BIDAIAK 68: DANIMARKA
Maiatzaren 26a. Asteartea. 31.a - D:4.a
“Isladak”, U.Iturriaga:
* "Harridurak poza, ezustea eta desengainua dauzka berarekin". Holandak ez gaituenez harritu eta Danimarkak miresten ere ez, bare eta lasaia doa bidaia.
* "Postak gutunak dakartza eta gutunak bizitza". Bizi garela azaldu beharko diegu lagunei urteroko postalak bidaliz.
Kelstrup badiako hondartza dugu aurrean, etxetxo batzuk besterik ez daude bertan, ez dugu oraingoz itsasertzeko erraldoikeriarik ikusi, agian haize hotza sarriegi eta eguzki beroa bakan duelakoz, baina holakoa dute eguratsa Holandan ere eta han ez dute horrela zaindu itsasertza.
Bilera izan dute berriro bart untxiek kanpineko erdigunean, utzi dituzten kaka-pikorten arabera.
Herri handienean ere erdigunera eta monumentu ezagun bakar batzuetara mugatzen da turista eta bisitari hegalariaren ezagupen esparrua. Ezin dugu esan herri bat ezagutzen dugunik, monumentu batzuk eta zenbait zerbitzari berritsu ezagutu ditugulako soilik. Auzoetara joan beharko genuke eta bertan herri bizitzarekin nolabait lotu. Egon, egon gara, baina ia egon ere ez, hain da mugikorra hain pausa gabea gure egote hau!.
Ipar Itsaso aldera doa gure gaurko ibilia, Danimarkako Mendebalera lehenengo eta Hego Mendebalera gero, ia Alemania mugaraino.
Bi maisu maistra, bata buru, bestea buztan, eskolako edo gelako neska-mutilekin ilaran bizikletan, errepidean: eskolako irteeraren bat.
Etxaurreak ez daude gauzatxoz beteta, ezta dotoretuegiak ere, baina txukunak bai. Istingak tarteka. Paisaia ez da aldatzen Ribe aldera tximinia batek ke multzoa botatzen duela ez bada. Herriko sarrera, bidegurutze edo zebrabideetan estutu egiten dute errepidea, harrotu ere bai, herri bakoitzak bere trikimailu ezberdinarekin abiadura motelaraziz.
Besorik gabeko haize-errota, ez du egitura berezirik baina ezberdina da: bakarrak ikusten dira haize-errotak, han-hemenka, noizbehinka, gutxi, baina egon badaude. Noizbehinka ere lastozko etxe estalkiak eraikin zaharretan. Zenbait granjak zementuzko atari zabala du, zementupean kaka likidoaren biltegia; gaur bertan nabarmena da simaur isurkiaren usain sarkorra, kiratsa. Euriarekin simaurtu dituzte nonbait zelaiak, agian biltegiak usteko abagunea baliatuz. Txiza zaharrak usain txarra galtzontziloetan zein soroan.
Hizkuntza batuketaren arazoan murgilduta dago Danimarka, batuak badu istilurik hemen ere, zenbait izen bi eratara idazten dira oraindik. Nahiko lasai eta bere erara bizi izan dela herri hau deritzot, baina Europako Batasunean sartu nahiak izanen du eragina, hizkuntza bera ere estandarizatu, uniformatu, berdindu ahaleginean.
Danimarkar orok, gazteak bederen, egiten du ingelesez: dendariek, tabernariek, edozein txosnetako saltzaileek, kaleko edonork, garajeko langileek...; erraztasunez gainera gehienek.
Gram. Herri txikitxoa, txukuna, gustagarri jarritako zorua, harria eta lauzak tartekatuz. Ezin dugu gaztelurik ikusi, begi-bistara egonda ere ezingo genuke ikusi ahal, jarri zaigun laino astunpean.
Granja zaharrek teilape berean dituzte korta eta etxebizitza, nahiz hormen zarpeatuan eta bestelako apainduran berezituta egon alde biak: etxebizitza txikia da, korta eta enparauak izugarri handiak, neguko hilabete luzeetan behirik larrera atera ezin denez belartza zabalak behar dira belarra egiteko, sabai handia belarra gordetzeko eta gorta handia hazienda ugariari aterpea emateko: beharrak eragiten du eraikina nekazaritza gaietan ere. U bat edo patio zabala egokituz lastozko teilatudun granja zuria, ez du ezer baina deigarria da: gero eta ugariagoak dira lastozko teilatudun granja zuriak.
Baso asko, batez ere pinudi eta izeidia, zuhaitz txanka-makil samarrak, bakandu beharreko itxuran; haritz eta pagoak ere enbor mehekoak dira. Tarte sarrian aparkalekuak baso zaleei ibilirako aukera erraztuz.
Bapo zikintzen du errepidea hemen ere traktore gurpil zabalak.
Gizaki bat lotan ageri da etxe-hormako zintzilikarioan, lotarako ohea alokatzen dela adieraziz.
Danimarkan ez da aparkalekurik ordaintzen, herri orok du sarreran aparkalekua, ibilitxoa egin behar da zenbaitetan herri barrura, baina merezi du. Hiri handietan ere badira aparkalekuak, kaleetan ere aparka daiteke, doan, jakina, baina gehienetan egonaldi mugatua dute eta autoari denbora-neurgailua jarri behar zaio haizetarakoan barrutik.
Ribe. Hilerria hirira sarreran: lorategi erabat zaindua da, txunditu egin gaitu. Bai erdiguneko turista kalea, bai alboetako edozein kale, antzinako bere zer osoan iraun duen herria, dena da zoragarria bertan; gutiziazko herria, gozatzekoa, bidaiariak galdu behar ez duena, ipuinetakoa, herri osoa da museo, postaria bera ere herriko museoko zatia da. Herri osoa dago ageriko zuraje eta adreiluz gauzatua, etxe kilikagarriak; ezberdinki pintatuta atea bakoitza, koloretsuak eta argiak denak, bila joan eta banan-banan begiratzekoak; ate-gainek leihoa edo kristala dute bebarrua argitzeko. Bada ubide zabaltxoa itsasotik datorrena; ez dira asko baina ontziak daude bertan lotuta, tartean garai batean garraio lanetan ibilitako belaontzia, museoa ei dena; ubide ertzean uholde nagusiak noraino heldu diren adierazizko zutabea. Hiru erreka biziek zeharkatzen dute kale nagusia trabeska, bakoitzak bere konporta du, ur-hots ozena eraginez hirurak; bi ubide doaz ur-korronte arinarekin herri kanpotik: non demontre sortzen da ura lur lau hauetan, non daude ur-biltegi berezkoak, ez baitago mendirik gureetan bezala. 12etan kariloiak jo du luze, sona. Zikoina ere han dago eraikin bateko habian. Eliza: Europako handiena izandakoa garai batean; herriarekin liluraturik, ordaindu egin dugu eliza ikustea, pagukoa baitu bisita; merezi zuen: museoa da, goiz hotz umelean berotze sistema piztuta du; kanpotik erromaniko ederra da, handia, brontzezko ederra da atea ere; barrutik gangako arkuak kolore ezberdineko marra eta filigranaz pintatuta daude, berdin elizari goitik bira osoan doakion pasilloko arkutxoak ere, berdin alboetako nabeen arkuak: Kordobako Meskitaren ukitua du; taila eder bat, espainiar batek edo Espainian egondako artistaren batek egina behar duela diote, Siloseko irudiaren antza omen du eta; mila bitxikeria: pulpitu tailatxoz landua, brontzezko bataiarria, koadro pila harri landuko markoetan, jauntxoen kapera beraien irudiekin, bi zutabe karratu harrizkoetan freskoak, Kristoa tamainaz izugarria eta egituraz antzinako naifa, bi santokristo eder, organoa, harrizko hilkutxa, horman lantza luzeaz dragoiarekin borrokan zurezko Jurgi irudi handian tailatua, dorre garairako harrizko mailadi borobil zabala... presbiterioko absidean eta gangan mosaiko eta pintura modernoak beste denarekin kontrastea eginez: damurik gabeko pagua.
Bisitari eta denda asko dago, baina itotzen ez duen herria da; ez du igandezaleen girorik baina agian asteburuan eroan ezina izanen da.
Oraindik gauero hamarretan berriemailea ibiltzen omen da Riben kalerik kale berriak ematen, sasoi bateko serenoa seguruaski.
Ribetik behera hasten da lastozko etxeen sinfonia; baserriak zein etxebizitzak zein baino zein ederragoak, dotoreagoak eta zainduagoak: bide txikiak hartu eta ibili, begiratu eta gozatuz.
Riben atertu digu eta eguzkia agertu zaigu Bronsen.
Brons. Ez dakit Jutlandiako ala Danimarkako elizarik handiena omen bertakoa. Handiena izanen da, ez diogu ezer apartekorik ikusi, kanpo aldeko fresko hondarrak ezik.
Danimarkan ere triku asko galtzen da errepidean!.
Ipar Itsasora hurreratuz goazela, ugariak dira kaioak lur barrura etorriak, zelaietan, zizare eta zomorro bila, ez da arrainik nonbait itsasoan.
Romo uhartea, lur-mihi berde iluna besterik ez da urrutian. Itsasoa mugatzen duen munatik aurrerantz ez dakit noraino zabalgune berdexka mugagabea, hondartza izan zitekeena, agian marea behean dagoelako hain zabala: S.Michel bueltako hondartza gogarazten digu: hondar horia da hangoa, ez dakit ze berde mota den hau. Ez dakit zubia ala dikea izanen den lurra uhartearekin biltzen duena, ezin baitzaio azpirik ikusi munaz banatua dagoelako.
Dike luzeak banatzen eta babesten du lurra itsasotik; itsasoari lapurtutako lur laua da hau, laua eta berdea, plater atxala baina lauagoa hau ere, Holandakoen antzerakoa; baina hemengoan ez dago granjarik, tarte luze batzuetan behi batzuk besterik ez; bada garia eta belarra ere, baina lurrok ez dira nonbait behar haina ondu oraindik. Muna edo dike gainean doa errepidea, lur zabal berdeak alde bietara behean.
Etengabeko adabakia da errepidea, edo adabakiz jositako zorua, eta adabakiak jartzen jarraitzen dute mono laranja koloreko bidezainek; gidaritza, baina, lasaia eta gozatuzkoa da, itsaso berde batean nabigatuz bagindoaz.
Tarte zuriko adreiluzko etxeak, oso politak.
Ipar haizeak etenik ez duenez ehunka dira errota eolikoak: berea du zenbait granjak, agian plan orokor baten zatia da bakoitza. Ez dugu zentral handirik, termiko edo nuklearrik, ikusten, ezta argindar pilaretzarrik ere: egurrezko tantaietan doa argindarra herritxo eta etxeetara. Itsasotik aldendu ahala ugariagoak dira granjak, arbola artean gordeta daude; bata bestearen ondoren, herriak eta etxeak ikusgarriak dira nik iparrekoak deitzen dietenak, teilatua ia lurreraino jaisten zaizkienak.
Etxeak antzo, kolore biziko jantziz babesten dira euritik daniarrak, jantzi koloretsu biziak dituzte gogoko.
Trojborg. Gaztelu baten hondakinak: bi urezko eraztun ditu babes. Alboan granja ikaragarri handi karratua, patio erraldoia du barruan: gazteluko zerbitzari eta animalien bizilekua bere garaian.
Agure bat ikusi dugu segan Ribe aurretik, baratze ertz garbiketan: bi helduleku edo eskuleku ditu segak, baina kirtena ez da arteza, ezta kurboa ere, angelu irekia egiten du erdian. Bigarren sega ikusi dut baserriko horman zintzilikatua Hegoan: azken honek kirten zuzena du, baina gorriz koloreztatua.
Nabariak dira eliza eta dorre txaparro karratuak, zuriz pintatutako adreiluzkoak, tarteka adreilu gorrikoak, baita dorre adreiluzko gorriak dituzten zuriak ere.
Hormek batak besteari eusteko burdinazko ziriak dituzte alderik alde, beltzak edo ilunak, kanpoan gelditzen zaizkien ertzak gurutze forman edo forma kurboetan tolestuta, polito egiten dute horma zurian: hala jarraituko dute Hegoraino.
Hojer. Lastozko teilatua egiten ziharduten bi morrosko ilehori: maila metalikoak zeramatzaten oinetan orekari eusteko, lastoari heltzeko, aldiz, arpoi antzerako hagindun zurezko ziri luze sendoak: bitxia. Herri honek ere badu bere haize-errota.
Zementuzko atalez egindako ur-biltegi borobilak granjetan.
Nondik ateratzen ote zuten negurako egurra lurralde honetan ia ez dago zuhaitzik eta: agian basoak jaten joan dira.
Alemaniako mugatik gertu gabiltza, baina ez da kotxe alemanik errepidean, agian bide txikiak direlako gu gabiltzanok.
Hogeltonder. Elizak ez beste eraikin orok du lastozko teilatua, aspaldikoa da ere etxeen egitura, herri osoa baita zaharra, bere hartan dirauena. Etxe jarraiko kale bakarra, izugarrizko xarma dute bertako etxetxoek, ilaran daude, bakar eta bakan, elkar lotu gabe. Herri zabala da izan, eta etxe bakoitza bera da, bere etxe-buelta zainduarekin; bada bat zaharra eta zaharkitua bi antena paraboliko dituena fatxada potxoloan. Harriduraz harridura zeharkatu dugu herria. Berezia da benetan. Kale batean lasto piloa dago tolestuta etxe gaina egiteko. Gaztelua ere badu: eraikin zuri baxua patio zabalarekin.
Zirraragarria gerta zaigu hilerria Ribe sarreran: lorategia bat da, ikusgarri zainduta: egunaren joanak erakutsi digu hala dela herri orotan, eta herri txikietan eliza bueltan dagoela kokatua: txoritxoa putzutxo batetik ura edaten da hilobi askok duen apainduretako bat.
Tonder. Herri osoak du xarma ukitua, baina ez paper batean irakurri dudan bezala Danimarkako politena dela esateko adinakoa. Aurreko herrien egitura bera du: oinezkoentzako kale luzea eta bertara doan albo kalexkaren bat da erdigunea. Plaza aldrebesa edo erregularra, bi zatitan bailego, bertan txapel okerdun morroskoa dago laranja koloreko kasakarekin, zartailua eskuan, zutabe gainean ez dakit nori mehatxuka. Kale galdu bat grazia handikoa, antzinakoa, etxetxo baxuekin. Kale nagusian antzinako etxe ederrak ugari, zenbait errenazimenduko fatxadekin. Ate apainak, pintatuak. Saltoki bat da kale nagusia, salgaiak ia kale erdiraino ateriak alemaniar bisitariak zirikatu nahiaz edo. Elizak dorrea du ezberdina: hexagonal luzea, oso goian kanpai hotsentzat irekidurarekin. Aparkalekua doan, ohi denez.
Auto gutxi dabil errepideetan. Nonbaiten irakurri dut ez dela oraindik Danimarkan Hego mendebalean adina kotxe.
Logumkloster. Kirke, eliza. Europako adreiluzko politena, diotenez. Ze ikusgarria den!. Erromaniko eta gotikoaren artekoa, ederra kanpotik, are ederragoa barrutik. Ezberdina, monasterioa behar zuen izan bai klaustroagatik baita klaustrotik zein elizatik sarrera duen aretoagatik. Monasterioa da izan gaur egu-n ere; sarreratik bertatik sortzen du ezberdinaren eta bitxiaren sentipena; egitura osoa da berezia, adreiluz gorri gorria kanpotik, adreiluz gorri gorria barrutik ere. Kristo-Maria-Juan, Kalbarioko hirukotea habe sendoaren gainean presbiteriora sarreran, erretaula triptiko polikromatua, irudiak falta zaizkion triptikoa estalki pintatuarekin, aulkiak, bataiarria zurezko irudi potxoloz tailatua, organo gaineko eta organo azpiko koruko hesiko tailak...: merezi izan du nekatuta arren azken ahaleginak.
Bide txikietatik etxera.
229 kilometro, azkenerako luzeak.
Maiatzak 27a. Asteazkena. 32.a – D:5.a
Familia osoak erabili ditzaken bi bainugela handi ditu kanpinak.
Gautarrak dira untxiak, gauero ditut lagun iheslari komunera bidean.
Handerlev-en aldatu diote olioa autoari baita zartada ederra eman ere gure aurrekontuari. Garestiak dira Danimarkan horrelako lanak.
Ipar Itsasorantz da gaurko txangoa ere.
Herrietarako argindarra orekatuz argindar-transformadore txabolak ikus ahal dira oraindik. Aspaldi baztertu genituen Euskal Herrian modernitatearen txutxu pean. Gurea baino bizimaila goragokoa izanagatik, ez diote Danimarkan halako gauzei hainbeste begiratzen, praktikoak dira, bizitzari begiratzen diote ez bakar batzuen negozioari soilik edo Mendebalak ezarri nahi duen lilurari: ikusi behar Europa Batuarekin iraungo duen orain arteko filosofiak. Kontrastez, tximiniak tarteka, meheak eta luzeak, ke multzo zuri izugarria botatzen dutenak: ez dira lantegi handiak, ez dakigu zer diren, ez dakigu lurrin kutsatzailea den.
Jutlandiako erdigunean zuloguneak ditu lurraldeak, gorabeherak, aldats bat gora, ondoren behera, autobideak berak zeharkatzen du bailara sakon bat zubi batez.
Ia bukatuta dago Ekitik Mendebalera joango den autobia, Kopenhage Ipar Itsasoarekin lotuko duena. Jutlandiak goitik behera, luzetara, doan autobia besterik ez du orain arte. Eta kitto. Gureetan dagoen autobideak egiteko irrika, autobia ondo-biziaren eta ekonomiaren ardatza balitz bezala. Autoak saldu beharra besterik ez da. Danimarkan askoz kotxe gutxiago dabil eta ez dirudi gu baino okerrago moldatzen direnik. Gurea baino bizimaila hobea dute eta ekonomia bera sendoagoa delakoan nago. Autobusaren eta autoaren lilura saldu nahi digute oinarrizko bizi-baldintzak baztertuz edo zokoratuz.
Varde. Nahiko lur barruan egonik ubidea heltzen zaio itsasotik lautadaz baliatuta. Ohizko herri txukuna, ohizko kale aratza, ohizko eliza bitxia, ohizko etxeak. Herri honetakoa ez da deneko kale luze bakarra, hemengo saltoki kaleak motxagoak dira, baina ugariagoak; kaleko jarlekuak lirateke berezitasuna: irudi bihurtutako animaliak diren harri-bolatzarretan estekatutako oholak. Etxeek ez dute ezer nabarmenik. Sank Jakobi kirke eliza ostera bitxia da: egituraz lau beso berdinekoa; barrutik ohizko erretaula zein pulpitua zurezko tailatxo eta pintura ia naifekin, brontzezko bataiarri landua, organoa eta organopeko koruaren aurrealde pinturaduna, herriko jauntxoaren koadroa harrizko marko landuan -bat bakarra eliza honetan-. Herri atsegina eta eliza hunkigarria.
Euriarekin hasi dugun eguna eguzkitsua egin zaigu herri honetan; diruz ere hornitu gaitu.
Kontzertua eskaini digu organoak eta hamabietako sona eztia kariloiak.
Kaxoi batzuen antzerakoa da eliza oroko bankuteria, sendoa, zurezko hesiarekin eta ilara bakoitza bere atearekin.
Zirkulazioa kontrolatzeko borobil-gune asko dago bidegurutzetan, batzuk izugarri handiak.
Lastozko teilatuetatik bakarren batek soilik iraun ahal izan du inguru honetan, aspaldikoak dira eta zaharkituak daude, gehienak kortak edo tresneria gordelekuak dira.
Billum. Herri txiki-txikia da, ezereztxoa; bide estuko trenbidea eta geltokia ditu. Herria baino goratxoago, bakarti, nabarmen zuri, elizatxo xarmanta, 1780.goa, zinkeko teilatuaz: halako lilura sortzen du sartuaz beste: barrutiko tailagile berak eginak diruditen erretaula eta triptiko txolin koloretsu ponpoxoak, auskalo noizko triptiko baten erdia, S.Juan aieneka eskua masailean, bigarren kalbario zaharrago bateko hirukotearen irudiak horman itsatsiak non oraingoan Amabirjina da aieneka dagoena; zoruan dago hemen organotxoa; bataiarria arrunta da; elizako ikusgai bereziena presbiterio aurreko eta zarpeatzean estalitako baina argitara nahirik dabiltzan sakristia gangako fresko hondarrak; eliza bueltan hilerria, lorategia antzo. Futbolzelaia eliza aurrean.
Hilerrietako lur emateak lurrean egiten dira, panteoi edo lur gaineko hilarririk gabe.
Ez da futbol zelairik ikusten Danimarkako herrietan.
Bide txikietan gabiltza, itsasertzetik, baina itsasorik ikusi gabe, begiratzeko ezer berririk, aipagarririk edo berezirik gabe. Garbia da itsasoa, urdina, Holandako ibai eta itsasoko kutsadura ez da heldu honaino.
Romo uhartea itsas aurrean dago, gertu, ber-bertan izan arren joango ez bagatzaizkio ere.
Esbjerg. Hiritik hur lau tipo digante zuri daude eguzkitan itsasora edo Romo uhartera begira: eskultura izugarri erraldoiak laurak. Erdiko kale luzera mugatzen bada ere erdigunea, kale sare izugarri zabala du, hiri handia da, ohizko baliabide, itxura eta eraikinez. Plaza zabala, jendea eguzkitan garagardoa edanekoan, jendea erruz kale bakarrean, eta kale erdiraino aterata salgai-eskaintza. Portu oso zabala eta garrantzitsua duela dirudi; zaila zaigu bertara heltzea. Futbol zelai handia du postetzarren gaineko argiteriak erakusten duenez.
Ez digu izozkirik eman, bai ordea edabeetarako kikarak.
JA zerbaiten aldeko mugimendukoek arrosa oparitu digute orri batekin batera, arrosa eta paperok banatzen ari ziren hiriko plazan: Europako Komunitatearekin zerikusiren bat du, eta Danimarkako Sozialdemokraziaren kanpaina da.
Errepide ertzean, baserrirako bide hasieran harritzar bat dute landetxe askok, etxearen izena zizelatuta dago bertan.
Ipar Itsasoko itsasertz inguruan paisaiaren zati dira tantai eolikoak.
Lurralde osoan lurra ureztatzen ari dira ur-zorrotada luze eta indartsuez. Txerri aldra belartzan Ribetik etxeranzkoan, Arbizukoen antzerako txabola handien alboan.
Oso lasai daude errepideak.
Xume bizi den herria dirudi daniarrak, harrokeria handirik gabe baina bizimaila egokiaz.
Ugariak dira komun publikoak, oso garbiak eta gainera doakoak.
Ez da ia jubilatu talderik ez autobuskadarik ikusten, ezta jubilaturik ere karabanaz edo kanpinean. Europa osoan bilatu izan ditugu, ugari bilatu ere; Danimarkako bazter hauetan, ordez, ez dabil oraingoz ez alemaniarrik ez holandarrik, agian garestiagoa delako.
Ez da ezer ezberdinik edo bitxikeriarik ikusten dendetan, are gutxiago saltokietan, betiko eta edonongo salgaiak: jantziak eta merketeria; denda berezietan bai, horietan salgai dotore eta garestiak aurkitu ahal dira, gai bitxiak eta ezberdinak eskaintzen dituzte. Bertakoen kontsumorako eskaintza da, ez baitago turista uholderik. Berdinduta dago Europako gizartea dendetako eskaintzan. Ekonomiak berriz ere bere legea ezarri du, herri berezitasunak gaindituz, menperatuz edo desagerraraziz.
247 kilometro, bere luzean nekerik gabeko motzak.
Giro ezean eta lur azalean amen batean irensten dute zozo-mokoek zizara luzea.