BIDAIAK 68- Holanda-Danimarka
FLEVOLAND
Zuizerda barne itsasoari lapurtutako lurrak. Erabat laua, lautada artifiziala, esku digante batek ohol batez berdindu balu bezalako laua. Zirrara sartzen du lur hori dena itsasoari ostua dela pentsatze hutsak. Hondeamakinek harrotzen dutenari begiratuz, ur azpiko lurra iluna da, hondar beltza, lur ustel kolorekoa. Lur harrotu edo goldatu berri asko dago, oraindik lurkolore, ezer erein edo erne gabekoa; ortu-lana egiten da, bada zenbait baratze txiki; garia dirudiena ageri da sail zabaletan, belar motaren bat izan daiteken berdegune hazia eta berdina ere bai. Ugariak dira behiak, ardiak ez hainbeste, zaldirik ia ez da. Ur asko, ugariak dira istingak: zume antzerako asko ateratzen da bertatik, azao antzerako txorta erraldoi horiak gertatuta daude, taberna eta kafetegi atariko jarleku edo mahaiteri izateko: nik lastoa deitzen dioten teilatuko lasto itxurakoa zume antzerako hau bera da agian.
Berotegi italiarrak, kristalezko etxetxoak.
Arroza izan daiteken sail bat.
Ugariak dira zuhaitzak kanal ertz eta kaleetan, nahiko handiak, ez baina enbor gizenekoak.
Tulipan sail zabalak: gorriak, horiak, moreak... ikusgarria, alfonbra erraldoi distiratsuak dirudite, ikuskizun aparta dira koloretako sail hauek; talde bat ari da lorok jasotzen eta traktorea tulipan artean dabil soro erdian.
Zisne bikotea zelaian 6 bat kumekin, irudi polita izan da.
Lurralde honetako herriak, hala behar, denak dira berriak, lur berriotan eraikiak; leihobuelta zuriko adreiluzkoak, baxuak; badute holandar jitea baina grazia gutxikoak dira. Soilik, inolako eraikini itsatsi gabe, bakar, altxatzen den dorrean jarri dute kariloia. Haize-errotak dira famatuak Holandan, itsasertz honetan, aldiz, kontaezinak dira, errota edo zentral eolikoak, haize-zentralak, erreskadan, dike gainean etengabe biraka denak.
Lurralde zabaleko lur-andu arrean nabigatzen ikusi dugun itsasontzia izan da irudi bitxia: ikusezina zitzaigun kanala, yatea soilik ikusi ahal genuen, gure begientzat lur gainean nabigatzen zihoan ontzia zen; bitxikeria izan da, pelikuletako efektu berezi horietakoa.
Lakua ere deitu dakioke Zuizerdeeri, bi dike egin bai dizkiote, sarreran eta erdian, dike alboetako esklusak dira itsasoarekiko lotura bakarra.
Urk. Zuizerda ertzean. Uhartea zen bere garaian, gaur egun lurrertza edo itsasertza. Herri zaharra da, jostailu herria, kopinen istorioetarako etxez osatua. Turista-gune bihurtu da, baina arrantzale herria da izatez; etxeek gehiago dirudite etxolak: estuak, txikiak, fatxada zorrotzekoak; badu museo bihurtutako eliza moinonoa ere; atsegina, ez du monumenturik erakusteko, herria bera da osotasunean ikuskizun eta ikusgai. Famatuak dira bertako jantziak: ikusi dugu gizaseme bat, oinez, bizikleta eskutik, egitura ezberdineko jantzi beltz bat soinean, eta kapelu edo antzerako zerbait, beltza hau ere, buruan.
Holandako arrain azoka handiena omen: Ondarroako portuan bezala ibili gara arraina lurreratze eta ontzi konponketa lanei begira; kamioi-hozkailuak ere han zeuden, baina Ondarroakoarekin alderatuz jostailukoa da portu hau, izan zabala den arren. Begiratzeko gogoa ematen dute zenbait dendek, taxuz eta dotore apainduak baitaude.
Eltxoz josita dago gaur arratsean herria, azken eguzkiko epelera eltxook bete dute horma zuri inguru oro.
Ez dirudi, begiratu batean, itsasoa lurra baino gorago dagoenik, dikeek ez dute ura lur gaindi dagoen sentipenik sortzen.
Zaila zen hain fede onekoa, bizikletak lotu gabe uzterainoko fede onekoa, izatea holandarra: gaur ikasi dut bizikleta orok duela jarleku azpian itsatsia, bizikletak berarekin dakarren zepo berezia: sakatuz ixten da, baina giltza propioz soilik zabaltzen; asmatua dute beraz kate eta antzerako loturarik ez erabiltzeko sistema; Holandan ere ez da inor inorekin fidatzen bizikleta kalean uzterakoan.
Eguneko eguzkiaz baliatuz belarra ebaki eta jasotze lanetan ari dira jotafuego nekazariak. Berdea jasotzen dute belarra, azpikoz gora bat eman eta besterik gabe.
Errota bat ibai ertzean.
? kilometro, atseginak, urez eta ubidez inguratuak, eguzki epelak haize hotza lagun izan dituenak egun osoan.
Maiatzaren 5a. Asteartea. 10.a – H:9.a
Gero eta gehiago ibili eta ikusiz, bai Holanda bai holandarrak gero eta gutxiago edo azaletikoago ezagutzen ditudan sentipen bizia dut. Bertan egonik, beraiengandik urrutiago sentitzen naiz, hain azalekoa baita nire ezagupena.
Bidaia bat puzzle bat osatzea bezalatsu da: Holandako puzzlea osatzen ari gara gu biok.
Dirudien bezain gozoa ote lurralde hau?. Ikusten dugunaren haratago aferak egon behar dute egon, ikusten ez baditugu ere.
Mendirik ez delarik, iturbururik ere ez, nondik sortzen zaie ura Holandan?; lur azpitik behar dute hemen urbegiak: basoko iturriaren lilurarik ez dute beraz, ez dute ezagutzen errekatxoen soinurik, ez dakite zer den baso bat aldatzean edo mendi magalean, lautadako ilaran ia biluzian ezagutzen baitituzte zuhaitzak. Horregatik maite dute Veluwe, erdialdeko basoa. Holandan ez da kare-harrizko paisaiarik ikusten, ezta lurpeko erreken murmuriorik entzuten ere. Mendia bizi ez duen herria da holandarra: herri ezberdina izan behar du. Platera bezain zapala da Holanda, plater axala bezain zapala, hain da laua!.
Guk ere ez dugu Holandarren hainbat bizipen. Ez dugu zenbait bizipen ezberdinen esperientziarik. Holandarrak ito egingo lirateke gure mendi artean, gu berriz babesgabe, biluztuaren sentipena izanen genuke lur zabalotan.
Jadanik ohitu gara Holandako etxeen jitera. Zein erraz jartzen den gizakia egoera berrira, egun batzuk besterik ez gaude hemen eta besterik ez balego bezala, hala behar duelakoan, naturaltasun osoz begiratzen dugu ingurura. Baina batez ere, sakonean, geure jatorrira bueltatuko garela ziurtasuna dugulako, inolako harrak jaten ez digulako ez burmuina ez urdaila. Bestelako behar du izan etorkin baten esperientzia eta herrimina.
Beira ezik, ez da bestelako zabor bereizketarik egiten zaborrak bota-jasotzerakoan; hemen ez da ageri Austriako zabor mota ezberdinen bilketa sailkaturik, kontainerrik edo ontzirik.
Kanala ez denean erretena, baina lursail orok du bere ubidea; baita etxe-sailek ere.
Ahateak, hegan ez bada, belazean gordeta.
Kanpen. 6 dorre ditu begien aurrean errepidetik begiratuz: baxuto mozkotea, gorrian zuria erabilizko liraina, eta kanpaiz beteriko gandor luzekoa dira hiru deigarrienak. Kanalak inguratua eta kanalek zeharkatua; erdiko kanalek ez dute graziarik, ezta erabilkortasunik ere, han daude bere drainatze zeregina betetzen, eta kitto. Herria bera atsegina da, kaleetan ibiliz ordu batzuk atseginez osatzekoa; eraikin interesgarri ugari du, ibiliz bilatzekoak: aitatzekotan 1543.go udaletxe zahar ederra, leihoetako burdinateria eta fatxadako irudi eta dorre bitxiekin; plaza ertzeko kioskoa; 1650. inguruan jasotako dorre karratu garaia kanpaitxoz gainezka dagoen ezkilategi lirainaz gandortua; xarma du kale nagusiak; ibai ertzean jantoki bihurtuta daude baporeak; hirira sarreran 3 dorre, adreiluzko sendoak hirurak, hirurak Genevako Hitzarmenak babestuak, hirurek dituzte dorretxo borobil edo ia borobilak alboetan, hirurek teilatu kono edo piramide moldekoak, hirurek dute teilatu punta luze arbelezkoa, bata bestea baino politagoa, hirurak ederrak. Parke zaindua eta zabala, kanalek, nola ez, gurutzatua; ur gainean metatutako abarretan du habia ahate itxurako hegazti beltz bekoki-zuri batek; ahate aldra ibili zait jarraiki edo inguratuz, kua-kuaka ozenean, gose nonbait eta bisitarien apurretara ohituta. Judutarren eliza, lore-sorta ugari dago atariko harmailetan; S.Nikola eliza zabalik dago, eliza gotiko garaia, biluzia baina bizia, aulkiz beteta dago ilara ez okertzeko edo galtzeko teknika propioarekin lerrotuta; presbiterioa banatuzko zur-sare garaiak taila ederrak ditu, gizairudi zuriz edertuta dago organo zuri altua; irudiak falta zaizkio harri argiko pulpitu gotiko landuari, marmol beltzeko hilarri ugariak han-hemenka zoruan eta dirua biltzeko poltsa beltz ugari eta bereziak.
Bestelako erabilpena ematen diote elizari protestanteek: bi gizonezko nagusi daude atean gidaliburu, orri eta postalak saltzen, baina baita gurpiltxodun itsulapiko erraldoia zaintzen ere; presbiterio osteko buelta osoan, absidean, erlijio erakusketa, non ikastetxeek esku hartu duten bai lanak osatzen edo aurkezten, bai gelaka bisitatuz; beraien artean lantzen dute erakusketa irakasleek lagunduta; liburu salmenta egiten dute, kafea eskaintzen, jantzizaindegia ere dute: eliza ulertzeko irizpide ezberdin bat.
Holandan badakite etxe-bloke astun ia zatarrak egiten ere: Kanpen lekuko.
Flevola probintziara itzuli gara beste bide batetik (Ez dakit noiz-non atera garen). Atzoko ikuskizun bera errepikatzen da: lur zapaleko paisaian, plater atxala baino zapalagoa den lurraldean, lauagoa dirudi gaur lautadak. Asko dira hazia erein edo ernetzeko prest dauden lur arreak, tulipan sailak dira agian; harrigarri deigarriak dira tulipan sailak: lurrazal zabala dena kolore trinkoz argitsu; zuhaitz txankameheko basotxoak ere gizentzen ari dira; berriak dira herriak, etxe denak oin-estaiakoak, solteak, bakarrak: ez dakigu nekazariak diren ala alboko herrietako langileak bizi diren bertan. Ia herririk ez dago probintzia honetan, dena baita lur landua.
Zuhaitzez inguratuta daude landetxeak, zenbaitzuk oso handiak dira, korta, sabai eta gainerakoekin ausotxoa osatzen dute.
Zentrale eolikoak daude landetxeon alboan, agian landetxe premietarako argindarra lortzen dute beraiekin. Nolanahi Iberdrolaren burdinazko dorreek, gaurko jauntxoen dorreak, zeharkatzen dute lautada, argindarrak menperatzen baitu gizartea. Argindar-dorreok hausten dute bertikaltasunez lautadaren horizontaltasuna, goranzko indarrak dira, lautasuna hautsiz, baina ez zaizkit gustatzen, agian diru eta boterearen sinbolo krudelak direlako.
Lelystad. Hiri berria, modernoa ere omen: trazaketan bai bada modernoa; herri egituran, kale-sarearen taiueran, udaletxearen jitean ere modernoa da, baina bestelako etxeak eta eraikinak berriak badira izan, modernoak ez. Ez dakit hiri modernoa den, funtzionala erdizka, berezia erabat; labirinto modernoa dirudi erdiguneko kalediak. Herri ezin modernoagoko geltoki modernoan ez dago komun publikorik, tabernako iragarri ere gabeko komun ziztrina ez bada. Saltokiko eskaintza ohizkoa eta denekoa, baina inguru edo gune berean bilduta dago.
Bigarren eskuko merkatutxoa zegoen plazan, herri azoka, bakoitzak etxean sobera duena atera eta saltzen duen horietakoa, baina hau nahiko azoka hazia da: hainbat herritan bakar batzuk soilik ikusi ditugun bezala, hemen herriko jende pila dago, zahar, sasoiko, gazte eta ume, bakoitza auskalo nondik ateratako gai erabat ezberdinak saltzen presio apalean.
Gizon bat hurreratu zaigu mapan hiriko berri eman nahiaz kalean, eta dendari batek hiriko planoa oparitu digu turismo bulegoa itxita aurkitu dugu eta.
Nahiko bide luzea dago itsasora, itsasertzekotzat jotzen bada ere hiria.
Batavia belauntzia, zen bezalakoa, zehatz berdina, dago erakusgai Zuizerdee ertzean: ederra da eta bisitari asko du.
Antzarrak lerroetan eratutako saldoetan zeharkatzen dute ur gainetik Zuizerdee, ez dakigu pasoan goranzko lurretara doazen ala uda-pasa bertan gelditutakoak diren.
30 kilometrotako dikea. Alderik alde zeharkatzen du Zuizerdee; esklusak ditu alde bietan ontzien pasabide, trafiko-argiek mozten dute errepidea tarteka. Zirraragarria da harrizko zilborreste hau, zeru iragarri ere gabeko zeru-marra lainotuan galtzen da dikea; harrigarria albo bietan geratu den itsasoa lur landua izan daitekeela zenbait urteen buruan, egitasmoa gaurkoz baztertu bada ere. Dikea zabala da, hegorantz ikus daiteke soilik, garaia baita iparrera aldea. Zisne eta ahate piloa dago errepide alboan, itsasoan; bada padura sailtxoa ere; ugariak dira itsaski arrantza guneak, hesolek erakusten dutenez. Hegazti franko ageri da errepidean autoek hilda.
Begi-bistakoa da nola eta zenbateraino erasotzen duen gizakiak natura: nola ez du ba noizbehinka ordaina eskatuko!. Legezkoa!. Norbaitek esanen du gizakiaren ahalmena erakusten duela honelako eraikuntzak, ez dut ukatzen hala denik baina ahalmena eta dirutza beste zerbaitetarako behar litzake izan. Hemen ere eraikuntza bera ez ote zen izan helburua Euskal Herriko errepidegintza bezala: helburua ez litzake bi ertzak lotzea, ezta lur berriak eskuratzea, helburuen helburua lanon bidez dirua mugitu, dirua egin eta auskalo ze erakunde politiko finantzatzea litzake: gehienetan hala da gizarte honetan. Ekonomiak agintzen du.
Nondik etorri da dikeak egiteko harria?; Holandatik ezin, ez baitago mendirik: mendi osoan berdindu behar izan dituzte nonbaiten.
Enkhuizen. Zuizerdeeren bestaldean, dikearen beste muturrean, itsas ertzean, Lelystad-en parean urruntasunak elkar ikusezinak bihurtzen baditu ere. Euriak bota gaitu bertatik nahi baino lehenago, baina arratsalde-pasako herri atsegina da. Kale luze xarmanta du herriko ardatz, bertan ohizko etxe dotore fin lirain eta landuak, tarteka bere ezebetxoan gustagarriak direnak. Antzinako edo garai batetako belauntzi luze eta zabalez beteta dago itsas alboko kanala, itsasoa deseatzen duten bisitarien paseo-ontzi izateko prest; portua berriz belauntzi modernoz lepo: jolas-ontzi dira hauek; kanal ertzean merkatutxoaren bizitasuna garraio-ontzien patxadaren alboan; antzinako 100 etxeen erakusketa lainope garbian; arrantzale auzoak bere ukitu bitxia du; kanal gehiago herri barruan, kanalak zeharkatzeko altxatzen diren zubiak, bada zubi finkorik ere; Stadhuis harrizko eraikin-koadro errenazentista, ikustekoa omen da barrutik ere; parke zaindu zabala kanalek zeharkatua; S.Pankrazio elizaren 65 metroko dorrea nahitaez enbor sendokoa, ikustekoa omen dena, itxita dute berrikuntzek; laurdenetako kariloia kaleetan...
Herriko bi udaltzain neska gaztek ez zekiten non dagoen waag, antzinako balantza publikoa, gaur egun herriko Museoa.
Bai etxeek, bai leiho osteek, bai etxaurreak, gauza eta pitxia askoz dotoretuta daude, barrokoegi, pinpirinegi, gehiegitxo apainduak.
Gazte eta gaztetxo asko dago dendari lanetan.
Borobilguneek bideratzen dute zirkulazioa herri sarreretan, errepideko gurutzaduretan berriz argiek.
Ez da garagardotegirik ikusten, kafetegiak bai baina ez nabarmenegi.
Holandan ez dago eskalerik. Pobrerik edo behartsurik?.
180 kilometro, eskolan izena ikastea hainbeste kosta zitzaigun itsaso eta itsaso horri lapurturiko lurren erdi erditik eginikoak.
Arratsaldeko zaparradarekin M.Luisa eta biok geratu gara bakarrik kanpin zabalean.