Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Bidaiak 98. Danimarka

Jon Etxabe 2021/01/22 12:35
KATEGAT ITSASARTEA. Randers, Viborg, Silkeborg, Horsen

Kattegat itsasartea. Eskolako oroipenak beste ezer berezirik eskaintzen ez digun itsasertza. Buruz ikasi behar izan genuen eskolako hitz aldrebesa; nork esan behar zidan orduan bertan egongo nintzenik gaur. Orduan Kattegat bezain zailak egiten zaizkit egunotan herri hauetako izenak.

 

Orratz-burua dirudien puntu argitsuan bukatzen diren errepide ertzeko zuhaitz ilara artezak: hor behar du kondearen gazteluren batek.

Kanabera erraldoia gari-sail baten erdian, urrutira botatako haria, eta hari-puntan amua irentsita sekulako arraina: kontraste eta irudimena, turista arrantzaleak erakartzeko amua.

 

Hommed. Sekulako pagadia, bakandua, enbor sendoko tantai luze lerdenez osatua; Urbasako tontorreria dugu gogoan, han oinez ibili ohi gara,  hemen ordea autoz goaz, bakardadean, lasai, aukerako gidaritzan. Pinudi zabala ondoren: pinu txankamakilak.

 

Saltzen dira dozenerdika ere arrautzak, dozena erditik gorakoak, aldiz hamarnaka edo hamabosnaka.

 

Bonnerup Strand. Arrantzale portu xumea, lurmuturraren Iparreko mutur-muturrenean: harri pilatuz eginak moilak, ontzien lotu-lekuak,  xaloak, baliabide oinarrizkoenekin eginak. Moila gainean bost errota eoliko etengabeko bira eroan ingurua itxuragabetuz eta itxuraldatuz.

 

Bizikletan dabiltza herritxootan arrantzale zaharrak, pipa piztua ezpainean eta marinel kapela buruan, pedalei eragin lasaian: irudi bitxia.

 

Zelai zabal batean, ehunka ez badira, dozenaka asko bela, hegan batzuk, zuhaitzetan besteak, jan bila, belartzako behiak kakaplasta noiz egingo zain. Hitsa da gosea.

 

Tustrup. Trikuharria zut.

 

Nekazari-tresnen azoka erraldoia gertatzen ari dira astebururako zelaigune batean.

 

Randers. Merkataritza herria, dendateria den kale-sare zabala, kale erdiraino aterata. Etxe eder asko: kaleetan ibili, begiratu, bilatu eta aurkitutakoaz gozatu. Bertako pottokak badu brontzezko irudi erraldoia, baita bere zalduna behar zuen jauntxoak ere. Eliza: merezi du sartzea; taila ederra da sarrerako ate sendoa; bera ere taila aparta den Moisesek burugainean eusten dion 1685ko pulpitua, presbiteriorako hesia, alboko koroa, sabairainoko organoa… zur-taila apartak dira; lanparak, hilarriak, bataiarri modernoa, jauntxo ongileen argazki eta koadro betiko eder eta handiak; erretaula da, hain zuzen, elizako gauza xume kaskarrena.

 

Musika emanaldia dute bihar elizan: bertara sartu zaizkigu karteletatik ezagunak ditugun piano-jole eta baritonoa, baina ez digute entsegu-emanaldirik eskaini.

Hiri hasia denez ordainsaria du aparkatzeak.

 

Luze joan zaigu eguna, aspaldiko fresko ugariak dituzten bi eliza utzi ditugu ikusteke: giza mugak.

 

254 kilometro.

 

Hamaikak jo dute, zerra-begi iluna dira pinu puntak, urdin dager oraindik ostean zerua.

 

 

Ekainaren 13a. Larunbata. 49.a – D:22.a

 

Ez dugu motodun poliziarik ikusi errepideetan, baina etengabea da motodun polizien presentziaren mehatxua, bata bestearen ondorengo kartel sarrien bidez.

 

Hammel. Harri erruniko baten bila gelditu gara, elizkizunerako bataiarria garbitzen ari zen apaiza aurkitu dugu, baina harri errunikorik ez: harrizko eliza da, agian gidaliburuak aitatzen duen harria kanpoko horman zizelatuta daudenetakoren bat izanen da, guk oraintsukoegia deritzogu eta ikusi ditugun errunikoen ezberdina da. Txingetari eragin diogunean apaizak zabaldu digu barrutik elizako atea: barruan berriz ere diru-biltzeko zorrotxoa haga luzexkaren ertzean ezikusia edo lotiarena egiten duena esnatzeko kanpaitxo eta guzti; ongileen argazki pintatua. Herri koskortuari dagokion kalea eta ezer gutxi gehiago.

 

Hiru tximinia mehar eta luze: zerbait den herri koskortu orok du antzerakoren bat, gehienak keetan, ez dakigu zerena diren.

Futbol partidua jokatzen ari ziren baina ez zen ia ikuslerik.

Bada inguruan zirkoa: bihar du emanaldia herri honetan."Where are you from?" apaizak. "From bask country!". Ez-ulertze aurpegiera. "Between Spain and France". Frantsesez eta espainolez egingo dugula erantzun digu.

 

Scorup. Harri errunikoaren bila joan gatzaizkion herritxoa hau ere, lau etxe besterik ez da. Eliza itxita dago, harrizkoa da hau ere, oholezko dorretxo karratu txikia du, berrikuntza lanetarako aldamioz bilduta. Agian hemengoa ere kanpoko horman zizelatua dagoen harria da bila gabiltzan errunikoa, guri ez bazaigu hala iruditzen ere.

 

Harrobi batean ikus daitekeenez hondar edo harea horixka da lurra, metrotako sakoneran.

Zaldiak dituen landetxe inguruan, jauzi-langarik ez bada, badira ohol zuriz hesitako itxidurak:  zaldi-uneak ezbairik gabe, lehiaketarako zaldiak hesten dituzte nonbait, ez baitirudite, itxuraz behintzat, okelatarakoak, hiltegi edo harategirako zaldiak alegia.

Laku zabala Viborg aurretik: txaneltxoen oihal zuriek bizitasuna damaiote ur-azal zabalari.

 

Viborg. Jauntxoen hiria, urte luzez Jutlandiako hiriburua izana. Merkataritza herria gaur egun: saltoki asko eta handiak, denda oparoak, eskaintza aberatsa. Isila eta lasaia jende asko dabilen arren kaleetan, ganorazkoa, sendoa. Laster bukatzen zaio, baina, hiria oinezkoari kale nagusi luzea eta eliza aurreko kalea ibili ondoren. Ez du bitxikeriarik erakusteko, katedrala ezik, argazkia ateratzeko irrikan jartzen zaituena bera. Kolore biziko etxateri argia, mota guztietako etxeak gordez; plaza goibeheran, azoka dago gaur bertan; etxe ederrak ditu eliza aurreko kaleak, baina gaur ez dabil jenderik: kale honen alde batean banketxe batek du eraikin ederra, beste muturrean berriz bi elizak daude. Behean lakua, lakuaren bestaldean herriaren bigarren zatia, norako zubia oinez edo txirrinduz soilik ibil daiteken: ez dirudi herritarrek mira handirik diotenik aintzirari, agian neguan izanen da irrista-leku jendetsua.

Domkirke edo katedrala, erromanikoa, barru zein kanpo harrizkoa, Danimarkan ezohizkoa; apaindura gutxikoa kanpotik, baina ederra; erabat ezberdina barrutik, deigarria gutxienez: horma oro freskoz estaliak, zaharrak dira izan nonbait, baina moderno jitea hartu dute garbi-berritu ondoren, gaurkoak dirudite, gangetakoek ezik; begi-bistakoa eta deigarria gelditzen da tamaina eta urre koloreagatik 7 besoko argimutil erraldoia gurutzadura erdian; kripta oso zabala presbiteriopean: bi hilkutxa, alde batean harrizko buru-irekidura eta guzti, bestean zurezkoa narruz eta xaflaz estalia sekulako heldulekuekin; erdiko nabe bueltan koru edo balkonada arkutxoekin: pinturek gain bizitasuna ematen diote elizari. Domingotarren eliza itxita dago baina oso xarmantak ditu bai fatxada bai dorrea, borobiltxoak eta adreilu ilunak nahastuz.

 

Erabat hil zaigu herria eguerdiko ordu-battan.

Jubilatu taldea elizan: nola aspertu eta unatzen zituen adinekook gidak goiko sainduteriako morroskoak nortzuk diren banan-banan aitatuz; pinturen balioaz eta berezitasunaz ostera hitzik ez die esan.

Onik eta erraz atera gara hiritik baina gure norabidea hartu behar genuen bidegurutzean desbideratzea gertatu zaigu.

Ez da berdina bidegurutzea eta gurutze-bidea, baina gurutze-bidea bilakatu zaigu bidegurutzea.

 

Silkeborg. Aintzira baten alboan, beteagoa egiten du aintzira presa batek: herriaren zati da aintzira, kanpotarrak izan ohi dira bisitari; gaur inor guti badabil ere, tutistontziak dabiltza barruko lakuotan zehar jendea erabiliz. Herria bera hila dago eguerdian, plazan berriz giro alai bizia da nagusi: jazz talde baten emanaldiko doinu eztia inguruko kaledi guztitik entzuten da, jazz-taldeak txukun eta taxuz jotzen du, saxofoi-joleak batez ere: oso goxo jo du "lore txikia"; entzuleria handia zegoen eserita plazan, umeak jolas bizian urmaeleko irudi bustiekin, alboko saltokia irekita dago eta jendea ibili dabil; herri-herrikoa da jendea, xumea. Industriala delarik hiria, etorkin asko dabil, batez ere beltza, azal erabat beltzekoa. Laku gaineko muinoa parke ikusgarria da, aldatsua. Giroa eskaintzen du hiri honek: asko da hori.

 

Lurralde uhindua gaurko ibilikoa, batzuetan sakonago, hurrengo lauago, tarteka basoa, bada zonalde osoa beteaz baso-sail oso zabala laku inguruetan.

Laku eremua da lurralde osoa: hainbat daude Skanderborg bitartean; herriaren aisia-leku direla dirudi.

Ostruken granja; jadanik bakar ugari ikusi ditugu; familia-arrautzak, bakarrekin familia osoa ase daiteke.

 

Horsens. Fiord baten sakonean kokatua, ez du itsas girorik. Plaza izugarri luzea eta zabala, ez da erraz plaza ala kalea den jakitea. Etxe eder asko. Jatetxe asko: koadrila baten bazkal ondorengo abestiek alegeratzen dute plaza handia. Hiri atsegina hila dagonean ere, ibili atsegina egitekoa larunbat arratsaldez ere, alboetako dendetara begiratuz. Jelatua ere aparta dute hiri honetan. Eliza batek, adreiluzkoa izanik, harri tailatuz eutzitako arku gotikoa du sarrera: bitxia ikusi dugunen artean. Sat. Josefs eliza katolikoak zurajea du teilatuari eusteko: mezetan daude, India edo ingurukoak dira meza entzule ia denak, ez dira asko baina gehienak gazteak.

 

Erakusketa edo feriaren bat dute nekazariek. bakoitza bi zaldik eramandako 5 zalgurdi txiki, gidaria eta laguntzailea bertako jantziez mozorrotuak, gurutzatu zaizkigu hiri-sarrerako kalean: gustura geratu gara albora, bidea eman diegu eta horrela zalgurdi desfilea izan dugu aurrez aurre.

Ezkontza eguna, ezkontzarik ez dugu ikusi, bazkaritara datorren nagusiteria bai.

Termoa erosi dugu, puskatu zaigunaren ordezkoa.

 

Ederra da fiordoko ikuspegia, autotik soilik goza daiteke, ez baitago pasealeku edo ibilbiderik itsas ertzetan, egonlekuren bat soilik tarteka.

Trikuharria mendi-muino baten hegi ertzean, belatzean, zilueta zeru urdinean ezin aproposago marraztuz.

Mendixka dezenteak, hegi luzeak alderik–alde alde batera, fiorda beste aldera: konbinaketa aparta egiten dute berdeak eta urdinak.

Orduko 67 abiaduran noala esan dit bere zenbaki gorri handiekin herri bateko sarreran panel automatiko batek.

 

Hegoa baino industrializatuagoa dago Jutlandiako Iparra: gaurko bidaian herri koskor gehienek dute bere industrialdea, nahiz txikia.

Berrikuntza eta konponketa lanetan murgildurik daude Iparraldeko hiri nagusi oroko kale nagusiaren alboko kaleak; aspaldi berritu zituzten erdigunekoak. Ez dugu horrelako lanik ikusi hona arte, tarteka ez bada.

 

229 kilometro, ibili luzea baina atsegina, ezer berririk gabe, ohizko parajeetan.

 

Alboko gizonezko alemaniar hirukotea atera egiten da, berandura arte irten ere nonbait, autoa kanpoan utzi behar izaten dute eta. 6etan kaleak usten badira ere Arhus-en bada gau-bizitza, gautxoriek badute non bizi.

 

 

Ekainaren 14a. Igandea. 50a. – D:23a.

 

Biziki, askotan lazki, bizi dut, idazterakoan, nire hiztegi, gramatika, irudimen eta esaldiak gauzatzeko ahalmenaren  moztasuna; hala dela egiaztatzen dut idatzitakoa irakurtzerakoan: egunotan Sarasolaren "ajeek" begien aurrean jartzen dit hori dena.

 

Kanpin honetara naturarekin elkartzea amestuz datorrenak ke zuria  eteten ez zaion tximinia beltza izanen du lagun: sortu-ezabatu amaierarik gabeko laino multzoa, uneoro aldatzen baina beti berdina, dugu gainean, etengabeko prozesu azkar eta bizian, arnasgai  berezia gure birika zein gorputz osoko prozesurako.

 

Ibilaldiko kanpin iparrenekoenera abiatzen gara gaur; hurrengoak beheragokoak izanen dira. Zati laburra geratzen zaigu. Etxerako bidea.

 

Eguraldi argiak sortzen duen bizipozarekin ekiten diogu kanpin aldaketari.

 

Uralita da Danimarkan eraikuntza estalki-gai sarriena, ia teilatueria osoa uralitazkoa da gaur egun, lehen, berriz, lastozkoa zen: ez dute nonbait teilak egiteko buztin-lurrik. Etxe asko ostera adreiluzkoa da, beraz beste nonbaiten jarri beharko dut teilarik ezaren zergatia.

 

Iparrerago eta zentral eoliko gehiago: haize gehiagoren eragina. Baliabideen baldintzapena.

Danimarka lauan muinoak ebakitzen dituzte autobidearen pasagunerako.

Randers-en lur barruraino sartzen da itsasadarra, erreka ibai zabala bihurtuz itsasoratzean.

Lehenengoz ikusi ditugu poliziak errepidean, txakur lanetan ikusi ere: atsedenleku edo bide gorde batean “politie” esku-kartelarekin sarrarazten ditu kamioiak bikietako batek eta besteak paperak eskatzen: kamioi ilara luzea zuten zain, muga bailitzan.

Dinamarka, Romo uhartea

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/18 09:55
JUTLANDIA PENINTSULA. Arhus, DJURSLAND LURMUTURRA. Knebel, Grenaa.

Ekainaren 11a. Osteguna. 47.a – B:20.a

 

"Poema antologia", Bukowski,: “Politikan sinesten duen jendea jainkoagan sinesten duen jendea bezalakoa da".  Bakea ere ezarri egin nahi digute politikoek.!!!.

 

Aldaketa egunez ezohizkoa zaigun egun ederrez alde egin dugu kanpinetik.

 

Belak ere migratzaileak ote?. Hainbeste dira!. Nola moldatzen dira hemengo negu gogorrean?. Hegazti zaildua!.

 

Ikusteko parafernalia autobidean, bris-briska argiak, tutu zuri-gorriak zoruan, bi polizia-auto errepide erdia hartuz trabeska, polizia eta kaleko jantziz, mantso joateko keinuka... istripu larriren bat espero genuen: polizien bi autoen artean babestuta, ia polizia artean, bi zisne errepideko zoruan etzanda, lau kume ere etzanda zituztela alboan, trafiko zurrunbiloan eta errepideko nahaspilan lasai.

 

Agur egin diogu ferrytik Seelandiari eta Kopenhageri, zeharkatu dugu Fionia, zeharkatu ere zubi erraldoia.

 

 

JUTLANDIA PENINTSULA

 

Hemen gara berriz, bidaiako azken laurdenerako. Jadanik ezeri ez diogu mira irizten, dena zaigu ezaguna eta ohizkoa.

Zubi garai eta luze batez zeharkatu dugu fiordaren azken muturra.

 

Vejle. Handiaz gain industria handiko hiria eta bizitza biziko portua agertzen da. Erakargarria ere otu zaigu, osteratxoa egitera deitzen zaituena, baina deseroso gelditzen zaigu. Berdin Fredericia hiria, atsegina, baina aldrebestxo gure plangintzan: ez diegu bisitarik eginen.

 

Militar konboi osoa, motordunak eta guztikoa: bada militarrik Danimarkan ere. Ferryan gindoazela ehiza-hegazkin gerrakoa pasa zaigu gainetik inguru osoa bere danbarrada hots ezagunez bilduz eta begi oro bereganatuz.

 

Penintsulako iparrera eginen dugu ekialdeko ertzetik hurrengo egunetan.

Zimurtzen ari zaigu lurzorua, handitzen gero, azkenik mendi-muinoek osatu arte lurraldea; errepidea gora eta behera doa galsoroei jarraituz. Baso kasko gutxi batzuk, granja hitsak uralitazko gainekin, lakuak tarteka errepide alde bietara. Dena da gari-sail, dena berdegune, harantz-honantz autoak garitzako zomorroak bailira. Horitzen hasia da jadanik zenbait garitza. Noizbehinka belar-sailak eta behi aldra bat, zaldi bakarren bat jauzi-langen inguruan. Tarteka, kolore leunez pintatutako tximinia luzeak, tutu garaiak han goian ketan, bakarren bati kiratsa ere badario: herri hasiren baten alboan edo inguruan daude gehienetan.

 

Kanpina.

 Lisbjerg herrian. Gure etxetxoaren kokagune berria: belar trinkoko zabalguneak, gune bakoitza pinuz hesituta. Zerbitzuak xumeak baina garbiak. Kanpinetik bertan, begien bistan, dugu tximinia bat, ke zuritan, baina tximinia bera iluna da.

 

Aspaldikoa dute kanpin grina Danimarkan, horrelako belar-gune eta banaketa-hesiak ez dira dozenerdi urtetan lortzen.

 

Arhus

Industria-gune zabala du. Hiria bera ere izugarri zabala da, zeharbidetik egitean jabetzen da gidaria zenbaterainoko zabala den; bloketzar asko hego-mendebal aldera, hor inguruan da dorre borobil lerden bat ere. Ze nolako jasoa ematen dion gidaliburuak hiriari, baina giroa da batez ere hiriak eskaintzen duena: bizitasuna, bizinahia, bizipoza, gatza, saltsa. Turismotik bizi den hiria dirudi, kale dena da saltoki oparoa, kanpotar jendea edo bisitaria dirudi kaleetan dabilenak; erabat oparoa eta zabala da ekainerako kultur eskaintza.

Ubide batek zeharkatzen du alderik alde: erabat eraberritu eta apaindu dute, berea egin du herriak, kafetegi bihurtuta dago ertza luzera osoan, alboko harmailetan eserita garagardoa edanez kontu-kontari egiten ditu orduak gaztediak. Betiko kale luzea jendez bizi-bizi; plazak, eliza aurrekoa luzea da, aparkalekua bestaldekoa, kultura-gune eta erdi saltoki, erdi erakustoki, bihurtuta: gaur lore-saltoki eta lorategi bihurtu dute lorategiko zuhaizka landu eta irudi bilakatuez; plaza horretan bertan musika eta uraz baliatuz, biak  nahasiz, emanaldia dugu: klasiko ezaguna da musika, ur-zorrotaden jauziak ez dira beste mundukoak, xumeak baizik, baina bada musika entzuteko bide egokia, jende asko du ikusle eta entzule emankizunak, jendea ur-zorrotadei begira dago ahozabalik, hainbat eserita kafetegietako mahaietan garagardoa edanez. Antzokia ez da ezer asko, baina zerbait dirudi irudi biziki pintatuekin. Itxita daude bai katedrala bai Andre Maria eliza: biek dute zink berdeko dorre luzea, erabat zorrotza batek, borobil-gunea erdian besteak. Ba omen da daniar etxez egindako herritxo baten erakusketa: etxeok baina ehunka eta era guztietakoak ikusi ditugu jadanik bere jatorrian eta bere-berean. Bikingoen etxe baten erakusketa ere ba omen: ikusi ditugu jadanik bikingoen ontzi errealak. Museo pila dago baina ez digute ikusi ez dugun ezer ezberdin edo berezirik eskaintzen, aurrera egin nahi dugu gainera.

 

Badirudi alproja-jende askoren bilgunea ere badela hiria: tipo bitxiak aurki daitezke; oso nagusi batek musika-gailu bitxi bat jotzen zuen diru eske, hala moduz jo ere.

Heltzen da geltokiko liburu-dendara El Pais egunkaria, salduta ditu gaurkoak.

 

Hustu egin zaizkigu ia erabat kaleak 6etan, eta gu geu ere gure etxetxora bildu gara.

 

Bertako gidariek erabat moteltzen dute abiadura herri bat  zeharkatzerakoan, hiriko alboko zati erdi hiletik bada ere.

 

260 kilometro, Jutlandian utzi gaituzte, zozo berri batzuen sinfonia berdinean.

 

Kanpin aldaketa eguna, egun aldrebesaren kronika da gaurkoa: 1-: Kateagailua bere lekutik atera zaigu karabana autoari lotzean. 2-: Bide desegokiena hartu dugu ferryrako, luzeena, Slagelseko argi gorrietatik erabili gaituena. 3-: Ferryrako autobideak desbideraketa du eta nahastu egin gaitu. 4-: Ferryrako sarbidean okerreko kalea hartu dugu, ustez azken unean ferrya galdu dugunaren erneguarekin: bertako zerbitzari batek lagundu digu adeitsu bide zuzenera. 5-: Liburuxkaren kanpinerako oharrak huts egin digu, errepide berri bat egin dutelako. 6-: Aurrera egin dut kanpinera sarreran, kanpinerako norabide letreroa bat-batean eta azken metroetan agertzen baita: atzerakako hersturetan sartu gara. 7-: Hartu nahi genuen guneko argindarraren entxufea tokatzen ez zitzaion batek hartua zuen, luze eta gaizto joan zaigu kokatzea. 8-: Arhus hirian dena aurkitu dugu itxita. 9-: Aparkalekua aurkitzea ez da bertan beherakoa izan, kaleetan hara-hona; aurkitu duguna gainera ordaintzekoa. 10-: El Pais, eduki ohi duten Espainiako egunkari bakarra agortuta zegoen.

Hurrengo egunen itxaropena soilik gelditzen zaigu.

 

 

Ekainaren 12a. Ostirala. 48.a – D:21.a

 

Itzulera sindromearen pipiak jotzen hasiak gara jadanik: bi aste luze interesgarriak ditugu oraindik aurrean baina nahi gabe ere buruan ehotzen dugu aurrean duguna: oraindik ikusi gabeko lurraldeak egutegiko azken zatira egokitu, aldatu beharreko diru kopurua neurtu koroi gehiegirik izan ez dezagun soberan, janari pilatua eta erosi beharrekoa premietara taxutu... eta antzerako abarrak, bidaiaren bukaera ikusten dugula ezaugarri. Nekeak ere badu eragina, etxera tirak ere bai. "nahiko" esaten hasi da gogoa, gorputza ere bai.

 

Komuna ez da tokirik desegokiena patxaran, isilean eta bakardadean egoteko!, aurrekoaren kaka-usainik ez badago behintzat.

 

Hainbat errepide gurutzatzen ditu trenbideak hainbat lekutan: trenbideak zubiz gurutzatu beharraren sindromeak ez du harrapatu daniarra: zain egoten dakite langak jaistean, eta kitto, ernegatu gabe egon ere. Hainbat diru aurreratu eta hainbat natura-hondamendi ekiditen dituzte. Ez dut uste gureetan baino hildako gehiago izango dutenik trenbide-gurutzeetan.

 

Djursland lurmuturra, gaurko gure ibil-lekua, ekialdera. Barea behar du golko honek, hain baitago gordea. Itsasbazter itsasbazter, ertzerik ertz tarteka, gainez-gain hurrengo, ikuspegi ikusgarriez gozatuz gaintxoetatik, badiara zein itsasora so, horrela doa ibilia; lur barrutik goazenean ere alboan itsasoa biziz beti; harea zurixkako marra argi bat da itsasertza; ez dago etxeteria nabarmenik, zuhaitz artean  galdutako teilatuak soilik; barnerago belartza, eta han txalupak ahuspez; herritxoren baten inguruan egurrezko moilatxoak edo atrakalekuak ontzitxo bakanak bertan lotzeko; haize-errota batekin egin dugu topo, baina batez ere errota eolikoak aurkitu ditugu lurmuturraren iparrean; ezohizko dorredun eliza noizbehinka, hainbat gaztelu, faisaiak ezik ikusitako gaztelu ororen osagaiekin; antzinako etxe guti: galdua dute altxor hori. Laua da tarteka lurzorua, baina gora-behera handikoa gainerako gehiena, uhin berde sakonekoa, itsas handia bailitz; aldizka badirudi lautada osoa basoa dela baina begi-irudipena besterik ez da: belartza eta gari-sailak banatzen dituzten zuhaitz ilarak besterik ez dira. Pare bat ermitatxo muinoetan dorretxo zorrotzekin. Herriak, xumeak, aspaldiko hartan gelditua bezala bakarren bat; zaharkituak daude geratzen diren antzinako etxeak.

 

Mapak erakusten duen bide berdetik egin dugu bidekoa, errepide nagusietatik at, bide txikietatik, herritxoetatik barrena. Estuak dira errepideok baina zoru onekoak; ez dabil ibili ere autorik bertatik bertarako nekazariren bat zein umeak eskolara daramatzan autobusen bat ez bada; gidaritza lasaia beraz.

Portatu zaigu gaur gure bitxilorea, ez digu buruhausterik eman, nork daki geu ez garen bitxilorearen lengoaia ikasi dugunak.

Bela bat izan dugu auto-gurpilen axolarik gabe akabatutako katuari mokoka gosaltzen errepidean bertan; autoei jaramonik egin gabe, adi eta tinko.

 

Ega, plastiko zuriz estaltzen dute lur landua herri honetan; ez dakigu ze ortuari jasotzen duten.

 

Trena pasa zain egotea tokatu zaigu lehenengoz trabeseko langa aurrean.

 

Ilekeran dira deigarrienak eskolaurreko umeak, hain dira ilehoriak, ia ilezuriak asko; nagusitu heinean joaten zaie ilea iluntzen hauei ere.

 

Mols lurmuturtxoa lurmutur nagusian: ikuspegi aparta berez; badiaren bestaldean zentral nuklearra izan behar duen zementuzko 4 bloke izugarriak, zoritxarrez beste lurralde batzuetatik ezagunak zaizkigunak.

 

Agri inguruan, tontor konikoa du berez borobila den gainak, hain borobila ezen ezarritakoa dirudi. Belarrez berdea, jakina

 

Knebel.

Trikuharria, muino-tontor borobil osoa betez, errepideko ezuste bikaina: trikuharriaren  erdian, bihotz-gunean, betiko hil-ganbara,  zutikako horma diren  harritzarrek harritzar zabalago bat dute gainean estalki bezala, alboan sarrera; tontorra edo erdigunea inguratuz horma bailitzan borobil oso zabala egiten duen harritzarrezko hesia, harrespila. Marrazki batek dioenez gune aterbetua zen, estalkia ahalbideratzeko zutabeak ziren bueltako harriok. Ikusia dugu honen pareko bat osorik: hura karratua da, borobila behar zuen honek.

Nondik ekarritakoak ote harritzarrok, itsasotik agian, bertan baitago, eta garai hartan agian bertarago. Badirudi inguruan badela beste zenbait trikuharri edo antzerakorik: bide-gorria dago norabide iragarkiekin tontor baterantz.

Herria. Antzinako etxe ugari; ez dirudi iraganiko garaietatik asko aldatu denik, galtzada bikeztatu diotela ez bada.

 

Patata salgai etxaurre batean, aterpea jarri dioten esku-gurditxoa da salmahaia.

 

Ur gardeneko badiaz-badia doa ibilia.

 

Ebeltoft. Ortu-sail zabala, Danimarkan ikusitako bakarrenetarikoa, sailtxo askotan banatua, landu-landua bakoitza, prepezioz zaindua; lursail zabala osatzen dute denen artean.

 

Eliza-dorre ezberdina, txikia; ohizko egitura du, baina  ezarritakoa dirudi fatxadak, arku batean sostengatuta bezala: ezberdina denez, bitxia.

Gureetako mendi-gaina gogoratzen digu berriro lautada batek: aintzira baten alboan behiak etzanda larrean, basoak...

Heldu-kolorea hartzen hasia dago garia.

 

Hyllested. Muino osoa jaten doan harrobia gogoratzen dut inguru honetan: harea eta harri pilak ateratzen dituzte.

 

Rugard. Berau aitatu behar dugu gaurko jauregi eta gazteluen artean: gaztelua bera bezain ikustekoak dira ukuilu  eta enparauak. Bere hartan betirako geldi geratuta bezala, bakardade guztizkoan. Zoragarria. Ez da ikusten itsasorik, baina ber-bertan da: bainatuko ez zirenez ez jauntxoak ez zerbitzariak, babes izanen zuten itsasoa, agian beste norabaiteko eraso-abiapuntua.

 

Kuartela gehiago dirudien granja ikaragarri zabal karratua hiriko sarreran.

 

Grenaa. Hasia eta bizia dirudi. Jarduera  handiko portua, Suediara doa ferrya. Industria-gunea,  portua eta hiria bitartean. Ezohizko egiturako hiria, industrial hiria gehienak bezala. Ez du ezer berezirik baina atsegina egin zaigu. Ez du saltoki kale bakar nagusirik, eliza erdigunean, alboan plazatxoa, bertara jotzen dutela kale nagusiak eta kale-denda denak, eliza dela kalediaren ardatza edo bilgunea. Etxe eta eraikin bikain asko ditu, denak zainduak,  zaharrak zein gaurkoak, baita behe-solairu soileko kale zatiak ere. Eskultura ugari, elizara begira belauniko eta burumakur, lepo luzeko otoizlariarena bata, harri gorrian irudikatutako txerrama galantarena bestea, bigarren plaza batetan.

 

Lehenengoz ikusten dugu: fraide batek iragartzen du garagardoa taberna bateko sarreran.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/15 08:35
SEELANDIA: Koge, Bjernede, Soro, Kalunborg, Slacelse, Korsor, Hobaek.

SEELANDIA

 

Ez dakit zenbatgarren zubia, eta Seelandia uharte nagusian gaude berriro.

 

Ateriak lagun egin digu egun osoan, baita haize hotzak ere.

 

268 kilometro, zubirik zubi, uharterik uharte, urez eta haize hotzez bildutakoak.

 

 

Ekainaren 7a. Igandea. 43.a – D:16.a

 

“Poema antologia”, Bukowski: "Burla-txoria" poema: Euskaldunok noiz izango ote katu udazken batean.

 

Gaueko zaparraden ondoren badirudi jaso egin nahi duela egunak. Lurruna darie zelaiei, lapikoa irakiten bailego. Banaka banakakoa baina sarria, zaldia da paisaiako abelburua; banakakoa baina urriagoa, ardia; noizbehinkako ezustea, behia. Bitxia, etxe alboan, belartzan, itsas-baporea: itsasoa hor inguruan dagoela jakinda ere anakronismo sentipena sortzen du.

 

Koge. Industria-gune zabala du, gureetan bezalako pabilioi berri itxurakoak, ez da fabrika handirik. Ia bost kilometrotan poste luzez argitutako etorbidea. Koge ibaia, berriz, ez da errekatxo bat baino askoz gehiago.

Izen bereko golkoan kokatua dago hiria. Kolore ezberdinez pintatutako, nahiz adreiluzko, etxe oso ederrek biltzen eta mugatzen dute plaza karratu izugarri zabala, hiriko eta erdiguneko bihotza; aldi berean ba da ere aparkaleku eta auto-pasabidea; plaza erdian militar baten estatua, agian badian jokatu zen suediarren aurkako itsaso-bataila irabazi zuen almirantearena. Txukun berritutako kaledia: kale zabalak, antzinako hainbat etxe, urte eta taxu orotakoak; bada teilategal azpiko zura landuta duenik ere.

Patio ikusgarriak: zabalik dituzte ateak, saltoki edo bulego direlako edo, bisitariek begiratzeko ere agian. Eliza tzarra, sendoa eta garaia, daniar gehienen taxukoa, leihoak ere adreiluzkoak, nerbio hirukoitz gotikoekin dotoretuak; barruko aldaera eta osagai aitatzekoenak: 3 maila ezberdineko pulpitua,  jauntxoen koru sekulakoa, pulpitu taila izugarria, ongileen argazki pintatuen sekulako tamainakoa, bataiarri aho borobila osoki hartuzko zilarrezko ur-azpila harrigarri landua eta hilarria. Ubidea, herriraino sartzen da, plaza osteraino, baina ez dago hirian integratua, ez du hiriko bizitzan partaidetzarik. Eskultura ugari, era guztietakoak: mutil koskorra sugandilarekin, beste nonbaiten ere ikusi dugu: agian ipuin edo mitoren bateko gaia da. Udal liburutegia etxe eder batetan.

 

Sustatzen dute hiria: plaza erdian kokatuta emakume batek hiriko merkatarien liburuxka banatzen dio plazara agertzen den kanpotar orori, eskertzeko laguntza, lagungarri izan zaigu guri. Kanpotar batzuk gabiltza, ez asko, baina banaka ugari. Nolanahi, hila dago herria goizerdian.

Apaiza sermoian ari zen pulpitutik, sermoi luzea, badirudi jendea ez dela aspertzen apaizaren hitzarekin elizara sartzeko. Bukatzeko zain egon gatzaie. Adin guztietako eliztarra atera da elizatik.

Komun garbiak, baliabide guztiekin, doan.

Komun publikoan ontzi berezia dago xiringa, bizar-orri eta orratzak botatzeko direla esanezko marrazkiekin.

Belea plaza erdian: zorutik jaso du lotsagabeki ogi zatia eta farol gainean jan du, oinezkoengandik bertan. Bele hiritarra, gizarteratua.

 

Dalby.  Okre pintatutako eliza, ez ohizko zuria, ez adreiluzko gorria.

 

Borup. Faisaia errepidean gaztelu inguruan:, baso orok du konde-jauregia, kondearen jabegora daramate etorbide denek.

 

Eguneroko herri, etxe eta zelaiak. Agiriko zurajea duen harrizko etxea eta zezen-plaza tankerako zementuzko ur-biltegi borobila izan dira gaurko aldaera.

 

Ringsted. Ez du ezer berezirik baina herri atsegina, argia, da, kale zabalekoa. Plaza bera ere argia eta zabala, aparkaleku bihurtuta; plazan daude eliza eta udaletxea, baina ez da erdigunearen bihotza, ertz bat baizik: dekorazio berezia eskaintzen diote mundu-ibiltari, trotamundos, ugariek. Haize errota herrian bertan dago, etxe artean,  erdigunetik gertu.

Berehala bukatu zaigu bai ikustekoa, bai kaledia.

Bertan bukatu zaigu argazki pelikula ere.

Komunik ez digu eman baina eliza bueltako berdegune ederra bai.

 

Fjenneslev. Elizatxo erromaniko xarmanta, bi dorretxo puntazorrotzak ezik, harrizkoa. Ohizko osagaik du barnea,  baina dena da bitxia, aparteko xarma dario; diru-kutxa ere bitxia du, altxor bat; freskoak, elizako ongileak pintatuta freskoetan; hilarri bakarra baina ondratua. Harri errunikoa eliza aurrean. Tailatxo xume erakargarria aurreko zelai bateko horman.

 

Slaglille. Eliza ikustera joan gatzaizkio baina itxita du atea. Leihotik ikusi daitekeenez fresko pila, berritu berri-berriak, erabat argiak eta biziak. Abside zein atea, erromaniko polita. Begi altueran leihoak, begiluzeentzako aukerakoak, baina kristal argikoak izanik argi bristadek eta ikusmira urriak ezinezkoa egiten du ganoraz ezer ikus ahal izatea.

 

Bjernede. Danimarkako eliza borobil onena omen: onena ez dakit, berezia eta xarmanta bai; nano borobila, bitxia, den txikirako garaia, erdi-erdian dituen lau zutabe sendoetan sostengatzen da nerbio gorriko ganga  esferikoa. Aldare gaineko Kalbarioko hiru pertsonaiak, pulpituko iruditxo tailatuak, Kristo txipi bat, horma bateko ilunpeko santu-iruditxoa, presbiterioan dagoen burdinez forratu eta gotortutako diru-kutxatzarra... dena da erakargarria eta atsegina. Kanpoko zelaian bada kanpai-lekua, beltz pintatutako berezia.

 

Gaztetxoen lehiaketaren bat ospatzen da herrian, eskubaloia edo saskibaloia: kotxe pila dago bertara inguratuta, errepide ertz eta tarte oro autoz kotxez mukuru.

 

Noizbehinka ahaztu egiten zait autoko argiak piztea baina berehala gogarazten dit aurrez datorren norbaitek argi zapladekin.

 

Soro. Herri txukun eta zabala, kale bakar batera mugatzen zaio erdigunea; herritarrak lasai eta egoki bizi izateko bezalako herria. Aurki daitezke antzinako etxe eta etxe baxuak. Laku baten alboan, herriko zati edo osagaia da lakua, parke ikusgarria sortu diote alboan berdeguneko zein ur-ertzeko bide-gorri atseginekin; zuhaitz ederrak, sendoak, ditu; igandezalea badabil ibili hirian, baina ez asko, dabilena parkean dabil batez ere, kanpotarrok ere parkean gabiltza; dozenaka dira ahate migratzaile edo etorkinak, belartzan jende artean lasaitasun osoan edo kumeekin bide-gorri ertzean egon lasaian; hegaztion artean gure kofiadun beltza ere hor da: aurreko batek ahots bitxia erakutsi zigun, peskari trebea dela gaurkoak baita arrantza teknika ere: murgilaldi luzeak egiten ditu eta noizbehinkako batean mokadu batekin agertzen da. “Academia” izeneko eraikin famatua, aspaldikoa, ikastetxea omen baina guk kafetegia besterik ez dugu aurkitu. Akademiaren alboan, lakua eta herriaren artean, ikustera jende asko sartzen zaion eliza: koloretsu pintatua barrutik, agian ez dira fresko zaharrak baina eliza atsegina bihurtzen dute; bataiarri gaineko urontzi  metalezkoa zizel-lan itzela da, zur-lan paregabea presbiteriorako sarrera eta hesia, bi Kristo apartak zein baino zein irudi tailatuzko gurutze apartekoetan;  presbiterio gaineko Kristoren koroa sekulako handia: sasitza osoa du gizajoak burugainean; gurutze berak bigarren Kristoa du pintatuta ostean; pulpitua filigranazko taila, zur kolore ilunean utzia; hilkutxak eta hilobiak erretaula ostean eta kaperetan, aldare osteko lurreko tranpolen pean ere bai seguru aski: era eta tamaina oroko katabutak jauntxo, andere eta seme-alaben irudi etzanak harrian tailatuak, bere burua zerbaitez zuten guztiak daude hemen, gotzainak tartean.

 

Arrosa eta zuriak dira Soroko autobusak, agi dago kolore propioa dutela hiri edo barruti bakoitzeko autobusek.

 

Auto ugari dabil gaur errepidean, eguraldi epelak atera du jendea kalera. Errepide bazterreko egonleku edo kafetegi bakanetan ere auto sailak daude.

 

Berdegune batean, benetan da urrutitik deigarria eliza baten fatxada zuria.

 

148 kilometro, geldiune askoko atseginak, "margarito"k huts egin badigu ere sarri.

 

Ez da erraza izanen kanpin honetan zozo-kantua entzun ahal izatea.

 

 

 

Ekainaren 8a. Astelehena. 44a. – D:17.a

 

Ez dut "destatu" hitza ezagutzen: irakurtzen ari naizen eleberrian maiz agertzen zait. Guk beti erabili izan dugu "destera" hitza, antzerakoa, erreminten ahoa zorrozteko edo lehuntzeko harri biribila zen, zorroztarria bezalakoa. Baina "destatu"k ez du horrelakorik esan nahi.

 

Agertu digu aurpegia lehen orduan eguzkiak, baina lainopera egin digu gero.

 

Kanpin aldaketa honetan ezer guti berririk eman digu bidaiak: jadanik ohizkoa zaigun paisaia dugu lagun.

Iparralde urrutira, lehenengoz ikusten dugu uharte honetan ke zuria botatzen tximinia luzea, laino multzo zuria sortzen du laino beltzen pean.

Paisaia idiliko honetan, ke kutsaduraren kontrastea itxura besterik ez dela deritzot, zeren nekazarien ongarri kimikoen ezkutuko erasoa ere bortitza izan behar du eta.

Haize errota.

Arto-sailak dira sail erne berriak, dudarik gabe.

 

Kanpina.

Bjerget herrian dugu kokagune berria. Itsasgainean: entzun egiten dugu itsasoa, hor bertan sentitu ere bai, baina ikusi tartetxo batetik soilik ikusten dugu, han urrunean. Zozo kanturik ez da, txoritxoena bai. Astoa dugu kanpinean, Danimarkan ikusten dugun lehena: berak jaten ditu kanpinlarien hondar guztiak, jendea hurreratzen zaio, bera ere hurreratzen zaio jendeari jan bila, zalditxo batekin, lagunkiro. Karabana asko, bertan finkaturikoak gehienak, izugarrizko antolakuntzekin, txaletxo bihurtuta. Berdinak dira karabanen luzagarri gehienak: norbaitek egin du irabazi ederra.

 

Eskolaume koadrila 3 irakasleekin, ilaran, bizikletan, inguruko bide txikietan: bada ekintza interesgarria.

 

Orain artekoaren baino beherantz sakonago eta gorantz garaiagoko lurraldea; ikuspegi eder-ederra, ikusgarri ederra agertzen da lautada uhindu berdea eguerdiko eguzkitan.

Lastozko etxea eta aurreko berdegunean txalupa, galsoro baten alboan: idilikoa ikusteko.

Lasai gidatzeko bidaia paregabea. Kontrastez, tarteka, gurpilpean galdu den trikua.

 

Tisso aintzira inguratzen dugu, ibili erakargarrian; zisne pila, mota zuri handiak dira ur bazterrean. Urak badu halako apar itxurako xingola ertzean: kutsadura ote?. Berdinak baina bakoitza ezberdin, elizak dira paisaiako eraikin deigarrienak; elizen  gorri-zuriak nabarmenak dira urrutira; bitxikeria zaizkigu lastozko teilatudun etxe bakanak. Etxe gainetarako azaoak pilatuta laku bazter eta paduretan. Urtxori pila. Danimarkan ikusten dugun bigarren astoa.

 

Birfindegia Kalunborg, lakuaren bestaldean, golkoaren alboan: hemengoa zen goizean ikusi dugun ke zuriko tximinia luzea.

 

Kalunborg. Zabala izanik ere industrialdea, portuak du bizitasun izugarria; garabiak, itsasontziak, kamioiak, trenbidea, trenak, auto garraiorako trenak, biltegiak…  portu handietako irudi petoa.

Ez du ezer aipagarririk, hiri daniarren osagai betikoak ditu, osotasunean da gustagarria hiria bera: oinezkoen kale luzea, bizia, eskaintza oparoa kale erdiraino jarria. Herri lasaia: gazte asko dabil kalean ibili barean, bukatua dute nonbait ikasturtea. Baditu plazak baina kale luzetik at, aparkaleku edo auto-biltegiak besterik ez dira, ez dira herriaren zati biziak, ez dago kafetegirik, ez lasai egoteko giro edo aukerarik, galdu dute plazen jatorrizko betebeharra, herriko bilgune izate hura. Badu etxe ederrik, erabiliak gainera, denda-leku eta bizilekuak. Parke eder eta zabala du oinezkoen kale gaintxoan. Katedrala da hiriko altxorra, erakustekoa da izan ere; adreiluzkoa; gotorleku itxura ere badu kanpotik; beso berdineko gurutza egitura izanik beso bakoitzaren ertza dorrea da eta erdiguneko gurutzaduraren gailurra bosgarren dorrea, agian horrek ematen dio gotorleku usaina; teilatuak, zink berdekoa, ematen dio bitxitasuna; eliza bueltako berdegunean jarri dituzte hilarriak, eliza barruan zeudenak edo agian hilerrikoak zirenak; barrutik: borobil tankerakoa, erdiko lau zutabek eusten diote gangari; 1650.go erretaula bitxi naifa: Azken Afari koloretsua; bataiarri xumea marrazki zizelatuekin: antzinakoa behar du; presbiterioko leiho batean fresko hondar ederra. Ederra da katedral ingurua, herri zaharra, multzo ikusgarria egiten du, gaur egun turistentzako dendateri bihurtuta. Gutxienez elizaren garaikoa da antzinako kale eta etxeteria: esan daiteke bi herri direla: elizaren ingurukoa, goikoa, turista-gunea, bata; behekoa bestea, herriarena: horra joan da biztanleria eta bizitza. Eliza aurrean labirinto antzeko lorategia, hesi berdez egina, kiribildua, sartu eta nondik aterako zaren ez dakizuna.

 

Umeek entseatu dute zerbait apaizaren gidaritzapean, elizan.

Balkoirako gortina bat erosiko ez erosiko egon gara: ez dugu erosi.

 

Lagun izan dugu tarteka eguzkia, baina iluna izan da eguna. Trumoi zaparrada eta guzti, polita eta ezberdina izan da arratsaldeko ibilia itsasertz-itsasertz; lehenengo zatian belarra bere naturalean, berdin eta mehe, zuhaizka tortoak han-hemenka, abereak atzerarazteko burdina sareak Aralar eta Urbasan lez errepideko zoruan alderik alde: Euskal Herriko mendi-gain lau batean ginela zirudien, artaldeak, kare-harria eta pagoa falta ziren; itsasertzean ginen ordea, itsasoaren sestra berdinean, itsasoa lurraren jarraipena bailitzan; lurralde berezi ezberdina.

 

Ez urruti Kekselo uharte txikitxoa, itsas kontrako tontor bat eta itsaslabarra Deba eta Zumaia tarte xumeago bat bailitzan. Sejero uhartea azaldu zaigu tontor-gune batetik. Itsasertz-itsasertz egin dugu luzaro bidea, hondarra da bazterra, harri-lubetekin nolabait babestua, etxetxoak errepide gainaldean, igandezaleen edo udatiarren itxurakoak: udan izanen da hau jende bilgunea. Hainbat haize-errota.

 

Havnso.  Graziarik gabeko arrantzale herritxo nanoa, etxe bakanek osatua, ez dago turismo etxeteriarik, kanpotarren etxetxoak bai, oso xumeak, txabola handiak antzo, aratzak eta zainduak; portu nanoa: bikeztatutako oholeria da nasa gaineko hesia edo horma, ez du hemen itsasoak erasotzen nonbait; bospasei ontzi txiki portuan: arraina jasota eta kaxetan prezintatuta, kirol ontziak, batez ere belaontziak, Sejero uhartera ferrya. Ikuspegi hitsa, tristura sentipena sortarazi digu, oso pobrea dirudi: sare konponketan ari zen arrantzale heldu batek munduko sufrimendu osoa zeraman aurpegian, bera zen dena ontzian, sare konpontzailea ere. Haize-errota.

 

Udan izanen du bizitza, jendea ibiliko da; gaur arratsaldez etorri, moilan begiluze buelta bat eman autoz eta alde egiten du datorren bisitari apurrak; guk jaitsi, moilan ibili, ze arrain mota hartzen duten begiratu, eta argazkia atera egin dugu gutxienez.

 

Lur barrura egiten du errepideak: lurralde izugarri ederra, lautada uhindua. Gora eta behera, bide nahiko pikoa aspaldiko partez; irrikan geunden aldatsak eta bihurguneak noiz aurkituko; gogokoa izan zaigu gidatze erritmo aldaketa: aldats gainetatik ze ezuste izango kili-kilia, aurretik datorrena urrutitik ez ikustea... Baso baten sartu garenez badirudi ilundu egin zaigula bertan, hain da  baso trinkoa. Galipotariak zoru berritzen: ez dute gureetako aurpegi beltza edo belztua, eguzkirik ezaren ondorioa ala ardura handiagoz lan egitearena?.

Ikuskizun zirraragarria da eliza bat, zuri, urrutiko tontorrean, herriak eta etxeak berriz ez dira nabarmentzen, ilunak direlako teilatuak zein hormak eta sakabanatuta daudelako, zuhaitz eta berdegunez inguratutako banakatasunean.

Lakutxoa, alboko soro landu berrian urtxori eta itsastxori piloa, ehunka,  afari bila mokoka lurrean.

Bigarren tximinia bat.

Sei haize-errota izan dira aurkitu ditugunak  gaurko iparraldeko ibilian, itsas aireaz baliatu asmoz eraikitakoak: utziak bezala daude, batzuk osorik, beste batzuk besorik gabe.

 

Herri orok du aparkalekua, batetik gora gehienetan, doakoa, hiri handietan ezik. Baina badaki egonaldi mugatua izaten, ordu-erdikoa edo hiru ordukoa izan daiteke egonaldia herriaren edo kokagunearen arabera; lekua eta orduaren arabera  aldatu egiten da egonaldi baimena. Auto denek dute ze ordutan heldu den erakusten duen plastikozko ordularia: guk ere lortu genuen bat olioa aldatu ziguten garajean.

Saltoki erraldoietan ez ezik, fruta eta ortuari eskaintza oparoa eta ugaria dago kaleetan eta denda txikietan.

Elizak eta gazteluak ditu batez ere turistei eskaintzeko Danimarkak: garai batekoak zein oraingoak, jauntxo boterearen ezaugarriak.

 

Harri eta etxe zaharretara jotzen dugu guk hiri bat bisitatzerakoan. Turista gazteak berriz garagardotegietara, tabernetara, kafetegietara, gau girora: hirietako beste giro ezberdin bat bizi dute. Bi turismo mota: beraiek  gaurko herriaren  bizitzaren zati bati hartzen diote neurria, guk beste bati, herri beraren taupada ezberdinera jartzen gara.

 

126 kilometro, erabat ezberdinak arratsaldekoak.

 

Merezi zuen iparralde honetara txangoak, uxatu egin digu hasia genuen beti berdinaren, monotoniaren, asperdura; bidaia eta ibili poza sartu digu berriz ere gaurko ibiliak.

 

Luzeagoa da eguna goi lurralde hauetan: hamarrak laurden gutxiagotan itsas-marratik nahiko goian dago oraindik eguzkia, hamarrak eta laurdenetan oraindik mendi beheran sartu gabe dirau, laino artean ezin badugu bola bera ikusi ere.

 

Latza da euskaldunon patua: espainiarrak ez garela errepikatu beharra eta zer garen argitu ezina. Kanpineko gizona maparekin agertu zaigu: azaldu ahal izan diot Euskal Herriaren kokalekua baina ezin zuen ulertu ez espainiarra ez frantsesa ez izate hori; andre-gizonek zerbait esan diote elkarri eta hor bukatu da elkarrizketa gure hizkuntza nahastuan; Espainian egonak beraiek, eta kanpin honetan zenbait espainiar egon omen direnez, andereak badaki gaztelerazko zenbait hitz eta esaldi, baina ezer gutxi, beraz oso zaila zaigu elkar ulertzea.

 

EK hizkiak eta ikurrina jarri dizkiogu autoari, hizkiak DK pegatinaz egin dugu, ikurrina berriz bandera daniarra erabiliz moldatu dugu, aspertuta baikeunden NA matrikularen azalpenak ematen. Daniarrek K jarri diote D-ri alemaniarrengandik bereizteko, guk aldiz K jartzen diogu Eri Espainiarengandik bereizteko: ulertuko duten ala ez beste arazo bat da.

 

 

Ekainaren 9a. Asteartea. 45.a – D:18.a

 

Erabatekoa da isiltasuna kanpinean, itsas soinua, txorien sinfonia, zozo maitemindu agian bakartiaren txistu bizi zorrotz eta bihurritua eta tarteka zozoen hegazkada larriko kakaraka laztua dira hots bakarrak.

Txori ezberdina dugu auzo kanpin honetan: ia erabat horia, kanarioa baino gorpuztuagoa, ez hain fina ez hain dotorea. Horrez gain Euskal Herriko pasoko arabazozo guztiak.

Harea fineko hondartza luzea golkoaren  magalean, itsasertza bere horretan berde hondarrera arte, algak hondartzan... Haize finagatik, mendebal hotza!, ez balitz toki aukerakoa, paregabea.

 

Zirimiri  umela, paisaia lanbrotsu lausoa.

 

Eperra izan dugu gaur errepideko agerpen ezustekoa, autoetara ohitua lez, mantso gorde zaigu gari artean.

Slagelseko sarreran ostruka granja, ostrukategia, ekoizpen masiboa; oraingo hau hegian izan da, aurrekoa Hegoan zen: errentagarria da nonbait.

 

Slagelse. Gidaliburuak dionez hiri honek ez du ezer berezirik erakusteko, hala da izan hein batean, baina herri orok du zerbait interesgarria begiratzeko, edonon aurki daiteke erakargarritasunen bat. Industria herria omen industria-gune berezirik ikusi ez badiogu ere. Eskultura pila ditu, era guztietakoak: eskulturok bilatu eta begiratzea dugu hiriko ibilaldiaren interesgune edo ardatz aproposa: beirazko bat aukeratu dut argazkirako, sotila gaitik, baita egituraz zein materialez bitxia eta ezberdina delako. Bi plaza: udaletxe aurreko karratu zabala, etxe funtzionalez inguratua, gainaldea zein azpia osoki auto-biltoki bihurtua; eliza ostekoa bigarrena, aurrekoarengandik hurbil, autoengandik libro, hiriko oinezkoen zati bakarraren zabalgunea, hiriko bilgune izan daitekeena. Erdigune osoa da denda-leku, industrialtasunak egitura bera ere aldatu egiten dio nonbait hiriari. Eliza alboan hilerria zitekeen berdeguneko albotxo batean, 40-50 gerrateko hilerria, herritar hildako bakoitzeko harritxo bat, bakoitzak bere lore landaretxoa lagun: gizon heldu bat hurreratu da, kapela erantzi du, eta begira egon zaie harrioi.

 

Bic boligrafoa aurkitu dut: kaskarra, baina oroigarri bezala jaso dut.

 

Arindu zaigu pitin bat eguratsa. Korsor badia bere zabalera osoan begi-bistan hartzeko haina gutxienez, baita etzi ferrytik alboan izango dugun bukatzear dagoen zubia ere, uharte bien zilborrestea.

 

Korsor.  Koge-koan lez, bertan ere itsaso-bataila jokatzeko adinako golko zabaleko golkoan gordea, badia ertzean. Portutik bizi den industria-hiria: beira omen ekoizpen nagusia, baina ez dugu inolako beira eskaintzarik ikusi saltokietan, agian erakusleiho eta leihoetarako kristala da soilik egiten dutena. Fionia uharterako-uharteko ferry oro hemendik-hona doa-dator, baina hiritik urrutitxo dute atrakalekua; hiritik bertatik badu izan abiapuntua ferry linea bakarren batek: kamioi ilara luzatzen da bertan hurrengo ontziaren zain.

Oinezkoen kale motz bat eta ezer guti gehiago: nahiko erakargarria da arrantzale edo marinelenena datekeen  portu ondoko auzoa. Portuak ez du interesgarritasunik eskaintzen;  museoa bere baitan duen eraikuntza bera da bere dorrearekin interesgarria: egoki eta deigarri jarri zuten bere garaian,  baina utzi planta du inguru denak gaur egunean; arrantzale portuak ere ez du xarmarik. Ibili nahi-eta aukeratu dugu inguru hau eguneko ibilirako, baina ez atsegina zaigulako, besterik ez dugulako baizik. Pintoreak lanean zebiltzalako aurkitu dugu zabalik eliza: pulpitua ohizko zur-taila aparta da, sabaia zurezko pintatua, pintatua ere presbiterioko bobeda: honek ematen dio halako itxura ezberdina, baina eliza bera kaxa karratu luzexka handi bat besterik ez da, inolako grazia eta apaindurarik gabe.

 

Txekeak aldatu ditugu, baita zerbitzuari etekinak atera ere banketxeak, orain arte ez bezala kobratu egin digute aldaketa.

 

Lardatzera jo digu berriz ere eguraldiak: etxera jo dugu bazkaltzera.

 

Lixiba egin dugu arratsaldez: ikuzgailua dabilen tarte luzean hondartzako ibili bakartia egin dugu, lanbroan, haizetan, olatuen soinu goxoa belarrietan eta aparren kili-kili leuna begietan; ordubete atsegina, aspaldian ez bezala bakartasun osoan, norbera bi hankako bakarra natura zabalean, kantatuz, harriak bilduz, indarberrituz, moila mehar kulunkarian itsasora barneratuz.

 

Garagardoa ez da fraideen patrimonioa Danimarkan: ez dago inon fraide potolo irudirik garagardoa sustatu, bermatu eta aldarrikatzen, Holandan bezala.

 

124 kilometro kotxez, oinezkoak izan dira ordainik ez duten atseginenak.

 

Herriko jantzitako bi militar, ditugu auzo edo albo kanpinean: kamioneta, jeep, zodiak eta bi dendaz armatuak. Ostutako armekin Balkanetatik alde egindako gerrillaritzat jo ditu lehenengoz gure irudimenak, baina uste dugu benetan militarrak direla, urpekari eta antzerako zereginetan.

 

 

Ekainaren 10a. Asteazkena. 46.a – D:19.a

 

"Euskara Batuaren ajeak” Ibon Sarasola: Idaztea gauza serioa eta larria da, baina buruarin ajetsu asko behar du Euskarak. Arrazoia du, nahiz niri planfetorik merkeena idazteko konplexua sartzen bazait ere.

 

Kondoi salmenta automatikoa dago kanpineko komunetan: bejondeiela!.

 

Goizeko laurak, eguzkiarentzat ordu-biak, argituta dago eguna: goiz hasten da eguna Danimarkan.

 

Saevy inguruan arbi edo erremolatxa  sail zabalak, neguko bazka animalientzako; negurako ere, pilatuz doa egurra etxaurretan; errimeak dira zaldi lehiaketarako langak granja inguruetan, jauzi lehiaketarako hezten dituzte nonbait zaldiok; garia, garia, garia, hareago ere garia; noizbehinka behiak saldoka, holandarrak zein gorriak.

Paisaia tristea dugu gaur, eguratsa ateria da, baina laino ilunekoa. Ze itxura tristea haize-errota hondatuak!. Lurraldeak ez du ezer deigarririk bidaiariok begiratzeko, ez edukitzearren elizarik ere ez digu eskaintzen, oso arruntak dira etxeak uralitazko teilatu ilunekin; ez kondearen gaztelurik, ez baso edo etorbiderik, faisai koloretsuaren ordez eper arrea errepideko agerpena; etxaurreak, halaz ere, dotore zainduak.

 

Ugerloje, ezohizko eliza-dorre zorrotza, ezohizko zinkeko teilatu berdoxka.

 

Itsasertza izan bazen atzo inguru berezia, muinoz tontortutako lurraldea zaigu gaur ezberdintasuna eta aldaera: uhindu egin zaigu lurzorua, uhin sakon berdez, muino koskortuak bata bestearen ostean eta alboan, muino bat basoa da, beste denak galsoroak. Garitza artean goaz gora-behera lasaian.

Bideak jarraipenik ez duen asfaltatu gabeko herritxo batean sartu gara nahaste ustekabean: ohizko etxetxo zainduko herri txukuna, bazter batean isolaturik egon arren.

Iparraldeko lurralde galduetan galtzeak badu xarma pasokoontzako, bertako nekazariek izanen dute, agian, bestelako zeresanik.

Izan ditugu kondearen etorbidea zitekeenaren zuhaitz hondarrak baina gaztelurik ez zaigu agertu.

 

Holbaek. Fiordo batean. Muino bat fiordo gainean, gailur eta maldak eraikinez estalita. Gidaliburuak ez du aitatu ere egiten. Egia da ez duela ezer bitxirik erakusteko, eliza bera ere itxita du, baina hiri atsegina da, ordubeteko ibili aukera eskaini digu. Tontorrenean, eliza alboan, geratzen zaio lehengo arrastoa, museotarako egokitua. Ia plaza izaterainoko kale zabalak igotzen du alde batetik eta jaisten bestetik: txukuna eta zaindua, non oraindik zerbait berritzen ari diren ertz batean; plazarik ez dugu inon aurkitu. Kaledia nahiko hits eta iluna dago egunaren eraginez edo. Udal Liburutegian sartu gara. Ikusiak ditugu Udal Liburutegiok, beti erdigunean daude,  beti eraikin aukeratuetan, hau ere hala dago: barrutik ere txukuna, gustagarria, epela, orduak lasai egitekoa, fotokopiagailua nork bere esku, baina batez ere bizia da, etengabeko ilarak dakartzaten liburuak utzi eta daramatzatenak erakusteko; pilaka daramatzate liburuok, poltsetan eraman ere; irakurleak irakurgeletan, egunkari eta aldizkari aretoetan ere irakurle ugari. Gaztea da bezero sarriena. Portua, txikia, argia, lasaia, ikuspegi zabalekoa fiordora begira; ohol eta habez gotortuak, agian bigundu edo leunduak, moila hormak. Ferrya ere badu ez dakit norakoa, agian aurreko Oro uharterako zein bestaldeko lehor aldeko muturrerako.

 

Ez digu Espainiako egunkaririk eman geltokiak. Kopenhagen soilik aurkitu dugu orain arte espainiar egunkari bat Danimarkan.

Patrika handi eta askoko praka motxak eman dizkit hiri honek.

 

Nykobing. Fiordo bateko golko baten magalean. Merkatari herria, saltoki kale luzearekin, gaintxoan. Ez dugu aurkitu ez elizarik ez udaletxerik; polizia bai aurkitu dugu. Izozki gozoa eman digu baina berehala bukatu zaigu gozokia xurgatu ahal izateko kalea, gelditzen garen herri bakoitzean argazkia ateratzeko nire ohitura bera esnarazi ere gabe. Badu portua, aurki-gaitza, batere deigarria izan ez zaiguna.

 

Lurmuturra, ia dena basoa, txabola handiak besterik ez diren etxetxoz betea.

 

Rorving. Lurmuturreko ertz-ertzean. Portu txikitxoa du; aisia-ontziak dira bezero ugarienak. Fiordo bestaldeko lurmuturrera etengabeko joan-etorrian dabil ferrya auto eta oinezko bidaiariak garraiatuz. Egurrez eginiko moilak: burdinazko xafla lodiak jartzen dituzte ferryari hormarena egiteko.

 

Danimarkan ez dugu motorrik  ez duen gurpil-aulkirik ikusi, ez dugu ikusi eskuz eragin beharreko bat bera ere. Motordunok, ordez, pila ikusten da herri orotan.

 

Ernegagarria atera zaigu etxera bidea, mapak aholkatutako bitxilorearen ibilbide berdea aurkitu ezinik. Ederra gelditu zaigu arratsaldea, areago luzatzen eta zabaltzen dira lautada eta garitzak etxerako bidean.

 

194 kilometro, ezer gutxi ikusteko eta ernegu ugari bideratzeko.

 

Are finekoa da hondartza, luzea eta estua, gorde gabe uzten dituzte karelez-kanpoko motoreak;  txalupak, aldiz, itsas ertzetik metro gutxi lehorrerago: ez da nonbait ez itsaso bizien kezkarik ez lapurren beldurrik.

 

Astoa eta zaldia, kanpin honetako fauna berria. Elkarrekiko losentxak ikusiz, maiteminduta daudela dirudi gainera.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/11 10:20
HEGOKO UHARTEAK: FALSTER, LOLLAND: Maribu, Nakskov, Nykobirg, MONN.

 

Seelandiako hegoan dauden uharteetan izanen da gaurko ibilbidea.

 

Zubi txipi bat, gaurko lehena; uhartetxoa ondoren, gaurko lehen uhartea hau ere. Ondoren zubi luzeeeeeea itsas gainean, ziklistentzat bide gorria alde batera trenbidea bestera, errepidea erdian; argi-zutabe garaiek luzeagoa egiten dute zubia, trenbideko errailak bezala elkartzen dira bestaldean, zutabeak, errepidea eta gainetiko marra guztiak puntutxo batean bildurik, pintoreentzako perspektiba ariketa aukerakoa.

Zubi gehienetan errepikatzen diren zisneak hemen ere zubi inguruan.

 

 

FALSTER UHARTEA

 

Itsasoari jandako lurraldea dirudi, erabat laua; errepidea, erabat arteza.

Seelandiari buruz esandakoa bera aplika dakioke behealdeko uharte hauei ere.

 

Hirugarren zubia, motxa, ez dirudi uhartera pasa garenik ere, mapan agertzen den arren. Agian nahastu egin naiz zubi honekin nire oharretan, Mariboko aintziran  ere zubia baitago eta itsasoa baitirudi aintzirak. Noiz itsasoa, noiz aintzira, zein nongo zubia...

 

 

LOLLAND UHARTEA

Aintzira eta laku gainean zubia, Maribo aurretxoan: uhartea inguratzen duen itsasoko ura nahikoa ez eta itsasoa dirudien aintzira du erdian. Aintzira ertzean Maribo hiria. Badirudi uharte honetan ia erabat galdu dela lastozko teilatu eta zurajeko etxeen altxorra: noizbehinka bakarrik agertzen da bakarren bat. Trokotetan ebaki eta tolesduran pilatutako su-egurra dago etxe inguru askotan, borobilean tolestutako egurrez egindako pare bat pilo borobil izan dira deigarrienak; oraindik egurra ebakitzen ikusi ahal da zenbait landetxetan.

Nondik ateratzen ote dute egurra, ez baita ageri basorik inguruan; zuhaitz ilarak eta baso-kaskoak soilik ageri dira eta ez dirudi hainbeste egurretarako eman dezaketenik.

Txapazko transformadoreek diraute: Danimarkan ere Iberduerok nazio osoko monopolio du, eta monopolioak nazio osoa du bere atzaparretan: argindarra negozio handia, indartsua da berez, bakartxo batzuen agintekoa. Argindar hariak egurrezko posteetan doaz, txikitako kristalezko kikaretan isolatuta. Ez da ageri gasaren presentziarik.

Orain arteko sagasti bakar zabala; inausiak dituzte gorazko adarrak sagarrondoek, aterkia dirudite albora zabaldutako adarrekin.

 

Igandezaleek ere ez dute irten gaur etxetik.

 

Maribo.

Aintzira alboko gaintxoan kokatua, etxe baxuko herri zabala. Kale luzea du ardatz honek ere, bertan dena da denda eta autoek  orduko 15ean ibiltzeko agindua dute. Bada antzinako hainbat etxe eder, baita behe solairu soileko etxetxoko ilarak ere; horretaz gain Danimarkako etxe txukun baxuak. Plaza, zabala, kale nagusian, bertan udaletxea, iturria, urmaela eta brontzezko emakume biluzia. Herri giroa, jende askorik ez badabil ere, ez kalean ez plazan, agian eguerdi berandua delako: ezkontza udaletxean eta herri-azoka plazan; 4 gaztetxok osatutako taldea ari zen plazan musika egiten furgoneta batean eratutako oholtza mugikorrean. Laku ertzean parkea, ibilaldiak egiteko aproposa, ongi zaindua bide-gorri eta aukera ezberdinekin; inguru polita, ura zikina badago ere; ahate migratzaileak, urte erdirako etorkinak: ogi eske datozkigu; kofiadunak, moko gain zuria duen hegazti beltza alegia,  halako hots ezberdin bitxia ateratzen du: ogi eske etorri zaigu bera ere. Laku gaintxoan eliza, ezberdina da baina ez bitxia, halako sentipen zehatz zaila uzten du: luzea, zuria, presbiteriorainoko buelta osoko koruak zurezko baranda ilunarekin luzeagoa eta zuriagoa egingo balu bezala; pulpitu tailatua esaldi pintatuekin: "incitando, monendo, inspirando, terrendo" dira tailatutako lau irudiak, herriko artistak tailatuak nonbait, mongoltxoak  edo halako aurpegi kokolo bitxiekin, bakoitzak hitzaren betebehar bana azpimarratuz; ederra dirudi bataiarriak gida orriko argazkian, baina "tira" sentipena besterik ez du sortarazten; benetan xelebrea da 1641.go erretaula, Azken Afaria eta gainerako iruditeria zelebrea du:  hau ere herriko artistak egina.

 

Hilik geratu da herria eguerdiko ordu baterako, dena ertzi da, saltokiak ezik, gureetan giroa pizten den orduan itzali egiten da hemen kaleko bizitasuna. Gero azokako mahaiak ere jaso dituzte. Egun-pasa dabilen inguruko lau katu gelditu gara parkean zein kalean.

Kristalezko basoa eta helduleku bitxiko pitxartxo bitxia erosi ditugu azokan. Gehiago dirudi plastikoa basoaren kristalak.

 

Pagadi eta bestelako zuhaitzez baso tantai ederrak Maribo iparraldean; safaria iragartzen dute bidegurutze orotan. Gaztelu batek harrizko hesiz inguratuta du baso itzela: jabego ondo gordea.

 

Bandholm. Arrantzale herria, etxetxo baxu okreek osatzen dute kale sarea; oso bertakoa da agian, baina biluzia eta hitsa dirudi. Kontrastez, itsaso zabala. Portutxoa eta ferrya: kirria dago itsasoa gaurko haizearekin: zisneak bezalatsu mota zuriak dira itsas olatuak lehertzean. Badu alderdi bat txaletxoz osatua. Dorre-orratz zorrotza du elizak: halakoak izanen dira irlako denak berriro gorantz egin dugun arte.

 

Herri piloa zeharkatzen dugu: xumeak, xaloak, pobre itxurakoak: nekazaria ez da aberatsa, bakar batzuk aberatsak badira ere. Bada korta izugarri handirik ere, beti du alboan etxebizitza ikusgarria: nekazari aberatsa. Lurretik bizi da urez inguratutako gizarte hau, arrantzale ordez nekazari: dena da itsaso berdea errepidearen alde bietara.

Kolore ezberdina dute autobusek: orain artekoak horiak zirelakoan nengoen baina uharte honetakoak berde-urdinak dira, agian administrazio barruti ezberdina delako.

 

Kong Svends Hos, Jaettestuen: 5.200 urteko trikuharri erraldoia, orain arte ikusitakoen artean ezberdina eta izugarri handiagoa: harriz bildutako esparru oso zabala; gaina ere estalia du erabat, beraz lauki zabal eta garai itzela da, sekula holakorik iruditu ez dudan bezalakoa. Errepideko ezustea izan da gaur.

 

Nakskov.  Bi kale luze T eran, denda-kale ia bakarrak biak, komertzio oparoarekin; plaza karratua erdian, eta zaldizko militarra plaza erdian, bere bueltan negarra zerion txakur beltza laguntzaile zuen paper-jasotzailea; plaza azpian komunak. Zuraje agiriko etxe banaka ederrak, horiez gain ohizko etxeteria txukuna, taxu eta kolore guztietako etxe ponposo eta potxoloekin. Kariloia duen habe edo dorretxoa erlojuarekin kale-gurutze batean. Badu portua ere, zamaontzien portua, turistontzako ezer erakargarririk ez duena, batere atsegina ez dena; ubide edo itsasadarraren alboan, urpekontzia ur gaineko lehorrean, museo bihurtuta: urrutitik ere entzuten da pelikuletako soinu zorrotz sarkor larria.

Aste barruan etortzeko  aukerako herria dirudi, gaur ardi galduak lez ibili gara kaleetako bakardadean, hitz egitea bera sakrilegioa zirudien isiltasunean.

 

Larunbat arratsaldez autorik ere ez dabil errepidean, basamortu berdea da lurralde osoa, pertsona bat bakarra ez da ageri herri edo atarietan, txakurra ateratzera irten den bat ez bada: ikusi dugun txakurdun bakar bera oso berezia zen aurpegieran. Aurrean edo atzean noizbehinka agertzen zaigun auto bakarra berehala desagertzen zaigu hurrengo bidegurutze edo herrian: bertatik bertarako ibili laburrekoak dira autook; hiri nagusi edo hiri koskortuen sarrera-irteeretan ugaltzen da trafikoa, baina berehala galtzeko.

Aparkaleku arazorik ez dugu gaur.

 

Lautadak eta errepide artezak hego muturrean ere.

Danimarkan ez dugu oraingoz umleitum-omleiding edo desbideratzerik aurkitu, gehienez bide bikoitza batera mehetzea edo argi gorriz norabide biak bide bakarrean sartzea.

 

Rodby eta Rodbyhavn: saihestea erabaki dugu, nahiko antzerakoak baitira bai herri bai portu guztiak; gaur arratsaldez erabat hilak daude eta nekea besterik ez digu ekarriko bertan gelditzeak.

 

Antzar bandoak zeharkatzen dute, ilun, lainope zuria: migrazio bidaia bukatzear, kokagune aldaketa edo ohizko barne hegaldia uharterik uharte, zokorik zoko.

 

Errepideko aparkalekuan bazkaldu dugu ogitartekoa eta fruta, gari-soroei so: zorurik ikusten ez denez, nabigatu egiten dutela dirudite autoek,  gurpilik gabe, gari-buruen gainean leunki narrastuz, ikusezinezko esku misteriotsu batek tiratu edo bultzatuta balebiltza bezala: bitxia da autoen galsoro berdean ontziak itsasoan bezala mugitzen ikustearen efektua.

Bazkal garaian neska-mutil bikotea itxuraldatu zaigu alboan: hondartza edo ibiliko jantzita agertu zaizkigu kotxez eta musika emanaldi baterako etiketaz joan zaizkigu irribarrez.

 

Gazteluak berriro, osagai guztiekin, faisaiak barne.

 

Zubitxoa, Falster uhartean gaude  berriro, etxerakoan orain, hegoagotik.

 

Nykobing. Lolland eta Falster uharteak banatzen dituen itsasadar edo berezko ubide ertzean, gehiago dirudi fiord baten sakoneko herria. Halako irudi berezia eskaintzen du urrutitik: itsasargia herri barruko goian, itsasadar zabala portuan, fabrika garaiak, biltegiak, tximiniak, itsasontzi handiak, gauza ezberdin asko, banaka ez politak baina irudi polita osotasunean ikusita.

Portua du, segur aski hiriko bihotza: hiru ontzi poloniar moilaratuta bertan. Mendebalekoa dirudi hiriak: plaza handia erdian eta dendateria-kaleak inguru osoan. Alde bata, konpondua, atsegina da, zaharkituta dago bestea, baina bere garaian zerbait ederra izanen zen; zenbait kale-zoru harrotuta, berrikuntzetan murgilduta dago hiria.  Plazan, harrizko hartza hanka zabal askan ura edaten. Kanpotar gutxi batzuk gabiltza kalean, hozka egiten du haize hotzak.

 

SEAT garajea: deigarria egiten zait, baliteke espainiar kotxe batek hain goian tokirik ez duela usteak edo espainiar kutsuak nigan erroak dituelako. Nik nahi nukeen baino espainolagoa naiz agian.

 

Zubia, ikustekoa, aparta: bi V buruz beherakoz eta kable lodiz eutsia; goizeko zubi luzearen paralelo doa, urruti batean ikusten dugu beste hura.

Zubiaren muturrean Faro irlatxoa: meharra, ura alde bietara begi bistan, ia bertan: errepidearentzat eta pare bat herritxoentzako lekua besterik ez du.

 

MONN UHARTEA

 Dike batek lotzen du Faro irlarekin: beraz uharte bikoitza lirateke.

 

Bide galduak, herri galduak, itsasertz galduak dira hauek. Eki itsasbazter dena da baso barruan gorderiko txaletxo eta etxe polita, udaleku petoa: banakakoak, bakartiak, solteak, oso zainduak. Herriak ez dira herriak, etxe bakan solte batzuen ingurua baizik, herria ez diruditen herritxoak. Noizbehinka zerbait eskaintzen dute etxaurre batzuetan: etxeko produktuak. Uharteko elizak Danimarkako klasikoak dira berriz ere; bakarren bat, dotoretxoa. Uharte osoa da errepide labirintoa, hor gabiltza batera eta bestera, "margarito" bitxilorea galdu zaigu, baina gu geu ez gara galdu. Zeruan antzar bakar bat lepo luze, uhartea zabaleran zeharkatuz, auskalo nora zeren edo noren bila, irlen labirintuan galduta ote bera ere.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/08 17:35
SEELANDIA. HEGOA. Naestev

Ekainaren 5a. Ostirala. 41.a – D:14.a

 

HEGOA

 

Bukatu zaigu Seelendiako Iparraldea, bagoaz Hegora.

 

Autobideak ez du eskaintzen paisaia begiratzeko aukerarik; tarteka ikusten dugunaren arabera berdintsua jarraitzen du. Iparrean oso gutxi ikusi badugu ere, belarra agertu zaigu hegorantz, eguzkiak erdi lehortu duena iraultzen ari dira.

Eki-hegoaldeko itsas inguruetan belarra jasotzen da, belar lehortzen hasi berria iraultzen dute.

 

Kanpina. Tappernoje herrian. Bigarren hanka sartzea jarraian, ez baita uste genuena eta bila genbiltzana, haren hurreko bat baizik. Honek ere zerbitzu eskasak ditu, baina bakoitzaren partzela belatza zabala da, haltz zuhaizka moztuez mugatu eta bildua: aspaldikoa behar du izan kanpin honek sendokoteak baitira haltz gerriak.

 

Udalekua dirudi itsasertzak; ondo eta gustuz zaindutako txaletxo dotoretxoak dira granjak. Garia eta artoa bezala ilaran ereindako ezagutzen ez dugun zerbait dira soroetan nagusi: lekari asko omen da lurralde honetan; etxola edo transformadore luzeak: adreiluzko argi pintatuak dira itsasbazter honetakoak; badira batzuk utziak ere: nonbait sartu dute lurpetik kableteria; Holandatik ezkero oso gutxi ikusi ditugun belardiak, zaldi batzuk, behiak, ardi bakarrak; haize-errota ilun bat. Danimarka osokoen jite berdinekoak dira elizak, adreilu soileko gorriak edo adreiluzko zuri pintatuak; adreiluzko arkutxo borobil zein bestelako apaindurekin edo leunak, garaiak edo zaparroteak,  sendoak eta gotorrak edo umilak eta apalak, lerdenak edo lodikoteak, teilatua ostenduzko fatxada luzatuarekin edo teilatu pikean bukatuak, erloju urre kolorekoarekin edo erlojurik gabekoak, kanpai hotsarentzako irekidurekin edo kanài-leihorik gabeak... badute ezberdintasunik baina era berean berdinak dira, taxu berdinekoak, arkitekto berak plano berarekin zerbait aldatuz soilik egin balitu bezala. Jatetxeak ugariagoak zenbait barrutitan.

 

Fakse golkoa inguratuz egin dugu ibiliaren erdia, tarteka bertan dugu itsasoa, eder, noizbehinka begi bistatik galduta, baina oso hurbil nabari eta biziz: itsasoak badu hurbiltasuna sentiarazteko  berezkoren bat kresal usaiaz gain.

Daniarrok ez dute eguzki askorik hartuko, ez baita agertzen, nabigatu baina, nabigatzen dute: ontzi asko dago portuetan.


St. Elmue. Trikuharri luzea bi sagarrondoren alboan, errepide ertzean bertan: bidaiako ezustea, aurreikusi gabeko geraldia.

 

Zuhaitz eta baso kasko ugari. Zuhaitz sendoz bilduta, itzalpeko etorbidea da errepidea; bada basoa inguruan, faisaia aurkitu dugu errepide bazterrean: gure irudimenak asmatu du han behar duela kondearen gazteluak: ikusi, ikusi ez badugu ere han behar zuen inguruan, baldintza oro betetzen baitzen egon zedin. Herritxo batean eztia, ortuariak eta loreak eskaintzen dituzte salgai  etxaurretan: turistengandik sosa batzuk atera nahiz nekazariak, agian hileko ordainsaria urri gelditzen zaien jubilatuak, adinekoak baitziren hainbat saltzaile.

 

Rodvig. Bere inguruan ikusi ditugu lehenengo itsas labarrak, ez sakonak baina ez nolanahikoak ere.

 

Zerriak, hiru toki ezberdinetan gaur arratsaldez, hiruretan larre librean, belartzan, tunel itxurako txabolen inguruan: bero izugarria egin behar du zink azpi horietan; hil ondoren hain gustura eta hainbeste jaten badugu ere, errespeturik gutxien zor zaion animalia da txerri gizajoa, gutxien zaintzen dena, erdeinatuena, edonola erabilia beti; gizentzean datza jaten ematen zaionaren etekina; behiek, zaldiek, ardiek... begirune bat dute gutxienez, txerriek ez.

 

Fakse. Garagardo fabrika da aipamena merezi duen herriko zer ia bakarra, iragarrita dago, bisitariak datoz bertara garagardoa nola egiten den ikusi eta garagardoa bera dastatzera. Danimarkan jai denez, gaur itxita dago. Ikastetxeetako gazteei luzatzen die oporretarako gonbita, liburuak noizbehinka jai behar dutela-eta. Eskolako ekintza bezala bultzatuta dago!. Hori ez bada gaztetxoak alkohola edatera bultzatzea!.

 

Dalby ondoren, Haslevra bidean hiru gaztelu edo jauregi aurkitu ditugu ia jarraian: zuriz pintatutakoa bata, 1547.go adreiluzkoa bigarrena, bertako eraikuntza petoen jitekoa hirugarrena; hirurak izugarriak, herriak dirudite, jauregia, alboko etxeteria, morroi zein zaindari menpekoen bizitoki, eta abereen korta zein gaztelu baten zerbitzu hornidurentzako eraikinez osatua; behar zuenez, jauregiotarako errepidea enbor sendoko zuhaitzez mugatutako etorbidea da; basoa eta aintzira edo putzu zabalez inguratuta daude. Gazteluon egitura errepikatzen da, bai egitura fisikoa bai giza egitura ere. Pribatuak dira.

 

Gaztelu asko dago inguru osoan, beraz jauntxo asko, menpeko edo oinpekoak ere asko, gerrak eta borrokak ere asko izanen ziren, makinatxo bat hilko zen jauntxoa defendatzen; zenbatek egin behar zuen jauntxoarentzat!. Gaur egun lantegietako langileek antzo. Amorrua ematen du jauregiok ikustea, giza esplotazioa gordinago bezala ikusi egiten baita, gaurko langilearena antzerakoa den arren.

 

Baso batean "Villa Gallina" jatetxea. Bezero asko du.

 

Tarteka eroarenak egin baditugu ere bitxilorearen bila, turista ibilbideko ikurraren bila alegia, hau da mapako ibilbide berdearen atzetik, nahiko zuzen bideratu gara gaur.

 

Naestev. Ez dakigu polikiroldegia ala udaletxea den baina delako eraikuntzak aparkaleku izugarri zabala du aurrean: ia herri orok du aparkaleku zabala sarreran, ez baitago hiri barruan autoa uzterik. Herri hasia, 47 mila biztanle ditu. Ez du aparteko interesgunerik, agian astegun soil batean atsegina izanen da bertan paseatzea jende artean. Erabat hila dago. Ez da jenderik inon, dena hertsia dago, bi janari eta izozki denda ezik. Jaia da gaur Danimarkan ez dakigu ze santuegun edo ospakizun dela eta. Erdiguneak ez du ohizko egitura, oinezkoentzako eta saltoki kale luze bakarrarena alegia; plaza du, karratu zabala izatea beste aipamengarririk ez du, ez baitu bestelako interesgunerik, kioskopean komuna eskaintzea ez bada; plaza inguruan saltegi eta oinezkoen kaledia, kale motzak bere dendateriarekin. Herriraino heltzen zaio kanala itsasotik: ez dirudi kanalak bizitasun handirik duenik, baina portuak ematen dio aberastasuna herriari; gaur hila dagoen arren portu sendoa dirudi, mugimendu handia behar du egon hor; herriari urruntxo gelditzen zaio, gu jaitsi, jaitsi gara bertara baina ez da oinezkoentzako ibilekua. Etxe bikainak dituen kalea da ibilia merezi duena; supermerkatu alboan ere badira antzinako pare bat etxe bikainak. Bi eliza ditu, ederrak kanpotik biak, baina biak itxita daude: jai du gaur elizak ere.

 

Onik dagoen herria dirudi, dirua darabilena.

Fruta-dendan ez dugu ezer gustukorik bilatu, baina gero izozki ederra eta supermerkatua ere eskaini digu. Penarik gabe alde egiteko herria gertatu zaigu.

Danimarka osoan hotel gutxi dagoela iruditzen zaigu, ez zaizkigu behintzat nabarmentzen.

Deigarriak dira itsasbazterrak, berezko horretan daude, gu itsasbazter, hondartza, portu eta ertz atsegin orotan turista esplotazio ikustera ohituta baikaude. Etxetxoak egon badaude baina gehienak behe solairukoak, bi solairukoa da garaiena.

 

266 kilometro, kanpin aldaketa eta turismoa.

 

Nurenbergo zozoa dut kanpinean: adar ihartu batean, zilueta beltza laino zuriko ortziaren aurrean kokatua, arratseko airea sonez beteaz, lagun bila segur aski; amodio kanta, agian bakardade samina habiarik inorekin partekatzen ez duelako. Izugarria da kanpin honetako isiltasuna, ozena, zozo-kanten sinfoniak soilik urratua, aparta udaberriko zozoen kontzertua, harrigarria naturaren sinfonia.

 

Gorri bizia geratu da laino ertza zuhaitzek mugatzen duten zeru-marran. Jainkoa, espiritua edo zerbait extralurra sortarazi zuen horietako misterioz bildutako oste argitsu berezia. Zozoak eurak ere isildu egin dira.

 

 

Ekainaren 6a.  Larunbata. 42.a – D:15.a

 

Amazonian kokaturiko Luis Sepulvedaren historia. Harrigarriak dira bizitza horretako filosofia eta jokabideak: asmakizunak dirudite baina errealak behar dute giro hortaz ari den orok baitakartza antzerako kontakizunak.

 

Emakumeen bainugeletan soilik jarri dute ontziak garbitzeko debekatuzko oharra; ez zaie burutik ere pasa gizonezkook ontzi-garbiketa egin dezakegunik. Oharrik gabe, lasaiago egin dut nik gizonezkoon bainugelako konketan ontzi-garbiketa, erabat hondatuta baitago arraskako harria.

 

Asteburuak ohi duenez, euria eta hotza. Egun oso iluna. Oso behean dugu lainoa, zerumugaren ordezko, ikuspegia erabat laburtuz. Egun likitsa eta hitsa bideari ekiteko. "S.Kristobal ora pro nobis" bururatu zait abiatzerakoan: gaztetan ezarritako txipa automatikoki jartzen da abian, txikitako mekanismoak ez dira erabat herdoildu: garunetako makineriaren misterioa.

 

Hemengo herritxoek ez dute erakargarritasun berri eta berezirik, Alemaniako herriek, Italiakoek eta nolabait Austria, Txekia edo Eslovakiakoek zuten bezala, ia bakoitzak berea. Paisaia eta paisaiako osagaiak berdintsuak dira Iparrean, Hegoan zein uharteetan. Errepikagarria egiten zaigu ia dena, aspertu samar bezala uzten gaitu, berdetasunez ase,  hau hura eta bestea ikusteko amorru bizi edo eztenik gabe, lilurarik gabe. Baina gustura.

Sasoi oneko mutila dabil bizikleta itxurosoetan, abiada arinean, txirrindulariak entrenamenduetan bailitz. Agian beste bidaia-gailurik ez dutelako dabiltza txirrinduan gazteok.

 

Ez da herri aberatsa ikusten Danimarka, ezta industrializatua ere, noizbehinka industria-gune edo fabrikarik ikusten bada ere. Nekazari herria da daniarra, gariak ematen dionarekin bizi dela dirudi, Sarria bada ere belarra hegoan.

Gora-behera guneak tarteka, bihurgunerik gabeko artez-gune amaierarik gabeak, errepidea han urrutian orbantxoa, marra ilun fintxoa egiten den arterainoko luzea. Sarriak dira artez guneok eguneko ibili osoan, ez da hainbeste gorabeherarik, Hego-Ekialdeko itsasertzera heldu garen arte.

 

Errepide ertzeko atseden-gune batean familia edo lagunarte osoa hamarretakoa egiten, hamarretan, eta sakotontziarekin ohi den bezala: tripazainak daniarrok ere.

 

Etxebizitza askok du uralitazko teilatua: adreilua egiten bada, teila zergatik ez?. Giza kulturen misterioa, azalpen argia izanen duena.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/04 11:10
SEELANDIA-SEELAND, Itsaslurra IPARRALDEA: Kopenhage-Kopenhavn, Roskilde, Slangerup, Helsingor.

Ekainaren 1a. Astelehena. 37.a – D:10.a

 

Agurra leku idiliko honi, agurra egunotako paisaia izan zaigun lakutxoari, agur ahateri. Berriz ere ahateok eskupeteroren baten gerrian edo harategi batean lumatuta ikusiko ez ote ditugun burutapena etortzen zait.

Ibilia da gure bi hilabete hauetako zeregina, beraz bagoaz, irla hau baino zabalagoa baita mundua. Han goiko auto-zarata eta gurpilen zurrunbiloan sartuko gara.

 

Kanpineko bulegari gizaseme gazteak "Olano?" galdetu dit Visa txartelean Pamplona irakurri ondoren; ezezkoa egin diodanean "Indurain" bota dit: kirolaria, herri baten propaganda!.

 

Gaur ez dabil kamioi holandarrik. Astelehena eta goiz, oraindik ez dira heldu honaino.

 

Autobiakada  kotxe sartu gara ferryan; zenbaki berdina du autobideak  itsasartearen alde bietan, beraz ferrya bera ere autobidea da nolabait. Trena zubiz doa ia bide erdiraino, handik ferry propio bereziren batean doa nonbait: laster bai autoek bai trenek errepidez eta trenbidez eginen dute uharte bien artekoa, ia bukatuta baitago zubia. Trenak bere abiadura bizian ere geldi doala dirudi itsas gaineko zubi erraldoian: distantzia eta zubiaren handia!.

Uhartetxo bat bi uharte nagusien arteko erdian, itsasargia eta beste eraikuntza baten kokagune izateaz gain batetik besterako pauso eta jauzi diganterako zubiaren oinarri nagusia bihurtu da.

Guk baino ibilbide arinagoa darama antzar bandoak, erreskadan, kaioak berriz gurekin joan nahi dute bide luzez ontzi gainean.

 

Gogoko zait itsasoko ibilia,  luzarora aspertua bada ere, ontziak atzean uzten duen arrasto beti berdin beti berriari so. Baltikoa eta Ipar Itsasoa lauak, bareak, dira, edo hala aurkitzea tokatu zaigu bertara hurreratu garen guztietan.

 

SEELANDIA, SEELAND: Itsaslurra.

 

IPARRALDEA.

 

Uhindua da lehenengo lursaila, gora-behera goaz, zerbait berria zaizkigu aldapatxook azken hilabete honetan; mendixka luze batek mozten du zerua, ez amaiera gabeko lur lauaren osteko zeru-marrak orain arte bezala. Ondoren lautada berriz ere, baina lurra ez da erabat zelaia, itsas berde uhindua baizik. Autobideak ez du zuhaitzik ertzetan, ezta bestelako sastraka-hesirik, lurraldea ikusi ahal dugu, beraz. Ezer erakargarririk gabeko etxebizitza arruntak, teila eta uralitazko teilatuak, orain artekoen berdintsuak, tarteka lastozko bakarren bat, handietarikoak ez diren granjak, jauntxokeriarik gabeko landetxe xumeak, behi bakarren bat, zenbait zaldi, gari-sailak eta belartzak.

Ez da aldatu elizen egitura: isurbide piko txikiak dituen dorre karratu nolabait garaia nabarmen zaie.

Baso bat, pago, haritz eta izeiz jantzia: lautadan dago hemen pagoa, ia itsas mailan, gureetan berriz haritza bukatzean hasten da pagoa, mendian, 600 metrotik gora. Zuhaitzak dituzte granjek etxe-bueltan, gordean eta itzalpean. Egurra pilatzen ari dira hainbat etxebueltan: negurako sua; ez dut gasaren arrastorik ikusi herrietan.

 

Ringsted. Trotamundo edo mundu-ibiltari bat: zaharra, bizar zuri luzea, kartoi eta antzerakoz beteta bera baino metro erdi garaiagoa zitzaion eskorga eroateko etenak egiten bide-gorrian.

Ostruken granja. Lehen aldiz ikusten dut bizitzan.

Okrea da nagusi etxe-kolorean. Berri zaizkigu ostera  hemen ageriko zurajeak,  etxe dotoreak dira dauden horrelako bakanak, dotoretasun garestiegiak dira zurajeok pobreentzat nonbait,  garai batean  besterik ezin bazen ere.

 

Bide-gorria gurekin doa baina ia ez dago txirrindularirik.  

Hiru bidekoa da Roskilde-ra errepidea, beti bikoitza aldazgorakoa, gora eta behera baitoa errepidea. Ez dabil kotxe amorrurik, gidaritza erosoa da, lasaia, tentsiorik gabekoa.

Egun tristea da gaurkoa, iluna, autoen argiek oraindik motelagoa egiten dute goiza. Bere izeneko fiordora heldu gara Roskilde-n: beti da polita ura errepide alboan. Padura da, batez ere, fiordo ertza, bertatik ere aterako da teilatuetarako lastoa. Ondoren itsaso-kontrako bidaia atsegina.

 

Kanpina.

Arazorik gabe aurkitu dugu. Ganlose herrian, Kopenagatik 25 kilometrotara. Kokaleku traketsena aukeratu dugu, hemen ez dugu fauna askorik izanen, giza fauna ezik, baina bazen zabalgune atsegin bat, garaiz jabetu bagina beraz.

 

Irristagailuak, patinak, ikusten dira maiz kaleetan.

Danimarkan ez dago hainbeste kale-berritze eta errepidegintza lanik, txukun eta berri daude kale-sare guztiak, gustuz taxutuak gainera: gureetan baino lehenago bukatu zituzten nonbait berrikuntza eta apaindurak.

 

Kopenhage-Kobenhavn.

Handia da hiria, handiak nahiz ez erraldoiak etxeak, asko, handiak eta sasoi orokoak  jauregiak, handiak eta ederrak estatuak, zabalak eta ug batetik besterako ariak plazak... Hiri bizia, bisitariez pipilean erdigunea; arraza oroko jendea ibili lasaian Tivolitik sirenatxorainoko kale-sare eta moila-ertz luzeetan. Etorri eta ibili, ibili ere asko ibili behar da gainera, zer begiratu eta zer ikusi asko dagoelako, luzeak direlako batetik besterako  kaleok. Ikusitako zerbait zer den jakin nahi bada irakurri gidaliburua, non gabiltzan jakin nahi bada begiratu planoa, baina gidaliburu eta planorik gabe ibiltzeko hiri kosmopolita da: joan eta kaleetan galdu. Udaletxea, elizak, dorreak, jauregiak, gazteluak, lorategiak, patioak, erlojuak, burdineriak, pasabideak, fatxadak, dendateria, erakusleihoak, eskulturak, iturriak, plazak, ubideak, ferry erraldoiak, belaontziak, gerraontziak, zaldiko-maldikoak... Baina batez ere jendea, adin guztietako jendea, arraza guztietako jendea ibilian erosketan begiluze marro-jokoetan ... jite guztietako jendea: kale musikariak, plaza guztietako musikari perutarrak, egon hutseko jendea, garagardo edanekoa, dotore beltz jantzitakoak, arrunt jantzitako arruntak, mahaitxoetan eseritakoak, moilan lurrean eseritakoak, saltzaileak, pauso eta geldiune neurtuetan plaza kantoietan guardia egiten duten soldaduak...  Gatza eta piperra, grazia eta dotoretasuna duen hiria. Etorri eta ibili.

Tivoli: ilundu ostean mila argiko gune koloretsu eta musikaz betea, bisitaria erruz erakartzen duen parkea. Sirenatxoa, uneoro mila begi beregan, zatartxoa dago ertz batean: zerk bihurtu du mito, zergatik da hiriko nahitaezko bisita-gune; gizentxoa ere bada, diskretua, umila, isila, agian horregatik da maitagarria. Atsegina da, merezi duena berarengana arteko  moila eta lorategietako ibilia.

 

Japoniar presatiak heldu dira sirenatxoarengana, arrapataka, furgonetan, argazkiak atera eta ospa egin dute. Ez dira egon hiru minututik gora.

Hamabi bat etxe-orratz ertzeko auzo batean, hiriko erdigunean dabilenak ikusten ez dituenak.

Xalo janzten da Danimarkan ere jende pobrea.

Badirudi Danimarkan, Txekian bezala, erdi biluzik utzi dituela herriak hiriburuak, honek  bereganatu, erakarri eta bildu ditu eraikuntza eder eta aberatsak, baita aberastasunaren ezaugarri denak ere;  erregeen inguruan, jauntxoen bilgune bihurtu zelako segur aski.

 

Erraz egiten da hirian sartzea, labirintotik irtetea bezain zaila da, baina, ateratzea, norabide galaraziak tarteko direnean, zailagoa.

 

231 kilometro, Kopenhagek eman dio hasera aurtengo Ekainari.

 

 

Ekainaren 2a. Asteartea. 38.a – D:11.a

 

Kate ugertu batez eramanezina da komun-zuloa garbitzeko eskuila. Zer arraiogatik lotu ote dute!. Urrezkoa balitz ere erraztxoa!. Bitxikeria.

Marinen gogoratzen dut egin nuela horrelako gau beltzean azken ibilia. Komunerako joan etorria izan da. Erabateko iluntasunean egin dut, ez baitago argirik kanpineko zelaian.

 

Uharteko Ipar aldetik dugu gaurko ibilia.

Bide txikietatik egin dugu gaur ere Roskildera bidea. Roskilde fiordoa ia osoki inguratu dugu, baita Arreso fiordoa ere, tarteka albo-albotik uraren geldiaz gozatuz, ispilua baita arratsaldeko eguzkitan.

Ez zaigu asko aldatu paisaia: frutarbola sail zabala, Danimarkan ikusten dugun lehena, granja bakoitzak bere gereziondoa du etxe alboan; zaldiak, ez  asko, inola ere aldrarik; haize-errota bat oso iparrean.

Kalerik gabeko herritxoak, nekazari herriak. Tarteka, batez ere ipar muturrean, lastozko teilatudun etxe ederrak; askotan apaindura hutsa dirudi lastoak, lodiera finekoa da eta azpian isolatzaile gaia du, ez da Fioniako lasto multzo sendo trinkoa ahateen lumek bezala urari lekurik uzten ez diona.

Gereziondo batzuetan gereziak ale eginda daude jadanik.

 

Ez da erraza bide txikietako sarean gidaritza zuzentzea, mapa eta errepideko norabideak elkartzea, mapan baino herri gehiago dago lurrean eta mapakoen berririk ez da agertzen hainbat bidegurutzetan, aurreko herrira heldu arte ez duzu mapakoaren berririk. Tarteka ernegatuz, baina bideratu gara.

Bidezainak eta bide-langileak modernotasun handirik gabe dabiltza trafikoa zuzentze lanetan, ez stop ez gezirik, batak besteari noiz bidea emango egiten dio urrutira keinua, eta gidarioi eskuz mantso ibiltzeko imintzioa egiten. Galipoteroek, berriz, argi gorri-berde aldakorrak zituzten. Asmatua dute galipot orea zabalera estuan botatzeko tramankulu estua, horrela ahal dute kilometroetako adabaki estuak botatzea, juxtu gurpilek hondoratzen duten gunean soilik, errepide zabalera osoa berritu gabe. Gurpilen marra bikoitza soilik  berritzen dute alde bakoitzean. Praktikoak, daniarrak.

 

Roskilde. Fiordo baten sakonenean. Zabala luzea eta ederra da saltegi kalea, baina oinezko eta autodunek partekatzen dute delako kalea ibiltzeko zein gelditzeko; autodun erosleak  du lehentasuna, nahiz ordu erdirako baimenarekin. Errege Jauregia da Udaletxea, errege hilerria Katedrala, biak arkutxo eta marra ezberdinez dotoretutako adreiluzkoak, biak elkarren ondoan. Katedrala: adreilu gorri eta zuriz giro atsegina lortzen du barrutik, leiho handiekin argia, buelta guztiko koru garaiarekin gizatiarragoa, ez hain hotza; kaperez osatuak daude alde biak  eta kaperetan zein eliz azpietan katabuta katabutaren ostean eta osterago katabuta: dena da han hilkutxa: era, eredu, taxu, jite, arte, gustu, edertasun, artelan... guztietako hilkutxak; marmolezkoak zein zurezkoak, leunak zein tailatuak... hor daude Danimarkan izan diren errege guztiak eta bere familiakoak; triptiko zoragarria da erretaula, urreztatua  baina baita polikromatua ere, erraldoia baina tailatxo apartekoz osatua, estalkien aurreko aldea ere landua; aulkiteria apaindurarik gabekoa da, baina eskulekuak burutxo tailatu bikainak bihurturik daude; zoru osoa da hilarri tailatua; burdineria egundokoa; organo, pulpitu, eta errege balkonada mundiala tailatxo biziki pintatuez artelan deigarriak dira; han goietan dago erlojua, irudiek kanpaia jotzen duten horietakoa: hara gora ahozabalik begira eduki gaitu 12ak noiz joko.   Inguruan egonik joan eta ikusi, merezi du katedralak, errege mando alper inoren konturakoena izan arren, artelan paregabea da eta.

 

Museo-gai bihurtuta daude portuan Bikingoek norvegiarrei sarrera oztopatzeko hondoratu zituzten 5 itsasontziak, nahiko itxurosoak oraindik. Museoaren zati edo osagarri, ontzigintza eta bikingo bidaiak bikingo ontzietan fiordoan zehar.

 

Selso. Bazkaltzeko aukera ederra eman digu aintzira bazterrean, hainbat hegaztiren bizitoki omen den paduraren hegalean.

 

Ikuspegi aparta errepideak gora egiten duen une batean: fiordoa eta berdegunean zut eliza zuri-gorria, eliza ororen egiturakoa, arkutxoz apaindutako fatxadarekin: hurreratuz abside erromaniko polita du eta barrutik ere badu nonbait triptiko ederren bat.

 

Ostby. Eskulturagileren batek badu lantokia errepide ertzean: urrutitik deigarria da muino batetan, berdeguneko bakardadean, irudi multzoa, eskultura eta hainbat irudi etxe inguruan ere.

 

Haizerrota: ez dira sarriak, banakak baizik.

Roskilde fiordoko itsaso-mugan, aurrez aurre, han datza itsasora ataka, fiordo, barne itsaso, zabalaren, ate estua.

 

Frederikssund eta Frederiksvaerk. Mapan hizki beltz sendoz badatoz ere ez gara geratu: ez dute nonbait turistarentzako zer eskaini handirik.

 

Ramiose - Annisse. Ugariak dira lastozko teilatudun etxe zuri ederrak.

 

Arreso aintxira ertzeko paduretan pilatuta dago hainbat lasto azao, agian eramateko prest, agian saldu ez zirelako eramango ez direnak.

 

"Banesto" kamisetarekin txirrindulari bat aintzira alboko bidegorrian: "aupa Indurain" bota diogu guk eta irribarrez erantzun berak.

 

Hillerod. Aintzira ertzean. Betiko kale luzea, hainbat patio salerosketa gune bilakatuta. Herri lasaian, arratsalde eguzkitsu aparta honetan, kalea husten doa bostak eta erdietan. Errege jauregiagatik da famatua hiria, laku erdiko 3 irlaz baliatuz jasoriko jauregia, urrutitik ikusgarria da, aparta omen barrutik.

 

Abilak dira daniarrak errepideko txaplatak jartzen, noizbehinka kexu bada ere karabana,  triki-trakeak erakusten baitigu azpiok ez dituztela beti leunegi uzten.

Uharte honetan patata eskaintzen da  hainbat granja aurrean kartelen bidez, baina ez dugu patata-sailik ikusten, ezta ere erne berri edo noiz erneko lur landurik ere.

 

Lur uhinetan kulunkatuz etxeratu gara: laua izanik ez da uharte lautua, iparrean gainera erpinagoak dira gora-beherak.

 

188 kilometro, errege jauregiaren aurrean ez amorratzeko ez liluratzeko ere indarrik gabe utzi gaituztenak.

 

 

Ekainaren 3a. Asteazkena. 39.a – D:12.a

 

Eskolaurreko ume koadrila dugu auzo aurreko bi txaboletan; bizitasunak eragindako  egonezinak dira umeok; irakasle garaiak gogarazten dizkidate, hain dira ume hauek berdinak.

 

Kopenhage. Atseginagoa zaigu bigarren bisita, agian bisita lasaiagoa delako, lasaiago gatozelako. Egun askotan itzul daiteke hiri honetara, gogaituko ez zaituen segurtasunez, zerbait berria eta ezberdina aurkituko duzun itxaropenez, aspertuko ez zituela jakinez.

Geltokia, adreiluzko dotorea, teila azpiko egitura zurezko sendoarekin.

Euskadin gaudela dirudi: poliziek "liberatu" dute geltoki barruko esparru zabala: politikoren bisita edo heltzea zela arrazoia, hori uste izan dugu,  baina bonba desaktibatzeko tramankulu berezi automatikoa  jaitsi da furgoitik, bere beldar-kate eta besoekin, ilargiko trastua zirudien: kafetegi baten aldera desagertu da. Ez da izan danbatekorik ez inolako zirkinik, alde egin dugu, baina jende multzo ederra geratu da begiluze ikusmiran.

 

Tivoli. Zaldiko-maldiko gunea berez, txosna, jatetxe…, nahiko merkea gainera, sarrera garesti ordaindu dugun arren. Nor itzuli Kopenhagetik Tivolin egon gabe?. Afari-lekua, dantzatokia edo musika entzunez garagardoa edateko gunea gehiago da zaldiko-maldiko baino, non egon eta zerikusi trinkoa esparru txikian. Eguerdiz ia nagusiak soilik gabiltza bertan, autobuskadaka datoz jubilatuak bazkaltzera, ikasketa-bidaiako gaztetxoekin nahastuta. Gauean argiz dir-dir eta jendez pil-pilean jartzen denean ere, datorrenak jarri behar dizkio fantasia eta ilusioa Tivoliri, horren arabera da mundu liluragarria, arrunt zamarra baita berez.

Adineko emakumea da nabarmen ugariena makina txanponjaleetan, asko dira, makinari erabat josiak: bakardadearen lekua dirudi makinen esparruak, bakartien aterpea: tristura sentipena sortarazten du ikuskizunak.

Plaza Nagusiko brontzezko egonlekuan dago Andersen.  Kopenhage bera da, bere bizitasunarekin, ipuin eztiena. 

Gipuzkoako Diputazioko armarria dakusagula iruditzen zaigu  Kopenhagekoa uste duguna; hain dira berdinak bietako mazalari erdi biluziak!.

Bila ibili gabe egin dugu topo Trinidade elizarekin: eskolaume txangozaleek dorretzar puntaraino egiten dute mailarik ez duen bide estu kiribiletik; eliza argia, penduludun hormako zurezko erlojua, alde bietan presbiterioraino luzatzen den korua eta urre koloreko marra mehez margoturiko gangako nerbioak dira deigarrienak.

 

Bredgade kalean ikusi ahal izan dugu lehenengoz enkante bat: enkantea bera baino enkante-gaiak dira benetan deigarriak, erakusketa antzo.

Bizipoza esnarazten du garagardoak eta mokaduak Nyhavn kanal ertz bizi eta jendetsuan.

"Hasta la victoria siempre. Viva Che" pintada Norregade kalean. Bada edo izan da hirian utopiko edo ameslariren bat: beharrezkoak ditugu. Kopenhagen behar zuen!.

"La paloma" abesti ezagunaren sonak betetzen zuen falta zitzaidan azken postala erostera sartu naizen denda; nork abestuko eta Julitok!.

Nork bere buruaz beste egitea bezala da gureetan bizikleta hartzea, Kopenhagen berriz, bide  motzerako garraiabide erabiliena. Hiriaren jabe dira bizikletak eta bizikletariak. Oinezkook ez dugu hemen lasai ibiltzeko eskubiderik, gureetan autoak bezala, ziztu bizian, presaka, datoz; ia harrapatu nau batek!.

Hiritik irteeran, arratsaldeko bostetan zirkulazio trinkoa du Kopenhagek, hiri handi orok bezalatsu. Hiritik ihes doazen estresatuak.

 

66 kilometro, oinezkoak izan dira, aldiz, asko  gaur.

 

 

Ekainarenk 4a. Osteguna. 40.a – D:13.a

 

“Poema antologia”, Bukowski: "saski bateko egur sikua" bilakatzen ari naizen sentipena dut; poliki-poliki, baina gero eta sikuago noa.

 

Behin ere ez nuen irudikatu urez hain inguratuta Danimarka: dena da uharte edo  irlatxo, edonon duzu gertu itsasertza, itsasoa urrutixeago duzunean ere beti duzu lakutxoren bat inguruan. Zenbat itsasertz kilometro ote du Danimarkak?, irlek eta fiordoek izugarri luzatu behar dute kopuru hori. Hotza izan behar du itsas urak, ipar haizea beti baitago presente, eta beti fresko; eguzkiak ere huts egiten du itsasertz eta hondartzez erabat gozatzeko. Antzera gertatzen zaigu Euskal Herrian: hemen hotza dute, euria dugu han.

 

Ontzitxoa ez jartzeagatik da komuneko eskuila zintzilikatzea, baina horretarako ez dago halako katetzarraren beharrik.

Zergatik egiten ditugu umeak oker, zikin edo lekuz kanpo utzitako denaren errudun? nagusiok axolagabetuagoak garenean!.

 

Bada aintzira bat kanpin albotxoan, baina, nekazariek ura hartzeko ez bada, ezertarako ez darabiltena; bere berezkoan ditu ertzak, giza aldaketarik gabe.

Golf-zelaia ere bertan dugu, badabil bai golfari franko.

Golf-zelai asko eta zabalak daude Danimarkan: lur lau eta lakuak medio, umeltasunak errazten du zaletasuna.

 

Ez dakigu herri gaztea ala zaharra den daniarra, ez baitugu estatistikarik ezagutzen, baina ume asko ikusten da denean.

Holandartzat ditudan kamioiak ez dira holandarrak, daniarrak baizik, matrikula horia baitarama kamioi, traktore, furgoneta, landrower, eta zamatarako kotxe orok.

 

Slangerup.  S.Michel  kirke elizagatik omen ezaguna; eliza ikusgarria du eduki ere; kanpotik arkutxoz zein leihotxoz dotoretutako adreilu gorriko morrosko ederra; barrutik Danimarkako elizetan egunerokoak ditugun osagaiak: Kalbarioko lapur biak dantzan dauden erretaula antzinakoa, bataiarri eta estalkia, pulpitua, harrizko zein zurezko koadro landuetan pintatutako ongileen argazkiak bakoitza 10-12 seme-alabako familia osoarekin, bi santokristo zahar, organoa eta koruko hesi pintatuta, urre koloreko lanparak, hilarriak... dena ohizko ikusgarria. Eliza honetako aldagai edo ezberdintasunak liratekez: presbiterioan albo bietako bankuteri xume landuak, Ecce Homoa eta bankuteria ilara bakoitzeko sarrera, ataka orok goi-zatian dituen irudi xume tailatu pintatua, eta kandela-lekua.

 

Elkar gurutzatzen den errepide asko dagoenez, ugariak dira argi-gorriak ere bidegurutzeetan: mantso doa bidaia, ia jarraian egin beharreko geraldiekin. Errepideko kotxe gehiena bertatik bertarakoa da, aurrean doakizuna berehala desagertzen zaizu, atzean zurekin daramazuna istant batetan ez dago jada, ilara baten barruan zaude bidegurutze batean, eta ondoren bakarrik aurkitzen zara; ez da itogarria auto kopurua, baina modelo berria da dabilen gehiena.

Lore-berotegi eta loradenda asko dago bai errepide inguruetan bai herrietan.

Txakur asko dago Danimarkan ere: ondo lotuta denak, ez da bakar bat bera aske ikusten.

 

Sund itsaso-pasagunera heldu gara, eskolan txikitan buruz ikasi beharrak hainbeste lan ematen ziguten itsasarte haietariko bat. Bertan gaude orain, eskolan erretolika bota behar genuenean baina lasaiago: ze leku atsegina gordetzen zuten hain izen zailek. Nostalgia sentimenduz egon gara eserita  ertzean. Aurrez-aurreko lur marra ilunak Suedia behar du izan.

 

Itsasertza daramagu auzo, urdin eta bare itsasoa, harritza zein padura ertza hondartza.

Ziklista dago automobilisten edo oinezkoaren aurretik, errepideko portaerari bagagozkio behintzat: eskubide osoa duenaren taxuz, ia harrokeriaz, etorri, aurreratu, gurutzatu, geratu edo bekozko ilunez begiratuko zaitu; txirrindularia da errepideko erregea, bidegorrienak dira ere galtzadako zoru zainduenak. Bidegurutzeko borobiletan ere ez die balio "eskuinak eskua" arauak, borobilotan ere bizikletariok dira lehenengoak. Animalia sakratua da ziklista, eta ziklistok mimatzeak badu alderdi abantailagarria: garraio tresna bezala bultzatzea txirrindua, txirrindua erabiltzea autoaren ordez.

 

Helsingor. Parez-pare bertan ikusten da Suedia itsas ertzetik. Perpendikularki gurutzatzen dute elkar kaleak; etxe peto ugariz osatua, Erdi Aroko itxuraz bustia, antzinakotasunean bildua, atsegina da kale-sarea. Dendateriak, oinezkoen janzkerak, baina batez ere autoek bustitzen dute gaurkotasun geruzaz hiria. Kutsadurak ere. Dendaz, turistaz eta bestelako jendez bor-bor dagoen hiria da. Ez dugu bereizten nor den suediarra, bertakoek kliskara batean antz emango badiete ere.

Suediarren turisterria: barkokadaka datoz, eskorgekin asko, garagardo bila; portuko ontziratze-gunean dena da garagardoa, berdin portu inguruko dendetan; plazako eserlekuetan jendea koadrilaka dago botila bete eta hustuez inguratuta, gazteak plaza erdian eserita garagardo botilez bilduta, kaleetan gazteak koadrilan garagardo botila eskuan edo muturrean. Salgai dago ere Errioxako ardoa. Beste hirietan baino zabalagoa eta oparoagoa da hemen plater kuzinatuen eskaintza.

Portua da hiriko bihotza, itsas bidaiarien geltokia lekuko, aduana kontrol eta guzti; eten gabe doaz eta datoz ferry sabel zabalak, etenik gabeko joan-etorrian, kotxe kamioi eta jendez zamatuta.

Udaletxea: adreiluzkoa,  ederra, zilindro eta leiho luzexkaz apaindutako fatxadarekin. Gaztelua: famatua, harrizkoa, zink berdexka teilatuarekin, itsasertzean bertan, urez inguratua, gotorra eta sendoa; nornahi zela ere, indartsua zen hiriko jauntxoa, nor zen erakutsiaz. Bikainak ditu elizak ere: Olaia kirke: kanpotik sendoa, sartu-irtentxoz ederra; barrutik betiko osagaiak: paregabeak dira hemengoak; aitatzekoak lirateke bataiategiko hesi urreztatu landua, presbiterioko sarreran 1652.go zur-lan izugarria, 1664.go erretaulak, ostendutako freskoak, bigarren bataiarri  zurezko landua. Andramariarena: Adreiluzko sendoa bezain ederra hau ere, klaustro eta guztikoa; freskoak ditu apartak hiru nabetako gangak beteaz, sekulako organoa, ikustekoak dira jauntxoen korua eta balkonada, erretaula ostera ez da deigarria, agian duen pintura izanen da ona; hala-halakoa bataiarria ere; klaustroko leihoen txingetak eta eusgarriak xaloak dira baina irudimenez eginak, bereziak eta bitxiak.

 

Gazta bizi-bizia erosi dugu jangarriak egiteko motelak atera zaizkigun gailetak.

Mallorcara bidaiak eskaintzen dituzte bidaia-bulegoetan.

 

Itsas bazterrez jarraitu dugu, Suediari begira, Sund ontzi-bidea dugula alboan; bazkaldu, berriz, bestaldeko gaztelu eta herrixka zuriei so bazkaldu dugu.

Hainbat bidegurutzetan bitxilore turistikoa non ote zalantzak ere izan ditugu.

Ardi batzuk, pagadia, izeidiak, zaldi ugariak, zenbait etxe eder...

 

Esrun aintzira, sekulako zabala.

 

Frendensborg gaztelua. Bertan eginikoa omen ez dakit zein paktu, "Bakearen gaztelua" deitzen diote. Espainolak eta euskaldunak etorri beharko dute bertara. Gaur japoniar talde handi bat etorri da poliziak hurretik eta ondo gordetako norbaitekin. Japoniarrok zeremoniazko agurra egiten diote elkarri, erreberentzia batari makurdura besteari, barretxoa beti ezpainetan, xelebrea eta entretenigarria egin zaigu.

Eraikin handia eta ederra; erreginak edo dena delakoak gazteluko lorategi eta parkeko zatirik ederrenak beretzako  gordeta ditu, pobreoi laku ertzerainoko bidea besterik ez digute uzten.

 

166 kilometro, Hegoaldera aurreko azkenak.

 

Nahiko itoa gertatu zaigu kanpina bi txabolako umeek giro bizitu badigute ere. Esparru bete hau aukeratu genuen oharkabean belardi zabalaren ordez; zerbitzuak oso apalak dira, zikinak ez baina zikin plantakoak, noizbehinka soilik garbituak; txartelez berotzen da gainera ura, edozertarako.

BIDAIAK 98: DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/01 10:15
FYIN-FIONIA UHARTEA. Assen, Faaborg, Svendborg, Svindince, Nyborg, Keterminde, Biby eta Male, Kadby.

Maiatzaren 30a. Larunbata. 35.a – D:8.a

 

"Baleen berbaroa", Edorta Jimenez: Baleez irakurtzen eta hara non  atzo Middelfart-eko elizan baleen hezurrak aurkitu nituen.

 

Erruz ikusi ditugu errepideko zutabeetan “JA” hizki gorriak; paperak banatuz arrosa gorria eman zigutenak ere JA-ren aldekoak ziren. “JA” hitzak BAI esan nahi du. Ugariak dira, baina ez hainbeste,”NEJ”, EZ, dioten  errotuluak: kartel urdinak dira oin-arrasto beltz parearekin, ez dira JA gorria bezainbat begietan  sartzen direnak. Ezer gutxiaz jabetu ginen Holandan hango hauteskundeez: gaur jakin dugu Europarekin banatu ala ez erreferenduma izan dutela hemen Daniarrek. Egunkarian irakurri dugunez, zundaketa ez bada behintzat, JAk, baietzak, irabazi du. Erruki ditut daniarrok.

 

Orain arteko Kanpin daniarretan giza-gela edo familiarena deritzoten gela bat dago, jateko, jardunerako edo jolasteko gunea; gaur karta jokoan ari dira bi bikote nagusi, atzo berriz partxisean ari ziren  bi  bikote gazte.

 

Gureetan ziri edo taket luzeak, zuri-gorriak gehienetan, jartzen dira goieretako errepide bazterretan neguan, elurra denean, errepide ertzak iragartzeko. Hemen pendizik ere ez dute, baina elurra besterik ez neguan, nola iragartzen ote errepide ertzak; autoak gordeta edukitzen ote, ala errepideak garbitzen dituzte?.

Ez da Amabirjina zein Santokristoren irudi edo ermitatxorik errepide-gurutze  eta herri sarreretan. Ezta kale-kantoietan ere. Kale-gurutze, plaza eta plazatxoetan brontzezko eskulturak ikus daitezke,  maiz ikusi ere, politak batzuk, irudimen handikoak bestetzuk.

 

Bellinge. Daniar herri tipikoa omen, baina lur-sailtxoz inguratutako solairu bateko txaletxoak besterik ez da; itxuraz nahiko berriak dira etxetxook, herri baten ertzeko etxe-multzo berria dirudi; errepideko herriaren iragarpenei jarraituz, mila buelta eman badugu ere beste zerbaiten bila, herrian sartuz eta herritik atereaz, herri konbentzional baten bila, ohizko kale-sorta edo etxe-multzoa non ikusiko, guk ez dugu besterik aurkitu; agian besterik ez da, ikusi dugun hori da herria. Elizarik ere ez dugu aurkitu, gidaliburuak ikustea merezi duela badio ere. Ez herri ez eliza geratu gara, beraz, errepideko iragarkiek eta zoruko oztopoek hura zela herria esaten ziguten arren.

 

Etxe soltez osatutako hainbat herri ikusten dugu gaurko bidaia luzean;  errepide luzeran kokatuta,  bakoitzak bere lur-zati zaindua du bueltan; nortasuna duten herriak eta etxeak.

 

Tximinia pila dago inguruan, adreiluzkoak gehienak, berotegien alboan tximinia oro. Ugariak dira berotegiak, handiak, itxuraz loreak ustiatzekoak.

Lekale asko omen Fionia uhartean: agian nik arto-sailtzat ditudan sail erne berriak beste zerbaiten landareak dira.

Bandera zabalak etxaurre askotan: abertzaleak dira daniarrok, euskaldunok ere izan ginen ikurrina kaleratu zale.

 

Glamsbjer. Jaietan dago: kale luzea mastez eta banderez apaindua, plazan txosnak, mahaiak, musika eta jendea. Gureetako jaietan bezala, jai-giro antzeratsua.

 

Jauntxo asko izan zen Fionia uhartean: gaztelu edo palazio asko dago, ederrak, zainduak, baso apurren erdian edo ertzean zenbait, urez inguratuta edo lakutxoa aurrean: lurrak ematen zuen, lurrak edo menpeko nekazarien izerdiak; erakusgai daude gazteluetarik asko, baina ezin gara gazteluok ikusten hasi, ez dugu ere jakin-min handirik, antzerakoak izan baitira gehienak barrutik: gure jakin-min bakarra da  ordaintzen ote den eta zenbat begiratzea.

 

Haize-errotak tarteka, hemen, hegoan ere.

 

Nekazari herria da Danimarka; hainbeste gari!, nekazari pobrea ote daniarra ere?.

Lastozko teilatuak, horma zuriak, zuraje beltza agirian: granja eta nekazari etxeak dira, sarriak eta ederrak ageri zaizkigunak gaurko bidaia osoan ere. Berdearen monotonia etenez halako eraikin bat aurkitzeak eramangarriagoa ez ezik atsegina egiten du ibilia.

 

Assens. Merkatal kale luze bakarra, errepidetik porturainoko gainbeheran: bizi-bizi dago, giro alaian bildua, kalean da jende oro larunbateko goiz epelean; etxe ederrak;  musikari hirukotea esku-soinua saxofoia gitarra joz, pailazo ukituarekin, kalea girotzen; tarteka tabernaren bat; arrain ketu, saltxitxa erre eta gazta txosnek lana dute kalean; disko erraldoia jaso ezinikoen eskultura txiki polita. Portua:  arrantzontziak eta gerraontzia. 5 ateko eliza  Andre Mari eliza: adreiluzko dotorea kanpotik, gotiko zuri argia barrutik: grada luzera osoa hartuzko alfonbra gorriak zapaltzeko kezka ere sortzen du garbiaren garbiaz; taila ikusgarriekin zurezko eta zur koloreko pulpitua, zur koloreko erretaula, brontzezko bataiarria, burdinsare eder baten ostean 1690- 1748.go 3 katabut izugarri sendoak eta betiko hilarri piloa; apaizak kamerinotxoa du aldare ostean, ispilu eta guzti, aldarera irten aurretik itxura prestatzeko.

 

Bideko herritxoetan izugarrizko etxe peto karratuak patio izugarriarekin: badirudi herri barruan daudela landetxeak; landetxe gutxi dago, berriz, herritik kanpo; herriok ez dute ohizko kalerik, errepide luzeran erreskadan, elkarrengandik lorategi eta berdegune zainduez banatutako  etxe solteek osatzen dute herria.

Ez dabil ia autorik errepidean, igandezale gutxi dago nonbait; bizikletadun bakarren bat, heldua edo adindua.

Lore lila-biziko belar-sail zabala; ez dakit ze belar mota den, sekulabelarraren tankera du baina lore gorrizkoen ordez lore lila du.

 

Itsas inguruan gabiltza, baina ez itsas bazterretik, noizbehinka itsasoa begiz joz soilik.

 

Bojden. Itsas ertzean egonik ez da arrantzale herria; ferryaren moilan bukatu zaigu errepidea: jendea, autoa eta kamioia.

Hego Jutlandiara doa ferrya, errepide-bidea itsasoz moztuz.

 

Haize lekua.

Trikuharria galsoro erdi-erdian, nabarmen, deigarri; ez zuen iragarki beharrik.

 

Faaborg.  Ate bat da herrira sarrera. Okrea nabarmen nagusitzen zaio etxe-hormetan, elizakoan ere. Aspaldiko kale-sare estu zahar polita, bertan galdu eta etxeei begira paseatzeko aukerakoa: hori egiten dugu gaur kaleko jabe garen bisitariok. Etxe ederrak. Patio zabalak lirateke ikusgai deigarri eta berezienak: ateak zabalik, erakusgai dituzte. Eliza, ezberdina da: dorre karratu sendoa, bi mailatan ia borobilduz doana, teila gorriz estalia lehen zatia arbel beltzez azken estuena. Itsas kontra dago, portua du: gaur eguerdiz sartu-irten handia dago, belaontzi eta yateena batez ere. Hila dago herria, lore-merkatuko hondarrak jasotzen ari dira: bizia egonen zen goizez.

 

Kaleko. Izenez euskalduna.

 

Jauregi edo gaztelu aparta, urez inguratua, baso ertzeko berdegunean. Aspaldiko partez baso baten erditik goaz, bihurgunea bihurgunearen ondoren, gora-behera leunean; pagoa, haritza eta izei tantai enbor sendokotekoak: jauregiko jauntxoaren basoa. Aintzira zabal bat; kaioak zelaian: ez dute nonbait jakirik aurkitzen itsasoan.

 

Svendborg.  Oso hiri handia eta ederra;, egia da halako kutsu berezia duela. Kale zabaleko kale-sare zabala, ez du antzinako jitea galdu; bizia eta gozagarria behar du izan astegunez jendea dabilenean, baina baita gaur ere,  hila arren, bertara joan eta bertan galdu eta kaleetan ibiltzeko hiri atsegina. Etxe ederrak ikusteko aukera paregabea: plazan dago bat, aparta bera; baina banku eta saltoki berriak egin dituzte beraietan antzinakoen taxua inolaz ere kontutan hartu gabe. Eliza biak dira adreilu sendoko ederrak; biak aurkitu ditugu itxita. Txu-txu trena: bi zalditxok  tiratutako gurditzarra, loraz eta abarrez hala-hola apaindua: sos batzuk lortzeko gazte baten irudimena.

 

Gaztelako dialektoan bi emakume kale batean. Ez dugu Hego Amerikako gaztelaniarik entzuten.

 

Tasinge uhartea. Zubi batek lotze du irla handiarekin. Ez du ezer berezirik errepide garaitik begiratuta, ez auto gidariarentzat ezta ere gidaliburuaren egilearentzat.

 

Sio uhartetxoa: zubi batez heltzen da bertara, hurrengo uharterako jauziari pausalekua eskainiz bezala.

 

Langeland uhartea: zubi piko batez heltzen da bertara, trumoi zaparradapean eta haizeak astinduta zeharkatu dugu guk. Ia galdu egin gara errepide txikien sarean. Fionia uhartearen osagai guztiak ditu: baditu haize-errota bakar batzuk, badu lastozko zenbait teilatudun etxe, badu kolore gorriko gaztelua.

Rudkobing: irlako hiri nagusia, ikustera gelditu ez gatzagiona. Ez uharteak ez hiriak, ez dute ezer apartekorik bertan gerarazteko.

 

Zisne pila zubi ertz inguruetan, multzo zuri dotoreak ur gain urdinean.

Portuak egon daude, baina ontzi ibiltaririk ez.

 

Egezkov slot: uharteko postal eta iragarki orotan agertzen da gaztelua, albora utzi dugu guk, ez gatzaio hurreratu ere, urez inguratua, ikusgarrietakoa dirudien arren: 1554an uretan haritz enbor gainean eraikia omen. Bideak eta bidaiaren nondik norakoak bere arauak ditu: ezin da beti edonora edo denera heldu.

 

Zabalak eta apartak dira patioak, edozein herriko etxe askotan.

 

289 kilometro, irlako hegorantz

 

Ibili luzea izan da gaurkoa, kanpina aldatzea ekidin digu, ezbaian baikeunden pare bat egunerako etorri edo ez: ez du merezi.

 

 

Maiatzaren 31a. Igandea. 36.a – D:9.a

 

Walt Whitman: "Denbora lar galdu dut bai alperrik amets labainetan, denbora lar egin dut bai ibi igarotzen, ohol bati helduta ur bazterrean, baina nire burua sarri bota dut, ur azalean mila aldiz berragertu naiz eta orain abian naiz".

 

Ezinezkoa zait Danimarkan gor-mutu bizitzea, keinua uler-bide bakartzat hartuz bidaiatzea: azken postal saltzaileari keinuz eginiko postalena zenbat zen galderari, fifty five, ingelesez erantzun dit berak, diru-kutxaren kontagailua erakutsi ordez. Denek dakitenez ingelesez, ingelesez saiatu behar naiz neu ere, keinura mugatu gabe.

 

Garai honetan, Txekian eta Eslovakian antzera, ugaritu dira holandarrak Danimarkan, Ekaina du nonbait opor-hila holandar askok. Bezeroz girotu da kanpina asteburuan, baina batez ere alokairu etxoletara dator asteburuko bisitaria.

 

Bertako iragarki eta portaerara egin garen arren, jadanik nahiko gurean aurkitzen garen arren, irteera bakoitzean esnatzen zaigu abentura sentipena, aurkikuntzara bagindoaz bezala. Biziagoa da sentipen hori gaur, mapan ez herririk ez errepide zenbakirik agertzen ez zaigun bide txikietan sartu nahi baitugu tarte luze batean behintzat. Badugu, baina, edozein labirintoan azken irtenbidea bilatuko dugun segurtasuna.

 

Asteburuko motorista aldrarik ez dabil, bakarra ikusi dugu gaur; motorista banakakoak ere ez dira ugariak.

Pilatuta dago su-egurra granja, landetxe atarietan, batzuk taxuz tolestua dute egurra, ebakitzen ari den zenbaitek pilatuta.

 

Faisaiak, bospasei aurkitu ditugu gaurko ibilian: kilometrotako etorbidea dirudi errepide estuak, aspaldikoa behar du izan sendoak eta garaiak baitira alboko ezki eta gaztaina zimelak, garai batean pasealekua, zaldizkoen zein zalgurdien bidea; gaztelu ego jauregi eder eta handi baten sarreran bukatzen da beti; faisaiak agertzen dira gaztelu inguruko bide bazter hauetan, dotore egiteko edo gaztelu ingurua girotzeko jarrita bezala; agian kondea ehiztari ateratzen denerako gizentzen ari dira.

Gaztelua, urez inguratua, inguruetako baso bakarraren alboan: "Privat" jartzen du garbi ikusi dugun lehenengoko sarreran, inor ausartu ez dadin begiak barrura luzatzen. Zenbait gazteluk herritxoa dirudi, bada bat Odensetik hur, Ipar-Ekirantz, izugarrizko granja duena alboan, agian gazteluko eraikinez egina; bada ere beste bat Odense beretik  Hegorantz harrizko hesi batez inguratutakoa. Bidaia-kide dugu bitxilorea, letreroan marraztuta, turismo-ibilbidea iragarriz: gaztelu batera  zuzentzen gaitu beti, erakusteko baitituzte gazteluok, baina kanpotik begiratzera mugatu behar gara, aberatsak nola bizi diren miretsiz edo madarikatuz: fantasiako edo filmetako gaztelu, etorbide, lorategi, berdegune, kondearen ehiza-basoa...  Nola dakiten bizitzen dirudunek!. Beraien etxeak hurretik begiratzen ere uzten digute!, zein onak diren aberatsak!.

Gaztelu batek ia bere kontra duen aintziran ehunka, agian milaka, ahate biltzen dira ur-gainean ikuskizun aparta eskainiz; autoa gelditzean denak bazterreratu zaizkigu janari errazaren bila. Erdi aberrigabeak, urte erdi hemen eta beste erdia hegoren batean, atzerritik atzerrira, aberritik aberrira, gureetan tiroka hartzen ditugun migrariak: giza migratzaileek  bezain zaila dute bizimodua hegazti migrariek ere.

Barne-patio ikusgarria dute granjek, zabala, zaindua, gordea, egonleku bildu aparta.

 

Hamarretakoa egiten ari da errepide ertzeko egonleku batean txangoa autoan egiten ari den koadrila bat, bapo eta alegera, jan-edanean.

Geu biok bakarrik gara errepide txikiotan, gozamena da horrela gidatzea, bidaia lasaia, gozagarria, uharte barruko bidexketatik Hego-Eki alderantz bitxilore turistikoari jarraiki.

Sinestezina egiten zaigu lautada hauetan % 8ko malda.

 

Svindinge. Antzinako herria, orduko etxeak gorde ditu; latorrizko dorretxoa du teilatu-gailur erdian, lurraldean ohi denez. Jakin badakite herri osoa altxorra dela  eta zaindua dute.

 

Gereziondo pila Nyborg bidean, txikiak, zainduak: ikusten dugun lehenengo frutarbola saila, beraz oraingoz bakarra; izan badira gereziondo bakarrak etxe inguruetan eta lorategietan, lorea galtzen ari dira garai honetan.

 

Nyborg. Itsaso-kontrako bidegurutzean; portu zabala du, bertatik dabiltza Seelandia uhartera ferryak gaur egun, ertz biak lotuko dituen ferrokarrila eta autobidea izanen da laster. Hiriak berak ez du zer ikusi edo non ibili berezirik, handia da besterik gabe, erosketa hiria inguruko herrientzat, gaur bertan zabalik dago saltoki bat. Bizitasunak izan behar du nagusi astegunez, kanpotarroi utzia dago gaur. Andre Mari eliza. Merezi du sartzea: elkarketa atsegina egiten du zarpeatu zuriak adreilu gorriarekin; fresko hondarrak; pulpitua zur-lan aparta da; bataiarria zaharra, oso gutxi landua; bataiarriaren estalkiko 8 emakume tailatuek tuntuxa dute; jauntxo familien pintatuzko argazkiak zur landuko marko oparo handietan; burdineria forjatu ederra; hilarriak; badira ezohizko bi ikusgai: erloju edo kariloiaren makineria eliza-zoruan ikusgai, baina batez ere Kristo erraldoia presbiteriora sarreran  gangatik langa batean zintzilikatuta: indar handiko aurpegiera du, gurutzea bera landuta dago, bai gurutzearen bi besoen lau ertzak, bai oholen ertzen luzadura osoa: bikaina.

 

Ka-ka-ka  lakarrean jendearengana, batez ere eseritakoengana,  hurbilduz ibili zaigu ahatea portuan, ogi apurrak eskatuz: aberri edo etxe jakin gabekoen patua, etorkinen sinboloa edo parabola.

Bada hirian edo inguruan errege gaztelu famatua, baina ez dakigu bertara norabiderik, eta ahalegindu ere ez gara ahalegindu bilatzen.

Bagenuen Seelandiara zubiz pasako ginen ustea baina amets geratu zaigu: oraingoz nahitaezkoa dugu ferrya, nahitaezkoa ez ezik garestia. Kosta zaigu bertara bideratzea eta nondik hartu behar dugun jabetzea.

 

Bovensen lila kolore bizian loratutako belar-sail hura hemen ere, bere alboan ezagutzen ez dudan lore-saila.

Harresia bailitzan lasto-fardo piloa luze, zabal, garai eta plastikoz estalia zelai erdian.

 

Itsas kontra-kontra, bidaia aparta.

Badiara begira bazkaldu dugu ere, gazta-ogitartekoa eta mahatsa.

Paperezkoak dira irla osoan zabor-ontzietako poltsak.

 

Keterminde. Badia eta fiordo luze zabala du, gaur arratsaldez dozenaka asko belaontzien oihalek zuritasunez bildua: bada belaontzi lehiaketaren bat; fiordoaren altzoan, sakonenean, portua. Arrantzale herria da herria bera, luze-zabal osoan antzinakoa, behe-solairu soileko etxetxo baxuko kaleak; ateek, bakoitza ezberdin pintatuta, merezi dute begirada bat; herritxo atsegina; paseatuz jelatu bat milikatzeko aukerakoa, oinezko-kalerik ez badago ere; izozki famatua da nonbait bertakoa, jende askok erosten du: oso handiak dira eta  norbere aurrean egiten dituzte jelatuaren barkiluak.

 

Jaialdiren bat da hondartzan, jende asko dago bertan, bada musika-emanaldiren bat ere, eserita baitago jendea  hondartzan entzute asmo gisan, oholtza bat... ohizko giro jendetsua.

Hesolak estekatuta itsas bazterrean ilaran, hesola bakoitzaren gainean itsas hegazti ilunak erabat luze hesolen luzagarri bailira.

 

Viby eta Male, zaldiz joango zen bertara lehen, gaur egun errepidez eta autoz, hori litzake aldaketa bakarra. Ziren bezalakoak diraute, lastozko teilatudun etxe bakanak. Herri txiki xumeak biak: kotxez geldiro zeharkatu, begiratu, txunditu eta kaskezur barruan edo argazki makinan gorde irudiak!. Beste mundu bat, beste aldi bat, beste giro bat!. Antzinako garaietan murgiltzea.

 

Ladby. Bikingo baten hilobia, han lurperatu zuten duela 1100 urte hogei metro inguruko itsasontzi batean bikingo jauntxoren bat 11 zaldi eta 4 txakurrekin; ontzia 4 bat metro zabal izanen da, metro erdia sakon; hondarpean iraun du, urteek eta itsas umeltasunak belztu eta jan egin dute, baina oraindik han dago ontzia, han daude oraindik hezurrak, han iltzeak: horrelako ontzietan bereganatu zituzten bikingoek Ingalaterra zein Europako hainbat herri.

 

Berotegiek osaturiko industrialdea dirudi: kristalezko muntaia handiak, industria pabiloi tankerakoak, tximinia luze eta guzti, industria-gunea bailitza: ez dakigu zertara jarriak dauden, zer ekoizten duten.

 

Zaila da askotan errepide-labirinto honetan norabidea usaintzea, mapak ez baitakartza herritxo guztiak; tarteka ernegatzen dugu, batak hemendik, besteak handik jo behar dugula eta; azkenez beti zuzentzen gara etxera.

 

188 kilometro.

 

Arratsean, idatzi, irakurri edo egonekoan, uretan zein belartzan lau egunez auzo zaizkigun kanpineko aintzirako dozena erdi ahateri begiratzen diet: bakarren batek agian Etxarriko lapikoren batean bukatuko du udazkenean.

 

Bihar hegazkada berria kokaleku berri baten bila.

BIDAIAK DANIMARKA

Jon Etxabe 2020/12/28 10:35
FYN-FIONIA UHARTEA

Maiatzaren 28a. Osteguna.  33.a – D:6.a

 

Agian batua dago egon daniera, aspalditik gainera, ipuin zoragarriak idatzi baitzituen Andersenek. Izanen dute Europarekin arazoak gaurko daniarren ipuinek: nola idatzi O erdibituak edo AE hizki bikoitzak, etab. Nola sartu Europako konputagailuetan diru-eskari bat egin edo txosten bat idatziz azaldu behar dutenean Europa Batuko erakundeetan. Espainian gaztelera Ñ hizkia baztertu beharrean aurkitzen omen da. Gaurko gizartearen doilorkeria, ekonomia versus kultura, ekonomiaren kultura, kapitalismoaren eta liberalismoaren kultura ekonomizista, kultura ekonomiaren menpe.

Kaioak dabilzkigu burugainean biraka edo batetik bestera zeharka, leunki, hegoak zabal, haizeak soilik bultzatuta. Non gordetzen ote 25 gradu zeropeko negu zurian!. Ala migratzaileak dira hemen kaiook ere?.

 

Behe-lainoa. Errimea dugu egun tristea kanpin aldaketa egunetan.

Abentura kutsua du beti kanpinez aldatzeak, nola eta non aurkituko dugun zalantza, badakigun arren bila goazkion kokagunearen hainbat zertzelada.

 

Zuhaitz ilarek basoa bailego itxura eragiten du urrutitik begiradan, baina ez da horrela, lur-gain oro zuhaitz ilarez banatuta dagoenez, soro bazterretakoak soilik dira zuhaitzok.

Akaburik gabeko kamioiteria dabil errepidean, gehienak holandarrak, abiadura bizian denak, presaka itxuran, aurrekoak joana moteldu orduko aurreratuz: Kopenhagera doaz, agian Suediara. Badirudi  Eskandinavia eta Europaren arteko zubia dela Danimarka, errepide hau dela Rotterdam zein Amsterdam eta Eskandinaviaren arteko lotura egiten duen bidea, itsasoko buelta luzea ekidinez.

 

FYN-FIONIA UHARTEA.

Ingelesez Funen deitzen da. Ingelesezkoa diot, kosta zaidalako zertaz ari zen jabetzea eskuratu dudan ingeles liburuxka.

Bi arku erraldoik eta kable izugarri sendoz eutsitako zubi luze-zabal batez sartu gara uharte honetan, Danimarkako Ekirantz goaz Jyllan edo Jutlandia utziz.

 

Misterio kutsua dario lainopean zubiari zein itsasoari, baita han beheko Middelfart hiriaren auzoa osatzen duten lur-zatiez  inguratutako txaletxoei. Paisaiak ere halako misterio kutsua du, lurruna dario lurrari, behe-lainoak bilduta dago lur-zoroa, zuhaitzak dager soilik laino gainetik; eguzkiak aurpegia erakutsiko digun mezua dakar lainoak berarekin.

Horretaz gain paisaia ez da aldatu, betikoa da, agian gora-behera gehiago du, irregularragoa da. Arto-sail zabalak, arto erne berria, arto jorraketan ari da nekazari oro; koltza-sailak; belartzak, baina behirik ez larrean; korta eta pentsu biltegi handiak, behiak barruan daude beraz.

 

Psikologia bereziren bat dute kamioilariek atzerritar eta karabanenganako, ez gurekin soilik, baita daniar karabana zaleekin ere: tartetxoa ikusi orduko aurreratzen gaituzte, ondoren geure aurretxoan joateko abiadura bizitu gabe; kanpotarron maniobra okerren baten edo bidegurutzeetako zalantzen beldurrez, arriskua kendu nahi dute aurretik, segurtasunik ezaren punttua edo jitea usaintzen digute nonbait, agian eskarmentua dute, edo fama txarra dugu.

 

Kanpina.

Blommenslyst herritxoan. Erraz eta berehala aurkitu dugu: lakutxo baten alboan eta bueltan kokatuta dago, txikia da baina atsegina, gutxienezko baliabide guztiekin.

 

Odense. Uharteko hiriburua, hiri handia, kale biziko hiria. Ordu batzuk lasai egiteko herria, ibili begiratu bilatu eta ikusiz edo/eta patxaran eseri eta ikusmiran garagardo bat hartuz. Zabala dira oinezkoentzako kaleak, 3 kilometro ei ditu-eta. Patio zabalak, negozio edo saltoki dira gaur egun. Bisitari asko dabilela dirudi, baina ez da atzerritarra, daniarra baizik, agian hirikoa bertakoa. Dendateria edo egonleku diren kale-arteko pasabide luze-zabalak dira hiriko zer ezberdin edo deigarriak. Bizi-biziak daude kaleak; ugariak dira kale-musikariak; ugariak mundu-ibiltariak, gazteak, bizikleta eta atoitxoekin, apaingarri eta itxura egiteko kalean jarriak bailira; kale konbentzionalak, arautik at edo arau berezikoak lez; bada egon etxe ederrik, batez ere aspaldiko etxe eta etxetxo pospolin xarmagarriak, bilatzea merezi duten hainbat txoko eta bazter, hiri osoan barreiatuta baina batez ere Andersen idazlearen etxe inguruan: asko ibili behar da.

Ez dago oinezkoentzako kalerik, bizikletek erabat hartu baitute hiri osoa azken kaletxo eta zirrikituetaraino. Ezin da lasai oinez ibili kaleetan, beti duzu bizikletaren baten mehatxua, guardia jaitsi gabe, beti erne, bizikletak toreatzen ibiltzeko herria.

Bizirik dago hiri osoan, presente beti, Andersen idazlea, bere ipuinetako pertsonaiak brontze bihurtuta edozein kale ertzetan; polita da bere Museo ingurua, etxetxo baxu kolore anitzeko kalexketan murgildua.

Skt Knuds kirke, S.Kanuto eliza, adreilu multzo erraldoia kanpotik, zuri garai biluzia barrutik; erretaula paregabea du altxor nagusia, urre kolorea nagusi duen polikromatu erraldoia, izugarria tamainaz eta artelanez, zurean zizelatutako santueria aparta eskainiz; badu kripta ere,  presbiterio azpi osoa hartuz zabala; hilkutxa deigarriak: kriptan daude Kanuto erregearena eta bere arrebarenak, erregea hezur biluziak erakutsiz arkuak eginez zizelatutako zurezko hilkutxan; zenbait ertz urreztatutako zur leuneko hilkutxan eta hezurrak erakutsiz arreba ere, erabat osorik zuen hortzeria nabarmentzen zaiola, baina zerbait gordeaz bezala zapi zuri azpian ezkutatuta daude arrebaren hezurrak: gonak jarri beharra hezurrei ere!; eliz zoru mailako kapera ezberdinetan errege eta jauntxo ezberdinen katabutak, Hans erregearena eta emaztearena izan behar duena handia da, letoiz, brontzez eta latorriz estaliak, arnasa hartzeko bide eta guztia dutela gainean!; beste hilkutxa abar luzea; hilarri erraldoiak; bataiarria,  bai formaz bai brontzezko iruditegiagatik oso erakargarria; hormetan dauden zer bakarrak: jauntxoen irudiak harri landutako koadroetan, jostailukoa dirudien organotxo aspaldikoa; goietan dago organo handia.  Udaletxe aurreko plazan brontzezko emakume biluzi erraldoia datza erdi etzanda, zeinen bularretik hanka puntetaraino irristatzen diren umeak erdigune luzeari distira atereaz. Fatxada polita du S. Albanok, zink berdozka luzea da dorrea.

"Hitzen ondoeza", Joseba Sarrionandia: Andersen Olaztitik pasa zen; bertan egin omen zuen gaua hurrengo eguneko trenaren zain.

Ordaindu beharra dago  aparkalekua hiri honetan, garesti ordaindu ere.

Izozki gozoa egiten dute.

Koruko handiaz gain, sarriak dira organo txikiak elizetan, zoruan, presbiterio inguruan.

Holandakoak baino sofistikatuagoak dira Danimarkako bizikletak, modernoak, ez Holandako betiko sendoak. Lapurretak saihesteko gailu beresia dute, bizikletak berarekin dakarrena, betiko kate eta loturen ordez: gurpila alderik alde trabeskatzen duen ziri bat da, presoaren eskuburdinak eskumuturrak bezala klask lotuz gurpila lotzen duen ziria, giltzez askatzen dena. Danimarkan ia bizikleta denek daukate zepo hori, Holandan batzuei soilik ikusi genien.

 

140 kilometro, aintzira idilikora ekarri gaituztenak.

 

 

Maiatzaren 29a. Ostirala. 34.a – D:7.a

 

Unai Iturriagaren "Isladak", eta Joserraren "Ibiltariarena" poema irakurriz: Gurea da ere "agur eta banoa, ni ez bainaiz hemengoa", ez naiz "arrotz arrotzen artean" sentitzen baina. Zama astuna dugu, herriarena, euskaldunarena; gure bideak azken bat du nolanahi; agur eta bagoaz baina ez "ilundurik gogoa". Ez dugu "helbururik ibiltzea besterik", hein handi batean bai, baina 2 hilabetez soilik. Ametsekin batera goaz, haizeak garamatza, baina gu bai bagara nongoak. Ez gara ibiltariak, gabiltzan euskaldunak baizik.

 

Ez dugu etxetik kanpo bazkaltzen eguerdian, ez baitago non zer jan eskaintzarik ere; ogitarteko, pizza zati, gozoki, eta eguerdiko jota-pasako mila aukera dago: afalordurako irauten laguntzeko mokadutxoak egiten ditugu. Bada gozotegi eta jatetxerik ere, baina ez masiboki jendeak eguerdian mokadu bat jateko aukera, ohitura edo kulturarik, merke bazkaldu ahal izateko alegia. Uste dugu jendeak bazkaldu egiten duela, baina etxean, ez duela eguerdian mokadu batekin pasatzen Holandan bezala.

Garagardo botila eskuan ikusten dira gazteak zein nagusiagoak ere; garagardo asko edaten dela dirudi, supermerkatuetan masiboa da garagardo eskaintza, garagardo kaxa pila izugarriak daude. Alkohol edari denda espezializatu gutxi ikusten da, ez da holako saltokirik nabarmentzen, Holandan, ordez, bai. Esneki aukera gutxiago dago Holandan baino. Ogi aukera ere ez da hain zabala.

 

Zelatan egon natzaio zozo bati arbola azpian, habia non ote, iruditu baitzait mokoan janaria zuela etsaia nahasi nahian zebilela adarrik adar. Ni neu nintzen, ordea, etsai eta arrisku: nik alde eginaz bat sartu da, ni azpian nengoen zuhaitz enborreko kaxan, han baitzeukan habia nondik kumeek burua ateratzen zioten.

 

Gaurko bidaian hainbat bertako etxe ikusi dugu, museoa bailitzaz, errepide ertzean barreiatuta: horma zuri eta estalki lastozkodunak; askok zuen zurezko egitura agirian, ilun edo beltz pintatuta. Bogensetik Sondersera lauki egitura hartzen dute landetxeko eraikuntza ezberdinek, erdian patio zabala sortuz, Txekia, Eslovakia edo Austrian bezala. Kalerik ez duten etxe txikiko nekazari herritxoak dira gehienak; koskortuagoek ez dute oinezkoentzako kalerik baina bai kale luze bat denda denak biltzen dituena.

Jutlandian ikusi genituen hainbaten antzerakoak dira ia eliza denak: dorre karratua, isurialde biko teiladun teilatu zorrotzekin. Gari-sail asko, arto erne berria, beste zereal motaren bat izan behar duen sail batzuk, belartza, zenbait zaldi eta noizbehinka behi bakartxoak talde bakartietan.

 

Ez dirudi kanpotar askorik dabilenik errepide zein herrietan, dabilena bertakoa da, daniarra; hauek ez dira turista herriak; eguzki berorik ez dutenez  ikusmin diren gu bezalako kanpotar batzuk gatoz soilik: udan agian besterik da. Kanpinetan ibili badabil jendea; gure kanpina txikia da, baina Bogensekoa ikaragarria da, itsasertzean kokatuta dago, bertan finkatutako erremolkez josia.

 

Ekirantz argindar tantai sendo ugari dago, komunikabide dorreren bat ere bai, baina transformadore txabola txikiek eta egurrezko argindar-tantaiak diraute.

 

Arup. Dorrea behar duen harrizko eraikin mehe luze karratua, zurezko txapelarekin. Okrea da nagusi fatxadetan.

 

Bide txikietatik ibiltzera, betaurrekoak ere jantzi egin behar dira, mapa ondo aztertu eta ez galtzeko, bidegurutzean soilik baitago jarrita herritxoetarako norabidea, bertarakoa soilik. Oso trinkoa da bide-sarea, herritxoz herritxo denak elkar lotuz, labirintoa bihurtzen da mapa on bat eta norabide-sena ez duenarentzat.

 

Erakusgai dute jauregi bat, turista-ibilbideak bertara eramaten du.

Garia da ia uzta bakarra sail zabaletan, noizbehinka baso kaskoak.  Mendebalera pagua da nagusi haritza eta izeia lagun zaizkiola.

 

Gamborg. Padura da itsabazterra, ugariak dira bertan batel eta txalupak, itsasoa lur barrura bihurritzen da edo lur muturrak kiribiltzen dira itsasoan: lurra eta ura elkarrekin ezkonduta.

 

Itsas ertzean, padura taxuko lurretan egiten da etxe-estalkiak egiteko lasto edo antzerakoa den gaia, agian kanabera motaren bat da.

 

Sventrup. Behigorri aldra izugarrizko errapeekin.

 

Bide erakargarria da itsas kontra doan hau; golf zelai zabala, paraje zoragarrian: hainbat golfari dabil bertan aberaskerietan.

 

Middelfart. Jutlandia eta Fionia lotzen dituen zubien alboan: zubi erraldoia presente dago batez ere portu eta moiletatik ikuskizun; zubi zaharra ere ez da makala!. Herri lasaia, ia jenderik ez dabil goiz erdian erosketa-kalean. Handia ez denez ez da zaila erdigunea aurkitzea, ibili atsegina eskaintzen du, etxeei begiratuz, zurajea ageriko etxe eder asko baitago. Museoa: eraikina bera da batez ere begiratzekoa. Portua,  inguru zabala da, ez ordea ibiltzeko atsegina, bertan ugariak dira peskariak, aingira antzerako arraina ateratzen ikusi dugu bat, baina ondoren uretara  bota du amua kendu bezain laster; aisia ontzi gutxi dago parajeak itsas kirolerako tentagarria dirudien arren. S. Nikola eliza, 1667an bukatua: adreilu forma ezberdinez arinduta dago fatxadaren leuntasuna; barruak itxura alaia du zuriz pintatutako arkuei esker, 1603.go bale hezurrak gordetzen ditu atzean sarrerako horman, arabierazko idatziak dituen erretaula zur-kolore ilunez bernizaturiko zurezko taila ikusgarriekin, irudi eta egitura antzerako tailekin edertutako pulpitua, fresko hondarrak, bankuteriako ilara: bakoitzak kandela jartzeko metal urre koloreko argimutil nanoa du ilara bakoitzak, Arrateko eliza gogarazten diguten arrantzaleen promes itsasontziak zintzilikatuta, hilarriak: hainbeste dira, ze sarrerako harmaila zabalak egiteko erabili dituzte hilarri tailatuok.

SEATak garaje du hirira sarreran.

 

Zati estu batean soilik ebakitzen dute errepide bazterreko belarra, harantzagokoa bere-berean utziz: hala behar luke, bazterra bera ebakita nahiko du errepide ertzak. Gureetan badirudi askotan  sega-makina saltzaileekin dutela negozioa edo lagunartea gure agintariek.

 

Nahiko erliebe du lurraldeak, gora-behera leunak ditu, ez da galgarekin berdindutako lurraldea. Hemen ez dute herrietara sarreretan errepidea estutzen, bai ordea koskor antzerako oztopoak jartzen abiadura geraraziz herriaren izena iragartzen duen agiriaren parean.

 

Skaastrup. Txikia. Etxe eta denda aurreek kandelak jartzeko argimutil txikiak dituzte, hori litzake herriko berezitasuna, bestela ez baitauka ezer, ezta eskalerik ere.

 

Letxuga sail oso zabalak.

Latza dirudien belar multzo zabalak.

Ortuari eta fruta denetik dago dendetan, ez ordea jaki prestatutakorik, entsalada edo bestelakorik, ikusi ditugun Europako herrialde gehienetan egon ohi den bezala.

 

Komunak dira Danimarkako lurralde-zatiketa politiko eta ekonomikoa; nahiko barruti txikiak dira komunok; herri handi batek hartzen ditu inguruko herritxoak: errepidean ikusten dugu iragarrita komuna, baina ez dakigu komuna horrek ze eskumen, betebehar, ahalbide edo zeregin duen.

 

Bogense. Ez du oinezkoen kalerik, baina kale batean bilduak daude erosketa aukerak. Etxe eder pila, bat 1713ko handia, patioan dendak dituena. Etxe askok du patio zabala, bizimodua patioan egiten zen nonbait, ez kalean gaur bezala. Etxe txikiko kaletxo bat ubide baten luzeran, baina batez ere etxe nanoz inguratutako plaza da deigarria, jostailuko etxeak irudi, eta berrari aukeran datorkio iturria. S. Nikola eliza, debozio handiko santua nonbait inguru honetan: erretaula eta pulpitu loretsuak, biak gorrixkak eta alegerak; 1604ko pulpitua  tailatutako iruditxoz edertua; erliebeak ia galduta dituen 1150.go bataiarria; 1490.go Kristo zahar handia letoiz estalitako eta tailaz apainduriko gurutzean; Arrateko ontziak, arrantzale edo behintzat marinel herria izan baitzen Bogense; 1700.go argi-lanpara zintzilikatuak; jauntxoen hilausak. Merezi zuen bisita. Hilerria izugarri zabala, itsasgainean, eliza bueltan; badu berezitasun bat: belar-sail trinkoa du, belartza soilik da dena, lurrean itsatsitako harri zapal txikiak besterik ez dago, belarrak ia janda, bakoitzak lurretik bizi den bere lora sorta freskoa duela.

 

Izugarri zainduak daude hilerriak Danimarkan: hau bai bada hildakoei gurtza.

 

Uhartearen erdirantz jo dugu berriro. Lurralde laua da, galgarekin berdindutakoa ez bada ere.

 

Sonders. Eliza baten bila joan gatzaizkio; elizarik ez dugu aurkitu  baina galdua genuen hobi-eremura bidea erakutsi digu. Herria bera xumea da, bere garaian konpondu zuten, baina zimelduz doa: etxe zahar bat aukeratu behar izan dugu oroitzapen-argazkirako.

 

Ez bakarrik gazteek, berdin heldu eta nagusiek, izugarrizko garagardo kaxa pila darama jendeak supermerkatutik, astebururako nonbait.

 

Skamby. Hilerria zen nonbait, auskalo noiz: hilarriak omen diren harritzarrak, bikingo ontzia irudikatzen dutela diruditen pare bat harri ilara, hainbat harri erruniko edo harritzar itzelak idazki zizelatuekin.

 

Erbia gurutzatu zaigu errepidean, han joan zaigu artasoroa saltoka.

Trokotetan ebakita edo ebakitzeko pilatuta dute hainbat etxetan negurako su-egurra.

Danimarkan ere bitxilorea errepide-bazterra alegeratuzko lorea da.

 

154 kilometro, irlari bira emanezko lehenak.

 

Naturgunea da kanpina, ikusgarria da zozoen presentzia eta kantua arrats eguzkitsuan; bi ahate ditugu gaur lagun, aurrean jarri zaizkit lo-kuluxkan, mokoa lumapean; esnatzean ahate batek burua erabat jiratu du, 90 gradutan, atzera begiratzeko, hotsa zerena ote kurios.

BIDAIAK 68: DANIMARKA

Jon Etxabe 2020/12/25 11:50
JUTLANDIA PENINTSULA: Ribe, Hogeltonder, Tonder, Locumkoster, Varde, Billun, Esberg.

Maiatzaren 26a. Asteartea. 31.a - D:4.a

 

“Isladak”, U.Iturriaga:

* "Harridurak poza, ezustea eta desengainua dauzka berarekin". Holandak ez gaituenez harritu eta Danimarkak miresten ere ez, bare eta lasaia doa bidaia.

* "Postak gutunak dakartza eta gutunak bizitza". Bizi garela azaldu beharko diegu lagunei urteroko postalak bidaliz.

 

Kelstrup badiako hondartza dugu aurrean, etxetxo batzuk besterik ez daude bertan, ez dugu oraingoz itsasertzeko erraldoikeriarik ikusi, agian haize hotza sarriegi eta eguzki beroa bakan duelakoz, baina holakoa dute eguratsa Holandan ere eta han ez dute horrela zaindu itsasertza.

Bilera izan dute berriro bart untxiek kanpineko erdigunean, utzi dituzten kaka-pikorten arabera.

 

Herri handienean ere erdigunera eta monumentu ezagun bakar batzuetara mugatzen da turista eta bisitari hegalariaren ezagupen esparrua. Ezin dugu esan herri bat ezagutzen dugunik, monumentu batzuk eta zenbait zerbitzari berritsu ezagutu ditugulako soilik. Auzoetara joan beharko genuke eta bertan herri bizitzarekin nolabait lotu. Egon, egon gara, baina ia egon ere ez, hain da mugikorra hain pausa gabea gure egote hau!.

 

Ipar Itsaso aldera doa gure gaurko ibilia, Danimarkako Mendebalera lehenengo eta Hego Mendebalera gero, ia Alemania mugaraino.

 

Bi maisu maistra, bata buru, bestea buztan, eskolako edo gelako neska-mutilekin ilaran bizikletan, errepidean: eskolako irteeraren bat.

Etxaurreak ez daude gauzatxoz beteta, ezta dotoretuegiak ere, baina txukunak bai. Istingak tarteka. Paisaia ez da aldatzen Ribe aldera tximinia batek ke multzoa botatzen duela ez bada. Herriko sarrera, bidegurutze edo zebrabideetan estutu egiten dute errepidea, harrotu ere bai, herri bakoitzak bere trikimailu ezberdinarekin abiadura motelaraziz.

Besorik gabeko haize-errota, ez du egitura berezirik baina ezberdina da: bakarrak ikusten dira haize-errotak, han-hemenka, noizbehinka, gutxi, baina egon badaude. Noizbehinka ere lastozko etxe estalkiak eraikin zaharretan. Zenbait granjak zementuzko atari zabala du, zementupean kaka likidoaren biltegia; gaur bertan nabarmena da simaur isurkiaren usain sarkorra, kiratsa. Euriarekin simaurtu dituzte nonbait zelaiak, agian biltegiak usteko abagunea baliatuz. Txiza zaharrak usain  txarra galtzontziloetan zein soroan.

 

Hizkuntza batuketaren arazoan murgilduta dago Danimarka, batuak badu istilurik hemen ere, zenbait izen bi eratara idazten dira oraindik. Nahiko lasai eta bere erara bizi izan dela herri hau deritzot, baina Europako Batasunean sartu nahiak izanen du eragina, hizkuntza bera ere estandarizatu, uniformatu, berdindu ahaleginean.

Danimarkar orok, gazteak bederen, egiten du ingelesez: dendariek, tabernariek, edozein txosnetako saltzaileek, kaleko edonork, garajeko langileek...; erraztasunez gainera gehienek.

 

Gram. Herri txikitxoa, txukuna, gustagarri jarritako zorua, harria eta lauzak tartekatuz. Ezin dugu gaztelurik ikusi, begi-bistara egonda ere ezingo genuke ikusi ahal, jarri zaigun laino astunpean.

 

Granja zaharrek teilape berean dituzte korta eta etxebizitza, nahiz hormen zarpeatuan eta bestelako apainduran berezituta egon alde biak: etxebizitza txikia da, korta eta enparauak  izugarri handiak, neguko hilabete luzeetan behirik larrera atera ezin denez belartza zabalak behar dira belarra egiteko, sabai handia belarra gordetzeko eta gorta handia hazienda ugariari aterpea emateko: beharrak eragiten du eraikina nekazaritza gaietan ere. U bat edo patio zabala egokituz lastozko teilatudun granja zuria, ez du ezer baina deigarria da: gero eta ugariagoak dira lastozko teilatudun granja zuriak.

Baso asko, batez ere pinudi eta izeidia, zuhaitz txanka-makil samarrak, bakandu beharreko itxuran; haritz eta pagoak ere enbor mehekoak dira. Tarte sarrian aparkalekuak baso zaleei ibilirako aukera erraztuz.

Bapo zikintzen du errepidea hemen ere traktore gurpil zabalak.

Gizaki bat lotan ageri da etxe-hormako zintzilikarioan, lotarako ohea alokatzen dela adieraziz.

 

Danimarkan ez da aparkalekurik ordaintzen, herri orok du sarreran aparkalekua, ibilitxoa egin behar da zenbaitetan herri barrura, baina merezi du. Hiri handietan ere badira aparkalekuak, kaleetan ere aparka daiteke, doan, jakina, baina gehienetan egonaldi mugatua dute eta autoari denbora-neurgailua jarri behar zaio haizetarakoan barrutik.

 

Ribe. Hilerria hirira sarreran: lorategi erabat zaindua da, txunditu egin gaitu. Bai erdiguneko turista kalea, bai alboetako edozein kale, antzinako bere zer osoan iraun duen herria, dena da zoragarria bertan; gutiziazko herria, gozatzekoa, bidaiariak galdu behar ez duena, ipuinetakoa, herri osoa da museo, postaria bera ere herriko museoko zatia da. Herri osoa dago ageriko zuraje eta adreiluz gauzatua, etxe kilikagarriak; ezberdinki pintatuta atea bakoitza, koloretsuak eta argiak denak, bila joan eta banan-banan begiratzekoak; ate-gainek leihoa edo kristala dute bebarrua argitzeko. Bada ubide zabaltxoa itsasotik datorrena; ez dira asko baina ontziak daude bertan lotuta, tartean garai batean garraio lanetan ibilitako belaontzia, museoa ei dena; ubide ertzean uholde nagusiak noraino heldu diren adierazizko zutabea. Hiru erreka biziek zeharkatzen dute kale nagusia trabeska, bakoitzak bere konporta du, ur-hots ozena eraginez hirurak; bi ubide doaz ur-korronte arinarekin herri kanpotik: non demontre sortzen da ura lur lau hauetan, non daude ur-biltegi berezkoak, ez baitago mendirik gureetan bezala. 12etan kariloiak jo du luze, sona. Zikoina ere han dago eraikin bateko habian. Eliza: Europako handiena izandakoa garai batean; herriarekin liluraturik, ordaindu egin dugu eliza ikustea, pagukoa baitu bisita; merezi zuen: museoa da, goiz hotz umelean berotze sistema piztuta du; kanpotik erromaniko ederra da, handia, brontzezko ederra da atea ere; barrutik gangako arkuak kolore ezberdineko marra eta filigranaz pintatuta daude, berdin elizari goitik bira osoan doakion pasilloko arkutxoak ere, berdin alboetako nabeen arkuak: Kordobako Meskitaren ukitua du; taila eder bat, espainiar batek edo Espainian egondako artistaren batek egina behar duela diote, Siloseko irudiaren antza omen du eta; mila bitxikeria: pulpitu tailatxoz landua, brontzezko bataiarria, koadro pila harri landuko markoetan, jauntxoen kapera beraien irudiekin, bi zutabe karratu harrizkoetan freskoak, Kristoa tamainaz izugarria eta egituraz antzinako naifa, bi santokristo eder, organoa, harrizko hilkutxa, horman lantza luzeaz dragoiarekin borrokan zurezko Jurgi irudi handian tailatua, dorre garairako harrizko mailadi borobil zabala... presbiterioko absidean eta gangan mosaiko eta pintura modernoak beste denarekin kontrastea eginez: damurik gabeko pagua.

Bisitari eta denda asko dago, baina itotzen ez duen herria da; ez du igandezaleen girorik baina agian asteburuan eroan ezina izanen da.

 

Oraindik gauero hamarretan berriemailea ibiltzen omen da Riben kalerik kale berriak ematen, sasoi bateko serenoa seguruaski.

 

Ribetik behera hasten da lastozko etxeen sinfonia; baserriak zein etxebizitzak zein baino zein ederragoak, dotoreagoak eta zainduagoak: bide txikiak hartu eta ibili, begiratu eta gozatuz.

 

Riben atertu digu eta eguzkia agertu zaigu Bronsen.

 

Brons. Ez dakit Jutlandiako ala Danimarkako elizarik handiena omen bertakoa. Handiena izanen da, ez diogu ezer apartekorik ikusi, kanpo aldeko fresko hondarrak ezik.

 

Danimarkan ere triku asko galtzen da errepidean!.

Ipar Itsasora hurreratuz goazela, ugariak dira kaioak lur barrura etorriak, zelaietan, zizare eta zomorro bila, ez da arrainik nonbait itsasoan.

 

Romo uhartea, lur-mihi berde iluna besterik ez da urrutian. Itsasoa mugatzen duen munatik aurrerantz ez dakit noraino zabalgune berdexka mugagabea, hondartza izan zitekeena, agian marea behean dagoelako hain zabala: S.Michel bueltako hondartza gogarazten digu: hondar horia da hangoa, ez dakit ze berde mota den hau. Ez dakit zubia ala dikea izanen den lurra uhartearekin biltzen duena, ezin baitzaio azpirik ikusi munaz banatua dagoelako.

 

Dike luzeak banatzen eta babesten du lurra itsasotik; itsasoari lapurtutako lur laua da hau, laua eta berdea, plater atxala baina lauagoa hau ere, Holandakoen antzerakoa; baina hemengoan ez dago granjarik, tarte luze batzuetan behi batzuk besterik ez; bada garia eta belarra ere, baina lurrok ez dira nonbait behar haina ondu oraindik. Muna edo dike gainean doa errepidea, lur zabal berdeak alde bietara behean.

Etengabeko adabakia da errepidea, edo adabakiz jositako zorua, eta adabakiak jartzen jarraitzen dute mono laranja koloreko bidezainek; gidaritza, baina, lasaia eta gozatuzkoa da, itsaso berde batean nabigatuz bagindoaz.

Tarte zuriko adreiluzko etxeak, oso politak.

Ipar haizeak etenik ez duenez ehunka dira errota eolikoak: berea du zenbait granjak, agian plan orokor baten zatia da bakoitza. Ez dugu zentral handirik, termiko edo nuklearrik, ikusten, ezta argindar pilaretzarrik ere: egurrezko tantaietan doa argindarra herritxo eta etxeetara. Itsasotik aldendu ahala ugariagoak dira granjak, arbola artean gordeta daude; bata bestearen ondoren, herriak eta etxeak ikusgarriak dira nik iparrekoak deitzen dietenak, teilatua ia lurreraino jaisten zaizkienak.

Etxeak antzo, kolore biziko jantziz babesten dira euritik daniarrak, jantzi koloretsu biziak dituzte gogoko. 

 

Trojborg. Gaztelu baten hondakinak: bi urezko eraztun ditu babes. Alboan granja ikaragarri handi karratua, patio erraldoia du barruan: gazteluko zerbitzari eta animalien bizilekua bere garaian.

 

Agure bat ikusi dugu segan Ribe aurretik, baratze ertz garbiketan: bi helduleku edo eskuleku ditu segak, baina kirtena ez da arteza, ezta kurboa ere, angelu irekia egiten du erdian. Bigarren sega ikusi dut baserriko horman zintzilikatua Hegoan: azken honek kirten zuzena du, baina gorriz koloreztatua.

Nabariak dira eliza eta dorre txaparro karratuak, zuriz pintatutako adreiluzkoak, tarteka adreilu gorrikoak, baita dorre adreiluzko gorriak dituzten zuriak ere.

Hormek batak besteari eusteko burdinazko ziriak dituzte alderik alde, beltzak edo ilunak, kanpoan gelditzen zaizkien ertzak gurutze forman edo forma kurboetan tolestuta, polito egiten dute horma zurian: hala jarraituko dute Hegoraino.

 

Hojer. Lastozko teilatua egiten ziharduten bi morrosko ilehori: maila metalikoak zeramatzaten oinetan orekari eusteko, lastoari heltzeko, aldiz, arpoi antzerako hagindun zurezko ziri luze sendoak:  bitxia. Herri honek ere badu bere haize-errota.

 

Zementuzko atalez egindako ur-biltegi borobilak granjetan.

Nondik ateratzen ote zuten negurako egurra lurralde honetan ia ez dago zuhaitzik eta: agian basoak jaten joan dira.

 

Alemaniako mugatik gertu gabiltza, baina ez da kotxe alemanik  errepidean, agian bide txikiak direlako gu gabiltzanok.

 

Hogeltonder. Elizak ez beste eraikin orok du lastozko teilatua, aspaldikoa da ere etxeen egitura, herri osoa baita zaharra, bere hartan dirauena. Etxe jarraiko kale bakarra, izugarrizko xarma dute bertako etxetxoek, ilaran daude, bakar eta bakan, elkar lotu gabe. Herri zabala da izan, eta etxe bakoitza bera da, bere etxe-buelta zainduarekin; bada bat zaharra eta zaharkitua bi antena paraboliko dituena fatxada potxoloan. Harriduraz harridura zeharkatu dugu herria. Berezia da benetan. Kale batean lasto piloa dago tolestuta etxe gaina egiteko. Gaztelua ere badu: eraikin zuri baxua patio zabalarekin.

 

Zirraragarria gerta zaigu hilerria Ribe sarreran: lorategia bat da, ikusgarri zainduta: egunaren joanak erakutsi digu hala dela herri orotan, eta herri txikietan eliza bueltan dagoela kokatua: txoritxoa putzutxo batetik ura edaten da hilobi askok duen apainduretako bat.

 

Tonder. Herri osoak du xarma ukitua, baina ez paper batean irakurri dudan bezala Danimarkako politena dela esateko adinakoa. Aurreko herrien egitura bera du: oinezkoentzako kale luzea eta bertara doan albo kalexkaren bat da erdigunea. Plaza aldrebesa edo erregularra, bi zatitan bailego, bertan txapel okerdun morroskoa dago laranja koloreko kasakarekin, zartailua eskuan, zutabe gainean ez dakit nori mehatxuka. Kale galdu bat grazia handikoa, antzinakoa, etxetxo baxuekin. Kale nagusian antzinako etxe ederrak ugari, zenbait errenazimenduko fatxadekin. Ate apainak, pintatuak. Saltoki bat da kale nagusia, salgaiak ia kale erdiraino ateriak alemaniar bisitariak zirikatu nahiaz edo. Elizak dorrea du ezberdina: hexagonal luzea, oso goian kanpai hotsentzat irekidurarekin. Aparkalekua doan, ohi denez.

 

Auto gutxi dabil errepideetan. Nonbaiten irakurri dut ez dela oraindik Danimarkan Hego mendebalean adina kotxe.

 

Logumkloster. Kirke, eliza. Europako adreiluzko politena, diotenez.  Ze ikusgarria den!. Erromaniko eta gotikoaren artekoa, ederra kanpotik, are ederragoa barrutik. Ezberdina, monasterioa behar zuen izan bai klaustroagatik baita klaustrotik zein elizatik sarrera duen  aretoagatik. Monasterioa da izan gaur egu-n ere; sarreratik bertatik sortzen du ezberdinaren eta bitxiaren sentipena; egitura osoa da berezia, adreiluz gorri gorria kanpotik, adreiluz gorri gorria barrutik ere. Kristo-Maria-Juan, Kalbarioko hirukotea habe sendoaren gainean presbiteriora sarreran, erretaula triptiko polikromatua, irudiak falta zaizkion triptikoa estalki pintatuarekin, aulkiak, bataiarria zurezko irudi potxoloz tailatua, organo gaineko eta organo azpiko koruko hesiko tailak...: merezi izan du nekatuta arren azken ahaleginak.

 

Bide txikietatik etxera.

 

229 kilometro, azkenerako luzeak.

 

 

Maiatzak 27a. Asteazkena. 32.a – D:5.a

 

Familia osoak erabili ditzaken bi bainugela handi ditu kanpinak.

 

Gautarrak dira untxiak, gauero ditut lagun iheslari komunera bidean.

 

Handerlev-en aldatu diote olioa autoari baita zartada ederra eman ere gure aurrekontuari. Garestiak dira Danimarkan horrelako lanak.

 

Ipar Itsasorantz  da gaurko txangoa ere.

 

Herrietarako argindarra orekatuz argindar-transformadore txabolak ikus ahal dira oraindik. Aspaldi baztertu genituen Euskal Herrian modernitatearen txutxu pean. Gurea baino bizimaila goragokoa izanagatik, ez diote Danimarkan halako gauzei hainbeste begiratzen, praktikoak dira, bizitzari begiratzen diote ez bakar batzuen negozioari soilik edo Mendebalak ezarri nahi duen lilurari: ikusi behar Europa Batuarekin iraungo duen orain arteko filosofiak. Kontrastez, tximiniak tarteka, meheak eta luzeak, ke multzo zuri izugarria botatzen dutenak: ez dira lantegi handiak, ez dakigu zer diren, ez dakigu lurrin kutsatzailea den.

 

Jutlandiako erdigunean zuloguneak ditu lurraldeak, gorabeherak, aldats bat gora, ondoren behera, autobideak berak zeharkatzen du bailara sakon bat zubi batez.

Ia bukatuta dago Ekitik Mendebalera joango den autobia, Kopenhage Ipar Itsasoarekin lotuko duena. Jutlandiak goitik behera, luzetara, doan autobia besterik ez du orain arte. Eta kitto. Gureetan dagoen autobideak egiteko irrika, autobia ondo-biziaren eta ekonomiaren ardatza balitz bezala. Autoak saldu beharra besterik ez da. Danimarkan askoz kotxe gutxiago dabil eta ez dirudi gu baino okerrago moldatzen direnik. Gurea baino bizimaila hobea dute eta ekonomia bera sendoagoa delakoan nago. Autobusaren eta autoaren lilura saldu nahi digute oinarrizko bizi-baldintzak baztertuz edo zokoratuz.

 

Varde. Nahiko lur barruan egonik ubidea heltzen zaio itsasotik lautadaz baliatuta. Ohizko herri txukuna, ohizko kale aratza, ohizko eliza bitxia, ohizko etxeak. Herri honetakoa ez da deneko kale luze bakarra, hemengo saltoki kaleak motxagoak dira, baina ugariagoak; kaleko jarlekuak lirateke berezitasuna: irudi bihurtutako animaliak diren harri-bolatzarretan estekatutako oholak. Etxeek ez dute ezer nabarmenik. Sank Jakobi kirke eliza ostera bitxia da: egituraz lau beso berdinekoa; barrutik ohizko erretaula zein pulpitua zurezko tailatxo eta pintura ia naifekin, brontzezko bataiarri landua, organoa eta organopeko koruaren aurrealde pinturaduna, herriko jauntxoaren koadroa harrizko marko landuan -bat bakarra eliza honetan-. Herri atsegina eta eliza hunkigarria.

 

Euriarekin hasi dugun eguna eguzkitsua egin zaigu herri honetan; diruz ere hornitu gaitu.

Kontzertua eskaini digu organoak eta hamabietako sona eztia kariloiak.

 

Kaxoi batzuen antzerakoa da eliza oroko bankuteria, sendoa, zurezko hesiarekin eta ilara bakoitza bere atearekin.

Zirkulazioa kontrolatzeko borobil-gune asko dago bidegurutzetan, batzuk izugarri handiak.

Lastozko teilatuetatik bakarren batek soilik iraun ahal izan du inguru honetan, aspaldikoak dira eta zaharkituak daude, gehienak kortak edo tresneria gordelekuak dira.

 

Billum. Herri txiki-txikia da, ezereztxoa; bide estuko trenbidea eta geltokia ditu. Herria baino goratxoago, bakarti, nabarmen zuri, elizatxo xarmanta, 1780.goa, zinkeko teilatuaz: halako lilura sortzen du sartuaz beste: barrutiko tailagile berak eginak diruditen erretaula eta triptiko txolin koloretsu ponpoxoak, auskalo noizko triptiko baten erdia, S.Juan aieneka eskua masailean, bigarren kalbario zaharrago bateko hirukotearen irudiak horman itsatsiak non oraingoan Amabirjina da aieneka dagoena; zoruan dago hemen organotxoa; bataiarria arrunta da; elizako ikusgai bereziena presbiterio aurreko eta zarpeatzean estalitako baina argitara nahirik dabiltzan sakristia gangako fresko hondarrak; eliza bueltan hilerria, lorategia antzo. Futbolzelaia eliza aurrean.

 

Hilerrietako lur emateak lurrean egiten dira, panteoi edo lur gaineko hilarririk gabe.

Ez da futbol zelairik ikusten Danimarkako herrietan.

 

Bide txikietan gabiltza, itsasertzetik, baina itsasorik ikusi gabe, begiratzeko ezer berririk, aipagarririk edo berezirik gabe. Garbia da itsasoa, urdina, Holandako ibai eta itsasoko kutsadura ez da heldu honaino.

 

Romo uhartea itsas aurrean dago, gertu, ber-bertan izan arren joango ez bagatzaizkio ere.

 

Esbjerg. Hiritik hur lau tipo digante zuri daude eguzkitan itsasora edo Romo uhartera begira: eskultura izugarri erraldoiak laurak. Erdiko kale luzera mugatzen bada ere erdigunea, kale sare izugarri zabala du, hiri handia da, ohizko baliabide, itxura eta eraikinez. Plaza zabala, jendea eguzkitan garagardoa edanekoan, jendea erruz kale bakarrean, eta kale erdiraino aterata salgai-eskaintza. Portu oso zabala eta garrantzitsua duela dirudi; zaila zaigu bertara heltzea. Futbol zelai handia du postetzarren gaineko argiteriak erakusten duenez.

Ez digu izozkirik eman, bai ordea edabeetarako kikarak.

JA zerbaiten aldeko mugimendukoek arrosa oparitu digute orri batekin batera, arrosa eta paperok banatzen ari ziren hiriko plazan: Europako Komunitatearekin zerikusiren bat du, eta Danimarkako Sozialdemokraziaren kanpaina da.

 

Errepide ertzean, baserrirako bide hasieran harritzar bat dute landetxe askok, etxearen izena zizelatuta dago bertan.

Ipar Itsasoko itsasertz inguruan paisaiaren zati dira tantai eolikoak.

Lurralde osoan lurra ureztatzen ari dira ur-zorrotada luze eta indartsuez. Txerri aldra belartzan Ribetik etxeranzkoan, Arbizukoen antzerako txabola handien alboan.

Oso lasai daude errepideak.

 

Xume bizi den herria dirudi daniarrak, harrokeria handirik gabe baina bizimaila egokiaz.

Ugariak dira komun publikoak, oso garbiak eta gainera doakoak.

Ez da ia jubilatu talderik ez autobuskadarik ikusten, ezta jubilaturik ere karabanaz edo kanpinean. Europa osoan bilatu izan ditugu, ugari bilatu ere; Danimarkako bazter hauetan, ordez, ez dabil oraingoz ez alemaniarrik ez holandarrik, agian garestiagoa delako.

Ez da ezer ezberdinik edo bitxikeriarik ikusten dendetan, are gutxiago saltokietan, betiko eta edonongo salgaiak: jantziak eta merketeria; denda berezietan bai, horietan salgai dotore eta garestiak aurkitu ahal dira, gai bitxiak eta ezberdinak eskaintzen dituzte. Bertakoen kontsumorako eskaintza da, ez baitago turista uholderik. Berdinduta dago Europako gizartea dendetako eskaintzan. Ekonomiak berriz ere bere legea ezarri du, herri berezitasunak gaindituz, menperatuz edo desagerraraziz.

 

247 kilometro, bere luzean nekerik gabeko motzak.

 

Giro ezean eta lur azalean amen batean irensten dute zozo-mokoek zizara luzea.

 

Bidaiak 68. DANIMARKA

Jon Etxabe 2020/12/21 17:05
JYLLAND-JUTLANDIA PENINTSULA. Aaberbraa. Klipev, Als uhartea, Sonderborg, Haderlev, Khistians, Feld, Kolding.

Herrialdeak, hiriak eta herriak

JYLLAN-JUTLANDIA PENINTSULA. Kelstrup. AAbenraa, Klipev, Grasten, Als uhartea: Augustenborg, Sonderbog, Haderslev, Aller, Hejlispinde,  Fin uhartea, Chiztian-Feld, Skamligsbanker, Kolding, Kelestrup badia, Gram, Robe, Brons, Romo uhartea, Trosborg, Hogeltonder, Logunkloster,  Varde, Billum, Rom uhartea, Esbjerg.

 FYN-FIONIA UHARTEA. Middelfart, Blommenslyst, Odense, Arup, Gamborg, Sventrup, Middelfart, Skaastrup, Bogense, Sonders, Skamby, Bellinge, Glamsbjer, Assens, Bojden, Faaborg, Kaleko, Svendborg, Tasinge uhartea, Sio uhartetxoa, Langeland uhartea, Egezkov slot, Svindinge, Nyborg, Keterminde, Viby, Male, Ladby.

SEELANDIA-SEELAND-ITSALURRA.

IPARRALDEA.  Ringsted, Gandlose, Kopenhage-Kobenhavn,  Soskilde fiordoa, Arreso fiordoa, Roskilde, Selso, Ostby, Frederikssund, Frederiksvaerk, Ramiose, Annisse, Hillerod, Slangerup, Sund itsas-pasagunea, Helsingor, Esrun aintzira, Frendensborg gaztelua.

HEGOA. Tappernoje, Fakse golkoa, St. Elmue, Rodvig, Fakse, Dalby, Haslev, Naestev.

FALSTER UHARTEA, LOLLAND UHARTEA, Maribo, Bandholm, Kong Svend Hos, Jaettestuen, Nakskov, Rooby, Roobyhavn, Nykobing, Far irlatxoa.

MON UHARTEA. Harboll, Koge, Dalby, Borup, Ringsted, Fjenneslev, Slaglille, Bjernede, Soro, Bjerget, Tisso anintzira, Kalunborg, kekselo uhartea, Sejero uhartea, Havnso, Slagelse, Korsor badia, Ugerloaje, Holbaek, Oro uhartea, Nykobing, Rorving.

JUTLANDIA.  Vejle, Fredericia, Lisbjerg, Arhus, Djursland lurmuturra, Mols  lurmuturtxoa, Agri, Knebel, Ebeltoft, Hyllested, Rugard, Grenaa, Kattegat itsasartea, Hommed, Bonnerup Strand, Tustrup, Randers, Hammel, Scorup, Viborg, Silkeborg, Skanderborg, Horsen, Randers.

Holstebro, Sals, Ejsihg, Nissun Bredning, Herning, Ornhoj, Sund, Skive, Struer, Humlum.

VENDSYSSEL. Norresundey, Aalborg, Lonstrup, Lokken, Hune, Fjerritslev, Frostrup, Tommerby.

Voersaa, Saeby, Frederikshavun.

EDSYSSEL.Sulsted, Brindeslev, Frenderkshavn, Skagen, Grenen, Hirstshals.

HIMMERLAND. Aars, Logstor, Livo uhartea, Ronbierg, Trend, farso, Vestervole, Gedsted, Hobro, Mariager, Assens, Hadsun, Rold Skov, Stroving, Rebild, Volsted.

THY. Thay penintsulatxoa-

Thisted.

SALLING LURMUTURRA. Lihme, Hjerk, Harre.

MORS UHARTEA. Nykobing Mors.

IPAR ITSASOA. Hansthol, Klitoller, Veterving.

HYLHON PENINTSULA.Ferring, Torsminde, Stadil fiordoa, Ringobing, Sonderving, Hvidesande, Tarm.

ALEMANIA. Scheswing, Flensburg, Kassel, Saarbruckeen, Kappeln, Eckernförde Kiel

FRANTZIA

 

 

Maiatzak 23. Larunbata. 28a – A:1/D:1

 

ALEMANIA

 

Mugak gainditu dituen Europa Batuan hor diraute oraindik mugako eraikin, txabola eta oztopoak, polizia bat ere bai zelatan, baina inolako geldiunerik edo araketarik gabe aurkitu gara lurralde berrian. Azken egunotakoaren  nahiko lurralde berdina da: lautadak, lakuak, kanalak, belartzak, behi holandarrak,  ardiak diraute, noizbehinka zaldiak eta haize-errota bakarren bat, arto-sail erne berri berriak, basorik ez dago baina ugaria da zuhaitza, belar-sailak murritzagoak dira Holandakoak baino; hurrean dugu itsasoa, tunelez zeharkatzen dugu azpitik itsasadar bat.

"Komunikabide dorrea litzake aldagaia, baita herri handien inguruko saltoki erraldoiak ere kotxez beteriko aparkalekuekin, batez ere Bremen inguruan.

Ugariak dira errota eolikoak, Ipar Itsasoko haizeaz baliatuz.

Handiak dira hemengo autoak, ziztu biziko bizkorrak.

Zainduagoa da autobidea. Zuhaitzek hartzen dute bai erdigunea bai ertzak, ikusmira janaz: izeia eta urkia dira gehien erabiltzen dituzten zuhaitzak autobidea bide hutsala izatera mugatu eta paisaia lapurtzeko.

Simaur usaia izan dugu lagun Alemaniako ibilbide ia osoan, tarteka sarrian kiratsa.

Eguzki punttuarekin eta ateri hartu gaitu lurralde berriak: eskertzekoa.

Behi holandarrak atzerritar eta etorkin ote Alemanian?. Esnetsuak badira ez!.

 

Bremenek lau animalia kantorez iragartzen du hiria: egon gineneko barretxoa eta oroipen gozoa harrotu dizkigute.

 

Hanburgora bidean debekatua dugu karabanok inor aurreratzea.

 

Antzerakoa dirau paisaiak, baina lurrazala hasi da zerbait harrotzen gorantz ia nabari ezinezko uhin luze, leunetan. Gari-sailak, burututa, burua eginda, Holandan ez bezala.

 

Aspergarria bilakatzen da bidaia zuhaitz arteko tunel berde honetan, nora begiraturik ezaz. Iaztik ezaguna zaigun arren, zirrara sartzen du Hamburgoko portu inguruak: Tuterako zubi digantea, akaburik ez duen garabi eta kontainer basoak. Dorre-orratzak, komunikabide-orratzak, eliza baten dorre garaia,…  dena da goia irabaztea hiri honetan autobidetik begiratuz, nahiz bertatik ez bazigun horrelako usterik sortu egon ginenean. Kontainer artean eta kontainerrez bilduta sartu gara 2900 metro luzerako tunelez Elbe ibaiaren azpian. Kilometro luzeetako ilara hirukoitzak Iparraldeko sarreran: doako autobideak ere ordain garestia du hiri erraldoietako sarrera-irteeretan.

 

Kiel-era bidean gorriak edo gorri-pintak bilakatu zaizkigu behi holandarrak. Ez lakurik ez kanalik, noizbehinka baserria izan daiteken etxeren bat. Hain bizkor eta hain arbola artean ezin izan gara ezertaz jabetu inguruari buruz. Koltza-sailen hori-guneak nabarmentzen dira batez ere.

 

Kiel, albo batetik inguratu dugu.

 

Baltiko itsasora heldu gara, Eckernförde-n egin dugu berarekin topo. Itsas ertzetik goaz, kanpin bila. Bidegorriak badaude baina bizikleta bat bera ez dugu ikusi: Holandan ere haizea hemengoa bezain hotza zen baina kale zein errepideko txindurri gainetik kenezina zen bizikleta.

 

Schleswing itsasertzeko etxeteria baxua, bela-untziteria, hondartza, urrutitik borobila dirudien baina bertatik ez den etxe-orratza, itsasadar zabal sakona... turisterri petoaren taxua eskaintzen du. Kanpin bat ere bertan dugu: etxeranzkoan izanen gara bertan.

 

Ez zaigu erraza izan norabidea aurkitzea hiri nagusietako bidegurutze-korapiloetan. Ez dugu jakin aurkierraza uste genuen kanpinera jotzen, beraz baztertu egin dugu Alemaniako oraingo bi eguneko egonaldia, agian etxerakoan denborak eta umoreak tarterik eta aldarterik uzten badigu izanen gara hemen.

 

 

DANIMARKA   

 

Kilometroko  kotxe ilara mugan. Patxadako morroia kaiolan, denei begiratzen die geraraziz, guri pasaportea aztertzen digu: arratseko ezohizko bakarrak gara nonbait beretzat, argiak biztuarazi dizkigu, Danimarkan argiak beti, always, piztuak eramateko agindua eman digu. Herrialde berrian gaude uste baino bi egun aurretik. dena ezberdina zaigula, kokaleku bila.

 

 

 JYLLAN-JUTLANDIA PENINTSULA

 

Laino zuriekin eta eguzki tarte luzeekin hartu gaitu Danimarkak.

Eskolan buruz ikastea hain zaila, aho-korapiloa, zitzaiguna mapako hitz zerrenda,  ibilbideko karteletan izanen dugu hurrengo egunetan. Lurralde laua izanik gorabehera nabarmenak, beraz zulogune eta goialdeak, ditu. Txikiak dira baserri edo landetxeak, korta eta gainerakoengandik bereiziak belar-sailak aranondo antzerako sastrakez banatuak; garia, koltza, arto-sailak iruditzen zaizkigu lur erne berriak. Zuhaizka ugariak. Zerri-granjaren kiratsa!!!.

 

Errepidea ona da, norabide iragarkiak erabat ezberdinak dira baina ulerterrazak: autobideak berak adinako garrantzia du albotik sartzen den bideak, marrazki eta ikurretan ere, berak du lehentasuna. Ez dute erabat premiazkoa den oharrez gain argibide zabalagorik ematen errepide handi zein txikietan: bidegurutzean bertan soilik ematen dute aditzera herritxoetarako nondik norakoa errotulu txiki batzuen bidez, aurrez ezer iragarri gabe.

 

Kanpina.

Kelstrup herriko barrutian, kokagune  zoragarrian, labar baten gainetik behingoz itsasoa goitik ikusi ahal dugu: Baltiko Itsasoa, urdina, garbia!. Eskuin aldera urrutitxo Als uhartearen ipar itsasaldea, alde bietara fiordo ertzaren marra hori luzea, urrutian fiordo bukaeraren marra urdina, oinetan hondartza, beheko aurretxoan Kelstrup herriko hondartza eta ontziak: ikusgarria.

 

Abegitsuak dira auzokideak, denak gure erremolkea leku egokian kokatzeko bultzaka. Afalondoren jendea ibilalditxoa egitera doa hondartza eta itsasbazterrera, ugariak dira ere peskariak kanaberarekin haitzetara. Gauean uharteko itsasargiak keinua egiten digu urrutitik, misteriozko ziztada gorria zaigu gau ilunean.

 

596 kilometro, nazio bat zeharkatuz, nazioz aldatuz, kokagune zoragarrian lekutu gaituztenak.

 

Kultura ezberdinaren ezaugarriak herri bakoitzean: komun-ontziko ur-andela, depositua, garaia eta aurre zapal berdinekoa da, aulki baten bizkarraldea bailitzan, kaka lasai, bizkarrari atsedena emanez egitera gonbidatuz; konketa bakoitzak eskuilatxoa  du kate batetik zintzilik, konketa garbi uzteko begizko gonbita luzatuz. Kaxatzar bat botilaz gainezka dago: daniarrek ere edaten dute!!!.

Berandura artekoa da karabanetako  berbaroa: herri hau ere gautxoria da biharamuna jai duenean.

 

 

Maiatzaren 24a. Igandea. 29.a. D:2.a -

 

-         "Isladak", Iturriaga:

"Ahaztura ez baita denbora batetara gogoratzeko erabiltzen den formula baizik. Memoria, berriz, guk hala nahi edo ez pizten den dispositiboa". Formula zein dispositibo, oroipen gozoa izanen zaigu kanpineko tontor hau.

- “Ez nau izutzen negu hurbilak", Leteren poema: Hurbiletik nabaritu behar izan du heriotza oiartzuar poeta kantariak.

 

"a pitcher of water", ez ote da gure pitxer euskalduna?.

 

Egun ilunean ere alaia da kanpineko talaia. Badian kaioak eta ahateak hegazkada ezagunean. Buztanikara aurkitu dut kanpin honetan, aspaldian ikusi gabe nuen txoria.

 

Holandakoak bezain apainduak ez dira Danimarkako etxaurreak, hauek xaloagoak, xumeagoak, dira; barrutikako leiho barrena, berriz, berdintsu apaintzen dute. Etxebizitzak ere oso apalak dira, harrokeriarik gabekoak, tarteka lastozko teilatua ikus ahal da, baita noizbehinka  baserritar aberasttoren baten baserri galantik ere. Etxe askok du bandera jartzeko masta, handia gainera; etxe anitzetan dago bandera bera ere, baita baserri eta landetxetan ere: bizirik dago abertzale sentipena.

 

Aabenraa, fiordoaren sakonenean, aratza, txukuna; kale nagusiko zorua adreilu eta harlauza laukiak nahastuz gustu handiz berdindua, konpondu berria dirudi, oraindik kolorgetu gabea, beraz. Ponposoa du kale nagusi luzea baina kale nagusi horren alboko eta inguruko kaletxoei darie begi-gozamena eta xarma, ia inor gutxi hurbiltzen zaien kaleak izanik ere: etxe txiki baxu xumeak dira, potxoloak, maitagarriak, hiriko antzinakoenak, dotoreziarik gabeak; ezberdina da bakoitza, grazia propioa du nahiz denen antzerakoa izan, jostailu-etxeak dirudite, ez bertan inor bizi izateko eginak bezalakoak; zaharrenek triangelu erako isurialdea dute teilatuan fatxadako ate gainera; kantoi egiten dute batzuk, ilaran daude besteak...; etxe bakoitzak kolore ezberdineko fatxada du, kolore ezberdinek kaleak biziki alegeratuz: ibili eta gozatu. Ez dago herri osoan harridura eragiteko ezer baina gustura ibiltzeko herria da, gaur kanpotar gutxi batzuk gabiltza, neskato baten oinetako hotsa ozena da kale isilean. Jatetxe asko dago kale nagusian, herri bizia izanen da astegunez. Nikolaren eliza, adreiluzko handia, inguru zainduan, itxia: erretaula barroko ederra omen du. Jostunaren omenezkoa dirudien eskultura. Portua, kirol eta merkatari portua. Badiako ertz batean lantegiak, ke trinkoa indartsu darien tximiniekin.

Teila gorriak; konkordura edo sakonera beherantz dela jarriak, ertzetik gatigatuta, gureetako ezberdin, gureetan konkordura gorantz jarritako ertzek uzten duten irekidura hirugarren batek estaltzen baitu.

Zergatik ez ditugu antzerako gustuz berritzen gure herriak!.

 

Dozena erdi zerri-eme, bakoitza bere txabola ondoan, belartzan etzanda gizentzen. Txabolok ez dira Arbizukoak bezalakoak, are gutxiago Etxarriko basokoen antzerakoak.

 

Oso herri edo gizarte xumea iruditzen zaigu daniarra, herritxoak, etxeak, baserriak, janzkera, gauzen eta pertsonen apaindura ikusiz. Jende sanoa, irekia, gurekiko agertzen dute taxua kontutan hartuz, galdez jo behar baitugu beraiengana hainbatetan. Austriarrek, aldiz, bazuten dotoretasun eta harrotasun ukitua janzkeran.

 

Klipev. Oso herri txikia baina ze eliza bitxia!: harrizkoa, zuriz pintatua bankuteria urdinarekin, biziki eragiten diote kontrasteek bisitariari sartzerakoan; naif tankerako pinturadun erretaula barroko xumea, fresko hondarrak presbiterioko gangan, Kalbarioko Jesus-Maria-Juan, kanpai-jole xarmanta, zurezko pulpitua eta bataiarriko estalki zintzilikatua filigranaz landuak biak, organoa, lau hilarri erraldoi, dirua biltzeko poltsa azkenengoarenganaino heltzeko kirten edo helduleku luzearekin, eta kanpaitxoarekin inor lo balego edo inork ezikusiarena egingo balu ere: 1755.go urtekoa dela dio bertan, gidaliburuak berriz XIII. gizaldikoa. Kanpoan, eliza alboan, kanpailekua,  beltzez pintatutako oholezko eraikin karratu zabala, arnasa-lekuak dituen bukaera motz zorrotzago batekin bukatua; ikustekoa da batez ere bere barruko egitura zein zurdura: iltzerik gabe, izugarrizko enborra erdian zurezko ziriz josita, haga sendoak alboetara, estalki-oholei eusteko oholtzar sendo kurboak, arnas-zuloen parean kanpaiak behetik sokaz jotzekoak: bitxia eta ikusgarria; zerbait antzerakoa behar zuen izan Frisiako Snits herrian ikusi genuena eta zer zen jakin ez genuena itxita zegoelako eta iragarkia ulertzen ez genuelako.

 

Koskor askoko lurraldea, tontortxo leunez osatutako lautada, tontor lauez, titiak hasi balitzaizkio bezala lurraldeari, neskato etzanen bularra bailitzan.

Belarra eta garia, noizbehinka koltza, behiak eta sarri zamar zaldiak, tarteka haize-errota.

Gidari gaztea bizkorra da Danimarkan ere: bizinahia, egonezina, sasoia.

 

Grasten. Ingrid Printzesa ez da leloa, izugarrizko jauregia du fiord ertzeko paraje zoragarrian, soldaduek zaindua: gizartea gara leloa, altxatzen ez garelako. Merkantzi portua du gehienbat bistakoena, ingurua ez da batere polita, hala-holako kale bat, igandea den arren zabalik dagoen supermerkatu bat, turisterri arrasto bakarra. Herria bera turisterria omen da, baina guk ez dugu horren aztarnarik jaso, argazkirik ere ez ateratzeraino arrunta egin zaigu.

 

Als uhartea:

200 metrora ez da heltzen bi ertzak banatzen dituen ur-tartearen zabalera, gora-behera pikea egiten duen zubi batek lotzen du penintsulara. Ez da uharte handia, kaskada batean egiten duzu alderik alderako joan-etorria. Bide txikietatik sartuz aurki daitezke lastozko estalkidun antzinako etxeak: egurra jartzen diote gailurreko lasto estalki-garaiari eusteko.

 

 Augustenborg: granja erraldoi berezia bere inguruan.

Zelaitxoak arantza diruditen hesiz banatuak. Jauregia fortunatu zaigun gaztelua.

Sendoak eta handiak dira granjak.

Sonderborg, uharteko hiri nagusiena. Kale luzea du ardatz bakartzat eta kitto bukatu zaizu herria. Etxe baxu kolore anitzekoak, herri ertzean etxe solte pila berdegune eta zuhaitzez bilduta eta hesituta: txukuna hemengo herri orok behar duen bezala. Jaiak edo feria dira. Kaleak banderaz apainduta, feria-gunean bildu dira herritarrak jaigune zabalean txosna, zaldiko-maldiko eta ohizko osagai ugari: jendea erruz, batez ere saltxitxak toldopeetako txosnetan jan, garagardoa franko edan, eta pinpanpum eta zaldiko-maldikoei begiratu edo bertan gozatuz.

Feria: herritar xumea herri xume oro bezala gozatzen, betiko eta deneko barraka eta txosnak, betiko eta deneko herria, betiko eta deneko herri-giroa.

Bankoek dituzte eraiki onenak, gaurko jainkoaren elizak, diruaren santutegiak.

Doakoak dira Danimarkan aparkalekuak, doakoak komunak.

 

180 kilometro, berdeguneko bide txikietan.

 

 

Maiatzaren 25a. Astelehena. 30.a – 3a.

 

Gauean dozena erdi untxik biltzarra zuten komunera bideko argipean; bilera disolbatu zien martzianoa izango nintzaien segur aski.

Hainbat bezero zen kanpinean asteburuan, ia inor ez da gelditu aste-barrurako.

 

Ipar Itsasotik datorren haize fina, eguzkia, tarteka laino zirina: gaurko eguraldia.

 

Iparrerantz goaz gaur. Paisaiak berdina dirau, granjak dira agian  osagai berri nagusia, ia bakarra; handiak dira, adreiluzko antzinakoak batzuk, uralitazko berriak bestetzuk, tarteka lastozko teilatudunak, lastodun bakarren bat hegiko estalkia egur-taketez segurtatzen duena. Elorria edo bere familiako zuhaizka loran zuri, hesi lana betez. Berotegi italiarrak, kristalezko etxe itxurakoak. Dorre moskote lodikote zuria errepikatzen da elizetan, iragarri ere egiten dute eliza errepide bazterrean zenbait herritan. Herri txikietan ez dago kalerik, etxetxo banatuek elkarrengandik hurrean, baina tartekatuek, osatzen dute herria: hor daude, txukun, baina ez dira deigarriak eta ez daude deigarriak izateko apainduak lore eta antzerakorik falta ez bazaie ere etxaurreko horma kontra.

 

Uhin forma hartuz doa hemen lur laua, titiak ez ezik ipurdi ederrak ere bailitu lur azalak. Erabat berdea dago lurraldea.  Trinkoa da herritxotik herritxora bide sarea, mila lotura, mila bide, estuak baina zoru onekoak, zabalguneak tarteka: gurutzatzea fortunatzen denerako bazter-leku.

 

Herri gehienek dute oinezkoentzako kale luzea, bertara jotzen duten bizpahiru kalezulo, merkatal kaleak edonongo saltoki eta dendekin, dotorexeago edo zarpailxeago aurkeztuak salgaiak erakusleihoetan, eskaintza xumeago edo kalitate hobekoarekin; gainerako kaleetan etxebizitza soilak: bertan aurki daitezke sarri antzinako etxe politenak: kaleotan barrena sartu eta ibili begiak zabalik direla, herriotako aukera onena. Kolore aunitzeko etxeak, teilatu zorrotzak, fatxadak ere triangelu zorrotzak, zenbaitzuk apaindura errenazentistekin teilatua ostenduz; etxarteren bat sortzen denean garbi nabarmentzen da zurajea dela etxearen sostengua eta funtsezko egitura, egur tarteak adreiluz betez.

Eskulturak jartzeko ohitura edo kultura du herri daniarrak, atzo ikusi genuen bezala.

Museoak, era guztietakoak.

 

Haderslev. Txaletxoz osaturiko ingurua, etxe polit ezberdinen museoa bailitz: herri daniarrak horrelakoak izanen direlakoan gaude.

Parke ederra albo batean. Gorago aipaturiko osagaiak: oinezkoentzat kale luzea, kaletxoak, kolore ezberdineko etxeak, saltokiak, eskulturak: antzinako etxe ederrak, herri honek hainbat eskultura ditu erdiko plazan zutabe garaien gainean. Antzinako haize-errota museo bihurtuta parkeko aurreko berdegunean, etxeak, eta tresneriak osatzen dute: han ikusi dut txikitako destera-harria, bertan ikasi dut zer den harri errunikoa ere: tumuluak dira, nik beste zerbait espero banuen ere. Domkirken von Frue, Andre Maria katedrala: kanpotik ikusita, alemanera ei den adreilu gorriko eraikin sendoa, teilatu zorrotzeko kaperekin; barrutik zuri argia leiho gotiko erabat luzeekin: aldare nagusiko hirukotearen naif tankerako Kalbarioa, organopean koruko balkonada pintura eder eta askokoa, pulpitu erabat landua santu-irudi tailatu pilarekin eskaileretan ere, fresko hondarrak, brontzezko bataiarri oso landua, koadro landu pila zutabe eta hormetan; eliza dagoen horretan  mantentzea garestia dela eta diru-laguntza eskatuzko kutxatzarra. Merezi du begirada bat, Dormitorium" dioen kapera, non dagoen herriko jauntxoa latinezko erretolika idatziaren azpian.

 

Ez omen dago gaur autoari olioa aldatzerik Renault garajean.

 

Zirimiria sartu zaigu.

Danimarkan era bada errepidean hala nola aurreratzen duen ipurterrerik.

 

Aller. Aspaldiko partez aldapatxoa, emakume bat bizikletatik jaitsi arazteko adinakoa.

 

Behi gorria da nagusi, baina ez da behi askorik larrean, ardirik ez da paraje honetan.

 

Hejlispinde. Itsas kontran, badu belaontzi txikiak non lotu. Fin uharteak babestua dagoenez muna babesgarririk ere ez du behar, ia fiordo ere den itsas ertz gordean.

 

Ezker eskumara badia eta mendixka leuna ditugula doa errepidea.

 

Christians-Feld. Herri txikia, batez ere bi kale zabal artezek osatzen dute, bata besteren trabeska, biak herriko kale nagusiak, biak errepideak. Ederrak eta handiak dira etxeak, batez ere luzeak, adreilu horixkakoak, etxebizitza izateko handiak, ezer handikiagoa izan daitezken itxurarik gabe. Herri arraroa gerta zaigu, deseroso ibili gara, ardi galduak bezala: ez dugu aurkitu ikusi beharko genuen ezer, herriko plaza belar-gune zabal karratu hura ote zen, udaletxea non ote gezi batek norabidea erakusten duen arren, hilerria han urrutiko arkupe ostekoa ote duda bertara joan garen arren emakume-gizonezkoak alde ezberdinetan banatuta dauden, kanpandorrea jarraiki ibili gara eliza bila etxe ostean  gordetzen zitzaigula beti... Inguru zainduan, eliza, bi mila lagun sartzen omen dira, gidaliburuaren esanetan, mapako oharren arabera ostera mila, baina itxita zegoenez ez dugu ezer argitu. Aurkitu duguna monjeek irakatsitako formulaz eginiko ogia izan da, herriko berezitasunetariko bat: "espeziazko ogia", bihotz itxura ematen diote.

 

Errepide txikietatik gabiltza, herritxoak zeharkatuz.

 

Skamlingsbanker. Hego Jutlandiako altuerarik nagusiena, 113 metrokoa, itsasora zein lur barrura ikuspegi tontorra, zabala. Hortxe hil zituzten nazien aurkako erresistentziako 50 gazte: hainbat monumentu, eskultura eta bandera hondatu gaur tenk daukan masta garaia; oroigarriez gain ez dituzte ahaztu, erabat zaindua baitago oroigarriak ez ezik tontor buelta osoa.

Euskal Herriak hainbat gazte ditu hilak, hainbat oroigarri tontor, bide ertz eta kaletan: ezin ditugu ahaztu, herriak zaindu egin behar ditu oroigarriok. Herriaren memoria dira.

 

Kolding. Fiord luzearen magalean. Etxetzar munstroak sarreran. Hiri handia. mendebalekoen antz handia du oinezkoen kaleak; ez dabil jende zaparrada handirik, kafetegi aurreko jarlekuteria hutsik dago Holandan ez bezala, haize hotzagatik agian. Badira saltxitxa-txosnak, gozotegiak ere bai, baina ia ez da inor ikusten Holandan antzera eguerdiko berogarririk ahoratzen: agian daniarrak bazkaldu egiten du, etxean bazkaldu ere. Kariloia du udaletxeak, agian elizakoa zen, ezustea gertatu zaigu arratsaldeko hiruretan. Bada etxe banaka ederrik, gainerakoak ohizko argi koloretsuak dira. S. Nikola eliza ere ederra da, doakoa hau ere, zabalik gainera: adreilu gorri-gorrikoa kanpotik; barrutik triptiko antzerako erretaula bitxia da, irudien ordez koadroak ditu, letraz edo idatziz inguratuta; koadro pila hormetan, bataiarriaren estalkia edo gain-txapela, hilarri handiak, baina batez ere zurezko hilkutxa handiak, metalez estalitako jauntxoarena bat. Gaztelua: hiriko altxorra, erraldoi fiordo gainean, gorria, tarteka zurez estalita hormak, barne-patio izugarria eta morroien eta zaldiena behar zuen etxeteria, zabalgune handia duela erdian.

Oinezkoen kalean Gaztelako dialektoan egiten zuten bi emakumek; etorkinak ziren itxuraz.

Hainbat etorkin ikusi dugu: gazte beltzak kalean eta indiar itxurakoak dendari.

 

Bidegorri asko dago bizikletentzat, batez ere hiri eta inguruetan, baina ziklista oso gutxi dabil.

 

Etxera itzulita, itsaso urdina dugu ikuskizun erremolkeko leihotik, itsas berdea, berde iluna eguzkiaren agurrean.

 

Ilehoria da daniarra, nagusitzean ilezuria. Ile-apaindegiak ere ez ditu aldatzen.

 

117 kilometro, bide txikietan.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.