Poeten uharan
KATEEZ HARAGO
Harrotasunez umil,
utzi diguten bideari jarrai,
pausoz pauso,
izuen gaindi
KATEATUAK
Datozela
Bila dabiltza:
lagunartean,
gaitezen alai.
Badatoz:
etsaiarekin
gaitezen
azeri.
Hemen dira:
izan garena da
gure hesia,
izan gura duguna da
gure berokia.
Makila-dantza:
irrintzia gure arma,
txalaparta gure arnasa.
Barealdia:
itzuliko dira,
baina jadanik
diraugula. dakigu
Errautsetatik
San Juan-su batetan
erreko dugu
diktadura demokratiko hau
eta errautsetatik erneko da
saminez ereindako hazia.
Argia
Dena dela egia
dena dela gezurra
onartzean
eginen da argia.
Atseden
Bakea eskatuz jaio ginen,
bakea eskatuz hilko,
ondorengoek izanen ahal atseden.
Noiz etxeratuko
Etxean
etxeratu ezineko egunak
dira gureak
noiz etxeratu ahal
irrikaz.
Beti da etzi
Giltza ez da arazoa,
ezta giltza non ere;
datorren egunaren ostean
itzuliko omen
gure oraina
beti zen etzi beraientzat;
silikona izan dute azken erantzuna.
Baina sarrailak dirauko
giltza eskuratuko.
Ahotsgoran
Eskubideek euren buruez egin dute jadanik,
ispiluek puskatu dituzte jada eskubideak,
ez digute hitz egiten ere uzten,
ez digu inork entzun ere nahi.
Baina herri hau ez da isilduko.
Erantzuna
Eskubideak aldarrikatuz erantzungo diegu
erreinutik datozen hitz pozonduei,
bizia loratuz tronuari darion pozoi hilgarriari.
Bizipoza izanen da gure kedarra.
Hitzari beldur
Herriaren hitzari diote beldur,
horregatik isilarazi nahi gaituzte,
berba puta higatuen zalapartaz.
Geurenez
Heldu da
bidea
geurenez soilik
egiteko tenorea
Bide malkorretan
Euskal Herria dugu izena,
etorkin gara geure herrian,
etorkin oro lez bortxatuak,
izana eta izena ez ezik,
geroa bera ere ukatua,
bide malkarretara bultzatuak.
Herri zaildua gara, baina,
ez dugu ukapenaren zuloan
buruaz beste egingo.
Eleka
Hitzak usteldu diren arren
ez gara isilduko.
Poeta
Nor nori noiz,
nork jakin sarri
zertaz ari den poeta.
Otzara gainetik
Parke bakoitzean otzara bat
otzara bakoitzean zut
oihuka jarraitu beharko dugu
politikoen zeru zaratatsua
demokrazia tontorreko otzaratik
espaloiko hankamotzon lerroetara
makurrarazi arte.
Agian egun batez
Esperoaren lanbroan galdutako
urte bete gutun horiek
noiz nork zabalduko,
ni zara,
agian egun batez ikusiko gara.
Gaindi
Sarriegi
politikoek bezala
beraientzat soilik
hitz egiten dute
poetek
herri ulermenaren gaindi.
Hautsitako aulkiak
Gu geu,
lurpebideetan,
aldiz autoan,
aldiz espaloian,
gu geu ere.
KATE MOTZEAN
1
Ez da egiarik,
egia orori dario
gezur-pipia.
2
Lanbidea
izen edo abizen zen garaietan
jaio nintzen ni
3
Telefonoa Posta elektronikoa Telebista Internet Irratia …
hitzez jantzi dugu bakardade biluzia
isiltasunak izututa
4
Errepideak hil zuen nire aita
bikeak irentsi zituen
gaur ditudan galderak
5
Amama Manuela
seminarioko urrunaldiek
lapurtu zidaten altxorra
6
Nork bere hesia
bakoitza bestearen bestaldean
bitxilore norberaren lorategian
baratza emankor eta
zubigintza oparoen garaietan
7
Arrakalatu zaizkit orpo gazte haiek
baina ibilian diraute
tarteka odoletan tatarrez aldika
amestu ez nituen lubakietan
itxaropena oraindik mastan txistuka
8
Hanketako hatzei ere
begiratu beharko lieke
poetak
9
Oroipeneko irauteak ematen dio neurria
maitasunari
hilaurrean ere gogoratzen dugun maitasuna da
“bizitzako maitasuna”.
10
Bizitza osoa da
zaindu gabeko lorategia
beti gaude alde egiten
beti dugu otalore berri bat
burmuina kilikatzen.
11
Hatz bakoitzean eraztun bat
edo zenbaitetan bi
daraman neska
buruz behera ezkondua ote
12
Aurrez begiratuz soilik
eman ahal zaio atzea
heriotzari
13
Ginenari baino geroari adiago
herri emankorrago bat amets
ez dugu inola ere utziko
arriskutsua bihurtu diguten herri hau
14
Gaztetxo jabetu nintzen gai nintzela
neronez aljebrako X-ei bere balorea emateko
edo latinezko egitura zailenetako osagai bakoitza
bere lekuan jartzeko
baina jabetze teorikoa izan zen
lehen bezain ezjakin jarraitu nuen
eguneroko korapiloetan
15
Ispilua nahi nuke izan
naizen bezalakoa ikusteko
baita besteei errealitatea
den bezalakoa azaltzeko
beharko ez litzakeena ere
iragazten baitu kristalak.
16
Tiro egin behar da hemen
zauriak eragin behar dira
poema bera bala bihurtuz
hitza labana zorrotz erabiliz.
17
Jauzi oro galaraziz
odolustu nahi dute belarra
kartzeletan
KATEAK HERDOILTZEN DIRENEAN
Buruaz
Ez naiz sekula burubako izan,
ez naiz ere burubero, baina,
ahaleginak ahalegin,
buruak abandonatzen nau jada,
sasoiko fruitua, urtaroez harago.
Argazkiari zorrik ez
Inolako ezerekiko zorrik gabe,
ni neu naiz jada,
argazki zahar zaharkitua.
Hirukoitz
Ez dut behar urtaro berririk,
emari franko ekarri dit bizitzak,
ez naiz alderrai izan neure herrian.
Emari franko ekarri dit bizitzak,
ez naiz alderrai izan neure herrian,
ez dut behar urtaro berririk.
Ez naiz alderrai izan neure herrian,
ez dute behar urtaro berririk,
emari franko ekarri dit bizitzak.
Belaun
Korapilatsua izan du, du, izanen du
biziraupena edozein urtaroan
belauniko ez den belaunaldiak.
Hitzez harago
Ametsoker itogarria besterik ez da
ezagutu dugun demokrazia,
demandaz kokoteraino,
errotik erauztea beste irtenbiderik
ez digu eskaini gaurdaino,
horrek behar du azken hitza,
independentziaz harago.
Etsipenez
Etsi dudalako nator
etzi iraultzaz
ezinbestean tiroka
berriro saiatu asmoz.
Urazalean
Paperezko ontzi errekastoan,
harri arteko burbuilen gaindi,
korrontera berriro
azaleratzen jakitean datza
auhenaren sinesgarritasuna.
Duintasunez
Urteen azken mugan,
oroitzapenen altzoan,
duintasunez amaitzea,
hori da eskatzen duena.
Pistola opari
Beraz, ilobari
pistola eskatu dio
urtegunean.
Erabakia
Eta ilobak
eskuak atzean dituela
dakarten gizon hori bezala
duintasunagatik hiltzea
merezi duela erabaki du.
Politikoa
Botere-adiktoa,
poteremanoa,
hori da, besterik ez,
politikoa.
Lau urtetik behin,
monoak jotzen duenean,
edozer eginen du
beste lau urterako dosia lortzeko.
Azkenez, baina,
gaindosi batek hiltzen du,
edo hiesak total ahulduko.
Bekozkoz
Bekokilun:
azkar azkar doa zure bizitza,
antzu antzu zure egunak.
Eskerron
Ezkerronaren bila bizi denak
ez du lauko ogirik laberatuko.
Ordaina
Poltsikoan zaharkitzen utzi nituen eskuak,
eta bizkarra berotu zidaten makilakadaz.
Zorion urkaezina
Beti daramagu geroa altzoan,
uneoro gaude etorkizuna erditzen.
Bakar eta zigortuta utzi gaituzte,
baina ez diogu izanen garenari
fideltasunik ukatuko.
Egunago
Adin batera ezkero,
urteak non pilatu ia ez,
beste ezer metatzeko ezgai,
egun bakoitza da zehatza,
aurrekoa baino egunago.
Aldamiotik
Langile bat hil omen
herenegun atzo gaur
bihar etzi etzidamu
istripuz ohi denez.
Estatistika datua
besterik ez da
politikoentzat,
ekonomia datua soilik
enpresariarentzat,
gerrako kalte kolaterala alegia.
Lurra biguntzen ez denez
aldamioa luzatzen dute
hurrengo buruak non jo izan dezan.
Alargun eta umezurtzek soilik
dute lekua egutegi makabroan.
Eskean
Amaren titia
eskatzen du umeak
jaio bezain laster,
katabuta hilotzak
hoztu ere baino lehen.
Eskean jaio, eskean hil,
tartean eskean bizi,
berezkoa zaio gizakiari
eskaletasuna.
Korapilatsua
Borrokatzen ez dena da galtzaile.
Korapilatsua da,
gutxienez, gaur egun,
euskaldun izatea.
Poesiaz
Poesiaz bilduta egin nahi dut bidea,
idatzitako edo golkoko poesiaz,
aurrean dudanari
begi ezberdinez begiratzeko,
hazi berria erein diezadan bi begietan,
ezustekoak bihotzean ponpatuz,
ez nazan nekeak lozorrotu.
Ontzia joan doa
Eta ontzia joanean doa,
poema berri batetan
ainguratu arteino,
poema-liburu berri batetan
estatxak lotzen naueneino.