Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68. Holanda

BIDAIAK 68. Holanda

Jon Etxabe 2020/10/05 09:25
IPAR BRAVANTE. Der Bosch, Zaltbommel.

IPAR BRAVANTE

 

Gaurkoa ez da paisaiari begiratzeko eguna, begiratu bai baina ez ezer ikustekoa, behe-laino horietakoa dugu giroa, astun zapaltzen gaituen berun eguna.

 

Burdinazko kartola altuko kamioietan biltzen dute belarra, lehor horitu gabe, oraindik hezetasunez berde. Nekazariak ezin du Maiatzaren lehena ospatu egun eguzkitsua argitzen bazaio.

Ohitu gara bizikletentzako bidegorria nonahi ikusten, nonbaiten aurkitzen ez badugu, orduan harritzen gara; ikusi dugu agure bat bidegorria utzita errepidetik kotxez inguraturik doana, bidegurutze batean ezkerretik aurreratu gaitu gainera, auskalo zergatik erretxindutako ziztrinen bat edo agian bidegorririk gabe errepideetan bizikletan lasai ibilitako antzinakoren bat,  lege berrietara ohitu ezinik edo makurtu nahi ezta.

Ohitu gara kanaletara ere, beti dugu kanalen bat auzo; hainbat zeharkatzen dugu zubiz; kanal batzuk oso zabalak dira, Europako ibai nagusi horietakoa dirudite.

Ohitu gara zaldietara, baita ardietara ere, baina gaur ardi beltzak nagusi ziren artaldea ikusi dugu: artzainaren ala naturaren bitxikeria ote?.

Ohitu gara kariloi kontzertuetara hiri eta herrietan: ze atsegina den kalean zoazela entzutea ordulaurdenero kanpai-hots atsegina.

Haize-errota, berriz, noizbehinkakoa da, baina egunero dakusagu gutxienez bat: gaurkoa zuri txikia izan da.

Lastozko teilatuak, gaur ere agertu zaizkigu; etxe ederrek dute halako estalkia, ez zen zuzena atzo nioen txabolena zelakoa.

Ejertzitoko ibilgailu mota oroko hilerria edo desegite eremua: zirrara sortarazten du gerra tresneria horrek multzo erraldoian pilatuta.

Errepideko norabide ikurren gehiengo edonongoa, betikoa edo antzerakoa da; zenbait berriak dira batez ere bidegurutzetakoak; bada bat ezberdina: angelu zuzenean ebakitzen den gezi estua. Berehala jartzen zara hemengo ikurrotara ere.

 

S. Hertogenbosch (Den Bosch:basoa). Hemengoa zen XVI. gizaldiko Bosch pintore famatua, Zamoran batez ere Kesusen eskutik ezagutu nuena. Laku eta putzu ugari dago hiri inguruan: ur asko biltzen da, baina ez da inguru istingatsua.

Sarreran aurkitu ditugu orain arte Holandan ikusi ez ditugun etxe-orratzak: asko dira gainera.

Etxe-orratzen ondoren kanala aurkitu dugu ontziei bidea ahalbideratzeko esklusarekin eta altxatzen diren zubi ugarirekin; gerora hainbat eta hainbat kanal agertu zaizkigu gure kale arteko ibilian; ezustez ezuste joan gara: Venezia txiki bat dirudi hiriak, etxe-azpiz etxe-zazpi doa sarri kanala, mila eta bi zubitxo dira bai etxeetara sarrera bai kale-gurutzeak. Zabala da kanalen sarea.

Triste dago hiria bera ere goiz goibelean, baina suspertuz joan da,  inurritegia zirudien erdiguneak eguerdi hotza arren: kale betean ibiltaria harat-honat hotsagatik inon gelditu ezinik. Denaren laurdenik ere ez dio hiriaz gidaliburuak: ibili behar den hiria, goitik behera ibiltzea merezi duena, oinetako zorua fintzeak damutzen ez zaituen hiria: herria deskubrituz pasa dugu goiza eguerdi berandura arte: ez du apartekorik erakusteko, baina hiri oso atsegina bihurtu zaigu. Ezagun da giroan jai eguna dela, baina denda asko dago zabalik: saltegi ona du, ez da turistentzako dendateria merke edo kinkila denda, dotoretasunez eskaini eta erakusten ditu salgaiak erakusleihoetan.

Markt: Merkatua eta azoka eguna suertatu zaigu. Atsegina gerta zait berton dagoen Bosch pintorearen estatua.  Stadhuis, udaletxea, da plazako etxerik ederrena baina ez da Holandako adreiluzko etxe jatorra: dorre bikaina non kariloiaren kanpaiak ageri diren; ozta-ozta agertzen dira fatxadako irekidura estu batean kariloiaren  irudi den zalditeria: behin bakarrik mugitu zaizkigu zalditxo nanook  halako mugimendu bizi bizkorrean, eguerdiko ordu batean. Askotan lez geure kontura sartu gara udaletxe barrura, ezkontzak baitaude gaur: bada beheko solairuan hormak pintatuak dituen areto bat; lehen solairuan, berriz, herriko planoan kanalen sarea bordatuta duen alfonbra ikusgarria: ez genuen morroskoaren azalpenik ulertzen baina begiak ditugunez moldatu gara. Muturra behar ez zen tokian sartzeagatik taldekoak ez ginela konturatzean bota egin gaitu delako morroskoak debekatua genuela toki hura esanez, aukeratuentzat soilik da nonbait altxor hura, baina ordurako ikusiak genituen ikustekoak. Plazan badira etxetxo potxoloak, baita eraikin errenazentistak ere fatxada punta-luzeekin eta leiho eta kontraleiho xarmantekin. Sint Janskathedraal, San Juanen katedrala alegia, katolikoa, hiriak erakusteko duen altxor preziatuena, Holandako eraikuntza erlijioso nagusienetarikoa omen dena: kanpotik gotiko lora-loratua eta handia: santu-iruditeriak, horratzek eta ertz tailatuek ez dute akaburik; kanpokoa bera baina areago loratua da oraindik barrutik; luzea, garaia eta bost nabeko zabala, beirate handietatik sartzen zaio argitasuna;  nahiko iluna dago harria; pintatuak ditu ganga eta nerbioak, begiratzekoa da Gurejaunaren kapera, erdiko zabaleran sabairaino doakio zurezko organo erraldoi tailatua, zurezko pulpitu landua, alboko aldare batean irudi nanoz tailaturiko triptiko bikoitz aparta pintura ederrak diren estalkiekin, hilarri beltz tailatuak zoruan,  koadro ederra da gurutze-bideko bakoitza, koadro eta bitxikeria ugari begien entretenigarri. Kontaezin kandela jartzen dizkiote Amabirjinari; meza edo elizkizunen bat izan du jubilatu aldra batek.

Ezkontza eguna da gaur hirian; pinturadun aretoan ateratzen dituzte ezkonargazkiak: neska zuri jantzita, dotore eta pozik, gutxienez 8 hilabetekoa zegoen, josturak erabat hartu beharko dizkio soinekoari geroagoko egunen baten erabili nahi badu; zaldiek belarriak ere zuriz jantzita dituzten zalgurdi zurian joaten dira ezkonberriak, gonbidatuak berriz antzinako autobus gorri batetan.

 

El Mundo erosi dugu: Etxarrin ere eguraldi bustia eta hotza dutela da berri nagusia. PNVren bake-lanaz ez naiz fida hauteskunde aurrean: geroak erakutsiko du.

 

Txukuna da Utrechera autobia, baina ez dago zainduegia: ez dute belarrik moztu eta segurtasun hesia nahiko herdoildu itxuran dago alboetan. Tuterako zubia, egituraz bera, baina lau bider handiagoa, Rhin gainean. Gaur ez genuen zeharkatu behar baina nire hanka-sartze batek bi aldiz zeharkatzera behartu gaitu. Herriko sarreran berriz buruz behera dago kono erraldoi bat, auskalo zer den, ur-biltegia agian.

 

Zaltbommel. Bertan hasi zaigun euriagatik izan ez balitz oraindik maitagarriagoa izango zitzaigun herria. Kaledi atsegina, holandar txukuna; turisterri ukitua du. Gure gomutako herri alemaniartzat hartuko genuke plaza luze zabala eta etxeetako fatxada puntazorrotzak ikusiz. Bada dorre ezberdin bikaina duen eliza bat: kariloiaren iruditxoak ateratzen zaizkio irekidura mehar batetik ezkutuka-jolasean bezala. Grote Kerk  elizak harrizko dorre izugarri garaia eta sendoa du, bukatu gabeko gain motz batekin; beraz ezin izan zioten kanpairik jarri; apaindura urriko gotikoa da; handia izanik ere, itota dago kale artean, urrutitik libratzen zaio doiki dorrea etxe bajutoen gainetik. Gelditzen zaio hiribildua izan zeneko adreiluzko ate xume bat, bertatik ateratzen da garraio-ontzien ibilbidea ibaira eta ibaiaren alboko oinezkoen pasealeku paregabera, Tuterako zubi erraldoiaren behatoki gunera. Rhin ibaia, lagun zaharra, zabalagoa eta bizkorragoa doa, indartsu, ontzien garraiobide.

Eibartar emakumea hurreratu zaigu NA matrikula ikusita; Holandar batekin ezkondua, herri honetan bizi da; Roke Etxabe, Arrixaga bailarako pelotariaren emaztearen lehengusina. Den Boschen ba omen da etxarriar emakume bat.

 

Ez dugu inon Maiatza Lehenaren inolako aztarrenik nabaritu, jaieguna dela, besterik ez.

Enborra soilik utzi dioten hainbat zuhaitz ikusten da. Elhuyaren irakurri nuen gaitz sendaezina sartu zaiola ez dut gogoratzen zein zuhaitz motari, adar denak ebakitzea izan dela gaitzari bidea mozteko aukera bakarra.

 

145 kilometro, inon biderik galdu gabe.

 

Erabateko isiltasuna da nagusi kanpinean.

 

 

Maiatzaren 2a. Larunbata. 7.a – H:6.a

 

Hemen gaude berdegune honetan, gurpildun etxetxoetan, bakoitza bere kaxoitxotik atera gabe, atarira edo komenara ez bada; elkarri agur esan edo keinu irribarretsua egin beste harremanik ez dugu auzokideok: hiri zein gizarteko indibidualismoa errepikatzen da kanpinean ere.

 

Izugarrizko txori-hotsak biltzen du kanpina. Asmatu dut jolas atsegin bat: txori guztien artean baten pioak  aukeratu eta jarraitu, ondoren beste batena, ondoren beste batena, jarraian beste batena, txori mota ezberdinen arabera edo txori ezberdinen arabera, kantu ezberdinon zerrenda mentala eginez. Aldaera ezberdinak ditu jolasak: 1.- Mota berdineko txoriren bati beste txoriren batek erantzuten ote dion kargutu eta bikote ezberdinak osatu, 2.- Txori mota ezberdinak soinuen arabera sailkatu, 3. Hautatutako txori-kantu bati letra jarri: ez da erraza, txori-kantuak ere poema edo bertsogintzaren erritmoa, kadentzia eta neurri mugatua eskatzen du, baita doinu perpausa bakoitzaren bukaerak elkarlotzea ere bertsogintzan bezala.

 

Ez dugu ez poliziarik ez militarrik ikusten eta nabaritzen, ez kaleetan ez errepidean, noizbehinka "politia" hizkiekin marra gorridun kotxe iheskorren bat ez bada. Estimatzen da ez ikuste hori, baina badakigu hor daudela egon: txakur zaindaririk gabe galdua legoke edozein botere.

Lau hankako txakurra ere ez da batere ugaria ez kaleetan ez parkeetan: holandarra bakardadeak astindu ez duen gizartea ote?.

Mila eta bi museo dago Holandan, herri zein herritxo ia bakoitzak du berea, erakusgai erabat ezberdin eta bitxiak eskainiz. Ez daude nabarmen iragarrita zenbait herritan, guk gidaliburutik ikasten dugu non zer. Ordaindutakoak direnez ezinekoa da denetara sartzea gure aurrekontua hondatu nahi ez badugu. Denak ikusteko denborarik ere ez legoke, Holanda osoa ikusi nahi badugu hilabete batean. Atzo 330 automobil zituen museo bat aurkitu genuen, gaur jaietan erabiltzen zituzten tresneria mekaniko, musika, aparailu eta txotxongiloenak izan dugu; bada gerrako bat ere, mostoarena eta ozpinarena, ehizarena, nekazari tresneriarena, tabakoarena, jostailuena, gatzarena, numismatikarena, garagardo ekoizpenarena...

 

Atzoko egun bera gaur ere: laino umela.

Belar moztu berriko zelai batean ehunka txoritxiki eta bela bandak, hamarretako bila.

Karratua eta horia izan da gaurko haize-errota.

Ez genuela ikusten militarrik!, hara non gaur 23 ibilgailuko konboia!.

etiketak: Bidaiak 98, Holanda
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.