Bidaiak 98. Danimarka
Kattegat itsasartea. Eskolako oroipenak beste ezer berezirik eskaintzen ez digun itsasertza. Buruz ikasi behar izan genuen eskolako hitz aldrebesa; nork esan behar zidan orduan bertan egongo nintzenik gaur. Orduan Kattegat bezain zailak egiten zaizkit egunotan herri hauetako izenak.
Orratz-burua dirudien puntu argitsuan bukatzen diren errepide ertzeko zuhaitz ilara artezak: hor behar du kondearen gazteluren batek.
Kanabera erraldoia gari-sail baten erdian, urrutira botatako haria, eta hari-puntan amua irentsita sekulako arraina: kontraste eta irudimena, turista arrantzaleak erakartzeko amua.
Hommed. Sekulako pagadia, bakandua, enbor sendoko tantai luze lerdenez osatua; Urbasako tontorreria dugu gogoan, han oinez ibili ohi gara, hemen ordea autoz goaz, bakardadean, lasai, aukerako gidaritzan. Pinudi zabala ondoren: pinu txankamakilak.
Saltzen dira dozenerdika ere arrautzak, dozena erditik gorakoak, aldiz hamarnaka edo hamabosnaka.
Bonnerup Strand. Arrantzale portu xumea, lurmuturraren Iparreko mutur-muturrenean: harri pilatuz eginak moilak, ontzien lotu-lekuak, xaloak, baliabide oinarrizkoenekin eginak. Moila gainean bost errota eoliko etengabeko bira eroan ingurua itxuragabetuz eta itxuraldatuz.
Bizikletan dabiltza herritxootan arrantzale zaharrak, pipa piztua ezpainean eta marinel kapela buruan, pedalei eragin lasaian: irudi bitxia.
Zelai zabal batean, ehunka ez badira, dozenaka asko bela, hegan batzuk, zuhaitzetan besteak, jan bila, belartzako behiak kakaplasta noiz egingo zain. Hitsa da gosea.
Tustrup. Trikuharria zut.
Nekazari-tresnen azoka erraldoia gertatzen ari dira astebururako zelaigune batean.
Randers. Merkataritza herria, dendateria den kale-sare zabala, kale erdiraino aterata. Etxe eder asko: kaleetan ibili, begiratu, bilatu eta aurkitutakoaz gozatu. Bertako pottokak badu brontzezko irudi erraldoia, baita bere zalduna behar zuen jauntxoak ere. Eliza: merezi du sartzea; taila ederra da sarrerako ate sendoa; bera ere taila aparta den Moisesek burugainean eusten dion 1685ko pulpitua, presbiteriorako hesia, alboko koroa, sabairainoko organoa… zur-taila apartak dira; lanparak, hilarriak, bataiarri modernoa, jauntxo ongileen argazki eta koadro betiko eder eta handiak; erretaula da, hain zuzen, elizako gauza xume kaskarrena.
Musika emanaldia dute bihar elizan: bertara sartu zaizkigu karteletatik ezagunak ditugun piano-jole eta baritonoa, baina ez digute entsegu-emanaldirik eskaini.
Hiri hasia denez ordainsaria du aparkatzeak.
Luze joan zaigu eguna, aspaldiko fresko ugariak dituzten bi eliza utzi ditugu ikusteke: giza mugak.
254 kilometro.
Hamaikak jo dute, zerra-begi iluna dira pinu puntak, urdin dager oraindik ostean zerua.
Ekainaren 13a. Larunbata. 49.a – D:22.a
Ez dugu motodun poliziarik ikusi errepideetan, baina etengabea da motodun polizien presentziaren mehatxua, bata bestearen ondorengo kartel sarrien bidez.
Hammel. Harri erruniko baten bila gelditu gara, elizkizunerako bataiarria garbitzen ari zen apaiza aurkitu dugu, baina harri errunikorik ez: harrizko eliza da, agian gidaliburuak aitatzen duen harria kanpoko horman zizelatuta daudenetakoren bat izanen da, guk oraintsukoegia deritzogu eta ikusi ditugun errunikoen ezberdina da. Txingetari eragin diogunean apaizak zabaldu digu barrutik elizako atea: barruan berriz ere diru-biltzeko zorrotxoa haga luzexkaren ertzean ezikusia edo lotiarena egiten duena esnatzeko kanpaitxo eta guzti; ongileen argazki pintatua. Herri koskortuari dagokion kalea eta ezer gutxi gehiago.
Hiru tximinia mehar eta luze: zerbait den herri koskortu orok du antzerakoren bat, gehienak keetan, ez dakigu zerena diren.
Futbol partidua jokatzen ari ziren baina ez zen ia ikuslerik.
Bada inguruan zirkoa: bihar du emanaldia herri honetan."Where are you from?" apaizak. "From bask country!". Ez-ulertze aurpegiera. "Between Spain and France". Frantsesez eta espainolez egingo dugula erantzun digu.
Scorup. Harri errunikoaren bila joan gatzaizkion herritxoa hau ere, lau etxe besterik ez da. Eliza itxita dago, harrizkoa da hau ere, oholezko dorretxo karratu txikia du, berrikuntza lanetarako aldamioz bilduta. Agian hemengoa ere kanpoko horman zizelatua dagoen harria da bila gabiltzan errunikoa, guri ez bazaigu hala iruditzen ere.
Harrobi batean ikus daitekeenez hondar edo harea horixka da lurra, metrotako sakoneran.
Zaldiak dituen landetxe inguruan, jauzi-langarik ez bada, badira ohol zuriz hesitako itxidurak: zaldi-uneak ezbairik gabe, lehiaketarako zaldiak hesten dituzte nonbait, ez baitirudite, itxuraz behintzat, okelatarakoak, hiltegi edo harategirako zaldiak alegia.
Laku zabala Viborg aurretik: txaneltxoen oihal zuriek bizitasuna damaiote ur-azal zabalari.
Viborg. Jauntxoen hiria, urte luzez Jutlandiako hiriburua izana. Merkataritza herria gaur egun: saltoki asko eta handiak, denda oparoak, eskaintza aberatsa. Isila eta lasaia jende asko dabilen arren kaleetan, ganorazkoa, sendoa. Laster bukatzen zaio, baina, hiria oinezkoari kale nagusi luzea eta eliza aurreko kalea ibili ondoren. Ez du bitxikeriarik erakusteko, katedrala ezik, argazkia ateratzeko irrikan jartzen zaituena bera. Kolore biziko etxateri argia, mota guztietako etxeak gordez; plaza goibeheran, azoka dago gaur bertan; etxe ederrak ditu eliza aurreko kaleak, baina gaur ez dabil jenderik: kale honen alde batean banketxe batek du eraikin ederra, beste muturrean berriz bi elizak daude. Behean lakua, lakuaren bestaldean herriaren bigarren zatia, norako zubia oinez edo txirrinduz soilik ibil daiteken: ez dirudi herritarrek mira handirik diotenik aintzirari, agian neguan izanen da irrista-leku jendetsua.
Domkirke edo katedrala, erromanikoa, barru zein kanpo harrizkoa, Danimarkan ezohizkoa; apaindura gutxikoa kanpotik, baina ederra; erabat ezberdina barrutik, deigarria gutxienez: horma oro freskoz estaliak, zaharrak dira izan nonbait, baina moderno jitea hartu dute garbi-berritu ondoren, gaurkoak dirudite, gangetakoek ezik; begi-bistakoa eta deigarria gelditzen da tamaina eta urre koloreagatik 7 besoko argimutil erraldoia gurutzadura erdian; kripta oso zabala presbiteriopean: bi hilkutxa, alde batean harrizko buru-irekidura eta guzti, bestean zurezkoa narruz eta xaflaz estalia sekulako heldulekuekin; erdiko nabe bueltan koru edo balkonada arkutxoekin: pinturek gain bizitasuna ematen diote elizari. Domingotarren eliza itxita dago baina oso xarmantak ditu bai fatxada bai dorrea, borobiltxoak eta adreilu ilunak nahastuz.
Erabat hil zaigu herria eguerdiko ordu-battan.
Jubilatu taldea elizan: nola aspertu eta unatzen zituen adinekook gidak goiko sainduteriako morroskoak nortzuk diren banan-banan aitatuz; pinturen balioaz eta berezitasunaz ostera hitzik ez die esan.
Onik eta erraz atera gara hiritik baina gure norabidea hartu behar genuen bidegurutzean desbideratzea gertatu zaigu.
Ez da berdina bidegurutzea eta gurutze-bidea, baina gurutze-bidea bilakatu zaigu bidegurutzea.
Silkeborg. Aintzira baten alboan, beteagoa egiten du aintzira presa batek: herriaren zati da aintzira, kanpotarrak izan ohi dira bisitari; gaur inor guti badabil ere, tutistontziak dabiltza barruko lakuotan zehar jendea erabiliz. Herria bera hila dago eguerdian, plazan berriz giro alai bizia da nagusi: jazz talde baten emanaldiko doinu eztia inguruko kaledi guztitik entzuten da, jazz-taldeak txukun eta taxuz jotzen du, saxofoi-joleak batez ere: oso goxo jo du "lore txikia"; entzuleria handia zegoen eserita plazan, umeak jolas bizian urmaeleko irudi bustiekin, alboko saltokia irekita dago eta jendea ibili dabil; herri-herrikoa da jendea, xumea. Industriala delarik hiria, etorkin asko dabil, batez ere beltza, azal erabat beltzekoa. Laku gaineko muinoa parke ikusgarria da, aldatsua. Giroa eskaintzen du hiri honek: asko da hori.
Lurralde uhindua gaurko ibilikoa, batzuetan sakonago, hurrengo lauago, tarteka basoa, bada zonalde osoa beteaz baso-sail oso zabala laku inguruetan.
Laku eremua da lurralde osoa: hainbat daude Skanderborg bitartean; herriaren aisia-leku direla dirudi.
Ostruken granja; jadanik bakar ugari ikusi ditugu; familia-arrautzak, bakarrekin familia osoa ase daiteke.
Horsens. Fiord baten sakonean kokatua, ez du itsas girorik. Plaza izugarri luzea eta zabala, ez da erraz plaza ala kalea den jakitea. Etxe eder asko. Jatetxe asko: koadrila baten bazkal ondorengo abestiek alegeratzen dute plaza handia. Hiri atsegina hila dagonean ere, ibili atsegina egitekoa larunbat arratsaldez ere, alboetako dendetara begiratuz. Jelatua ere aparta dute hiri honetan. Eliza batek, adreiluzkoa izanik, harri tailatuz eutzitako arku gotikoa du sarrera: bitxia ikusi dugunen artean. Sat. Josefs eliza katolikoak zurajea du teilatuari eusteko: mezetan daude, India edo ingurukoak dira meza entzule ia denak, ez dira asko baina gehienak gazteak.
Erakusketa edo feriaren bat dute nekazariek. bakoitza bi zaldik eramandako 5 zalgurdi txiki, gidaria eta laguntzailea bertako jantziez mozorrotuak, gurutzatu zaizkigu hiri-sarrerako kalean: gustura geratu gara albora, bidea eman diegu eta horrela zalgurdi desfilea izan dugu aurrez aurre.
Ezkontza eguna, ezkontzarik ez dugu ikusi, bazkaritara datorren nagusiteria bai.
Termoa erosi dugu, puskatu zaigunaren ordezkoa.
Ederra da fiordoko ikuspegia, autotik soilik goza daiteke, ez baitago pasealeku edo ibilbiderik itsas ertzetan, egonlekuren bat soilik tarteka.
Trikuharria mendi-muino baten hegi ertzean, belatzean, zilueta zeru urdinean ezin aproposago marraztuz.
Mendixka dezenteak, hegi luzeak alderik–alde alde batera, fiorda beste aldera: konbinaketa aparta egiten dute berdeak eta urdinak.
Orduko 67 abiaduran noala esan dit bere zenbaki gorri handiekin herri bateko sarreran panel automatiko batek.
Hegoa baino industrializatuagoa dago Jutlandiako Iparra: gaurko bidaian herri koskor gehienek dute bere industrialdea, nahiz txikia.
Berrikuntza eta konponketa lanetan murgildurik daude Iparraldeko hiri nagusi oroko kale nagusiaren alboko kaleak; aspaldi berritu zituzten erdigunekoak. Ez dugu horrelako lanik ikusi hona arte, tarteka ez bada.
229 kilometro, ibili luzea baina atsegina, ezer berririk gabe, ohizko parajeetan.
Alboko gizonezko alemaniar hirukotea atera egiten da, berandura arte irten ere nonbait, autoa kanpoan utzi behar izaten dute eta. 6etan kaleak usten badira ere Arhus-en bada gau-bizitza, gautxoriek badute non bizi.
Ekainaren 14a. Igandea. 50a. – D:23a.
Biziki, askotan lazki, bizi dut, idazterakoan, nire hiztegi, gramatika, irudimen eta esaldiak gauzatzeko ahalmenaren moztasuna; hala dela egiaztatzen dut idatzitakoa irakurtzerakoan: egunotan Sarasolaren "ajeek" begien aurrean jartzen dit hori dena.
Kanpin honetara naturarekin elkartzea amestuz datorrenak ke zuria eteten ez zaion tximinia beltza izanen du lagun: sortu-ezabatu amaierarik gabeko laino multzoa, uneoro aldatzen baina beti berdina, dugu gainean, etengabeko prozesu azkar eta bizian, arnasgai berezia gure birika zein gorputz osoko prozesurako.
Ibilaldiko kanpin iparrenekoenera abiatzen gara gaur; hurrengoak beheragokoak izanen dira. Zati laburra geratzen zaigu. Etxerako bidea.
Eguraldi argiak sortzen duen bizipozarekin ekiten diogu kanpin aldaketari.
Uralita da Danimarkan eraikuntza estalki-gai sarriena, ia teilatueria osoa uralitazkoa da gaur egun, lehen, berriz, lastozkoa zen: ez dute nonbait teilak egiteko buztin-lurrik. Etxe asko ostera adreiluzkoa da, beraz beste nonbaiten jarri beharko dut teilarik ezaren zergatia.
Iparrerago eta zentral eoliko gehiago: haize gehiagoren eragina. Baliabideen baldintzapena.
Danimarka lauan muinoak ebakitzen dituzte autobidearen pasagunerako.
Randers-en lur barruraino sartzen da itsasadarra, erreka ibai zabala bihurtuz itsasoratzean.
Lehenengoz ikusi ditugu poliziak errepidean, txakur lanetan ikusi ere: atsedenleku edo bide gorde batean “politie” esku-kartelarekin sarrarazten ditu kamioiak bikietako batek eta besteak paperak eskatzen: kamioi ilara luzea zuten zain, muga bailitzan.
Dinamarka, Romo uhartea