Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/11/02 10:34
Rotterdam, Gouda, Leiden.

Maiatzaren 13a. Asteazkena. 18.a – 17.a

 

Alboan etzaten zaigu ahatea belartzan, goizeko freskuran berriz untxiak ditugu bisitari sastraka artetik.

 

Adreiluzkoak dira etxeak, baina harrizko herria da holandarra, beharrak gogortu duena; ikus historia.

Adreiluzko eraikuntzak: behar ere, ez baitute mendirik, beraz ezta harririk; lurra egosi eta kitto. Tokian tokiko arazo eta baldintza motei eskura dauden materialekin emandako erantzuna da arkitektura.

 

Bere onenean zegoenean erraza izango zuen espainiar armadak lurralde hau menperatzea; aurrera joatea besterik ez zuten; hiribilduak ziren arazoa; espainiarrak dirua zuten gizonak eta tresneria (armada bera) erosteko. Gaur egun ez da Holandan Espainiako arrastorik gelditzen, ez estrukturaketan, ez hirigintzan, ez eraikuntzetan, ezta gorrotatzeko sentipen eta oroitzapenetan ere. Espainia erabat ezabatu zen, arrapalari izan zen,  pasa egin zen hemendik, ez zuen ezer erein hemen. Tristea.

 

Gure erruloteko bi auzo ingelesek ez dute etxeratze ostean tea edo kafea pastekin elkarrekin hartzeari huts egiten. Pintxo-pintxo janzten dira erritorako.

 

Rotterdan.

 Alemaniaren itsasora atea, gaur egun ere. Tranbia du, bada berme bat; baita metroa ere, Holandan ikusi dugun lehena; bizikletak, autoak, tranbiak, jendea... mugimendua, joan-etorria, inurritegia irakiten...  baina itomenik gabeko hiri bizia.  Etxe-orratzek definitzen dute Rotterdan, munduko gerran aliatuen bonbek erabat erraustu zuten ondoren: saltoki, banketxe eta firma ezagunek dute habia kolore orotako kristaleri erraldoien ostean; edonora zuzentzen direla ere, mota guztietako eraikin erraldoia dakusate begiek: arkitektura modernoa ikastaroa egiteko aukerako etxegintza erakusketa hiri honek eskaintzen duena. Mossa ibaiaren bestaldean bada halako etxe holandar itxurako ederrik, baina bakanak dira holakoak; ez holakorik espero hiri honetan.

 

Modernitate giroan, artelan edo eskulturak jarri dituzte oinezkoen kaledian, saltoki gunean, eskulturgintza modernoaren erakustoki: hartz-kumeak jolasean daudena oso polita da; Rodinen "gizon ibiltaria" ezustea gerta zaigu: gizairudia espero baikenuen baina pausoka atsedenik  gabe norabide guztietara ibili ere  ibili dabilen bi burdina xaflatzarrak dira; gerrako biktimak eskulturari atera diogu argazkia ibiltariarena zelakoz. Erasmo nahiko baztertuta ikusi dut eliza aurrean, brontzean gogortuta bezala bera eta bere gogoeten  liburua, humanismoa izan izan zela adierazten bezala, iraganekoa dela alegia. Udaletxea: Holandako handiena omen denak ez du dorrerik garaiena, bai fatxadarik kutsaduraz beltzena. Katedrala: .  bonbardaketan zutik iraun zion dorrea eta brontzezko ate ederra ez ezik, barrutik ere ikusi ahal izan dugu; garaia, luzea; hiru nabe  luze, oholezko sabaia, lanpara merke piloa; hiru organo bata sabairainoko ikaragarria sarrera gainean, zuri txiki xarmanta presbiterioan, eta zurezko antzinakoa albo batetan; pulpitu obalatua bere estalkiagatik deigarriagoa, elizako ardatza hitza dela garbi nabarmenduz, hitza dela fededunaren itzala azpimarratuz; gerra garaiko erakusketa: ikaragarriak dira argazkiak; poliziaren ospakizunen bat dago, eliza erdian mahaiteria prest bazkaritarako, uniformedun txakurreria emazteekin zain urdaila ardoarekin girotuz.  Iturriak:  bitxi ezohizkoak batzuk: batek ura tarteka botatzen du indartsu airera, parabola sortuz, zorrotada zatiak airean gelditzen direlarik, edo umeak bustiko ez bustiko, ura zulotik noiz irtengo jolasten diren zorrotadak. Portua: munduko handiena omen, ibai batean itsasotik 30 kilometrotara, bertatik ez zaio honi antzematen Hanburgokoaren erraldoitasunik. Bertan doa Mossa ibaia, aurreko bidaietako urrutitik ia lagun zaigun ibaia, itsaso bihurtu aurreko azken ibilian: kanal, zubi, errepide korapilo, ontzien joan-etorri etengabea… bizia. Tuterakoa nano uzten duen zubi berria, 185 metro garaierako komunikabide orratza, gerrako hildakoei monumentu erraldoi modernoa, itsas museoa nasan barreiatua era guztietako itsas tresneria erakutsiz, aspaldiko moila eta kanal tartean harrizko zubi ederra farol harroputzekin. Merezi du ibili lasaiak portu eta Mossa inguruetan, portu erraldoia han nonbaiten antzemanezina gelditzen bazaigu ere. Portu gaintxoan geltokia, berezia eraikuntza trazaketan, dorrea dirudien leiho obalatuko etxe eta geltokiko estalpe edo teilatu erronboideekin.

 

Geriza bila ibili gara hirian.

Bazen musikari talde fin eta goxoa Rotterdanem, errusiarrak zirudienak doinu sona eta instrumentuengatik.

Emakume txirrindulari batek atzerako ispilutxoa zeukan betaurreko makilatxoan jarrita!!!.

 

Oso kale-musikari guti aurkitu dugu Holandako herri eta hirietan:  hiru biraderadun organujole, Nimegako jai-egunekoak eta ezer gutxi gehiago.

Eguerdiko hamabietan  etxe-orratz sendoenak ere itzalik ez, beranduago ere ostea bilatzen bazaio soilik ematen du geriza eta babesa; eta hori eguzkia dagoenean: handiaren itzala, beti garestia  eta zaila.

 

60 metroko sakoneratik gurutzatu dugu, azpitik, Mossa zabala; ertzetatik ez ezik azpitik ere hesi dute ibaia.

Belar-sail oro dago jadanik ebakita, gaur ez dugu belar ebaki usainik.

Goudako sarreran, kanal ertzean, bide luzez, gureetako baratzak, txikiak, maitagarriak, zainduak: denetik dute, leka-parrak ere ikusi ditugu.

 

Gouda. Gazta, pipak eta zeramikagatik omen ospetsua; gazta soilik ikusi dugu guk. Kanalek inguratutako herria, kanalek zeharkatutako herria;  ura nabarmen doan arren,  kanalok ez dira politak, ez dira erakargarriak, ez dute xarmarik, giro berezia sortzen badute ere. Kaledi atsegina du, bero saparekin ere gustura paseatu dugu ordubete luzez. Plaza nagusia,  zabala: lurralde honetako plazek ez dute, honek ere ez, udaletxeak ezik, teilatua ostendukoz puntazorrotzeko fatxada errenazimendukorik. Plazan dago gazta pisatzeko herri balantza eraikina; fatxadan, harri zurian, tailatuta  dago balantza  erraldoia eta pisatzearen irudia; barruan dago ikusgai pisatzeko gailua bera: kilokada asko behar zuen pisatu batera; gaztagintza nola egiten den ere erakusten dute. Udaletxa, harri zurizko ederra, garbitu berria dagoenez zuriago, gizairudi eta dorretxoz apaindua. Zubiak, konportak, gutxienez hiru eliza - kariloia entzun ahal izan dugu-; kaledi estua, bildua, labirintoa dirudi. Catharinatiun, eliza museo bihurtuta: txoko oso polita, han ikusi ditugu hainbat zeramika atariko lorategian; irudi-taila  polikromatudun bi ateburu xarmant. Erakusketa: ehun zatitxoz eginiko koadro finak, ehun kolageak, koloreen armonia, kolore josketa oso orekatuak. Erakusketako arduradun nagusi bizarluzeak lasai egin du porrua gu koadroei begira ari ginela.

 

Uda giroa nagusitu da giza portaera orotan, udan baikeunde baikabiltza.

 

96 kilometro, autobideko sare eta korapiloetan.

 

Txori-soinu bizia, zozo-kantu ozena, bizipoztu egiten ditu eguzkiak txoriak ere.

Mika ere inguruan dugu: fidagaitza da.

Gauez joaten naiz dutxatzera, izarreri so, joan-etorri lasaigarri barean. Delf hiriko argiak gorrizkatzen dute zuhaitz gaineko zeru-marra. Erabatekoa da isiltasuna, txorien gaueko txistuka mehe hori bera ere ez da jadanik nabari.

 

 

Maiatzaren 14a. Osteguna. 19.a – H-18.a

 

3. astea borobiltzear dugu baina ez dugu ikasi ez "kaixo" ez "agur" ez “eskerrik asko" ez inolako diosalik ere nederlanderaz, gezurra badirudi ere, horrek lotsatzen bagaitu ere. Gehienek, ia denek, nederlanderaz ez beste edozein hizkuntzatan egiten digute, eta nederlanderazkoan ez diegu piperrik ulertzen ahopean edo ziztu bizian ahoskatzen digutelako. Gainera ikasi dugu gormutu baikina erlazionatzen, eurak eta guk bakoitzak bere hizkuntzatan gauzak izendatu eta esan beharrekoak esaten. Sarri euskara bera ere nahastu egiten dut, baina ez dit axolarik, besteak ez baitu ezer ulertzen.

Bidaiotan ikasi dugu Euskadin jateaz badakigula, agian elikatzeaz ez. Hemengo horma hotz, garbi eta mutuen aurrean ikasi dugu euskaldunok oraindik politikaz eta herri arazoetaz arduratzen garela: badira bi aurkikuntza on.

Espainiako matrikula iruditzen zitzaiola baina nongoak ote hurreratu zaigu ingeles kankailua. Azalpenen ondoren "Bilbao" esan zigun. NA Matrikularena argitu genion: "Bulls”, “Spanish non" esan, eta joan zen: agian badaki zerbait gutaz.

 

Holandakoak ez dira herri edo kalexka sorginduak, kuxkuxeroak, aspaldiko gizaldietara eramaten zaituztenak, antzinatean sartzen zaituztenak.

Lurra, -soro zelaiak-, kanaleko urarena baino maila nabarmen beherago batean dago.

Errotak, belartzak, behiak, zaldiak, ardiak, kanalak, berotegiak... orain arteko betiko paisaia daramagu, gure paisaia da jadanik.

 

Leiden. Ubideek inguratu, bildu eta norabide orotan zeharkatzen duten herria, ubide ertzetan paseatuz ezagutzekoa, lasaia, patxaran presarik gabe ibiliz gozatzekoa, bazterrei begiratuz ubide kale eta plazetan galtzekoa, tarteka planoa ikuskatuz begiz jotako gune edo txoko interesgarriren bat zer ote den bisitatzekoa. Kale simetrikoak, batzuk meharrak, luzeak ere bai batzuk. Oso paisaia argia du hiriak; agian ubideek ematen dioten irekitasunagatik, kale arteko zabaltasunagatik edo, argitasun bizia du. Natur Historiako Museoa inguratuz parke ederra, atseden hartu edo egon lasairako aukerakoa. Pare bat haize-errota gutxienez, borobila bata museo bihurtuta turisten amu, karratu beltza bestea, kanal alboan ontzien ondoan dotore. Liburutegi baten portalean antzinako plano batean haize-errota piloa ageri da: izar baten tankera hartzen du perimetro osoan kanalek mugatzen eta biltzen duten hiriak eta izar punta antzerakoaren irtentxo bakoitzean haize-errotok daude uraz baliatuz.  Eliza  ugari dago Leidenen ere: S. Pankrazioren elizatzarrak dorretxo mehea du, baina bada dorre liraineko beste eliza bat, baita bestelako elizatzarrik ere; bakarra aurkitu dugu zabalik: zurezko estalkia duen pulpitua, santu-irudi zuri piloa, -alboetako zutabe bakoitzean bat-, korupean 7 amabirjina ezberdinen irudiak kristalezko kaxa handi batean, denak batera, ikusgai. Stadhuis edo herrietxea, udaletxea: sarrerako mailadi bikoitza espaloi gainera dator, ederra da izan baina erabat belztuta dago, zatartuta, edertasun oro galduta; arte kritikari edo adituen begientzat izan daiteke erakargarria; horrez gain kaleak jan egiten dio fatxada; ostea ordea, Vis-Mark plaza inguru xarmantera jotzen duena, berrikuntza lanek erabat hartuta dute; kariloiak  doinu alaia, bizia eta ozena du laurdeneko kontzertuan. Herri balantza harrizkoa utzia dagoela dirudi, ertzia; fatxadako pisatze koadrotzarra, marmol zurian zizelatua, belzturak  desitxuratua dago. Burcht 16 metro altuerako segurtasun tontorra, gizakiak egina, adreiluzko hesiz eta berdegunez inguratua. Bada pipa museoa baina ez dugu etxeko egongelako koadrorako piparik aurkitu.

 

Herriko jendea egon lasaian dago luzaroan, ubide alboko mahaitxoetan eserita, zerbait hartuz. Zenbait dendari eta langile denda aurrera ateratzen da eta bertan jaten dute mokadu bat, beste zenbaitek  kafetegi edo saltokietako jantokitxoetan, askok gozokia kafea edo kafesnearekin besterik ez dute bazkaltzen; ogitarteko hori dela dirudi askoren bazkaria.

 

50 kilometro

 

Geuretzat gelditu zaigu barruti hesitu osoa, arratsaldepasa eguzkitsuan aukerako lekua. Atseden arrats goxoa. Aurten lehenengoz entzun dut kukua, ez neraman xemaikorik ere aldean.

Koadrilan dabilzkigu gaur untxiak gure zelaian, beste sail batean berriz kumeekin jolasean. Mika sekula ez bezala ikusi dut, ber-bertatik, leiho aurrean luzaroan: hegazti polita da, buztan luze eta papar urdinekoa.

Joan zaizkigu auzokide alemaniar eta britainiarrak; ingeles kankailuarekin ezik ez dugu hitzik gurutzatu egunotan; begiradak izan dira sarriago zuzendu dizkiogunak elkarri; tarteka keinuren bat edo "good morning” diosala ere erabili dugu; keinuz eta irribarrez biziki agurtu gara alde egin dutenean. Atzerriko auzotasunak, babes premiak edo zurtz sentipenak elkartu egiten du; ez zuten ahotsik ere altxatzen, baina halako isiltasuna utzi digute joan direnean. Presentzia soilak bere soinu eta hots propioa ditu, belarriek ez baina beste entzumen eta zentzumen batek jasotzen duena.

 

Guraso askok darama bizikletan atzean zein aurrean jarritako aulkitxoan seme-alaba txikia. Batzuk eskuleku aurrean dute aulkia, umea behatokian bezala doa, amaren bizkarra ordez aurreko paisaia ikusiz; aurreko aulkiek haizetakoa dute umearen begiek sufritu ez dezaten haizearekin.

Mingaina ezpainetan behera luze duen burua da farmazia askoren ezaugarria: pastilla eske dago eta zenbaitek pastilla du mingainean.

Utilitarioak dira ubideak, erabilgarriak, premiazko zerbait, ez dira turistentzat polito egiteko jarriak edo zainduak, ez dute ertzetan ibilbiderik edo bide-gorririk oinezkoentzat, zuhaitzak badaude egon, ezkiak gehienetan, farolak ere bai, baina ubide ertz huts ia oro aparkalekua da. Hiriko urak bideratzeko, etxeak eraiki ahal izateko beharrezko zerbait besterik ez dira kanalok, eta hor daude, gehienez garraiobide erabiliak.

Azkenerako pestegarriak bihurtzen dira oinezkoarentzat ziklistak: milaka dira, denetik eta edonon agertzen zaizkizu batez ere bidegorririk ez duten kale-gunetan, aurretik, atzetik zein albotik datorkizue, kaleko jaun eta jabe dira, ez dago norabide debekaturik beraientzat, oinezkoen kaleetan ere nagusi dira. Adi ez dabilen oinezkoak sarria du ezuste arriskutsua.

 

Geldiunerik gabeko ordu pila ibili ohi gara kalez kale: ez gara etorri egotera, egoteko Etxarrin dugu zulotxo egokia eta atsegina.

BIDAIAK 68: Holanda

Jon Etxabe 2020/10/30 10:45
Hego Holanda Probintzia: Delft, Deen Haag-Haga, Scheveningen, Vassenaar.

Maiatzaren 11a. Astelehena.  16.a – H:15.a

 

Oso emigrante, etorkin, gutxi ikusten da turistagunetan igandepasako joan-etorrian.

 

Beti du urduritasun puntua kanping aldaketak bideetan barrena errulotarekin sartzean, non nola aurkituko garen ikusmina.

Ez da horrela izan mapan erraza zirudiena, bihurria atera zaigu Rotterdaneko errepide-korapiloa, omleiding batek mapatik atera gaituenean; bideratu gara bideratu halere, helbidea usaintzen dugulako edo halabeharrez.

Kamioi kopuru izugarria dabil Rotterdan inguruko errepide orotan, Orihuelako kamioi batek aurreratu gaitu, tutua joz agurtu ere. Beldurgarri zabala, trinkoa, Rotterdam bueltako industrialdea; bizitasun itxura erakusten du.

 

 

HEGO HOLANDA PROBINTZIA

 

Irakurri dudanez Hagak ere barruti propioa du.

 

Kanpina: Delft herrian, Rotterdan eta Haga tartean.

Kanpin lasaia, belartza, sail ezberdinak zuhaitz eta zuhaixkez gordeak; ozena da txori-kantua, baita inguruko autopistako etengabeko hots astuna ere. Ahatek lotsagabeki zeharkatzen dute belartza karabana aurretik

 

Delft. Antzerakoa irudikatzen dut Amsterdam, hura handiagoa, jakina. Kanalek inguratzen dute Alde Zaharra ia osoki, kanalak biltzen dute Plaza nagusia, Udaletxea eta Eliza; kanalek zeharkatzen dute norabide orotara hiria, kale eta kanalak elkarren lagun doaz beti elkarren auzo, elkarren albo. Polita da, gustura ibiltzeko hiria, baina ez du liluratzen; baditu ikusgai ederrak, nolabaiteko xarma ere bai, baina ez da apaina, agian alboko industriaaldearen eragina jasaten du. Etorri, kaleak eta kanal alboak pasealekutzat hartu eta ibili, begiak zabaldu eta begiratu, bada etxe eder eta zerikusirik han-hemenka eta. Herri lasaia, etorri den espainiar autobuskadak ere ez du lasaitasuna zartatu.

Plaza handia, aparkalekua erdian, ez du bestelako etxe polit edo ederrik; udaletxea eta eliza aurrez aurre: ederra bata, 108 metroko dorredun handia bestea; eliza-dorreak kanpai askoko karriloi deigarria du, luzea eta goxoa da sona ere. Oude kerk elizak ipuinetako dorre karratua du, dorretxo puntaluzez deigarria, nabarmen okertua gainera. Han dago zoko batean galduta lau zutabe greziar  tankerako baina gatzipeko eliza judutarraKanalek badute xarma, baina grazia biziagokoak, zainduagoak, espero nituen; alboko ertzak aparkalekuak dira, zikina da ura; badira pedal-ontziak, jendea erabiltzeko ontziak, jantoki-ontziak, baina ahatek soilik ematen diete bizitasuna; hegazti beltz mokogain zurikoak, "kofiaduna"k, egina du habia hemen ere; badira belar edo lore hosto zabal batzuk baita istingetako zenbait ezpata-belarrak ere, baina utziak bezala daude, gehiago egiten dute zatartu dotoretu baino. Ate bat kanalez eta zubiz inguratua, bi dorretxo borobilek gotortua.

 

Zalgurdi sendoetan ibiliz ikusten du turistak hiria, txu-txu trenen ordez.

GeBo asko dabil, baita alemana ere, denak adinekoak, gu bezala.

 

Zenbat eta besteak ingeles gutxiago jakin hobeto ulertzen gara elkar.

 

101 kilometro, errepide-korapiloetan "orain nora ?" biok elkarri galdezka.

 

 

Maiatzaren 12a. Asteartea. 17.a – H:16.a

 

Norbait sartu da komunera, puzkar luzea bota du eta ondoren aharrausi zaratatsuagoa: norabide desberdina hartu duen leku berean sortutako haizea, aho ezberdinen arabera soinu ere ezberdina.

Zozo beltzak ditugu auzo, gosari bila beraiek goizeko ihintzean, gu gure etxoletan gurea janez.

Nagusiak gara kanpineko bezero bakar ia denok: ingeles, holandar, aleman eta euskaldunak.

 

Ezagunak eta aurrekoen antzerakoak zaizkigu herriak herrialde honetan: eliza gotiko protestanteak, stadhuis-ak, ia kalea diren azokagune eta plazak, etxadi, dendateriak... Ezaguna zaigu ere paisaia geografikoa: mugarik gabeko lautada, zuhaitz ilarak, lur landua, belarra, zonaldeka behiak ardiak edo zaldiak, kanalak, itsasadarrak, ura... Hiri handietako abentura edo ikusmina geratzen zaigu ezabrdina, hurrengo egunetan gozatuz ezabatuko zaigun misterioa.

 

Herrialde honetan ez genuen atzoko egunez behirik ikusi, etorri ere fabrikaz eta etxez inguraturik etorri ginen, gure norabidearen urduritasunean albokoaz ohartzeko ere ez kezka, ez astirik genuen.

Izugarria da Haga inguruko errepide sarea; sarrerako industrigunean eraikuntza erraldoiek, etxe-orratzek esnarazten dute ikusmina: bulego, negozio-kabi, fabrika... Finantza ardatz, negozioez iritzi ezberdina, edo negozioak egiteko beste bide edo jite bat dago hemen.

 

Den Haag-Haga.

 Holandako hiriburu administratiboa da, ez hiriburu politikoa. Ez du kanal askorik. Kontraste handiko hiria: nahasian ditu antzinako eraikinak eta modernoak, auzo ezberdinetan banatuta, bata bestearen ondoan; Stadhuisee, eraikin antzinako eta modernoak elkarren ondoan; Central Station edo Erdiguneko Geltokia erabat berria da, eraikin moderno eta erraldoia; Buitenhof erdiguneak, berriz, antzinako giroa du; ugariak dira etxe-orratz berriak eta antzinako etxebizitzak; eraikin entzutetsuak, gidaliburuetakoak dioenez interesatuarentzako bisitagarriak batzuk, ederrak asko edo gehienak; gaurko saltegi diganteak eta betiko oinezkoen kale komertzialak; inurriak bezain ugari diren bizikletak, tranbia, kotxe zirkulazio trinkoa eta ia basoa diren parke zabalak hiri barruan bertan; peskariak ur zikin koloreko kanal ertzean. Kalearekin batera doan kanalean, bota egiten ditu bere esparrutik ahate marroi handiak gure habiagile kofiadun hegaztitxo beltzak: handiak txikia menderatzen.

 

Berrikuntza lanetan murgilduta, Zahar dena dago jasota, plaza osoa ez bada harrotutako adreiluak gogortzeko tarteak. Baina, hautsak hauts, hiri dotorearen ustea uzten du; arratsaldez, eguzki beroa epeltzen denean, plazetako mahai eta eserlekuak betetzen direnean, giro biziko hiria behar du izan. Jendea erruz dabil ibili, etorkinen edo kanpoko jendearen kopurua da deigarria, izugarri asko dira, Indiako indiarrak edo antzerakoak batez ere. Ikastetxe handi bateko ikasleek hartu dute gaur goizez erdigune osoa, bisera horiekin talde zaratatsuetan, deigarri eta nabarmen ikus entzuten dira: talde oso bat, gela batekoak dirudite, indiar, arabiar  eta beltzek osatzen dute taldea, etorkinen seme-alabak: arabiar neskatoek, hain gazte eta jadanik buruko zapia eta gona luzea daramatzate.

 

Erdiko plazan irla borobil arbolatsua erdian duen urmael zabala: ez da ederra, ez du graziarik berez, urak ere zikinak daude, baina plazari eta inguruari jite berezia ematen dio, irekitasuna eta zabaltasunaz gain. Gevangerpoort: ez du berezitasunik, hiriko erdigunean aurkitzen da gaur egun garai bateko hiriko atea. Museo pila du, oso onak denak: gaur erreginak  inauguratu  zain dago eskultura modernoen erakusketa, zuhaitz handi eta ederrek erabat itzalpean uzten duten Lange Voorhout plaza zabalean: erabat eskulturaz beteta dago luzera zabalera osoan; han ikusi dugu gurpildun kioskoa erakusketak dirauen bitartean musikariek jo dezaten edo; soldaduak ari dira lanean azken ukituak ematen, bandera eta azalpen idatziak jartzen: sikiera zerbait probetxurako bada ejertzitoa, mehatxu etengabea izateaz gain.  Binnenhof, XIV-XV. gizaldiko pelikuletakoa dirudi Gobernu Jauregi Zaharrak: dorretxo pila, almenak, leihoak, teilategalpea, fatxada gotiko puntazorrotza,  eta bi dorre borobil non bikote urrekolorekoek jotzen duen orduen kanpaia. Bada jauregi gehiago ere, bai erdigunean bai auzoetan, museo bihurtuta. Stadhuis, 1565.goa, adreilua eta harri nahastuzko ederra da, gizairuditxo tailatuekin; dorre zuri politaz gain balkonada du fatxadan; baina beltza dago, kutsaduraren kedar zikinez. Eliza ugari; ikusi nahi izan ditugun biak itxita daude: Grotekerk-ek 52 kanpaiko karilloia du eta atarian eskultura moderno ugari ilaran, itxuraz gaur inauguratzen den erakusketarekin zerikusirik ez dutenak. Kolsterkek gotikoak, gehienak bezala, leiho handiak ditu, barnea erabat argia bilakatuz. Bankoek dituzte eraikuntza ederrenak, bai antzinakoak bai modernoak, denak erraldoiak: gaur egungo gazteluak dira, elektronikaz babestuak, beraiek dira gaurko gizarteko jaunak, erregeak eta enperadoreak, jauntxo guztialdun ikusezinak, Administrazio Kontseiluan disolbatzen direnak,  gure bizitza  nolakoa izanen den erabakitzen duten anonimoak.

 

Gaur ez dugu goiz guztian karilloirik entzun Hagako kale plazetan.

Espainiera bai entzun dugu bi aldiz Gaztelako dialektoan.

Ez gara joan Justizia Auzitegi Intarnazionaleko Pakearen Jauregia ikustera, nahikoa dugu Auzitegi jauregi aurretik pasatzean injustizia biziki usaintzea.

 

Turista pausoa ere ikasi egiten da, beharko ikasi ere; benetako turistarena, ez pasoko bisitari presatiaren pauso urduria.

 

Scheveningen, Ipar Itsaso ertzeko auzoa, bertan  jaso dira nazio osoan jaso ez diren etxetzar guztiak;  izugarria da auzoa zabaleran,  erraldoia gorantz. Gaurko saparekin dena da jende, gehiengoa etorkin zirudienak. Hondartza oroko giroa, jende asko dabilen edozein hondartzako uda giroa, berdin zitekeen Mediterraneoko edozein hondartza edo turismo-gune ezaguna: hotelak, dendak, kafetegiak, denda merkeak; pasealeku oso zabala eta luzea hondartza gainean eta etxetzarren aurrean; bada eraikuntza erraldoi eder bat: Kurzaal edo Kurzzal. Morokil itxurakoa da itsasoko ura, baina bainatzen da jendea.

Jelatu gozoa eman digu, ibiltzeko aukera ere bai.

 

Vassenaar. Izugarrizko parkea, bertan gelditzeko gogoa ematen du; etxe dotore eta jauregitxo, asko, oinez zein bizikletan ibili nahi duenarentzat aparta; lastozko teilatu ugari, errota... Erdiko kaledia txukuna da, nahiko hila dago arratsalde erdiko orduetan; itsasertza, berriz, auto, bizikleta eta oinezko jendez gainezka.  Kaleak konpontzen ari dira.

 

Katwijk aan zee eta Nordwijk aan zee: herri txukun zainduak, uderri eta turisterri petoak, horrelakoen ezaugarri guztiekin. Jendez gainezka igande larunbatetan  gure itsasertzak bezala, gaztetxoak dabiltza bizikletan pilaka, gidariongan beldurra sortuz.

 

Edari denda asko dago Holandako herri kozkor gehienetan, zerbait jatezko kafetegiak ere bai, tabernak guti.

Adreiluzko etxeak, txiringito edo txosnak, aparkalekuak, erdigune zaindua; tulipan sail ikaragarriak oraindik loratu gabe berde, behiak, zaldiak, belardiak, errotak ugari, golf-zelaiak eta esparru zabala berotegiz beteta ez dakigularik zer hartzen den bertan.

Europako bandera piloa dago itsasertzeko herri eta hondartzetan baina piparpoterik ez.

Etxetzarrak zonalde honetan ere. Udalerri, uda-esparru  eta udagiroa: berdindu egiten du jendea beroak.

Belar ebaki berriaren usai sarkorra lurralde osoan.

 

Leiden, antxinako planta duen herria, bere errota du, handia da; kanal piloa, zubiak, kale zahar estuak, plaza... beste batetan bisitatuko dugu.

 

Traineru antzerako lau arraunlariko txalupa, ez dugu ondo ikusi.

Holandan ere butxadurak autobian ordu bizienenetan.

 

105 kilometro, hiribarrukoak eta itsasbazterrekoak.

 

Bazkaldu dugun indonesiar jatetxean "amor, amor..." abestu du irratiak; kotxe bateko irratiak beste gaztelerazko abesti bat aireratu du, eta hondartzako kafetegi batetan Karibeko doinuak gazteleraz: arraroa egiten zaigu.

 

Herri adeitsua da holandarra: gaur emakume bat hurreratu zaigu eskultura erakusketako Hagako parkean hiriari eta Holandari buruz azalpenak eman nahiz.

BIDAIAK 68

Jon Etxabe 2020/10/26 18:16
Breda, Kinderdijk, Dordrecht, Zierikzee, Willemstad.

Maiatzaren 9a. Larunbata. 14.a – H:13.a

 

“Poemak”, Auden: "Ezin dut ikusi lautada bat hotzikararik gabetanik". Izoztu egingo litzake gure poeta Holandan balebil.

 

Holandan ez dago Austria edo Alemaniako ogi aukerarik; ogitarterakoa edo ogi handia egiten da Holandan.

Kanpin asko dago Holandan, zorionez kanpotarrontzako ondo bideratuta, argi eta sarri iragarrita norabidea, autobidetik bertatik gehienetan.

 

Gaur larunbata, ez dabil zubi egunetan adina karabana ilararik, baina sarriak dira gaur ere karabanok: holandarrak gogoko du igande-pasa ateratzea karabanarekin. 

Kamioia dirudien kartola garaiko atoietan jasotzen dute belarra. Plastiko zuriz estalita daude lursailak, ez dira zainzuriak, auskalo zer.

Roosendaal. Gaur egungo ezaugarrietariko bat du: telekomunikazio dorrea, tente eta irmo, gezurrak zabaltzen, agian gizaki ezberdinen harremanak errazten ere.

 

Bredara 10 kilometro aurretik errepide luze arteza, bukaeran eliza baten silueta, pelegrinazio bateko basilika-helburua bailitzan; zuzen, artez, errepidearen bukaeran eta eliza gainean globo handia izan dugu: ikuspegi erabat bitxia. Pelegrinazioetara joaten gineneko sentipena eta gogapena izan dut, egun haietako sentipena bera berpiztu dit: han zegoen santutegia!!!, helburu eta leku sakratura, heltzen gineneko sentipena, bihotz-zirrara; atzera-jauzia bezala izan da. Gero, globoa bezala hustu zait irudiaren lilura,ezabatu sentipena, erabat arruntak baitira eliza bera zein eliza-dorrea.

 

Etten-Leur. Arbel teilazko bi dorre hexagonal puntazorrotz luzeak: arrunta bata, amaiera lirain luze politekoa bestea.

 

Bi erraileko errepide ugari dago Holandako hiri inguruetan, argiz araututa, batez ere hiri handiak lotzen dituen bidegurutzeetan.

Baserritarrak dira holandarrak, ondo jantzita daudenean ere, pionero, aitzindari  herria; zakarra, ekintzailea, bizitzari aurre ematekoa, arazoetan sartzekoa, txatxarkerietan ez dabilena, ondo janztearekin gehiegi arduratzen ez dena; txokoloak oinetan, gauza praktikoez arduratzen eta baliatzen dena.

Tabako saila Bredatik bertan. 

 

Breda.

Velazquezez egin zuen famatua bere koadroaz. Ez dakigu Velazquez bera hemen egon zen, gu behintzat hemen gaude, bertan ezer askorik “pintatzen” ez badugu ere.

Bizi-bizia dago hiria: jendez oparo erdigunea eguerdiko 12etan. Erdikalea du hiriko ardatz: saltoki bihurtuta dago. Kalea bidaiako hirugarren biraderadun organoa: handia, mekanismoa ikusten zaiona, kale osoan entzuten zaion doinu bizikoa; gazte bat da bere jabe: itsulapikoa astinduz, diruaren hotsarekin erritmoa jarraituz eskatzen dio borondatea ibiltariari. Grote Kerk, Erdikalearen ertzean, eliza protestantea, plazara aldeaan itota ezik, hurregi ditu etxeak, bertan, gainean, ia itsatsita alde batetik; dorre zuri ederrekoa da, harri garbitu berrikoa, farfailez egindakoa bezala, filigrana hutsa: gotiko berantiarra omen; itxita dago orkestra batek entsegua duelako, baina sartu dugu muturra: argia, altua, ganga pintatuak..., baietz zoruan hilarri beltzak izan!; dorreak 97 metroko altuera du, bere kariloiak 49 kanpai: hiri osoan entzuten da laurdenero bere sona, geldoa, hila, baina ozena eta luzea. Grote Markt: plaza zabala eta luzea, Txekia eta Eslovakiakoak bezainbestekoak ez arren: lasaia -autorik ez dabil-, oinezkoentzakoa, ia plaza erdiraino eguzkiaz gozatzen kafetegietako bezeroak mahaietan eserita zerbait hartzen. Estadhuis: aldamio eta plastiko zuriz igeltsuztatuta dago berrikuntza lanak direla ta: sarrerako har-mailadia du. Antzinako etxe hainbat aparta, gustura begiratzekoak, aurki daiteke kaleetan ibiliz; asko dira etxe berriak ere, gustuz eginak. Ridderstraat kaleko bi espaloietan metal horizko xaflak daude tarteka lurrean itsatsita, antzerki, aktore, aktoresa, musika edo zirkoari lotutakoak. Liburutegia berriz ere: eraikin modernoa, handia, argia, kolore ezberdineko zutabe borobilak direla sabaiaren eusgarri; isiltasuna da nabariena, pauso hotsak ere moketan itotzen direla: herritarrak egunkaria irakurtzen kafea hartuz, arabiar nagusi batek arabierazko aldizkaria irakurtzen du, etengabeko sartu-irtenean joan eta dator jendea liburu bila, liburuz zamatuta. Parke borobil zabala hiriko ertz batean, zaindua, egotera joatekoa, urmaela erdian, goranzko ur-txorrota dotorea urmael erdian: ibiltari asko gabiltzanez ahatek ez dakite noren atzetik etorri;  nahikoa du, gainera, harren gehiengoak, borrokan eta ahaleginean, nor geratu eme bakanekin.  Begijnhof edo Beginen patioa parke ertzean: adreiluzko hesi barruan 29 etxebizitza, patioa, jarleku bakoitzak armairutxoa duen elizatxoa, txutxumutxuka dauden bi atsoen eskultura... parke bereko beste ertzean gaztelua urez inguratuta.

 

"NOU en?!. GAY CAFE", zioen tabernako errotuluak: polita!.

Frantziako ardoa eta bertako zainzuria eskaintzen dute kale-propaganda batean.

Eibarren bezalatsu, edozein lekutan zeharkatzen dute kalea Bredan ere.

Aparkaleku pila iragartzen da, garesti kobratzen dute gainera: bisitari asko dator, aparkalekuak azkar libratu behar dira nonbait.

Porro mutxikin asko ikusten da beste zigarro-mutxikinekin batera, erdi erreta sarri: merkea dago kostoa eta libre da erretzea nonbait.

 

Espainiar ankerrak irudikatu ditut hiriko kaleetan, Plaentxiako pikak eskuetan, sarraskia eginez, arpilatzean, hori baitzen soldaduen ordaina edo soldata-osagarria. Harro, gailen, ibili zen lurrotan espainiarra; gaur egun, aldiz, umil lehiatzen die esne kopurua hemengo baserritarrei. Ez dute ikasiko aznar eta pelipe guztiek.

 

Itsasadar zabalak eta zubi luzeak ditugu deigarri; izan dira azpitik pasa ditugun bi ibai, kanal edo itasadar: ez dira izan sakonak tunelaren sakonerari erreparatuz.

Hain dira luzeak, zirrara sortzen dute zubi erraldoiek, batez ere trenbideek eusgarri zaizkien burdineria borobil eta bertikalez eginek.

Rotterdam ingurua izan daiteken itsas bazterrean argindar zentraleko tximinia: zergatik kokatu ditu Holandak zentralok Belgika inguruan: iparrak eta ekiak auzora eraman dezan kutsadura?. Oilarraren nagusigo inposatzailea.

 

Alblasserdam. Kaleri zaharra, polita. Herri azoka dute gaur plazan, herriko jendea eskulanak, erabilitako tresneria edo mota guztietako salgaiak eskainiz mahaietan. Asko dira saltzaileok, herritarrak ere erruz hurbiltzen zaizkie: oso herritarra da azoka kultura hau.

 

Ez digu eman jantokirik herri honek: azokan erositako gazta eta ogia jan ditugu zutik plazan bertan eguzkipeko jarlekuetatik ihesi.

“Español" deiadar egin digute kotxe batetik. San Ferminetan Nabarreria plazako iturritik jauzika ibilitako gazteren batzuk!.

 

Zonalde dena da ura, kanala, zubia; itsasadarra alde bietara, lurra eta uraren maila goitik doan errepidea. Patxaran paseatzeko bidegorri apartak dike gainetan. Kontrastez, industrializatutako lurraldea ere bada: ontzigintza,  baita bestelako lantegi handiak etxe txikien inguruan. Bada ibaian atrakatutako itsasontzi erraldoi baten itxura duen eraikuntza ibai ertzean: transatlantikoa dirudi, baina bulego-gunea da.

 

Kinderdijk. XIII. gizaldiko 19 haize-errota, larunbata denez denak ibilian giraka eguerdiz; alerik ehotzen ez badute ere milaka turista eta ikusle dakarte, holandarrak, belgikarrak zein alemanak. Ubidearen albo bietara daude haize-errotok, zabalera luzean, han urrutira ikusten dira azkenak, padura berdea alboan, baina dike edo muna zabal berde zainduaren gainean; adreiluzkoak dira albo batekoak, lastozkoak bestaldekoak; borobilak dira adreiluzkoak, oktogonalak lastozkoak; urak nahiz haizeak eragiten die, ehunez bildutako besoak dituzte haizearen putzak jiraka jarri ditzan, baina azpitik urak ere badarabil zurezko paladun gurpil handia; hots ozena baina aldi berean lasaigarria ateratzen dute.

Uholdean dator bisitaria, autobusean sarreraraino eta gero oinez, baina batez ere bizikletaz: izurritea da bizikletena, ehunka, milaka ez badira, bide estuan, oinezkoekin nahasian; oinezkook ez dugu eskubiderik bertan, bizikleta da gailen; asko dira motoristak ere, taldeka, narruzko jantzi beltzekin eta harroxko itxuraz. Jatorrak tipoak!!!.

 

Ase gara bizikletaz, kontsolatu errotez, baina ez errotek ez bizikletek ez dute lilurarik galdu.

Gureetan dugun iritzi eta sentipen ezberdina dute hemen bizikletei buruz: erregina batek, berak erabiliz, bihurtu zuen nonbait bizikleta garraio-tresna erabiliena arrazoi ekonomikoengatik,  kirol nazionala da gaur egun; bizikleten atzetik auto ilara handiak luzatzen dira aurreratu ezinik, bizikleta errespetatuz, baina inor ez da kexu, ez da tutu zital hotsik; errepide estuan, bi kotxe doi-doi gurutzatzen diren esturan edo gurutzatu ere egin ezin diren  bideetan bizikletek bere bidegorria argi gordeta dute.

 

Dordrecht. Itsasadar ertzean, izugarri zabala, erdigunea du erakargarria. Bitan erdibitzen du Mosa ibaiak, baina alde batean gelditzen da osoki alde zaharra: hiru kanalek zeharkatzen dute, itsasontzi eta belauntzien aparkaleku dira kanalok, hiriko portua; irekitzen diren zubiak. Etxe ederrak dituzte kale alboan doazen kaleek, etxe gotiko eta errenazimendukoak; lasai paseatuz ibiltzeko kale luzeak. Stadhuis harrizkoa, apala bere harrotasunean, mailadiak albora egiten duen fatxadadun horietakoa.

Bada kafetegi bat, eseri eta Mosa eta Rhin ibaien elkargune zabalaren aurrean, etengabe zeharkatzen duten garraio-ontziei aspertu gabe begira garagardo edanaz egoteko leku aparta. Ibaitik kanalerako pasagunean ate paregabe eder bat da. Eliza sendoa, dorrea-motza: nekatuta gaudelako ez gatzaio hurreratu, aparte xamar dago, protestantea izanen da, itxita egongo da, edo paguko sarrera izanen du. Kanal biziak dira eta hiri osoa bizi-bizi dago jendez gainezka, larunbata izaki: lasai egon eta gustura ibiltzera joateko hiria.

Larunbat arratsaldez emigrante oro ateratzen da nonbait kalera erosketak egin edo lagun etorkinekin arratsalde-pasa.

Julio Iglesiasen argazkia jarri diote erakusleiho batean salgai duten marko bati.

 

Gaurkoa ere hezurrek eskertuko duten egun beroa; jendea eguzki gosez dago: Bako eta Eguzkia, udako jainko nagusiak.

Gaur ere egin dut norabide hanka-sartzea; azkenik beti bideratzen gara, legezkoak dira hutsok, baina nire azaldurak eta erneguak neure gelditzen dira.

 

184 kilometro, urez inguraturik haize-erroten eraginpean.

 

Izugarrizko txaletetan bizi bailira, auzo dugun karabanako gizonak makinaz ebakitzen du karabana inguruko belarra, toldopean afaltzen dute, zuzi erraldoiz inguratuta, telebista piztuta: pizgarriak dira ametsak, bizitza edertzen dute.

 

“Hitzen ondoeza” Joseba Sarrionandia: "Nora doan ez dakiena, igual, beste norabait ailegatuko da. Nora doan dakiena ere berdin". Hor gabiltza gu ia egunero bidegurutzeren batean galduta, nora joan nahi dugun dakigula baina nora goazen ez.

 

 

Maiatzaren 10a. Igandea. 15.a – H:14.a

 

“Poemak”, Auden: "izaki aratz, musika eta mugatuz perfektoa" deitzen dio errekari. Zer esanen ote zukeen Holandako ibai handi zikin geldo garraiobide kutsatuaz.

 

 

Autobidetik gabiltza gehienetan. Bide txikiek, herribideek,  ez dute jadanik erakargarritasun berezirik, erraz galtzen gara bertan ginera.

Domingeroak-domekariak-igandezaleak, urduriak eta bizkorrak hemen ere, aleman eta belgikarrak batez ere; ugariak dira gaur igandez errepidean, presaka kotxe handiekin.

Lautadako urrutian zubien gaineko burdineria borobila da nabarmentzen dena.

Lehenengoz ikusten dudan traktore baten iraulki-atoia.

Dike handiaren sarreran, itsas ertzean, txabola edo etxetxo nanoz osatutako herri osoa: agian hotel edo kanpinen baten apartamenduak dira.

Dike izugarria barne itsasoa kontrolatuz eta hertsiz, dozenaka eta dozenaka, agian ehunka, konportaz osatua, erdiko uharteez baliatuta. Gune berezia: itsas ingurua eta itsasoa bera erabat aldatua, erabilia, mugatua, kontrolatua. Mosa eta Rhin ibaien urak dabiltza lurralde osoan, zabal, irla eta lur irtenen artean, itsas aurreko dikearen bestaldean. Neurria jartzen diote itsasoari konportok, lur zabalak kenduz  edo ura padura zein hezeguneak lehortuz. Gu izan garen unean itsasotik lur barrura doa  konportetan zehar korronte eta zurrunbilo bizian. Nasa itzeleko antolamendua erdiko irlan: jendea egun pasa dator arrantza egin eta eguzkitan belztu edo berotzera. Bada konportoi buruzko museoa ere.

 

Zergatik edo zertarako behar du Holandak daukan baino lur gehiago, zergatik sartu da betidanik horrelako abenturan, zergatik ez du etsi berez duen lurrarekin, zergatik ez dute taxutu bizitza duten lurretara beste herri gehienek egin duten bezala?. Non dago giza ahalegin eta diru kopuru horren errentagarritasuna. Agian hemen ere lanok egitean dago dirudunen eta politikoen irabazia, agian lanik ez duenari lana eskuratzeko aukera dira eraikuntzok, agian holandarra pionero da  berenez, ekintza zalea, arrisku gosetia, abenturazalea, kanpoko herriak menderatuzko abentura eta negozioez gain barne abenturak maite dituena, lurrarekin eta itsasoarekin lehian. Zergatik erabat aldatu natura, zergatik lurralde artifizialak lortu, honek sartzen dituen gerorako arriskuekin.

 

Dena da hondarra baina ez dago hondartzarik, ez dago inor ez bainatzen ez eguzkia hartzen: agian Rhin eta Mosa ibaiek erabat kutsatuta daude urak.

Motoristak taldeka: errepideko auzo, auzolagun, bidelagun edo bidekide ditugu.

Hirira aurreko urrutitik, eliza-dorrea dager: eguzki kontrara ilun, puska beltza, belztura izugarria zeru kontra, karratu bukatua, gotorlekua bailitz.

 

Zierikzee. Kanalek inguratua, ez da herri handia, bai zabala. Stadhuis edo udaletxeak dorre zuri liraina du, kanpaitxo nanozko kariloiarekin: ohitu gara, baina berritan bezala gozatzen dugu ordulaurdenero kariloi doinua entzunez kaleetan ibiltzen. Alboan,  museo bihurtu dute kartzela zena, Espainian hemen antzera  museo berriak noiz sortuko egarri gara Euskal Herrian.  Kaleri zabala, etxe politak aurki daitezke han-hemenka udaletxe inguruan zein erdigune ia osoan; Paternosterstraat, Paternoster kalea, udaletxe aurrean:  beldurrak izutuak aitagureka eta aitarenka joaten ote ziren ba alkatearengana?, kartzelagatik agian!. Plaza: oso luzea da, herri askotakoak bezalakoa, eta nahiko zabala; plaza erdia berdegune ibilekua, eta plaza askotako ohizko kiosko xumea: bada 1651.go 8 zutabeko arkupe zabala duen harrizko eraikin lisoa:  inolako graziarik ez du baina ezohizkoa da Holandako plazetan. Urrutitik ikusi dugun dorretzarra handia, dirurik ezagatik nonbait erdiraino soilik jasoa, halere 56 metro ditu!; harri gris, ia beltzez osatua, belztu planta ematen dio kutsadurak, edo urteen ugerrak. Dorre alboan indigaztainondo ikusgarria, Etxarriko haritz handien tankerakoa. Bere alboan fatxadan 4 zutabe gizen dituen greko itxurako eraiki arrunta: hiru ate ditu, jauregitxoa dirudien dorre gotikoa bata, kantoietan teilatu konikodun zilindroz babestutako  kubo airosoa; elkarren ondoan beste biak, bata oinezkoen atea da, barne porturako ontzien sarrerara;  besteak, oinezkoenak, bi ate ditu erdian patiotxo edo zabalgunea gordez; sendoa da ontzien sarrera eta ondo babestua dago: ate biok harresiaren zatiak dira eta altxatzen diren zubiak dituzte. Harresien kanpotikoko kanalean, agian harresien babesgunea zena, belauntzi eta garraio-ontziak daude.

Lasaiak eta hilak daude  goizerdiko orduetan plaza zein erdigunea. Bisitari asko izanen ditu herri honek, turisterria ez dirudien arren.

 

Lur zabalean bakarti, etxadi baten inguruan, etxebizitza dirudi baina ez da, leihodun adreiluzko dorre hexagonal luzeak ez dakigu zer egiten duen, zein eginkizun betetzen duen.

Ureztatuta dagoen zelai zabal batean zezenak hanka erdiraino uretan sartuta beroa dela eta, freskatzen edo.

Jende eta autoeria erruz dabil gureetan kostaldean ohi den bezala. Hainbat kilometro aurretik hartu behar da aparkalekurako bidea bidegurutze batean, kilometrotako bide luzea eginez herri kontrako aparkalekura heltzeko: kanalek eta padurek erabakitzen dute bideen nondik norakoa; nederlanderarik ez dakigunez nahastuta ibili gara herrira nola sartu ez genekiela. Oinez sartu gara, beste aldetik, ibiltoki polit batetik, baina erneguak beti ernegu.

 

Willemstad. Urez inguratutako herria. Barne itsasoa zaio babes ipar aldetik eta urez itsasoak hornitzen duen kanala beste inguru borobil osoan, baina oraindik nolabait diraute bere garaian zerbait sendoa ziren harresiak. Etxe baxutoek ematen diote grazia bai plazari bai kaleei; estaia bateko bi etxe erreskadek uzten duten erdian bi zuhaitz ilara duen ibiltokia da herriaren zilborra: bisitariek herritarrentzat uzten dute; asko izanik ere, kanpotarrek nahiago dute itsas kontrako ertza; bertako jatetxe eta tabernetan gelditzen dira. Eliza dirudien udaletxea da herriko eraikin ederrena,  fina eta alaia bere karriloi sona. Badu bere portutxoa, baita haize-errota ere. Bada ere soldadu belgikarren hilerria, itsasertzean, gerrako istorio tristea.

 

Sandwichez egin behar izan dugu bazkal legea, afaria geure konturako utzita. Zaila zaigu zenbait jatetxeetan janariari buruz zerbitzariekin konpontzea.

Piparpotea izan dugu ikuskizun eta ikusgai hainbat Europako banderen artean kafetegi aurreko hotelean.

Gureetan bezala dabil herritarra, berotuta, saparen mende; erdi gorri batzuk, azalgorrituta zenbait, putz eta pats besteak, edozelan jantzita asko, ahalegintxoak eginda, dotoretxo   handinahiko gutxi batzuk.

 

Itsasertzeko belar guneetan jendea etzanda, eguzki gose.

Harresiek hainbat gerra eta hildako iradokitzen dute.

 

184 kilometro, errota eta zentral eolikoen auzo eta lagun.

 

Bizipoza ematen duen udaberriko eguzkiak alaitu gaitu egun ederrean.

Asteburuko eguzkipean giza paisaia berezia dute atzoko eta gaurko herriek; giza paisaia biziagoa da eguerdian erdiguneko saltoki eta kaleetan, giza paisaia arinagoa errepideetakoa; inurritegia dirudi  giza paisaiak kanpinean. Gizakia da paisaiari edertasuna ematen diona, baina batzuetan giza paisaia trinkoegia da, itogarria, basoan galduta bezala zabiltza bertan: holakoetan natur paisaia desiratu eta bilatzen duzu.

 

"Hitzen ondoeza", Joseba Sarrionandia,  irakurriz:

1- Pasokoak gara atzerrian, paisaiak pasaiak zaizkigu herriotan.

2- Pasaportea baztertu dute, baina merkantzia izaten jarraitzen dugu bidaiariok.

3- Denbora pasatzen denean denbora gutxiago dugula pasatzeko, hori da pasatzen zaigun denbora pasatzearen arazoa.

4- Nik egunotan irakurtzen dut poesia baina EGIN ez.

5- "Poesia benetakoa": egunotako Auderen poema liburukoak, poema "on", "egiazko" ala "benetako"etan sartzen ote?. Poemok ulertzea bera zaila zaidanez, huts eginen nuke sailkatze ahaleginean. Edozein mailatan daudela, gustura irakurtzen ditut.

6- Sarrio bera da poeta, eta bere liburu hau "poesia hutsa" lehenengo eta hirugarren zentzuan sartzen da, biak zentzu berdinak baitira. Ez da "fingidor".

7- Poesia "hizkeraren askatasuna". Definizio zuzena, balizkoa askotan.

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/10/23 09:50
ZELANDA: Vlissinge-Flesinga, Middelburg, Veere.

Maiatzaren 8a. Ostirala. 13.a - H:12.a

 

“Poemak”, Auden:

* "Beren Gorentasunak  zein herriak / Irlak  hautatzen dituzte kartzelatzat". Irlarik ezean kartzelak bihurtzen dituzte irla.

* "Laboraria eta arrantzalea bata bestearen ongiaz bekaitz". Holandan gehienek laborari edo arrantzale behar dute izan, ia itsasoa eta lur landua besterik ez baitago.

 

Ez dago limarik beste lima batek jango ez duenik.

Ur beroa diruaz lortzen den dutxaren balizko abantaila bakarra gehienetan dutxa libre aurkitzea da. Doakoak eta asko behar lukete zerbitzu publikoak.

 

 

ZELANDA

 

Uharte ezberdinek osatzen dute probintzia hau, baina uharte bakoitza uharte txikiagotan zatitzen dute kanalek: ez dakigu kanalok garraiobide soilak diren, ontzien ibilbide izateko irekiak ala urak drainatzeko ebakiak, edo irla tarteko urak sestra  berdinean gordetzeko  teknika, irlen muturretan jasotako dikeek kontrolatzen baitituzte barruko urok. Oso lur baxuak dira, alboko uraren sestra berdinean daude, baina kanpoko, itsasoko, urak baino beherago. Kamioiak errepidean bezain ugari dabiltza garraio-ontziak kanaletan. Azpitik pasa dugu kanal bat: ez du sakona behar, tunelak berak ez duelako sakonera handirik.

 

Errota edo zentral eoliko pila, haize-lekua da nonbait itsasertz hau. Argindar posteak, bi tximinia txaparro zabal astronomiko horietakoak, aho bete ke biak.

Koltza saila, lehenengoa orain arte Holandan. Zuhaitz ilarak, goranzko lau bost metrotara   moztuak, hesi trinkoa dira, gerrian ateratzen zaizkien adarrez. Beste lurraldeetan bezala, frutarbolak,  frutarbola landatu berriak hesolei lotuak, zuhaitz ilara -makalak nagusi-, belartzak: baina ez dago ez behirik ez ardirik larrean-, gari-sail batzuk, lur arrea ereintza lanetarako prest; landetxe ederrak, handiak, itxurosoak, baina ez dotoreak, inola ere ez handi-mandiak, traktoreak lurra lantzen edo zerbait jasotzen. Nongoak ote gureetara datozen Holandako tomateak, ez baitugu ikusi tomate sailik; negutegikoak behar dute izan.

Horiak dira Holandako trenak.

 

Ez dakit ze irratitan, ez dakit noren "dèjame ser mujer" abestia ari zen irratia piztu dugun unean.

 

XIX. gizaldiaren aurretik itsasoari jandako lurrak dira hauek; ezagun dute, hain baita laua lurralde dena; artifizial  taxua du, inolako berezko basorik gabe, ez da naturala, berezkoa; egina, gizonaren eskuak sortua baizik, fabrikatua, aurrez asmatu edo pentsatutakoa, trazaketa edo plangintza baten ondorioa. Nola egin ote zen lur-banaketa?.

Errepikakorra bihurtzen ari zaigu lurralde hau; hain bitxia zitzaigun paisaia hura;  begiak jarri zaizkigu jadanik lur laura.

Ordoki ezin lauagoa. Bizitasun eta kontrasterik gabeko paisaia, ia aspergarria, monotonoa, polita eta ezberdina zaigun arren; zapala, dena da berdina eta berdindua. Alemaniako lurraldeak bere lautadan edo lautasunean baditu muinotxoak, basoak, nolabaiteko aldatsak eta gainak, zer esanik ez Eslovakia edo Txekiako lurraldeak.  Hemen ez dago horrelakorik. Alemaniako eta beste herrietako lautadak biziagoak ziren, entretenigarriagoak bai gidariarentzat bai begiluze soilarentzat. Giza barnean edo gizarte baitan sartuz, bertakoekin harremanak izanik, giza mundua esploratuz, aztertuz, ezagutuzko bidaia bestelakoa litzateke seguraski, paisaia fisikoak ematen ez dizkigun kontrasteak izango genituzke, beste aberastasun bat. Baina erabat ihes egiten digu giza paisaiak. Ezinekoa zaigu bidaia mota hori gaurkoz eta guri.

 

Argi gorriak pizten zaizkigu bidean masta luzedun belaontziei bidea uzteko kanaletan.

 

Vlissingen. Flesinga omen gazteleraz. Turisterria da, baina ez turisterri merkea, agian ez dira oraindik kinkil-dendak kalera atera garaia ez delako. Kanpotar, jai edo lasaitasun giro lasai atsegina du, gaur bederen: ez da giro izanen jendetza dabilenean: gaur lasai dago, belgikarrak dira gehienbat bisitariak, gertu bai dute. Hotelak, jatetxeak, kafetegiak, mahaiteriak, jarlekuak plazatxo zein espaloietan, baina batez ere oinezkoen hiruzpalau kale kristalezko estaldurarekin, euria edo hotza sarria edo bertakoa delako; kale lasaiak italiar izozki gozoa patxadan xurgatzeko aproposak. Bada etxe pitxirik ere, itsasertzekoaz gain merezi du kale arteko ibiliak. Adreiluzkoak eta baxuak dira hiri ertzeko kaleetako etxeak, baina grazia gutikoak. Bizikletak umez eta poltsaz zamatuta doaz erosketatik edo eskolatikandraskoak. Bost dorre nabarmentzen dira, bakoitza mota erabat ezberdinekoa: udaletxeko modernoa bat, itsasotik gertu dagoen adreiluzko borobil dotorea ze betebehar betetzen zuen ez dakiguna beste bat, itsasertzeko pasealekuan berrikuntza lanetarako aldamioz bildutakoa hirugarrena presoen dorrea deitzen diotena, plater hegalaria dirudien Armategikoa,  eta, azkenik, elizakoa:  bost dorre, bost aro, bost molde. Portu handia du: etengabeko sartu-irtena da kabotaje zein ferry ontzi handiena. Adreiluzkoak dira nasako hormatzarrak: Armategiko almiranteari hegazti ipurbeltza jarri zaio buru gainean, hirietan estatuei uso zuriak bezala. Errota Armategian, turisten omenez, ibilian. Pasealeku aukerakoa hondartza eta portu ertzean, aurreko badia zabalari, badia ertzeko urrutiko itsasbazter horiari eta itsasoan joan datozen ferry eta garraio-ontziei begira. Dike zabal batek hesia jarriko bailio, itsasoa eta hondar hori fineko hondartza zabala: artifiziala dirudi, Donostiko Grosean, Canariasko las Teresitasen edo Benidorrekoan bezala ontziz ekarri eta barreiatutako harez sorturiko hondartza. Etxetzar moderno berriak pasealeku gainean, etxe gehiago jasotzen ari dira: antzinako etxetxo ilara gelditzen da oraindik ertz batean, etxetzarren jarraian: itoko dituzte hauek ere Donostiako Kontxan bezala: espekulazioa. S.Jakobo eliza: jadanik ohitu garen horietako gotiko handia: leiho gotikoak nabarmentzen zaizkio, neurriz kanpokoak, luzera-zabaleragatik: itxita hau ere!.

Zama-ontzi eta Ingalaterrarako ferry erraldoiak portura edo portutik joan-etorri etengabean badian; bestaldean itsasbazter luzea urruntasunean iluna, hondarraren marra horiak itsasertza marrazten duela. Holanda osoan bezala, hemen ere ez dute zebrabiderik gordetzen gidariek: oinezkoak arriskatu behar du kale erdira autoak geratuko badira.

 

Porrua egiten ikusi dugu neska bat kale erdian, lasai, naturaltasun osoz; ez da lehenengoa, gazte talde bat ere ikusi genuen nonbaiten patxada osoan porrugintzan: legezkoa dute nonbait!.

 

Omleiding deitzen da Holandan unmleitung alemaniarra edo euskarazko desbideratzea. Berrikuntza lanak direla-eta  Vlissingen-era sarreran aurkitu dugu bat, Migdelburg-en berriro, baita Veere-ra irteeran zein hiri barruan ere etxera bidean hiria zeharkatzerakoan: iragarrita dago ordezko bidea, baina, segurtasunik ezak, hizkuntzarik ez jakiteak, eta ustekabeak urduritasuna sortzen digu, hanka sartzeak berriz kilometroetako desbideraketa zein kale arteko ernegua dakartza.

 

Middelburg. Kanalek eta kaleek biribilean eta espiralean biltzen eta zeharkatzen dute hiria barraskilo oskolaren itxura emanez planoari. Uharteko hiri nagusia, jende asko dabil kaleetan eguerdiko eguzki beroan, gainezka egin gabe bizi-bizia dago erdigunea. Merkatari hiria, saletxe hiria: dendateria, biltegi, erostetxe eta abar ugari.

Markt, zabala, bertan Stadhuis udaletxea, harri zuriko gotiko zoragarria, paregabea, loratua, eguzkipean disdaitsu: begiratu eta begiratu egon gatzaio, begirik kendu gabe, ez du aspertzen; mila zehaztasun, fatxadako gizairudietatik hasi karilioiko iruditxo urrekolore bizietaraino: sartu nahi izan dugu muturra barruan ere baina ordaindutako gidaz soilik ikus daiteke barrutik. Alkabuzarien Egoitza: ederra da, ederrak ditu bai fatxada bai ostea.  Abdij: monasterioa izandako eraikuntza izugarri zabala, zabala bezain ederra, hiri barruan bertan, kalediak bilduta; adreiluaren festa edo erakusketa: dena dorre, dorretxo, tximinia eta leiho; apaindurarik gabekoa, ia biluzi soila, eraikuntza-sail  korapilotsua baina ederra, handia eta erosoa, zehaztasunak bai banan-banan zehatz, bai bere osotasunean ikustekoak;  herri oso bat, monasterio zenbaitek izan ohi duenez: klaustroa, barne plaza erraldoia, plazatxoak, gutxienez 10 dorre puntazorrotz barne plaza bueltan, harrizko dorre tantaia zeramikazko koroa koloretsua gandor duela, zeruraino luze; dorrea ezik ez du zehaztasun ikusgarririk, konplexutasuna eta erraldoitasuna lirateke  alde deigarrienak. Eliza protestantea: itxita!. Agora antzerako arkupea plaza batean: "hemen aurkitu zen Milosko Venus" dio harrian zizelatutako idazki batek; nik Milos irlan aurkitua zela uste nuen. Iparraldeko auzo bateko parke batean miniaturazko 200 etxe berregin dituzte; ez dakit zein uhartekoak diren: jende asko dabil; ez gatzaio joan. Kanal alboan, nola ez!, haize-errota.

 

Agerpen bat bezala izan da: atso handia, bertako jantziekin jantzita mandaturen batera: kofia zuria, orkatiletarainoko gona beltza, amantal grisaxka, lepoko ilun puntazorrotza bizkarrean, gonan sartuta gerrian bularpean.

Atzo Bergen bezala ezinduak daude beraien jagoleekin udaletxe sarrerako mailadi aurrean gurpil-aulkietan ezkonberriak noiz irtengo zain: Zahar  Egoitzaren  ostiraletako aiton-amonen ekintza entretenigarria da nonbait.

Ostirala, ezkontzak arratsalde erdian, eta zalgurdiak ezkonberri eta lagunen zain.

Eliza protestanteak: biluziak, baina arte erakusketaz beteak.

Turismo gunetan, izozki denda italiarrak.

Nire oharrek ez dioten arren, hemen aurkitu genuen tatuaje denda eta tegia: tatuaia aukera piloa, bezero pila zegoen zain.

Galduko nintzateke hainbat ipurdi eta bularrengatik, baina beraien zenbait jabeengatik ez.

 

Veere. Garai batean aberatsa, gaur egun turistei erakustekoa: aintzirak, errota, kanalak, padurak, altxatzen diren zubiak... hesi berdez eta adreilu hesiz inguratutako etxe bakartiak kale edo herri zabal berezia osatuz, kale eta kanal kontrako ibil-lekua dike berde gainean: huskeria bat, ezebetxoa, baina ze polita!!!. Herriko plaza, luzea da, berdegunea du erdian, umeak jolasean irudikatuzko eskultura politekin; bertan dago harrizko udaletxe ederra, 48 kanpaiko kariloiarekin. Etxe bikainak, batez ere 1570eko bat eta bere albokoa, pasealekuan Eskoziako merkatarien bi etxe eder; bada denda ederrik ere, tartean harrien aukera handiko bat. Harri beltzeko putzua, herrikoa omen, tenplete batez estalia. Harresiz inguraturiko elizatzarra: dorre handia, harrizko sostenguak eta adreiluzko estalgarriak aipatekoak.

Auzoko bilera bat zuten eliza alboko kalean bertan: talde polita biltzen ari zen.

Atzo Bergen bezala ezinduak daude beraien jagoleekin udaletxe sarrerako mailadi aurrean gurpil-aulkietan ezkonberriak noiz irtengo zain: Zahar Egoitzako ostiraletako aiton-amonen ekintza entretenigarria hemen ere.

Veeretik, 7 kilometrotara, luze eta lerden ageri da Migdelburg-go eliza-dorrea.

Parkinga ez da hain garestia batez ere Alemaniakoa gogoratuz.

El Pais-en irakurri dugunez, asteazkenean izan ziren hauteskundeak Holandan. Ikusi dugu zenbait propaganda, zenbait herritan mahaiak ere ikusi ditugu  propaganda eskainiz, baita kartelak ere hautagaien karetoekin, baina hauteskunde egunean ez genuen ezer apartekorik nabaritu ez Deventer-en ez Zutphen-en. Hauteskundeek ez dute inor inon liluratzen nonbait. Politikoen kontuek ez dute sortzen herri soilaren ez lilurarik ez interesik.

 

165 kilometro, onleiding-engatik ez balitz lasaiak.

 

Holandarrek ere ez dute oherako presarik ostegun gauez.

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/10/19 09:29
HOLANDA HEGOA: Deventer, Zutphen. IPAR BRAVANTE:Bergen op Zoom, Thole.

Maiatzaren 6a.  Asteazkena. 11.a - H:10.a

 

“Poemak”, Auden: "Haizeek daragite eguraldia”. Fina da hemen haizea, bustia eguratsa, hotza da Maiatza Holandan aurten. Ez dugu "barometrorik hatzaparrez panpatzeko", ezta "publimetrorik aztertzeko", baina eurizirina ari du eta zer eguraldi egingo asmatu nahian gaude ze jantzi jarri erabakitzeko. Eguna lardaskatzekoadina beste euririk ez du egiten. Euria ez da inola ere bukolikoa bidaiariarentzat, gogoa ere narrastu egiten baitu.

 

Ez gara ardi-galdu bakarrak: bada beste etxatoi bat ere kanpineko beste ertzean.

Iaz Txekian eta Eslovakian nuen arazo berdina dut: ezezagunak eta zailak zaizkit herri zein lekuen izenak, begiek ikusitako irudiek ez dute hitz ezagunen euskarririk  oroimenean ainguratzeko, beraz ahaztu egiten zaizkit listo; irudiak hor dabiltza bizi nire garunetako sarean, baina solte eta nahasian zeri lotu ez dakitela askotan.

 

Idaztearen zenbait arazo: idazleak badaki hiztegiak baduela, beste hainbat idazlek asmatu duela ere, azaldu nahi dudan iritzia agertzeko hitz zehatza, buruan dabilkidana baina zehatzagoa eta dotoreagoa, baina ez dut gogoratzen, hitz horren bila dabil garunetako artxiboan baina ez zait azaltzen. Mingarria da sarri norbere mugaz, norbere ezinaz, jabetzea, etsigarria nahi dena azaldu ezina.

Sarri ez da puzkarrik botatzen kaka izanen den beldur.

 

HOLANDA HEGOA

 

Aurrekoarekiko tartea gordetzen ikasi nuen Alemanian, Austrian argiak piztuta eramaten, hemen, Holandan, astiroago gidatzen. Patxada handiagoko gidaria da gidari holandarra ala poliziaren beldur da?, poliziarik ikusten ez bada ere errepidean, agirian behintzat.

Zaparrada, arbola-azpiz  arbola-azpi doa kortara behi aldra ilara zuzen eta gordean: behiak inozoak zirelakoan gu!.

 

Zoroarenak egin ditugu bide txikietatik, herritxoz herritxo, helburura zuzendu ezinik, ez baitago iragarpen zuzen edo osorik atzerrikoontzako. Baina beti lez taxutu gara bide egokira: ia behartu egiten zaituzte autobidea erabiltzera. Bide galduetan  ibili gara: paraje politak  kanpotarron begiontzat idilikoak; nekazari lurrak, kanal baten bide berdina eginaz doa bere albotik errepidea, esklusek eta zabaltzen diren zubitxoek lotzen dituzte etxeak errepidearekin, txanelak, peskariak, ...; tximinia luzea zuhaitz artean zuhaitz erraldoi luzea bailitzan, padura zabalak ibai kontran, zisneak batzuei lepo zuria soilik ikusten zaiela belartzan, uretako hegaztiak eta aurten lehenengoz ikusten ditugun enarak ur azaleko hegada bizkor jirabiratsuan ehizan.

Oso ona da Holandan errepide zorua. Ia bakarrak gara errepidean, ibai zabalaren kontrako bidaia lasaian.

 

Oso ilunak dira zonaldeko nekazal etxeak, ia beltzak korta eta inguruko txabolak; ez dira landetxe ederrak, pobre itxura dute, xaloagoak, bere ingurua ere zikinagoa, ez hain zaindua. Hemendik ez dabil turistarik, hau ez da turistentzako erakusleihoa; agian ohizkoagoa, jatorragoa, berezkoagoa delako zaigu politagoa, besteak prestatuegiak, artifizialegiak dirudite, lar zainduak; agian hemen ikusten dugun hau da nekazaritza errealagoa, benetakoaren hurragokoa; egon zainduta eta txukunak daude egon landetxeok, bitxiak ere badira, baina ez dute besteen jauregitxo itxurarik, soilagoak, gutxiagorekin, xumeago, bizi diren itxurakoak.

Banaka-banaka errotak han-hemenka, turista-leku dirudien ibaiaren bestaldean; ibili ere badabil errota bat baina besoetako oihalik gabe, argindarrez beraz, bisitarien amu.

 

Nabaria da kilometro gutxiren barruan leku batetik bestera dagoen ezberdintasuna. Aurreragoko esparru batean landetxe bikainak aurkitu ditugu, egituraz, tamainaz, dotoretasunez eta tresneriaz itxurosoagoak: lurraren eta diruaren arabera seguraski aldatzen da etxe eta etxe-bueltaren jitea; nekazarien artean ere gehiago eta gutxiago dutenak daude, pobreak eta aberatsak, larri egiten dutenak aurrera eta lasai eusten diotena egonari: diruak laguntzen dio txukuntasunari, agian baldintzatu ere bai zenbait egoeratan.  Aratzagoak daude lursailak, ez dira hain zabalak, ez dute tarteko erretenik,  berez doa nonbait ura ibaira lur azpitik, berezko drainaduran, lurra gorago dagoelako edo.

Belartza eta esne-behiak errape puztuekin. Bada behi marroi-zuririk ere: etorkinak izanen dira behi hauek. Gu atzerrian gabiltza baina ez gara atzerritarrak, pasokoak besterik ez,  behiok bertako ote?

Adineko gizona segan: segak gureetakoek bezalako heldulekuak ditu, baina kirtena erabat konkortua da, kurbo garbia.

 

Deventer.

Ezuste bitxi batez hartu gaitu hiriak: sarreran, lehen etxeetan,  gorputz erdi biluziak erakusten dituzten neskak izan dira. Sexu zerbitzua eskaintzen duten neskok izan dira hiriak eskaini digun  ezberdintasun eta aldagai nagusi ezohizko deigarriena: 10 bat emakume daude bakoitza bere erakusleiho zabalean bezeroen  zain,  erdi biluzik ohi denez, irribarretxoz gorputz oparotasuna erakutsi eta eskaintzen.

Hiri barruko zehetasunez gozatu dugu guk; guardasolpekoa izan da  hiriko ibilia, eta ibai ertzean paseatuz bukatu dugu bisitaldia.

Kanal batek inguratzen du hiri osoa, harresi barreneko urez betetako lubaki sakona bailitzan. Adreiluzko hiria, ugariak dira 1600.go etxe apartak: ibili, bilatu eta gozatu; ez dira berealdikoak baina bai bere estiloan bikainak; etxe berriak, nahierara eginak, antzinakoen jitekoak; batzuk altzariak etxera jasotzeko gakoa dute teilapeko irtentxo aproposean. Brink plaza, luzea, ez hain zabala, irregularra; eraikuntza ederrak bertan, irudiz oso apaindu eta landutako errenazimenduko fatxadak tartean; baina batez ere plaza barruan baina ertz batetan waag, alboetan dorretxoak eta sarreran harmailari zabala dituen eraikin ezberdin bitxia, balantza publikoa izandakoa; ertz berean Espiritu Sainduaren  Ostatua. Bada bigarren plaza zabal bat, etxeez aparte Stadhuis zaharra eskaintzen diona bisitariari: aparta da taxuz, ornamentuz, eta kolore gorri zuri kontrajarriez; plaza honetan dago Grote Kerk elizatzarra. Kale nagusia litzakeenak ez du ezer berezirik baina xarmanta da, erosketa-gune apaina; eraikin bateko horman pintura deigarria: leihotik ihes egin nahi duen emakume bat hormatik zintzilik. Badirudi harro daudela hirian bere dendateriaz. Eliza Apostolikoa: multzo xarmanta da, nanoa, erdigune bilduarekin. S. Nikola eliza edo bergklerk: urrezko oilarra gandor duten dorre-punta zorrotz luzeko bi dorre motz karratu fatxada biluzi zabalean: protestantea, erakusketa berezia dute eta kobratu egiten dute, beraz sarreratik soilik ikusi ahal izan dugu: gotiko garaia, erabat biluzia, oso argia, ganga pintatuekin. Grote Kerk: protestantea ere; ez zaio iragarritako erromanikoaren aztarrenik egeri: handia, kanpotik ez du irudirik; barrutik gotiko argia, biluzia, ganga pintatuekin; kripta du erromanikoa pilare landu eta ganga pintatuekin; pulpitua da elizako ardatza: eliza erdian kokatua, aulkiteria osoa bertara zuzendua dago, oholtza eta mahaia pulpitu pean daude; presbiterioa hutsik dago; 2 organo, berdea bata, ikusteko ederra; fresko hondakin ederrak; harri beltzeko hilarri tailatuak, zapata-zolen eraginez ia leunduak batzuk; komuna ere badu, kafea ere ematen dute eta sarreran bi ahoko gurpildun itsulapiko erraldoia.

 

Etxe-blokeak ditu herritik kanpo, baita kirol-portua ere ibaian.

Bizia doa ibaia, noizbehinka izugarri hasi izan da marrek erakusten dutenez: etxeetako lehen estaiaraino 1993.goan. Kanpotar asko ibiliko da, turistentzako hainbat ontzi dago behintzat, baina ez du turisterriko dendateri merkerik, ezta Lourdes kinkila dendarik ere.

Zeinekin hainbat su-egur ebaki genuen Mispillibarko esku-zerra ikusi dut erakusgai ferreteri edo burdindegiko erakusleiho batean. 

 

Errepide nagusitik goaz;  etxaurre oso zainduak, dotoreak, berriz ere.

Istripua egon da Zutphen-era bidean eta ordezko bideak bilatuz moldatu behar izan dugu, herri eta soro arteko bide meharretatik.

Harritzekoa bada ere, orain arte ez dugu aurkitu pizzeria italiar ganorazkorik.

 

Zutphen. Guardasolpetik ikusi behar izan dugu. Iritzi ona eragiten du sarreratik bertatik, etxeteria baxu txukunagatik. Erabat adreiluzko herria, kaleko zorua barne; geratzen zaizkion harresi hondarrak ere adreiluzkoak dira. Kanalez inguratua, hurragotik bizi du kanala hiri honek, badu lotura berarekin, barrura ere sartzen baitzaio. Gustura ibiltzeko herria, ibiliz luze ikustekoa, lasaia, hainbat zehaztasun xarmant ditu arretaz begiratuz gero: etxe apartak han-hemenka denean, bai plazan bai kaleetan; sarrerako atea dorreko teilatu luze zorrotz eta beltzarekin; liburutegi bihurtutako eliza gotikoa: bizitasun handia du, poltsatan daramatza jendeak liburuak; plazak gehiago dira kale zabalak ohizko plazak baino: S.Gravenhof  litzake agian zabala, baina berrikuntza tresneriaz erabat ikusezina dago; balantza publikoa uste duguna oraindaino ikusitakoen antzagatik; dorre ederra sarrera dotorearekin; Gotekerk itxita bilatu dugu: deigarria kanpotik, dorre sendoa du, buru moskotearekin kapelu konikorik gabe.

 

Hiri honetan bada ipurterre pitojole bat behintzat.

Atzerritarrak: agian deserrotuak edo deserrituak. Zutpen-en erostetxe handiko jantokian gure alboan bazkaldu dute lau arabiarrek, mutikoa zuten beraiekin: bere herritik, bere senditik, bere girotik at edo urrun hazi  den mutila; agian jadanik Holanda da bere herria, besterik ezagutu ez duelako, baina onenean ere barne tirabira asko egon behar du barne zokoetan, kontraesan eta kirrinka ugari barruko tolesduretan. Guk gure herri zapalduan bizi garenok  ere kontraesanak bizi ditugu eta!.

Herri hasi orok du liburutegi oparoa, zerbitzu aukerakoarekin, eraikuntza ganorazko batean: herri baten ezaugarri paregabea.

 

Arratsaldeko bostetan, lana bukatu dutenek bete dute autoz  errepidea, semaforoetan ilarak sortuz: gizarte "zibilizatu" modernoaren zerga.

 

135 kilometro, euripean eta guardasolpean.

 

Maiatzaren 7a. Osteguna. 12.a - H:11.a

 

Bilboko San Antongo elizako Parrokoa mito bat zen: zer ote da mitoa bere baitako bakardadean,  bere barnearekin aurkitzen denean, bere eguneko bakarraldietan, kanpora begiratu gabe?.

 

Kanpin bakoitza irudimen eta asmamen ezberdinen eredua da: bata zuhaitz eta sastraka hesiz  banatutako esparruek  osatzen zuten, esparru bakoitzean etxatoiak ertzeko borobilean kokatuz berdegune zabala geratzen zitzaiola erdian; zuhaitz arteko garbi-gunez baliatuzkoa da bestea baso barneko giro propioa sortuz; gaur utziko dugun honek,  berriz, ez du ia hesirik, jauregi bateko lorategia dirudi, zaldi-jauzietarako langak diruditen ohol apalek, baina batez ere lora torto eta zuhaixkek erabakitzen dute etxatoi bakoitzaren kokalekua.

Trena doa gertu kanpin honetan, ia jabetu ere egiten ez gara egiten tren-hotsaz: hori da egonleku leku idiliko honetan kutsadura pozoituena.

 

Bagoaz, gure ibilian aurrera, beste kokagune batetara.

Hegoaldera berriro, udazkenean hegaztiak bezala; mendebaldeko ertzetik gorantz jarraituko dugu gure migrazio begiluzean.

Ibai zabalaren gainean burdinazko habe eta burdinazko hagaz ehundutako sare zirkular erraldoia osatzen duten zubiak dira hirien sarreretako paisaia ohia.

Urbanizazio zabala, etxe txikiak elkarri lotutako horietako denekoa, ez dakit zein herritan. Tarteka Nafarroan Erribera aldeko errepide nagusian lez pinu txankame basoxkak errepide ertzean. Autoteria trinkoa errepidean, ohizkoa baino arinago hainbat. Trinkoa da belarra, trinkoak dira behi aldrak zelaietan, ohizkoa bezain  mantso.

 

Amersfoort, erabat farolez argiztatuta dago kilometrotan autobidea inguruan .

Bazterrak ez daude garbiak zikintzen ez direlako, garbitzen dituztelako baizik: garbitzailea ziri luzearekin oraindik heldu ez den ingurabideko  bazterrak plastiko eta paperez kakaztuta daude: Zikinak dira holandarrak ere nonbait, herriak eta bazterrak garbi planta badute ere.

Gidaria soilik zeramaten hiru militar furgoneta: ezohizkoa hainbeste kotxe eta hain soldadu gutxi.

Aladin Circus konboi luzea aurreratu dugu.

 

Etxe-orratz sendoak ageri zaizkio hiritik at Utrecht-i, industria edo bulego gunea dirudi. Amsterdaneko kokagunetik itzuliko gara hiria ikustera.

Utrecht-etik beherantz ibaiak, kanalak eta zelai tarteko erretenak urez oparo, etenik gabe; Rhin ibaia berriz ere halako zirrara sortuz zubi luze gainean zeharkatzen dugunean. Lautada babestuz, ibai ertz askok du muna sendo garaia, oinezkoen zein ziklisten bidegorri bilakatua. Apalagoak, xumeagoak dira landetxeak.

Errota bakartia, urrutitik begibistan.

Maastrich-en ikusi genuen azkena: hor dago berriz ere tximinia txaparro sendo borobil erraldoia bi ke-korda luze hodeietaraino luzatuz.

Eliza-dorre lirain deigarria.

 

IPAR BRAVANTE

 

Berriz ere Hegoan, Belgikako mugan, oraingoan Anberes parean. Probintzia honetan eta Zelandakoan banatuak izanen dira  egunotako ibiliak.

 

Kanpina.

Nahasteren bat gorabehera, erraz jo dugu kanpinera. Harrera itxita dugu ordubiak arte, langa baina zabalik dago. Kokatu egin gara geure kontu, ordu bietan joango gatzaie izena eta abarrak ematera. Argindar eta ur-hartuneak harria eta zuhaitz-enborrra imitatuzko plastiko merkeak dira.

 

"Where are you from?" etorri zaigu morroi bat geroago ate joka; nik haina ingeles daki, beraz biok baldar: "Bask kountry"; ezentzunaren aurpegia jarriz nederlanderaz bota dit erretolika. "Espainia eta Frantzia artean...".  ".... Barcelona?", futbolista edo olinpikoa da nonbait morroia. Halako batean: "Ak bask!" eta atzamar lodia jaso du irribarretxo batez lagunduz. Izena ematera joan behar genuela esatera etorria zaigu. Harrera gelan egin dugu berriro elkar topo: "adios" erantzun dio nire "agur" diosalari: luzarorako dugu euskaldunok espainiar zama.

 

Bergen op Zoom. Arratsalde-pasako herri atsegina. Herri berri bat sortu zaio itsas kontra. Kanalak ditu inguruan, alde bata inguratuko balio bezala. Parke ederra, pasealeku atsegina itsas kontran ere: nahiko hila, aterpe edo babesik gabekoa. Plazatxo batean gerri lodi eta gorputz luze zabaleko astigarra. Aparkaleku ugari bisitarien erraztasunerako. Oinezkoen saltoki-kale luze lasaia eta lasaigarria. Ezer nabarmentzekotan Grote Markt plazan planta oneko harrizko udaletxea aipatu behar:  ia apaindurarik gabeko austeroa, behe estaiko aretoan beheko su luze eta estua, tapiz ederra batzar aretoan horma osoaren tapaki eta apaingarri; kafea hartzen dute udal bileretan: bere kikara du zinegotzi bakoitzak. Grote Klerk irekita dago baina ordaindu egin behar da sarrera: gotiko argia, garaia, biluzia; ikusten zaizkio zurezko taila batzuk eta izanen du jauntxoen hilarri beltzik ere zoruan; harrizkoa du alde bata,  adreiluzkoa bestea; hemengo elizek ohi dutenez dorretzar karratu sendoa kupula antzerako bukaera kurboarekin.

 

Turista-gune edo parranda zale leku  bihurtuko da.

Ikusten dugun bigarren  biraderadun organoa.

Ezkontza eguna da nonbait, han zeuden elbarri eta zahar mordoa gurpildun aulkietan eskukada arrozekin ezkonberriak noiz aterako zain.

 

Halster

 

Hain etxe txikiak eta ze eliza handiak herri guztietan

 

Thole. Zelanda  probintziako mugan, kanal batek uharte bihurtzen duen Thole lurmuturrean. Bisitariari bela amaitzen zaion herri txukuna, ibili bakartia du arratsaldeko bakardadean, etxetxo eta erakusleihoei begira hainbat ukitu fin eskainiz. Udaletxea: harrizko gotikoa  du fatxada.  Eliza: harri eta adreiluzkoa, gotiko sendoa du dorrea, tokatzen zaion handia. Urak inguratutako parke lasaia, aukerako pasealekua eta ertz batean haize-errota zuria leiho-ertz gorriekin. Plaza: ez dio arnasarik ematen herriari, baina bada bertan kiosko-ferra-toki bezala bataiatu dugun tramankulua, eskultura bat bailitzan ikusgai; antzinako tresneria. Ia ez dago tabernarik herrian.

Gureetan aurkitu ezin ditugun lorontzi motak, alboetan loreak sartzeko gune irekiak dituztenak.

Beladun garraio-ontzi zaharrak kanalean, txikiak, mutur-motz ilunak.

 

Herri lasaiak izan dira gaurko biak, bere xumean erakargarriak, patxadagatik batez ere.

Kristalezko panelak dituzte etxeetako sarrerako ate-gainek. barruko sarrera argitzeko edo: oso dotoreak dira zenbait panel, apaingarriak jartzen dizkiote zenbaiti.

 

225 kilometro, bide handietako errepide bizkorrak batzuk, bide txiki lasaiak besteak.

BIDAIAK 68- Holanda-Danimarka

Jon Etxabe 2020/10/16 09:48
HOLANDA. FLEVOLAN: Urk, Kanpen, Lelystad, Enkhuizen.

FLEVOLAND

 

Zuizerda barne itsasoari lapurtutako lurrak. Erabat laua, lautada artifiziala, esku digante batek ohol batez berdindu balu bezalako laua. Zirrara sartzen du lur hori dena itsasoari ostua dela pentsatze hutsak. Hondeamakinek harrotzen dutenari begiratuz, ur azpiko lurra iluna da, hondar beltza, lur ustel kolorekoa. Lur harrotu edo goldatu berri asko dago, oraindik lurkolore, ezer erein edo erne gabekoa; ortu-lana egiten da, bada zenbait baratze txiki;  garia dirudiena ageri da sail zabaletan, belar motaren bat izan daiteken berdegune hazia eta berdina ere bai. Ugariak dira behiak, ardiak ez hainbeste, zaldirik ia ez da. Ur asko, ugariak dira istingak: zume antzerako asko ateratzen da bertatik, azao antzerako txorta erraldoi horiak gertatuta daude, taberna eta kafetegi atariko jarleku edo mahaiteri izateko: nik lastoa deitzen dioten teilatuko lasto itxurakoa zume antzerako hau bera da agian.

Berotegi italiarrak, kristalezko etxetxoak.

Arroza izan daiteken sail bat.

Ugariak dira zuhaitzak kanal ertz eta kaleetan, nahiko handiak, ez baina enbor gizenekoak.

Tulipan sail zabalak: gorriak, horiak, moreak... ikusgarria, alfonbra erraldoi distiratsuak dirudite, ikuskizun aparta dira koloretako sail hauek; talde bat ari da lorok jasotzen eta traktorea tulipan artean dabil soro erdian.

Zisne bikotea zelaian  6 bat kumekin, irudi polita izan da.

Lurralde honetako herriak, hala behar, denak dira berriak, lur berriotan eraikiak; leihobuelta zuriko adreiluzkoak,  baxuak; badute holandar jitea baina grazia gutxikoak dira. Soilik, inolako eraikini itsatsi gabe,  bakar, altxatzen den dorrean jarri dute kariloia. Haize-errotak dira famatuak Holandan, itsasertz honetan, aldiz, kontaezinak dira, errota edo zentral eolikoak, haize-zentralak, erreskadan, dike gainean etengabe biraka denak.

 

Lurralde zabaleko lur-andu arrean nabigatzen ikusi dugun itsasontzia izan da irudi bitxia: ikusezina zitzaigun kanala, yatea soilik ikusi ahal genuen, gure begientzat lur gainean nabigatzen zihoan ontzia zen; bitxikeria  izan da, pelikuletako efektu berezi horietakoa.

 

Lakua ere deitu dakioke Zuizerdeeri, bi dike egin bai dizkiote, sarreran eta erdian, dike alboetako esklusak dira itsasoarekiko lotura bakarra.

 

Urk. Zuizerda ertzean. Uhartea zen bere garaian, gaur egun lurrertza edo itsasertza. Herri zaharra da, jostailu herria, kopinen  istorioetarako etxez osatua. Turista-gune bihurtu da, baina arrantzale herria da izatez; etxeek gehiago dirudite etxolak: estuak, txikiak, fatxada zorrotzekoak; badu museo bihurtutako eliza moinonoa ere; atsegina, ez du monumenturik erakusteko, herria bera da osotasunean ikuskizun eta ikusgai. Famatuak dira bertako jantziak: ikusi dugu gizaseme bat, oinez, bizikleta eskutik,  egitura ezberdineko jantzi beltz bat soinean, eta kapelu edo antzerako zerbait, beltza hau ere, buruan.

Holandako arrain azoka handiena omen: Ondarroako portuan bezala ibili gara arraina lurreratze eta ontzi konponketa lanei begira; kamioi-hozkailuak ere han zeuden, baina Ondarroakoarekin alderatuz jostailukoa da portu hau, izan zabala den arren. Begiratzeko gogoa ematen dute zenbait dendek, taxuz eta dotore apainduak baitaude.

 

Eltxoz josita dago gaur arratsean herria, azken eguzkiko epelera eltxook bete dute horma zuri inguru oro.

Ez dirudi, begiratu batean, itsasoa lurra baino gorago dagoenik, dikeek ez dute ura lur gaindi dagoen sentipenik sortzen.

 

Zaila zen hain fede onekoa, bizikletak lotu gabe uzterainoko fede onekoa, izatea holandarra: gaur ikasi dut bizikleta orok duela jarleku azpian itsatsia, bizikletak berarekin dakarren zepo berezia: sakatuz ixten da, baina giltza propioz soilik zabaltzen; asmatua dute beraz kate eta antzerako loturarik ez erabiltzeko sistema; Holandan ere ez da inor inorekin fidatzen bizikleta kalean uzterakoan.

Eguneko eguzkiaz baliatuz belarra ebaki eta jasotze lanetan ari dira jotafuego nekazariak. Berdea jasotzen dute belarra, azpikoz gora bat eman eta besterik gabe.

 

Errota bat ibai ertzean.

 

         ?   kilometro, atseginak, urez eta ubidez inguratuak, eguzki epelak haize hotza lagun izan dituenak egun osoan.

 

 

Maiatzaren 5a. Asteartea.  10.a – H:9.a

 

Gero eta gehiago ibili eta ikusiz, bai Holanda bai holandarrak gero eta gutxiago edo azaletikoago ezagutzen ditudan sentipen bizia dut. Bertan egonik, beraiengandik urrutiago sentitzen naiz, hain azalekoa baita nire ezagupena.

Bidaia bat puzzle bat osatzea bezalatsu da: Holandako puzzlea osatzen ari gara gu biok.

Dirudien bezain gozoa ote lurralde hau?. Ikusten dugunaren haratago aferak egon behar dute egon, ikusten ez baditugu ere.

 

Mendirik ez delarik, iturbururik  ere ez, nondik sortzen zaie ura Holandan?; lur azpitik behar dute hemen urbegiak: basoko iturriaren lilurarik ez dute beraz, ez dute ezagutzen errekatxoen soinurik, ez dakite zer den baso bat aldatzean edo mendi magalean, lautadako ilaran ia biluzian ezagutzen baitituzte zuhaitzak. Horregatik maite dute Veluwe, erdialdeko basoa. Holandan ez da kare-harrizko paisaiarik ikusten, ezta lurpeko erreken murmuriorik entzuten ere. Mendia bizi ez duen herria da holandarra: herri ezberdina izan behar du. Platera bezain zapala da Holanda, plater axala bezain zapala, hain da laua!.

 

Guk ere ez dugu Holandarren hainbat bizipen. Ez dugu zenbait bizipen ezberdinen esperientziarik. Holandarrak ito egingo lirateke gure mendi artean, gu berriz babesgabe, biluztuaren sentipena izanen genuke lur zabalotan.

 

Jadanik ohitu gara Holandako etxeen jitera. Zein erraz jartzen den gizakia egoera berrira, egun batzuk besterik ez gaude hemen eta besterik ez balego bezala, hala behar duelakoan, naturaltasun osoz begiratzen dugu ingurura.  Baina batez ere, sakonean, geure jatorrira bueltatuko garela ziurtasuna dugulako, inolako harrak jaten ez digulako ez burmuina ez urdaila. Bestelako behar du izan etorkin baten esperientzia eta herrimina.

 

Beira ezik, ez da bestelako zabor bereizketarik egiten zaborrak bota-jasotzerakoan; hemen ez da ageri Austriako zabor mota ezberdinen bilketa sailkaturik, kontainerrik edo ontzirik.

Kanala ez denean erretena, baina lursail orok du bere ubidea; baita etxe-sailek ere.

Ahateak, hegan ez bada, belazean gordeta.

 

Kanpen. 6 dorre ditu begien aurrean errepidetik begiratuz: baxuto mozkotea, gorrian zuria erabilizko liraina, eta kanpaiz beteriko gandor luzekoa dira hiru deigarrienak. Kanalak inguratua eta kanalek zeharkatua; erdiko kanalek ez dute graziarik, ezta erabilkortasunik ere, han daude bere drainatze zeregina betetzen, eta kitto. Herria bera atsegina da, kaleetan ibiliz ordu batzuk atseginez osatzekoa; eraikin interesgarri ugari du, ibiliz bilatzekoak: aitatzekotan 1543.go udaletxe zahar ederra, leihoetako burdinateria eta fatxadako irudi eta dorre bitxiekin; plaza ertzeko kioskoa; 1650. inguruan jasotako dorre karratu garaia kanpaitxoz gainezka dagoen ezkilategi lirainaz gandortua; xarma du kale nagusiak; ibai ertzean jantoki bihurtuta daude baporeak; hirira sarreran 3 dorre, adreiluzko sendoak hirurak, hirurak Genevako Hitzarmenak babestuak, hirurek dituzte dorretxo borobil edo ia borobilak alboetan, hirurek teilatu kono edo piramide moldekoak, hirurek dute teilatu punta luze arbelezkoa, bata bestea baino politagoa, hirurak ederrak. Parke  zaindua eta zabala, kanalek, nola ez, gurutzatua; ur gainean metatutako abarretan du habia ahate itxurako hegazti beltz bekoki-zuri batek; ahate aldra ibili zait jarraiki edo inguratuz, kua-kuaka ozenean, gose nonbait eta bisitarien apurretara ohituta. Judutarren  eliza,  lore-sorta ugari dago atariko harmailetan; S.Nikola eliza zabalik dago, eliza gotiko garaia, biluzia baina bizia, aulkiz beteta dago ilara ez okertzeko edo galtzeko teknika propioarekin lerrotuta; presbiterioa banatuzko zur-sare garaiak taila ederrak ditu, gizairudi zuriz edertuta dago organo zuri altua; irudiak falta zaizkio harri argiko pulpitu gotiko landuari, marmol beltzeko hilarri ugariak han-hemenka zoruan eta dirua biltzeko poltsa beltz ugari eta bereziak.

 

Bestelako erabilpena ematen diote elizari protestanteek: bi gizonezko nagusi daude atean gidaliburu, orri eta postalak saltzen, baina baita gurpiltxodun itsulapiko erraldoia zaintzen ere; presbiterio osteko buelta osoan, absidean, erlijio erakusketa, non ikastetxeek esku hartu duten bai lanak osatzen edo aurkezten, bai gelaka bisitatuz; beraien artean lantzen dute erakusketa irakasleek lagunduta; liburu salmenta egiten dute, kafea eskaintzen, jantzizaindegia ere dute: eliza ulertzeko irizpide ezberdin bat.

Holandan badakite etxe-bloke astun ia zatarrak egiten ere: Kanpen lekuko.

 

Flevola probintziara itzuli gara beste bide batetik (Ez dakit noiz-non atera garen). Atzoko ikuskizun bera errepikatzen da: lur zapaleko paisaian, plater atxala baino zapalagoa den lurraldean, lauagoa dirudi gaur lautadak. Asko dira hazia erein edo ernetzeko prest dauden lur arreak, tulipan sailak dira agian; harrigarri deigarriak dira tulipan sailak: lurrazal zabala dena kolore trinkoz argitsu; zuhaitz txankameheko basotxoak ere gizentzen ari dira; berriak dira herriak, etxe denak oin-estaiakoak, solteak, bakarrak: ez dakigu nekazariak diren ala alboko herrietako langileak bizi diren bertan. Ia herririk ez dago probintzia honetan, dena baita lur landua.

Zuhaitzez inguratuta daude landetxeak, zenbaitzuk oso handiak dira, korta, sabai eta gainerakoekin ausotxoa osatzen dute.

Zentrale eolikoak daude landetxeon alboan, agian landetxe premietarako argindarra lortzen dute beraiekin. Nolanahi Iberdrolaren burdinazko dorreek, gaurko jauntxoen dorreak, zeharkatzen dute lautada, argindarrak menperatzen baitu gizartea. Argindar-dorreok hausten dute bertikaltasunez lautadaren horizontaltasuna, goranzko indarrak dira, lautasuna hautsiz, baina ez zaizkit gustatzen, agian diru eta boterearen sinbolo krudelak direlako.

 

Lelystad. Hiri berria, modernoa ere omen: trazaketan bai bada modernoa; herri egituran, kale-sarearen taiueran, udaletxearen jitean ere modernoa da, baina bestelako etxeak eta eraikinak berriak badira izan, modernoak ez. Ez dakit hiri modernoa den, funtzionala erdizka, berezia erabat; labirinto modernoa dirudi erdiguneko kalediak. Herri ezin modernoagoko geltoki modernoan ez dago komun publikorik, tabernako iragarri ere gabeko komun ziztrina ez bada. Saltokiko eskaintza ohizkoa eta denekoa, baina inguru edo gune berean bilduta dago.

 

Bigarren eskuko merkatutxoa zegoen plazan, herri azoka, bakoitzak etxean sobera duena atera eta saltzen duen horietakoa, baina hau nahiko azoka hazia da: hainbat herritan bakar batzuk soilik ikusi ditugun bezala, hemen herriko jende pila dago, zahar, sasoiko, gazte eta ume, bakoitza auskalo nondik ateratako gai erabat ezberdinak saltzen presio apalean.

Gizon bat hurreratu zaigu mapan hiriko berri eman nahiaz kalean, eta dendari batek hiriko planoa oparitu digu turismo bulegoa itxita aurkitu dugu eta.

Nahiko bide luzea dago itsasora, itsasertzekotzat jotzen bada ere hiria.

Batavia belauntzia, zen bezalakoa, zehatz berdina, dago erakusgai Zuizerdee ertzean: ederra da eta bisitari asko du.

Antzarrak lerroetan eratutako saldoetan zeharkatzen dute ur gainetik Zuizerdee, ez dakigu pasoan goranzko lurretara doazen ala uda-pasa bertan gelditutakoak diren.

 

30 kilometrotako dikea. Alderik alde zeharkatzen du Zuizerdee; esklusak ditu alde bietan ontzien pasabide, trafiko-argiek mozten dute errepidea tarteka. Zirraragarria da harrizko zilborreste hau, zeru iragarri ere gabeko zeru-marra lainotuan galtzen da dikea; harrigarria albo bietan geratu den itsasoa lur landua izan daitekeela zenbait urteen buruan, egitasmoa gaurkoz baztertu bada ere. Dikea zabala da, hegorantz ikus daiteke soilik, garaia baita iparrera aldea. Zisne eta ahate piloa dago errepide alboan, itsasoan; bada padura sailtxoa ere; ugariak dira itsaski arrantza guneak, hesolek erakusten dutenez. Hegazti franko ageri da errepidean autoek hilda.

 

Begi-bistakoa da nola eta zenbateraino erasotzen duen gizakiak natura: nola ez du ba noizbehinka ordaina eskatuko!. Legezkoa!. Norbaitek esanen du gizakiaren ahalmena erakusten duela honelako eraikuntzak, ez dut ukatzen hala denik baina ahalmena eta dirutza beste zerbaitetarako behar litzake izan. Hemen ere eraikuntza bera ez ote zen izan helburua Euskal Herriko errepidegintza bezala: helburua ez litzake bi ertzak lotzea, ezta lur berriak eskuratzea, helburuen helburua lanon bidez dirua mugitu, dirua egin eta auskalo ze erakunde politiko finantzatzea litzake: gehienetan hala da gizarte honetan. Ekonomiak agintzen du.

Nondik etorri da dikeak egiteko harria?; Holandatik ezin, ez baitago mendirik: mendi osoan berdindu behar izan dituzte nonbaiten.

 

Enkhuizen. Zuizerdeeren bestaldean, dikearen beste muturrean, itsas ertzean, Lelystad-en parean urruntasunak elkar ikusezinak bihurtzen baditu ere. Euriak bota gaitu bertatik nahi baino lehenago, baina arratsalde-pasako herri atsegina da. Kale luze xarmanta du herriko ardatz, bertan ohizko etxe dotore fin lirain eta landuak, tarteka bere ezebetxoan gustagarriak direnak. Antzinako edo garai batetako belauntzi luze eta zabalez beteta dago itsas alboko kanala, itsasoa deseatzen duten bisitarien paseo-ontzi  izateko prest; portua berriz belauntzi modernoz lepo: jolas-ontzi dira hauek; kanal ertzean merkatutxoaren bizitasuna garraio-ontzien patxadaren alboan; antzinako 100 etxeen erakusketa lainope garbian; arrantzale auzoak bere ukitu bitxia du; kanal gehiago herri barruan, kanalak zeharkatzeko altxatzen diren zubiak, bada zubi finkorik ere;  Stadhuis harrizko eraikin-koadro errenazentista, ikustekoa omen da barrutik ere; parke zaindu zabala kanalek zeharkatua; S.Pankrazio elizaren 65 metroko dorrea nahitaez enbor sendokoa, ikustekoa omen dena, itxita dute berrikuntzek; laurdenetako kariloia kaleetan...

 

Herriko bi udaltzain neska gaztek ez zekiten non dagoen waag, antzinako balantza publikoa, gaur egun herriko Museoa.

Bai etxeek, bai leiho osteek, bai etxaurreak, gauza eta pitxia askoz dotoretuta daude, barrokoegi, pinpirinegi, gehiegitxo apainduak.

Gazte eta gaztetxo asko dago dendari lanetan.

 

Borobilguneek bideratzen dute zirkulazioa herri sarreretan, errepideko gurutzaduretan berriz argiek.

Ez da garagardotegirik ikusten, kafetegiak bai baina ez nabarmenegi.

Holandan ez dago eskalerik. Pobrerik edo behartsurik?.

 

180 kilometro, eskolan izena ikastea hainbeste kosta zitzaigun itsaso eta itsaso horri lapurturiko lurren erdi erditik eginikoak.

 

Arratsaldeko zaparradarekin M.Luisa eta biok geratu gara bakarrik kanpin zabalean.

BIDAIAK 68. Holanda-Danimarka

Jon Etxabe 2020/10/12 09:43
HOLANDA: Overijssel, Wollen, Staphorst, Gietdorm, Steevijk.

OVERIJSSEL

 

Erraz aurkitu dugu kanpina; ibiliak erakusten du, eta guk ikasi dugu.

Wezep nekazal herritxoan gaude, industria-gunea badugu ere inguruan. Zerbitzugune borobila du, harrizko erdigune inguruan: borobilean daude ere komun zein dutxak,  ber-berak dira gizonezko zein emakumezkoentzat, inolako esparru bereizketarik gabe; txanponekin soilik lortu daiteke harriko ur beroa. Lurra, hondarra da.

 

Zwollen. Probintziako hiriburua. Hiri handia da izatez, baina Alde Zaharra da kanpotarron bisitaleku.  Dena dago itxita, taberna eta ogitarteko denda batzuk ezik, jende gutxi dago zabalik dauden kafetegi gutxietan, kalean inor, guretzat utzia aurkitu dugu herria; ordu biak inguruan hasi da jendea kalera eta kafetegietara agertzen; ez dago non bazkaldu edo zerbait jan, txinoak ere jantokia garbitzen ari dira ez dakigu ixteko ala zabaltzeko; Mc Donals dago zabalik eta jendez oparo ordu mortuotan ere. Ibaia du garraiobide, kanaletan bada ur gaineko etxerik, baita etxe-orratzak ere modernoa deitutako gune berrian. Hiribildua bere garaian, etalitako pasabide edo ibilbidezko  adreiluzko harresi sendoek biltzen zuten,: hondakinak soilik gelditzen zaizkie, ikusteko politak, altxor bezala zaindu eta gordeak.

 

Adreiluzkoa da hiri osoa: herri gehienak dira adreiluzkoak, Zwollen-ek, baina,  adreiluzkoa du kaleetako bai zorua baita oinezkoen espaloiak ere; adreiluzkoa da errepidetik erraldoi eta gailen ikusten den Andre Maria elizatzarra, tzarragoa egiten dute oraindik adreilu gorria nabarmentzen duten tarte zuriek. Plaza: gehiago dirudi kalearen zabalgune luzea; zoruko marrengatik nabari da azoka bertan egiten dela. Kale nagusia, plazaren jarraian, etxetxo ugari landu bitxi petoekin: atsegina behar du izan astegun eguerdiz bizi-bizi dagoenean. Bada bigarren plaza bat, S.Migel eliza bueltan, etxe politez bildua, baina jan egiten du Elizak: ez dakigu plaza erdian eliza jaso zuten, ala eliza bueltan zabaldu zuten plaza. Kanal  batek, agian harresien garaian ere, bildu eta inguratzen du hiria, harresien oinetan bertan, gaztelua urez betetako lubaki zabalak lez, hiria birbabestuz: bizia dario kanalari, bizi da, garraio-ontzi zahar ugari jatetxe dira gaur egun: martxan dagoenean saltsa gustagarria egosiko da inguruan; kanalak oinezkoentzako zidorra du ertzean, luze, pasealeku bikaina sortuz; irekitzen diren zubiek lotzen dituzte kanalaren alde biak.

Herrian zehar etxe interesgarrien artean, liluratzekoak ez badira ere, holandar jiteko eraikin xarmantak aurki daitezke, etxe bakar, bakan eta solteak, jauregitxo plantakoak lurra eta zuhaitzez inguratuak, Holandako petoak: jadanik jabetu gara nik Alemaniakoak uste nituen errenazimenduko fatxada puntazorrotzok Europa osoan egon zirela modan: nork norengan eragina?, non sortu edo nondik abiatutako moda?, ez dakit, arte-liburura jo beharko. Kariloi  kanpaitxo soinu luzeak betetzen du kaledi osoa laurden, erdi eta ordu beteetan, kanpaitxoen kontzertua oparitzen du ordu laudenero: hain da garaia dorrea, hain baxuak etxeak, kale arteko aire osoa da kanpaihotz.

Karlosena  deitzen dioten palazioak tailatutako harrizko leiho-inguru zabala du, purpurinaz pintatutako koroitzarra jarria du bertan nor bizi izan zen jabetu gaitezen: borboiren bat hau ere. Argazki erakusketa eliza izandako batean, hiriko argazki taldeak antolatuta, bertan babestu gara haize hotzetik, gorputza berotu dugu atsegina emanez begiei: argazki pila dago erakusketan, ederrak hainbat, bitxiak beste hainbat; erakustokiak zabalera ezberdineko bi nabe ditu; ganga pintatuak eta organoa gelditzen zaizkio, baita argitasuna ere. San Migel elizak ez du dorrerik, lehen aipatutakoarenak balio du nonbait biontzat: Ginebrako Erabakiak babestutako eliza: ezberdinak ditu sarrera alboko eranskinak, nahiko bitxiak, deigarriak behintzat badira;  beste dena gotiko itxurako handia da. Itxiak ditu ateak, eliza gehienek bezala, zabalik dauden elizetan ordaindu egin behar da sarrera. Liburutegia, kale nagusian, eraikin berri funtzional handia da. Saxoien atea, 1406koa, Holandako hiri-sarrera entzutetsuena omen dena: dorre zabala da dorretxo borobilez bildua eta teilatu koniko pikez txapeldua, grazia du.

 

Hiri honetan hil zen Tomas Kenpinskoa, apaizgai guztien lagun debotoa: museo batek gogoratzen du.

Hiri atsegina suertatu zaigu bazkaririk eman ez digun arren, astegunez itzultzekoa.

Nire ingeles apurrak balio izan digu erakusketan, nik adina  edo antzera dakitenei nahiko ulertzen baitiet.         Where fron?, harrerako gizonak, bera ingelesetik eskas ni urriago, ingelesez aritu gara, ulertu?. Esplikatu diogu Euskal Herria non dagoen. "Buenos dias" erantzun digu irrifartsu. Guk "egunon", euskaraz egiten dugula esaten diogu. Halako batetan "Bask land, Baskilandia", eta hatzaparrak ezpainetara eramanez onespen keinua eta irribarrea oparitu dizkigu. Guk euskaraz idatzitako lerro batzuk utzi dizkiogu harrera koadernoan, ia itzultzailerik duten!.

 

Kanpinera jo dugu bazkaltzera, Erriberako poteak ireki ditugu, eta Etxarriratzean erretegira joanen garela promesa egin diogu elkarri, gustura eta gozo bazkaldu dugun arren poteokin.

 

135 kilometro, lasaiak.

 

Erdi hutsik gelditu zaigu kanpina, baso barruko berdegune lasaia, inguruko tren hots batek eteten duen txori-kantua, baita tarteka gure zulotxoa hozten zaigunean berogailuaren hotsak ere. Patxadatsuak izan dira arratseko ordu aspertuak, atseden etena emanez egunotako zurrunbiloari. Zozoa izan dugu aurreko belartzan saltoka lehenengo eta lurreko zomorroren bati mokoka ondoren;  erabat beltza zen, baina agertu zaio arabazozo tankerako motaduna eta zalapartada batzuk ondoren bota du esparrua bereganatuz: klase borroka txorien artean ere, indarra nagusi, etengabeko tentsioa da natura barneko tirabira, gizartean bezalatsu; Euskal Herriko jauntxoek bakea nahi dute beraien statusa ez galtzeko, patrikak gehiago gizentzeko, baina indarrez eta bortxakeriaz gordetzen dute beraien  bake hori ez demokraziaz edo herriaren nahiaz.

 

 

Maiatzaren 4a. Astelehena. 9.a - H:8.a

 

Holandar zenbaitek ere lorrindua uzten du harraska, ondoren datorrenak axolarik ez diola erakutsiz.

Ilehoriak dira holandar ume eta gaztetxo gehienak, nagusitzen direnean, baina, ile-apaindegi eta aldizkerietako kolorea eta orrazkera hartzen dute gehienek, batez ere emakumezkoek.

Katamixar gorria dabilkigu leiho aurrean: honek ere bere arazoak izanen ditu atzoko zozoek bezala, baina liluragarria zaigu bisita hain polit bizi eta mugikorra.

Mikak  bizitza-ukitua ematen dio berdeguneari buztan dantzariarekin: buztanikara behar luke ere honen izena.

 

Etxaurreetan gureetan ikusten ez den hainbat huskeriatxo eder jartzen dute, erakargarria bihurtuz ingurua: txoritxoentzako kolore biziko kaiola, lorategitxoa, iruditxoak...

Kanalak, kanalak, eta kanalak, aurrean kanalak, alboetan kanalak, edonora begiratu edo joanez beti kanala:  lur baxu eta laua izanik ura  drainatzeko beharrezkoa dira nonbait, istinga, aintzira edo ur-putzu erraldoi bihur ez dadin lurraldea. Kanalez inguratuta dago errepide oro luzera osoan, batzuk erretenak besterik ez dira, beste batzuk kanal soilak, besteak txanelen ibilbide, beste batzuk era oroko ontzien garraiobide; herri askok dute kirol portua, belauntzi edo motordun, ontziz lepo denak; gertu  Zuizerdee lakua edo barne itsasoa, horrek ematen die oparotasuna kanalei eta norakoa edo arnasa ontziei, itsasoraino baitoa kanal oro; zubiak altxatzen dira herri zein errepideetan ontziei bidea emateko.

 

Alboko zelaiak baino gorago doaz, itxura batean, kanaleko urak, altuera berdinean behontat: maila berdinean daude lurra eta ura; errepidea berriz oso goian doa lursailekin alderatuz: altuera eman diote uretatik babesteko, baina agian estualdiren batetan errepidea uren eusle bihur dadin ere, urek errepidea har ez dezaten uholdeetan.  Bere erreten edo kanaltxoa du lursail bakoitzak, erretenok zatikatu, banatu eta sailkatzen dituzte  lursail ezberdinak, jabetzaren arabera, agian ura drainatzeko premiaren arabera.

 

Zorrotada betean isurtzen dute tutu lodiek izurki ilun ia beltza landetxeetatik, animalien kortako zikinkeria datorrela dirudi bertatik; kanaleko ura bera ilun gorrizka doa, baina hainbat peskari dago ertzetan kanabera eskuan duela.

                                                                                                                                                                                                                                                Staphorst. Herritarren jantziengatik omen sonatua, gida liburuak dioenez, baita ate-leihoak berdez pintatuengatik ere. Hori baino askoz gehiago da herria: ikusi dugu, bai, emakume bat, autoan  gidari, buruko lora brodatutako  telazko estalkitxoarekin, ondoren atso zabal bat eta andre gazte bat bizikletan burukoaz gain tolesdun gona zabal luzeaz eta  amantal urdinez jantzita, geroago txokolak zerabiltzan gizon nagusia praka eta botoidun txamarra urdinez jantzia. Zirraragarriak zaizkigu irudiok, baina herrian bada besterik: amaitzen ez den kale luzea da ardatza, luzea baino luzeagoa; kalearen ertz bakoitzean eliza bat, gehienek lastozko gaina duten nekazari etxe bakanak erreskadan, ate-leihoak berdez pintatuak izateaz harago dotoreki apainduak dituzte kristal ostea mila pitxia eta erdiraino zintzilikatutako farfailekin, etxe aurrean lorategitxoa dute, ostealdean  korta eta nekazaritzan ohi den tresneria, dena txukun: palazioak dirudite. Etxaurreko belarditxoan ahuntza, txala, ardia, ... zertarako sega-makina?.

Ipuinetako herria.

 

Adreiluzko laba koniko handi bat da ezustea errepide alboko etxe baten aurrean.

 

Gietoorm. Ipuinetako herria hau ere. Ubideen herria: ubide sare trinkoak inguratzen du etxe oro bana-banan, zurezko zubiek lotzen dituzte alde bietako bideak. Nekazari herria, baserritik bizi dira, behi eta arditik, ubidea da nekazaritzako garraiobidea eta txanela garraio-tresna; etxeetako garraio-txalupak estalpean gordetzen dituzte autoak garajeetan bezala.  Etxe orok, zein baino zein politagoa, lastozko teilatuadu, berdegune edo lorategi zainduekin, jauregitxoa dirudie etxek: ipuin baten barruan barne ipuin bat. Turismoari ere norbaitek ateratzen dio etekina: bada kafetegi eta turista-lekuetako eskaintzarik; bakartxo batzuk gara gaur bisitariak, baina bisitariei alokatzeko gertu dagoen txalupateriak ez du akaburik, motor isil eta geldoko ehunka txalupa: izugarria behar du izan bidegorriak oinezkoez eta ubideak txalupaz gehiago ezinda daudenean, giro alaia izanen da, taldean jijiji-jajajarako aproposa.

 

Txikitako belar mikatz bizia mastekatu dut, 50 urtetik gora ondoren biziki gogoratuz zaporea.

Badira adreilu iluneko etxeak, bizitasunik gabekoak, nabarmentzen ez direnak, ezer deigarririk ez dutenak, nondik-ezagatiedo grazia falta zaienak, inor jabetu ere egin gabe beti dirautenak.

Moskito asko egon behar du: gazia ala geza ote ura?.

 

Steenwijk. Herritxo atsegina, Holandar horietarikoa; adreiluzko zorua du, jendea franko dabil eguerdian kalean. Berrikuntza lanetan erabat nahastua dago erdigunea bizikletadun hainbaten haserrea eraginez. Bi eliza gotiko, gotikoa bata, erromanikoa bestea, agintzen ditu gidaliburuak, baina hiru ere badira herriko elizok, itxita dituzte ateak hirurek, lustre gutxikoak hirurak, kaletik begiratuz ikusten denez behintzat.

Bidaiak 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/10/09 09:36
ARNHEN: Arnhen, De Hoge Veluwe.

ARNHEN

 

Lurralde honetan ahalegindu ziren aliatuak alemanei eusten: 10 mila ingeles soldadutik 7 mila hil ziren!: inguruan dute hilerria; baita poloniarrek ere; errusiarrek  hiriaren sarreran iragartzen dute berea. Boterearen eromena!.

 

Arnhen. Probintzia-burua. Gerra egunetan erabat hondatu zuten bai batzuek bai besteek, -nor etsaia?, biak?-, bonba eta kanoikadaz danbadaka, baina eutsi zioten zutik eraikin batzuk: jauregia izandako udaletxeak, eliza ostean dagoenak, eta kale barruko adreilu gorri iluneko fatxada errenazentistadun horietariko etxe ez askok. Oinezkoen kaledi zabala: gainezka jarri da eguerdi aldera, bertan biradera ordez motorez eragindako kale-organo  handi bat zen deigarria eta ozena. Plazak: ugariak dira; azoka zegoen eliza aurrekoan, denetik dute salmenta-postuetan: txokoloak, zatika saltzen diren gazta handiak eta animali janarien artean txerri belarri keztatu edo lehortuak; aukera ikusgarria dago ortuarietan; tamaina guztiko  aingirak,  itsasmarraskilo handiak eta olagarro erraldoiak dira deigarrienak. Eliza alboko bigarren plaza nagusia erabat aparkaleku bilakatuta dago, ez du eduki ezer deigarririk, eraiki arruntek inguratzen dute eta. Geratzen zaio antzinako hiriko ateetariko bat, ez du grazia handirik, baina badu bere ukitua. Elizak: gutxienez hiru ditu agertzen diren dorreen arabera: bata gerra ondoren berreraikia 93 metroko dorretzarrarekin: kobratu egiten dute sarrera; gotikoa da, eusteko kanpotik dituen horma-bularreko arku-gainek eman digute ezustea: tailatuzko gizairudi pilo dute: jai eman diogu eliza barruari. Liburutegia gerta zaigu deigarriena: lau solairuko eraikin moderno funtzionala; irakur mahaiak eta hogeitaka ordenagailu; hainbat egunkari-irakurle; baina batez ere liburuak begiratu eta aukeratzen dagoen jende pila; hainbat  liburu irakurle dago, hainbat ere ordenadorean lanean; umeek ere badute bere saila jolas didaktikoekin; sartu-irtena etengabea da, ilarak osatuz harrerako mostradorean; poltsetan daramatzate liburuak; liburuak eramateko poltsak ere salgai daude; agiria erakutsi, ordenadorez kontrolatzen diote liburuak eta badoa liburu piloarekin bakoitza; gazteak dira gehienbat bezeroak, agian ikasleak.

Loratuta daude tulipanak sarrerako lorategian, gorriak dira, alboko pentsamendu lore-sail horiarekin nahastean; Espainiako piparpotearen flashak jotzen zaitu begietan.

 

Ezereza izanik ere zein dotore izan ohi den zenbait eskaparate: berezko grazia dute bere ezereztxoan.

Kariloi kontzertu luzea entzun dugu 12etan, kale-arteko ibilian.

Kuartel handia du poliziak: ikusi ez da ikusten poliziarik, baina egon hemen daude.

Gorria da Posta kolorea Holandan.

Eguzkia atera zaigu eguerdian, bero ere izan dugu!!!.

 

De Hoge Veluwe. -Naturgunea, parke bihurtuta basoa. Holandan ia basorik ez dagoenez, gureetako basorik alegia, kontu handiz zaintzen dute, beraz gozatu ere. Pinua, urkia, haritza, zenbait pago, belartzak, zenbait hondar hori tontor, ... Zabala da izan, baina gureetako zuhaitz handirik ez dago. Hesiz mugatuta dago kilometro askotan, zabalera izugarri handian. Erabat laua, gune orotan ageri da oinezkoren bat baina batez ere bizikletaria, bakarrik edo familiaka. Ordaindu egin behar da sarrera, badago kotxez zeharkatzerik, -bidea mozteko aukera eskaintzen du-, baina ordainduta. Bidezidor sare trinkoa du. Saldoka doa bisitaria, gehiena bizikletaz: bertan ere har daiteke bizikleta, doakoa, ezagunak dira, kolore zurikoak: joan, hartu, erabili eta utzi. Egun-pasako bisitari asko dago mahaietan bazkaltzen. Guretzat basoa bera ez da deigarria, hainbeste jende basoan bizikletaz ikustea da harrigarria. Untxikumea ia oinetara atera zaigu: inon ateratzekotan hemen.

 

Museoa.  Holandako museorik garrantzitsuena omen, Naturguneko erdigune inguruan dago kokatuta; bisitari pila dabil ibili, begiluze, koadro eta eskulturei begira: baso barruan bertan era guztietako eskulturak han hemenka zuhaitz artean zabaldutako berdegunetan zabal barreiatuta: han dago Gasteizeko Ibiltariaren seme nanoa, egoneko ibilian; han daude munduko eskultore famatuenak, Txillida falta da: Euskadi kaput. Ibil-leku  izugarri atsegina da eskulturok ikusteko kokaguneak elkar lotzen dituen bidegorri sarea. Pabiloi barruan han daude pintore inpresionista maisuak, Van Gogh da izarra, koadro piloa baitu. Bada bestelako erakusgairik ere, antzinako zibilizazioko zenbait irudi, etab. Arte gehiegi, informazio larregi eman diegu gure garunei arratsalde baterako, zaila geure egitea informazio guzti hori. Azkenerako begiek ez dute gozatzen. Zatika eta noizbehinka ikusi behar dira museook.

 

Holandako landetxeei buruzko erakusketa utzi dugu herri batetan: 70 antzinako landetxe 44 hektareako zabalgunean kokatuak: kilikagarria zen baina jakin-minak ere bere neurria du. Nahiko genuen gaurko ikusitakoarekin.

 

122 kilometro, gozatuz nekatu gaituztenak.

 

Bihar bagoaz; leku atsegina da, baina egoteko,  Etxarri dugu. Inguru hau ezagutu dugu jadanik.

 

 

Maiatzaren 3a. Igandea. 8.a – H:7.a 

 

Orduak iraun duen zaparrada gauean; eguzkia genuen eguna esnatzean, ondoren lainoa.

 

Bidean gaude berriro. Dikeetara eta itsasoari lapurtutako lurretara.

Overijssel probintziara goaz.

 

Sidekar batek lehenengo, estalkirik gabeko kotxe zabal-zabalak gero, hartu digute aurrea: bada kotxe rallyren bat nonbaiten, agian berriz ere antzinako auto-zaleak suertatu zaizkigula besterik ez da. Ikuskizun gozagarria izan da.

Dozenatik gorako suhiltzaile-ibilgailuen konboi bitxia: antzinako tresneria, tresnok gurditxoetan zerabiltzan garaietakoa: atoian daramatzate gaur, erakusketa batetara edo; suhiltzaileen erakusketa mugikorren bat lekuz aldatzen ari dira nonbait: guk errepidean bertan ikusi ahal izan dugu, aurreratu, beraien tartean sartuz…: museo ibiltaria zen eta gu museo barruan ibili gara sartu-irtenean:  bitxiak ikusgaiak, ikusmoldea bera ere ezberdina.

 

Auto asko dabil errepidean,  igandezale edo jaitiar dira holandarrak ere asteburuan; astegunez baino azkarrago dabiltza errepidean:  urduria eta presatia bihurtzen da holandar jaitiarra ere asteburuan. Asteburuko motoristak, ohi denez, taldean  eta hegan. Gaur ikusi dugu lehenengoz "politia" autoa errepidean, motodun mutil bati papera idazten hain zuzen.

Ugariak dira kanal txikiak: edonon lurrak ureztatzeko liratekeen kanalak ur-soberakinak husteko dira nonbait Holandan, euriteetan lurrak aintzira bihur ez daitezen, agian ibaia eta lurrok parean daudenez Rhin ibaiak gora egiten duenerako hustubide. Zisne itxurako hegazti digante zuri aldra aintziratxo batetan: bertakoak ala migratzaileak ote?.

Bosgarren aldiz zeharkatu dugu Tuterako zubitzarra, bost zeharkaldiotan garraio-ontziak, handiak eta lepo zamatuak ur zikinetan apartsu: erromantikoa eta erakargarria zait Rhin garraiobide ibaia.

Gorantzago eta lur landu gutxiago dago, bukatu ziren lur landuak, zainzuriak, ortuariak eta frutarbolak. Zelaia, belarra eta batez ere esne-behiak dira orain nekazarien ogibidea: behi aldrak, milaka behi: jai dute euskaldun baserritarrek eta Galiziara arteko nekazariek holandar esnearen aurka, Europako Banku burua bera ere holandarra den honetan are jaiago. Lur asko eta zabaleko landetxeak; lur oso zabalak dira, landetxe bakoitzaren inguruak behinik behin, oso sailkatuak, artzain mekaniko edo burdina-harizko hesiz gordeak; segur aski belarra zentzuz kudeatzeko sailkatzen dituzte larreok. Ile luzeko behiak Arnhen iparrean; ardi latxa marroi diganteak lirateke guretzat, adarrengatik ez balitz.

 

Ez diogu esatariari piperrik ulertzen, baina albistegiko lehen esamesa luzea Europako bankuko Zuzendariari buruzkoa da. Zeini eman ote dio botoa Aznarrek, iheslari euskaldunak saltzen dizkion Chirac-en autagaiari ala Europan agintzen duen Kolh-i?. Zenbat preso eta errefuxiatuen estradizioa egon ote da orain ere tratu-gai mahai gainean?. Agian Feliperekin bukatu zitzaion salgai zuen altxor preziatuena Frantziari eta ez du esku artean  izen handiko iheslaririk Aznarrekin traturako: ez dugu behin ere jakinen politikoen tratuen mami osoa, lotsaren lotsaz sekretu bihurtzen dituztelako gai horiek bai politikoek eurek bai hedabideek.

 

Veluwe basoa zeharkatzen du autobide zabalak: trukean, naturarekiko erasoa leundu eta zuritzeko itxurakerian, Babesgune Nazional bihurtu dute basoa: baso horretako milaka animalien familiak, taldeak, ohiturak, jokamoldeak zartatu, zatitu eta nahastu ditu autobiak; hondamen edo lurrikararen batek kontinente edo lurralde osoa bitan zatitu balu bezala da beraientzat, tartean zeharkatu ahal ezineko leize-zulo, ebakidura, edo ozeano bat jarriz bezala; bi mundu berri eta ez berdin sortu ditu autobiak  basoan; belaunaldi berriak ohitzen joanen dira egoera eta muga berrietara, harreman eta antolaketa ezberdinak sortuko dira, baina autobide baten naturarekiko erasoa ez da kontutan hartzen, luzarora gizakiak ordainduko ditu larrutik ordaindu ere, ordaintzen ari gara, naturarekiko egin dituen astakeriak.

 

Ugaria da Holandan Shell gasolindegia; mundu guztian hedatu eta nazioarteko bihurtu da. Holandarra izaki: migratzailea da holandarra.  Eurek bai gainditzen dituzte muga  itsaso zein herriak, baina aldi berean mugak jartzen dizkiete basoei, herriei eta itsasoei: kontraesana dirudien egunoroko errealitatea.

 

Apeldoorn-etik gora ugariagoak dira lastozko teilatuak, ez edonolako etxeetan gainera; garia ereiten zeneko kultura hondarra, garai batetako baliabideen ezaugarria. Bi isurialde dituzte teilatuok baina aurrean bisera, irtentxo, estalpea, dute sarrerako atearen babes edo; antzerako eraikinera ikusi genuen Alemanian. Zenbait txabola, lasto aterpe edo lastategik oso irtena dute teilatu ertza  eta hormarik gabe alde bata: lastoa sartu eta ateratzeko erosotasuna; Austriako Tirolekoak ziren ia berdinak. Batak bestearekiko eraginen bat ala biek sorburu bera ote?: agian arazo eta baliabide berdinak dituzten bi herrik konponbide bera aurkitu dute. Euria eta hotza dira arazoa, baliabideak garia edo laku ertzetako zumadiak; konponbidea, lastozko estalkia. Arazoa  - baliapideak - konponbidea. Gureetan txikitan etxeko sabaia edo teilatupea zen lastategia, “sapaixa” deitzen genion.

BIDAIAK 68. Holanda

Jon Etxabe 2020/10/05 09:25
IPAR BRAVANTE. Der Bosch, Zaltbommel.

IPAR BRAVANTE

 

Gaurkoa ez da paisaiari begiratzeko eguna, begiratu bai baina ez ezer ikustekoa, behe-laino horietakoa dugu giroa, astun zapaltzen gaituen berun eguna.

 

Burdinazko kartola altuko kamioietan biltzen dute belarra, lehor horitu gabe, oraindik hezetasunez berde. Nekazariak ezin du Maiatzaren lehena ospatu egun eguzkitsua argitzen bazaio.

Ohitu gara bizikletentzako bidegorria nonahi ikusten, nonbaiten aurkitzen ez badugu, orduan harritzen gara; ikusi dugu agure bat bidegorria utzita errepidetik kotxez inguraturik doana, bidegurutze batean ezkerretik aurreratu gaitu gainera, auskalo zergatik erretxindutako ziztrinen bat edo agian bidegorririk gabe errepideetan bizikletan lasai ibilitako antzinakoren bat,  lege berrietara ohitu ezinik edo makurtu nahi ezta.

Ohitu gara kanaletara ere, beti dugu kanalen bat auzo; hainbat zeharkatzen dugu zubiz; kanal batzuk oso zabalak dira, Europako ibai nagusi horietakoa dirudite.

Ohitu gara zaldietara, baita ardietara ere, baina gaur ardi beltzak nagusi ziren artaldea ikusi dugu: artzainaren ala naturaren bitxikeria ote?.

Ohitu gara kariloi kontzertuetara hiri eta herrietan: ze atsegina den kalean zoazela entzutea ordulaurdenero kanpai-hots atsegina.

Haize-errota, berriz, noizbehinkakoa da, baina egunero dakusagu gutxienez bat: gaurkoa zuri txikia izan da.

Lastozko teilatuak, gaur ere agertu zaizkigu; etxe ederrek dute halako estalkia, ez zen zuzena atzo nioen txabolena zelakoa.

Ejertzitoko ibilgailu mota oroko hilerria edo desegite eremua: zirrara sortarazten du gerra tresneria horrek multzo erraldoian pilatuta.

Errepideko norabide ikurren gehiengo edonongoa, betikoa edo antzerakoa da; zenbait berriak dira batez ere bidegurutzetakoak; bada bat ezberdina: angelu zuzenean ebakitzen den gezi estua. Berehala jartzen zara hemengo ikurrotara ere.

 

S. Hertogenbosch (Den Bosch:basoa). Hemengoa zen XVI. gizaldiko Bosch pintore famatua, Zamoran batez ere Kesusen eskutik ezagutu nuena. Laku eta putzu ugari dago hiri inguruan: ur asko biltzen da, baina ez da inguru istingatsua.

Sarreran aurkitu ditugu orain arte Holandan ikusi ez ditugun etxe-orratzak: asko dira gainera.

Etxe-orratzen ondoren kanala aurkitu dugu ontziei bidea ahalbideratzeko esklusarekin eta altxatzen diren zubi ugarirekin; gerora hainbat eta hainbat kanal agertu zaizkigu gure kale arteko ibilian; ezustez ezuste joan gara: Venezia txiki bat dirudi hiriak, etxe-azpiz etxe-zazpi doa sarri kanala, mila eta bi zubitxo dira bai etxeetara sarrera bai kale-gurutzeak. Zabala da kanalen sarea.

Triste dago hiria bera ere goiz goibelean, baina suspertuz joan da,  inurritegia zirudien erdiguneak eguerdi hotza arren: kale betean ibiltaria harat-honat hotsagatik inon gelditu ezinik. Denaren laurdenik ere ez dio hiriaz gidaliburuak: ibili behar den hiria, goitik behera ibiltzea merezi duena, oinetako zorua fintzeak damutzen ez zaituen hiria: herria deskubrituz pasa dugu goiza eguerdi berandura arte: ez du apartekorik erakusteko, baina hiri oso atsegina bihurtu zaigu. Ezagun da giroan jai eguna dela, baina denda asko dago zabalik: saltegi ona du, ez da turistentzako dendateria merke edo kinkila denda, dotoretasunez eskaini eta erakusten ditu salgaiak erakusleihoetan.

Markt: Merkatua eta azoka eguna suertatu zaigu. Atsegina gerta zait berton dagoen Bosch pintorearen estatua.  Stadhuis, udaletxea, da plazako etxerik ederrena baina ez da Holandako adreiluzko etxe jatorra: dorre bikaina non kariloiaren kanpaiak ageri diren; ozta-ozta agertzen dira fatxadako irekidura estu batean kariloiaren  irudi den zalditeria: behin bakarrik mugitu zaizkigu zalditxo nanook  halako mugimendu bizi bizkorrean, eguerdiko ordu batean. Askotan lez geure kontura sartu gara udaletxe barrura, ezkontzak baitaude gaur: bada beheko solairuan hormak pintatuak dituen areto bat; lehen solairuan, berriz, herriko planoan kanalen sarea bordatuta duen alfonbra ikusgarria: ez genuen morroskoaren azalpenik ulertzen baina begiak ditugunez moldatu gara. Muturra behar ez zen tokian sartzeagatik taldekoak ez ginela konturatzean bota egin gaitu delako morroskoak debekatua genuela toki hura esanez, aukeratuentzat soilik da nonbait altxor hura, baina ordurako ikusiak genituen ikustekoak. Plazan badira etxetxo potxoloak, baita eraikin errenazentistak ere fatxada punta-luzeekin eta leiho eta kontraleiho xarmantekin. Sint Janskathedraal, San Juanen katedrala alegia, katolikoa, hiriak erakusteko duen altxor preziatuena, Holandako eraikuntza erlijioso nagusienetarikoa omen dena: kanpotik gotiko lora-loratua eta handia: santu-iruditeriak, horratzek eta ertz tailatuek ez dute akaburik; kanpokoa bera baina areago loratua da oraindik barrutik; luzea, garaia eta bost nabeko zabala, beirate handietatik sartzen zaio argitasuna;  nahiko iluna dago harria; pintatuak ditu ganga eta nerbioak, begiratzekoa da Gurejaunaren kapera, erdiko zabaleran sabairaino doakio zurezko organo erraldoi tailatua, zurezko pulpitu landua, alboko aldare batean irudi nanoz tailaturiko triptiko bikoitz aparta pintura ederrak diren estalkiekin, hilarri beltz tailatuak zoruan,  koadro ederra da gurutze-bideko bakoitza, koadro eta bitxikeria ugari begien entretenigarri. Kontaezin kandela jartzen dizkiote Amabirjinari; meza edo elizkizunen bat izan du jubilatu aldra batek.

Ezkontza eguna da gaur hirian; pinturadun aretoan ateratzen dituzte ezkonargazkiak: neska zuri jantzita, dotore eta pozik, gutxienez 8 hilabetekoa zegoen, josturak erabat hartu beharko dizkio soinekoari geroagoko egunen baten erabili nahi badu; zaldiek belarriak ere zuriz jantzita dituzten zalgurdi zurian joaten dira ezkonberriak, gonbidatuak berriz antzinako autobus gorri batetan.

 

El Mundo erosi dugu: Etxarrin ere eguraldi bustia eta hotza dutela da berri nagusia. PNVren bake-lanaz ez naiz fida hauteskunde aurrean: geroak erakutsiko du.

 

Txukuna da Utrechera autobia, baina ez dago zainduegia: ez dute belarrik moztu eta segurtasun hesia nahiko herdoildu itxuran dago alboetan. Tuterako zubia, egituraz bera, baina lau bider handiagoa, Rhin gainean. Gaur ez genuen zeharkatu behar baina nire hanka-sartze batek bi aldiz zeharkatzera behartu gaitu. Herriko sarreran berriz buruz behera dago kono erraldoi bat, auskalo zer den, ur-biltegia agian.

 

Zaltbommel. Bertan hasi zaigun euriagatik izan ez balitz oraindik maitagarriagoa izango zitzaigun herria. Kaledi atsegina, holandar txukuna; turisterri ukitua du. Gure gomutako herri alemaniartzat hartuko genuke plaza luze zabala eta etxeetako fatxada puntazorrotzak ikusiz. Bada dorre ezberdin bikaina duen eliza bat: kariloiaren iruditxoak ateratzen zaizkio irekidura mehar batetik ezkutuka-jolasean bezala. Grote Kerk  elizak harrizko dorre izugarri garaia eta sendoa du, bukatu gabeko gain motz batekin; beraz ezin izan zioten kanpairik jarri; apaindura urriko gotikoa da; handia izanik ere, itota dago kale artean, urrutitik libratzen zaio doiki dorrea etxe bajutoen gainetik. Gelditzen zaio hiribildua izan zeneko adreiluzko ate xume bat, bertatik ateratzen da garraio-ontzien ibilbidea ibaira eta ibaiaren alboko oinezkoen pasealeku paregabera, Tuterako zubi erraldoiaren behatoki gunera. Rhin ibaia, lagun zaharra, zabalagoa eta bizkorragoa doa, indartsu, ontzien garraiobide.

Eibartar emakumea hurreratu zaigu NA matrikula ikusita; Holandar batekin ezkondua, herri honetan bizi da; Roke Etxabe, Arrixaga bailarako pelotariaren emaztearen lehengusina. Den Boschen ba omen da etxarriar emakume bat.

 

Ez dugu inon Maiatza Lehenaren inolako aztarrenik nabaritu, jaieguna dela, besterik ez.

Enborra soilik utzi dioten hainbat zuhaitz ikusten da. Elhuyaren irakurri nuen gaitz sendaezina sartu zaiola ez dut gogoratzen zein zuhaitz motari, adar denak ebakitzea izan dela gaitzari bidea mozteko aukera bakarra.

 

145 kilometro, inon biderik galdu gabe.

 

Erabateko isiltasuna da nagusi kanpinean.

 

 

Maiatzaren 2a. Larunbata. 7.a – H:6.a

 

Hemen gaude berdegune honetan, gurpildun etxetxoetan, bakoitza bere kaxoitxotik atera gabe, atarira edo komenara ez bada; elkarri agur esan edo keinu irribarretsua egin beste harremanik ez dugu auzokideok: hiri zein gizarteko indibidualismoa errepikatzen da kanpinean ere.

 

Izugarrizko txori-hotsak biltzen du kanpina. Asmatu dut jolas atsegin bat: txori guztien artean baten pioak  aukeratu eta jarraitu, ondoren beste batena, ondoren beste batena, jarraian beste batena, txori mota ezberdinen arabera edo txori ezberdinen arabera, kantu ezberdinon zerrenda mentala eginez. Aldaera ezberdinak ditu jolasak: 1.- Mota berdineko txoriren bati beste txoriren batek erantzuten ote dion kargutu eta bikote ezberdinak osatu, 2.- Txori mota ezberdinak soinuen arabera sailkatu, 3. Hautatutako txori-kantu bati letra jarri: ez da erraza, txori-kantuak ere poema edo bertsogintzaren erritmoa, kadentzia eta neurri mugatua eskatzen du, baita doinu perpausa bakoitzaren bukaerak elkarlotzea ere bertsogintzan bezala.

 

Ez dugu ez poliziarik ez militarrik ikusten eta nabaritzen, ez kaleetan ez errepidean, noizbehinka "politia" hizkiekin marra gorridun kotxe iheskorren bat ez bada. Estimatzen da ez ikuste hori, baina badakigu hor daudela egon: txakur zaindaririk gabe galdua legoke edozein botere.

Lau hankako txakurra ere ez da batere ugaria ez kaleetan ez parkeetan: holandarra bakardadeak astindu ez duen gizartea ote?.

Mila eta bi museo dago Holandan, herri zein herritxo ia bakoitzak du berea, erakusgai erabat ezberdin eta bitxiak eskainiz. Ez daude nabarmen iragarrita zenbait herritan, guk gidaliburutik ikasten dugu non zer. Ordaindutakoak direnez ezinekoa da denetara sartzea gure aurrekontua hondatu nahi ez badugu. Denak ikusteko denborarik ere ez legoke, Holanda osoa ikusi nahi badugu hilabete batean. Atzo 330 automobil zituen museo bat aurkitu genuen, gaur jaietan erabiltzen zituzten tresneria mekaniko, musika, aparailu eta txotxongiloenak izan dugu; bada gerrako bat ere, mostoarena eta ozpinarena, ehizarena, nekazari tresneriarena, tabakoarena, jostailuena, gatzarena, numismatikarena, garagardo ekoizpenarena...

 

Atzoko egun bera gaur ere: laino umela.

Belar moztu berriko zelai batean ehunka txoritxiki eta bela bandak, hamarretako bila.

Karratua eta horia izan da gaurko haize-errota.

Ez genuela ikusten militarrik!, hara non gaur 23 ibilgailuko konboia!.

BIDAIAK 68: Holanda

Jon Etxabe 2020/10/02 09:31
GEDERLAN: Nijmegen-Nimega

GEDERLAN

 

Ez erraz baina jo dugu kanpinera. Heumen herritxoan kokatuta dago. Ernegatuta, baina lortu dugu etxatoia bere onean jartzea. Kanpina bera ondo zaindua, apaina, berdea, sail zabal ezberdinak zuhaitzez  banatu edo bilduak; ondo taxutu edo prestatuta aurrekoa bezala: hesiaren ertzean jartzen dira etxatoiak erdian berdegune zabala utziz. Ez dago beteta baina jende pila etorri da asteburua bertan egitera: lasai daude, kontu-kontari, jolasean edo egon hutsean. Zerbitzuguneak, argi aratzak.

Nolako arazoak izan dituen kanpineko harrerako emakumeak nire abizeneko "tx" ahoskatzen; gaztelerazko "ch" garbi ahoskatzen zuen baina ez zitzaion buruan sartzen tx-aren soinua, t eta x bereiztuz ahoskatu behar zituen, kosta hala kosta, eta nik besterik esan arren, x-a ahoskatzen zuen ch; ez dugu lortu berak ondo irakurtzerik eta nik behar bezala azaltzerik; entzutekoa izan dira ahoskatze ezberdinak, ikustekoak haren aurpegierak.

 

Euskaldunek larruzko abarkak asmatu zituzten oinetakotzat, larrua zuten eta. Nola ez txokoloak asmatu holandarrek hainbeste zur edukita?. Herriaren jitea, moldakuntza eta baliokidetza.

Heume-n, kanpineko herritxoan, harbidez eta bi alboko irtenekin behartzen dute kotxe  gidaria abiadura mantsotzera. Herri askok egiten du errepidea estutu eta oztopatzea sarreretan, bakoitzak bere zen, gustu eta imajinazioaren arabera, finago edo traketsago, bitarteko ezberdinak erabiliz.

 

Nekazal herriak dira inguruko herritxoak, gehiago dirudite txaletxoak landetxeak baino; behiak, ardiak eta zaldiak larrean; mutur motz, baxuto, eta ile trinkoz gizen,  txerritxoak dirudite lehen begiradan bildotsek. Bi txabola, korta edo tresneria gordeleku, ditu landetxeak, lastozko teilatua dute txabolok: iaz Ipar Alemanian ikusi genituen antzerakoak, baina hemen ez dago garirik teilatuok lstoz egiteko.

Hain animalia handiarentzat txikia iruditzen zaidan atoietan garraiatzen dute zaldia; agian estuak behar dute izan atoiok zaldiok mugi ez daitezen, agian ez dira hain estuak niri besterik iruditu arren.

 

Nijmegen. Nimega. Ezaguna. Alemaniakoa zelakoan bonbardatu zuten pilotu aliatuek hiria: bizitzak ezer inporta gabe, herriko ondareak ezer axola ez ziela; halako ganoraz eta errazkeriaz egiten zaio tiro eta bonba erasoa edozeri; ez ote zen izan nolabaiteko aliatuen mendekua auskalo alemaniarrekiko ze jokabiderengatik?; halakoxe bihotz nanokoak dira politikoak eta militarrak!. Ezer gutxi gelditzen zaio antzinako eraikuntzetatik; hiri berria ez dute jaso, Alemaniako hainbat herrik bezala, lehengo bere hura gordeaz; baina, halaz ere, gelditzen zaio eraiki eta erlikia bakarren bat.

Ugariak dira eraikuntza handiak, Europako hiri arrunten taxua hartu du. Badu sarreran auzo bat, ez dakit berria ala antzinakoa, bertako nortasuna bizi-bizi gorde duena: adreiluzko etxe kapritxokoak, adreilu gorria tarte eta leihoburu zuriarekin nahastuzkoak, adreiluz eginiko irudi geometrikoz dotoretuak.

Asko izanik bai garaje bai aparkalekuak, lepo daude denak, jendez gainezka baitaude gaur erdiguneko kaledi eta plaza ugariak, eserleku hutsik gabe kafetegi eta plazetako mahaiteria, itotzeraino jendez saltegi erraldoiak: Holandan ez dakit, Nimegan egun berezia dute gaur. Hemen dago inguruetako biztanleria osoa.

Holandaren ezaugarria den laranja koloreko zapiz eta puxikaz estalita eta apainduta dago hainbat kale eta plaza: abertzaleak holandarrok.

Kale musikari aunitz: umeak, gaztetxoak, nagusiak, Hegoamerikako  indioak, herriko talde zaletu hutsak… txerpolariak, titiriteroak, mimogileak, arlekinak... ibiltari ikusleen borondatearen truke kalea girotuz; mimo egiten zuen bikotea izan zaigu bitxiena: musika-kaxako irudiak zirudien, kaxok jo ohi duten musika zuten, eta irudiok ohi duten mugimendu etenak egiten zituzten, baina dirua botatzean soilik jartzen ziren jokoan; aurpegia pintatuta dute ume askok, zenbait neskak urre-koloreko koroa darama buruan. Saltzaile espontaneo asko espaloi, parke eta kale bazterretan, huskeriak, botatzeko bezalako gauzak, erabiliak, gastatuak, zaharrak, huskeria baten truke saltzen: kaxatxoa erosi dugu salneurri sinboliko baten truke, oraindik irin hondarra zuen barruan, garbitu gabea...: herriko ohituraren bat behar du izan salmenta edo azoka mota honek. Fanfarrea eta txarangak, musika jo ez ezik garagardoa ere bapo edaten duten jaka gorridun txaranga bat dabil kalerik kale doinu jeikiak joz, han hemenka geldituz, kafetegi aurreetan, jendea inguruan bilduz. Plaza batetan iparramerikar doinu eta taxua duen kontzertua entzun ahal da, aurretik beste kontzertu bat egon da bertan; beste plaza batean rock musika kontzertua ematen dute, ozen eta gogor dunbaka, erabat betetzen dute plaza, gazteek, garagardoa erruz edanez. Giro bizia dago kalean, musika hotsak biltzen du jendea. Arratsaldeko bostetatik aurrera hasi da kalea pixka bat argitzen, baina gaur ez dira 6etan kaleak hustuko Nimegan.

 

Grote Mart plaza, berton Waag edo balantza publikoa (Alemanian aurkitu genuen ohitura berriz ere) izandako eraikuntza ederra; ederrak dira ere fatxada puntazorrotzeko zenbait etxe, iruditxo eta burutxoz landutakoz apainduak. Pasagune ikusgarri baten bestaldeko plazatxoan etxe aukerako bat eta eliza: elizaren dorre berreraikiak merezi du begiak beregana jasotzea, sarrera gotikoari, berriz, irudi denak falta zaizkio bonbardaketaz gain lapurretak ere egon direla susmaraziz; handia, zuria, eta argia da eliza, ezer gutxi gelditu zaio barnean lehengotik aliatuen bonben ondoren: zurezko ganga du; pulpitua, berria, taila ikusgarria da, estalkia zaio deigarriena neurriz kanpokoa delako; organo eskergak kontzertua eskaini digu; triptiko bikain bat; hilauza beltzek estaltzen dute erabat zorua; Borboitar (hemen ere!) Katalinak hilobia du presbiterio erdian; bitxikeria gerta zaigun zera: protestantea izaki eliza, mahaiteria baten ostean kafe eta tea eskaintzen dute elizan, kapela handiko bi emakumek misioetarako dirua biltzen dute, eta paperak banatzen. Stadhuis, eraiki ederra, irudiz apaindua, zaharra. Valkhof, ibai gaineko parkea: bizi-bizi egon da jendez, batez ere umez, eta bere kasako titiritero eta saltzailez; parke honetan jaso zuen palazioa Karlomagnok, ondoren Bizargorrik, ondoren beste norbaitek edo elizak, bakoitzak aurrekoarena hondatuz; gaur egun Bizarzuriren elizako abside erromanikoaren hondakinak gelditzen dira, baita alde lauz egina arren ia borobil hutsa den kapera karolinjioa dorre oktogonalez gandortua.

 

Mosa ibaiaren ikuspegi zabalaren aukera eskaintzen du parkeak: korrontean dator, zamaontziak eta turista-ontziez bizirik; ez dirudi arrainen bizileku denik, kolore eskasa baitute urek. Ibai bazterreko nasan erruz dabil eta dago jendea; lineako ontzi luze handia bertaratu da, utzi ditu bidaiari bakar batzuk eta alde egin du, dotore, harro bezain mantso. Ibai ertzean lasterketarako prestakuntzetan ziharduten korrikalariek; itzuliak kontatzeko laukiak, hesiz estuturiko helmuga… itzuli askoko Maratoi edo Maratoi Erdiko lehiaketaren bat dagoela dirudi. Kariloia dute kale batean, kale erdian jarrita, zutabe baxu batetan.

Industria-gune berria du, berri-berria, pabiloi eraiki berrikoa, zaborreria eta zikinkeriarik gabe alboetan, urbanizatua; jarraian komertzio-gunea; biak parekoak txukuntasun atseginean.

 

Ez da hiri holandar petoa, aztarna holandarrak dituen hiri modernoa baizik; ikusi dugun hiritarra bera edozein lurralde edo herrialdekoa izan zitekeen, musika ere edonongoa zitekeen, saltegi diganteek izen edonongo izenak dituzte...: ukitu holandarra duen hiria. Baina holandartasuna ez dago soilik edo batez ere eraikuntzetan, jendearen portaera aztertu beharko nuke: agian kalean ikusi dugun eta aitatutako ohitura eta jokabide aunitz bai badira holandar kultura petokoak. Holandar petoa edo ez, oso arratsalde gustagarria pasa dugu, herri erabat atsegina gerta zaigu.

Jendetzak ez zuen elkarrekiko loturarik, inolako loturarik, bakoitza bere kasa zebilen. Jaialdi batean, ikastola egun batetan, EGIN egunean, manifa batean zerbaitek elkartzen du jendea, herriko jaietan ere ikusten da nolabaiteko lotura parranda  eta jaipasako grina besterik ez bada ere. Gaurko jende pilako bakoitza bakarra eta independentea zen, giza saldoko bakoitzaren interesa edo harremana bere taldetxora edo albokora mugatzen zen gehienez; gazteen rock jaialdiko plazan zegoen zerbaitek biltzen zituen giroa, musika eta garagardoa besterik ez bazen ere: bada zerbait.

Etorkin izugarri asko: azal beltzaranak, begi urratuak, ezpainlodiak, Hegoamerikar doinuko gaztelania... kanpotar asko etorri da hiri honetara bizimodua atera beharraren eraginez.

Keinuan, ahoskeran eta tonuan ulertzen diegu holandarroi zer esan nahi diguten: emergentziazko ulertze kodigoak funtzionatzen du.

Ezer gutxi jaten du eguerdian jendeak, plateraren ordez katilu bete zerbait, gozokiren bat kafesnearekin... eta kitto. Afaldu egiten dute nonbait: horregatik doaz hain goiz etxera.

Zer esanik ez berrikuntza lanik ez dela falta, ez errepidean ez kaleetan. Omleigding deitzen da alemaniar unleitung-a.

Bere nortasunaren ezaugarria erakutsi beharra dute holandarrek, zerbait ezaugarrirekin identifikatu beharra.

 

143 kilometro, Holandan goranzkoak.

 

Ilundu ondoren suen hotsak entzun ditugu kanpinetik.

 

 

Maiatzaren 1a. Ostirala. 6.a -  H:5.a

 

Mika izan dugu gaur goizeko bisitaria, ezohizko hegaztia orain arte kanpinetan. Txori hots ozena entzuten da, baina txoririk ez dugu ikusten, landetxe zelai basoetan nahiko jana dute batez ere eguraldi heze honekin.

Goiztiarrak dira holandarrak astebarruko lan egunetan, baina gustukoa zaie berandura arteko manta azpiko epela asteburu eta jaiegun goizetan.

 

Langileen eguna gaur, ia nonbaiten topo egiten dugun langile ospakizun edo manifaren batekin: gaurko egunez egin zien lotsagabeki "Casa del Pueblo"ko lehiotik Eibarko plazako langile abertzaleei "corte de mangas" deritzon keinu zatar iraingarria Enrique Mugika Ergozek: sen txarra du horrek euskaldunentzat eta jite horretako politikoak ditu PSOEk.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.