Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 98. DANIMARKA

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/04 11:10
SEELANDIA-SEELAND, Itsaslurra IPARRALDEA: Kopenhage-Kopenhavn, Roskilde, Slangerup, Helsingor.

Ekainaren 1a. Astelehena. 37.a – D:10.a

 

Agurra leku idiliko honi, agurra egunotako paisaia izan zaigun lakutxoari, agur ahateri. Berriz ere ahateok eskupeteroren baten gerrian edo harategi batean lumatuta ikusiko ez ote ditugun burutapena etortzen zait.

Ibilia da gure bi hilabete hauetako zeregina, beraz bagoaz, irla hau baino zabalagoa baita mundua. Han goiko auto-zarata eta gurpilen zurrunbiloan sartuko gara.

 

Kanpineko bulegari gizaseme gazteak "Olano?" galdetu dit Visa txartelean Pamplona irakurri ondoren; ezezkoa egin diodanean "Indurain" bota dit: kirolaria, herri baten propaganda!.

 

Gaur ez dabil kamioi holandarrik. Astelehena eta goiz, oraindik ez dira heldu honaino.

 

Autobiakada  kotxe sartu gara ferryan; zenbaki berdina du autobideak  itsasartearen alde bietan, beraz ferrya bera ere autobidea da nolabait. Trena zubiz doa ia bide erdiraino, handik ferry propio bereziren batean doa nonbait: laster bai autoek bai trenek errepidez eta trenbidez eginen dute uharte bien artekoa, ia bukatuta baitago zubia. Trenak bere abiadura bizian ere geldi doala dirudi itsas gaineko zubi erraldoian: distantzia eta zubiaren handia!.

Uhartetxo bat bi uharte nagusien arteko erdian, itsasargia eta beste eraikuntza baten kokagune izateaz gain batetik besterako pauso eta jauzi diganterako zubiaren oinarri nagusia bihurtu da.

Guk baino ibilbide arinagoa darama antzar bandoak, erreskadan, kaioak berriz gurekin joan nahi dute bide luzez ontzi gainean.

 

Gogoko zait itsasoko ibilia,  luzarora aspertua bada ere, ontziak atzean uzten duen arrasto beti berdin beti berriari so. Baltikoa eta Ipar Itsasoa lauak, bareak, dira, edo hala aurkitzea tokatu zaigu bertara hurreratu garen guztietan.

 

SEELANDIA, SEELAND: Itsaslurra.

 

IPARRALDEA.

 

Uhindua da lehenengo lursaila, gora-behera goaz, zerbait berria zaizkigu aldapatxook azken hilabete honetan; mendixka luze batek mozten du zerua, ez amaiera gabeko lur lauaren osteko zeru-marrak orain arte bezala. Ondoren lautada berriz ere, baina lurra ez da erabat zelaia, itsas berde uhindua baizik. Autobideak ez du zuhaitzik ertzetan, ezta bestelako sastraka-hesirik, lurraldea ikusi ahal dugu, beraz. Ezer erakargarririk gabeko etxebizitza arruntak, teila eta uralitazko teilatuak, orain artekoen berdintsuak, tarteka lastozko bakarren bat, handietarikoak ez diren granjak, jauntxokeriarik gabeko landetxe xumeak, behi bakarren bat, zenbait zaldi, gari-sailak eta belartzak.

Ez da aldatu elizen egitura: isurbide piko txikiak dituen dorre karratu nolabait garaia nabarmen zaie.

Baso bat, pago, haritz eta izeiz jantzia: lautadan dago hemen pagoa, ia itsas mailan, gureetan berriz haritza bukatzean hasten da pagoa, mendian, 600 metrotik gora. Zuhaitzak dituzte granjek etxe-bueltan, gordean eta itzalpean. Egurra pilatzen ari dira hainbat etxebueltan: negurako sua; ez dut gasaren arrastorik ikusi herrietan.

 

Ringsted. Trotamundo edo mundu-ibiltari bat: zaharra, bizar zuri luzea, kartoi eta antzerakoz beteta bera baino metro erdi garaiagoa zitzaion eskorga eroateko etenak egiten bide-gorrian.

Ostruken granja. Lehen aldiz ikusten dut bizitzan.

Okrea da nagusi etxe-kolorean. Berri zaizkigu ostera  hemen ageriko zurajeak,  etxe dotoreak dira dauden horrelako bakanak, dotoretasun garestiegiak dira zurajeok pobreentzat nonbait,  garai batean  besterik ezin bazen ere.

 

Bide-gorria gurekin doa baina ia ez dago txirrindularirik.  

Hiru bidekoa da Roskilde-ra errepidea, beti bikoitza aldazgorakoa, gora eta behera baitoa errepidea. Ez dabil kotxe amorrurik, gidaritza erosoa da, lasaia, tentsiorik gabekoa.

Egun tristea da gaurkoa, iluna, autoen argiek oraindik motelagoa egiten dute goiza. Bere izeneko fiordora heldu gara Roskilde-n: beti da polita ura errepide alboan. Padura da, batez ere, fiordo ertza, bertatik ere aterako da teilatuetarako lastoa. Ondoren itsaso-kontrako bidaia atsegina.

 

Kanpina.

Arazorik gabe aurkitu dugu. Ganlose herrian, Kopenagatik 25 kilometrotara. Kokaleku traketsena aukeratu dugu, hemen ez dugu fauna askorik izanen, giza fauna ezik, baina bazen zabalgune atsegin bat, garaiz jabetu bagina beraz.

 

Irristagailuak, patinak, ikusten dira maiz kaleetan.

Danimarkan ez dago hainbeste kale-berritze eta errepidegintza lanik, txukun eta berri daude kale-sare guztiak, gustuz taxutuak gainera: gureetan baino lehenago bukatu zituzten nonbait berrikuntza eta apaindurak.

 

Kopenhage-Kobenhavn.

Handia da hiria, handiak nahiz ez erraldoiak etxeak, asko, handiak eta sasoi orokoak  jauregiak, handiak eta ederrak estatuak, zabalak eta ug batetik besterako ariak plazak... Hiri bizia, bisitariez pipilean erdigunea; arraza oroko jendea ibili lasaian Tivolitik sirenatxorainoko kale-sare eta moila-ertz luzeetan. Etorri eta ibili, ibili ere asko ibili behar da gainera, zer begiratu eta zer ikusi asko dagoelako, luzeak direlako batetik besterako  kaleok. Ikusitako zerbait zer den jakin nahi bada irakurri gidaliburua, non gabiltzan jakin nahi bada begiratu planoa, baina gidaliburu eta planorik gabe ibiltzeko hiri kosmopolita da: joan eta kaleetan galdu. Udaletxea, elizak, dorreak, jauregiak, gazteluak, lorategiak, patioak, erlojuak, burdineriak, pasabideak, fatxadak, dendateria, erakusleihoak, eskulturak, iturriak, plazak, ubideak, ferry erraldoiak, belaontziak, gerraontziak, zaldiko-maldikoak... Baina batez ere jendea, adin guztietako jendea, arraza guztietako jendea ibilian erosketan begiluze marro-jokoetan ... jite guztietako jendea: kale musikariak, plaza guztietako musikari perutarrak, egon hutseko jendea, garagardo edanekoa, dotore beltz jantzitakoak, arrunt jantzitako arruntak, mahaitxoetan eseritakoak, moilan lurrean eseritakoak, saltzaileak, pauso eta geldiune neurtuetan plaza kantoietan guardia egiten duten soldaduak...  Gatza eta piperra, grazia eta dotoretasuna duen hiria. Etorri eta ibili.

Tivoli: ilundu ostean mila argiko gune koloretsu eta musikaz betea, bisitaria erruz erakartzen duen parkea. Sirenatxoa, uneoro mila begi beregan, zatartxoa dago ertz batean: zerk bihurtu du mito, zergatik da hiriko nahitaezko bisita-gune; gizentxoa ere bada, diskretua, umila, isila, agian horregatik da maitagarria. Atsegina da, merezi duena berarengana arteko  moila eta lorategietako ibilia.

 

Japoniar presatiak heldu dira sirenatxoarengana, arrapataka, furgonetan, argazkiak atera eta ospa egin dute. Ez dira egon hiru minututik gora.

Hamabi bat etxe-orratz ertzeko auzo batean, hiriko erdigunean dabilenak ikusten ez dituenak.

Xalo janzten da Danimarkan ere jende pobrea.

Badirudi Danimarkan, Txekian bezala, erdi biluzik utzi dituela herriak hiriburuak, honek  bereganatu, erakarri eta bildu ditu eraikuntza eder eta aberatsak, baita aberastasunaren ezaugarri denak ere;  erregeen inguruan, jauntxoen bilgune bihurtu zelako segur aski.

 

Erraz egiten da hirian sartzea, labirintotik irtetea bezain zaila da, baina, ateratzea, norabide galaraziak tarteko direnean, zailagoa.

 

231 kilometro, Kopenhagek eman dio hasera aurtengo Ekainari.

 

 

Ekainaren 2a. Asteartea. 38.a – D:11.a

 

Kate ugertu batez eramanezina da komun-zuloa garbitzeko eskuila. Zer arraiogatik lotu ote dute!. Urrezkoa balitz ere erraztxoa!. Bitxikeria.

Marinen gogoratzen dut egin nuela horrelako gau beltzean azken ibilia. Komunerako joan etorria izan da. Erabateko iluntasunean egin dut, ez baitago argirik kanpineko zelaian.

 

Uharteko Ipar aldetik dugu gaurko ibilia.

Bide txikietatik egin dugu gaur ere Roskildera bidea. Roskilde fiordoa ia osoki inguratu dugu, baita Arreso fiordoa ere, tarteka albo-albotik uraren geldiaz gozatuz, ispilua baita arratsaldeko eguzkitan.

Ez zaigu asko aldatu paisaia: frutarbola sail zabala, Danimarkan ikusten dugun lehena, granja bakoitzak bere gereziondoa du etxe alboan; zaldiak, ez  asko, inola ere aldrarik; haize-errota bat oso iparrean.

Kalerik gabeko herritxoak, nekazari herriak. Tarteka, batez ere ipar muturrean, lastozko teilatudun etxe ederrak; askotan apaindura hutsa dirudi lastoak, lodiera finekoa da eta azpian isolatzaile gaia du, ez da Fioniako lasto multzo sendo trinkoa ahateen lumek bezala urari lekurik uzten ez diona.

Gereziondo batzuetan gereziak ale eginda daude jadanik.

 

Ez da erraza bide txikietako sarean gidaritza zuzentzea, mapa eta errepideko norabideak elkartzea, mapan baino herri gehiago dago lurrean eta mapakoen berririk ez da agertzen hainbat bidegurutzetan, aurreko herrira heldu arte ez duzu mapakoaren berririk. Tarteka ernegatuz, baina bideratu gara.

Bidezainak eta bide-langileak modernotasun handirik gabe dabiltza trafikoa zuzentze lanetan, ez stop ez gezirik, batak besteari noiz bidea emango egiten dio urrutira keinua, eta gidarioi eskuz mantso ibiltzeko imintzioa egiten. Galipoteroek, berriz, argi gorri-berde aldakorrak zituzten. Asmatua dute galipot orea zabalera estuan botatzeko tramankulu estua, horrela ahal dute kilometroetako adabaki estuak botatzea, juxtu gurpilek hondoratzen duten gunean soilik, errepide zabalera osoa berritu gabe. Gurpilen marra bikoitza soilik  berritzen dute alde bakoitzean. Praktikoak, daniarrak.

 

Roskilde. Fiordo baten sakonenean. Zabala luzea eta ederra da saltegi kalea, baina oinezko eta autodunek partekatzen dute delako kalea ibiltzeko zein gelditzeko; autodun erosleak  du lehentasuna, nahiz ordu erdirako baimenarekin. Errege Jauregia da Udaletxea, errege hilerria Katedrala, biak arkutxo eta marra ezberdinez dotoretutako adreiluzkoak, biak elkarren ondoan. Katedrala: adreilu gorri eta zuriz giro atsegina lortzen du barrutik, leiho handiekin argia, buelta guztiko koru garaiarekin gizatiarragoa, ez hain hotza; kaperez osatuak daude alde biak  eta kaperetan zein eliz azpietan katabuta katabutaren ostean eta osterago katabuta: dena da han hilkutxa: era, eredu, taxu, jite, arte, gustu, edertasun, artelan... guztietako hilkutxak; marmolezkoak zein zurezkoak, leunak zein tailatuak... hor daude Danimarkan izan diren errege guztiak eta bere familiakoak; triptiko zoragarria da erretaula, urreztatua  baina baita polikromatua ere, erraldoia baina tailatxo apartekoz osatua, estalkien aurreko aldea ere landua; aulkiteria apaindurarik gabekoa da, baina eskulekuak burutxo tailatu bikainak bihurturik daude; zoru osoa da hilarri tailatua; burdineria egundokoa; organo, pulpitu, eta errege balkonada mundiala tailatxo biziki pintatuez artelan deigarriak dira; han goietan dago erlojua, irudiek kanpaia jotzen duten horietakoa: hara gora ahozabalik begira eduki gaitu 12ak noiz joko.   Inguruan egonik joan eta ikusi, merezi du katedralak, errege mando alper inoren konturakoena izan arren, artelan paregabea da eta.

 

Museo-gai bihurtuta daude portuan Bikingoek norvegiarrei sarrera oztopatzeko hondoratu zituzten 5 itsasontziak, nahiko itxurosoak oraindik. Museoaren zati edo osagarri, ontzigintza eta bikingo bidaiak bikingo ontzietan fiordoan zehar.

 

Selso. Bazkaltzeko aukera ederra eman digu aintzira bazterrean, hainbat hegaztiren bizitoki omen den paduraren hegalean.

 

Ikuspegi aparta errepideak gora egiten duen une batean: fiordoa eta berdegunean zut eliza zuri-gorria, eliza ororen egiturakoa, arkutxoz apaindutako fatxadarekin: hurreratuz abside erromaniko polita du eta barrutik ere badu nonbait triptiko ederren bat.

 

Ostby. Eskulturagileren batek badu lantokia errepide ertzean: urrutitik deigarria da muino batetan, berdeguneko bakardadean, irudi multzoa, eskultura eta hainbat irudi etxe inguruan ere.

 

Haizerrota: ez dira sarriak, banakak baizik.

Roskilde fiordoko itsaso-mugan, aurrez aurre, han datza itsasora ataka, fiordo, barne itsaso, zabalaren, ate estua.

 

Frederikssund eta Frederiksvaerk. Mapan hizki beltz sendoz badatoz ere ez gara geratu: ez dute nonbait turistarentzako zer eskaini handirik.

 

Ramiose - Annisse. Ugariak dira lastozko teilatudun etxe zuri ederrak.

 

Arreso aintxira ertzeko paduretan pilatuta dago hainbat lasto azao, agian eramateko prest, agian saldu ez zirelako eramango ez direnak.

 

"Banesto" kamisetarekin txirrindulari bat aintzira alboko bidegorrian: "aupa Indurain" bota diogu guk eta irribarrez erantzun berak.

 

Hillerod. Aintzira ertzean. Betiko kale luzea, hainbat patio salerosketa gune bilakatuta. Herri lasaian, arratsalde eguzkitsu aparta honetan, kalea husten doa bostak eta erdietan. Errege jauregiagatik da famatua hiria, laku erdiko 3 irlaz baliatuz jasoriko jauregia, urrutitik ikusgarria da, aparta omen barrutik.

 

Abilak dira daniarrak errepideko txaplatak jartzen, noizbehinka kexu bada ere karabana,  triki-trakeak erakusten baitigu azpiok ez dituztela beti leunegi uzten.

Uharte honetan patata eskaintzen da  hainbat granja aurrean kartelen bidez, baina ez dugu patata-sailik ikusten, ezta ere erne berri edo noiz erneko lur landurik ere.

 

Lur uhinetan kulunkatuz etxeratu gara: laua izanik ez da uharte lautua, iparrean gainera erpinagoak dira gora-beherak.

 

188 kilometro, errege jauregiaren aurrean ez amorratzeko ez liluratzeko ere indarrik gabe utzi gaituztenak.

 

 

Ekainaren 3a. Asteazkena. 39.a – D:12.a

 

Eskolaurreko ume koadrila dugu auzo aurreko bi txaboletan; bizitasunak eragindako  egonezinak dira umeok; irakasle garaiak gogarazten dizkidate, hain dira ume hauek berdinak.

 

Kopenhage. Atseginagoa zaigu bigarren bisita, agian bisita lasaiagoa delako, lasaiago gatozelako. Egun askotan itzul daiteke hiri honetara, gogaituko ez zaituen segurtasunez, zerbait berria eta ezberdina aurkituko duzun itxaropenez, aspertuko ez zituela jakinez.

Geltokia, adreiluzko dotorea, teila azpiko egitura zurezko sendoarekin.

Euskadin gaudela dirudi: poliziek "liberatu" dute geltoki barruko esparru zabala: politikoren bisita edo heltzea zela arrazoia, hori uste izan dugu,  baina bonba desaktibatzeko tramankulu berezi automatikoa  jaitsi da furgoitik, bere beldar-kate eta besoekin, ilargiko trastua zirudien: kafetegi baten aldera desagertu da. Ez da izan danbatekorik ez inolako zirkinik, alde egin dugu, baina jende multzo ederra geratu da begiluze ikusmiran.

 

Tivoli. Zaldiko-maldiko gunea berez, txosna, jatetxe…, nahiko merkea gainera, sarrera garesti ordaindu dugun arren. Nor itzuli Kopenhagetik Tivolin egon gabe?. Afari-lekua, dantzatokia edo musika entzunez garagardoa edateko gunea gehiago da zaldiko-maldiko baino, non egon eta zerikusi trinkoa esparru txikian. Eguerdiz ia nagusiak soilik gabiltza bertan, autobuskadaka datoz jubilatuak bazkaltzera, ikasketa-bidaiako gaztetxoekin nahastuta. Gauean argiz dir-dir eta jendez pil-pilean jartzen denean ere, datorrenak jarri behar dizkio fantasia eta ilusioa Tivoliri, horren arabera da mundu liluragarria, arrunt zamarra baita berez.

Adineko emakumea da nabarmen ugariena makina txanponjaleetan, asko dira, makinari erabat josiak: bakardadearen lekua dirudi makinen esparruak, bakartien aterpea: tristura sentipena sortarazten du ikuskizunak.

Plaza Nagusiko brontzezko egonlekuan dago Andersen.  Kopenhage bera da, bere bizitasunarekin, ipuin eztiena. 

Gipuzkoako Diputazioko armarria dakusagula iruditzen zaigu  Kopenhagekoa uste duguna; hain dira berdinak bietako mazalari erdi biluziak!.

Bila ibili gabe egin dugu topo Trinidade elizarekin: eskolaume txangozaleek dorretzar puntaraino egiten dute mailarik ez duen bide estu kiribiletik; eliza argia, penduludun hormako zurezko erlojua, alde bietan presbiterioraino luzatzen den korua eta urre koloreko marra mehez margoturiko gangako nerbioak dira deigarrienak.

 

Bredgade kalean ikusi ahal izan dugu lehenengoz enkante bat: enkantea bera baino enkante-gaiak dira benetan deigarriak, erakusketa antzo.

Bizipoza esnarazten du garagardoak eta mokaduak Nyhavn kanal ertz bizi eta jendetsuan.

"Hasta la victoria siempre. Viva Che" pintada Norregade kalean. Bada edo izan da hirian utopiko edo ameslariren bat: beharrezkoak ditugu. Kopenhagen behar zuen!.

"La paloma" abesti ezagunaren sonak betetzen zuen falta zitzaidan azken postala erostera sartu naizen denda; nork abestuko eta Julitok!.

Nork bere buruaz beste egitea bezala da gureetan bizikleta hartzea, Kopenhagen berriz, bide  motzerako garraiabide erabiliena. Hiriaren jabe dira bizikletak eta bizikletariak. Oinezkook ez dugu hemen lasai ibiltzeko eskubiderik, gureetan autoak bezala, ziztu bizian, presaka, datoz; ia harrapatu nau batek!.

Hiritik irteeran, arratsaldeko bostetan zirkulazio trinkoa du Kopenhagek, hiri handi orok bezalatsu. Hiritik ihes doazen estresatuak.

 

66 kilometro, oinezkoak izan dira, aldiz, asko  gaur.

 

 

Ekainarenk 4a. Osteguna. 40.a – D:13.a

 

“Poema antologia”, Bukowski: "saski bateko egur sikua" bilakatzen ari naizen sentipena dut; poliki-poliki, baina gero eta sikuago noa.

 

Behin ere ez nuen irudikatu urez hain inguratuta Danimarka: dena da uharte edo  irlatxo, edonon duzu gertu itsasertza, itsasoa urrutixeago duzunean ere beti duzu lakutxoren bat inguruan. Zenbat itsasertz kilometro ote du Danimarkak?, irlek eta fiordoek izugarri luzatu behar dute kopuru hori. Hotza izan behar du itsas urak, ipar haizea beti baitago presente, eta beti fresko; eguzkiak ere huts egiten du itsasertz eta hondartzez erabat gozatzeko. Antzera gertatzen zaigu Euskal Herrian: hemen hotza dute, euria dugu han.

 

Ontzitxoa ez jartzeagatik da komuneko eskuila zintzilikatzea, baina horretarako ez dago halako katetzarraren beharrik.

Zergatik egiten ditugu umeak oker, zikin edo lekuz kanpo utzitako denaren errudun? nagusiok axolagabetuagoak garenean!.

 

Bada aintzira bat kanpin albotxoan, baina, nekazariek ura hartzeko ez bada, ezertarako ez darabiltena; bere berezkoan ditu ertzak, giza aldaketarik gabe.

Golf-zelaia ere bertan dugu, badabil bai golfari franko.

Golf-zelai asko eta zabalak daude Danimarkan: lur lau eta lakuak medio, umeltasunak errazten du zaletasuna.

 

Ez dakigu herri gaztea ala zaharra den daniarra, ez baitugu estatistikarik ezagutzen, baina ume asko ikusten da denean.

Holandartzat ditudan kamioiak ez dira holandarrak, daniarrak baizik, matrikula horia baitarama kamioi, traktore, furgoneta, landrower, eta zamatarako kotxe orok.

 

Slangerup.  S.Michel  kirke elizagatik omen ezaguna; eliza ikusgarria du eduki ere; kanpotik arkutxoz zein leihotxoz dotoretutako adreilu gorriko morrosko ederra; barrutik Danimarkako elizetan egunerokoak ditugun osagaiak: Kalbarioko lapur biak dantzan dauden erretaula antzinakoa, bataiarri eta estalkia, pulpitua, harrizko zein zurezko koadro landuetan pintatutako ongileen argazkiak bakoitza 10-12 seme-alabako familia osoarekin, bi santokristo zahar, organoa eta koruko hesi pintatuta, urre koloreko lanparak, hilarriak... dena ohizko ikusgarria. Eliza honetako aldagai edo ezberdintasunak liratekez: presbiterioan albo bietako bankuteri xume landuak, Ecce Homoa eta bankuteria ilara bakoitzeko sarrera, ataka orok goi-zatian dituen irudi xume tailatu pintatua, eta kandela-lekua.

 

Elkar gurutzatzen den errepide asko dagoenez, ugariak dira argi-gorriak ere bidegurutzeetan: mantso doa bidaia, ia jarraian egin beharreko geraldiekin. Errepideko kotxe gehiena bertatik bertarakoa da, aurrean doakizuna berehala desagertzen zaizu, atzean zurekin daramazuna istant batetan ez dago jada, ilara baten barruan zaude bidegurutze batean, eta ondoren bakarrik aurkitzen zara; ez da itogarria auto kopurua, baina modelo berria da dabilen gehiena.

Lore-berotegi eta loradenda asko dago bai errepide inguruetan bai herrietan.

Txakur asko dago Danimarkan ere: ondo lotuta denak, ez da bakar bat bera aske ikusten.

 

Sund itsaso-pasagunera heldu gara, eskolan txikitan buruz ikasi beharrak hainbeste lan ematen ziguten itsasarte haietariko bat. Bertan gaude orain, eskolan erretolika bota behar genuenean baina lasaiago: ze leku atsegina gordetzen zuten hain izen zailek. Nostalgia sentimenduz egon gara eserita  ertzean. Aurrez-aurreko lur marra ilunak Suedia behar du izan.

 

Itsasertza daramagu auzo, urdin eta bare itsasoa, harritza zein padura ertza hondartza.

Ziklista dago automobilisten edo oinezkoaren aurretik, errepideko portaerari bagagozkio behintzat: eskubide osoa duenaren taxuz, ia harrokeriaz, etorri, aurreratu, gurutzatu, geratu edo bekozko ilunez begiratuko zaitu; txirrindularia da errepideko erregea, bidegorrienak dira ere galtzadako zoru zainduenak. Bidegurutzeko borobiletan ere ez die balio "eskuinak eskua" arauak, borobilotan ere bizikletariok dira lehenengoak. Animalia sakratua da ziklista, eta ziklistok mimatzeak badu alderdi abantailagarria: garraio tresna bezala bultzatzea txirrindua, txirrindua erabiltzea autoaren ordez.

 

Helsingor. Parez-pare bertan ikusten da Suedia itsas ertzetik. Perpendikularki gurutzatzen dute elkar kaleak; etxe peto ugariz osatua, Erdi Aroko itxuraz bustia, antzinakotasunean bildua, atsegina da kale-sarea. Dendateriak, oinezkoen janzkerak, baina batez ere autoek bustitzen dute gaurkotasun geruzaz hiria. Kutsadurak ere. Dendaz, turistaz eta bestelako jendez bor-bor dagoen hiria da. Ez dugu bereizten nor den suediarra, bertakoek kliskara batean antz emango badiete ere.

Suediarren turisterria: barkokadaka datoz, eskorgekin asko, garagardo bila; portuko ontziratze-gunean dena da garagardoa, berdin portu inguruko dendetan; plazako eserlekuetan jendea koadrilaka dago botila bete eta hustuez inguratuta, gazteak plaza erdian eserita garagardo botilez bilduta, kaleetan gazteak koadrilan garagardo botila eskuan edo muturrean. Salgai dago ere Errioxako ardoa. Beste hirietan baino zabalagoa eta oparoagoa da hemen plater kuzinatuen eskaintza.

Portua da hiriko bihotza, itsas bidaiarien geltokia lekuko, aduana kontrol eta guzti; eten gabe doaz eta datoz ferry sabel zabalak, etenik gabeko joan-etorrian, kotxe kamioi eta jendez zamatuta.

Udaletxea: adreiluzkoa,  ederra, zilindro eta leiho luzexkaz apaindutako fatxadarekin. Gaztelua: famatua, harrizkoa, zink berdexka teilatuarekin, itsasertzean bertan, urez inguratua, gotorra eta sendoa; nornahi zela ere, indartsua zen hiriko jauntxoa, nor zen erakutsiaz. Bikainak ditu elizak ere: Olaia kirke: kanpotik sendoa, sartu-irtentxoz ederra; barrutik betiko osagaiak: paregabeak dira hemengoak; aitatzekoak lirateke bataiategiko hesi urreztatu landua, presbiterioko sarreran 1652.go zur-lan izugarria, 1664.go erretaulak, ostendutako freskoak, bigarren bataiarri  zurezko landua. Andramariarena: Adreiluzko sendoa bezain ederra hau ere, klaustro eta guztikoa; freskoak ditu apartak hiru nabetako gangak beteaz, sekulako organoa, ikustekoak dira jauntxoen korua eta balkonada, erretaula ostera ez da deigarria, agian duen pintura izanen da ona; hala-halakoa bataiarria ere; klaustroko leihoen txingetak eta eusgarriak xaloak dira baina irudimenez eginak, bereziak eta bitxiak.

 

Gazta bizi-bizia erosi dugu jangarriak egiteko motelak atera zaizkigun gailetak.

Mallorcara bidaiak eskaintzen dituzte bidaia-bulegoetan.

 

Itsas bazterrez jarraitu dugu, Suediari begira, Sund ontzi-bidea dugula alboan; bazkaldu, berriz, bestaldeko gaztelu eta herrixka zuriei so bazkaldu dugu.

Hainbat bidegurutzetan bitxilore turistikoa non ote zalantzak ere izan ditugu.

Ardi batzuk, pagadia, izeidiak, zaldi ugariak, zenbait etxe eder...

 

Esrun aintzira, sekulako zabala.

 

Frendensborg gaztelua. Bertan eginikoa omen ez dakit zein paktu, "Bakearen gaztelua" deitzen diote. Espainolak eta euskaldunak etorri beharko dute bertara. Gaur japoniar talde handi bat etorri da poliziak hurretik eta ondo gordetako norbaitekin. Japoniarrok zeremoniazko agurra egiten diote elkarri, erreberentzia batari makurdura besteari, barretxoa beti ezpainetan, xelebrea eta entretenigarria egin zaigu.

Eraikin handia eta ederra; erreginak edo dena delakoak gazteluko lorategi eta parkeko zatirik ederrenak beretzako  gordeta ditu, pobreoi laku ertzerainoko bidea besterik ez digute uzten.

 

166 kilometro, Hegoaldera aurreko azkenak.

 

Nahiko itoa gertatu zaigu kanpina bi txabolako umeek giro bizitu badigute ere. Esparru bete hau aukeratu genuen oharkabean belardi zabalaren ordez; zerbitzuak oso apalak dira, zikinak ez baina zikin plantakoak, noizbehinka soilik garbituak; txartelez berotzen da gainera ura, edozertarako.

etiketak: Bidaiak 98, Danimarka
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.