BIDAIAK 68. HOLANDA
Maiatzaren 13a. Asteazkena. 18.a – 17.a
Alboan etzaten zaigu ahatea belartzan, goizeko freskuran berriz untxiak ditugu bisitari sastraka artetik.
Adreiluzkoak dira etxeak, baina harrizko herria da holandarra, beharrak gogortu duena; ikus historia.
Adreiluzko eraikuntzak: behar ere, ez baitute mendirik, beraz ezta harririk; lurra egosi eta kitto. Tokian tokiko arazo eta baldintza motei eskura dauden materialekin emandako erantzuna da arkitektura.
Bere onenean zegoenean erraza izango zuen espainiar armadak lurralde hau menperatzea; aurrera joatea besterik ez zuten; hiribilduak ziren arazoa; espainiarrak dirua zuten gizonak eta tresneria (armada bera) erosteko. Gaur egun ez da Holandan Espainiako arrastorik gelditzen, ez estrukturaketan, ez hirigintzan, ez eraikuntzetan, ezta gorrotatzeko sentipen eta oroitzapenetan ere. Espainia erabat ezabatu zen, arrapalari izan zen, pasa egin zen hemendik, ez zuen ezer erein hemen. Tristea.
Gure erruloteko bi auzo ingelesek ez dute etxeratze ostean tea edo kafea pastekin elkarrekin hartzeari huts egiten. Pintxo-pintxo janzten dira erritorako.
Rotterdan.
Alemaniaren itsasora atea, gaur egun ere. Tranbia du, bada berme bat; baita metroa ere, Holandan ikusi dugun lehena; bizikletak, autoak, tranbiak, jendea... mugimendua, joan-etorria, inurritegia irakiten... baina itomenik gabeko hiri bizia. Etxe-orratzek definitzen dute Rotterdan, munduko gerran aliatuen bonbek erabat erraustu zuten ondoren: saltoki, banketxe eta firma ezagunek dute habia kolore orotako kristaleri erraldoien ostean; edonora zuzentzen direla ere, mota guztietako eraikin erraldoia dakusate begiek: arkitektura modernoa ikastaroa egiteko aukerako etxegintza erakusketa hiri honek eskaintzen duena. Mossa ibaiaren bestaldean bada halako etxe holandar itxurako ederrik, baina bakanak dira holakoak; ez holakorik espero hiri honetan.
Modernitate giroan, artelan edo eskulturak jarri dituzte oinezkoen kaledian, saltoki gunean, eskulturgintza modernoaren erakustoki: hartz-kumeak jolasean daudena oso polita da; Rodinen "gizon ibiltaria" ezustea gerta zaigu: gizairudia espero baikenuen baina pausoka atsedenik gabe norabide guztietara ibili ere ibili dabilen bi burdina xaflatzarrak dira; gerrako biktimak eskulturari atera diogu argazkia ibiltariarena zelakoz. Erasmo nahiko baztertuta ikusi dut eliza aurrean, brontzean gogortuta bezala bera eta bere gogoeten liburua, humanismoa izan izan zela adierazten bezala, iraganekoa dela alegia. Udaletxea: Holandako handiena omen denak ez du dorrerik garaiena, bai fatxadarik kutsaduraz beltzena. Katedrala: . bonbardaketan zutik iraun zion dorrea eta brontzezko ate ederra ez ezik, barrutik ere ikusi ahal izan dugu; garaia, luzea; hiru nabe luze, oholezko sabaia, lanpara merke piloa; hiru organo bata sabairainoko ikaragarria sarrera gainean, zuri txiki xarmanta presbiterioan, eta zurezko antzinakoa albo batetan; pulpitu obalatua bere estalkiagatik deigarriagoa, elizako ardatza hitza dela garbi nabarmenduz, hitza dela fededunaren itzala azpimarratuz; gerra garaiko erakusketa: ikaragarriak dira argazkiak; poliziaren ospakizunen bat dago, eliza erdian mahaiteria prest bazkaritarako, uniformedun txakurreria emazteekin zain urdaila ardoarekin girotuz. Iturriak: bitxi ezohizkoak batzuk: batek ura tarteka botatzen du indartsu airera, parabola sortuz, zorrotada zatiak airean gelditzen direlarik, edo umeak bustiko ez bustiko, ura zulotik noiz irtengo jolasten diren zorrotadak. Portua: munduko handiena omen, ibai batean itsasotik 30 kilometrotara, bertatik ez zaio honi antzematen Hanburgokoaren erraldoitasunik. Bertan doa Mossa ibaia, aurreko bidaietako urrutitik ia lagun zaigun ibaia, itsaso bihurtu aurreko azken ibilian: kanal, zubi, errepide korapilo, ontzien joan-etorri etengabea… bizia. Tuterakoa nano uzten duen zubi berria, 185 metro garaierako komunikabide orratza, gerrako hildakoei monumentu erraldoi modernoa, itsas museoa nasan barreiatua era guztietako itsas tresneria erakutsiz, aspaldiko moila eta kanal tartean harrizko zubi ederra farol harroputzekin. Merezi du ibili lasaiak portu eta Mossa inguruetan, portu erraldoia han nonbaiten antzemanezina gelditzen bazaigu ere. Portu gaintxoan geltokia, berezia eraikuntza trazaketan, dorrea dirudien leiho obalatuko etxe eta geltokiko estalpe edo teilatu erronboideekin.
Geriza bila ibili gara hirian.
Bazen musikari talde fin eta goxoa Rotterdanem, errusiarrak zirudienak doinu sona eta instrumentuengatik.
Emakume txirrindulari batek atzerako ispilutxoa zeukan betaurreko makilatxoan jarrita!!!.
Oso kale-musikari guti aurkitu dugu Holandako herri eta hirietan: hiru biraderadun organujole, Nimegako jai-egunekoak eta ezer gutxi gehiago.
Eguerdiko hamabietan etxe-orratz sendoenak ere itzalik ez, beranduago ere ostea bilatzen bazaio soilik ematen du geriza eta babesa; eta hori eguzkia dagoenean: handiaren itzala, beti garestia eta zaila.
60 metroko sakoneratik gurutzatu dugu, azpitik, Mossa zabala; ertzetatik ez ezik azpitik ere hesi dute ibaia.
Belar-sail oro dago jadanik ebakita, gaur ez dugu belar ebaki usainik.
Goudako sarreran, kanal ertzean, bide luzez, gureetako baratzak, txikiak, maitagarriak, zainduak: denetik dute, leka-parrak ere ikusi ditugu.
Gouda. Gazta, pipak eta zeramikagatik omen ospetsua; gazta soilik ikusi dugu guk. Kanalek inguratutako herria, kanalek zeharkatutako herria; ura nabarmen doan arren, kanalok ez dira politak, ez dira erakargarriak, ez dute xarmarik, giro berezia sortzen badute ere. Kaledi atsegina du, bero saparekin ere gustura paseatu dugu ordubete luzez. Plaza nagusia, zabala: lurralde honetako plazek ez dute, honek ere ez, udaletxeak ezik, teilatua ostendukoz puntazorrotzeko fatxada errenazimendukorik. Plazan dago gazta pisatzeko herri balantza eraikina; fatxadan, harri zurian, tailatuta dago balantza erraldoia eta pisatzearen irudia; barruan dago ikusgai pisatzeko gailua bera: kilokada asko behar zuen pisatu batera; gaztagintza nola egiten den ere erakusten dute. Udaletxa, harri zurizko ederra, garbitu berria dagoenez zuriago, gizairudi eta dorretxoz apaindua. Zubiak, konportak, gutxienez hiru eliza - kariloia entzun ahal izan dugu-; kaledi estua, bildua, labirintoa dirudi. Catharinatiun, eliza museo bihurtuta: txoko oso polita, han ikusi ditugu hainbat zeramika atariko lorategian; irudi-taila polikromatudun bi ateburu xarmant. Erakusketa: ehun zatitxoz eginiko koadro finak, ehun kolageak, koloreen armonia, kolore josketa oso orekatuak. Erakusketako arduradun nagusi bizarluzeak lasai egin du porrua gu koadroei begira ari ginela.
Uda giroa nagusitu da giza portaera orotan, udan baikeunde baikabiltza.
96 kilometro, autobideko sare eta korapiloetan.
Txori-soinu bizia, zozo-kantu ozena, bizipoztu egiten ditu eguzkiak txoriak ere.
Mika ere inguruan dugu: fidagaitza da.
Gauez joaten naiz dutxatzera, izarreri so, joan-etorri lasaigarri barean. Delf hiriko argiak gorrizkatzen dute zuhaitz gaineko zeru-marra. Erabatekoa da isiltasuna, txorien gaueko txistuka mehe hori bera ere ez da jadanik nabari.
Maiatzaren 14a. Osteguna. 19.a – H-18.a
3. astea borobiltzear dugu baina ez dugu ikasi ez "kaixo" ez "agur" ez “eskerrik asko" ez inolako diosalik ere nederlanderaz, gezurra badirudi ere, horrek lotsatzen bagaitu ere. Gehienek, ia denek, nederlanderaz ez beste edozein hizkuntzatan egiten digute, eta nederlanderazkoan ez diegu piperrik ulertzen ahopean edo ziztu bizian ahoskatzen digutelako. Gainera ikasi dugu gormutu baikina erlazionatzen, eurak eta guk bakoitzak bere hizkuntzatan gauzak izendatu eta esan beharrekoak esaten. Sarri euskara bera ere nahastu egiten dut, baina ez dit axolarik, besteak ez baitu ezer ulertzen.
Bidaiotan ikasi dugu Euskadin jateaz badakigula, agian elikatzeaz ez. Hemengo horma hotz, garbi eta mutuen aurrean ikasi dugu euskaldunok oraindik politikaz eta herri arazoetaz arduratzen garela: badira bi aurkikuntza on.
Espainiako matrikula iruditzen zitzaiola baina nongoak ote hurreratu zaigu ingeles kankailua. Azalpenen ondoren "Bilbao" esan zigun. NA Matrikularena argitu genion: "Bulls”, “Spanish non" esan, eta joan zen: agian badaki zerbait gutaz.
Holandakoak ez dira herri edo kalexka sorginduak, kuxkuxeroak, aspaldiko gizaldietara eramaten zaituztenak, antzinatean sartzen zaituztenak.
Lurra, -soro zelaiak-, kanaleko urarena baino maila nabarmen beherago batean dago.
Errotak, belartzak, behiak, zaldiak, ardiak, kanalak, berotegiak... orain arteko betiko paisaia daramagu, gure paisaia da jadanik.
Leiden. Ubideek inguratu, bildu eta norabide orotan zeharkatzen duten herria, ubide ertzetan paseatuz ezagutzekoa, lasaia, patxaran presarik gabe ibiliz gozatzekoa, bazterrei begiratuz ubide kale eta plazetan galtzekoa, tarteka planoa ikuskatuz begiz jotako gune edo txoko interesgarriren bat zer ote den bisitatzekoa. Kale simetrikoak, batzuk meharrak, luzeak ere bai batzuk. Oso paisaia argia du hiriak; agian ubideek ematen dioten irekitasunagatik, kale arteko zabaltasunagatik edo, argitasun bizia du. Natur Historiako Museoa inguratuz parke ederra, atseden hartu edo egon lasairako aukerakoa. Pare bat haize-errota gutxienez, borobila bata museo bihurtuta turisten amu, karratu beltza bestea, kanal alboan ontzien ondoan dotore. Liburutegi baten portalean antzinako plano batean haize-errota piloa ageri da: izar baten tankera hartzen du perimetro osoan kanalek mugatzen eta biltzen duten hiriak eta izar punta antzerakoaren irtentxo bakoitzean haize-errotok daude uraz baliatuz. Eliza ugari dago Leidenen ere: S. Pankrazioren elizatzarrak dorretxo mehea du, baina bada dorre liraineko beste eliza bat, baita bestelako elizatzarrik ere; bakarra aurkitu dugu zabalik: zurezko estalkia duen pulpitua, santu-irudi zuri piloa, -alboetako zutabe bakoitzean bat-, korupean 7 amabirjina ezberdinen irudiak kristalezko kaxa handi batean, denak batera, ikusgai. Stadhuis edo herrietxea, udaletxea: sarrerako mailadi bikoitza espaloi gainera dator, ederra da izan baina erabat belztuta dago, zatartuta, edertasun oro galduta; arte kritikari edo adituen begientzat izan daiteke erakargarria; horrez gain kaleak jan egiten dio fatxada; ostea ordea, Vis-Mark plaza inguru xarmantera jotzen duena, berrikuntza lanek erabat hartuta dute; kariloiak doinu alaia, bizia eta ozena du laurdeneko kontzertuan. Herri balantza harrizkoa utzia dagoela dirudi, ertzia; fatxadako pisatze koadrotzarra, marmol zurian zizelatua, belzturak desitxuratua dago. Burcht 16 metro altuerako segurtasun tontorra, gizakiak egina, adreiluzko hesiz eta berdegunez inguratua. Bada pipa museoa baina ez dugu etxeko egongelako koadrorako piparik aurkitu.
Herriko jendea egon lasaian dago luzaroan, ubide alboko mahaitxoetan eserita, zerbait hartuz. Zenbait dendari eta langile denda aurrera ateratzen da eta bertan jaten dute mokadu bat, beste zenbaitek kafetegi edo saltokietako jantokitxoetan, askok gozokia kafea edo kafesnearekin besterik ez dute bazkaltzen; ogitarteko hori dela dirudi askoren bazkaria.
50 kilometro
Geuretzat gelditu zaigu barruti hesitu osoa, arratsaldepasa eguzkitsuan aukerako lekua. Atseden arrats goxoa. Aurten lehenengoz entzun dut kukua, ez neraman xemaikorik ere aldean.
Koadrilan dabilzkigu gaur untxiak gure zelaian, beste sail batean berriz kumeekin jolasean. Mika sekula ez bezala ikusi dut, ber-bertatik, leiho aurrean luzaroan: hegazti polita da, buztan luze eta papar urdinekoa.
Joan zaizkigu auzokide alemaniar eta britainiarrak; ingeles kankailuarekin ezik ez dugu hitzik gurutzatu egunotan; begiradak izan dira sarriago zuzendu dizkiogunak elkarri; tarteka keinuren bat edo "good morning” diosala ere erabili dugu; keinuz eta irribarrez biziki agurtu gara alde egin dutenean. Atzerriko auzotasunak, babes premiak edo zurtz sentipenak elkartu egiten du; ez zuten ahotsik ere altxatzen, baina halako isiltasuna utzi digute joan direnean. Presentzia soilak bere soinu eta hots propioa ditu, belarriek ez baina beste entzumen eta zentzumen batek jasotzen duena.
Guraso askok darama bizikletan atzean zein aurrean jarritako aulkitxoan seme-alaba txikia. Batzuk eskuleku aurrean dute aulkia, umea behatokian bezala doa, amaren bizkarra ordez aurreko paisaia ikusiz; aurreko aulkiek haizetakoa dute umearen begiek sufritu ez dezaten haizearekin.
Mingaina ezpainetan behera luze duen burua da farmazia askoren ezaugarria: pastilla eske dago eta zenbaitek pastilla du mingainean.
Utilitarioak dira ubideak, erabilgarriak, premiazko zerbait, ez dira turistentzat polito egiteko jarriak edo zainduak, ez dute ertzetan ibilbiderik edo bide-gorririk oinezkoentzat, zuhaitzak badaude egon, ezkiak gehienetan, farolak ere bai, baina ubide ertz huts ia oro aparkalekua da. Hiriko urak bideratzeko, etxeak eraiki ahal izateko beharrezko zerbait besterik ez dira kanalok, eta hor daude, gehienez garraiobide erabiliak.
Azkenerako pestegarriak bihurtzen dira oinezkoarentzat ziklistak: milaka dira, denetik eta edonon agertzen zaizkizu batez ere bidegorririk ez duten kale-gunetan, aurretik, atzetik zein albotik datorkizue, kaleko jaun eta jabe dira, ez dago norabide debekaturik beraientzat, oinezkoen kaleetan ere nagusi dira. Adi ez dabilen oinezkoak sarria du ezuste arriskutsua.
Geldiunerik gabeko ordu pila ibili ohi gara kalez kale: ez gara etorri egotera, egoteko Etxarrin dugu zulotxo egokia eta atsegina.