Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 98. DANIMARKA

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/18 09:55
JUTLANDIA PENINTSULA. Arhus, DJURSLAND LURMUTURRA. Knebel, Grenaa.

Ekainaren 11a. Osteguna. 47.a – B:20.a

 

"Poema antologia", Bukowski,: “Politikan sinesten duen jendea jainkoagan sinesten duen jendea bezalakoa da".  Bakea ere ezarri egin nahi digute politikoek.!!!.

 

Aldaketa egunez ezohizkoa zaigun egun ederrez alde egin dugu kanpinetik.

 

Belak ere migratzaileak ote?. Hainbeste dira!. Nola moldatzen dira hemengo negu gogorrean?. Hegazti zaildua!.

 

Ikusteko parafernalia autobidean, bris-briska argiak, tutu zuri-gorriak zoruan, bi polizia-auto errepide erdia hartuz trabeska, polizia eta kaleko jantziz, mantso joateko keinuka... istripu larriren bat espero genuen: polizien bi autoen artean babestuta, ia polizia artean, bi zisne errepideko zoruan etzanda, lau kume ere etzanda zituztela alboan, trafiko zurrunbiloan eta errepideko nahaspilan lasai.

 

Agur egin diogu ferrytik Seelandiari eta Kopenhageri, zeharkatu dugu Fionia, zeharkatu ere zubi erraldoia.

 

 

JUTLANDIA PENINTSULA

 

Hemen gara berriz, bidaiako azken laurdenerako. Jadanik ezeri ez diogu mira irizten, dena zaigu ezaguna eta ohizkoa.

Zubi garai eta luze batez zeharkatu dugu fiordaren azken muturra.

 

Vejle. Handiaz gain industria handiko hiria eta bizitza biziko portua agertzen da. Erakargarria ere otu zaigu, osteratxoa egitera deitzen zaituena, baina deseroso gelditzen zaigu. Berdin Fredericia hiria, atsegina, baina aldrebestxo gure plangintzan: ez diegu bisitarik eginen.

 

Militar konboi osoa, motordunak eta guztikoa: bada militarrik Danimarkan ere. Ferryan gindoazela ehiza-hegazkin gerrakoa pasa zaigu gainetik inguru osoa bere danbarrada hots ezagunez bilduz eta begi oro bereganatuz.

 

Penintsulako iparrera eginen dugu ekialdeko ertzetik hurrengo egunetan.

Zimurtzen ari zaigu lurzorua, handitzen gero, azkenik mendi-muinoek osatu arte lurraldea; errepidea gora eta behera doa galsoroei jarraituz. Baso kasko gutxi batzuk, granja hitsak uralitazko gainekin, lakuak tarteka errepide alde bietara. Dena da gari-sail, dena berdegune, harantz-honantz autoak garitzako zomorroak bailira. Horitzen hasia da jadanik zenbait garitza. Noizbehinka belar-sailak eta behi aldra bat, zaldi bakarren bat jauzi-langen inguruan. Tarteka, kolore leunez pintatutako tximinia luzeak, tutu garaiak han goian ketan, bakarren bati kiratsa ere badario: herri hasiren baten alboan edo inguruan daude gehienetan.

 

Kanpina.

 Lisbjerg herrian. Gure etxetxoaren kokagune berria: belar trinkoko zabalguneak, gune bakoitza pinuz hesituta. Zerbitzuak xumeak baina garbiak. Kanpinetik bertan, begien bistan, dugu tximinia bat, ke zuritan, baina tximinia bera iluna da.

 

Aspaldikoa dute kanpin grina Danimarkan, horrelako belar-gune eta banaketa-hesiak ez dira dozenerdi urtetan lortzen.

 

Arhus

Industria-gune zabala du. Hiria bera ere izugarri zabala da, zeharbidetik egitean jabetzen da gidaria zenbaterainoko zabala den; bloketzar asko hego-mendebal aldera, hor inguruan da dorre borobil lerden bat ere. Ze nolako jasoa ematen dion gidaliburuak hiriari, baina giroa da batez ere hiriak eskaintzen duena: bizitasuna, bizinahia, bizipoza, gatza, saltsa. Turismotik bizi den hiria dirudi, kale dena da saltoki oparoa, kanpotar jendea edo bisitaria dirudi kaleetan dabilenak; erabat oparoa eta zabala da ekainerako kultur eskaintza.

Ubide batek zeharkatzen du alderik alde: erabat eraberritu eta apaindu dute, berea egin du herriak, kafetegi bihurtuta dago ertza luzera osoan, alboko harmailetan eserita garagardoa edanez kontu-kontari egiten ditu orduak gaztediak. Betiko kale luzea jendez bizi-bizi; plazak, eliza aurrekoa luzea da, aparkalekua bestaldekoa, kultura-gune eta erdi saltoki, erdi erakustoki, bihurtuta: gaur lore-saltoki eta lorategi bihurtu dute lorategiko zuhaizka landu eta irudi bilakatuez; plaza horretan bertan musika eta uraz baliatuz, biak  nahasiz, emanaldia dugu: klasiko ezaguna da musika, ur-zorrotaden jauziak ez dira beste mundukoak, xumeak baizik, baina bada musika entzuteko bide egokia, jende asko du ikusle eta entzule emankizunak, jendea ur-zorrotadei begira dago ahozabalik, hainbat eserita kafetegietako mahaietan garagardoa edanez. Antzokia ez da ezer asko, baina zerbait dirudi irudi biziki pintatuekin. Itxita daude bai katedrala bai Andre Maria eliza: biek dute zink berdeko dorre luzea, erabat zorrotza batek, borobil-gunea erdian besteak. Ba omen da daniar etxez egindako herritxo baten erakusketa: etxeok baina ehunka eta era guztietakoak ikusi ditugu jadanik bere jatorrian eta bere-berean. Bikingoen etxe baten erakusketa ere ba omen: ikusi ditugu jadanik bikingoen ontzi errealak. Museo pila dago baina ez digute ikusi ez dugun ezer ezberdin edo berezirik eskaintzen, aurrera egin nahi dugu gainera.

 

Badirudi alproja-jende askoren bilgunea ere badela hiria: tipo bitxiak aurki daitezke; oso nagusi batek musika-gailu bitxi bat jotzen zuen diru eske, hala moduz jo ere.

Heltzen da geltokiko liburu-dendara El Pais egunkaria, salduta ditu gaurkoak.

 

Hustu egin zaizkigu ia erabat kaleak 6etan, eta gu geu ere gure etxetxora bildu gara.

 

Bertako gidariek erabat moteltzen dute abiadura herri bat  zeharkatzerakoan, hiriko alboko zati erdi hiletik bada ere.

 

260 kilometro, Jutlandian utzi gaituzte, zozo berri batzuen sinfonia berdinean.

 

Kanpin aldaketa eguna, egun aldrebesaren kronika da gaurkoa: 1-: Kateagailua bere lekutik atera zaigu karabana autoari lotzean. 2-: Bide desegokiena hartu dugu ferryrako, luzeena, Slagelseko argi gorrietatik erabili gaituena. 3-: Ferryrako autobideak desbideraketa du eta nahastu egin gaitu. 4-: Ferryrako sarbidean okerreko kalea hartu dugu, ustez azken unean ferrya galdu dugunaren erneguarekin: bertako zerbitzari batek lagundu digu adeitsu bide zuzenera. 5-: Liburuxkaren kanpinerako oharrak huts egin digu, errepide berri bat egin dutelako. 6-: Aurrera egin dut kanpinera sarreran, kanpinerako norabide letreroa bat-batean eta azken metroetan agertzen baita: atzerakako hersturetan sartu gara. 7-: Hartu nahi genuen guneko argindarraren entxufea tokatzen ez zitzaion batek hartua zuen, luze eta gaizto joan zaigu kokatzea. 8-: Arhus hirian dena aurkitu dugu itxita. 9-: Aparkalekua aurkitzea ez da bertan beherakoa izan, kaleetan hara-hona; aurkitu duguna gainera ordaintzekoa. 10-: El Pais, eduki ohi duten Espainiako egunkari bakarra agortuta zegoen.

Hurrengo egunen itxaropena soilik gelditzen zaigu.

 

 

Ekainaren 12a. Ostirala. 48.a – D:21.a

 

Itzulera sindromearen pipiak jotzen hasiak gara jadanik: bi aste luze interesgarriak ditugu oraindik aurrean baina nahi gabe ere buruan ehotzen dugu aurrean duguna: oraindik ikusi gabeko lurraldeak egutegiko azken zatira egokitu, aldatu beharreko diru kopurua neurtu koroi gehiegirik izan ez dezagun soberan, janari pilatua eta erosi beharrekoa premietara taxutu... eta antzerako abarrak, bidaiaren bukaera ikusten dugula ezaugarri. Nekeak ere badu eragina, etxera tirak ere bai. "nahiko" esaten hasi da gogoa, gorputza ere bai.

 

Komuna ez da tokirik desegokiena patxaran, isilean eta bakardadean egoteko!, aurrekoaren kaka-usainik ez badago behintzat.

 

Hainbat errepide gurutzatzen ditu trenbideak hainbat lekutan: trenbideak zubiz gurutzatu beharraren sindromeak ez du harrapatu daniarra: zain egoten dakite langak jaistean, eta kitto, ernegatu gabe egon ere. Hainbat diru aurreratu eta hainbat natura-hondamendi ekiditen dituzte. Ez dut uste gureetan baino hildako gehiago izango dutenik trenbide-gurutzeetan.

 

Djursland lurmuturra, gaurko gure ibil-lekua, ekialdera. Barea behar du golko honek, hain baitago gordea. Itsasbazter itsasbazter, ertzerik ertz tarteka, gainez-gain hurrengo, ikuspegi ikusgarriez gozatuz gaintxoetatik, badiara zein itsasora so, horrela doa ibilia; lur barrutik goazenean ere alboan itsasoa biziz beti; harea zurixkako marra argi bat da itsasertza; ez dago etxeteria nabarmenik, zuhaitz artean  galdutako teilatuak soilik; barnerago belartza, eta han txalupak ahuspez; herritxoren baten inguruan egurrezko moilatxoak edo atrakalekuak ontzitxo bakanak bertan lotzeko; haize-errota batekin egin dugu topo, baina batez ere errota eolikoak aurkitu ditugu lurmuturraren iparrean; ezohizko dorredun eliza noizbehinka, hainbat gaztelu, faisaiak ezik ikusitako gaztelu ororen osagaiekin; antzinako etxe guti: galdua dute altxor hori. Laua da tarteka lurzorua, baina gora-behera handikoa gainerako gehiena, uhin berde sakonekoa, itsas handia bailitz; aldizka badirudi lautada osoa basoa dela baina begi-irudipena besterik ez da: belartza eta gari-sailak banatzen dituzten zuhaitz ilarak besterik ez dira. Pare bat ermitatxo muinoetan dorretxo zorrotzekin. Herriak, xumeak, aspaldiko hartan gelditua bezala bakarren bat; zaharkituak daude geratzen diren antzinako etxeak.

 

Mapak erakusten duen bide berdetik egin dugu bidekoa, errepide nagusietatik at, bide txikietatik, herritxoetatik barrena. Estuak dira errepideok baina zoru onekoak; ez dabil ibili ere autorik bertatik bertarako nekazariren bat zein umeak eskolara daramatzan autobusen bat ez bada; gidaritza lasaia beraz.

Portatu zaigu gaur gure bitxilorea, ez digu buruhausterik eman, nork daki geu ez garen bitxilorearen lengoaia ikasi dugunak.

Bela bat izan dugu auto-gurpilen axolarik gabe akabatutako katuari mokoka gosaltzen errepidean bertan; autoei jaramonik egin gabe, adi eta tinko.

 

Ega, plastiko zuriz estaltzen dute lur landua herri honetan; ez dakigu ze ortuari jasotzen duten.

 

Trena pasa zain egotea tokatu zaigu lehenengoz trabeseko langa aurrean.

 

Ilekeran dira deigarrienak eskolaurreko umeak, hain dira ilehoriak, ia ilezuriak asko; nagusitu heinean joaten zaie ilea iluntzen hauei ere.

 

Mols lurmuturtxoa lurmutur nagusian: ikuspegi aparta berez; badiaren bestaldean zentral nuklearra izan behar duen zementuzko 4 bloke izugarriak, zoritxarrez beste lurralde batzuetatik ezagunak zaizkigunak.

 

Agri inguruan, tontor konikoa du berez borobila den gainak, hain borobila ezen ezarritakoa dirudi. Belarrez berdea, jakina

 

Knebel.

Trikuharria, muino-tontor borobil osoa betez, errepideko ezuste bikaina: trikuharriaren  erdian, bihotz-gunean, betiko hil-ganbara,  zutikako horma diren  harritzarrek harritzar zabalago bat dute gainean estalki bezala, alboan sarrera; tontorra edo erdigunea inguratuz horma bailitzan borobil oso zabala egiten duen harritzarrezko hesia, harrespila. Marrazki batek dioenez gune aterbetua zen, estalkia ahalbideratzeko zutabeak ziren bueltako harriok. Ikusia dugu honen pareko bat osorik: hura karratua da, borobila behar zuen honek.

Nondik ekarritakoak ote harritzarrok, itsasotik agian, bertan baitago, eta garai hartan agian bertarago. Badirudi inguruan badela beste zenbait trikuharri edo antzerakorik: bide-gorria dago norabide iragarkiekin tontor baterantz.

Herria. Antzinako etxe ugari; ez dirudi iraganiko garaietatik asko aldatu denik, galtzada bikeztatu diotela ez bada.

 

Patata salgai etxaurre batean, aterpea jarri dioten esku-gurditxoa da salmahaia.

 

Ur gardeneko badiaz-badia doa ibilia.

 

Ebeltoft. Ortu-sail zabala, Danimarkan ikusitako bakarrenetarikoa, sailtxo askotan banatua, landu-landua bakoitza, prepezioz zaindua; lursail zabala osatzen dute denen artean.

 

Eliza-dorre ezberdina, txikia; ohizko egitura du, baina  ezarritakoa dirudi fatxadak, arku batean sostengatuta bezala: ezberdina denez, bitxia.

Gureetako mendi-gaina gogoratzen digu berriro lautada batek: aintzira baten alboan behiak etzanda larrean, basoak...

Heldu-kolorea hartzen hasia dago garia.

 

Hyllested. Muino osoa jaten doan harrobia gogoratzen dut inguru honetan: harea eta harri pilak ateratzen dituzte.

 

Rugard. Berau aitatu behar dugu gaurko jauregi eta gazteluen artean: gaztelua bera bezain ikustekoak dira ukuilu  eta enparauak. Bere hartan betirako geldi geratuta bezala, bakardade guztizkoan. Zoragarria. Ez da ikusten itsasorik, baina ber-bertan da: bainatuko ez zirenez ez jauntxoak ez zerbitzariak, babes izanen zuten itsasoa, agian beste norabaiteko eraso-abiapuntua.

 

Kuartela gehiago dirudien granja ikaragarri zabal karratua hiriko sarreran.

 

Grenaa. Hasia eta bizia dirudi. Jarduera  handiko portua, Suediara doa ferrya. Industria-gunea,  portua eta hiria bitartean. Ezohizko egiturako hiria, industrial hiria gehienak bezala. Ez du ezer berezirik baina atsegina egin zaigu. Ez du saltoki kale bakar nagusirik, eliza erdigunean, alboan plazatxoa, bertara jotzen dutela kale nagusiak eta kale-denda denak, eliza dela kalediaren ardatza edo bilgunea. Etxe eta eraikin bikain asko ditu, denak zainduak,  zaharrak zein gaurkoak, baita behe-solairu soileko kale zatiak ere. Eskultura ugari, elizara begira belauniko eta burumakur, lepo luzeko otoizlariarena bata, harri gorrian irudikatutako txerrama galantarena bestea, bigarren plaza batetan.

 

Lehenengoz ikusten dugu: fraide batek iragartzen du garagardoa taberna bateko sarreran.

etiketak: Bidaiak 98, Danimarka
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.