BIDAIAK 68
Maiatzaren 9a. Larunbata. 14.a – H:13.a
“Poemak”, Auden: "Ezin dut ikusi lautada bat hotzikararik gabetanik". Izoztu egingo litzake gure poeta Holandan balebil.
Holandan ez dago Austria edo Alemaniako ogi aukerarik; ogitarterakoa edo ogi handia egiten da Holandan.
Kanpin asko dago Holandan, zorionez kanpotarrontzako ondo bideratuta, argi eta sarri iragarrita norabidea, autobidetik bertatik gehienetan.
Gaur larunbata, ez dabil zubi egunetan adina karabana ilararik, baina sarriak dira gaur ere karabanok: holandarrak gogoko du igande-pasa ateratzea karabanarekin.
Kamioia dirudien kartola garaiko atoietan jasotzen dute belarra. Plastiko zuriz estalita daude lursailak, ez dira zainzuriak, auskalo zer.
Roosendaal. Gaur egungo ezaugarrietariko bat du: telekomunikazio dorrea, tente eta irmo, gezurrak zabaltzen, agian gizaki ezberdinen harremanak errazten ere.
Bredara 10 kilometro aurretik errepide luze arteza, bukaeran eliza baten silueta, pelegrinazio bateko basilika-helburua bailitzan; zuzen, artez, errepidearen bukaeran eta eliza gainean globo handia izan dugu: ikuspegi erabat bitxia. Pelegrinazioetara joaten gineneko sentipena eta gogapena izan dut, egun haietako sentipena bera berpiztu dit: han zegoen santutegia!!!, helburu eta leku sakratura, heltzen gineneko sentipena, bihotz-zirrara; atzera-jauzia bezala izan da. Gero, globoa bezala hustu zait irudiaren lilura,ezabatu sentipena, erabat arruntak baitira eliza bera zein eliza-dorrea.
Etten-Leur. Arbel teilazko bi dorre hexagonal puntazorrotz luzeak: arrunta bata, amaiera lirain luze politekoa bestea.
Bi erraileko errepide ugari dago Holandako hiri inguruetan, argiz araututa, batez ere hiri handiak lotzen dituen bidegurutzeetan.
Baserritarrak dira holandarrak, ondo jantzita daudenean ere, pionero, aitzindari herria; zakarra, ekintzailea, bizitzari aurre ematekoa, arazoetan sartzekoa, txatxarkerietan ez dabilena, ondo janztearekin gehiegi arduratzen ez dena; txokoloak oinetan, gauza praktikoez arduratzen eta baliatzen dena.
Tabako saila Bredatik bertan.
Breda.
Velazquezez egin zuen famatua bere koadroaz. Ez dakigu Velazquez bera hemen egon zen, gu behintzat hemen gaude, bertan ezer askorik “pintatzen” ez badugu ere.
Bizi-bizia dago hiria: jendez oparo erdigunea eguerdiko 12etan. Erdikalea du hiriko ardatz: saltoki bihurtuta dago. Kalea bidaiako hirugarren biraderadun organoa: handia, mekanismoa ikusten zaiona, kale osoan entzuten zaion doinu bizikoa; gazte bat da bere jabe: itsulapikoa astinduz, diruaren hotsarekin erritmoa jarraituz eskatzen dio borondatea ibiltariari. Grote Kerk, Erdikalearen ertzean, eliza protestantea, plazara aldeaan itota ezik, hurregi ditu etxeak, bertan, gainean, ia itsatsita alde batetik; dorre zuri ederrekoa da, harri garbitu berrikoa, farfailez egindakoa bezala, filigrana hutsa: gotiko berantiarra omen; itxita dago orkestra batek entsegua duelako, baina sartu dugu muturra: argia, altua, ganga pintatuak..., baietz zoruan hilarri beltzak izan!; dorreak 97 metroko altuera du, bere kariloiak 49 kanpai: hiri osoan entzuten da laurdenero bere sona, geldoa, hila, baina ozena eta luzea. Grote Markt: plaza zabala eta luzea, Txekia eta Eslovakiakoak bezainbestekoak ez arren: lasaia -autorik ez dabil-, oinezkoentzakoa, ia plaza erdiraino eguzkiaz gozatzen kafetegietako bezeroak mahaietan eserita zerbait hartzen. Estadhuis: aldamio eta plastiko zuriz igeltsuztatuta dago berrikuntza lanak direla ta: sarrerako har-mailadia du. Antzinako etxe hainbat aparta, gustura begiratzekoak, aurki daiteke kaleetan ibiliz; asko dira etxe berriak ere, gustuz eginak. Ridderstraat kaleko bi espaloietan metal horizko xaflak daude tarteka lurrean itsatsita, antzerki, aktore, aktoresa, musika edo zirkoari lotutakoak. Liburutegia berriz ere: eraikin modernoa, handia, argia, kolore ezberdineko zutabe borobilak direla sabaiaren eusgarri; isiltasuna da nabariena, pauso hotsak ere moketan itotzen direla: herritarrak egunkaria irakurtzen kafea hartuz, arabiar nagusi batek arabierazko aldizkaria irakurtzen du, etengabeko sartu-irtenean joan eta dator jendea liburu bila, liburuz zamatuta. Parke borobil zabala hiriko ertz batean, zaindua, egotera joatekoa, urmaela erdian, goranzko ur-txorrota dotorea urmael erdian: ibiltari asko gabiltzanez ahatek ez dakite noren atzetik etorri; nahikoa du, gainera, harren gehiengoak, borrokan eta ahaleginean, nor geratu eme bakanekin. Begijnhof edo Beginen patioa parke ertzean: adreiluzko hesi barruan 29 etxebizitza, patioa, jarleku bakoitzak armairutxoa duen elizatxoa, txutxumutxuka dauden bi atsoen eskultura... parke bereko beste ertzean gaztelua urez inguratuta.
"NOU en?!. GAY CAFE", zioen tabernako errotuluak: polita!.
Frantziako ardoa eta bertako zainzuria eskaintzen dute kale-propaganda batean.
Eibarren bezalatsu, edozein lekutan zeharkatzen dute kalea Bredan ere.
Aparkaleku pila iragartzen da, garesti kobratzen dute gainera: bisitari asko dator, aparkalekuak azkar libratu behar dira nonbait.
Porro mutxikin asko ikusten da beste zigarro-mutxikinekin batera, erdi erreta sarri: merkea dago kostoa eta libre da erretzea nonbait.
Espainiar ankerrak irudikatu ditut hiriko kaleetan, Plaentxiako pikak eskuetan, sarraskia eginez, arpilatzean, hori baitzen soldaduen ordaina edo soldata-osagarria. Harro, gailen, ibili zen lurrotan espainiarra; gaur egun, aldiz, umil lehiatzen die esne kopurua hemengo baserritarrei. Ez dute ikasiko aznar eta pelipe guztiek.
Itsasadar zabalak eta zubi luzeak ditugu deigarri; izan dira azpitik pasa ditugun bi ibai, kanal edo itasadar: ez dira izan sakonak tunelaren sakonerari erreparatuz.
Hain dira luzeak, zirrara sortzen dute zubi erraldoiek, batez ere trenbideek eusgarri zaizkien burdineria borobil eta bertikalez eginek.
Rotterdam ingurua izan daiteken itsas bazterrean argindar zentraleko tximinia: zergatik kokatu ditu Holandak zentralok Belgika inguruan: iparrak eta ekiak auzora eraman dezan kutsadura?. Oilarraren nagusigo inposatzailea.
Alblasserdam. Kaleri zaharra, polita. Herri azoka dute gaur plazan, herriko jendea eskulanak, erabilitako tresneria edo mota guztietako salgaiak eskainiz mahaietan. Asko dira saltzaileok, herritarrak ere erruz hurbiltzen zaizkie: oso herritarra da azoka kultura hau.
Ez digu eman jantokirik herri honek: azokan erositako gazta eta ogia jan ditugu zutik plazan bertan eguzkipeko jarlekuetatik ihesi.
“Español" deiadar egin digute kotxe batetik. San Ferminetan Nabarreria plazako iturritik jauzika ibilitako gazteren batzuk!.
Zonalde dena da ura, kanala, zubia; itsasadarra alde bietara, lurra eta uraren maila goitik doan errepidea. Patxaran paseatzeko bidegorri apartak dike gainetan. Kontrastez, industrializatutako lurraldea ere bada: ontzigintza, baita bestelako lantegi handiak etxe txikien inguruan. Bada ibaian atrakatutako itsasontzi erraldoi baten itxura duen eraikuntza ibai ertzean: transatlantikoa dirudi, baina bulego-gunea da.
Kinderdijk. XIII. gizaldiko 19 haize-errota, larunbata denez denak ibilian giraka eguerdiz; alerik ehotzen ez badute ere milaka turista eta ikusle dakarte, holandarrak, belgikarrak zein alemanak. Ubidearen albo bietara daude haize-errotok, zabalera luzean, han urrutira ikusten dira azkenak, padura berdea alboan, baina dike edo muna zabal berde zainduaren gainean; adreiluzkoak dira albo batekoak, lastozkoak bestaldekoak; borobilak dira adreiluzkoak, oktogonalak lastozkoak; urak nahiz haizeak eragiten die, ehunez bildutako besoak dituzte haizearen putzak jiraka jarri ditzan, baina azpitik urak ere badarabil zurezko paladun gurpil handia; hots ozena baina aldi berean lasaigarria ateratzen dute.
Uholdean dator bisitaria, autobusean sarreraraino eta gero oinez, baina batez ere bizikletaz: izurritea da bizikletena, ehunka, milaka ez badira, bide estuan, oinezkoekin nahasian; oinezkook ez dugu eskubiderik bertan, bizikleta da gailen; asko dira motoristak ere, taldeka, narruzko jantzi beltzekin eta harroxko itxuraz. Jatorrak tipoak!!!.
Ase gara bizikletaz, kontsolatu errotez, baina ez errotek ez bizikletek ez dute lilurarik galdu.
Gureetan dugun iritzi eta sentipen ezberdina dute hemen bizikletei buruz: erregina batek, berak erabiliz, bihurtu zuen nonbait bizikleta garraio-tresna erabiliena arrazoi ekonomikoengatik, kirol nazionala da gaur egun; bizikleten atzetik auto ilara handiak luzatzen dira aurreratu ezinik, bizikleta errespetatuz, baina inor ez da kexu, ez da tutu zital hotsik; errepide estuan, bi kotxe doi-doi gurutzatzen diren esturan edo gurutzatu ere egin ezin diren bideetan bizikletek bere bidegorria argi gordeta dute.
Dordrecht. Itsasadar ertzean, izugarri zabala, erdigunea du erakargarria. Bitan erdibitzen du Mosa ibaiak, baina alde batean gelditzen da osoki alde zaharra: hiru kanalek zeharkatzen dute, itsasontzi eta belauntzien aparkaleku dira kanalok, hiriko portua; irekitzen diren zubiak. Etxe ederrak dituzte kale alboan doazen kaleek, etxe gotiko eta errenazimendukoak; lasai paseatuz ibiltzeko kale luzeak. Stadhuis harrizkoa, apala bere harrotasunean, mailadiak albora egiten duen fatxadadun horietakoa.
Bada kafetegi bat, eseri eta Mosa eta Rhin ibaien elkargune zabalaren aurrean, etengabe zeharkatzen duten garraio-ontziei aspertu gabe begira garagardo edanaz egoteko leku aparta. Ibaitik kanalerako pasagunean ate paregabe eder bat da. Eliza sendoa, dorrea-motza: nekatuta gaudelako ez gatzaio hurreratu, aparte xamar dago, protestantea izanen da, itxita egongo da, edo paguko sarrera izanen du. Kanal biziak dira eta hiri osoa bizi-bizi dago jendez gainezka, larunbata izaki: lasai egon eta gustura ibiltzera joateko hiria.
Larunbat arratsaldez emigrante oro ateratzen da nonbait kalera erosketak egin edo lagun etorkinekin arratsalde-pasa.
Julio Iglesiasen argazkia jarri diote erakusleiho batean salgai duten marko bati.
Gaurkoa ere hezurrek eskertuko duten egun beroa; jendea eguzki gosez dago: Bako eta Eguzkia, udako jainko nagusiak.
Gaur ere egin dut norabide hanka-sartzea; azkenik beti bideratzen gara, legezkoak dira hutsok, baina nire azaldurak eta erneguak neure gelditzen dira.
184 kilometro, urez inguraturik haize-erroten eraginpean.
Izugarrizko txaletetan bizi bailira, auzo dugun karabanako gizonak makinaz ebakitzen du karabana inguruko belarra, toldopean afaltzen dute, zuzi erraldoiz inguratuta, telebista piztuta: pizgarriak dira ametsak, bizitza edertzen dute.
“Hitzen ondoeza” Joseba Sarrionandia: "Nora doan ez dakiena, igual, beste norabait ailegatuko da. Nora doan dakiena ere berdin". Hor gabiltza gu ia egunero bidegurutzeren batean galduta, nora joan nahi dugun dakigula baina nora goazen ez.
Maiatzaren 10a. Igandea. 15.a – H:14.a
“Poemak”, Auden: "izaki aratz, musika eta mugatuz perfektoa" deitzen dio errekari. Zer esanen ote zukeen Holandako ibai handi zikin geldo garraiobide kutsatuaz.
Autobidetik gabiltza gehienetan. Bide txikiek, herribideek, ez dute jadanik erakargarritasun berezirik, erraz galtzen gara bertan ginera.
Domingeroak-domekariak-igandezaleak, urduriak eta bizkorrak hemen ere, aleman eta belgikarrak batez ere; ugariak dira gaur igandez errepidean, presaka kotxe handiekin.
Lautadako urrutian zubien gaineko burdineria borobila da nabarmentzen dena.
Lehenengoz ikusten dudan traktore baten iraulki-atoia.
Dike handiaren sarreran, itsas ertzean, txabola edo etxetxo nanoz osatutako herri osoa: agian hotel edo kanpinen baten apartamenduak dira.
Dike izugarria barne itsasoa kontrolatuz eta hertsiz, dozenaka eta dozenaka, agian ehunka, konportaz osatua, erdiko uharteez baliatuta. Gune berezia: itsas ingurua eta itsasoa bera erabat aldatua, erabilia, mugatua, kontrolatua. Mosa eta Rhin ibaien urak dabiltza lurralde osoan, zabal, irla eta lur irtenen artean, itsas aurreko dikearen bestaldean. Neurria jartzen diote itsasoari konportok, lur zabalak kenduz edo ura padura zein hezeguneak lehortuz. Gu izan garen unean itsasotik lur barrura doa konportetan zehar korronte eta zurrunbilo bizian. Nasa itzeleko antolamendua erdiko irlan: jendea egun pasa dator arrantza egin eta eguzkitan belztu edo berotzera. Bada konportoi buruzko museoa ere.
Zergatik edo zertarako behar du Holandak daukan baino lur gehiago, zergatik sartu da betidanik horrelako abenturan, zergatik ez du etsi berez duen lurrarekin, zergatik ez dute taxutu bizitza duten lurretara beste herri gehienek egin duten bezala?. Non dago giza ahalegin eta diru kopuru horren errentagarritasuna. Agian hemen ere lanok egitean dago dirudunen eta politikoen irabazia, agian lanik ez duenari lana eskuratzeko aukera dira eraikuntzok, agian holandarra pionero da berenez, ekintza zalea, arrisku gosetia, abenturazalea, kanpoko herriak menderatuzko abentura eta negozioez gain barne abenturak maite dituena, lurrarekin eta itsasoarekin lehian. Zergatik erabat aldatu natura, zergatik lurralde artifizialak lortu, honek sartzen dituen gerorako arriskuekin.
Dena da hondarra baina ez dago hondartzarik, ez dago inor ez bainatzen ez eguzkia hartzen: agian Rhin eta Mosa ibaiek erabat kutsatuta daude urak.
Motoristak taldeka: errepideko auzo, auzolagun, bidelagun edo bidekide ditugu.
Hirira aurreko urrutitik, eliza-dorrea dager: eguzki kontrara ilun, puska beltza, belztura izugarria zeru kontra, karratu bukatua, gotorlekua bailitz.
Zierikzee. Kanalek inguratua, ez da herri handia, bai zabala. Stadhuis edo udaletxeak dorre zuri liraina du, kanpaitxo nanozko kariloiarekin: ohitu gara, baina berritan bezala gozatzen dugu ordulaurdenero kariloi doinua entzunez kaleetan ibiltzen. Alboan, museo bihurtu dute kartzela zena, Espainian hemen antzera museo berriak noiz sortuko egarri gara Euskal Herrian. Kaleri zabala, etxe politak aurki daitezke han-hemenka udaletxe inguruan zein erdigune ia osoan; Paternosterstraat, Paternoster kalea, udaletxe aurrean: beldurrak izutuak aitagureka eta aitarenka joaten ote ziren ba alkatearengana?, kartzelagatik agian!. Plaza: oso luzea da, herri askotakoak bezalakoa, eta nahiko zabala; plaza erdia berdegune ibilekua, eta plaza askotako ohizko kiosko xumea: bada 1651.go 8 zutabeko arkupe zabala duen harrizko eraikin lisoa: inolako graziarik ez du baina ezohizkoa da Holandako plazetan. Urrutitik ikusi dugun dorretzarra handia, dirurik ezagatik nonbait erdiraino soilik jasoa, halere 56 metro ditu!; harri gris, ia beltzez osatua, belztu planta ematen dio kutsadurak, edo urteen ugerrak. Dorre alboan indigaztainondo ikusgarria, Etxarriko haritz handien tankerakoa. Bere alboan fatxadan 4 zutabe gizen dituen greko itxurako eraiki arrunta: hiru ate ditu, jauregitxoa dirudien dorre gotikoa bata, kantoietan teilatu konikodun zilindroz babestutako kubo airosoa; elkarren ondoan beste biak, bata oinezkoen atea da, barne porturako ontzien sarrerara; besteak, oinezkoenak, bi ate ditu erdian patiotxo edo zabalgunea gordez; sendoa da ontzien sarrera eta ondo babestua dago: ate biok harresiaren zatiak dira eta altxatzen diren zubiak dituzte. Harresien kanpotikoko kanalean, agian harresien babesgunea zena, belauntzi eta garraio-ontziak daude.
Lasaiak eta hilak daude goizerdiko orduetan plaza zein erdigunea. Bisitari asko izanen ditu herri honek, turisterria ez dirudien arren.
Lur zabalean bakarti, etxadi baten inguruan, etxebizitza dirudi baina ez da, leihodun adreiluzko dorre hexagonal luzeak ez dakigu zer egiten duen, zein eginkizun betetzen duen.
Ureztatuta dagoen zelai zabal batean zezenak hanka erdiraino uretan sartuta beroa dela eta, freskatzen edo.
Jende eta autoeria erruz dabil gureetan kostaldean ohi den bezala. Hainbat kilometro aurretik hartu behar da aparkalekurako bidea bidegurutze batean, kilometrotako bide luzea eginez herri kontrako aparkalekura heltzeko: kanalek eta padurek erabakitzen dute bideen nondik norakoa; nederlanderarik ez dakigunez nahastuta ibili gara herrira nola sartu ez genekiela. Oinez sartu gara, beste aldetik, ibiltoki polit batetik, baina erneguak beti ernegu.
Willemstad. Urez inguratutako herria. Barne itsasoa zaio babes ipar aldetik eta urez itsasoak hornitzen duen kanala beste inguru borobil osoan, baina oraindik nolabait diraute bere garaian zerbait sendoa ziren harresiak. Etxe baxutoek ematen diote grazia bai plazari bai kaleei; estaia bateko bi etxe erreskadek uzten duten erdian bi zuhaitz ilara duen ibiltokia da herriaren zilborra: bisitariek herritarrentzat uzten dute; asko izanik ere, kanpotarrek nahiago dute itsas kontrako ertza; bertako jatetxe eta tabernetan gelditzen dira. Eliza dirudien udaletxea da herriko eraikin ederrena, fina eta alaia bere karriloi sona. Badu bere portutxoa, baita haize-errota ere. Bada ere soldadu belgikarren hilerria, itsasertzean, gerrako istorio tristea.
Sandwichez egin behar izan dugu bazkal legea, afaria geure konturako utzita. Zaila zaigu zenbait jatetxeetan janariari buruz zerbitzariekin konpontzea.
Piparpotea izan dugu ikuskizun eta ikusgai hainbat Europako banderen artean kafetegi aurreko hotelean.
Gureetan bezala dabil herritarra, berotuta, saparen mende; erdi gorri batzuk, azalgorrituta zenbait, putz eta pats besteak, edozelan jantzita asko, ahalegintxoak eginda, dotoretxo handinahiko gutxi batzuk.
Itsasertzeko belar guneetan jendea etzanda, eguzki gose.
Harresiek hainbat gerra eta hildako iradokitzen dute.
184 kilometro, errota eta zentral eolikoen auzo eta lagun.
Bizipoza ematen duen udaberriko eguzkiak alaitu gaitu egun ederrean.
Asteburuko eguzkipean giza paisaia berezia dute atzoko eta gaurko herriek; giza paisaia biziagoa da eguerdian erdiguneko saltoki eta kaleetan, giza paisaia arinagoa errepideetakoa; inurritegia dirudi giza paisaiak kanpinean. Gizakia da paisaiari edertasuna ematen diona, baina batzuetan giza paisaia trinkoegia da, itogarria, basoan galduta bezala zabiltza bertan: holakoetan natur paisaia desiratu eta bilatzen duzu.
"Hitzen ondoeza", Joseba Sarrionandia, irakurriz:
1- Pasokoak gara atzerrian, paisaiak pasaiak zaizkigu herriotan.
2- Pasaportea baztertu dute, baina merkantzia izaten jarraitzen dugu bidaiariok.
3- Denbora pasatzen denean denbora gutxiago dugula pasatzeko, hori da pasatzen zaigun denbora pasatzearen arazoa.
4- Nik egunotan irakurtzen dut poesia baina EGIN ez.
5- "Poesia benetakoa": egunotako Auderen poema liburukoak, poema "on", "egiazko" ala "benetako"etan sartzen ote?. Poemok ulertzea bera zaila zaidanez, huts eginen nuke sailkatze ahaleginean. Edozein mailatan daudela, gustura irakurtzen ditut.
6- Sarrio bera da poeta, eta bere liburu hau "poesia hutsa" lehenengo eta hirugarren zentzuan sartzen da, biak zentzu berdinak baitira. Ez da "fingidor".
7- Poesia "hizkeraren askatasuna". Definizio zuzena, balizkoa askotan.