Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/17 08:43
Lauhazka

LAUHAZKA

 

 

1

 

ZALDIA

 

Gauza sinestezinak errealak dira gaur egun Euskal Herrian.

Errealitatea eta irudimena nahastea ez da epika arazoa,

gezurra egiatzat baliatzeko teknika politikoa baizik.

 

Hasi da beste Troia gerra bat,

gerrari berrekin zaio,

jaio dira Ulises berriak,

eta  ez da Homerorik ere faltako.

 

 

Zaldiaren sabela

Lauhazka da berriro zaldia,

ez dakigu nork eta non zabalduko dion sabela,

baina eskurik faltako ez denik bai badakigu.

 

 

 

2

 

ITSUA

 

Hondamena amarauntzen duten jainkotxo asko dugu gaur egun euskaldunok,

kantoreak, aldiz, jainkotxoon kantoreak dira gehienak.

 

 

Itsua ate joka

Joko dio herri honi atea itsuren batek

egunotako historia luze eta gordina kontatzeko,

gertatu gabekoak kantatuz

nahiz gertatuak ezagutu,

eta hezur haragiak zaizkigunak

gezurrak, asmatuak, zirela usteko dute entzuleek,

egia zela onartzeko baino lotsatuago.

 

 

Epikaren dardarizoa

Irrintziz bilduta

doa rapsoda bidez-bide

ahotsa entzunen zaion arte.

 

 

Loreak eta lantuak

Jarri ginen mahai batetan

Priamo eta Akiles,

bizitzak berdinduta,

“minari buruz elkarri

mirespen eta erruki”,

- hala uste kokolo guk-,

senidetu gabe altxa gara,

eskuetatik ihes egin digu

berdintzen gintuen adurrak.

 

 

Eta zer da Itaka

Itsaso haserreak,

ondinen abestiak,

bidaiako nekeak,

eraman zailak zaizkigu,

errutari begiak tinko,

askatasuna, bakoitzaren duintasuna,

horiek dira euskaldunon Itaka.

 

 

Kantu eder eta hilezkorra

Politikoak eta medioak dira gaur egungo poeta iruzurtiak,

izanen ote noizbait egia esanen duen Homerorik,

hainbeste gezurrek itxaropen hori ere lapurtu baitigute.

 

 

Bozkarioa zamalkatuz

Bozkarioan tematzen da herri hau,

egurrezko zaldia soilik aurkituko ote

Itakara heltzean ere?.

 

 

Labirintuan ibiltari

Minotauroak beti zain

labirintuaren ertz eta bihurgunetan,

banatuta elkartuta baino sarriago,

zauriak zein biolin sokaz josiko,

bihar hori nola birsortuko, …

hari horietaz doa ehuntzen

euskaldunon biharamuneko sinesmena.

 

 

 

3

 

EPIKA

 

Beti dugu akuilu maitasunen bat,

maitasun bat ihartzean beste bat doa berdetzen,

hil eta berpiztu, bizitzako erritmoa,

beti gaude bizirik, beti dugulako maitasunen bat.

 

 

Hautskarrietan

Denboraren esklabo bizi gara,

gezurrezko kronometroari lotuta,

setioak eta egunak  enbor bereko direlakoan

mamira gabe,

zirkuluak hutsunea arnastera eramaten gaituzte

 

 

Egin dezagun zaldi bat

Sinetsi behar dugu arkaren batez,

baina baita

kanpoan badela beste inor ere.

 

 

Doitu begiak

Ireki ahala ixten dizkigute leihoak,

zabaldu eta itxi,

oso luze doa bidea,

zein den dakigun arren.

 

 

Hozmin

Ez dakigun egunsentian

herri labirintu kiribilduan

eguzki jaio berriari so.

 

 

Dantza eta hauspo

Duela urte batzuk esnatu naiz

amestu herriaren bihotzean.

 

 

Izkiriatzen

Mailua, ogia, eta iskilua dute gure eskuek,

iltzea labea eta soldadua duten ezpainen bila gabiltza,

elkartasunezko herri txiki bat sortarazteko,

epika bat izkiriatzen ari gara

Odisea batetan gauzatuko den esperantzan.

 

 

 

4

 

UBERAN

 

Leviatan jainkotuek ekaiztu dute Kantauri sakon urdindua

 

 

Baleak gogoan

Dardara zimurrean dator barku itxurako arima

bidera aurreko balantzaka urdurian,

Leviathanen bat olatuen sakonetik agertuko beldur,

herdoila kentzeko ahaleginean,

balea desagertuko ez zaion  itxaropenez.

 

 

Aingura askatua

Urrats biluzietan, ez iltze ez mailu,

aingurak askatzen dizkion oasia zaio

bidaiariari ibilia bizitzako desertuan

 

 

Geure buruan sustraiturik

Euskaldunok badugu motibo franko

baleontzia hondoratzeko

nagusi salduen  ahalegin ordu honetan,

apar artean  egurrezko hankari eutsiz,

garroa arpoi bihurtzeko.

 

 

“ Cada dia i per senper”

Engranaje baten zatiki,

itsaso zabaleko ur tanta,

belartza ederreko belar izpi,

izatea zait zirraragarria:

hor nago,

ez naiz asmakizun bat izanen.

 

 

Perdido

Perdido, eibartarrena ez ezik,

beste askoren mito.

Hor bertan dugu guk

baina bere barrenean geratzen gatzaio,

nahikoa zaigu bidaltzen digun

errekaren zurrumurruaren sona.

 

 

Pirinioak

Itsaso uhintsua antzo mendiak,

tontorrak bata bestearen atzean,

korapilo berean lotuta,

batak bestea jarraiki,

denak berdinak baina bakoitza bera,

ataritik begiratuz, mendien sinfonia da

Pirinioetako musika emanaldia.

 

 

Mundua bide

Bidaiatzea

arnas luzeko

murgilketa

 

 

Donostia

Donostia

asmatua baina erreala,

batzuen ametsa

zenbaitzuen arantza

 

 

 

5

 

HARAGIZKO ZALDIA

 

Urteek otzandu naute, “nire betiko badian / ez da bakarrik harria / betiko mudatu dena”.

 

Egunekoari  ihesa da asmatzea, dugunari heldu, horrekin nahiko dugu.

 

Medioena da gaur egun egia bakarra. Baina norberaren egiari eustea da egi ofizialean ez itotzeko  salbabide bakarra.

 

 

Zaldi hau

Sufrimendutan garestia zaigu

harrizko zaldi hau.

Herria naiz ni orain bertan ere,

zaldiak sabelean mila ukazio baditu ere,

hitzez defendatzea ezinezkoa egin badidate ere,

labela garesti ordaintzen badut ere,

betiko jauntxoek negozio bihurtu badute ere,

zaldunek berri batez ordezkatzeko hilzorian jarri badute ere.

Harrizko zaldi honentzako maitasuna lapurtzen didatenean,

orduan bai, zaldia akabatu ez ezik neu ere hil naute.

 

 

“Laur-oiñka”

Korapilatsua da zaldiaren collagea

denok gara beraren zati

esan gabe esan ahaleginean.

“laur-oiñka”, “irrintzika” dabilen

eta maneiatzen den zaldia,

zut jalgitzen den zuhaitza,

hori nahi dugu izan

lur puska hau geurea baita.

 

 

Zaldizidak

Gutako asko, zoritxarrez,

ausartu da eta ausartzen ari da,

interesa arrazoi eta politika medio,

zaldi hau akabatzen.

 

 

 

6

 

HERIOTZA TROSTAN

 

Gustukoa dut ia jende dena, baina bakardade zalea naiz.

Garestia dut barrea, agian lagunarte gutxi dudalako.

 

Ahaztura,

zahartzaroari azkarregi heltzen zaion aroa.

 

 

Harria ulertu

Harriarekin malda berdintzen saiatu gara,

harriarekin hitz egiten ere,

baita harria ulertzen ere,

baina berriro harria eramatera kondenatu gaituzte.

 

 

Isiltasunaren beste aldean

Bizitzako zirrikituen atzealdean

musu eman genion elkarri,

eguneroko zertzeladen beste aldean

musu ematen diogu elkarri,

geroaren pleguen atzean

musu ematen jarraituko dugu elkarri,

isiltasunaren beste aldean etzaten gareneino

 

 

Beraienak gara

Bizitza ala heriotza?.

Oiloa ala arrautza?. 

Ze inporta.

Bizi gara, eta kitto!.

 

 

Nahi duenean

Heriotza etorriko da,

mozorroturik,

ze inporta!.

bizitzari zor diogun

bidesaria baita.

 

 

Izan ez izan

Beti izan beharra, zergatik?.

Heriotza da beste aukera,

fisikoa, politikoa, kulturala,

dela gizakiarena, dela gizartekoa,

dena da hil ala bizikoa,

bizitze oro berritzea baita,

heriotza bezala.

 

 

Kontraesanen harira

Hiltzen gaituztenek

bizitza aukeratzeko

aholkatzen digute.

 

 

Buruaz lepo

Batzuetan gertatzen zait,

nekatu egiten naizela gizaki izateaz,

tresneriak gaina hartzen didanean,

zereginetan itota sentitzean,

kideak edo neuk espero bezala ez erantzutean,

asmoen gurdia lokatzatan mugiezin gelditzen zaidanean,

adina Sisiforen zama bihurtzen zaidanean,

batez ere gizartea zaidanean Sisiforen zama,

gertatzen da bai,

oraindik mundu honetan

ze demontre egiten duzun

zure buruari galdetzen diozula.

 

 

Min da haragia

Bide egin nahi dut itsaso honetan,

trostan egin nahi dut zaldiak bezala,

bideari amore eman gabe.

 

 

Heriomin

Zahartzaroko ajeak dira

adineko zaldiaren sabelean

egiten ditugun hausnarketak.

 

 

 

7

 

BIDEA EGIN

 

Errealitatea konkistatu eta ametsa galdu,

gizarte eta gizakiaren aukera tragikoa

 

 

Letrak eta hutsuneak

Sarri galtzen dut fedea

hitzak eta hutsuneak berdintze ahaleginean,

askotan erabaki dut

baldintzarik gabeko askatasuna ematea hitzei eta hizkiei,

baina, hitzek eta hizkiek, ni neu egin naute meneko,

eta ordenagailura lotuta naukate esklabo.

 

 

Hudud, erlojua eta tenpoa

Hur nabari dut hudud muga sakratua,

nire tenpoa jada denborarik eza da,

nire desertuko hareak azken hondarrak besterik ez dira,

hareazko erlojuko espazio mehea zeharkatzen.

Ez dut izan hitz debekaturik nire basamortuan,

nire basamortua ez da izan desterrua.

Begiratu dituk begiratu beharrekoak,

laster kosmosa izanen da

nire sorterri eta deserri tenpo berean,

izkiriatu ditut hainbat izen tenpoaren ildasketan,

ezabatu zaio jada debekuaren zigilua nire hudud-ari. 

 

 

Dena darama argindarrak

Hariz biltzerik ere ez dute behar jada hitzek

hegan egiteko,

baina argindarraren esklabo darraite. 

 

 

Itsuaren alfabetoa

Barne alfabetoaren ahanzturak

egiten gaitu hain itsu.

 

 

Kabitu ezinik denok

Istant  bat bezala joan ohi dira egunak,

asmatu nahi dugu kabituko garen atseden tokia

baina denak joan diren leku bera izanen da

 

 

 

8

 

ITAKA

 

Eta haragia egin zen

Ama hustu zen ez dakit ze ordutan,

eta haragi egin zen hirugarrenez Mispillibar gure etxea,

duela 74 urte.

 

Bizi-minez begiak,

kantu zitzaien nire negarra,

gaur 74 urte.

 

Maitasun hariaz bildu ninduten,

maitasun hariaz biltzen joan naiz

74 urtez.

 

Azken oihua

Taupagailua makulu,

bihortzak tak-tak hor dirau,

74 urtez.

 

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.