Poeten uharan
HERRIAN BIZI GARA
Eibarren bizi gara
Txorialde argian, lainopea sabai,
trenbide gaina pasealeku, hariztiak amets,
Karakate leuna ninietan, kareharri Andia oroipen,
Etxarrin bizi ginen
Eibarren bizi gara
Teilatuak gailur, kaleak bailara,
oinezko oro zen lagun han,
gutxiak ezagun hemengo uholdean.
Eibar Etxarri Eibar
Joanak dira berri izanak
etorrian joaneko haiek,
Ziaboga da bizitza.
Personae sacrae
Zein izanen odisea ahaztuen poeta
Erdal enbatei murru,
geroz geroaren garatzaile,
lumaz zein hitzez iraupen arnas
edo
nekazari ala obrero, izerdiz ogia,
eskubideen aitzindari, demasien zartailu,
zaurien baltsamu, malkoen zapi,
sekretuen gordailu
eta
kartzela-bizia ordain,
partida-buru, oihanetan gerrillari,
urbanita armatu, askatze bilako armatuen babes
Kontraesan ororen gaindi,
ez ziren denak, zirenak ziren,
krismaz sagaratutako eskuak zituzten denek.
ADN errudun
Ez zuen ortzadar izan nahi,
baina hizkiz koloretu zuen zohardia.
Lur lehorra omen,
baina liliez loratu zen.
Berandu zela zioen,
baina adin oro udaberri.
Badaki ez dela poeta,
baina hitzak kiribiltzen ditu.
Ez du idazle asmorik,
baina idatzi egiten du.
Misterioa da hirutasunarena,
baina ez bakarra, ez kilikagarriena.
Garzon
Boxeo zakutzat hartu ninduten
ziba zabuka erortzen nintzen arte,
aulkira lotu ninduten, finkatuago ote,
goitik zetorkidan orain ukaldia zaparradan
txingor ale tzar gotorrak bailitzan,
errepikari monotonia zor,
borobilean jarri ziren, gurpil-jolasa ziotenerako,
paparretik esku batez, ukabil zartakoa besteaz,
nork bortitzago jaurtiko albokoarenganaino,
bi lerro zuzen aldatuko zen borobila,
han ibiliko nintzen pasillo makabroan harat hona,
besoak eskuburdinez izterpetik kokoriko,
erori eta jaikiarazia, ostikoei ezin ihesi,
igelarena deitzen zioten jolas horri,
futbolari frustratuak, baloia bainintz,
ostikoka erabiliko ninduten lurrean iraulka,
kontrola galduta, aldean hustuko zitzaidan maskuria,
barrez, irriz, hitz likinez, mehatxuz maneatutako
panpina jolasgarria nintzaien.
Ez zidaten bizkarrean aulkirik hautsi,
niri ez zizkidaten elektrodoak jarri,
ez zidaten kirofanoarena egin,
hainbat kartzela-kideei bezala.
Odolbildu bat nintzen
zintzur-sagarretik behatz bakoitzeraino,
baina uneko Gartzonek bestaldera begiratu zuen.
daltonikoa agian, epaile gehienak lez
Izatea hobe
Esnatu
Lokartu
Argia goizero
Iluna arratsez
Nekatzeko jaiki
Atsedenera etzan
Lokartzeko esnatu
Esnatzeko lokartu
Bizi-min
Bizi-damu
Enigma
Zaborra
Erasorako erabili zuten:
zabor
bilakatu zituzten
politikariak
zaborrek
Zuri gori beltza
Aizkorakadak azpi-azpitik,
zuhaitza ihartuko zelakoan,
baina urtaro bakoitza zen udaberri.
Ebakuntza
Luzakin zuriz bilduta esnatu nintzen,
ze mundu berri zen hura
galdetu nion edurnezuriri,
emari eta draina tutuak zirela
erantzun zidan irribarretsu.
Iturgin atelierrean nengoen,
kirofanoa deitzen diotenean
Trino
Hiru euskaldunek, orfeoia,
antzinako esaldia.
Hirurkoak ziren
erresistentzia taldeak.
Hiruko Euskal Herria da
saldu nahi digutena
Zirinak
Ai parkeko omenduak
uso-kakak garbitu behar balitu
bere brontzezko kaka-lekutik
Sisifo
Ez du apiril borobilik herri honek,
hilabete guztiak zaizkio kubo,
irrista leunean baino
kolpekako indarkan jaso behar du harria,
ertz zaurigarriez minduta.
Zirimiriaren mitoa
langar bihurtu zen,
erauntsi eta ekaitz gero,
harria ezin labaingarriago.
Enea
Etxe bat genuen bota zigutena,
infernuraino zulatu zuten
orube eta zimendu zituen haitza.
Ibai-altzo bihurtu zen Mispillibar,
autopista ordura arteko ibaia.
Iraganik gabe utzi gaituzte,
urak darama gure izana
gurpil-hotsek itotzen
arbasoen oihartzuna
Gor
Etxadien zurrumurrua,
eraikinen sinfonia,
gizakien gorreria.
Utopia
Greba orokor amaigabea
egin zuten egun batez
politiko eta enpresariek
Udaberri batean esnatu ginen
Amets bat besterik ez zen
Alegia
Burua: motz, zotz, hotz
Lepoa: amotz, apotz, arrotz, ahotz
Begia: elder, merke, zeken
Gibela: harri, sasi, gazi
Gogoa: ardo, mardo, sorgor, mozkor
Orpoa: zama, lama, larre
Banu, banintz, banengo
Alegia
Nire garunak: hotz, hots, huts
Urteak zama
Inurriak bezala hara-hona
erleak lez eguteran.
Hor gabiltza zaharrok
bizitzaren azken joanean.
Historia dugu zama,
istorioak kontakizun,
entzulerik balego
Pan-pin
Txotxongiloak
zer bestela zaizkigu
politikoz panpinatutako
epaileak
Eibar
Kale-argiak izarra
kaleartea ibarra
Eibarren aurkituko duzu
bizipozaren aparra
Amandre
Ilargia
laurden edo erdia
iluna zein argia
lurraren ispilu
amets gordailu
gau argietan lagun
Gurutze-bidea
Hamalau ziren Golgotara geraldiak
eliza hormetan zintzilikatuak
kontaezinak eskubideen tontorrera
urrats samin sarri odoltsuak
emanak eman-beharrekoak
herdoildu zaizkigu iltzeak
luze zorrotzak dira arantzak
iseka kolpez erori zutitu gabiltza
herria gara bidelagun baina
arantza, arrosa
ekaitza, ostadar
zurajea, zuhaitz
ozpina, ezti
Basko da hilobia
Ikasgai
Baserri giroan ume
har-emeak ageriko
sekretu ez zirenak misterio
gizakia soilik zen arkano
morkots, iturri eztiak
triku, udare apetatsuak
miztoa, kilker kantaria
tabuak eta hesiak hezibidean
gero ikasi genuen maitasunaz
ikasi genuen?.
Habeak
Basoan zut lerden
itzal aterpe sabaia atseden
azienden bazkaleku basabereen bizileku
Zerra haginkadek eraitsiak
aizkorakadaz hebainduta
etzanik dautza hilotz
Etxeko zuraje bilbadura
sabai itzal aterpe atseden
heriotza ondoren gizakien bizigai
Gure etxeko zureria
Biziraupen
Horra arranoa hegazabal
sator jangaiaren atezuan.
Horra zozoa txiruliruka
habiarako bikotea limur guran.
Horra txepetxa saltoka
adarrak kargari eutsiko ote.
Horra gizakia urduri
biharamun kezkaz beti.
Izan eta esan
Ginen eta ez gara
gara eta ez ginen,
hala diote.
Ginelako jazarri gaituzte
garelako erasotzen,
ez garela badiote ere.
Ez-hemengoak zirela
kanpokoak direla
hala zioten.
Gutarrak ere
zirela direla
diogu.
Top-manta
Herritik kanporatuak, Bizkaia atzerri,
frantses eremuan faxistei ihesi,
etorkin mugaz handi edo hemendi,
kaleko saltzaile, lan zatarrak ogibide,
beharrak eta politikak egotziak,
norbaiten bizilagun, lan eta ogi gose
krisipean ez lan ez sos
gose eta ezinen isilgordean
atzerriko nahiz herriko
edonor daiteke gaur egun top-manta
Antzu
Ezina eskatzen zidaten
ezetzik ez neukanez
buruz gain zitzaidan bizitza
Ezinean egina
hutsaren berdina
Branka
Barrutasun beregitik
ez dator burua eskuratzerik
aurrera-soak dakar
norbera bere hobera
Patua
Gerlarion kausa zuntza eta funtsa
herriaren haragia eta odola
hilzorian galtzen edo metamorfosian
bera da maiteminduon patua
Euskararekin jaio ginen
bera da gure esperantza
Banintz
Ez naizena izan nintekeen
naizenaren damurik gabe
ai amestu hura banintz
Hitzak eta hotsak
Hitzak
garunek ehotako hizki dantzariak
Hotsak
kaskezurrean loratzen diren laboa eta joaldunak
Hitzak eta hotzak
nola janzten dira
gor eta itsuen burmuinetan
Artegilea
Arrandiaz loratzen ez den artea ez da artea
medio interesatuek egiten dute artea arrandiatsu
medioak ote gaur egungo artegileak
Galdagai
Gizarte sasidiko galdategian
bizitza gurpilean galdatutako
aurreko izadien molekula atomoen
azken karanbola gara
ezer gutxi balio duen jaiotza agiria
beste galdatze batean galdagai izateko
Hurbilean
Begiei so entzun
apal ernatu hitzak
barne pildar iritziak
hori da hur zaigun jendea
Erdibi
Oso ez denak
ezin ase
bi erdi denak
erdibituko
bat izan ezinez
erdi eta erdi izanen
adostea bera
bitan zatitzea
zeure buruarekin ados
zu zeu zara oso
ase ahal zara
osa ahal duzu
Bizipoz
Egin genuen promesa
inola ere ez deusa
baietz loratu egun batean
bizipozaren ametsa
Hariztia
Leku honetan laketzen naiz
ni handiko ingurua
haritza pagua baita ere pinua
Ni handiko ingurua
kaleak ditut pagadi
jendartea harizti
eskubideak pinudi
Uztaren usai sarkorra
eginez ez naiz ni lotsa
geroa ere emankorra
akuilu zait bizipoza
Ni apaleko itzal hurbila
ez nabil beste ezeren bila
datorrena etor dadila
bizitzaren gurpila
daukatenaz laket nabila
Buruzagia
Hala behar luke izan edozein buruzagik
ez ezer ezarriz, zuzenbidearen egarri
bake-oinarri
egia-zedarri
ABCD
Gizakion kontraesana
ABCD bitamina
osasungintzan dirutza
baina osasunari erasoa
nork gehiago kontamina
bai arima bai gorputza
Iñaki eta Martin
Ukondoz ukondo ikasgelan
geroak banatu zituen ezinbestean
ezagutuko nikek argazkietatik
ezagutuko ote berak ni?
hirurogei eta hiru urte geroz
ez dira aurkitu arrotz
sakon dituenak erroak
ez du lehorteak ihartuko
Geltokia
Beraneanteak ekarri, herritarrak garraiatu
geltokia zen nire herriko arnasleku .
Apeaderoa besterik ez da gaur
bizipozari egin bailio agur.
Herriak baditu biziaroak
trena bezala dator eta doa.
Jopu
Alanbre gainean zabuka
txerpolari gara bizitzan
bizitza gertakizunen ildoan
gertakizunak gizakien sehaska
gizakia lanaren menpe
lana ugazaben esku
ugazabak maileguen manuko
maileguak bankuei lotuta
bankuak estatuen biki
estatuak nazioartearen morroi
nazioartea kapitalaren legera
kapitala irabazien uharan
denok eta inor ez
herria beti esklabo
Asfaltotik
Espaloitik ibilaraztekoak batez ere,
hausteko eginak dira arauak,
nahiz autoek harrapatuko gaituzten.
Pauso askez bidea egin
bide-legeak berridatziz.
Bihar
Mundura negarrez
bizitza da udaberri
arnastu pozarren
bihar ere egunsenti.
Ekintzaile senez,
gorputzez lirain,
bizitza biziaz bizi.
12
Ortzi garbi
begi ezti
jalgi
ernai beti
inoiz loti
ametsak itxaropenen ogi
geroak zer dakarren nork daki
alai ekin
aitzina bidean bizi
gizakia ameslari
Etxarri
Gure herria Etxarri
bizipozaren zedarri
lasaitasunaren esperantzak
gintuen hona ekarri
Baseliza
Gertu baino urruntxo
zuhaitz lerdenak inguru-gune
baso-iratxoak bizilagun
txori sinfonien music-areto
ez erromaniko ez gotiko
ateburu lauz zaparro
santu-irudia zatarkote
auzolana eraikitzaile
ibiltarien aterpe
erromes-erromerien santutegi
lehen zirrien isileku
eskabideen ezinezko itxarote
nire herriko ermita
Baxatoxak
Julian
ekintzailea senez, eskulanetan abila,
adarjole umoretsu fina,
Amaña ezizenez, gorputzez liraina,
bere itzala gure artean dabila.
Banda
belarriz fina, ahotsa gozoa,
kide guztiz atsegina,
elkartean nahiz lagunekin
abestea laket zuen biziki.
Orma
ez zen pareta, ez izotza,
saminduekin bihozbera,
premiatsuen aterpea,
etsaientzat zorrotza.
Etxea
gaztetatik bihargin
gerora torlojugile
uneoro abertzale
etxezulo baino,
etxemin
Julian Bandaormaetxea
Plaentxian jaio
90 urterekin
plaentxiar hil
Branka
Urruna zein hurbila
mendez mende historia zurbila.
Bor-bor joan zaigu odola
besterik badiote ere
alferrik ez inola.
Zenbaitentzat mamu
ez gara odolbero
ezta eginaz ere damu.
Jaso dugu ahotsa
zintzotasunez diogu
ez gara garenaren lotsa.
Eskubideez egin dugu galde
arrazoizkoak arren
ez ditugu lortuko debalde
Bagoaz aurrera
elkartuta ahal dugu
orain dugu aukera
Esperantza
Bi ume zuhaitz adarretan tximino
debekuak hautsiz jolasean,
apaiz bat Francoren katepean
armaturik herriarekin matxino
Gizartea altxatu da oraingoan
gero askea dago erabakian
Behatza
Urteekin
kopeta baino
bihotza zait
zimurtu
Bakartia da heriotza
bakarrari dagokionez
bakarti egiten gaitu
nahiz izan guztiona
Atzamarrari so
jartzen gaituzte
ilargiaren ederrak
liluratu ez gaitzan
Beti da orain
Atzo da gaur
gaur zen bihar
bihar izanen atzo
orain da beti
Zubiak
Erraz eraisten dira zubiak
ze zail den berriz berregitea
Prosa
Harriari galdez ari gara
mailua hartzeko beldurrez
Txapel
Euskaldun xaloak txapela
aberatsek berriz sonbreirua
ai txalpedun txiro euskalduna
Argazki nostalgikoa tarte
txapeltxiki ginen euskaldunak
Elosegi agertu zen arte
Garaile oro txapeldun
zibilak, aldiz, txapeloker
txapeldun oro ote euskaldun
Txapel handi edo txikiek baino
euskarak egin gaitu
euskaldun peto gaurdaino
Batelari
Joaneko ibaia omen bizitza,
joanean doa naizen urlasterra,
noiz baretuko urak, noiz baratuko ontzia.
Batelarien bizipoz, bizipozaren batelari.
Lizarrak ureztatzen diraut,
zubi-oinak ferekatzen ditut,
urak ez dit sua itzali.
Xirriparen xuxurlaz naiz gozatzen.
Berazailago kailuak, minduago azaldurak,
neskei begiradak ez dira erromantikoak,
bizitza ez da erretzen nauen sua
Zertarako nago, zergatik iraun.
Badut ze eskuri heldu, badut bizipoz egarririk,
azken tantoez ase ahal dut bizinahia,
ispiluan islatzen zait zimurretako irribarrea.
Ez dut haitzetara jauzirik eginen.
Bizimin
Bizitakoaz txit oroimin
nola ahaztu Etxarri
bizimin
oraindik udaberri
Eibarren bizi gara orain