiko hiztegia hiriratuok ahaztu duguna, .... Herriaren esaldien ekarpen oparoa ere eskaintzen du.
Esaldi askoren berreskuratzea eta idatziz finkatuta uztea.
"hilen kanpaia": guk "hil kanpaia" esan izan dugu beti.
Guretzat "txilina" mezatarako kanpaitxoa zen, meza-mutilak eskuz mezatan jotzen zuena.
"kanpanotza": guk "kanpai-hotsa".
Bukatzerako eleberri aberats, trinko, sendoaren iritzia mamitu dit.
Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea. Luis Sepulveda. (Ana Santos Elorza)
Kontakizuna oso polita da, interesgarria, beste mundu bat dakar, beste gizarte batetan sartzen du, mundu eta gizarte ezberdinak agertzen zaizkigu.
Euskara nahiko gogorra, bortxatua, bai hitzetan bai esamoldeetan.
Ez da euskara edo itzulpen herrikoia, baina ez da ere akademiko dotorea edo landua ere.
Ez da euskara naturala, ez da gustagarria, zaildu eta oztopatu egiten du irakurketa. Berez gai interesgarria dena irakurketa desgogatua bihurtzen du, irakurgaitza. Gaztelerazkoa atsegina, bizia eta gustagarria izan behar duela iruditzen zait ordea.
Zenbait esaldi ez ditut ulertu ere egiten.
Badira esaldi politak, segur aski itzulpen arazoei irtenbidea eman beharrekoak, itzulpen korapiloak askatu beharrari aurkitu beharrezkoak, irudimenezkoak hitzen zein esaldiaren konposaketan.
"ibaiaren etengabeko igaroa", "beraren joana azkartuko zuen seinalea" eta antzerakoak itzulpen traketsak iruditzen zaizkit. Ez dakit nola den esaldia gazteleraz, agian gazteleraz ere berezia da, baina horrelako esaldiak traketsak iruditzen zaizkit. Asko ditu horrelakoak.
Euskaldunberri batek itzulitakoa dirudi, euskara txikitatik egin ez duen baten itzulpena.
Badirudi gramatika baino gehiago hiztegia erabili duela, eten gabe, itzulpenaren zailtasunak gainditzeko.
Batzuetan literalki euskaratzen ditu hitzak gaztelerazko ideia azaltzeko, hitzok euskaraz zentzu petoa ez duten arren: euskal hitzekin gazteleraz egiten du.
"harea-eskukada", guk "eskukada harea" esan dugu beti.
baina hitzak asmatu, batu edo egokitzen ikasteko ariketa positiboa da liburua.
Mandelaren Afrika. Juanjo Olasagarre
Puzzle batetan bezala jartzen doa Hego Afrikako arazoak.
Nahiko azaletik eta labur, ikuspegi zabala. Gehiegi sakondu gabe eritzi bat izateko haina.
Euskara errazean idazten du, beste mundukorik gabe, baina dotore.
Erraz irakurtzen da, ia eleberri bat bezala, agian ipuin bilduma bezala
Esaldi jator eta polit asko ditu.
Badu irudimena esaldiak osatu eta iritziak azaleratzeko..
Manhattan. Edorta Jimenez
9 historioz osatutako liburua.
Niretzat berria den mundua azaltzen du.
"87ko Antologia": musikaren mundua.
Ipuin bakoitzak bere estilo propioa du.
Esaldi luzeak ditu, hain lotuak eta landuak, imajinaz ideiaz sintaxiaz oso landua, zaila egiten da irakurketa. Landuegia askotan, nahastua, osatuegia, irakurketak ez du patxadarik, lasaigunerik, deskantsurik, arreta gehiegi eskatzen du, nekosoa egiten da irakurtzeko.
Askotan zaila da ideia edo esanahia hartzea, esaldi konplikatuak ditu askotan latinezko itzulpenetan bezala esaldia zatikatu eta konposaketa bilatu behar da esaldia ulertzeko.
Naturaltasun osoz egiten ditu esaldi korapilatsuok.
Ez dakit aproposeko saiakera literaioa den ala esan behar duenaren zailtasunak behartzen duen estiloa.
Irudi asko darabil, aberatsa, esaldiak etengabeko irudiz osatuak daude.
Gordina, baina ez likitsa.
Esaldi gogorrak ditu noizbehinka: 41or. "betekada itzela egin zidan beso inguruan", 59or.
"... ezpainetan iltzatua keinua...", "kolko txarra", " ... izu ezezagun baten ibilera dudurzagarria..."
Marinel Zaharrak. Joseba Sarrionandia. Poema-liburua
Oso gustura irakurri dut baina ez dakit zehazki zer esan liburuaz edo poemez, agian ospitale bateko aspertuan, nekean eta urdurian irakurri dudalako.
Poema latzak, tragikoak, askotan panfletoak, askatasun borrokari edo kartzelako egoerari lotuak.
Indarra dute poemok.
Errealista, giro berezi batetan emandako kontakizunak.
10 urtetik gora ditu "Bake beltza" poemak, baina gaueko paktu-kideei irakurtzeko aproposak diraute.
Poema konprometituak ia denak.
Hitz gutitan, giro berezian, eguneroko laztasunak kontatzen dizkigu goxo, garraztasunik galdu gabe.
Presondegi, traslado, eguneroko gertakizunak gai hartuz, erritmoa ematen die, giro berezi batetan biltzen ditu.
Edertasunak oraindik areagotu egiten ditu sufrimenduaren deskribapena.
Sortaldeko giroko poemak xarmantak eta xamurrak dira, giro berezia dute, arabiar giroa.
Harritzen nau gauzak ikusi eta kontatzeko era ezberdin honek.
Errealitatea irudiz ikusi eta azaltzeko duen ahalmena zoragarria da.
9408 narrazioak. Egunkaria
Ondo eta jator idatzita daude, ez ageri diren autore gehienek ohituta gauzkaten mailan. Nahiko azalekoak, orijinalik bada ere. Atakatik duintasunez ateratzeko idatziak. Konpromisokoak.
Edorta Jimenezen esperimentua interesgarria da: azken puntu bakarreko lau orrialdeko narrazioa, ez da lelokeria.
Arantxa Iturbe: amonaren azken bidaiak grazia ez ezik suspensea ere badu. Xume baina ondo idatzia.
Pako Aristik gordina dirudiena naturaltasunez kontatzen du, zuzen eta dotore ezuste egoki eta guzti.
Hasier Etxeberriak badaki idazkera dotoreagokoa izaten, orijinalagoa ere bai, baina polita da diona eta beti bezala jator dio.
Xabier Mendigurenek ere grazia du eta taxuz idatziko ez balu ez litzateke bera izango.
Karlos Linazasorok ere erakutsi nahi du berea baina ez zaio bonbillarik piztu.
Inazio Mujikarenak intriga du baina ez dakit nola interpretatu.
Harkaitz Cano: esaldi landuak eta politak, baita indarra eta grazia ere.
Itxaro Borda: zaila bai hiztegiagatik, bai esaldiengatik. Esaldi batzuk ez ditut ulertu ere egiten. Idazkera hotza, bortxatua. Freskotasuna falta zaio: ez dut ezagutzen baina euskaldunberria dirudi.
Felipe Juaristi filosofiatxo eta autobiografia sotilak.
Patxi Zubizarretarenak ez dit ezer esan ez gaiez ez idazkeraz.
Gerardo Markuletak badaki barnera murgilean igeri egiten.
Mailux Legorbururen idazkera negargarria iruditu zait, lehenaldia eta orainaldia nire irudiz zentzu gabe nahastuz. Agian esperimentu bat da, meritua du eta ez dut ulertu. Iparreko Euskara egiten du eta Egokoa sartu nahi du edo alderantziz. Agian hau ere esperimentu bat da, edo ber filosofia euskalkiei buruz, baina badirudi ez bata ez bestea ez dituela menderatzen. Segur aski nik baino hobeto baina hori iruditu zait. Agian narrazio guztietan berak du meritu nagusiena.
Joxean Artze, trebea, aberatsa, argia.
Jose Mari Iturralderenari, bitxikeriarik gabe, umore tantaz bustita, "tira!", besterik ez.
Anjel Lertxundik goxo eta zehatz, ohi duenez, baina gaia kaxkar geratzen zaio.
Koldo Ameztoyren istorio orijinala eta kritika fina.
Pello Lizarralderenak nire horretan utzi nau ukiturik ere gabe.
Juan Luis Zabalak baleko goxotasun izpia du.
Andoni Egaña: irri puntua, egoeren deskribapen argia.
Bernardo Atxaga, orijinala.
Joserra Garzia, dotorea idazten, gizarteren kritika isilen batekin beti.
Mikel Hernandezek ez du behin ere aspiradorarik pasatu, agian nik ez dudan modeloa du bere etxean: gureak ez du sakatu beharrik, erabiltzea soilik da behar duena.
Patziku Perurena aberatsa da ideiez, imajinazioz, idazkeraz, baita hiztegi eta esamoldez ere.
Laura Mintegiren esaldi batzuk ez dakit jatorrak diren: betiko dudekin utzi nau. Narrazioa zuzenegia (irudit,dirudit) iruditzen zait, imajinazio gutikoa.
Juan Garziak harrotu dizkio hauts batzuk Unibertsitateari.
Nerea eta biok. Laura Mintegi.
Ardatz minimo baten inguruan, ia ez du ardatzik, gogoeta soka luzea korapilatzen du.
Barne azterketa edo konfesioa dirudi, barne murgilketa, barne portaeren ikerketa.Barne hausnarketa gai askori buruz. Filosofia txikiak ere baditu.
Gogorapenak, egia, poza, onarpena, ausentzia, presentzia, suizidioa, bizitza, maitasuna, maitasuna eta politika, bortxakeria, kartzela, amatasuna, epaiketa, hitzik gabeko komunikazioa, pudorea, emakume banatu baten sexu-sentipen hutsuneak, aiherra, telenobela, presoen egoera, giza-emakumeen erlazio arazoak, askatasuna, sexu harremanak, hilerokoa, kartzelatik atera ondoko erreakzioa, unibertsitatea, gazteak, seme-alaberekiko gurasoen harremanak, ezkonberriko arazoak, pubertaro ondorengo lehen sexu harremanak, atxiloketak, kartzelara bisitak, kartzelako presoekiko bisitak, pertsona kartzelan,
Euskal Herriko arazoak,... eta gehiago.
Filosofia txikiak izan behar, liburu labur batentzako gai asko direnez.
Ezkontza banaketari eta preso-kartzelari buruzkoak dira ugarienak.
Gogoeta batzuk politagoak edo borobilagoak dira. Interesgarriak denak.
Hausnarketa batzuk oso garratzak dira, baina errealak.
Logikarik eza ere badu noizbehinka: Hitzik gabeko komunikazioa du epai-gelan Nerearekin. Berak esan ziona aitatzen du, baina komunikatu baziren zer ulertu edo entzun zion berak Nereari?. Ez du esaten. Behar ere ez testuinguruan.
Dionaren aurka, ilargiak ere badaki huts egiten zitara laino gauetan.
Lagunarteko idazkera darabil, gaiari ondo datorkiona.
Idazkera nahiko erraza du. Baina baditu forma zailak ere. Batzuek ez dakit ondo asmatu dituen, ez baitakit ondo dauden ala ez.
Datorrena, direna... batzuetan "na" horrek "la", datorrela-direla... esanahia du nire ustez. Ez dakit hala bada ondo dagoen.
Hitz berriak asmatzen ditu: adenporatasuna, wat gutiko bonbila, gutungoa, ehunzango (cienpies), eta abar.
Niretzat dudazkoak diren formak ere badarabiltza.
Esaldi aberatsak ere baditu, herrikoiak.
Esaldi motzez osatu du batez ere liburua.
Erraz irakurtzen da.
Horrelako burutapen eta hausnarketak gogoko zaizkionari gustatuko zaio liburua.
Ni naizen hori. Karlos Gorrindo
Harrituta!. Ez gaiari dagokionez, sintaxiari buruz baizik.
Homosexualitatea du gaia: arazoa eta bere berezitasunak garatuz doa liburua. Majo.
Baditu akats batzuk, batzuk inprentakoak, besteak auskalo norenak!.
NOR-NORI-NORK aditzaren erabilpenean duen kaka-nahastea izugarria da, edo hala iruditzen zait. Aditz arauak ni jabetu gabe aldatzen joan dira edo euskaldunberria da gure Gorrindo eta ez du menderatzen aditza edo horrela nahita egin du bere euskal aditza batua edo herritarra sinplifikatu behar dela bultzatuz agian.
Idazkera modernoa, berria, du.Ohizkotik ezberdina. Aurrerapausoa da.
Hiztegi aberatsa. Ekarpen diren herri hitzak ditu. Moldatu ere egiten ditu.
Erdal esaldi asko ditu euskaratuak: kale-giroa sortzen du gaztelaniaren eraginez.
Hizkuntzari buruz mila dudaz beteta utzi nau.
Eleberria berrargitaratuta azaldu berri da: azal berri batekin. Edo asko saldu da edo aurrenekoa erretiratu egin dute.
Nolanahi gure Gorrindo ausarta dela ezin uka.
Otto Pette. Andu Lertxundi
Astiro irakurri beharrezkoa, zehaztasun eta bitxikeria literario-linguistikoz aberatsa denez, liburuaz goza ahal izateko.
Konparaketak, zeharkako esaldiak, irudiak, baserri edo nekazari aro-girokoak ditu, gertakizuna bera antzinatean kokatua denez.
Ez da beraz giro euskalduna, zabalagoa baizik.
Askotan esanahi nagusia, zuzenean ordez, zeharka adierazten du. Hitzez hitz diona gaindituz, eduki ideologiko sakonagoan hausnartu behar da diona. Asko galdu den erabilera edo hizkera herrikoa darabil. Asko erabili ohi zuen gure amak hizkera hori: "Gustora egon ditxuk honek" esango zuen sagar gizenak adierazteko.
Dagoen arren, hitzez hitz itzulitako esaldi guti dago. Euskaraz pentsatutako lana da oso osoan.
Hitz-joko politak eta ugariak ditu: "sentibera .... sentiberagotu"
Aberatsa da irudietan: "begien putzua", ...
Zuzen, soilik, hitz gutiz esan ordez, luzatuz, irudiz osatuz, borobilduz egiten du esaldia edo pasartea: "adinaren zama bizkarraren gainean nabari zuen..."
Esaldi herrikoi asko jasotzen du.
Esaldi lengoaia darabil, ondare direnak erabiliz edo berriak sortuz.
Deskribapenetan luzatzen badaki, baina baita laburbiltzen ere, bi hitzetan ideaiaren giltzarria ereiten, esaldi laburtuetan eduki sakonagoak jalgitzen, laburduran zabalagoa hedatzen: jostura bakarreko soineko beltza zeraman, burutik behera sartua, jantzi bakar".
Freskotasuna kentzen dio historiari batzuetan esaldi landuegiak. Artifizial egiten du, luzeegitu, deskribapenetan batez ere.
Elkarrizketek ez dute normaltasunik askotan. Hain literarioak izanik, jatortasuna, naturaltasuna eta egiatasuna galtzen dute.
Beste elkarrizketa batzuk (Joana-Errondal) kultuegiak, landuegiak agian, sinesgaitz, lekuz kanpo giroko bilakatzen dira.
Egoera batzuei (Jonana- Errondal, gehiago ere bai) luzeegiak deritzet. Kontakizunaren hariari guti gehitzen diotenak. Joko literario hutsa, nahiz polita. Liburua osoa besterik al da, egia esan?.
"bainago" hitza eta beraz esaldia moldatzeko era ere, asko darabil. Sarritasunaren eraginez, ez hitz hau bakarrik, eskola edo arau bihurtu du.
Irigoienek haina ez, baina asko eta dotoreziaz esaldiaren laburdura sortuz darabil sintetikoa, batez ere "bailuen-bailitzan-bainuen" eta antzerakoak. Errepikatuz esanahia indartzen du, iraunkor eginez.
Adjektiboak substantibatzen ditu maiz, bere idazkera bailitz, aurreko substantiboa genitibo eginez:"torturaren alferra-ezpataren zorrotza". ez da berria, sarri erabilia beste autoreek ere, baina Anduk bere egiten du, argitasuna emanez bere idazkerari, baita moteltasunaren arriskua arinduz ere.
NOR-NORI formak "IZAN" soilaren ordez darabiltza. Erabilera ia fixoa du, idazkera normala du hori: "portatu nintzaion-ez nintzaion koleratu-ixildu egin nintzaion-...".
Adjektiboa izenaren ondoren. Hau ere ez da berria, baina bere egiten du, eta errepikatuz normaltasun-arau kutsua ematen dio: "giltza burdinazko hark ate urrezkoa zabal zezakeelakoan-tinta purpurazkoaren distira-..."
"sarri" "asko"ren ordez edo esanahi berez: "ile sarria-...", "sarri", "pronto-bizkor-ordurako"ren ordez: "gainditu bezain sarri-..."
Gaztelaniazko "recostar" "gerritik gorakoa tentetu"esaldiarekin adierazten du. Ez dugu nonbait hitz bakar soil egokirik euskaraz, edo gaztelaniaren interferentziarik gabe euskara soilean pentsatu du historia.
Deskribapen aberatsak, finak,irudimen haundikoak: sukaldeko zola oholeriarena jeniala da.
Erritmoa eta musikaltasun esaldi eta deskribapen askotan zoragarria da. Sinfonia dirudi.
Sen poetikoa du.
Anduk ere idazteko "modu bihurria" du.
Agintarien krudelkeria-torturaren nolakoa-absolutokeria-azpijokoak-ahuleziak-elkarrekiko ezinikusiak-ustelkeriak-menpekotasunak: politikoen mundua ageri da.
Erdi Aroko giroa, boterearen jokoa, bai eliza,bai errege, bai kargudun, bai herri soilarena ere.
Jendilaje horren portaera agertzen da. Kritika ere bada sakonean.
Gaurkoa bertan ispilatzen da: gizarteak portaera hori berea du nonbait.
Bizitza eta bizitzaren filosofia, itxuraz xumea, sakona da sakonean.
Herri filosofia eleberriko esaldi ugarietan mamitua dago.
Naturari buruzko mila obserbazio, iritzi eta pentsamolde ageri da.
Otto goikoen jokabidearen ispilu da, Errondal herri xehearena ote?.
Amodio eszena bi pipertsuak, gordinak, dira sexu gaia ere sartu asmoz edo, kontaketa pipertu-bizituz. Ez du ezer berririk ematen, sexu gaia euskaraz gordin deskribatzea ez bada. Kikiltasunik gabe. Pauso-ekarpen azpimarratzekoa, baikorra. Txortan ere euskaraz.
Txorta bata zaldunarena da, herritar soilarena bestea. Konparatu behar dut bietan kidetasunik edo ezberdintasunik dagoen. Aukeretan ez, baina txortan behintzat denok berdinak ote gara?. Berrirakurri.
Otto eta gainekoen jokabide, asmo, iritzi, bizimolde, gezur,...ek badute parekorik gaurkoan ere. Kritika finaren lurruna dario kontaketari. Badu gaurkoaren ikuspen irriñoa. "kontrolpean daukagu egoera-..."
Zaldi-buru-hezurraren haserako jolasa oso polita da.
Antzerako hitzak, ia soinuz bikoitzak, erabiliz erritmoa sortzen du: "harritzeko ... harrotzeko-..."
Ikatz zuriaren irudia bikain darabil torturapeko aitormenen kontaketa agertzeko.
Pertsonaien portaeraren azpian, hondoan, agertzen da mensaia, eman nahi duen mezua. Agian Anduk ez du horren asmorik, agian kontaketak eta historiak berezkoa du, agian historiari berari berez dariona da. Anduk esan beharko luke. Agian esan du.
Mezua, nik irakurtzen dudana, ez dago diskurtso zuzenean emana.
Nik gustukoa dut bide hori, eleberri batetan, horrela izan behar lukeela deritzot. Besterik da saiakera.
Noizbehinka kontakizunaren haritik alde egin eta erroilutxoa ere botatzen digu Anduk, pertsonaien bidez justifikatuz. Pertsonaiek berek diote desbideratu direla. Ez dut gustuko mezua horrela ematea.
Eleberriaren zergatia: Bi arrasoi ezberdin badira idazteko: 1.- Idazleak gustuko-jolas-denborapasa edo lanbide duelako. 2.- Idazleak zerbait esan nahi duelako, zerbait komunikatzearen beharra duelako. Agian arrazoi biak ere nahastuko dira. Arrazoi bata izan edo beste izan, erabiliko duen idazteko tenorea ere ezberdina izanen da. Lehenengoak ikuspuntu literarioan jarriko du batez ere ahalegina, mamian-edukian bigarrenak.
Anduk idaztea duela bere lana eta solasa esango nuke. Idazkeran, jarduera literarioan, izan du ahalegina. Maisuki lortu du OTTO PETTE borobila. Ez dago idazterik ideia baten oinarririk gabe. Anduk esaten dizkigu gauzak, gauza interesgarriak, fin eta dotore esan ere. Bere helburu nagusia ondo idaztea dela esango nuke ordea. Bada jende bat idaztea duena helburu, baina nahiz gustura irakurri, pellokeriak edo arinkeriak esaten dituena. Ez da OTTO PETTEren kasua.
Badira zerbait esan nahi dutenak, zer transmititu garrantzitsua dutenak, baina trakets zuzentzen dutenak bere mezua.
Batzuk maisuki lotzen dute bata eta bestea.
Historia bihurrira bildu zaigu Andu esaldi txirikordatuz, denok patxadaren lasaitasunera ekartzea bailitz bere zioa, trostan jartzea bainago.