Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/17 08:43
Lauhazka

LAUHAZKA

 

 

1

 

ZALDIA

 

Gauza sinestezinak errealak dira gaur egun Euskal Herrian.

Errealitatea eta irudimena nahastea ez da epika arazoa,

gezurra egiatzat baliatzeko teknika politikoa baizik.

 

Hasi da beste Troia gerra bat,

gerrari berrekin zaio,

jaio dira Ulises berriak,

eta  ez da Homerorik ere faltako.

 

 

Zaldiaren sabela

Lauhazka da berriro zaldia,

ez dakigu nork eta non zabalduko dion sabela,

baina eskurik faltako ez denik bai badakigu.

 

 

 

2

 

ITSUA

 

Hondamena amarauntzen duten jainkotxo asko dugu gaur egun euskaldunok,

kantoreak, aldiz, jainkotxoon kantoreak dira gehienak.

 

 

Itsua ate joka

Joko dio herri honi atea itsuren batek

egunotako historia luze eta gordina kontatzeko,

gertatu gabekoak kantatuz

nahiz gertatuak ezagutu,

eta hezur haragiak zaizkigunak

gezurrak, asmatuak, zirela usteko dute entzuleek,

egia zela onartzeko baino lotsatuago.

 

 

Epikaren dardarizoa

Irrintziz bilduta

doa rapsoda bidez-bide

ahotsa entzunen zaion arte.

 

 

Loreak eta lantuak

Jarri ginen mahai batetan

Priamo eta Akiles,

bizitzak berdinduta,

“minari buruz elkarri

mirespen eta erruki”,

- hala uste kokolo guk-,

senidetu gabe altxa gara,

eskuetatik ihes egin digu

berdintzen gintuen adurrak.

 

 

Eta zer da Itaka

Itsaso haserreak,

ondinen abestiak,

bidaiako nekeak,

eraman zailak zaizkigu,

errutari begiak tinko,

askatasuna, bakoitzaren duintasuna,

horiek dira euskaldunon Itaka.

 

 

Kantu eder eta hilezkorra

Politikoak eta medioak dira gaur egungo poeta iruzurtiak,

izanen ote noizbait egia esanen duen Homerorik,

hainbeste gezurrek itxaropen hori ere lapurtu baitigute.

 

 

Bozkarioa zamalkatuz

Bozkarioan tematzen da herri hau,

egurrezko zaldia soilik aurkituko ote

Itakara heltzean ere?.

 

 

Labirintuan ibiltari

Minotauroak beti zain

labirintuaren ertz eta bihurgunetan,

banatuta elkartuta baino sarriago,

zauriak zein biolin sokaz josiko,

bihar hori nola birsortuko, …

hari horietaz doa ehuntzen

euskaldunon biharamuneko sinesmena.

 

 

 

3

 

EPIKA

 

Beti dugu akuilu maitasunen bat,

maitasun bat ihartzean beste bat doa berdetzen,

hil eta berpiztu, bizitzako erritmoa,

beti gaude bizirik, beti dugulako maitasunen bat.

 

 

Hautskarrietan

Denboraren esklabo bizi gara,

gezurrezko kronometroari lotuta,

setioak eta egunak  enbor bereko direlakoan

mamira gabe,

zirkuluak hutsunea arnastera eramaten gaituzte

 

 

Egin dezagun zaldi bat

Sinetsi behar dugu arkaren batez,

baina baita

kanpoan badela beste inor ere.

 

 

Doitu begiak

Ireki ahala ixten dizkigute leihoak,

zabaldu eta itxi,

oso luze doa bidea,

zein den dakigun arren.

 

 

Hozmin

Ez dakigun egunsentian

herri labirintu kiribilduan

eguzki jaio berriari so.

 

 

Dantza eta hauspo

Duela urte batzuk esnatu naiz

amestu herriaren bihotzean.

 

 

Izkiriatzen

Mailua, ogia, eta iskilua dute gure eskuek,

iltzea labea eta soldadua duten ezpainen bila gabiltza,

elkartasunezko herri txiki bat sortarazteko,

epika bat izkiriatzen ari gara

Odisea batetan gauzatuko den esperantzan.

 

 

 

4

 

UBERAN

 

Leviatan jainkotuek ekaiztu dute Kantauri sakon urdindua

 

 

Baleak gogoan

Dardara zimurrean dator barku itxurako arima

bidera aurreko balantzaka urdurian,

Leviathanen bat olatuen sakonetik agertuko beldur,

herdoila kentzeko ahaleginean,

balea desagertuko ez zaion  itxaropenez.

 

 

Aingura askatua

Urrats biluzietan, ez iltze ez mailu,

aingurak askatzen dizkion oasia zaio

bidaiariari ibilia bizitzako desertuan

 

 

Geure buruan sustraiturik

Euskaldunok badugu motibo franko

baleontzia hondoratzeko

nagusi salduen  ahalegin ordu honetan,

apar artean  egurrezko hankari eutsiz,

garroa arpoi bihurtzeko.

 

 

“ Cada dia i per senper”

Engranaje baten zatiki,

itsaso zabaleko ur tanta,

belartza ederreko belar izpi,

izatea zait zirraragarria:

hor nago,

ez naiz asmakizun bat izanen.

 

 

Perdido

Perdido, eibartarrena ez ezik,

beste askoren mito.

Hor bertan dugu guk

baina bere barrenean geratzen gatzaio,

nahikoa zaigu bidaltzen digun

errekaren zurrumurruaren sona.

 

 

Pirinioak

Itsaso uhintsua antzo mendiak,

tontorrak bata bestearen atzean,

korapilo berean lotuta,

batak bestea jarraiki,

denak berdinak baina bakoitza bera,

ataritik begiratuz, mendien sinfonia da

Pirinioetako musika emanaldia.

 

 

Mundua bide

Bidaiatzea

arnas luzeko

murgilketa

 

 

Donostia

Donostia

asmatua baina erreala,

batzuen ametsa

zenbaitzuen arantza

 

 

 

5

 

HARAGIZKO ZALDIA

 

Urteek otzandu naute, “nire betiko badian / ez da bakarrik harria / betiko mudatu dena”.

 

Egunekoari  ihesa da asmatzea, dugunari heldu, horrekin nahiko dugu.

 

Medioena da gaur egun egia bakarra. Baina norberaren egiari eustea da egi ofizialean ez itotzeko  salbabide bakarra.

 

 

Zaldi hau

Sufrimendutan garestia zaigu

harrizko zaldi hau.

Herria naiz ni orain bertan ere,

zaldiak sabelean mila ukazio baditu ere,

hitzez defendatzea ezinezkoa egin badidate ere,

labela garesti ordaintzen badut ere,

betiko jauntxoek negozio bihurtu badute ere,

zaldunek berri batez ordezkatzeko hilzorian jarri badute ere.

Harrizko zaldi honentzako maitasuna lapurtzen didatenean,

orduan bai, zaldia akabatu ez ezik neu ere hil naute.

 

 

“Laur-oiñka”

Korapilatsua da zaldiaren collagea

denok gara beraren zati

esan gabe esan ahaleginean.

“laur-oiñka”, “irrintzika” dabilen

eta maneiatzen den zaldia,

zut jalgitzen den zuhaitza,

hori nahi dugu izan

lur puska hau geurea baita.

 

 

Zaldizidak

Gutako asko, zoritxarrez,

ausartu da eta ausartzen ari da,

interesa arrazoi eta politika medio,

zaldi hau akabatzen.

 

 

 

6

 

HERIOTZA TROSTAN

 

Gustukoa dut ia jende dena, baina bakardade zalea naiz.

Garestia dut barrea, agian lagunarte gutxi dudalako.

 

Ahaztura,

zahartzaroari azkarregi heltzen zaion aroa.

 

 

Harria ulertu

Harriarekin malda berdintzen saiatu gara,

harriarekin hitz egiten ere,

baita harria ulertzen ere,

baina berriro harria eramatera kondenatu gaituzte.

 

 

Isiltasunaren beste aldean

Bizitzako zirrikituen atzealdean

musu eman genion elkarri,

eguneroko zertzeladen beste aldean

musu ematen diogu elkarri,

geroaren pleguen atzean

musu ematen jarraituko dugu elkarri,

isiltasunaren beste aldean etzaten gareneino

 

 

Beraienak gara

Bizitza ala heriotza?.

Oiloa ala arrautza?. 

Ze inporta.

Bizi gara, eta kitto!.

 

 

Nahi duenean

Heriotza etorriko da,

mozorroturik,

ze inporta!.

bizitzari zor diogun

bidesaria baita.

 

 

Izan ez izan

Beti izan beharra, zergatik?.

Heriotza da beste aukera,

fisikoa, politikoa, kulturala,

dela gizakiarena, dela gizartekoa,

dena da hil ala bizikoa,

bizitze oro berritzea baita,

heriotza bezala.

 

 

Kontraesanen harira

Hiltzen gaituztenek

bizitza aukeratzeko

aholkatzen digute.

 

 

Buruaz lepo

Batzuetan gertatzen zait,

nekatu egiten naizela gizaki izateaz,

tresneriak gaina hartzen didanean,

zereginetan itota sentitzean,

kideak edo neuk espero bezala ez erantzutean,

asmoen gurdia lokatzatan mugiezin gelditzen zaidanean,

adina Sisiforen zama bihurtzen zaidanean,

batez ere gizartea zaidanean Sisiforen zama,

gertatzen da bai,

oraindik mundu honetan

ze demontre egiten duzun

zure buruari galdetzen diozula.

 

 

Min da haragia

Bide egin nahi dut itsaso honetan,

trostan egin nahi dut zaldiak bezala,

bideari amore eman gabe.

 

 

Heriomin

Zahartzaroko ajeak dira

adineko zaldiaren sabelean

egiten ditugun hausnarketak.

 

 

 

7

 

BIDEA EGIN

 

Errealitatea konkistatu eta ametsa galdu,

gizarte eta gizakiaren aukera tragikoa

 

 

Letrak eta hutsuneak

Sarri galtzen dut fedea

hitzak eta hutsuneak berdintze ahaleginean,

askotan erabaki dut

baldintzarik gabeko askatasuna ematea hitzei eta hizkiei,

baina, hitzek eta hizkiek, ni neu egin naute meneko,

eta ordenagailura lotuta naukate esklabo.

 

 

Hudud, erlojua eta tenpoa

Hur nabari dut hudud muga sakratua,

nire tenpoa jada denborarik eza da,

nire desertuko hareak azken hondarrak besterik ez dira,

hareazko erlojuko espazio mehea zeharkatzen.

Ez dut izan hitz debekaturik nire basamortuan,

nire basamortua ez da izan desterrua.

Begiratu dituk begiratu beharrekoak,

laster kosmosa izanen da

nire sorterri eta deserri tenpo berean,

izkiriatu ditut hainbat izen tenpoaren ildasketan,

ezabatu zaio jada debekuaren zigilua nire hudud-ari. 

 

 

Dena darama argindarrak

Hariz biltzerik ere ez dute behar jada hitzek

hegan egiteko,

baina argindarraren esklabo darraite. 

 

 

Itsuaren alfabetoa

Barne alfabetoaren ahanzturak

egiten gaitu hain itsu.

 

 

Kabitu ezinik denok

Istant  bat bezala joan ohi dira egunak,

asmatu nahi dugu kabituko garen atseden tokia

baina denak joan diren leku bera izanen da

 

 

 

8

 

ITAKA

 

Eta haragia egin zen

Ama hustu zen ez dakit ze ordutan,

eta haragi egin zen hirugarrenez Mispillibar gure etxea,

duela 74 urte.

 

Bizi-minez begiak,

kantu zitzaien nire negarra,

gaur 74 urte.

 

Maitasun hariaz bildu ninduten,

maitasun hariaz biltzen joan naiz

74 urtez.

 

Azken oihua

Taupagailua makulu,

bihortzak tak-tak hor dirau,

74 urtez.

 

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/13 08:55
Krabelinak

KRABELINAK

 

 

1

Denbora

“denbora uhin gainetik labainka”

zelako lasterrean gainera

behin gure adinera ezkero.

 

 

2

Galtzarpeak

Kalatxoriek ez omen

“hegalpeko lumak elkarri erakusten”,

gizakia aldiz, uneoro ariko da

albokoaren besapeak miatzen.

 

 

3

Tamaina arazoak

Txikitxoa izan nahiak

“laguntza handia ematen zidanan”,

handi izan nahian datza

gaur egungo zorion ezina.

 

 

4

Urdina eta beltza

“urdin koldarra eta beltz mugagilea”,

beltza izan daiteke mugagilea,

baina zergatik koldarra urdina?.

 

 

5

Jainkoak

Asmatutako jainko guztiak

”laguntza gutxikoak bait dira niretzat”,

laguntza handia dira jaungoiko guztiak,

bizirik dirauten bitartean,

nork ez du  jaungoikotxoren bat.

 

 

6

Eternalak

“Zu ez zinen hil: alde egin zenuen”,

naturaren, kosmosaren, zati garelako,

hilezkorrak gara, eternalak, iraunkorrak,

zaharron bizipoza.

 

 

7

Kometa

“Zeru guztiak altuegi zeginaten hegan

ihesean kometa galduak bezala”.

Altuegi izan genuen zoria lehen egunetan,

baina badirudi eskuratu dugula kometa.

 

 

8

Euskarria

“Edalontzia eta zigarroa,

euren euskarri bakarra”

bidaiatzea ez zaigu

euskarri nagusi.

Hala bai?.

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/10 09:21
Kopia ez diren kopiak

KOPIA EZ DIREN KOPIAK

 

 

Beti da igande bihotzean

zer axola nork zizelatu nauen

ekaitzak mututzen ditu erantzunak

neronez edo bestenez, baina bizi naiz

 

Beti da igande bihotzean

memoria: bizipen ehoak

oraina: hausnarketen amildegia

geroa: aldiz bizipoz, beti esperantza

 

Beti da igande bihotzean

galderak jakin-minaren zurrunbiloan

bidezidorren bila gandupean

periferian galduta

 

Hautsez lauso daude bizitzaren misterioak

hautsoi putz egitea da poesia

 

Bizi-puska lorratzei jarraiki darrai poetak

 

 

 

NAIZ

 

Ainendi

Banintz

maluren ifrentzu,  utopien branka,

irribarre kutsakor, amets iturri,

bizipoz xirripa,  bake hegalari,

mutuen hitz, zaurien ukendu,

egarrien oasi, goibelduen bozkario,

noraezen itsasargi, pena zurgatzaile …

 

Ainendi 

 

Naizena naiz

eta kito

 

 

Gomutak amets

Zizak kukuka belardian,

oinutsik hondartzan oinatzak zigilatuz,

urtaroen xarma,

orbel musika hego-haizean,

elurra mara-mara.

 

Zurearekin trukatu nuen begirada iheskorra

istant batean

betitik betirako maite zintudala zioen.

 

Errazak dituzu poz zein atsekabe malkoak

inolaz dira buztin oinak

beraiei esker dirauzu arnasan.

 

Gizakiok ehotako anabasan

letrak bidelagun

zeharkatzen du gizarte labirintoa idazleak.

 

Artizarra kukutu da, eguzkia esnatu,

egun berri bat argitu zaizu.

 

 

Ebidentziak

Zigarro keaz gozatzera atera den zerbitzariak

mostradore ostera ez itzuli beharra du amets. 

Iraun beharrak aterarazten du gauez

labezomorroa gordelekutik argiaren beldur.

Ez urkamendirik aipatu

haitz bertikalean atzamarretatik zintzilik

soka baten babesean ari den eskalatzaileari.

Zakila eta alua maitasunaren ikur bihurtzeraino

zabartu da gizartea.

Kalean lo dagitenak  dira, agian,

amets gehien egiten dutenak, ez, baina, ameslarienak.

Mamu zital bezala amesten ditu sarri umeak gurasoak.

Bere barnean bilduz, bere buruari so,

kanpoari kiki dagienak betetzen du bizitzaren hustasuna.

Munduan galduago eta bakardade gordinagoan

utzi ohi du sarri poetak irakurlea.

 

 

Iratxo mezulariak

Gozagarria da liburu bat irakurtzea

gozagarria

maitale bat besarkatzea bezala

altxor gordailua irekitzea

hego-haizeak zorabiatu bazaitu ere

udaberriak negu badirau

nahiz kukua zeken atzeratu

gozagarria.

 

Itoaren arnas

gauez egun

larrian poz

asperrean arindura

 

liburua

 

edabe pizgarri

egunsenti argitsu

jakituria iturri

barnera xendra

 

Bizia darie apalategitik

udaberriko txori-kanta bailitz

 

Gozagarria delako

gozagarria

liburu bat irakurtzea

 

 

Begirada

Barnera so ez dauden begiek

ez dute garenaren begirada.

Begirada negutuak, udaberri irritsuak

ezezagun begirada sarri.

Garden nahiz lauso

garena gara begietan.

 

 

Erromako zubia

Lilura dakarte arratsak eta egunsentiak

gorri datozenean.

Dagigunari zukua ateratzeak damaio

laranja kolorea bizitzari.

Musker berdea eguzki epelean kamuflatuta,

neguari udaberriak darraio.

Itsas barea eta zohardia,

arrantzalearen berme urdina.

Oasia desertuko atseden,

hondartza horia herriaren bizipoz.

Anila letxadan eta lixiban,

antzinako detergente umila.

“Zutik emakumea” sona airean,

 bela  morea darama berdintasun ontziak.

 

Ortzadarra,

bizipozaren zazpi bidezidor.

 

 

Galderen errota

Sentsazio koktel bat naiz,

zer dago errealitate subjektibo horren bestaldean?.

Istant neurtezina izanik,

zer da denbora?.

Atomoa elektrizitatea besterik ez bada,

nolatan da trinkoa materia?.

Karanbola infinitu bateko bolatxoa naiz,

nola eta noiz lehen takada?.

Zergatik ez du ia inork gauzatzen

norbere buruaz beste egiteko eskubidea?.

Maitasuna,

kimika besterik ez?.

Ze udaberrik liluratuta edo ze neguri ihesi zihoan

gurpilak  zapaldu duen beldarra?.

Ze ahopekoz limurtzen du pilotariak

hainbatgarrenean pilota errebotean jartzen dion aurkaria?.

Sinesten du Jaungoikoagan Erromako Miru Zuriak?.

 

Erantzunik gabeko galderak ehoz

ustezko errealitatea da

bizitza.

 

 

Errai minduak

Zulatuak ditut erraiak

ziztada mingarriz

sagar umotua harrak lez.

 

Beldar ernatu zaizkit

udazkeneko oroitzapenetan

udaberrian ereindako

amets koloretsuak.

 

Hardun sagarra naiz

inola ere ez ustela

zimurtua agian.

 

Kanporatuko ditut  beldarrok

pinpilinpauxak

bihurtuko esperantzan.

 

 

Harmonia

Gaurik ilunenak ere

goiza dakar.

Zeru lainotsuaren goiti

eguzkiak darrai.

Nahiz munstroak oreka hautsi

harmoniak dirau.

Horregatik

gu

lasai bizi gara.

 

 

Distantzia

Dirua

duenaren talaia

behartsuaren zepoa.

Lurra

urrutitik oasi

gertutik desertu.

Denbora

iragana lauso

oraina zorrotz.

Aberats-pobre

urruti-hurbil

lehen-orain

aurkariak

orekaren dialektika.

Ikusmira

munduaren zedarri.

 

 

Hegazkinean

Geldi bailego, joanean

lumarik gabeko txoria

bizipoz-bizibeharrez umotuta.

 

Baratze bailitz baratz

beheiti lurra

geraezinen inurritegia.

 

Bare irudi ñir-ñir

goiti izartegia

elkar tira-errefus etengabea.

 

Bolatxo bat gara

besterik ez

bizitzaren erruletan.

 

 

Maite dut

Egunkari saltzailearen irribarrea

bere goizeko “egunon” bizigarria,

balkoiko txantxangorria

haurtzaroko bizipen gordailua.

 

Maite ditut

 

Sagarraren harra

naturaren misterioa,

ezinak

mugen zedarri.

 

Maite ditut

 

Han aurreko tontor zorrotza

begiradaren luzapen zabalera,

ordulari zaharraren hots fina

arbasoen taupaden oihartzuna.

 

Maite ditut

 

Mugikorrari atxikitako satelitea

hari ikusezinez darabilgun kometa.

 

Maite dut

bizitza.

 

 

Arima zimurtuak

Ezereztxo bat gara

jaiotzatik

ezereztxoa

besterik diona ere.

 

Mozorrotuz goaz

adinean arraunlari

inauterietan bezala

ispiluan norbera ordez

beste norbait ikusi amets.

 

Joanak azkenik

“urdindu

amatatu

baztertu

mututu

ukatu

suntsitu”

egiten gaitu. 

 

Desertu bihurtzen gara

nahiz jabetu ez.

Edo bai.

 

Arima zimurtuak besterik ez

sasi liturgia taularatzen dugu

Heriok oihala noiz beheitiko.

 

Halaz ere

antzerki ederra da

bizitza.

Halaz ere.

 

 

Urtaroak

Neguko errainua

bizipoz kilima

geroa esperoan

 

Garena gara 

 

Udaberri loratua

bizi emari

uztaren lilura.

 

Garena izanen

 

Uda umatua

itxaropen ernari

ukanaren gordailu

 

Garena dugu

 

Udazken umotua

geroaren biltegi

amets eragile

 

Garenak dirauko

 

Gu geu

besterik ez

 

 

Denbora

Muturrik ez du

pitzadurarik ere

bizitza

infinitua

istant neurtezina. 

 

Luzeegi  laburregi

ezaren irudipenak beti;

sigi-saga lerrotan

jarritako zedarriak berriz,

infinituari mugak. 

 

Halabeharrezko erabakiak,

aukeramenaren utopiak;

denboraren ustezko ertzak,

ezdenaren zenbaki mugatuak.

 

Ez ginenak gara

zirenak dira

infinituaren finituak denak

izatearen ezerezak.

 

Ez izateko jaioak,

izanak izateko,

izendun ezizanak. 

 

Hori da gure denbora

bizitza deitzen dioguna.

 

 

Dakidana

Amaraun infinituan

katigatutako eltxoa

hori naiz. 

 

Nork nor noren nori

zer zergatik zertarako

non nongo nora

noiz noizko noizarte

Erantzunik ez dut

 

Txori-kanta kabi bihurtzen dela

maitaleen begirada beti dela udaberri

Hori dakit

 

 

Ezlekutik

Hegaz egin dut etxerakoa

norena den ez dakizkidan lur-gainetik,

begirada beheitituz

nirea den zerbaiten bila.

 

Herriak

lurlanduak

mendiak

errepideak

batez ere herrikideak

dena bere leku eta ordenan

aurkitzeko amets.

 

Oso eroso sentitu naiz une batez

etxera noan sentsazioz

neure baitan

neureganago bezala.

 

Autobusa hartu dut

geurera bidean

puzzle baten osagai

harmonia bizi dut.

 

 

Zabaldiak

Lur zabalak gustatzen zaizkit

zabalagoak heinean

barnerakoiagoak izaki.

 

Zeru-marra beste mugarik ez duten

ordoki goilautada zelai

itsaso desertu mendilerro

zein hiri-teilatu paisaia.

 

Nire barne meharrari

dimentsio berria

damaiotenak

amets hauspoa

garun presoei.

 

Esparru zabalak maite ditut

aterik jarri ezin zaizkien zabaldiak.

 

 

Arnaldo I

Eskubide galdagin

armarik gabe

 

Arnaldo

 

armatu nabarrek

eraman zuten

kartzelara

 

bake-lurra goldatzeagatik

 

Arnaldo

 

 

Arnaldo II

Utzi zuten libre

kondena osoa konpliarazita

 

Arnaldo

 

Irribarrea zekarkigun

hazi emankor

 

Arnaldo

 

Uzta ordua, zioen

 

Arnaldo

 

 

Ifrentzua

Itxurak itxura,

barnera bidaietan

damua

lotsa

ezina

pena

gabezia

beldurra

bizipenak ditut usu.

 

Kanpolarrosa sentitzen naiz.

 

Gizakia

bi aldeko txanpona.

 

 

Zerua urdin

Kalearteko Dedalo

errari nabil jendartean

negua bihotzean, begiak laiotz.

 

Hegada urdina airean

 

Ortzadarra marraztuko dut

bizipozera zubi.

 

 

Nia

Bakarzale naiz

inola ere bakarti

barnera migrari

baina ez noraez

 

Neronen bila

ez ihesi

besteak zaizkit oasi

giza desertu honetan

 

Neure baitan libre

lagunez naiz nor

zeu izan nahi dut

horrek egiten nau ni

 

 

Iratxoak

Bizibeharra

ekinbideen sutegi,

bizinahia

ametsen ingude,

bizi-mina

utopien emagin,

bizipoza

iratxoen udaberri. 

 

Bizitza irri-izartegia bagenegi

gu geu ginateke iratxo amestua

 

.

Elkano

Itzulbiderik gabeko joanean

egin dut mundualdia

arribadan naiz jadanik

irteerako badiatik urrun.

 

Mastako bela arrakalatuta

toletak hautsita

denbora ihesi 

Azken portuko bokalean

noiz ainguratuko zain

 

Ni.

 

 

ZARA

 

Iraupen

Ugalketa

bizitza jarioan

Har-emea

biko imandua

Sexu-ariketa

binomio loratua

Orgasmoa

naturaren lakioa

Masturbazioa

ezinaren ahala

 

 

Niak

Amets-irritsak

nia lo

irudimena bor-bor

plazerez urri

 

Esna-fantasiak

nia udaberri

odola loran

plazer aseezin. 

 

Bikote bildua

nia bikoitz

irrika-erreka

plazera zeru.

 

 

Belaontziak

Bare edo ekaitz

gizartea zaigu itsaso

karanbola kosmikoak

marinel bihurtu gintuenetik. 

 

Erruta ziurrik gabe

azken portua ezezagun

arribadak ez du egunik.

 

Bela haizera egokitzean datza

lemazainaren trebezia 

 

Belaontzi gara

 

 

Herri  I

Bizi gara

bizi garelako pozik

bizi egarriz bizipoz

 

Herri egin gara

herri

garen eta dagokigun

herri.

 

 

Herri  II

Txistua eta panderoa

alboka eta dultzaina

eskusoinu eta aho-soinua

irrintzia zentzuen oihanean

 

Suak piztu genituen gailurretan

txalaparta jo ataurretan

trikiti aurreskuak dantzatu ere

 

Baserriz maldak, errota olak erreketan

lana eta jana omen gureak

 

Pirinioetako herri galdua ginen.

 

 

Antzara

Bidaia on antzar

Lur goldatu, adar zoztu, belardi arreak

itsas berde, txori kabi, loredi koloretsu

aurkituko dituzu itzuleran

bizizaleago gure soa ere.

 

Naturaren jaia 

 

Konponezin darraigun arren.

 

 

Putakeria

Mezu urdina dakarte elaiek

berde erditu da basoa

txirrinduek loratu dute asfaltoa

bizitzaren emagin urtaroa.

 

Mapez harago errari

bizitzaren bidegurutzetan

bizipozaren  autopista non

gizakia

neguan bezain biluzik eguzkitan

lagunarteko bakardadean 

 

Bizitza putakeria ote galdetuz.

 

 

Ilargi ohoin

Ilargia lapurtu nahi zuen

baina garun mataza labainkorrean

pentsamenduak korapilaturik

eskuak txirikordatu zitzaizkion.

 

 

Gure herri hau

Arima orbainez

oroimena zauriz

bizipenak minduta 

 

Amildegi gainean funanbulu

malkar-ertz labaineko ibilietan

piztiak zain betortzak odol-gose

 

Izanaz harro

denaz fidakor

geroari so

 

Gure herri hau.

 

 

Nor zorion

Zorionekoa barnean tximeleta dabilkiona

mundua koloreztatuko duelako

Zorionekoa eskuburdinez lotu dutena

herria askatuko duelako.

Zorionekoa ezina onartzeko gai dena

ahala ereingo duelako.

Zoriona enarei begiratzen dakiena

hegan ikasiko duelako.

 

Zorionekoa …

 

 

Tasunak

Hemen nagoela dakit

besteak hor daudela ere dakit

zentzua damaiote besteek naizenari

 

Ni kontzienteak nitasuna damait

nitasun konpartituak gutasuna deragi

 

Ni-Gu tasunak dira aberria.

 

 

Denbora

Eterno oro istant bat da

istant oro eterno

betirako da izana oro

existitu bada 

 

Existitzen ote denbora?

ala fikzioa da?

 

 

Koska

Zatoz

baina hor zaude?

nire zentzumenetan soilik agian. 

 

Hemen nago

nire sentimenean soilik agian

edo zure irudimenean. 

 

Existitzen ez diren bi existentzia gara

agian

ez gaude

ez hor

ez hemen

bi errealitate irreal gara. 

 

Izan edo ustez izan

hor datza koska.

 

 

Erasoa

Bizia deitzen zaion minak

eraso zuen ahoan

totel eta lepoker utziz.

 

Ez zen errenditu 

 

Bizi da

 

 

Esku-sarta

Zer du maitasunetik txortak

ez ote plazer-egarri egoista

maitale subliminal bihurtzen bagaitu ere

 

Aktoreei eskaini txalo zaparrada

besterik ez da

sexu-emanaldi ondoko dar-dar agonikoa

 

 

Behar luke

Haurdun behar luke beti

arrailduta arren gizakiak

arrakala bakoitzetik

lore bat erditzeko gai

 

Azukrerik gabeko kafearen

zapore mingotsa ahosabaian

begi irribarretsuko bidaiaria

behar luke izan gizakiak

 

Zodiako osoa zeharkatuz sakona

itsasertzerainoko zabala

behar luke gizakiaren begiradak

bizitzako izartegi-itsasoan

 

Behar luke

gizakiak

 

 

Bidelaguna

Zorionekoa liburua maitale duena,

opor-egun bihurtuko zaio-eta

urtaro oro.

 

 

100 metro

Bizikletaz bera lanera

oinez ni albo

solasean biok goizeko agurrean

 

Ordu laurden besterik ez

abisua

larritasuna zerion 

 

Kamioi-atoi madarikatua

 

Ospitalean aurkitu nuen

hil-hurren

begiak neuk itxi nizkion

 

Saminki mutu diraute orain

solaseko ehun metroak.

 

 

Maitaleak

Izar dirdaitsu zer besterik dira

maitaleak

maindire arteko unibertsoan.

 

 

Talaia

Aurreko teilatu ertza horizonte

lixiba kulunkaria ikuskizun

auto presatien sinfonia kakofonikoa

joan-etorriko jendearen xafla  erakusleihoetan

txori baten hegazkada zeru tarte estuan

 

Kalea zaio mapamundia

errezeleko zirrikitutik

bakardade gorriko talaialariari.

 

 

Nor bera

Zarpail zein handiki mozorroz

orin orban orbainez tatuatuta

ezkata zurrunak babes gizakia

neu naiz

zeu zara

biluztuz

askeago

gara.

 

 

Kale gorrian

Izar lokez itsu noraez ilunean

ipar-izarra non marinelak gara

erruta zuzentzeko esperantzan

 

 

Zu eta denok

Errazagoa da bizitza

zu eta biok

biok eta gu

gu eta denok

elkartasunean

bizipozez

batel berean

norabidea jakinean

arraunlari

jokatuz gero.

 

 

Eraztun hegalaria

Urdin gozo amesgarri

esnatu da eguna

zigarroa piztu dut

biziguraren txingar goria

marko borobila marraztu dute

ezpain bilduek kiribilka 

zure irudia nekusan

zirgilo hegalarien erdian

ezabatu da kea urdinerantz

zuk, baina, hor dirauzu irrikaz.

 

 

 

GARA

 

Denbora

Eternoa da

itxarote laburrena,

liparra, aldiz,

plazer luzeena

 

Zer ote denbora?.

 

 

Harea-erlojua

Eskukada harea oparitu zidaten

bidaia egunsentian

kristalezko onil kraskaerrazean

ilunsentian nago orain

azken aletxoa noiz iragazi zain.

 

 

Lainoez harago

Arrantzale semea zen

ikasgaien desertuan oasi

gau zohardien barna

hark egin gintuen ameslari

 

Orga Nagusian bidaiari

zodiako labirintuan zehar

misterio eta bizipozez

murgiltzen naiz orain

 

Beti dago izar bat

laino guztien gainetik 

 

 

Mugarria

Ahazmen lurraldean jada,

bizipenak ehoz

burutapen sarea ehuntzen du

adin pisukoak 

 

Laster

ez daki noiz

desagertuko delako

 

Ez du nahi gerorako kopiarik

gogoeten gorulari izatea soilik

arbel ezabatua bihur ez dadin

oroimena mugarri

ahanztura zaiolako herio

 

 

Bidean

Jarri egin ninduten bidean

autobus edo zidorrez

mantso nahiz lasterrean

bidelagun zein bakarti

pisu ala arin motxila

ibili geldiezinean beti

 

non dago amaiera

zer da gailurra

ez dakit.

 

Baina gailurra

talaia paregabea da beti

 

 

Adinaroak

Jaiotzear

zuri gorri berdetuz landa

 

Haurtzaroa

kukua habiatik egotzia

 

Nerabezaroa

doinu arrotzean txioka

 

Gaztaroa

kaiolatua

 

Helduaroa

mehatxupeko pioka

 

Zahartzaroa

xaramel behartua

 

Hilaur

txorikumeak esperantza

 

 

Chiao

Jubilatu zenean

lasaitasuna opari

inolako desosegurik gabe

zoriontsu izateko libre

lohiak kendu beharrik ere ez

transgresioetarako gai oraindik

bizitzari adio esaten hasi zitzaion

bizitza eta heriotza

lagun zahar gisa agurtuz

biak ala biak anaia bikiak izaki

oraindik hiltzeko asmorik gabe

egunerokoan jarraitu zuen.

 

 

Hitzak

Ezpainetan irristatuz

garun kiribiletan lotsor

 

hitzak

 

burutapenak ehoz

bizipen garatuen

euskarri 

 

lupeztuak zein gardenak

izar zein galbide

ispilu

 

presoen kate

txorien hego

arnas

 

Hitza

 

 

Zu zeu

Azken doinuaren erritmora

biziaren pauso txikiz

jomugaraino dantzatzeko gai

zu zeu zara oraindik

 

 

Brecht

Ez dago libre dagoen bizikletarik

gure bila dabiltza

ez dugu ihes egin nahi

klandestinitatea dugu aterpe

baina azala arrakalatuta arren

egarri den lurraren ura gara

hemen egon nahi dugu

bertan eta bertako hilko gara

irabazi egiten dira eskubideak

profeta izan zen Brecht

 

 

Bizitza I

Hondarrean dagoela daki

pitzatu zaio bizitza

baina ez zaio hauts bihurtu

ez da galtzaile sentitzen

betiko joango ez delako

arrastorik uzten ez badu ere

eternoa baita bizitza

 

 

Harea-erlojua

Goialdeko aukeren infinitutik

izandakoen multzora

meharguneko

istant

hori soilik da

bizia deitzen dioguna

betirako geroan iraungo duena

 

 

Zoriona non

Auskalo noiz

izar bat piztu zen geroz

milioika izar

jaio hiltzen dira

izartegia konstelazioak

zulo-beltzak nobak

eguzkiak planetak ilargiak

kometak asteroideak

erakarri  errefus

elkarren birako orekan

eta hor

deneko eta inongo

ekar erasoz

gizakia

zorion bila.

 

 

Zirimiria

Hortentsia

lehorrez zimeltzear

biziberritu egin zen

zirimiriaren ferekaz.

 

 

Irribarrea

Zure irribarreak

argitu zuen

goibel zetorren eguna

 

 

Gomutez honantz

Txakurrak usaintzen ninduen zehatzen

hil egin zen,

aire-uhina besterik ez da

nire ahotsa,

estutu ditudan esku guzti horiek

non ote.

 

Biotako batek dirauen bitartean

biok diraugu

hori da gure eternitatea

zertarako luzeago bat.

 

 

Zorriona

Bala-zorroetan

Bakea

anonimoen esku

geroa

lorez kateatuta

aske

morrontza boluntarioa

opari.

 

Eta gu

betikoan

zorriontsu

 

 

Anonimoak ilargipean

Ilargi beteko gau zohardia

goi-mendiko bakardade liluragarrian

giza zilueta bat dakusat niganantz

 

Alboz albo oles diogu elkarri

hitz sarean elkartzen gaitu diosalak

gautxori ezezagunen arteko xarmaz

 

Zigarroa damaiot sua damait

bi aurpegi anonimo

pospolo argira

gau sorginduko solas magikoan

 

 

RAM

Giza giga antzutuak

zahartzaroaren ordaina. 

 

Ordenagailuak

erditu dezake

edonoiz

byte ernaldu oro.

 

PC

giza memoriaren

ordezkoa

 

Hori ere

bizitza

da

 

 

Finito

Lurrindu dira misterioak

ez da jada iratxorik

agur tximeleta koloretsuak

 

Amets irudikatuak

mundu asmatuak

horiek geratzen zaizkit

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/07 09:50
Kaxa hutsean bila

KAXA HUTSEAN BILA

 

 

 

POEMAK IRAKURRIZ

 

Idazten dut

beraz bizi naiz

 

 

Hilik?

Idazten ez denean

irakurtzen ez denean soilik

dago hilda edozein literatur mota.

 

 

Utopiaren lurraldea

Utopiaren lurraldea da poesia,

XX. mendean gizarteak berak

behar du izan poeta,

naturari, hurkoari, arazoei,

begi ezberdin berri batez begiratuz,.

orduan soilik dirauko poesiak.

 

 

Diegesia

Ez dakit zein poemez

edo zein poetez,

ari den poeta.

Bere poema baztertuez agian.

Idatzia inaustea eta baztertzea

samingarria da literaturan ere.

Baina beharrezkoa.

 

 

Elegiaz harago

Salaketaren hatz luzea

behar du izan poesiak,

elegia ere,

baita bizitzari eta

bizitzaren kantua ere.

 

 

Beti hegan

Hegoak falta zaizkion sentipena

hori du beti idaztean idazleak,

baina baldar edo fin,

narraz ala arin,

goietan zein tatarrez,

hegan egiten du beti.

 

 

Hyskeritxoa

Gimnasia erritmikora dedikatu izan balitz

Oteiza

ginen eta garen zerbait dela

uste duen ezereztxoa izaten jarraituko genuen.

 

 

Bitaminak

A : adarjotzea

U : umorea

bitamina horietatik

dosi handiagoa

behar lukete

poemek

 

 

Diraugu

Magia da oraindik

gizakiak, gizarteak,

munduak berak,

bizirik irautea.

 

 

Max Brod judua

Ez dakit ze traizio egin zuen Max Brodek

judu izatea izanen zen nazien garaian

Palestinaren aurkako jarrera litzake gaur egun

 

 

K K

Ez da nardagarria norberaren kaka,

gehienetan lasaitasuna dario,

beherakoan praketan egina ez bada.

 

Garun likitsuek jartzen gaituzte gizakiok

maila goragoko batean, arrazoimenean,

miseriaren handitasuna.

 

Komuna gaur egun

bakarrik egoten den

askoren une bakarra.

 

 

Babelia

Babelia irakurtzen jarraitzen duen  

jende asko dakusat nik  herri honetan,

ibili ere lokarri solte asko dabil

arrisku gizarte honen oinetakoetan.

 

 

Kornerrera

Kanpinean, edozein urtaroan,

euriak botatzen gaitu kornerrera.

 

 

Monotonia

Monotonia urratzen ez dakiena da

egunerokoak urratzen duena.

 

 

 

MALKO GALDUAK

 

Jainkoek

ez dute negarrik egiten

 

 

Zeruak

Letra larriko Zerua

letra xeheko zeruak

bereizteko gaitasuna,

galdu dugu  gizakiok

horregatik bizi gara

zerurik denik ere ahaztuta.

 

 

Buruaz beste

Suizidio inkontziente bihurtu dugu gaur egungo biziera,

fikziozko pelikula deritzogu errealitatea den hondamenari.

 

 

Migratzaile

Drama bihurtu zaigu errutina, 

edo errutina drama,

ez gara pasoko urteroko migratzaile ohiturazkoak,

elkarri jarraiki noraezean doan hegazti saldoa baizik.

 

 

Zirimiria

Euritakoa erosi du Donostian  turistak,

turista bat gehiago Kanarietan.

 

 

“Ba”

“balitz” eta “litzateke”z

osatuta dago

gizakion bizitza

frustrazioen ikurra da

delako “ba” aurrizkia

 

             

Askatasuna

Batasunaren Estatuagatik

Askatasunaren Estatua gabe

utzi gaituzte berriki euskaldunak,

metafisika metafisika,

kaltegarria litzaiekeelako  politikoei.

ekonomia-botere-politikoei

 

 

Plazara

Bortxakeria besterik ez du pairatzen

zezenak plazan,

bortizki jokatzera behartzen dute bera ere.

Toreroa harrapatu arren, baina,

beti dago zezena hilko duen bigarren torero bat.

Ikur bezala gela batetan burua disekatuta

erakustea da geratzen zaion ohorea

zezen erasokorrenari ere,

noblea eta erasokorra

hitz sinonimoak dira zezenaz.

Plaza ezberdin bat

ez dago beste irtenbiderik

 

 

 

BESTEAK ETA GU

 

Amodio hilak:

hondar mikatz

oroipen ezti

 

 

Adinaz harago

Autoestimuak egiten du norbera

edozein lorategiko lili ederrena

 

 

Bizi

Faltsukeria ezkutatu ohi du lotsak,

Ikusezin uzten du  benetako bizitza,

komedia bihurtzen gure jarduna eta ariketa.

 

 

Bihotzaren albuma

“bihotzean min dut”

esanen nuke,

hala sentitzen dut,

badakizkit zergatik, noiz, nola,

zertarako, non, norekin, nondik, …

baina kezkatu egiten naiz,

begi nekatuak uzten dizkit

bizitza gozatzeko.

 

 

Tristura tristea

Aberats naiz, oso aberats,

bihotzean min dudalako ere

aberats.

Gauza pila ditut,

gehiegi gauza,

baina nire baitako pleguetan

hutsune bat bizi dut,

inondik ere arrazionala,

zerek eragiten didan ez dakidan

egonezin bat, tristura tristea.

 

 

Kaxa hutsak

Askatasuna

ostu nahi luke herri honek,

aurrez ostu zioten, osten dioten,

askatasuna,

baina labirintoa egiten zaio bidea,

uneoro aldatzen dizkiotelako

norabide eta pasabideak.

Amu bezala bidean jarritako

kaxa hutsak osten ditu,

askatasuna gordetzen dutelakoan,

eta eternoa egiten zaio bide-sarea.

 

 

Amets

Denok dugu norbait,

zerbait edo nonbait

zerua urdin bilakatzen diguna,

abesti erromantikoak biziarazten,

promesak eskaintzen,

paraje desolatuak berdetzen,

uholdeei aurre egiten laguntzen,

etsipenak gainditzen,

laguntzen diguna. 

Eta hori ez da ez edonor

ezta ere edozer edo edonon.

 

 

Bananeroak

Nola ez gara errepublika bananero batetan sentituko,

errepublika bananeroa bihurtu badugu gure herri hau.

 

 

Aulkia lehian

Lehia da bizitza,

mirari bat beraz

aulkia utziko digun

norbait aurkitzea.

 

 

Bikiak

Dibortziatu asko gaude,

egunerokoarekin etenean,

bizitza bikoitza dugu,

irudimen eta ametsarena,

-azaleratua edo ez-,

jokabidean gauzatzen duguna.

 

 

Koldarrak

Aurkariek ere ez dute bataila handirik irabazten.

Agian horregatik dira koldar mendeku txikiz.

 

 

Beti da garaia

Beti dugu, izan behar dugu,

une larrienetan ere,

arrain laranja bat bizitzan,

aldian aldiko unibertsoari

distira esperantzagarria emanez.

Beti da garaia ere

edozein unibertsori

arraintxoaren distira jartzeko;

problema ez da arrain laranja,

begiradaren distira baizik.

 

 

“Egunero hasten delako”

Jada ia ez dut atzera begiratzen,

nahikoa dut egunerokoarekin,

horrek betetzen ditu erabat

egunen ardurak eta asmoak.

Denbora gutxi geratzen zaidala,

-heriotza edo memoriarik eza-,

hori dut agian kezka iraunkorrena,

baina ez dakit sindromea den,

eta bada, ze izen duen.

 

 

Merezi du?

Hemendik aurrera mundu honetan

zer egiten dudan galdetzen dut,

baina erantzuna neure baitan dago.

Ezer ere ez edo ezer gutxi

dudala egitekorik da erantzuna.

Merezi duen jarraitzerik ere galdetzen dut,

baina ez dut erantzun erabakigarririk.

 

 

Ilunabarrean

Bart, oraindik gazte,

magia zuen bizitzak, 

eta ilunabar honetan ere

magia izaten jarraitzen du,

magia lausotuagoa arren.

 

 

Berriro

Itxaropena izan genuen garai hura

gogoratuko dugu euskaldunok.

Orain hurrengo egunsentira begira

jarri gara, berriro lanean.

Gaurkoari atxiki gabe,  

zakarrontzietan arakatzen hasi gabe,

besteen musuen zain egon gabe,

balizko baleko bakea egin arte.

 

 

Blaki

Blaki gutxi dagoela pentsatu dut

poemaren lehen erdia irakurtzean:

oso gutxi direla lagun leialak.

Blaki gehiago dagoela uste izan dut

bigarren erdia irakurtzean:

jan-txakur asko dagoela alegia.

Herriarekiko  atxikimenduak,

horrek salbatuko gaituela,

hori izan da nire itxaropen izpia

poemaren bukaeran

 

 

Marea

Behin eta berriro herri berri bat eraikitzen ahaleginduko gara,

mareak harrapatuko ez duen arte,

agian marea hartu beharko dugu kontutanago,

 

 

Minak

Mina-eremua uzten du nazioarteko itunak

“laguntza” eraman ostean,

minez ereinda geratzen da pertsonen harremana

elkarrengandik berezitu eta urruntzean ere.

Minez, era guztietako minez,

defendatu nahi dugu besteengandik aldentzean.

Minez ereiten ari gara

normalkuntzarako ahaleginen ondorengo aroa ere.

Minaz ere.

 

 

Errauts

Eta gu zerbait garelakoan.

Laster hezurrik ere ez dugu utziko,

hauts sakabanatuak besterik ez,

hilerria baino merkeagoa delako hauts bihurtzea.

 

 

 

ETXARRIKO HARITZA

 

Ia hila,

baina bizirik

 

 

Gernika

Denok dugu Berlin bat gure baitan,

baina oso gutxik Berlin bat eta pare bat ipuin,

eta asko gehiagok Gernika bat eta erasotzeko mila aitzakia.

 

 

Poema

Munduari, gizakiari, gizarteari,

egun bateko pultsua hartzea

hori da poema idaztea.

 

 

Politikoak eta gu

Eguneroko bizitza da guretzat Euskal Herria,

politikoek, aldiz, egunero ikuskizun egiten dute.

 

 

Gabriel askoa

Zenbat Gabriel Aresti gure herri honetan,

bizirik diraugun ezaugarri.

 

 

Polizia

Denok isiltzen dugu

hainbat pentsamendu

bierrik isildu gainera,

zipaio asko baitago.

 

 

Drogakalea

Ez da jada droga kalerik herrietan,

polizia jabetu baita kantoi guztiez.

 

 

Hauteskundeak

Gure belaunaldiak frankismo garaian

ezagutu zuen egoera bera

bizi du oraindik herriak,

hauteskunde komedia da

ordutik aldagai bakarra.

 

 

Kutsadura

Politikak kutsatutako gizarte honetan

hitzek ez dute esanahi berezko edo logikorik.

 

 

Etxarri

New Yorken zakurrak oinutsik.

uros bizi gara gu Etxarrin,

txakurrek zapatarik ez

zenbaitek New York amestu batera

alde egiten badu ere.

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/03 10:50
Kateez harago

KATEEZ  HARAGO

 

Harrotasunez umil,

utzi diguten bideari jarrai,

pausoz pauso,

izuen gaindi

 

 

KATEATUAK

 

Datozela

Bila dabiltza:  

lagunartean,

gaitezen alai.

 

Badatoz:

etsaiarekin

gaitezen

azeri.

 

 Hemen dira:

izan garena da

gure hesia,

izan gura duguna da

gure berokia.

 

Makila-dantza:

irrintzia gure arma,

txalaparta gure arnasa.

 

Barealdia:

itzuliko dira,

baina jadanik

diraugula. dakigu

 

Errautsetatik

San Juan-su batetan

erreko dugu

diktadura demokratiko hau

eta errautsetatik erneko da

saminez ereindako hazia.

 

Argia

Dena dela egia

dena dela gezurra

onartzean

eginen da argia.

 

Atseden

Bakea eskatuz jaio ginen,

bakea eskatuz hilko,

ondorengoek izanen ahal atseden.

 

Noiz etxeratuko

Etxean

etxeratu ezineko egunak

dira gureak

noiz etxeratu ahal

irrikaz.

 

Beti da etzi

Giltza ez da arazoa,

ezta giltza non ere;

datorren egunaren ostean

itzuliko omen

gure oraina

beti zen etzi beraientzat;

silikona izan dute azken erantzuna.

 

Baina sarrailak dirauko

giltza eskuratuko.

 

 

Ahotsgoran

Eskubideek euren buruez egin dute jadanik,

ispiluek puskatu dituzte jada eskubideak,

ez digute hitz egiten ere uzten,

ez digu inork entzun ere nahi.

 

Baina herri hau ez da isilduko.

 

 

Erantzuna

Eskubideak aldarrikatuz erantzungo diegu

erreinutik datozen hitz pozonduei,

bizia loratuz tronuari darion pozoi hilgarriari.

 

Bizipoza izanen da gure kedarra.

 

 

Hitzari beldur

Herriaren hitzari diote beldur,

horregatik isilarazi nahi gaituzte,

berba puta higatuen zalapartaz.

 

Geurenez

Heldu da

bidea

geurenez soilik

egiteko tenorea

 

Bide malkorretan

Euskal Herria dugu izena,

etorkin gara geure herrian,

etorkin oro lez bortxatuak,

izana eta izena ez ezik,

geroa bera ere ukatua,

bide malkarretara bultzatuak.

 

Herri zaildua gara, baina,

ez dugu ukapenaren zuloan

buruaz beste egingo.

 

 

Eleka

Hitzak usteldu diren arren

ez gara isilduko.

 

Poeta

Nor nori noiz,

nork jakin sarri

zertaz ari den poeta.

 

Otzara gainetik

Parke bakoitzean otzara bat

otzara bakoitzean zut

oihuka jarraitu beharko dugu

politikoen zeru zaratatsua

demokrazia tontorreko otzaratik

espaloiko hankamotzon lerroetara

makurrarazi arte.

 

Agian egun batez

Esperoaren lanbroan galdutako

urte bete gutun horiek

              noiz nork  zabalduko,

ni zara,

agian egun batez ikusiko gara.

 

Gaindi

Sarriegi

politikoek bezala

beraientzat soilik

hitz egiten dute

poetek

herri ulermenaren gaindi.

 

Hautsitako aulkiak

Gu geu,

lurpebideetan,

aldiz autoan,

aldiz espaloian,

gu geu ere.

 

 

KATE MOTZEAN

 

1

Ez da egiarik,

egia orori dario

gezur-pipia.

 

2

Lanbidea

izen edo abizen  zen garaietan

jaio nintzen ni

 

3

Telefonoa Posta elektronikoa Telebista Internet Irratia …

hitzez jantzi dugu bakardade biluzia

isiltasunak izututa

 

4

Errepideak hil zuen nire aita

bikeak irentsi zituen

gaur ditudan galderak

 

5

Amama Manuela

seminarioko urrunaldiek

lapurtu zidaten altxorra 

 

6

Nork bere hesia

bakoitza bestearen bestaldean

bitxilore norberaren lorategian

baratza emankor eta

zubigintza oparoen garaietan

 

7

Arrakalatu zaizkit orpo gazte haiek

baina ibilian diraute

tarteka odoletan tatarrez aldika

amestu ez nituen lubakietan

itxaropena oraindik mastan txistuka

 

8

Hanketako hatzei ere

begiratu beharko lieke

poetak

 

9

Oroipeneko irauteak ematen dio neurria

maitasunari

hilaurrean ere gogoratzen dugun maitasuna da

“bizitzako maitasuna”.

 

10

Bizitza osoa da

zaindu gabeko lorategia

beti gaude alde egiten

beti dugu otalore berri bat

burmuina kilikatzen.

 

11

Hatz bakoitzean eraztun bat

edo zenbaitetan bi

daraman neska

buruz behera ezkondua ote

 

12

Aurrez begiratuz soilik

eman ahal zaio atzea

heriotzari

 

13

Ginenari baino  geroari adiago

herri emankorrago bat amets

ez dugu inola ere utziko

arriskutsua bihurtu diguten herri hau

 

14

Gaztetxo jabetu nintzen gai nintzela

neronez aljebrako X-ei bere balorea emateko

edo latinezko egitura zailenetako osagai bakoitza

bere lekuan jartzeko

baina jabetze teorikoa izan zen

lehen bezain ezjakin jarraitu nuen

eguneroko korapiloetan

 

15

Ispilua nahi nuke izan

naizen bezalakoa ikusteko

baita besteei errealitatea

den bezalakoa azaltzeko

beharko ez litzakeena ere

iragazten baitu kristalak.

 

16

Tiro egin behar da hemen

zauriak eragin behar dira

poema bera bala bihurtuz

hitza labana zorrotz erabiliz.

 

17

Jauzi oro galaraziz

odolustu nahi dute belarra

kartzeletan

 

 

 

KATEAK HERDOILTZEN DIRENEAN

 

Buruaz

Ez naiz sekula burubako izan,

ez naiz ere burubero, baina,

ahaleginak ahalegin,

buruak abandonatzen nau jada,

sasoiko fruitua, urtaroez harago.

 

Argazkiari zorrik ez

Inolako ezerekiko zorrik gabe,

ni neu naiz jada,

argazki zahar zaharkitua.

 

Hirukoitz

Ez dut behar urtaro berririk,

emari franko ekarri dit bizitzak,

ez naiz alderrai izan neure herrian.

 

Emari franko ekarri dit bizitzak,

ez naiz alderrai izan neure herrian,

ez dut behar urtaro berririk.

 

Ez naiz alderrai izan neure herrian,

ez dute behar urtaro berririk,

emari franko ekarri dit bizitzak.

 

 

Belaun

Korapilatsua  izan du, du, izanen du

biziraupena edozein urtaroan

belauniko ez den belaunaldiak.

 

Hitzez harago

Ametsoker itogarria besterik ez da

ezagutu dugun demokrazia,

demandaz kokoteraino,

errotik erauztea beste irtenbiderik

ez digu eskaini gaurdaino,

horrek behar du azken hitza,

independentziaz harago.

 

Etsipenez

Etsi dudalako nator

etzi iraultzaz

ezinbestean tiroka

berriro saiatu asmoz.

 

Urazalean

Paperezko ontzi errekastoan,

harri arteko burbuilen gaindi,

korrontera berriro

azaleratzen jakitean datza

auhenaren sinesgarritasuna.

 

Duintasunez

Urteen azken mugan,

oroitzapenen altzoan,

duintasunez amaitzea,

hori da eskatzen duena.

 

Pistola opari

Beraz, ilobari

pistola eskatu dio

urtegunean.

 

Erabakia

Eta ilobak

eskuak atzean dituela

dakarten gizon hori bezala

duintasunagatik hiltzea

merezi duela erabaki du.

 

Politikoa

Botere-adiktoa,

poteremanoa,

hori da, besterik ez,

politikoa.

Lau urtetik behin,

monoak jotzen duenean,

edozer eginen du

beste lau urterako dosia lortzeko.

Azkenez, baina,

gaindosi batek hiltzen du,

edo hiesak total ahulduko.

 

Bekozkoz

Bekokilun:

azkar azkar  doa zure bizitza,

antzu antzu zure egunak.

 

Eskerron 
Ezkerronaren bila bizi denak

ez du lauko ogirik laberatuko.

 

Ordaina

Poltsikoan zaharkitzen utzi nituen eskuak,

eta bizkarra berotu zidaten makilakadaz.

 

Zorion urkaezina

Beti daramagu geroa altzoan,

uneoro gaude etorkizuna erditzen.

Bakar eta zigortuta utzi gaituzte,

baina ez diogu izanen garenari

fideltasunik ukatuko.

 

Egunago

Adin batera ezkero,

urteak non pilatu ia ez,

beste ezer metatzeko ezgai,

egun bakoitza da zehatza,

aurrekoa baino egunago.

 

Aldamiotik

Langile bat hil omen

herenegun atzo  gaur

bihar etzi etzidamu

istripuz ohi denez.

Estatistika datua

besterik ez da

politikoentzat,

ekonomia datua soilik

enpresariarentzat,

gerrako kalte kolaterala alegia.

Lurra biguntzen ez denez

aldamioa luzatzen dute

hurrengo buruak non jo izan dezan.

 

Alargun eta umezurtzek soilik

dute lekua egutegi makabroan.

 

 

Eskean

Amaren titia

eskatzen du umeak

jaio bezain laster,

katabuta hilotzak

hoztu ere baino lehen.

Eskean jaio, eskean hil,

tartean eskean bizi,

berezkoa zaio gizakiari

eskaletasuna.

 

Korapilatsua

Borrokatzen ez dena da galtzaile.

Korapilatsua da,

gutxienez, gaur egun,

euskaldun izatea.

 

Poesiaz

Poesiaz bilduta egin nahi dut bidea,

idatzitako edo golkoko poesiaz,

aurrean dudanari

begi ezberdinez begiratzeko,

hazi berria erein diezadan bi begietan,

ezustekoak bihotzean ponpatuz,

ez nazan nekeak lozorrotu.

 

Ontzia joan doa

Eta ontzia joanean doa,

poema berri batetan

ainguratu arteino,

poema-liburu berri batetan

estatxak lotzen naueneino.

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/30 09:25
Jitoan

JITOAN

 

1

Militarrena eta bakezaleena

oreka beti bortitza

bakea deitua

 

 

2

Beldur da herria,

keinuez eta hitzez haratago,

traizio berri baten beldur.

 

 

3

Urteetako biharamunean,

gatazkak dirauko,

seguruenik,

agian.

 

 

4

Asmo pila gauzatu nahi nituzke oraindik:

erdipurdi ditudan idazkiak txukundu, orraztu,

zenbait txoko berri ezagutu,

zenbait jatetxetan bazkaldu,

zine-antzerki-artelan-liburuz gozatu,

lagunen lagun iraun,

presoei hurbiltasuna eskaini,

guzti horretarako pilatzen ari naiz airea,

edozein unetan joan banoala jakinez,

arrisku biziko adinean nagoela kontziente.

 

            

              5

Badakit ez naizela lotsaz hilko

Bizitzak nahiko berme damait geroari begira

Baina badut ere zertaz lotsa

 

 

6

Herri taldeei lotuta,

idazten

jarraituko dut,

ahotsik gabe gelditu nahi ez dudalako,

erraustu arte bizirik nahi dudalako,

“ahotsik gabekoa ez da pertsona"

hala dio  poetak.

 

 

7

Kitatuak ditut aurrekoekiko zorrak,

hurrengo borrokei lotu nahi natzaie,

aurrekoen uzta, hurrengoen hazi,

une bakoitza izadi eternitatearen zati,

ez da beranduagoko jaiotzarik.

 

 

8

Denbora da bizitza,

baina ez denbora soilik,

gizakiok gaude denboran.

 

Hondartza da bizitza,

harri birrindua  hondarra,

gizakiok birrindutako harria.

 

Itsasoa da bizitza,

dakar darama harea,

geuk ehozko hondarra.

 

 

9

Aukeramena,

gizakiaren ahalmena,

inoren esku utzi ezin dena.

 

 

10

Aukeragunea,

ez orain ez  hemen,

lapurtuko ez digutena.

 

 

11

Oroimena,

gizakiaren oinarria,

oraina argituzko argia,

geroaren esperantza,

jakituriaren hauspoa.

 

 

12

Besteena irakurriz,

norberarenaz lotsati,

nahiz luma dardaratiz,

badu zertaz alegrantzi,

plazara eginez jauzi,

eginen dut letretan igeri.

 

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/27 08:48
Herrian bizi gara

HERRIAN BIZI GARA

 

 

 

Eibarren bizi gara

Txorialde argian, lainopea  sabai,

trenbide gaina pasealeku, hariztiak amets,

Karakate leuna ninietan, kareharri Andia oroipen,

 

Etxarrin bizi ginen

Eibarren bizi gara

 

Teilatuak  gailur, kaleak bailara,

oinezko oro zen lagun han,

gutxiak ezagun hemengo uholdean.

 

Eibar Etxarri Eibar

 

Joanak dira berri izanak

etorrian joaneko haiek,

 

Ziaboga da bizitza.

 

 

Personae sacrae

Zein izanen odisea ahaztuen poeta 

 

Erdal enbatei murru,

geroz geroaren garatzaile,

lumaz zein hitzez iraupen arnas

edo

nekazari ala obrero, izerdiz ogia,

eskubideen aitzindari, demasien zartailu,

zaurien baltsamu, malkoen zapi,

sekretuen gordailu 

eta 

kartzela-bizia ordain,

partida-buru, oihanetan gerrillari,

urbanita armatu, askatze bilako armatuen babes 

 

Kontraesan ororen gaindi,

ez ziren denak, zirenak ziren,

krismaz sagaratutako eskuak zituzten denek.

 

 

ADN  errudun

Ez zuen ortzadar izan nahi,

baina hizkiz koloretu zuen zohardia.

 

Lur lehorra omen,

baina liliez loratu zen.

 

Berandu zela zioen,

baina adin oro udaberri.

 

Badaki ez dela poeta,

baina hitzak kiribiltzen ditu.

 

Ez du idazle asmorik,

baina idatzi egiten du.

 

Misterioa da hirutasunarena,

baina ez bakarra, ez kilikagarriena.

 

 

Garzon

Boxeo zakutzat hartu ninduten

ziba zabuka erortzen nintzen arte,

aulkira lotu ninduten, finkatuago ote,

goitik zetorkidan orain ukaldia zaparradan

txingor ale tzar gotorrak bailitzan, 

errepikari monotonia zor,

borobilean jarri ziren, gurpil-jolasa ziotenerako,

paparretik esku batez, ukabil zartakoa besteaz,

nork bortitzago jaurtiko albokoarenganaino,  

bi lerro zuzen aldatuko zen borobila,

han ibiliko nintzen pasillo makabroan harat hona,

besoak eskuburdinez izterpetik kokoriko,

erori eta jaikiarazia, ostikoei ezin ihesi,

igelarena deitzen zioten jolas horri,  

futbolari frustratuak, baloia bainintz,

ostikoka erabiliko ninduten lurrean iraulka,

kontrola galduta, aldean hustuko zitzaidan maskuria,

barrez, irriz, hitz likinez, mehatxuz maneatutako

panpina jolasgarria nintzaien.

 

Ez zidaten bizkarrean aulkirik hautsi,

niri ez zizkidaten elektrodoak jarri,

ez zidaten kirofanoarena egin,

hainbat kartzela-kideei bezala.

 

Odolbildu bat nintzen

zintzur-sagarretik behatz bakoitzeraino,

baina uneko Gartzonek bestaldera begiratu zuen.

daltonikoa agian, epaile gehienak lez

 

 

Izatea hobe

Esnatu

Lokartu 

 

Argia goizero

Iluna arratsez

 

Nekatzeko jaiki

Atsedenera etzan

 

Lokartzeko esnatu 

Esnatzeko lokartu

 

Bizi-min

Bizi-damu

 

Enigma

 

 

Zaborra

Erasorako erabili zuten:

zabor

bilakatu zituzten

politikariak

zaborrek

 

 

Zuri gori beltza

Aizkorakadak azpi-azpitik,

zuhaitza ihartuko zelakoan,

baina urtaro bakoitza zen udaberri.

 

 

Ebakuntza

Luzakin zuriz bilduta esnatu nintzen,

ze mundu berri zen hura

galdetu nion edurnezuriri,

emari eta draina tutuak zirela

erantzun zidan irribarretsu. 

 

Iturgin atelierrean nengoen,

kirofanoa deitzen diotenean

 

 

Trino

Hiru euskaldunek, orfeoia,

antzinako esaldia.

 

Hirurkoak ziren

erresistentzia taldeak.

 

Hiruko Euskal Herria da

saldu nahi digutena

 

Zirinak

Ai parkeko omenduak

uso-kakak garbitu behar balitu

bere brontzezko kaka-lekutik

 

 

Sisifo

Ez du apiril borobilik herri honek,

hilabete guztiak zaizkio kubo,

irrista leunean baino

kolpekako indarkan jaso behar du harria,

ertz zaurigarriez  minduta. 

 

Zirimiriaren mitoa

langar bihurtu zen,

erauntsi eta ekaitz gero,

harria ezin labaingarriago.

 

 

Enea

Etxe bat genuen bota zigutena,

infernuraino zulatu zuten

orube eta zimendu zituen haitza. 

 

Ibai-altzo bihurtu zen Mispillibar,

autopista ordura arteko ibaia. 

 

Iraganik gabe utzi gaituzte,

urak darama gure izana

gurpil-hotsek itotzen

arbasoen oihartzuna

 

 

Gor

Etxadien zurrumurrua,

eraikinen sinfonia,

gizakien gorreria.

 

 

Utopia

Greba orokor amaigabea

egin zuten egun batez

politiko eta enpresariek

 

Udaberri batean esnatu ginen

 

Amets bat besterik ez zen

 

 

Alegia

Burua: motz, zotz, hotz

Lepoa: amotz, apotz, arrotz, ahotz

Begia: elder, merke, zeken

Gibela: harri, sasi, gazi

Gogoa: ardo, mardo, sorgor, mozkor

Orpoa: zama, lama, larre

 

Banu, banintz, banengo 

 

Alegia 

 

 Nire garunak: hotz, hots, huts

 

 

Urteak zama

Inurriak bezala hara-hona

erleak lez eguteran.

 

Hor gabiltza zaharrok

bizitzaren azken joanean.

 

Historia dugu zama,

istorioak kontakizun,

entzulerik balego

 

 

Pan-pin

Txotxongiloak

zer bestela zaizkigu

politikoz panpinatutako

epaileak

 

 

Eibar

Kale-argiak izarra

kaleartea ibarra

Eibarren aurkituko duzu

bizipozaren aparra

 

 

Amandre

Ilargia

laurden edo erdia

iluna zein argia

 

lurraren ispilu

amets gordailu

 

gau argietan lagun

 

 

Gurutze-bidea

Hamalau ziren Golgotara geraldiak

eliza hormetan zintzilikatuak

 

kontaezinak eskubideen tontorrera

urrats samin sarri odoltsuak

emanak eman-beharrekoak 

 

herdoildu zaizkigu iltzeak

luze zorrotzak dira arantzak

iseka kolpez erori zutitu gabiltza

herria gara bidelagun baina

 

arantza, arrosa

ekaitza, ostadar

zurajea, zuhaitz

ozpina, ezti

Basko da hilobia

 

 

Ikasgai

Baserri giroan ume

har-emeak ageriko

sekretu ez zirenak misterio

gizakia soilik zen arkano 

 

morkots, iturri eztiak

triku, udare  apetatsuak

miztoa, kilker kantaria

tabuak eta hesiak hezibidean 

 

gero ikasi genuen maitasunaz

ikasi genuen?.

 

 

Habeak

Basoan zut lerden

itzal aterpe sabaia atseden

azienden bazkaleku basabereen bizileku

 

Zerra haginkadek eraitsiak

aizkorakadaz hebainduta

etzanik dautza hilotz 

 

Etxeko zuraje bilbadura

sabai itzal aterpe atseden

heriotza ondoren gizakien bizigai

 

Gure etxeko zureria

 

 

Biziraupen

Horra arranoa hegazabal

sator jangaiaren atezuan.

 

Horra zozoa txiruliruka

habiarako  bikotea limur guran.

 

Horra txepetxa saltoka

adarrak kargari eutsiko ote.

 

Horra gizakia urduri

biharamun kezkaz beti.

 

 

Izan eta esan

Ginen eta ez gara

gara eta ez ginen,

hala diote.

 

Ginelako jazarri gaituzte

garelako erasotzen,

ez garela  badiote ere.

 

Ez-hemengoak zirela

kanpokoak direla

hala zioten. 

 

Gutarrak ere

zirela direla

diogu.

 

 

Top-manta

Herritik kanporatuak, Bizkaia atzerri,

frantses eremuan faxistei ihesi,

etorkin mugaz handi edo hemendi, 

 

kaleko saltzaile, lan zatarrak ogibide,

beharrak eta politikak egotziak,

norbaiten bizilagun, lan eta ogi gose

 

krisipean ez lan ez sos

gose eta ezinen isilgordean

atzerriko nahiz herriko

edonor daiteke gaur egun top-manta

 

 

Antzu

Ezina eskatzen zidaten

ezetzik ez neukanez

buruz gain zitzaidan bizitza 

 

Ezinean egina

hutsaren berdina

 

 

Branka

Barrutasun beregitik

ez dator burua eskuratzerik

aurrera-soak dakar

norbera bere hobera

 

 

Patua

Gerlarion kausa zuntza eta funtsa

herriaren haragia eta odola 

 

hilzorian galtzen edo metamorfosian

bera da maiteminduon patua 

 

Euskararekin jaio ginen

bera da gure esperantza

 

 

 

 

Banintz

Ez naizena izan nintekeen

naizenaren damurik gabe

ai amestu hura banintz

 

 

Hitzak eta hotsak

Hitzak

garunek ehotako hizki dantzariak

 

Hotsak

kaskezurrean loratzen diren laboa eta joaldunak 

 

Hitzak eta hotzak

nola janzten dira

gor eta itsuen burmuinetan

 

 

Artegilea

Arrandiaz loratzen ez den artea ez da artea

medio interesatuek egiten dute artea arrandiatsu

medioak ote gaur egungo artegileak

 

 

Galdagai

Gizarte sasidiko galdategian

bizitza gurpilean galdatutako

aurreko izadien molekula atomoen

azken karanbola gara

ezer gutxi balio duen jaiotza agiria

beste galdatze batean galdagai izateko

 

 

Hurbilean

Begiei so entzun

apal ernatu hitzak

barne pildar iritziak

hori da hur zaigun jendea

 

 

Erdibi

Oso ez denak

ezin ase

bi erdi denak

erdibituko

bat izan ezinez

erdi eta erdi izanen

adostea bera

bitan zatitzea

zeure buruarekin ados

zu zeu zara oso

ase ahal zara

osa ahal duzu

 

 

Bizipoz

Egin genuen promesa

inola ere ez deusa

baietz loratu egun batean

bizipozaren ametsa

 

 

Hariztia

Leku honetan laketzen naiz

ni handiko ingurua

haritza pagua baita ere pinua

 

Ni handiko ingurua

kaleak ditut pagadi

jendartea harizti

eskubideak pinudi

 

Uztaren usai sarkorra

eginez ez naiz ni lotsa

geroa ere emankorra

akuilu zait bizipoza 

 

Ni apaleko itzal hurbila

ez nabil beste ezeren bila

datorrena etor dadila

bizitzaren gurpila

daukatenaz laket nabila

 

 

Buruzagia

Hala behar luke izan edozein buruzagik

ez ezer ezarriz, zuzenbidearen egarri

bake-oinarri

egia-zedarri

 

 

ABCD

Gizakion kontraesana

ABCD bitamina

osasungintzan dirutza

baina osasunari erasoa

nork gehiago kontamina

bai arima bai gorputza

 

 

Iñaki eta Martin

Ukondoz ukondo ikasgelan

geroak banatu zituen ezinbestean

ezagutuko nikek argazkietatik

ezagutuko ote berak ni?

hirurogei eta hiru urte geroz

ez dira aurkitu arrotz

sakon dituenak erroak

ez du lehorteak ihartuko

 

 

Geltokia

Beraneanteak ekarri, herritarrak garraiatu

geltokia zen nire herriko arnasleku .

Apeaderoa besterik ez da gaur

bizipozari egin bailio agur.

Herriak baditu biziaroak

trena bezala dator eta doa.

 

 

Jopu

Alanbre gainean zabuka

txerpolari gara bizitzan 

 

bizitza gertakizunen ildoan

gertakizunak gizakien sehaska

gizakia lanaren menpe

lana ugazaben esku

ugazabak maileguen manuko

maileguak bankuei lotuta

bankuak  estatuen biki

estatuak nazioartearen morroi

nazioartea kapitalaren legera

kapitala irabazien uharan 

 

denok eta inor ez

herria beti esklabo

 

 

Asfaltotik

Espaloitik ibilaraztekoak batez ere,

hausteko eginak dira arauak,

nahiz autoek harrapatuko gaituzten. 

 

Pauso askez bidea egin

bide-legeak berridatziz.

 

 

Bihar

Mundura negarrez

bizitza da udaberri

arnastu pozarren

bihar ere egunsenti.

 

Ekintzaile senez,

gorputzez lirain,

bizitza biziaz bizi.

 

 

12

Ortzi garbi

begi ezti

jalgi

ernai beti

inoiz loti

ametsak itxaropenen ogi

geroak zer dakarren nork daki

alai ekin

aitzina bidean bizi

gizakia ameslari

 

 

Etxarri

Gure herria Etxarri

bizipozaren zedarri

lasaitasunaren esperantzak

gintuen hona ekarri

 

 

Baseliza

Gertu baino urruntxo

zuhaitz lerdenak inguru-gune

baso-iratxoak bizilagun

txori sinfonien music-areto

ez erromaniko ez gotiko

ateburu lauz zaparro

santu-irudia zatarkote

auzolana eraikitzaile

ibiltarien aterpe

erromes-erromerien santutegi

lehen zirrien isileku

eskabideen ezinezko itxarote

 

nire herriko ermita

 

 

Baxatoxak

Julian

ekintzailea senez, eskulanetan abila,

adarjole umoretsu fina,

Amaña ezizenez, gorputzez liraina,

bere itzala gure artean dabila. 

 

Banda

belarriz fina, ahotsa gozoa,

kide guztiz atsegina,

elkartean nahiz lagunekin

abestea laket zuen biziki.  

 

Orma

ez zen pareta, ez izotza,

saminduekin bihozbera,

premiatsuen aterpea,

etsaientzat zorrotza.

 

Etxea

gaztetatik bihargin

gerora torlojugile

uneoro abertzale

etxezulo baino,

etxemin 

 

Julian Bandaormaetxea

Plaentxian jaio

90 urterekin

plaentxiar hil

 

Branka

Urruna zein hurbila

mendez mende historia zurbila.

 

Bor-bor joan zaigu odola

besterik badiote ere

alferrik ez inola.

 

Zenbaitentzat mamu

ez gara odolbero

ezta eginaz ere damu. 

 

Jaso dugu ahotsa

zintzotasunez diogu

ez gara garenaren lotsa.

 

Eskubideez egin dugu galde

arrazoizkoak arren

ez ditugu lortuko debalde 

 

Bagoaz aurrera

elkartuta ahal dugu

orain dugu aukera

 

 

Esperantza

Bi ume zuhaitz adarretan tximino

debekuak hautsiz jolasean,

apaiz bat Francoren katepean

armaturik herriarekin matxino

 

Gizartea altxatu da oraingoan

gero askea dago erabakian

 

 

Behatza

Urteekin

kopeta baino

bihotza zait

zimurtu

 

Bakartia da heriotza

bakarrari dagokionez

bakarti egiten gaitu

nahiz izan guztiona 

 

Atzamarrari so

jartzen gaituzte

ilargiaren ederrak

liluratu ez gaitzan

 

 

Beti da orain

Atzo da gaur

gaur zen bihar

bihar izanen atzo

orain da beti

 

 

Zubiak

Erraz eraisten dira zubiak

ze zail den berriz berregitea

 

 

Prosa

Harriari galdez ari gara

mailua hartzeko beldurrez

 

 

Txapel

Euskaldun xaloak txapela

aberatsek berriz sonbreirua

ai txalpedun txiro euskalduna

 

Argazki nostalgikoa tarte

txapeltxiki ginen euskaldunak

Elosegi agertu zen arte 

 

Garaile oro txapeldun

zibilak, aldiz, txapeloker

txapeldun oro ote euskaldun

 

Txapel handi edo txikiek baino

euskarak egin gaitu

euskaldun peto gaurdaino

 

 

Batelari

Joaneko ibaia omen bizitza,

joanean doa naizen urlasterra,

noiz baretuko urak, noiz baratuko ontzia.

 

Batelarien bizipoz, bizipozaren batelari. 

 

Lizarrak ureztatzen diraut,

zubi-oinak ferekatzen ditut,

urak ez dit sua itzali. 

 

Xirriparen xuxurlaz naiz gozatzen.

 

Berazailago kailuak, minduago azaldurak,

neskei begiradak ez dira erromantikoak,

bizitza ez da erretzen nauen sua 

 

Zertarako nago, zergatik iraun.

 

Badut ze eskuri heldu, badut bizipoz egarririk,

azken tantoez ase ahal dut bizinahia,

ispiluan islatzen zait zimurretako irribarrea.

 

Ez dut haitzetara jauzirik eginen.

 

 

Bizimin

Bizitakoaz txit oroimin

nola ahaztu Etxarri

bizimin

oraindik udaberri

Eibarren bizi gara orain

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/23 08:41
Haiku zazpikiak III

HAIKU ZAZPIKIAK  III 

 

TEMPUS FUGIT, KARPE DIEN

 

184

Izan-garenak

hurbiltzen nau zugana:

su naiz, ez kea

 

185

Zugan mentatu,

lizar azpian dut nik

babeslekua

 

186

Udaberria

nahi dut izan zure

lorategian

 

187

Zure azala,

gure maitasunaren

kartografia

 

188

Maitasun hitzak

zorion ezaugarri

izan ohi dira

 

189

Eternoa da

istant koloretsua

maitaleentzat

 

190

Aberria amets,

bizitza paradisu,

poemez goza

 

191

Ezerk ezin dit

bizitakoa kendu,

heriok ere

 

192

Gizartearen

bide-kide izan naiz

bihotza borbor

 

193 

Zuhaitz bat naiz ni,

inguruan itzala

eman nahian

 

194

Itsasargia,

zauri handietako

itxaropena

 

195

Denak du muga,

zatika zein osorik,

argiak ere

 

196

Bizipoza zen

esnatu ninduena

egunsentian

 

197

Udako sapak

neraman bizipoza

haikatu zidan

 

198

Gau erdian

hilerri ilunean

hezurrek ñirñir

 

199

Hostar ahotsa

oihanetik dator

negarra bailitz

 

200

Orainak du

atzokoa ihesi,

biharkoa zain

 

201

Jin zitzaizkidan

haur eta gazteak,

gora geroa

 

202

Gabon Zaharra:

jaiotzear daude

amets berriak

 

203

Euri putzuak

joanaren zimurrak

islatzen dizkit

 

204

Intxaurrondoa

garau berdez zaigu

udaberritu

 

205

Zubi-begiak,

uholde zein lehorte,

beti egarri

 

206

Ahur zabalez

justizia ez sosa

eskatzen zuen

 

207

Jin-joan oro

galtzen da denboraren

oroimenean

 

208

Orain zein gero,

edonon edonola,

kosmos-zati naiz

 

209

Santa Klarako

komentura arrautzak

eguzki eske

 

210

Gaur ondutako

lurrean erneko da

etorkizuna

 

211

Txingar goriak

ametsera bultzatuz

nire oinpean

 

212

Jin da kukua

goiz koloretsuz betez

udaberria

 

213

Ai eternoak

balira tartekako

plazer izpiak

 

214

Ume jolasa:

beraien atsegina,

gure arnasa

 

215

Jin eta joan,

galbidean gabiltza

apurrak jasoz

 

216

Poetak soilik

ikusten du mundua

sinfoniaz blai

 

217

Gaur, bihar, etzi,

zain nago noiz etengo

nire denbora

 

218

Zio larriak

eskatu dizkit beti

zahartzaroak

 

219

Duintasunari

eustean datza giza

biziraupena

 

220

Elurra loran,

denbora umotua,

hil naiteke gaur

 

221

Bizi bizia

jadanik joana dut,

baina banabil

 

222

Luze joana,

labur etorkizuna,

biak aberats

 

223

Nola saihestu

gaurko medio bortitzen

bonbardaketa

 

224

Narzisoen zain

dago garden, isilik,

putzuko ura

 

225

Lauhazkan datoz

gazte maiteminduen

irri garbiak

 

226 

Aukeratua

jaso, utzia galdu:

hautamena

 

227

Ezpain gorriek

darakusate irriz

begien festa

 

228

Oihan-arnasan

aurkitu ohi ditut

nire iratxoak

 

229

Hondartzan, gori,

azala erre nuen,  

bihotzean, hotz

 

230

Hil-kanpai hitsak

udaberri goizeko

kanpandorrean

 

231

Gaurko beroa

eskatzen nuen atzo,  

gaur, biziago

 

232

Zimiko honek

ziztatzen dit bihotza:

bizibeharrak

 

233

Egunsentian

erreka kantariak

iratzarri nau

 

234

Bada garaia,

uztarako garaia.

umotu naiz

 

235

Airean dabil

ametsa: jaio zaigu

esperantza

 

236

Tristura dario

liburuko hautsari:

udazken hitsa

 

237

Dohainik zaigun

denbora ahitzea

heriotza da

 

238

Isil bagaude

erantzun ahal digu

barne kantuak

 

239

Hontza uhuka

goizegi da oraindik

goizargirako

 

240

Ezereztxoa,

neu naiz daukadan altxor

preziatua

 

241

Zelatan daukat

bahitua den arren

behatzen daukat

 

242

Itxuraz geldi,

dena da mugimendu:

unibertsoa

 

243

Kanaberak zut

zabuka irauten du

haizetean malgu

 

244

Neuk osatzen dut

kontaezin tantaiez

baso trinkoa

 

245

Ze bizigarri

eguna ahitzean

loa aterpe

 

246

Malko mikatzak

bihotz arras mindua

gozatu zuen

 

247

Ezuste bila,  

bihar izango ahal

gaur ez duguna

 

248

Gaurko haziak

ernarazten du zalu

etorkizuna

 

249

Bizi-gosea,

goizero esnatzean

bizi-gosea

 

 

 

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/20 08:49
Haiku zazpikiak II

HAIKU ZAZPIKIAK   II

 

SORGIN-ORRATZAK

 

117

Samin eztia

damaio bizitzari

maitemintzeak

 

118

Zure barruan

galdu nintzen maiteño

behin betirako

 

119

Amagandik dut

bizia eta mina:

naizen apur hau

 

120

Poz-minetara

kondenaturik dago

bihotz gaztea

 

121

Zure sarean

sentitu nintzen aske

lotuta arren

 

122

Eskatu gabe

emanen dizut, maite,

naizen den-dena

 

123

Bidegurutze

batek bilduko ditu

bion errautsak

 

124

Zure begien

zurrunbiloan nago

irabioka

 

125

Lastategitik

uhinetan zetozen

gazte-auhenak

 

126

Isil-gordeko

altxor preziatuak

kukuka beti

 

127

Antologia:

zarenari darion

zorion-poza

 

128

Baretu zaigu

arnasa: lurrundu da

sexu-jolasa

 

129 

Arbolapean

goxo dabil haizea

besarkadetan

 

130 

Arratsa gorrian

kolorez maite zaitut

udako lili

 

131

Gerritik helduz

munduko jabe gara

gesal argitan

 

132

Gozo niretzat

su-txingarrak zuretzat,

lehen musuak

 

133

Nirekin beti

hilezkor nahi nuke

zu ez galtzeko

 

134

Zirimiria,

bordako aterian

lehen zirriak

 

135

Goizargi hartan

agertu zinenetik

maite zaitut nik

 

136

Bion lotura

heriok eten arte

maiteko zaitut

 

137

Jaiotza akta:

agertu zinenean

jaio nintzen ni

 

138 

Zure kaiolan

sar ahal banu, txori,

oi ze kantu-hots

 

139

Lili artean

zain nago, nektar bila

ote zatozen

 

140

Zu zara nire

goizalbako zeruan

izar bakarra

 

141

Lo zaudeneko

irribarre bareak

damait loa

 

142

Adarrik adar

zure ahotsa dantzut

txorien kantu

 

143

Ez esan berriz

pistola kargatzeko:

para bellum

 

144

Udaberria

orriz janzten den legez,

hitzez mintzoa

 

145

Bai, zurekin bai.

Zertarako gehiago

zu baitzara ni

 

146

Oi banekusa

zure irria hegan,

ze bizipoza

 

147

Zuregan dago,

zugandik datorkit

edertasuna

 

148

Urtarrila da,.

zeu ote gau hotzean

bere izarra

 

149

Egunsentian

izarrago izanen

zara maiteño

 

150

Argitu zaizu

begirada: txoriak

pozarren dira

 

151

Nire begiak

tximeletak bailira

zugana hegan

 

152

Nork ehizatuko,

beldur dira txoriak,

aske baitira

 

153

Gora Balendin!,

maitasunaren truk

izan baledi

 

154

Gaur, bihar, etzi,

egun oro da ona

maite nazaten

 

155

Itxi atea!, 

maitea sartu baita

sexu intziriz

 

156

Kosmogonia:

zakil aluekin

ze armonia

 

157

Isiltasunak

ferekatu ohi du

bakardadea

 

158

Ai nor litzaken

ortzadar koloretsu

zugana zubi

 

159

Zugan errotu

nahi nuke, maite,

gaur-betiko

 

160

Izarrei so

itsu-itsuan zara

zu nire zeru

 

161

Mozorroz biok

ospatzen genituen

aratusteak

 

162

Aire: guretzat

da birigarroaren

biribilketa

 

163

Zirimiriak

zilar bihurtu zuen

zure ilea

 

164

Zure lekutik

besarkada batera

galdu nintzen ni

 

165

Zatoz nigana,

ez gaitezen izan

aingerutxoak

 

166

Nirea zara,

naizen oro zurea,

bat garelako

 

167

Begira zaude:

begiradetan gara

errealago

 

168

Nire barnean

krabelina erne da,

usaintzen duzu?

 

169

Elkarren auzo,

begiradez ezkonduz

zahartu gara

 

170

Maiatza zaitut,

zure lorategian

biluztuko naiz

 

171

Tak-tak taupadak,

maitasunaren zantzu

ezaugarriak

 

172

Ezpain gorrian

erlea dabilkizu

gozoki bila

 

173

Zure adatsa

ekia bailitzan

urrekolore

 

174

Zer eskaintzen dit

haizearen ferekak?,

zure irria

 

175

Jolasa amets,

zure bular artean

galdu nintzen bart

 

176

Eguzkipean

zure silueta da

argi distira

 

177

Nire oinpetan

zuregana noala,

txingar goriak

 

178

Beti da garai,

maite zaitudalako,

zu maitatzeko

 

179 

Desio dugun

gorputzaren astuna

beti da luma

 

180

Biluzik gaude,

hegaldatzear dira

sorgin-orratzak

 

181

Zaren artean,

eternoa edo ez,

munduak dirau

 

182

Ortzadarrean

zintzilikatu ditut

maitasun hitzak

 

183

Koloreetan

aurkituko dut, maite,

zure izena

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/16 08:56
Haiku zazpikiak I

HAIKU ZAZPIKIAK  I

 

ORTZADARRAREN ZAZPI  KOLOREAK

 

1

Arraunak hego

traineruak hegan 

banderaren poz

 

2

Pago hazitik

bizi berria dator

landaretxo

 

3

Lasai txepetxo

zure habiak ditu

bi ihes zulo

 

4

Orain dena da

orri, berdez borborka

bizi da natura

 

5

Aparrez zuri

uhinak zamalkatuz

batelak hegan

 

6

Lizar orrian

larrezko gingila

goiz iruntzia

 

7

Jarraiki beti

zilarrezko uhara

boga traineru

 

8

Ments du neguan

aterpe janaria

txantxangorriak

 

9

Jaio aurretik

esperantzan nintzen

amets eder

 

10

Eguzkia azalean

tatuatu zaigu, maite

babesle eske

 

11

Zurrumurruak

basoko adarretan:

orri musika

 

12

Bide-gorria,

txirrindua bailitzan,

xingola ibiltari

 

13

Pagoak mila

haritzak kontaezin

basoko girgil

 

14

Sorgin-orratzen

presentziaz kantari

errekatxoa

 

15

Uda-eguna,

aparra gazi dabil

orkatiletan

 

16

Nire txoriak

eskerrak pila bati

dirau kantari

 

17

Arraina ez da

errazki kontentatzen,

eulia du ments

 

18

Udako lore,

zerua urdin eta

hondarra urre

 

19

Sexu ziztadak

udaberri epela

umeldua du

 

20

Lainoak urrun,

bizipozen arnasa

eguzkitan blai

 

21

Betazaletan

gazteen irriñoak

klikatzen dira

 

22

Ozen basoa,

hitzaren ordezkari

zurrumurrua

 

23

Zirimiriak

doitzen zaitu emeki,

euria amets

 

24

Bizipoz nadin

artean izanen dut

norabiderik

 

25

Naizen ezerez

umatzen nau naturak

umil ta eder

 

26

Naizen gutxian

nahi nuke bilaka

bide lastargi

 

27

Ziza umilak

orripetik kukuka,

begiek irri

 

28

Minaz beterik

dugu udaberria

minez beterik

 

29

Eguzkitan brist

ortzadarra irudi

pinpilinpauxak

 

30

Ezpain bat dabil

zeruko argi-txintan

bular irrikaz

 

31 

Gari-burua

eguzkitan da lore,

argia urre

 

32

Krask egiten du

oinak elurretan,

lorratza zilar

 

33

Zoruko lauzak,

pinu orratzak gurpil,

irrista-leku

 

34

Bihotza nagi,

hurkoa ez bazait

nor nire jainko

 

35

Gizartea da

zeruan zein lurrean

babes arnasa

 

36

Uhin aparra

oinak musukatzen

urre gorrian

 

37

Uda-kalaka:

lagunarte goxoko

jardun lasaia

 

38

Txoriak kantuz

fiuka ozenean

bikote bila

 

39

Zer du neguak

hain eder lehertzeko

udaberrian

 

40

Ziztuko hegan

enaren agerpena

itxaropena

 

41

Ekaitza dator,

natura suspertzeko

euria dakar

 

42

Nor litzakeen

zikoina habian lez,

talaiari

 

43

Elurra altxor,

salgai jartzen digute,

uda zein negu

 

44

Itsuek hitzak,

zergatik ez hatzetan

gorrek musika?

 

45

Zazpi marrako

pentagrama behar du

euskal ahotsak

 

46

Minez da beti

poema bat erditzen,

motzena ere

 

47

Negu orotan

bi hitz dira nagusi:

hotza-iluna

 

48

Makulu eske

ibiliko da beti

hankamotz dena

 

49

Ehunzangoak

autoa hartu zuen

presaz zelako

 

50

Inork ez daki

agertzen ez den arte

herio non den

 

51

Saldo badira

odolusten zaituzte

eltxoek ere

 

52

Isurkina da

azukre koskorraren

borreroena

 

53 

Ardi zuriak

euri ostean soilik

dira hain zuri

 

54

Anbar eztian 

geratu zen gatibu

erle urdina

 

55

Arnasa bera

da niretzat errezo,

bizitzaz goza

 

56

Igel berdexka

aintzira belartsuan

korrok korroka

 

57

Fir-fir haizea

eguzkiari aurre

hotz du iparrak

 

58

Hodeiez goiti

kosmosera bidean

ez da ortzirik

 

59

Txoriak ditu 

besterik ez kaskoan

txoriburuak

 

60 

Gabiraiak

sarraskia jan zuen

goseak jota

 

61.

Euriak ura

dakar, uhol handiak

lurra darama

 

62

Begiak ñir-ñir,

hala malko mikatzez

zein irribarrez

 

63

Begiak dira

poz zein samin malkoen

iturburuak

 

64

Hegoaldera

dagoen leihoak du

eguzkia so

 

65

Batasunean

gauzatu ahal dira

migrazioak

 

66

Beti zelatan

zaintzen du arranoak

bere harkaitza

 

67

Norbere baitan

beste inon ez dugu

etxe lehorrik

 

68

Txori kantua

izaki bakartien

polifonia

 

69

Zur-malko mina,

hori besterik ez da

ezpal zapala

 

70

Egun argian

denok gara bizipoz,

lainopean hotz

 

71

Norbere baitan

ereiten dakienak,

begiak lili

 

72

Natura zurtuz

denok bihurtzen gara

umezurtzago

 

73

Isiltasunak

behar du jakintsuen

ezaugarria

 

74

Urdail aseak

bere izan ohi du

mingain motela

 

75

Ekaitz mezua

sigi-saga zeruan

tximistargiak

 

76

Sute gorriak

ekartzen dio ura

lur lehorrari

 

77

Argi biziak

kantari bihurtzen du

akats isila

 

78

Itsas barean

belaontzi  mastetan

zurrumurrua

 

79

Eguna zenduz

moskito liztordunak

mundura jaio

 

80

Gaua  jaioaz

gizakia hiltzen da

alkoholetan

 

81

Udaberria

biziberritzearen

matxinatzea

 

82

Hara martxoa

orri berri gurien

iturri berde

 

83

Enara beltzak

airean antzezlari

zurrunbiloka

 

84

Nork ez du maite

eguzki egun batez

zuhaitz azpia

 

85

Min zurienak

errezel beltzak dira

ortzadarrean

 

86

Izenorde bat

loreari jartzeko:

udaberria

 

87

Baso gurian

ekia zuzendari

orritza koru

 

88

Argia dantzut

tximelet hegaletan:

begien poza

 

89

Isil-gordean

bakardadea, lagun

mina zaidala

 

90

Eguzkitan blai,

udak egiten gaitu

aldika alai

 

91

Mutu isila 

beharrezko denean

eskuez mintzo

 

92

Itsas kirrua:

nakarrezkoak dira

uhin gandorrak

 

93

Gure etxeko

gereziondoak  gorriz

andretu dira

 

94

Udagoiena!

zuhaitzen ezpainetan

irri azkena

 

95

Birigarroa

bere kantu zorrotza

maitagarria

 

96

Txori-mokoek

aireari mehatxu,

loreek, irri

 

97

Zirrituetan

haizea txistuka

nondik eskapa

 

98

Nahiz txiroa

loredi bat beti da

eder luxuzko

 

99

Zein dohain gozo

abereen ahoan

belar guria

 

100

Argi bizian

makilatuta ere

zimurrek brist -brist

 

101

Usna saguak

ia nondik datorren

gazta usaina

 

102

Firinka dabil

pagadian haizea:

zurrumurrua

 

103

Lizar jainkosa

bordaren atarian

artzain-aterpe

 

104

Urruntasuna

antzarren hegoetan:

amets dezagun

 

105

Adi oreina!

oihanak bolboraren

usaina dakar

 

106

Kalimotxoa,

gauaren edaria

gaupasarako

 

107

Itzal-antzerki

bihurtzen du basoa

ilargi gauak

 

108

Nor ez da noizbait

kulunkatu ilargi

borobilean

 

109

Labar gainetik

itsasoa ikusi

dut harkaitz joka

 

110

Non ikasi du

hegan haizeak?. Nori 

axola dio!.

 

111

Zulo bikoitzez

babesten da habian

txepetx zuhurra

 

112

Kilkerra deika

balizko maiteari

zulo aurrean

 

113

Haize zakarra

ile orrazten dabil

bururik buru.

 

114

Letrak dakartza

goizaldeko haizeak:

egunkaria

 

115

Negu gorrian

lizar bat birsortu da

barretxo berdez.

 

116

Elur pilotaz

jostatzen da negua

bolatokian

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.