Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68. HOLANDA

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/10/19 09:29
HOLANDA HEGOA: Deventer, Zutphen. IPAR BRAVANTE:Bergen op Zoom, Thole.

Maiatzaren 6a.  Asteazkena. 11.a - H:10.a

 

“Poemak”, Auden: "Haizeek daragite eguraldia”. Fina da hemen haizea, bustia eguratsa, hotza da Maiatza Holandan aurten. Ez dugu "barometrorik hatzaparrez panpatzeko", ezta "publimetrorik aztertzeko", baina eurizirina ari du eta zer eguraldi egingo asmatu nahian gaude ze jantzi jarri erabakitzeko. Eguna lardaskatzekoadina beste euririk ez du egiten. Euria ez da inola ere bukolikoa bidaiariarentzat, gogoa ere narrastu egiten baitu.

 

Ez gara ardi-galdu bakarrak: bada beste etxatoi bat ere kanpineko beste ertzean.

Iaz Txekian eta Eslovakian nuen arazo berdina dut: ezezagunak eta zailak zaizkit herri zein lekuen izenak, begiek ikusitako irudiek ez dute hitz ezagunen euskarririk  oroimenean ainguratzeko, beraz ahaztu egiten zaizkit listo; irudiak hor dabiltza bizi nire garunetako sarean, baina solte eta nahasian zeri lotu ez dakitela askotan.

 

Idaztearen zenbait arazo: idazleak badaki hiztegiak baduela, beste hainbat idazlek asmatu duela ere, azaldu nahi dudan iritzia agertzeko hitz zehatza, buruan dabilkidana baina zehatzagoa eta dotoreagoa, baina ez dut gogoratzen, hitz horren bila dabil garunetako artxiboan baina ez zait azaltzen. Mingarria da sarri norbere mugaz, norbere ezinaz, jabetzea, etsigarria nahi dena azaldu ezina.

Sarri ez da puzkarrik botatzen kaka izanen den beldur.

 

HOLANDA HEGOA

 

Aurrekoarekiko tartea gordetzen ikasi nuen Alemanian, Austrian argiak piztuta eramaten, hemen, Holandan, astiroago gidatzen. Patxada handiagoko gidaria da gidari holandarra ala poliziaren beldur da?, poliziarik ikusten ez bada ere errepidean, agirian behintzat.

Zaparrada, arbola-azpiz  arbola-azpi doa kortara behi aldra ilara zuzen eta gordean: behiak inozoak zirelakoan gu!.

 

Zoroarenak egin ditugu bide txikietatik, herritxoz herritxo, helburura zuzendu ezinik, ez baitago iragarpen zuzen edo osorik atzerrikoontzako. Baina beti lez taxutu gara bide egokira: ia behartu egiten zaituzte autobidea erabiltzera. Bide galduetan  ibili gara: paraje politak  kanpotarron begiontzat idilikoak; nekazari lurrak, kanal baten bide berdina eginaz doa bere albotik errepidea, esklusek eta zabaltzen diren zubitxoek lotzen dituzte etxeak errepidearekin, txanelak, peskariak, ...; tximinia luzea zuhaitz artean zuhaitz erraldoi luzea bailitzan, padura zabalak ibai kontran, zisneak batzuei lepo zuria soilik ikusten zaiela belartzan, uretako hegaztiak eta aurten lehenengoz ikusten ditugun enarak ur azaleko hegada bizkor jirabiratsuan ehizan.

Oso ona da Holandan errepide zorua. Ia bakarrak gara errepidean, ibai zabalaren kontrako bidaia lasaian.

 

Oso ilunak dira zonaldeko nekazal etxeak, ia beltzak korta eta inguruko txabolak; ez dira landetxe ederrak, pobre itxura dute, xaloagoak, bere ingurua ere zikinagoa, ez hain zaindua. Hemendik ez dabil turistarik, hau ez da turistentzako erakusleihoa; agian ohizkoagoa, jatorragoa, berezkoagoa delako zaigu politagoa, besteak prestatuegiak, artifizialegiak dirudite, lar zainduak; agian hemen ikusten dugun hau da nekazaritza errealagoa, benetakoaren hurragokoa; egon zainduta eta txukunak daude egon landetxeok, bitxiak ere badira, baina ez dute besteen jauregitxo itxurarik, soilagoak, gutxiagorekin, xumeago, bizi diren itxurakoak.

Banaka-banaka errotak han-hemenka, turista-leku dirudien ibaiaren bestaldean; ibili ere badabil errota bat baina besoetako oihalik gabe, argindarrez beraz, bisitarien amu.

 

Nabaria da kilometro gutxiren barruan leku batetik bestera dagoen ezberdintasuna. Aurreragoko esparru batean landetxe bikainak aurkitu ditugu, egituraz, tamainaz, dotoretasunez eta tresneriaz itxurosoagoak: lurraren eta diruaren arabera seguraski aldatzen da etxe eta etxe-bueltaren jitea; nekazarien artean ere gehiago eta gutxiago dutenak daude, pobreak eta aberatsak, larri egiten dutenak aurrera eta lasai eusten diotena egonari: diruak laguntzen dio txukuntasunari, agian baldintzatu ere bai zenbait egoeratan.  Aratzagoak daude lursailak, ez dira hain zabalak, ez dute tarteko erretenik,  berez doa nonbait ura ibaira lur azpitik, berezko drainaduran, lurra gorago dagoelako edo.

Belartza eta esne-behiak errape puztuekin. Bada behi marroi-zuririk ere: etorkinak izanen dira behi hauek. Gu atzerrian gabiltza baina ez gara atzerritarrak, pasokoak besterik ez,  behiok bertako ote?

Adineko gizona segan: segak gureetakoek bezalako heldulekuak ditu, baina kirtena erabat konkortua da, kurbo garbia.

 

Deventer.

Ezuste bitxi batez hartu gaitu hiriak: sarreran, lehen etxeetan,  gorputz erdi biluziak erakusten dituzten neskak izan dira. Sexu zerbitzua eskaintzen duten neskok izan dira hiriak eskaini digun  ezberdintasun eta aldagai nagusi ezohizko deigarriena: 10 bat emakume daude bakoitza bere erakusleiho zabalean bezeroen  zain,  erdi biluzik ohi denez, irribarretxoz gorputz oparotasuna erakutsi eta eskaintzen.

Hiri barruko zehetasunez gozatu dugu guk; guardasolpekoa izan da  hiriko ibilia, eta ibai ertzean paseatuz bukatu dugu bisitaldia.

Kanal batek inguratzen du hiri osoa, harresi barreneko urez betetako lubaki sakona bailitzan. Adreiluzko hiria, ugariak dira 1600.go etxe apartak: ibili, bilatu eta gozatu; ez dira berealdikoak baina bai bere estiloan bikainak; etxe berriak, nahierara eginak, antzinakoen jitekoak; batzuk altzariak etxera jasotzeko gakoa dute teilapeko irtentxo aproposean. Brink plaza, luzea, ez hain zabala, irregularra; eraikuntza ederrak bertan, irudiz oso apaindu eta landutako errenazimenduko fatxadak tartean; baina batez ere plaza barruan baina ertz batetan waag, alboetan dorretxoak eta sarreran harmailari zabala dituen eraikin ezberdin bitxia, balantza publikoa izandakoa; ertz berean Espiritu Sainduaren  Ostatua. Bada bigarren plaza zabal bat, etxeez aparte Stadhuis zaharra eskaintzen diona bisitariari: aparta da taxuz, ornamentuz, eta kolore gorri zuri kontrajarriez; plaza honetan dago Grote Kerk elizatzarra. Kale nagusia litzakeenak ez du ezer berezirik baina xarmanta da, erosketa-gune apaina; eraikin bateko horman pintura deigarria: leihotik ihes egin nahi duen emakume bat hormatik zintzilik. Badirudi harro daudela hirian bere dendateriaz. Eliza Apostolikoa: multzo xarmanta da, nanoa, erdigune bilduarekin. S. Nikola eliza edo bergklerk: urrezko oilarra gandor duten dorre-punta zorrotz luzeko bi dorre motz karratu fatxada biluzi zabalean: protestantea, erakusketa berezia dute eta kobratu egiten dute, beraz sarreratik soilik ikusi ahal izan dugu: gotiko garaia, erabat biluzia, oso argia, ganga pintatuekin. Grote Kerk: protestantea ere; ez zaio iragarritako erromanikoaren aztarrenik egeri: handia, kanpotik ez du irudirik; barrutik gotiko argia, biluzia, ganga pintatuekin; kripta du erromanikoa pilare landu eta ganga pintatuekin; pulpitua da elizako ardatza: eliza erdian kokatua, aulkiteria osoa bertara zuzendua dago, oholtza eta mahaia pulpitu pean daude; presbiterioa hutsik dago; 2 organo, berdea bata, ikusteko ederra; fresko hondakin ederrak; harri beltzeko hilarri tailatuak, zapata-zolen eraginez ia leunduak batzuk; komuna ere badu, kafea ere ematen dute eta sarreran bi ahoko gurpildun itsulapiko erraldoia.

 

Etxe-blokeak ditu herritik kanpo, baita kirol-portua ere ibaian.

Bizia doa ibaia, noizbehinka izugarri hasi izan da marrek erakusten dutenez: etxeetako lehen estaiaraino 1993.goan. Kanpotar asko ibiliko da, turistentzako hainbat ontzi dago behintzat, baina ez du turisterriko dendateri merkerik, ezta Lourdes kinkila dendarik ere.

Zeinekin hainbat su-egur ebaki genuen Mispillibarko esku-zerra ikusi dut erakusgai ferreteri edo burdindegiko erakusleiho batean. 

 

Errepide nagusitik goaz;  etxaurre oso zainduak, dotoreak, berriz ere.

Istripua egon da Zutphen-era bidean eta ordezko bideak bilatuz moldatu behar izan dugu, herri eta soro arteko bide meharretatik.

Harritzekoa bada ere, orain arte ez dugu aurkitu pizzeria italiar ganorazkorik.

 

Zutphen. Guardasolpetik ikusi behar izan dugu. Iritzi ona eragiten du sarreratik bertatik, etxeteria baxu txukunagatik. Erabat adreiluzko herria, kaleko zorua barne; geratzen zaizkion harresi hondarrak ere adreiluzkoak dira. Kanalez inguratua, hurragotik bizi du kanala hiri honek, badu lotura berarekin, barrura ere sartzen baitzaio. Gustura ibiltzeko herria, ibiliz luze ikustekoa, lasaia, hainbat zehaztasun xarmant ditu arretaz begiratuz gero: etxe apartak han-hemenka denean, bai plazan bai kaleetan; sarrerako atea dorreko teilatu luze zorrotz eta beltzarekin; liburutegi bihurtutako eliza gotikoa: bizitasun handia du, poltsatan daramatza jendeak liburuak; plazak gehiago dira kale zabalak ohizko plazak baino: S.Gravenhof  litzake agian zabala, baina berrikuntza tresneriaz erabat ikusezina dago; balantza publikoa uste duguna oraindaino ikusitakoen antzagatik; dorre ederra sarrera dotorearekin; Gotekerk itxita bilatu dugu: deigarria kanpotik, dorre sendoa du, buru moskotearekin kapelu konikorik gabe.

 

Hiri honetan bada ipurterre pitojole bat behintzat.

Atzerritarrak: agian deserrotuak edo deserrituak. Zutpen-en erostetxe handiko jantokian gure alboan bazkaldu dute lau arabiarrek, mutikoa zuten beraiekin: bere herritik, bere senditik, bere girotik at edo urrun hazi  den mutila; agian jadanik Holanda da bere herria, besterik ezagutu ez duelako, baina onenean ere barne tirabira asko egon behar du barne zokoetan, kontraesan eta kirrinka ugari barruko tolesduretan. Guk gure herri zapalduan bizi garenok  ere kontraesanak bizi ditugu eta!.

Herri hasi orok du liburutegi oparoa, zerbitzu aukerakoarekin, eraikuntza ganorazko batean: herri baten ezaugarri paregabea.

 

Arratsaldeko bostetan, lana bukatu dutenek bete dute autoz  errepidea, semaforoetan ilarak sortuz: gizarte "zibilizatu" modernoaren zerga.

 

135 kilometro, euripean eta guardasolpean.

 

Maiatzaren 7a. Osteguna. 12.a - H:11.a

 

Bilboko San Antongo elizako Parrokoa mito bat zen: zer ote da mitoa bere baitako bakardadean,  bere barnearekin aurkitzen denean, bere eguneko bakarraldietan, kanpora begiratu gabe?.

 

Kanpin bakoitza irudimen eta asmamen ezberdinen eredua da: bata zuhaitz eta sastraka hesiz  banatutako esparruek  osatzen zuten, esparru bakoitzean etxatoiak ertzeko borobilean kokatuz berdegune zabala geratzen zitzaiola erdian; zuhaitz arteko garbi-gunez baliatuzkoa da bestea baso barneko giro propioa sortuz; gaur utziko dugun honek,  berriz, ez du ia hesirik, jauregi bateko lorategia dirudi, zaldi-jauzietarako langak diruditen ohol apalek, baina batez ere lora torto eta zuhaixkek erabakitzen dute etxatoi bakoitzaren kokalekua.

Trena doa gertu kanpin honetan, ia jabetu ere egiten ez gara egiten tren-hotsaz: hori da egonleku leku idiliko honetan kutsadura pozoituena.

 

Bagoaz, gure ibilian aurrera, beste kokagune batetara.

Hegoaldera berriro, udazkenean hegaztiak bezala; mendebaldeko ertzetik gorantz jarraituko dugu gure migrazio begiluzean.

Ibai zabalaren gainean burdinazko habe eta burdinazko hagaz ehundutako sare zirkular erraldoia osatzen duten zubiak dira hirien sarreretako paisaia ohia.

Urbanizazio zabala, etxe txikiak elkarri lotutako horietako denekoa, ez dakit zein herritan. Tarteka Nafarroan Erribera aldeko errepide nagusian lez pinu txankame basoxkak errepide ertzean. Autoteria trinkoa errepidean, ohizkoa baino arinago hainbat. Trinkoa da belarra, trinkoak dira behi aldrak zelaietan, ohizkoa bezain  mantso.

 

Amersfoort, erabat farolez argiztatuta dago kilometrotan autobidea inguruan .

Bazterrak ez daude garbiak zikintzen ez direlako, garbitzen dituztelako baizik: garbitzailea ziri luzearekin oraindik heldu ez den ingurabideko  bazterrak plastiko eta paperez kakaztuta daude: Zikinak dira holandarrak ere nonbait, herriak eta bazterrak garbi planta badute ere.

Gidaria soilik zeramaten hiru militar furgoneta: ezohizkoa hainbeste kotxe eta hain soldadu gutxi.

Aladin Circus konboi luzea aurreratu dugu.

 

Etxe-orratz sendoak ageri zaizkio hiritik at Utrecht-i, industria edo bulego gunea dirudi. Amsterdaneko kokagunetik itzuliko gara hiria ikustera.

Utrecht-etik beherantz ibaiak, kanalak eta zelai tarteko erretenak urez oparo, etenik gabe; Rhin ibaia berriz ere halako zirrara sortuz zubi luze gainean zeharkatzen dugunean. Lautada babestuz, ibai ertz askok du muna sendo garaia, oinezkoen zein ziklisten bidegorri bilakatua. Apalagoak, xumeagoak dira landetxeak.

Errota bakartia, urrutitik begibistan.

Maastrich-en ikusi genuen azkena: hor dago berriz ere tximinia txaparro sendo borobil erraldoia bi ke-korda luze hodeietaraino luzatuz.

Eliza-dorre lirain deigarria.

 

IPAR BRAVANTE

 

Berriz ere Hegoan, Belgikako mugan, oraingoan Anberes parean. Probintzia honetan eta Zelandakoan banatuak izanen dira  egunotako ibiliak.

 

Kanpina.

Nahasteren bat gorabehera, erraz jo dugu kanpinera. Harrera itxita dugu ordubiak arte, langa baina zabalik dago. Kokatu egin gara geure kontu, ordu bietan joango gatzaie izena eta abarrak ematera. Argindar eta ur-hartuneak harria eta zuhaitz-enborrra imitatuzko plastiko merkeak dira.

 

"Where are you from?" etorri zaigu morroi bat geroago ate joka; nik haina ingeles daki, beraz biok baldar: "Bask kountry"; ezentzunaren aurpegia jarriz nederlanderaz bota dit erretolika. "Espainia eta Frantzia artean...".  ".... Barcelona?", futbolista edo olinpikoa da nonbait morroia. Halako batean: "Ak bask!" eta atzamar lodia jaso du irribarretxo batez lagunduz. Izena ematera joan behar genuela esatera etorria zaigu. Harrera gelan egin dugu berriro elkar topo: "adios" erantzun dio nire "agur" diosalari: luzarorako dugu euskaldunok espainiar zama.

 

Bergen op Zoom. Arratsalde-pasako herri atsegina. Herri berri bat sortu zaio itsas kontra. Kanalak ditu inguruan, alde bata inguratuko balio bezala. Parke ederra, pasealeku atsegina itsas kontran ere: nahiko hila, aterpe edo babesik gabekoa. Plazatxo batean gerri lodi eta gorputz luze zabaleko astigarra. Aparkaleku ugari bisitarien erraztasunerako. Oinezkoen saltoki-kale luze lasaia eta lasaigarria. Ezer nabarmentzekotan Grote Markt plazan planta oneko harrizko udaletxea aipatu behar:  ia apaindurarik gabeko austeroa, behe estaiko aretoan beheko su luze eta estua, tapiz ederra batzar aretoan horma osoaren tapaki eta apaingarri; kafea hartzen dute udal bileretan: bere kikara du zinegotzi bakoitzak. Grote Klerk irekita dago baina ordaindu egin behar da sarrera: gotiko argia, garaia, biluzia; ikusten zaizkio zurezko taila batzuk eta izanen du jauntxoen hilarri beltzik ere zoruan; harrizkoa du alde bata,  adreiluzkoa bestea; hemengo elizek ohi dutenez dorretzar karratu sendoa kupula antzerako bukaera kurboarekin.

 

Turista-gune edo parranda zale leku  bihurtuko da.

Ikusten dugun bigarren  biraderadun organoa.

Ezkontza eguna da nonbait, han zeuden elbarri eta zahar mordoa gurpildun aulkietan eskukada arrozekin ezkonberriak noiz aterako zain.

 

Halster

 

Hain etxe txikiak eta ze eliza handiak herri guztietan

 

Thole. Zelanda  probintziako mugan, kanal batek uharte bihurtzen duen Thole lurmuturrean. Bisitariari bela amaitzen zaion herri txukuna, ibili bakartia du arratsaldeko bakardadean, etxetxo eta erakusleihoei begira hainbat ukitu fin eskainiz. Udaletxea: harrizko gotikoa  du fatxada.  Eliza: harri eta adreiluzkoa, gotiko sendoa du dorrea, tokatzen zaion handia. Urak inguratutako parke lasaia, aukerako pasealekua eta ertz batean haize-errota zuria leiho-ertz gorriekin. Plaza: ez dio arnasarik ematen herriari, baina bada bertan kiosko-ferra-toki bezala bataiatu dugun tramankulua, eskultura bat bailitzan ikusgai; antzinako tresneria. Ia ez dago tabernarik herrian.

Gureetan aurkitu ezin ditugun lorontzi motak, alboetan loreak sartzeko gune irekiak dituztenak.

Beladun garraio-ontzi zaharrak kanalean, txikiak, mutur-motz ilunak.

 

Herri lasaiak izan dira gaurko biak, bere xumean erakargarriak, patxadagatik batez ere.

Kristalezko panelak dituzte etxeetako sarrerako ate-gainek. barruko sarrera argitzeko edo: oso dotoreak dira zenbait panel, apaingarriak jartzen dizkiote zenbaiti.

 

225 kilometro, bide handietako errepide bizkorrak batzuk, bide txiki lasaiak besteak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.