Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak

Liburuak

Jon Etxabe 2016/10/21 10:30
Liburuak 2 – I. Zenbait libururi buruzko iruzkinak

Liburuak 2 . I

Ahotsik behartu gabe. Bitoriano Gandiaga. Poema liburua.

Alatriste kapitaina.  Perez-Reverte, ( Xabier Iaben)

Anemometroa. Igor Igor Estankona Poema-liburua.

Arrainak ura baino. Hasier Etxeberria

Bart irakurtzeko gaur izkiriatua. Poema-liburua. Xabier Izaga

Biziaren azala.  Xanti Iparragirre

Borrokaren gorrian. Joxe Iriarte - “Bikila”

Denbora galdu alde. Bitoriano Gandiaga. Poema-liburua.

Donostiako Hiria III.  6 Ipuin

Enaz banaz. Xabier Amuriza

Emon bihar yako.  Iñigo Aranbarri

Errolanen harria. Patxi Zabaleta

Esku leuna. Gotzon Garate

Euskal Herria krisian. Joxe Azurmendi.

Euzkadi merezi zuten. Koldo Izagirre

 

Ahotsik behartu gabe. Bitoriano Gandiaga. Poema liburua.

Lehenengo sailari naturaltasun falta aurkitzen diot: ez dut gozatu, buelta asko eman behar diet poemoi ulertzeko.

Lehen poemok ebakiegiak dira, behartuak bai hiztegian bai egituran: gaztarokoak agian.

Kolpeka tailatutako harriak dirudite, leundu gabeak, latzak, ertz bizi ugarikoak, oso kontzentratuak.

Intelektualegiak, landuegiak, hotzegiak, buruarekin eginak, sentimendu gutirekin.

Taila ederrak baina hilak. Zurrunak, bizitza galdu arterainokoak ia.

Erritmoa dute, bihotzik ez.

Sarrerak poemak bezain gustura edo gusturago irakurri ditut.

Politak dira, hor aurkitzen dut Gandiaga.

"Ta aurrean udazken": gerra aurreko klasikoen taxua du, gaian, konposaketan eta idazkeran.

"Ni naizen", hitz-joko polita:  filosofoa existentzialista da Gandiaga bertan.

"Geldi ta itsu": aditz trinko sorta. Pesimista.

"Bakartade": deskribapen fisikoa, bizia eta ederra.

"Zein laster", zein polita.

"Amak "zatoz" esan eustan":  gauza politak ditu.

"Iru torreak": errepikapenak bereak ditu poemotan.

"Eta goian": hitz-jolas polita, barne egoera definitzen duena.

"Zuriak": hitz jolas polita.

Monasterioko sentipenak mundutik kanpokoak dira, bizitzako garraztasunik gabe, heriotzaren garraztasunak ez                     badira. Idilikoak, sublimatuak. Ez dira bizitza honetakoak, beste mundu batetara jauzia dira.

Gera aurreko poeta klasikoen antza dute.

Nekazari girokoak dira.

"Bakazioak", itxuraz xumea baina ze hitz-jokoa!.

"Urtarrila", errepikapenaren polita!.

Zati hau mardulagoa da, sendoagoa, eginagoa, da hemen Gandi, ez ideetan poema egituraz ari naiz.

xumeagoa, naturalagoa, leunagoa.

Errementeriarena ze polita, orekatua, logikoa.

 

Alatriste Kapitaina. Perez Reverte, (Xabier Iaben)

Maisuki azaltzen du garaiko giroa        

Ziri zorrotza sartzen dio tarteka hainbat gairi.

Xehetasunez deskribatzen ditu gertakizunak, egoerak eta pertsonaiak.

Artista gure Revert.

Iparreraren bustia du itzulpeneko euskarak, agian bustia baino arego: aberasgarria gertatzen da Egokoontzako.

Egilearen gaztelerak erraza eta atsegina behar du izan, ala dirudi, itzulpenaren euskara ordea nahiko zaila da tarteka, ez behintzat leun eta goxoa doana istorioari dagokionez.

Ezaguna du euskaratua dela hitzetan zein esaldi nahiko behartuetan.

Esaldi arraroak ditu, gordinegiak, agian jatorrizkoak behartuta.

Bi aldiz irakurri behar dira hainbat esaldi ulertu ahal izateko.

Aukeratutako hainbat hitz eta esamolde ez zaizkit egokienak eta zehatzenak iruditzen, agian beste euskalkiko batek itzulia dagoelako.

Errazegi egiten ditu hitz konposatuak, egokiagoak asmatu edo bilatu ordez.

Aditz bihurtzen ditu hainbat hitz, betiko euskal esapideak baztertuz edo laburtuz.

Jatorrizko poema itzuliek erabat gatza eta piperra galtzen dute.

Tarteka ez du esanahi zehatza jasotzen.

Euskarak ez du jatortasunik.

Jite jatorri gabeko esaldiak jartzen ditu.

Antzerako gaiak gazteleraz irakurri ez dituenari zaila eginen zaio hainbat hitz, esaldi eta esanahiz jabetzea.

Ez naiz jabetzen hainbat esaldiren esanahiaz, jatorrizko testuaren jakin-min geratzen naiz. Baita ulertzen ditudan hainbat esalditan ere: jatorrizkoa nola ote.

Tarteka oso astunak, gogorrak, zurrunak eta behartuak dira hainbat esaldi, gazteleraz arinak, minak eta gazdunak uste ditudan esaldiak.

Nik uste baino zailagoa behar du izan itzulpenak, izugarrizko meritua behar du itzulpen lan honek, baina nik hala ikusi eta bizi izan dut irakurketa. Agian amets gehiegi jarri nuelako aurretik.

 

Anemometroa. Igor Estankona. Poema-liburua.

Ideia eta sentipen erakargarriak

Barnea aztertzen du

Bizitzako mila izpi, mila irudi, mila sujerentzia edo iradokizun

Gauza politak esaten ditu, polito esan ere

Zenbait poesiak artikulu zorrotzenak adinako indarra du gerraren aurka.

Emakume fisikoa dakar gehienetan, sexu lurrunarekin, soilik!

Borobildu gabeak iruditu zaizkit hasieran hainbat poema.

Gaztea izaki oraindik

Etorria du

Poeta da, beste era batera azaltzen ditu gauzak

Bizitzaren beste dimentsio bat, beste ikuspegi bat, ikusmolde ezberdina

Askotan ez dakizu zer esan nahi duen, baina polita da diona eta esaera

Hainbat irudik esanahi zehatza ote ala zerbait ezberdin kontraesan edo harridura eragin nahi ote soilik?

Irudimena, irudi asko eta bitxiak bururatzen zaizkio edo asmatzen ditu

Ukitu berezia du

Kadentzia du, baina tarteka eten egiten du erritmoa, (ene gustuz)

Naturaltasuna darie poemei, ez dirudite behartuak

“Memoria bidali nuen zure bila”: ze polita

Eztia, gaua: zer da hori?.

Zetazeo handiak: nahitasun poema erdi lizun erdi goxoa.

 

Arrainak ura baino. Hasier Etxeberria

Iritzi asko, burutapen asko, pentsakizun asko botatzen ditu istorioa konta ahala.         

Luze doakio kontakizunean sartzea, luzeegi, hari-punta hartu eta bertatik tiratzen hasteko.

Kartzelako presarik eza eta pentsamenduen abiadura bizkorra: Xabierren burutapen bera.

Errazegi kritikatzen du Alemaniako harresiarena, Mendebalean ustelik ez balego lez. Partzialegia.

Alemaniar borrokalarienganako iritzi oso ezkorrak, kritikak beti dira sistemaren aurkakoentzat.

Preso eta senideei buruzko iritzi ezkorra: izanen da halakorik baina senideengana hurreratu den orok daki orokortasunean ez dela horrelakoa beraien sentipena.

zergatik beti preso eta senideak gaitzetsi eta barregarri utzi behar ditu. Jendea presoez gogaituta omen: agian bera!.

Penelope eta Ulises atalean Brigada Gorrietako buruzagia, Hans, Rudolf Hees naziarekin parekatzen du, Brigadez erabat arinki hitz egiten du, barregarri utziz, inolako errespeturik gabe bizia jokatu dutenentzat nahiz erratuta daudela eta astakeriak egin dituztela uste izan.

Hans, Brigada Gorrietakoa, beti da terrorista Hasierrentzat.

Brigada gorriak desitxuratzen ahalegintzen da, ezagun da kazetaria dela.

Istorioan brigadista gorriak erabat deskalifikatu  eta txantxaz hartzen dira. Egia erdia askotan gezurra adinakoa da.

Emakume komunistek eta suediarrek sexu kontuetan ezberdin jokatzen omen. Tira!. Ez hadi izan hain arrunta Hasier, umorez bahabil ere!.

Emakumeentzako halako gutxiespena agertzen da tarteka.

Lenin izenak bolboraren ke usain gorria du beretzat eta Lenin ahuntz bizarduna da!.

Errespetu eta sendotasun handiagoa uste nizkion Hasierri.

“Mairuak” deitzen die aljeriarrei, besterik gabe.

Arrazakeria ukituak ere baditu, nahiz beltzen arazoa taxuz eta garratz agertzen duen azken aldera.

Katedrala suntsitzekoa logikarik ez duen erabakia da, istorioa kolokan jarriaz: ekintza arruntak rikulizatzeko trikimailua dirudi.

Zer esan nahi digu, katedrala suntsitzea bezain funsgabeak direla indarkeria guztiak?.

Lehergaiak nola lortu, ordaindu, zuritu, ... ekintzaren zergatia, ...

Eleberriko gaia eta ekintzak muturreraino eramanaz, ridikulizatu, arbuiatu eta barregarri utzi nahi ditu abertzaletasuna eta indarkeria.

Karikaturagilea egin zaigu Hasier, baina hau karikatura txarra atera zaiolakoan nago.

Zer da karikatura eta zer errealitatea, karikaturak errealitatea azpimarratu nahi du, beraz, ... hemen argi agertzen dena garbi dago.

Azken aldera beste tonu eta jite batez aitatzen ditu ETA eta ingurukoak, baina aurrean esandakoak esanda daude.

Ez du aukerarik galtzen indarkeria barregarri utzi, mesprezatu eta barregarri uzteko.

Ezker Abertzale mundua deskalifikatze hutsa da eleberriko zati handi bat.

Ez du balio umore estilo aitzakiak, beste aldekoekiko ez darabil horrelako umorerik.

Zerbaitek erremintzen du barrutik euskal arazoa ukitzen duenean.

Gauza gordinegiak eta serioegiak darabiltza umore klabean ezkutatzeko. Umorez edo ez, esan egiten ditu gauza oso grabe eta gordinak. Eta umorea den ere zalantzan jarri behar da, ez du nire ustez umore klaberik lortzen eta gauzak bere gordintasunean uzten ditu.

“Sema baino semena da niretzat Bladi”, eta ondorengoak: basto habil Hasier!.

Ez dabil batere fin hainbat irudirekin ere: semea eta mendian behera botatako harriarena...

Ez naiz harritzen lehen saria jasotzea, Orejak ere emanen lioke.

Notre Dameri buruzko burutapenak taxuzkoak, zuzenak, gogorrak baino egiazkoak dira.

Beltzen arazoa, artea, ... oso burutapen jatorrak ditu Parisera bisita delakoan batez ere.

* Estilo edo kontaera jatorra, nahiko sinplea, xumea, sentziloa, baina aldi berean dotorea.

Ez du erritmorik, edo erritmo motelegia, bai kontakizunean, bai barne ibilian.

Ez da bihurrikerietan eta dotorekerietan sartzen.

Kontaketan istorioa galdu egiten da mila errebueltetan, haritik urrunegi joanez.

Irudi asko darabil, piloa, harrigarria, irudiz azpimarratzen du ia dena. Hori litzake bere ekarpen nagusiena liburuan.

Bukaeran ezustekorik bada ere, suspenseak indar guti du, ia kontakizun eta ardatz osoari antz ematen zaio berehala.

Ez du ezer berririk eskaintzen hiztegi edo esamoldeetan.

Egunkarietako zutabeetan “dotoreago”, landuago idazten du: agian hau gehiago kosta zaio, gehiago landu behar izan du..

Ez naiz harritzen lehen saria jasotzea: ondo idatzita dago eta.

Ez nau bereganatu eleberriak, ez nau harrapatu, are gutxiago liluratu, areago, gaiagatik ernegarazi egin nau.

Agian ez dut jakin liburua irakurtzen, ez naiz umore kutsuaz jabetu, neuk ere ez dut umorerik.

Beste zerbait espero nuen, gai, tratamendu, estilo eta finezia aldetik.

Trauskila, bastoa, da eleberria, baita Hasier bera ere istorio kontaketa honetan.

Hori umorea bada, huts egin dio umoreak Hasierri. Ez dut pentsatu nahi nik interpretatu bezala eta ikusi ditudan burutapenak direla Hasierrek nahi izan dituenak. Ni neu naizela errudun pentsa nahi dut.

Benetan sentitzen dut, ez zait gustatu eta kitto. Kaxkarra deritzot. Tarteka min ere eman dit. Jakin-minez eta ilusioz erosi nuen liburua, kariñoz, Hasierrek zer eta nola ote eleberri batetan.

 

Bart irakurtzeko gaur izkiriatuak. Xabier Izaga. Poema-liburua.

Kartzelako bizipen txikiak, egunerokoak, baina larriak.

Presoaren sentipen ezberdinen azalpena erreskadan.

Poemaz poema kartzelaren puzzlea, gandu poetikoez garraztuagoa.

Kontakizun itxuraz xumeak baina bizitza goritzen dutenak.

Giro bitxia azaleratzen dute poemok, sentiberatasun bizia erakusten.

“Asteleheneko astelehena astelehenago da kartzelan”.

Kanpokoaren bestelako logika du denborak gartzelan: mundua eta bizitza bestelakoz doaz.

Esperantzarik gabeko poemak!.

Kartzela garratza da, baina argi izpirik ez dago?, itxaropenak ez du zirrikiturik?: poemotan ez da ageri ez argirik ez itxaropenik!. Latza da kartzela, 7 urtetik harantz latzagoa nonbait.

Azken poemak trabatuak, intentzioa ikusten dieten arren irakurtzailak.

Egun eroko kanta: tragikoan umore puntua du.

Hikako hori ze polita!.

Zenbait poema ez dut ulertzen: Bitoria, ...

 

Biziaren azala. Xanti Iparragirre

Testigantza liburu ikaragarria

Euskal Herriko garai batetako miseria eta gerra ondorengo egoera ekonomikoaren egoera latzaz, batez ere baserrian, jabetzeko interesgarria.

Abastosa eta abar, gazte askok ezagutzen ez duten garai batetako zapalkuntza eta garraztasuna.

Pobrezia Euskal Herriko historiaren zati bat

Makiak Errenderia aldean: niretzat berria da.

Errefuxiatu politikoen egoera gorria, laztasunak, errefuxiatu batek kontatuak

GAL garaiko egunak, arriskua eta mehatxua bizi izan duen batek kontatuak: hiltzeko arriskuaren bizipenak.

Umaroko, gaztaroko eta klandestinitateko gaiek dute erakargarritasuna eta interesgunez.

Gainetiko burutapen, gogoeta eta filosofiak xumeak dira, izan badute bere interesa baina ez zaizkit erakargarriak egin: bakardadea, maitasuna, bertsolaritza, ...

Bizitza zehatza edo bizitzako zertzeladak kontatzen dituenean zait interesgarri eta aberasgarri, burutapenetan baino.

Kontaketa zehatzak ditu burutapen izpi gogotsuenak, pentsaera zipriztin eztiak dira.

Liburuaren azken erdia bertsoak dira, niri bertsoak ez zaizkit irakurtzeko atsegin.

Etsipena dario bakardade gaiari, baita liburu osoari ere, sufrimenduaren eragina, itxaropenarekin ematen badio ere bukaera.  

Era errazean idatzia.

Idazkera pertsonala, barnerakoia.

Lexiko eta idazkera aldetik ez du ekarpen askorik.

 

Borrokaren gorrian. Joxe Iriarte - “Bikila”

Klandestinitateko bizimoldea

ETAren zatiketa eta barne bilakaera

ETA barruko hainbat istilu eta eztabaida

Frankismoaren azken urteak eta erreformaren historia

Aldaketa politiko eta herriaren portaera zein erantzunaren  historia dago liburuan

Balio du orduko eta gaurko egoera eta jokamolde politikoak alderatzeko.

Garai bat ezagutzeko balio du, historia bati errepasoa egiteko

Baita hainbat gertakizun eta portaera gogarazteko ere

Baita hainbat pertsonaien nondik norakoa ezagutzeko ere

Azken zatia nahiko ezaguna zaigu. Berak Errenderiara mugatzen du batez ere trantsizioko garaia.

Asanblada da azken aldiko ardatza Errenderiako bizitza politikoan

Mitifikatuta dago Errenderiako Asanblada: ez da ageri zergatik huts egin zuen, zergatik jendeak erakundeei jarraitzen zien ez Asanbladari: zerbaitek huts egin zuen Asanbladan. Ez da hori ageri.

Armak noiz, nola, ... erabilia: eztabaida serio da, berak errazegi likidatzen du

Gaur egun bezalatsu, argudio berdinekin eskatzen genuen amnistia Franco ostean: sakoneko arazoa konpondu gehiago borrokarik eta presorik egon ez dadin.

LCR, LKIren porrotaren zergatiak  ez ditu aztertzen

Kontakizuna da garrantzitsuena liburuan

Mamia, bizi zuena, bizi izan bezala kontatzen du, bere errealitatea, bere egia eta errealitatea.

Badu baina ekarpen garrantzitsua: euskaraz kontatzen ditu klandestinitateko gorabeherak eta trantsiziokoak.

Estilo xumea du baina jator eta zuzen idatzia, zehatz.

Estilo sinplean dago, gaiari tokatzen zaion bezala.

Hiztegi aldetik ez du ekarpen handirik

Idazkera aldetik ere ez

Esamolde bitxirik ere ez, tarteka esaldi herrikoiak baditu.

Ez da aberatsa hizkuntza edo idazkera aldetik.

Ez du jantzi estilistikoa dotoretu edo mozorrotu.

Nekazaritzako irudiak darabiltza batez ere, zaldia, otsoa, talo aurpegia,..: ez da urbanoa irudietan kontakizunean hala bada ere.

Ez da idazkera urbanoa, kontakizuna urbanoa izanik

Poeta ere jartzen da tarte bakarren batetan: muga zeharkatzeko gau hartan, ...

“Dena emon behar yako”: Lauaxetaren esaldia da!. Hemen jakin dut.

Nork esan behar zidan Bikilak sudurra operatu eta aldatu zuela klandestinitateagatik.

 

Denbora galdu alde. Bitoriano Gandiaga. Poema-liburua.

Gandiagaren aldi txar bateko poemak: diona egia izanik ere ez da egia osoa edo egia totala, bera beste era batekoa da pertsonalki eta  osotasunean ezagututa.

Bere barne arazoak ukitzen ditu poemotan.

Gizakion barne eta azpi zirrikitu eta toles-gunetan sartzen da.

Bere egoera eta arazoak astinduz irakurlearen gogoeta ere azaleratzen du.

Bere baitan bueltaka dabil.

Bere baitako mundu itxia eta mugatua dager.

Bere bizipenen egunkaria dirudi.

Nahiko negatiboa da, ez du aurrera begiratzen.

Ez du bizipozik eskaintzen.

Ezkorra eta tristea bizitzari buruz.

Bizitza mugatuegi baten penak dirudite: komentu barruan eta bere baitan bizitzeak eraginak.

Bere barne gorabeheren aitormen zuzena utziz bizitzari begirada orokorragoa ematen dionean atseginagoa da.

Bere baitatik ateratzen denean da erakargarria.

Barne deskribatzailea.

Sentipen finak.

Filosofia humanistak ere ugariak dira.

Errepikagarria bihurtzen da, eta interesa galtzen du gai aldetik.

Gehiegi gutxiesten du bere burua.

Negatibotasuna eta ezina azpimarratzen ditu.

Bere buruaz ahazten denean, natura du gai nagusi.

Idazkera aldetik gordetzen du interesgunea.

Formak erakartzen nau poemotan, batez ere, idazkerak.

Idazkera landua.

Dotorea, zehatza, borobil idazten duena.

Erritmoa eta kandentzia, errepikapenak, ... dotorezia.

Hitz-jokoak, erritmoa egiten ditu erakargarri poemok.

Aberatsa egitura eta hiztegian, horrek erakargarriagoa egiten du poemak gaiez baino.

 

Donostiako Hiria III

C.A.T.ek antolaturiko 1983.ko Sarian hautaturiko lanak

Mota ezberdinetako ipuinak, gaiez, trataeraz eta estiloz.

Atxaga jadanik denen gainetik zegoen. bere dohainak erakutsiz.

Atxagak, xume itxuran, originala, goxoa idazkeran, fintasuna, ...

Ansorenarenak eta Mariasun Ganboarenak irudimen gutiko kontakizunak dira eta ez dute ekarpen handirik literatura aldetik. Estilo apalekoak biak.

Azkena, Ignacio Mugicarena, gustura irakurri dut, garai zaharretako giroa dakar eta bete tentsio puntua ere badu.

Ez ditut gustuko ipuinok, arruntak deritzet, ez dute ekarpenik ez eritzien aldetik ez literatura aldetik.

Agian ezagutu egin beharko nituzke egileak, bere garaiko baldintzak, adina, ausardia, ... seguru aski meritu handia dute, baina nik besterik gabe huts-hutsean irakurri ditut.

“eulitu” , “mosquearse”: literalkeria!.

“berunezko soldadutxoak”: tira!.

“Azken karraisira”: “al ültimo grito” jantzita. Tira!.

“Haritzezko mahai luzea”. !

“kirio atakea”, “ataque de nervios”. Tira!.

“ahurtzen”. !.

 

Enaz banaz. Xabier Amuriza.

Autobiografia.

Bertsolaritza inguruan, ez da ia hortik desbideratzen.

Bertsolaritza munduko hainbat kontaketa.

Hainbat filosofia txiki eta burutapen interesgarri.

Bere bizitzako eta bertsolari mundu eta historiako hainbat xehetasun, iritzi eta burutapen.

Barne murgilketa.

Izugarri barne giro polit erakargarria sortzen du.

Barne giroa da erakusten duena, bere barrena azaleratzen du.

Bere barnean sartzen da eta argitan uzten du dir-dir, kanpora atera eta erakusten.

Barne mindua erakusten du noiznahi, tarteko esaldi pasakorretan bada ere.

Mingostasun eta erremin puntua, nekea ere, dario kontaketari, pasarte  askotan leundu nahia nabaria bazaio ere. Ez da harritzekoa, ez dut esango arrazoirik ez zaionik falta. Bere loraldia izan zuen Xabierrek, ernaldi berriak ekarri ditu ondorengo aroak, lore berriak loratu. Berdin gertatuko zaie gaur egungo bertsolari puntakoei.

Egi gordinak botatzen ditu tarteka: norbaitzuk asaldatuko zaizkio eta erremindu.

Izugarri burutapen politak botatzen ditu modu biribilean.

Ideia argiak ditua: aberatsa da burutapenetan.

Umore kutsua, fina, oso berea, erakusten du.

Zer ote diote beste bertsolariek saio aurreko larrialdi horiei buruz?.

Agian pertsonalegia da, beragana mugatuegia, autobiografia izanik ere.

Defentsibanegi, defentsiban dabilela iruditzen zait, bere bertsolari pausoak justifikatu nahian bezala.

Gehiegi aitatzen ditu bere koldarkeria eta beldurra: badu obsesioren bat, edo erabat gogorra gerta zaio edo gertatzen zaio bertsolari barne esperientzia, bizipen eta errealitatea.

Azkenaurreko atala nahiko dramatikoa eta ezkorra da, garratza, baina nonbait erreala.

Zenbait gai eta gogoeta errepikatu egiten dira liburuan, nahiz bakoitzean harira etorri.

Kobrantza ezak kezkatzen du, tarteka-tarteka aitatzen baitu kobratze ezaren arazoa.

Hara nondik Koldo Izagirre, ez nuen espero!.

Lasai irakurtzekoa, kontakizunez eta kontaeraz gozatzekoa.

Bizkaieraz idatzita, bizkaiera kultuz.

Idazkera sintetikoa, trinkoa, hitz gutiz mami mardula biltzen du.

Esaldi jatorrak, bitxiak, zorrotzak, esanahi handikoak, ia errefrauak, borobil esanak botatzen ditu: oso aberasgarria.

Herri-herritar esaldiak, jasoak edo asmatuak ez dakit, sena erakusten dutenak.

Aditz sintetikoa darabil sarri: aberatsa da.

 

Emon biar yako. Iñigo Aranbarri

Bigarrenez heldu diot eta gustura ibili naiz

Grazia egiten dit lehen aldiz irakurtzen hasi nintzaneko hark

Erronka zitzaidan oraingoan eta liburuak irabazi dit lehia: gustura aritu naiz

Euskara erdizka zekien euskaldun-berria iruditu zitzaidan lehen ahaleginean

Euskara sakon menderatzen duen batek soilik idatzi dezakeela horrela dut garbi oraingoan

Harritzen nau lehen gustatu ez izana.

Agian barne egoera eta patxadaren arabera doa irakurketa ere

Irribarrearekin hartu eta irribarrez jarraitu, deabrukeriak dastatuz.

Pazientzia eta gogo handiz.

Zoli burua diona asmatzeko.

Istorioa geldo eta hitzetan eta kontakizunetan nahasia doa, hitzetan ordea ez da ez geldoa ezta kontakizunen bihurrikerietan ere.

Askotan hitz jokoa ezer esan gabe.

Sarri ez dakit kontakizunaren mamia zein den.

Suizida baten gogoetak, barnera begirada.

Idazteari buruz ari da 4. kapituluan: zaila baina polita.

Mila barne eta kanpoko zehetasunezko deskribapenak.

Klandestinitateko garaiak, ibiliak, zentsura, azpiegitura, komisaria, ... pintzeladetan.

Gai pila, gehienak intsinuatuak

Hainbat ukitu ematen dio hainbat gairi

Ez da kontakizunaren sokari erreparatzekoa, idazkerari soilik baino.

Mosaiko ikusgarria, non irudi orokorra baino zatiak diren ikusgarriak.

Altxor bat da, bitxia.

Egunen batetan emango zaio duen balioa.

Zaila da irakurtzeko, baita ulertzeko ere.

Zenbait esaldi ez dut ulertzen.

Irakurzaila: irudimena eta oroimena behar da irakurriz puzzlea osatzen joateko.

Mila gauza kateatzen ditu erreskadan.

Mila gauza polit.

Hitzak eta esaldiak kiribiltzeko saiakera: puzzle larria.

Puzzle zaila, gustatu egin behar zatiak lotzea aurrera egin ahal izateko.

Eskerrak motxa dela.

Ausarta.

Abila.

Eta nik irakur ezinik utzi nuen euskaldun-berria zen susmoz.

Ezohizko idazkera, ezberdina, baina deigarria eta interesgarria.

Poeta bat da bai irudietan bai sortzen duen hainbat girotan.

Poema ukitua eta jitea askotan, poeta sena erakusten du: “eguzkia arrama gorrietan gelditu zen bihurtuta”

Irudimena, irudi hizkuntza, esateko era ezberdinak.

Irudi politak tarteka.

Irudiz mintzatzen da noizbehinka, argi eta garbi agertu ere mamia.

Deskribapenak ditu tarteka, polita baina arraroa narrazioaren jitearen harira.

Noizbehinka xaflada oso politak: txorimaloarena.

Aberatsa hitz esaldi irudi eta adjektiboetan.

Esamolde berriak tarteka.

Esaldi bikain piloa du.

Hitz-joko ugari, deigarriak.

Korapilatu egiten ditu esaldiak batzuetan, paragrafo luze menpeko perpausa ugariko zenbaitetan batez ere.

Berea bai dela “burutapenen kateatzea”.

Apropos zaildu eta aldrebesten ditu zenbait esaldi.

Erdizka heldutako haria matazan galtzen da ia noiz muturra aterako hurrengoan.

Inoiz ateratzerakoan ahaztua zenuen hari muturra

Ze ahalmen egoera batetan luze bihurritzeko, etengabeko hitz-sokan

Gogoetan korapilatutako idazkera

Esaldi laburrez idatzia, esaldiak zizelatu egiten ditu, askotan bukatu ere egin gabe bezala utziz.

Intsinuatuz, iradokiz

Euri zirina: badira halako euriak, zirina beste zerbait den arren

Lapatz: txikitatik ondoren entzungabea nuen hitza; elur lapatza erabili ohi genuen batez ere.

Ez diot inori gomendatuko bitxikeria hau, baina gustura pasatu dut

 

Errolanen harria. Patxi Zabaleta

Nafarroako historiaren zati bat, erresumaren haserako kontakizunak

Errolanen historia, mitoa eta bere inguruko zertzeladak.

Etimologia,toki eta ahalbide militarren ekarpenak

Garaiko bizimodua eta historia ulertzeko balio du

“Gibel solasa”, azken zatia, hasieratik irakurtzea egokia litzateke eleberria hobeto ulertzeko, batez ere hainbat zertzeladen zergatien arrazoia jakiteko. Ekarpen eta solasaldi interesgarria da, mitoaren eta kontakizunaren zergatiak eta zertzeladak argitzeko. Bestela kontakizuna gera daiteke asmakizun hutsa bezala, irudimenaren ondorioa soilik.

Kontakizuna ikerketa sakon baten ondorena da.

Bahipeko eta bahiketen gaia: interesgarria gaia kaleratzea

Gertakizun eta istorio batzuk nahastu egiten ditu, umea orain hilik gero bizirik,, ... zein eta nor askotan az da erraza igartzea istorioaren joana.

Umeentzako idatzitako istorioa dirudi, edo gaztetxoentzako eginikoa.

Bakuna, xumea.

Zenbait hitz bortxatuak, behartuak, berrikuntzarik ez dakartenak, erabiliagoak baztertuz

“ondoratu”, hurreratu ibi ohi dugu guk.

Zatika, tarteka edo presaka idatzitakoa dirudi.

Badirudi zatika idatzi duela, fitxak egin dituela eta gero zatiok lotzen joan dela.

Esaldi politi franko, herrikoiak edo asmatuak, baina aberasgarri eta interesgarriak.

Esaldi esanahi dudazkoak edo zalantzazkoak, kontakizuna nahastuz.

Denboraren neurketa edo joana kaskar azaldua, askotan nahastua: zaldian ibiltzen noiz ikasi zuen Xio Urkiak, Erroldan gudaloztearen atzealdean doa baina berehala Iruñean dago, Iruña erretzen dago eta erretzeko agindua ematen du Karl Handik..

Lekuak, tokiak ere nahiko nahasten ditu, distantziak, ...

Gauzak errepikatu egiten ditu asko, gauza berdinei bueltaka ezer berririk gehitu gabe.

Ahul xamarra aurkitu dut bai kontaeran bai idazkeran, hiztegiak ere ez du ekarpen handirik liburu honetan.

Ezkorregia izan da nire irakurketa baina merezi du, ekarpen aberatsa da.

Nire gusturako aurreko trilogiako hiruren baino askoz kaskarragoa da eduki, idazkera eta hiztegi aldetik.

 

Esku leuna.  Gotzon Garate

Iritzi pila botatzen ditu kontakizun edo ardatz nagusiaren inguruan, baina ezer ez duela esaten iruditzen zait, agian oso egunerokoak direlako eritziok, betikoak.

Istorioak erabat bereganatu eta harrapatu nau.

Berak jaso eta bildu dituen hitz eta esaldiak sartzen ahalegintzen dela nabaria da.

Baina horrek zurrunegia egiten du idazkera eta kontaketa.

Hotzegia da, naturaltasuna falta zaio. Esaldiok herriarenak izanen dira, baina ez zaizkigu herriak darabilzkian naturaltasun eta berezkotasunarekin heltzen eleberrian..

Eskuetako eta aurpegiko gogorkeriak, eta hainbat esalditako adjetibo: ez deritzet egokiak.

Agertzeak adierazpenak esateko, eta antzerako hitzak, oso anbiguo, zalantzazko edo zabalegiak gelditzen dira.

Etxearen goraintzia (gomuta), etxearen bekokia, ...,  gaztelaniaren kopia hutsak dira.

Adjektibo asko ez zaizkit egokiak iruditzen esan nahi denarentzat.

Idazkera behartua, baita zenbait izen eta adjektibo ere.

Hainbat hitz eta esaldi berri, ezohizko edo eztabaidagarriak egiten zaizkit, irakurketa zailduz.

Jatorra da baina garbizaleegia.

Erakutsi nahi du edozer gai eta iritzi idatzi daitekeela dugun euskara hutsezko hiztegiarekin, beste hizkuntzetatik hitzik hartu gabe.

Baina nik uste pobre, motz eta ezohizko geratzen zaiola noizbehinka kontaketa.

Ezin da jarraian irakurri, kontaketa bizi-bizi jarraitu: hitz batek zer esan nahi duen asmatzeko eten egin behar duzu irakurketa.

Bai eskoladunek bai eskolagabekoek pozik eta gustura irakurriko ote eleberri hau?. Irakurtzaila askorentzat, ia irakurtezina eskolagabekoentzat.

Euskara soilik erabiltzeko ahalegina oso positiboa da, eztabaida sortarazten du eta pentsarazten eta eztabaidatzen. Besterik gabe asko da. Pauso bat ematera laguntzen du.

Agian ezkorregia naiz iritziotan, baina uste dut izugarrizko meritua duela, merezi duela ahaleginak, pauso sendoa dela. asko irakasten duela eta ikasten dugula, aberasgarria dela, horrelako ahaleginak nahitaezkoak direla eta ugariagoan izan beharko liratekeela, besteok errazegira jotzen dugula sarri. Bejondakiola ahaleginak.

Peilokirten bezala aurkezten du atezaina!!!. Atezainak, batzuk peilokirtenak besteak  jatorrak dira, jesuitak bezala. Badu fijazioren bat atezainekin horrela gutxiesteko.

 

Euzkadi merezi zuten. Koldo Izagirre

Deskribapenak, Donostia, Pasaia eta inguruko bizitzako gertakizunak, jasoak, ...

Begi zoliz ikusitako eta begiratutako zehaztasunez.

Gatza eta irri puntua darie kontakizunei.

Ironia etengabean biltzen du kontakizuna.

Poesia sena gainezkatzen zaio.

Garbi azaltzen du esan nahi duena.

Ohizko era ezberdinera kontatzen ditu gauzak eta iritziak botatzen, ezberdinki.

baina beti dotore

Tarteka nahizko zaila egiten da irakurketa: artelan bati bezala patxadaz behatu behar zaio. Kosta egiten zait tarteka zenbait gauza ulertzea, zer esan nahi duen, esaldien elkarrekiko lotura.

Badirudi gozatu egiten duela idazten. Baina oso landutakoa izanen da.

Astiro eta gozatuz irakurtzekoa, idazkeraz eta grazia ukituaz gozatuz batez ere

Esaldi motzez idazten du

Tailatu, zizelatu egiten ditu esaldiak, horrek zailtzen du askotan ulertera, landu beharrak lausotu egiten du ulerterraztasuna.

Adjektiboak ditu etengabe, esanahia edo deskribatua zehazteko

“Pistola txiki bat sega potoan gordetzeko modukoa”: nekazari giroa erakusten du sarri.

Arte lana dastatzen da liburu osoan, merezi du irakurketak.

 

Euskal Herria krisian. Joxe Azurmendi.

Oso teorikoa da lehenengo saioa, zaila eta nahastua egin zait, bai ulermen bai idazkera aldetik ere.

Zaila baino gehiago, astuna.

Zentzuduna da gutxienez, zintzoa eta pentsatzeko askea.

Logikoa, aurreiritziez lotu eta mugatu gabea.

Filosofoa da, baloreen filosofiaz ari da.

Egi borobilak eta burutapen erabat zentzudunak botatzen ditu.

Balio absoluturik ez dagoela ez ezik, ezer absoluturik ez dagoela ondorioztatzen dut.

Baloreak arrazoitu egin behar ditugu, ez absolutu psikologiko, sentimental,  bizilagun bihurtu.

Kritiko zorrotza ere bada hainbat jokabideri buruz.

Moral bikoitza astintzen du, balioan erlatibotasuna azaleratzen.

Erlatibismoa bera ere erlatiboa da.

Hara non berriz ere Kant ulergaitzarekin egiten dudan topo.

Nahiko zaila irakurtzeko.

Hitz asko asmatu edo osatzen ditu halabeharrez iritzia argitzeko.

Diona aplika daiteke Euskal Herriari, baina bigarren hitzaldia oso teorikoa da, teoria hutsa.

Filosofoen munduan dabil, hainbat filosofoei errepasoa egiten gaiaren inguruan.

Filosofiarena eta filosofoena, beste mundu bat da.

Etengabea da filosofo ezberdinen aipamena, ia bere lanaren oinarria dira besteen aipamenak.

Gaiak interesgarriak dira, egunerokoari lotuak berez, baina pentsalarien eta filosofiaz interesatuen.

Gaztelerazko zatia alajaina oso ondo eta erraz ulertzen da.

Ulertu ulertzen da euskarazkoa ere, baina astuna, zaila gertatzen da; bi lan eskatzen ditu esanahi literarioa ulertu, hitzez hitz diona, eta barne esanahia gero. Biak zailak tarteka.

Trebea hitz praktikoak asmatu eta osatzen agertu nahi duenaren eskabidearen arabera.

Hitz bat asmatuz edo osatuz saihesten du giro, luzapen eta esplikazioak.

Miranderi buruzkoa hurrago dago nire ulermenetik.

Hainbat  gogoeta interesgarri.

Zenbat egi borobil.

Nietze jarraitzaileak dira gaurko politikoak, itxura demokratikoz jantziak arren.

etiketak: Liburuak2-I
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.