Poeten uharan
KOPIA EZ DIREN KOPIAK
Beti da igande bihotzean
zer axola nork zizelatu nauen
ekaitzak mututzen ditu erantzunak
neronez edo bestenez, baina bizi naiz
Beti da igande bihotzean
memoria: bizipen ehoak
oraina: hausnarketen amildegia
geroa: aldiz bizipoz, beti esperantza
Beti da igande bihotzean
galderak jakin-minaren zurrunbiloan
bidezidorren bila gandupean
periferian galduta
Hautsez lauso daude bizitzaren misterioak
hautsoi putz egitea da poesia
Bizi-puska lorratzei jarraiki darrai poetak
NAIZ
Ainendi
Banintz
maluren ifrentzu, utopien branka,
irribarre kutsakor, amets iturri,
bizipoz xirripa, bake hegalari,
mutuen hitz, zaurien ukendu,
egarrien oasi, goibelduen bozkario,
noraezen itsasargi, pena zurgatzaile …
Ainendi
Naizena naiz
eta kito
Gomutak amets
Zizak kukuka belardian,
oinutsik hondartzan oinatzak zigilatuz,
urtaroen xarma,
orbel musika hego-haizean,
elurra mara-mara.
Zurearekin trukatu nuen begirada iheskorra
istant batean
betitik betirako maite zintudala zioen.
Errazak dituzu poz zein atsekabe malkoak
inolaz dira buztin oinak
beraiei esker dirauzu arnasan.
Gizakiok ehotako anabasan
letrak bidelagun
zeharkatzen du gizarte labirintoa idazleak.
Artizarra kukutu da, eguzkia esnatu,
egun berri bat argitu zaizu.
Ebidentziak
Zigarro keaz gozatzera atera den zerbitzariak
mostradore ostera ez itzuli beharra du amets.
Iraun beharrak aterarazten du gauez
labezomorroa gordelekutik argiaren beldur.
Ez urkamendirik aipatu
haitz bertikalean atzamarretatik zintzilik
soka baten babesean ari den eskalatzaileari.
Zakila eta alua maitasunaren ikur bihurtzeraino
zabartu da gizartea.
Kalean lo dagitenak dira, agian,
amets gehien egiten dutenak, ez, baina, ameslarienak.
Mamu zital bezala amesten ditu sarri umeak gurasoak.
Bere barnean bilduz, bere buruari so,
kanpoari kiki dagienak betetzen du bizitzaren hustasuna.
Munduan galduago eta bakardade gordinagoan
utzi ohi du sarri poetak irakurlea.
Iratxo mezulariak
Gozagarria da liburu bat irakurtzea
gozagarria
maitale bat besarkatzea bezala
altxor gordailua irekitzea
hego-haizeak zorabiatu bazaitu ere
udaberriak negu badirau
nahiz kukua zeken atzeratu
gozagarria.
Itoaren arnas
gauez egun
larrian poz
asperrean arindura
liburua
edabe pizgarri
egunsenti argitsu
jakituria iturri
barnera xendra
Bizia darie apalategitik
udaberriko txori-kanta bailitz
Gozagarria delako
gozagarria
liburu bat irakurtzea
Begirada
Barnera so ez dauden begiek
ez dute garenaren begirada.
Begirada negutuak, udaberri irritsuak
ezezagun begirada sarri.
Garden nahiz lauso
garena gara begietan.
Erromako zubia
Lilura dakarte arratsak eta egunsentiak
gorri datozenean.
Dagigunari zukua ateratzeak damaio
laranja kolorea bizitzari.
Musker berdea eguzki epelean kamuflatuta,
neguari udaberriak darraio.
Itsas barea eta zohardia,
arrantzalearen berme urdina.
Oasia desertuko atseden,
hondartza horia herriaren bizipoz.
Anila letxadan eta lixiban,
antzinako detergente umila.
“Zutik emakumea” sona airean,
bela morea darama berdintasun ontziak.
Ortzadarra,
bizipozaren zazpi bidezidor.
Galderen errota
Sentsazio koktel bat naiz,
zer dago errealitate subjektibo horren bestaldean?.
Istant neurtezina izanik,
zer da denbora?.
Atomoa elektrizitatea besterik ez bada,
nolatan da trinkoa materia?.
Karanbola infinitu bateko bolatxoa naiz,
nola eta noiz lehen takada?.
Zergatik ez du ia inork gauzatzen
norbere buruaz beste egiteko eskubidea?.
Maitasuna,
kimika besterik ez?.
Ze udaberrik liluratuta edo ze neguri ihesi zihoan
gurpilak zapaldu duen beldarra?.
Ze ahopekoz limurtzen du pilotariak
hainbatgarrenean pilota errebotean jartzen dion aurkaria?.
Sinesten du Jaungoikoagan Erromako Miru Zuriak?.
Erantzunik gabeko galderak ehoz
ustezko errealitatea da
bizitza.
Errai minduak
Zulatuak ditut erraiak
ziztada mingarriz
sagar umotua harrak lez.
Beldar ernatu zaizkit
udazkeneko oroitzapenetan
udaberrian ereindako
amets koloretsuak.
Hardun sagarra naiz
inola ere ez ustela
zimurtua agian.
Kanporatuko ditut beldarrok
pinpilinpauxak
bihurtuko esperantzan.
Harmonia
Gaurik ilunenak ere
goiza dakar.
Zeru lainotsuaren goiti
eguzkiak darrai.
Nahiz munstroak oreka hautsi
harmoniak dirau.
Horregatik
gu
lasai bizi gara.
Distantzia
Dirua
duenaren talaia
behartsuaren zepoa.
Lurra
urrutitik oasi
gertutik desertu.
Denbora
iragana lauso
oraina zorrotz.
Aberats-pobre
urruti-hurbil
lehen-orain
aurkariak
orekaren dialektika.
Ikusmira
munduaren zedarri.
Hegazkinean
Geldi bailego, joanean
lumarik gabeko txoria
bizipoz-bizibeharrez umotuta.
Baratze bailitz baratz
beheiti lurra
geraezinen inurritegia.
Bare irudi ñir-ñir
goiti izartegia
elkar tira-errefus etengabea.
Bolatxo bat gara
besterik ez
bizitzaren erruletan.
Maite dut
Egunkari saltzailearen irribarrea
bere goizeko “egunon” bizigarria,
balkoiko txantxangorria
haurtzaroko bizipen gordailua.
Maite ditut
Sagarraren harra
naturaren misterioa,
ezinak
mugen zedarri.
Maite ditut
Han aurreko tontor zorrotza
begiradaren luzapen zabalera,
ordulari zaharraren hots fina
arbasoen taupaden oihartzuna.
Maite ditut
Mugikorrari atxikitako satelitea
hari ikusezinez darabilgun kometa.
Maite dut
bizitza.
Arima zimurtuak
Ezereztxo bat gara
jaiotzatik
ezereztxoa
besterik diona ere.
Mozorrotuz goaz
adinean arraunlari
inauterietan bezala
ispiluan norbera ordez
beste norbait ikusi amets.
Joanak azkenik
“urdindu
amatatu
baztertu
mututu
ukatu
suntsitu”
egiten gaitu.
Desertu bihurtzen gara
nahiz jabetu ez.
Edo bai.
Arima zimurtuak besterik ez
sasi liturgia taularatzen dugu
Heriok oihala noiz beheitiko.
Halaz ere
antzerki ederra da
bizitza.
Halaz ere.
Urtaroak
Neguko errainua
bizipoz kilima
geroa esperoan
Garena gara
Udaberri loratua
bizi emari
uztaren lilura.
Garena izanen
Uda umatua
itxaropen ernari
ukanaren gordailu
Garena dugu
Udazken umotua
geroaren biltegi
amets eragile
Garenak dirauko
Gu geu
besterik ez
Denbora
Muturrik ez du
pitzadurarik ere
bizitza
infinitua
istant neurtezina.
Luzeegi laburregi
ezaren irudipenak beti;
sigi-saga lerrotan
jarritako zedarriak berriz,
infinituari mugak.
Halabeharrezko erabakiak,
aukeramenaren utopiak;
denboraren ustezko ertzak,
ezdenaren zenbaki mugatuak.
Ez ginenak gara
zirenak dira
infinituaren finituak denak
izatearen ezerezak.
Ez izateko jaioak,
izanak izateko,
izendun ezizanak.
Hori da gure denbora
bizitza deitzen dioguna.
Dakidana
Amaraun infinituan
katigatutako eltxoa
hori naiz.
Nork nor noren nori
zer zergatik zertarako
non nongo nora
noiz noizko noizarte
Erantzunik ez dut
Txori-kanta kabi bihurtzen dela
maitaleen begirada beti dela udaberri
Hori dakit
Ezlekutik
Hegaz egin dut etxerakoa
norena den ez dakizkidan lur-gainetik,
begirada beheitituz
nirea den zerbaiten bila.
Herriak
lurlanduak
mendiak
errepideak
batez ere herrikideak
dena bere leku eta ordenan
aurkitzeko amets.
Oso eroso sentitu naiz une batez
etxera noan sentsazioz
neure baitan
neureganago bezala.
Autobusa hartu dut
geurera bidean
puzzle baten osagai
harmonia bizi dut.
Zabaldiak
Lur zabalak gustatzen zaizkit
zabalagoak heinean
barnerakoiagoak izaki.
Zeru-marra beste mugarik ez duten
ordoki goilautada zelai
itsaso desertu mendilerro
zein hiri-teilatu paisaia.
Nire barne meharrari
dimentsio berria
damaiotenak
amets hauspoa
garun presoei.
Esparru zabalak maite ditut
aterik jarri ezin zaizkien zabaldiak.
Arnaldo I
Eskubide galdagin
armarik gabe
Arnaldo
armatu nabarrek
eraman zuten
kartzelara
bake-lurra goldatzeagatik
Arnaldo
Arnaldo II
Utzi zuten libre
kondena osoa konpliarazita
Arnaldo
Irribarrea zekarkigun
hazi emankor
Arnaldo
Uzta ordua, zioen
Arnaldo
Ifrentzua
Itxurak itxura,
barnera bidaietan
damua
lotsa
ezina
pena
gabezia
beldurra
…
bizipenak ditut usu.
Kanpolarrosa sentitzen naiz.
Gizakia
bi aldeko txanpona.
Zerua urdin
Kalearteko Dedalo
errari nabil jendartean
negua bihotzean, begiak laiotz.
Hegada urdina airean
Ortzadarra marraztuko dut
bizipozera zubi.
Nia
Bakarzale naiz
inola ere bakarti
barnera migrari
baina ez noraez
Neronen bila
ez ihesi
besteak zaizkit oasi
giza desertu honetan
Neure baitan libre
lagunez naiz nor
zeu izan nahi dut
horrek egiten nau ni
Iratxoak
Bizibeharra
ekinbideen sutegi,
bizinahia
ametsen ingude,
bizi-mina
utopien emagin,
bizipoza
iratxoen udaberri.
Bizitza irri-izartegia bagenegi
gu geu ginateke iratxo amestua
.
Elkano
Itzulbiderik gabeko joanean
egin dut mundualdia
arribadan naiz jadanik
irteerako badiatik urrun.
Mastako bela arrakalatuta
toletak hautsita
denbora ihesi
Azken portuko bokalean
noiz ainguratuko zain
Ni.
ZARA
Iraupen
Ugalketa
bizitza jarioan
Har-emea
biko imandua
Sexu-ariketa
binomio loratua
Orgasmoa
naturaren lakioa
Masturbazioa
ezinaren ahala
Niak
Amets-irritsak
nia lo
irudimena bor-bor
plazerez urri
Esna-fantasiak
nia udaberri
odola loran
plazer aseezin.
Bikote bildua
nia bikoitz
irrika-erreka
plazera zeru.
Belaontziak
Bare edo ekaitz
gizartea zaigu itsaso
karanbola kosmikoak
marinel bihurtu gintuenetik.
Erruta ziurrik gabe
azken portua ezezagun
arribadak ez du egunik.
Bela haizera egokitzean datza
lemazainaren trebezia
Belaontzi gara
Herri I
Bizi gara
bizi garelako pozik
bizi egarriz bizipoz
Herri egin gara
herri
garen eta dagokigun
herri.
Herri II
Txistua eta panderoa
alboka eta dultzaina
eskusoinu eta aho-soinua
irrintzia zentzuen oihanean
Suak piztu genituen gailurretan
txalaparta jo ataurretan
trikiti aurreskuak dantzatu ere
Baserriz maldak, errota olak erreketan
lana eta jana omen gureak
Pirinioetako herri galdua ginen.
Antzara
Bidaia on antzar
Lur goldatu, adar zoztu, belardi arreak
itsas berde, txori kabi, loredi koloretsu
aurkituko dituzu itzuleran
bizizaleago gure soa ere.
Naturaren jaia
Konponezin darraigun arren.
Putakeria
Mezu urdina dakarte elaiek
berde erditu da basoa
txirrinduek loratu dute asfaltoa
bizitzaren emagin urtaroa.
Mapez harago errari
bizitzaren bidegurutzetan
bizipozaren autopista non
gizakia
neguan bezain biluzik eguzkitan
lagunarteko bakardadean
Bizitza putakeria ote galdetuz.
Ilargi ohoin
Ilargia lapurtu nahi zuen
baina garun mataza labainkorrean
pentsamenduak korapilaturik
eskuak txirikordatu zitzaizkion.
Gure herri hau
Arima orbainez
oroimena zauriz
bizipenak minduta
Amildegi gainean funanbulu
malkar-ertz labaineko ibilietan
piztiak zain betortzak odol-gose
Izanaz harro
denaz fidakor
geroari so
Gure herri hau.
Nor zorion
Zorionekoa barnean tximeleta dabilkiona
mundua koloreztatuko duelako
Zorionekoa eskuburdinez lotu dutena
herria askatuko duelako.
Zorionekoa ezina onartzeko gai dena
ahala ereingo duelako.
Zoriona enarei begiratzen dakiena
hegan ikasiko duelako.
Zorionekoa …
Tasunak
Hemen nagoela dakit
besteak hor daudela ere dakit
zentzua damaiote besteek naizenari
Ni kontzienteak nitasuna damait
nitasun konpartituak gutasuna deragi
Ni-Gu tasunak dira aberria.
Denbora
Eterno oro istant bat da
istant oro eterno
betirako da izana oro
existitu bada
Existitzen ote denbora?
ala fikzioa da?
Koska
Zatoz
baina hor zaude?
nire zentzumenetan soilik agian.
Hemen nago
nire sentimenean soilik agian
edo zure irudimenean.
Existitzen ez diren bi existentzia gara
agian
ez gaude
ez hor
ez hemen
bi errealitate irreal gara.
Izan edo ustez izan
hor datza koska.
Erasoa
Bizia deitzen zaion minak
eraso zuen ahoan
totel eta lepoker utziz.
Ez zen errenditu
Bizi da
Esku-sarta
Zer du maitasunetik txortak
ez ote plazer-egarri egoista
maitale subliminal bihurtzen bagaitu ere
Aktoreei eskaini txalo zaparrada
besterik ez da
sexu-emanaldi ondoko dar-dar agonikoa
Behar luke
Haurdun behar luke beti
arrailduta arren gizakiak
arrakala bakoitzetik
lore bat erditzeko gai
Azukrerik gabeko kafearen
zapore mingotsa ahosabaian
begi irribarretsuko bidaiaria
behar luke izan gizakiak
Zodiako osoa zeharkatuz sakona
itsasertzerainoko zabala
behar luke gizakiaren begiradak
bizitzako izartegi-itsasoan
Behar luke
gizakiak
Bidelaguna
Zorionekoa liburua maitale duena,
opor-egun bihurtuko zaio-eta
urtaro oro.
100 metro
Bizikletaz bera lanera
oinez ni albo
solasean biok goizeko agurrean
Ordu laurden besterik ez
abisua
larritasuna zerion
Kamioi-atoi madarikatua
Ospitalean aurkitu nuen
hil-hurren
begiak neuk itxi nizkion
Saminki mutu diraute orain
solaseko ehun metroak.
Maitaleak
Izar dirdaitsu zer besterik dira
maitaleak
maindire arteko unibertsoan.
Talaia
Aurreko teilatu ertza horizonte
lixiba kulunkaria ikuskizun
auto presatien sinfonia kakofonikoa
joan-etorriko jendearen xafla erakusleihoetan
txori baten hegazkada zeru tarte estuan
Kalea zaio mapamundia
errezeleko zirrikitutik
bakardade gorriko talaialariari.
Nor bera
Zarpail zein handiki mozorroz
orin orban orbainez tatuatuta
ezkata zurrunak babes gizakia
neu naiz
zeu zara
biluztuz
askeago
gara.
Kale gorrian
Izar lokez itsu noraez ilunean
ipar-izarra non marinelak gara
erruta zuzentzeko esperantzan
Zu eta denok
Errazagoa da bizitza
zu eta biok
biok eta gu
gu eta denok
elkartasunean
bizipozez
batel berean
norabidea jakinean
arraunlari
jokatuz gero.
Eraztun hegalaria
Urdin gozo amesgarri
esnatu da eguna
zigarroa piztu dut
biziguraren txingar goria
marko borobila marraztu dute
ezpain bilduek kiribilka
zure irudia nekusan
zirgilo hegalarien erdian
ezabatu da kea urdinerantz
zuk, baina, hor dirauzu irrikaz.
GARA
Denbora
Eternoa da
itxarote laburrena,
liparra, aldiz,
plazer luzeena
Zer ote denbora?.
Harea-erlojua
Eskukada harea oparitu zidaten
bidaia egunsentian
kristalezko onil kraskaerrazean
ilunsentian nago orain
azken aletxoa noiz iragazi zain.
Lainoez harago
Arrantzale semea zen
ikasgaien desertuan oasi
gau zohardien barna
hark egin gintuen ameslari
Orga Nagusian bidaiari
zodiako labirintuan zehar
misterio eta bizipozez
murgiltzen naiz orain
Beti dago izar bat
laino guztien gainetik
Mugarria
Ahazmen lurraldean jada,
bizipenak ehoz
burutapen sarea ehuntzen du
adin pisukoak
Laster
ez daki noiz
desagertuko delako
Ez du nahi gerorako kopiarik
gogoeten gorulari izatea soilik
arbel ezabatua bihur ez dadin
oroimena mugarri
ahanztura zaiolako herio
Bidean
Jarri egin ninduten bidean
autobus edo zidorrez
mantso nahiz lasterrean
bidelagun zein bakarti
pisu ala arin motxila
ibili geldiezinean beti
non dago amaiera
zer da gailurra
ez dakit.
Baina gailurra
talaia paregabea da beti
Adinaroak
Jaiotzear
zuri gorri berdetuz landa
Haurtzaroa
kukua habiatik egotzia
Nerabezaroa
doinu arrotzean txioka
Gaztaroa
kaiolatua
Helduaroa
mehatxupeko pioka
Zahartzaroa
xaramel behartua
Hilaur
txorikumeak esperantza
Chiao
Jubilatu zenean
lasaitasuna opari
inolako desosegurik gabe
zoriontsu izateko libre
lohiak kendu beharrik ere ez
transgresioetarako gai oraindik
bizitzari adio esaten hasi zitzaion
bizitza eta heriotza
lagun zahar gisa agurtuz
biak ala biak anaia bikiak izaki
oraindik hiltzeko asmorik gabe
egunerokoan jarraitu zuen.
Hitzak
Ezpainetan irristatuz
garun kiribiletan lotsor
hitzak
burutapenak ehoz
bizipen garatuen
euskarri
lupeztuak zein gardenak
izar zein galbide
ispilu
presoen kate
txorien hego
arnas
Hitza
Zu zeu
Azken doinuaren erritmora
biziaren pauso txikiz
jomugaraino dantzatzeko gai
zu zeu zara oraindik
Brecht
Ez dago libre dagoen bizikletarik
gure bila dabiltza
ez dugu ihes egin nahi
klandestinitatea dugu aterpe
baina azala arrakalatuta arren
egarri den lurraren ura gara
hemen egon nahi dugu
bertan eta bertako hilko gara
irabazi egiten dira eskubideak
profeta izan zen Brecht
Bizitza I
Hondarrean dagoela daki
pitzatu zaio bizitza
baina ez zaio hauts bihurtu
ez da galtzaile sentitzen
betiko joango ez delako
arrastorik uzten ez badu ere
eternoa baita bizitza
Harea-erlojua
Goialdeko aukeren infinitutik
izandakoen multzora
meharguneko
istant
hori soilik da
bizia deitzen dioguna
betirako geroan iraungo duena
Zoriona non
Auskalo noiz
izar bat piztu zen geroz
milioika izar
jaio hiltzen dira
izartegia konstelazioak
zulo-beltzak nobak
eguzkiak planetak ilargiak
kometak asteroideak
erakarri errefus
elkarren birako orekan
eta hor
deneko eta inongo
ekar erasoz
gizakia
zorion bila.
Zirimiria
Hortentsia
lehorrez zimeltzear
biziberritu egin zen
zirimiriaren ferekaz.
Irribarrea
Zure irribarreak
argitu zuen
goibel zetorren eguna
Gomutez honantz
Txakurrak usaintzen ninduen zehatzen
hil egin zen,
aire-uhina besterik ez da
nire ahotsa,
estutu ditudan esku guzti horiek
non ote.
Biotako batek dirauen bitartean
biok diraugu
hori da gure eternitatea
zertarako luzeago bat.
Zorriona
Bala-zorroetan
Bakea
anonimoen esku
geroa
lorez kateatuta
aske
morrontza boluntarioa
opari.
Eta gu
betikoan
zorriontsu
Anonimoak ilargipean
Ilargi beteko gau zohardia
goi-mendiko bakardade liluragarrian
giza zilueta bat dakusat niganantz
Alboz albo oles diogu elkarri
hitz sarean elkartzen gaitu diosalak
gautxori ezezagunen arteko xarmaz
Zigarroa damaiot sua damait
bi aurpegi anonimo
pospolo argira
gau sorginduko solas magikoan
RAM
Giza giga antzutuak
zahartzaroaren ordaina.
Ordenagailuak
erditu dezake
edonoiz
byte ernaldu oro.
PC
giza memoriaren
ordezkoa
Hori ere
bizitza
da
Finito
Lurrindu dira misterioak
ez da jada iratxorik
agur tximeleta koloretsuak
Amets irudikatuak
mundu asmatuak
horiek geratzen zaizkit